Ahuntzainek begi onez hartu zituzten, eta Santxok, ahal bezain ondo Rozinante eta bere astoa gomondu orduko, usain baten atzetik jo zuen; bertz batean, sutan irakiten, ahunzki ondu batzuetatiko usaina zena. Berak, hantxe bartatik bertara, ikusi nahi izanen zuen ea sasoian ote zegozen, bertzetik urdailera aldatzeko; baina ez zuen egin, ahuntzainek sutatik edeki zituztelako, eta lurrean ardi-larru batzuk hedatuz, beraien hala-holako mahaia azkar asko eraiki zuten, eta biak gonbidatu zituzten, oso nahikunde onaz, zedukaten guztia opaka. Larruen inguruan haietako sei eseri ziren, sarobean zegozenak, baina aurretik On Kixoteri, txirrimarra oihes, zarpail batzuk eginez, eser zedin otoi egin zioten, non eta gainazpikatua ipini zuten aska baten gainean. Jarri zen On Kixote, Santxo, bitartean, zutik geratu zen, txola, behi-adar batez eginikoa, betearazi behar ziolakoan. Nagusiak, zutik ikusi zuenean, esan zion:
Ekus dezaan, Santxo, ibiltarien zaldungoak bere baitan dadukan ongia, eta horretakoxe edozein sailetan ihardun ohi duenari zein erraz, zein usu gertatzen izan zaion mundu guztiak onetsi eta goretsia izaitea, hemen nire ondoan eta jende on honen lagunartean eser hadila nahi diat, eta nigaz, hire nagusi eta neurekizko jaun nauan honegaz bat izan hadila; nire txalinetik jan dezaala, nik edaten dudanetik edan dezaala nahi diat: zalduntza ibiltariaz' maitasunaz ohi dena esan daitekeelako: gauza guztiak berdindu egiten dituela.
Ederra esku-erakutsia! – Santxok esana; baina zera erranen nioke berorri, hots, jateko onik baneduka ongi eta are hobeki janen nukeela zutik eta bakarrik, enperadore baten ondoan eserita baino. Eta areago, egia erraiteko, goxoago izan ohi zait neure xokoan jaten dudana, mizkinkeriarik eta sino-mino bage, ogia tipularekin baino ez badadi ere, bertze mahai batzuetako indioilarra baino, emeki-emeki mamurtu behar baita, ñiski-ñaska bagerik, gutti edanez, muturra maiz garbituz, behar denean urtzintz edo eztul egitea saihestuz, eta bakarrik nor bere-bere denean egin ahal den bertze zenbait zer ezin zertuz. Honelatan bada, ene jauna, berorrek erakutsi didan ohorezko esku hau ibiltarien zaldungoko ministro edo aialdeko naizenez, berorren ezkutari izanki, hobe nuke bertze zerbait onuragarriago bilako balu; eta egin didan ohore hau ongi hartzen badut ere ez dut nahi, uko egiten diot, honik eta mundua amaitu arte.
Dena dela, eseri behar duk; berez apaltzen dena Jaungoikoak goresten dik eta.
Besotik heldu zion eta bere aldamenean esertzera behartu zuen.
Ahuntzainek ez zuten ezkutari eta ibiltari eta zaldun eta halako hizkera, nahaste-borraste hura ulertzen, jan eta isil baino ez zegiten, eta arrotz haiei begiratu, nola irensten zituzten, mauka-mauka, ukabila adinako okelak. Haragia ahitu zenean, ardi-larru gainean ezkur pilo bat ihaurri zuten, eta ondoan gazta erdi bat aboa edo morterua baino gogorragoa zena. Adarra ez zegoen geldi, biraka zebilen, atzera-aurrera errotako harria laso (bai hutsik bai beterik) sarritan, maiz, eta honelatan erraz hustu zen han zegozenetako zahagi bat. On Kixotek, bere urdaila ase eta bete egin zuenean, eskutada bat ezkur hartu zuen, eta adi-adi so, honela mintzo zen:
Zorioneko garaia eta zorionekoak mende haiek, gure arbasoek "urrezko" zeritzetenak, eta ez haietan urrea, gure burdin-aro honetan hain balioetsia dena, neke zein arriskurik ezean lortu ahal izaiten zelako, ez, orduan, bertan bizi zirenek zure eta nire hitzak ez zekizkitelako baizik. Garai santu haretan gauza guztiak elkarrenak ziren, ororenak ziren, guztientzakoak: bere egunoroko janaria hartzeko inork ez zuen behar eskua jaso baino, eta arte sendoetatik eskuratu beste lanik ez, eskuzabalki -adarzabalki esan behar nuke- eskaintzen baitzioten igali umo-gozoa. Iturri garbiek eta ibai biziek ur garden, hoxpil, ugari emaiten zioten. Haitzetako zirrikituetan, zuhaitzetako kofa barruetan erle maratz, zuzkior, perkatxek euren jaurerria eraikitzen zuten, edozein eskuri, ordain bage,dohan, euren langintza gozo-gozoko uzta oparoa, joria, opetsi nahian bezala. Artelatz bipilak, bere soinak bipilduz azal arin-zabalez eranzten ziren, emai huts, mesede egitearren, eta azal haietaz etxeak estaltzen hasi ziren, taket edo hesola trakets batzuetan finkaturik, ortzia gaiztotzen deneko babes, aterpe, abaro bat eduki asmoz baino ez. Orduan dena bakea zen, dena adiskidetasuna, dena bihotz-batasuna: gure ama lurraren errai errukitsuak irekitzera, urratzera ez zen , artean, ausartu izana goldearen nabar okerra, harek berez, inola behartzeke, bere sabel zabal, emankor, guztirean eskaintzen baitzuen, bere ume guztiek ase, goza eta elikatzeko behar zuten guztia. Orduan bai, neskatila totil eta tolesgeak, haranez haran, hegiz hegi, ibili ohi ziren, adatsak eta ile-txirikordak airean, ohoreak estali nahi zuena eta beti estalarazi izan duena estaltzeko behar zen soineko hutsa besterik ez zeramatela, eta ez, ez ziren gaur-egun eraman ohi diren apaingarri bitxiak, Tiroko purpurak eta hainbat oiñazez lortutako zirikoak garestiagotzen dituztenak. Lapaitz-ostoz eta huntzorriz josiak ziren jantzi haiekin neskatilak gure egungo anderaurenak bezain pirpil eta txukun, apain eta eder joaiten ziren, egungook beren nahikeriez edo burgoikeriez hainbat sorkari edo asmakari baldarrez jantzita ohi doazen arren, euren alperrean apain-kezkatan.. Garai haietan, maite-gaiak arima sotilak bere sotilean, xalo-xalo, sortzen eta apaintzen zituen, ez hitzetan itzulika ibiliz, garbiro baizik. Ez zen iruzur, ez amarru, ez atzipe egiarekin bat nahasian. Zuzentasuna bere berean zegoen, ez mesede-zaleek ez mozkin-zaleek oker, makur zezaketen, oraingo aldietan gutietsi, nahaspilatu eta jazarri egiten duten antzera. "Bere ustezko" erabaki-legea ez zen, artean, sartua epailearen adimenean, zer epaiturik eta nor epaiturik ez zegoen eta. Neskutsak eta lotsa-legea, dedua, lehenago esan dudan bezala, nondik-nahi, bakarrik eta lasai ibilten ziren, inoren lasaikeriak ez asmo lizunak muskildu, andeatu eginen zituzten beldurrik ezean, eta galtzera joz gero bere gogoz eta nahieraz egin ohi zuten. Orain, aldiz, gure mende nardagarriotan, ez batzuk ez bestetzuk ez dagoz arriskurik bage, Kretako beste labirinto batean bezain estari, hertsi, zeharkagaitz egon arren; zeren, bertan, dela irrikiletik edo zirrikitutik dela airetik beretik, grina madarikatuaz, maitasun-hatsa sartzen baitzaie, eta beraien bildutasun guztia, txintxo-lotsa eta guzti, "izorratzen" da, hondatzen eta galtzen da. Hona hemen, bada, zergatik sortu zen zaldun ibiltarien "ordena", mendeak aitzinatu ahala eta aitzinago gaiztakeria, haien beraien zaintzagatik hain zuzen, neskutsen babesagatik, emazte alargunak gerizatzeagatik, umezurtz eta behartsuei urgazteagatik. "Ordena" edo elkargo horretakoa nauzue ni, ahuntzain anaiok, eta eskerrak eman nahi dizkizuet, bai niri bai nire ezkutariari egin diguzuen harrera ona dela-eta. Izan ere, bizi diren guztiek, izaitezko legez, zaldun ibiltariei lagun egin beharra dute; neurdin' zuek beharkizun horren berri jakiteke abegi ona egin zeniguten, eta opariz ase, bidezkoa da, ahal dudan borondateaz, zuen hauxe esker diezazuedan.
Hitzaldi luze hau guzti hau (alde bat utz daitekeena) egin zuen, gure zaldunari eman zizkioten ezkurrek anbiolako urrezko garai ha gogora ekarri ziotelako, eta gogoak eman zion, orduan, ahuntzain haiei harako tartarra, halako "kordeiru" edo txilimala egitea, beraiek ahoa zabalik tutik erantzun bage, zurt eginda, zentzuioten bitartean. Santxo, era berean, ixilik, ezkurrak jan eta jan, eta sarri-sarri bigarren zahagiari hurreratzen zitzaion, ikuskari antzo, ardoa hotxamartu asmotan artelatz batetik dilindan, zintzilik, esekia baitzedukaten.
On Kixoteren hitz-aspertua abaria baino luzeagotu zen; azkenean, ostera, ahuntzainetako batek zera esan zuen:
Berorrek, zaldun ibiltari jaun, egiaz erran ahal dezan, gogo onez eta borondate handiz esku-erakutsi oparoa egin geniola, zera, bertze opari bat balitz bezala, nahi diogu pozarekin atsegin eman gure lagun bat aurki hona jinen denaren kantuez; artzain-mutila izanagatik ere asko-jakina da eta, era berean, biziki maite-minbera, eta guziz ere, badaki irakurtzen, idazten eta bai txirrina joiten ere; gehiago ezin nahi beraz.
Ahuntzainak hau esaten amaitu baino lehenttoago, txirrinaren hotsa belarriratu zitzaion, eta honen atzean jotzailea agertu zen, hogeita bi urte inguruko mutil iaioa zena. Lagunek ea abari legea egina ote zuen galdetu zioten, eta baietz, eta lehenago mintzatu zen ber-berak honela esan zion
Horrela bada, Antonio, atsegin pixka bat eman hiezaguke eresi batez edo xaramelatuz, jaun arrotz honek ikus dezan eta jakin, mendi-oihanetan ere badela musika dakienik. Hire trebatasuna aipatu zioagu, goraki, eta erakuts iezaiok egia erran diogula. Jarri, alta, heben, eta has hadi, otoi, zure maitasunaren ahaire horretan, hire osaba dohaintsuak asmatu eta herri xeheak ontsa bai ontsa hartu ukan zuen kantika hori.
Atsegin handiz – erantzun zion mutilak.
Gehiagoko bagerik, arte enbor batean eseri zen, txirrina gozatu zuen, eta ber-bertatik, polito-polito kantatzen hasi zen, honela esanez:
Antonio
Badakit, Olalla, erran bage,
maite-maite nauzula
ez begiez ere mindu nahiz
nire bihotz ahula
Badakizula dakidalako
zure maitez ziur nago
ageri den maitasuna beti
biziki maiteago
Egia da, berriz, behar-bada
Olalla, brontzezkoa
duzula arima, bular zuri
zurea haitzezkoa
Zure irainez harago, baina,
itxaropena lagun
egitera datorkit, nonbait hor
batto egin dezagun
Zure begi-klisk baterantz noa
fede urriezinaz
dei egin ez badidazu ere
inoizko maiteminaz
Maitasuna sotila da, izan
zurea areago
horregatik zaitut gero eta
gero maitatzenago
Zure bihotza beratu nahiz
eginak ditut egin
nahikoak ez ote zaizkizu?
Gehiago nik ezin
Ikusi banauzu, ikusi maiz
astelehen zurian
zuregatik igandez jantzita
maitaleen jantzian
Maite eta polit elkarrekin
ohi doaz sarritan
bide beretik poliki noa
zugana irrikitan
Ez dut dantzan hoboro eginen
isilduko ere naiz
ezordu txarrak bertan behera
oilarra entzun nahiz
Zure ederra zeinbat alditan
kantatu izan dut nik!
Berriz ere jo eta jo ariz
arren ondu ezinik
Berrocalgo Teresa, goraki
diotzut apal-apal
"Aingeru bat maite duzunik ez
uste, erdia hutsal"
Bitxiak bitxi, apaingarriak
iruzurgile beti
maite-bideetan ere sarri
goiti eta beheti
Zin dagizut zin, hementxe bertan
mendi hauetatik at
padartzara sartuko naizela
ala zerorrekin bat
Honezaz ahuntzainak kantua amaitu zuen. On Kixote beste bat eskatu zitzaion, Santxo Pantzak, ostera, ezetz eta ezetz, soinua entzuteko bainoago lo egiteko zegoela; honela erran zion nagusiari
Berorrek ongi eginen luke gau honetan non etzan bilatzen hasiko balitz, zeren eta, gizon hauek egun osoan duten lanaren kariaz ez dagoz gau osoan kopletan iragaiteko.
Ulertu diat, bai, Santxo, ezen, zahagitik zahagira joaite horrek eresia baino lo gehiago galdatzen duela.
Goxo zaigu, bada, orori, Jainkoari eskerrak – Santxok ihardetsi.
Ez diat ukatu eginen – On Kixotek – baina jarri hi nahi duan lekuan eroso, nire lanbidekook, berriz, gau-beilan lotan baino hobeto egiten diagu. Dena dela, Santxo, ondo legokek berriro belarri hau senda bahiezat, nahi baino mingarriago zaidak eta.
Santxok agindutakoa egin zuen, eta ahuntzain batek zauria ikusi zuenean, ardurarik ez izaiteko erran zion, berak egingo zuela laster senda zedin behar zuen sendagailua. Inguru haietan heuragi erranbero zegoen, asko bai, bazterrik bazter ugari zen, eta orri batzuk bildu, ahoan maluskatu, mamurtu, eta gatz pittin batekin nahasi zituen; gero, belarriari eman zion, tinko lotu zuen zapitto batez eta, besterik behar izango ez zuela berretsi zion, eta egia.