On Kixote Mantxako

15. atala

Yanguas-tar bihozkogor batzuekin topo egitean On Kixotek izan zuen zoritxarreko borrokaizunaz.

Zide Hamete Benengeli jakintsuak dioenez, bere arrotzain eta Grisostomoren ehorzketan izandako guztiei agur egin eta berehala, On Kixote bere ezkutariarekin, Martzela artzaina sartzen ikusi zuten baso ber-berera sartu zen. Oihanpe haretan, bazterrik bazter, ordu biz baino gehiagoz haren bila eta ezin edirenik ibili ondorean, belar heze ugariko zelai batera heldu ziren, ur hozkirria zeraman lats ole, otzan baten ondoan; honelakoxea zen, izan ere, ezen, eguerdi ondoko biagoa hantxe emaitera gonbidatu bezala gilikatu zituela, atseginaren atseginez, arratseko bero sargoria gainean zuten eta. Abereen gainetatik jaitsi ziren, eta astoa Rozinanterekin bertan zegoen belartza oparoan bazkatzen, naroro, utzita, bide-zorroa "garbitzeari" ekin zitzaizkion, eta txirrimarra bat ere bage, elkarren bake onean, nagusiak eta morroeak bertatik atera ahal zuten guztitik jan zuten.

Santxok ez zuen Rozinanteri zangoetako uhalak lotzeko ardura hartu, bai baitzekien, eiki, guztiz otzana zela, batere lizunkoia ez zela-eta Kordobako larredi edo angio guztietako behor ielduek ez zutela bide txarrera sarraraziko. Halabeharrak ekarrita, ordea, edota Txerrenen eraginez (beti lotan egon ohi ez dena) ibar haretan galiziar endako behor batzuk alatzen ari ziren, zarrast-zarrast belar jaten, Yanguasko mandazain batzuenak zirenak. Ohitura dute hauek belar eta ura dagozen egara onetan bere eliekin geratu eta biago egitea, eta On Kixote zegoen hura aukera-aukerakoa zen yanguastar haientzat. Bada ordea, halatan, Rozinanteri hango behorño haiekin jostatzeko gogoa birbiztu zitzaion, eta haien usaina sudurreratu orduko, bere ohiko oinkada bizkortuz, ugazabari baimenik eskatzeke, traka-traka bixi xamarrean, haienganatz joan zen haiekikoa burutzeko asmoaz. Beraiek, aldiz, agidanean, beste ezer haretarako baino jaterako gogo handiagoa zuten, eta ostikoka nahiz horzkaka hartu zuten, eta luzaro bage, uhalak etenik gaineko aulkia galduta, larrugorritan, biluzik zegoen. Min handiagoa eragin zion, alabaina, ber-bertatik, mandazainek, euren behorrei egin zien erasoa ikusita, uhe eta maket batzuk eskuan hartuta, makilka esetsi izaiteak, bertan lur jorik talikatua utzi baitzuten. Ikusi zuten On Kixotek eta Santxok Rozinanteri emandako "olo-salda", arnasestuka etorri eta On Kixotek Santxori

Dakusadanez, adiskide Santxo, hauek ez dituk zaldunak, oinpeko jendaila zikin satsua baizik. Honezaz zera esan nahi diat, lagun diezadakeala gure begien aurrean Rozinanteri egin dioten irainari zor zaion mendeku hartzen.

Nolako mendeku arraio hartu behar ote dugu guk – ihardetsi Santxok – hauek hogoi baino gehiago badira eta gu, berriz, bi baizik ez, edo, beharbada, bat eta erdi?

Ehun halako banauk neu – On Kixotek berriro.

Eta gehiagoko hitzik egiteke, heldu zion ezpatari, eta ekin zitzaien yanguastarrei erasoka; berdin egin zuen Santxok, nagusiaren jokaerari jarraikiz berotuta. Aurren-aurrenik dsastada bat eman zion On Kixotek bati eta soinean zeraman larruzko kapusaia, bizkar zabaletik, tarrat! urratu zion. Yanguasterrek, beren burua era txar haretaz bi gizonezko haiek bakarrik erabilia ikusi zutenean, eurak hainbeste izanik eta, hartu zituzten uheak eskuetan, inguratu zituzten beste biak erdian, eta ekin bai ekin, makilkatuz, jo eta ke hasi zitzaizkien, egin-ahalean jo eta jo. Egia esateko, bigarren takadan, bai, Santxo lurrean zegoen, eta aldi bertsuan On Kixote ere uzkailita, bere adorea eta gemena alperrikakoak izanik, eta halabeharrez, Rozinanteren hanketara erori zen, artean jaiki ezinean baitzegoen egon. Hona non den ageri zein suminkorrak diren makilak menditar gigotso zitalen eskuek erabilki. Egin zuten tzarkeria ikusita, bada, yanguastarrek, ahalik azkarren, behor-taldea zamatu eta bidean jarri ziren, bertan behera, itxura txarrean eta egoera tamalgarrian, han bi borrokalariak utzita. Suspertu edo, nolabait pirkoildu, zen lehena Santxo izan zen eta bere nagusiaren ondoan zegoen tokitik, mina eta samina zerion ahotsez esan zuen:

On Kixote jauna, a Jaun On Kixote!

Zer nahi duk, anaia Santxo? – On Kixotek erantzun, Santxo bezain emekiro eta guperatsu.

Nahi nuke, ahal baledi, hor eskueran baldin baleduka berorrek, bi hurrupada emanen balit, "Fielablas" edari haretarik: agian, hezur hautsientzat, zaurientzat den bezalaxe, ongarri izanen da.

Hemen baneduka, zorigaiztoko honek, zer besterik behar genezake? – On Kixotek – ; baina, hona, Santxo, zin dagiat, zaldun ibiltarien hitza damaiat, zin-zinetan, bi egun baino lehen -halabeharrak besterik aginduko ez balu- eskuratu behar dudala, ala, bestela, nire eskuek ez dutela onik izanen.

Pu! Eta zeinbat egunen buruan higitu ahal izanen ditugu gure oinak berorren iritziz? – galdezka ihardetsi zion Santxok.

Nik – esan zuen On Kixote zaldun hebainduak – neronek ez zakikeat egun horiei epea mugatzen. Alabaina, errua oso-osorik nirea duk; ez nian ezpata jokoan erabili behar izan ni bezala zaldun izendaturik ez diren gizonezkoen aurka; honegatik, bada, badiat uste, zalduntza-legeak hautsi ditudalako, guduen Jainkoak ontzat eman duela, niri honelako zigorra emaitea. Honegatik, anaia Santxo, orain esango diadan hau ongi aditzea egoki letorkiake, bion osasunerako garrantzi handia dik eta, hots, hauxe duk: horrelako zakur-jendeak irainen bat egiten digula ekusten duanean, ez egon nire begira ea nik noiz ezpatari helduko haien aurka, ez baitut inola ere eginen; alta, heldu egiok herorrek heure ezpatari eta zigor itzak nahi bezainbeste; eta zaldunen bat agertuko balitz haien alde nik jakinen nikek hire alde eta haien aurka nire ahal guztiaz ekiten; honez gero, bai bahuen ekusiko, hainbat zantzu eta hainbat gertaeratan, noraino luzatzen den nire beso indartsuaren gemena.

Hainbestetaraino harrotua geratu zen gizagaixoa euskaldun bihoztuna azpiratzeaz. Baina Santxo Pantzari ez zitzaion hain ondo iruditu nagusiaren oharra eta ez zen deusik esateke gelditu:

Jauna, ni gizon bakezalea naiz, otzana, barea, olea, eta zein-nahi irain den ere ezikusiarena egiten dakit, anderea eta umeak baititut, hazi eta elikatu behar ditudanak. Hontakoz, ohar bedi berori, agindu ezin bainiezaioke, nik ez diodala ezpatari helduko nehola ere, ez lander ez zaldunei aitzi; hebendik Jainkoaren aitzinera noan arte, egin nahiz eginen dauzkidaten irain guziak barkatzen ditut, berdin goiko edo beheko batek, aberatsak zein txiroak, etxaguna izan ala maizterra izan, gapare bada edo bada zergadun, nehoren bizi-mailarik edo bizi-legerik bereizteke, eginak eta eginenak oro barkatuko ditut.

Nagusiak hau entzunda ihardetsi zion:

Arnasa hartu ahal izan nahi nikek lasai antzean hitz egiteko, eta saihets-hezur honetan dudan oinazea sorgortuko balitz, Pantza, zein oker hagoen ikasi eragiteko. Erdu hona, bekatari, hator: halabeharraren haizeak, orain arte aurretik bezala, gure alde atzetik joko balu gure asmoen belak puztuz, eta ziurtasunez eta hondarpea jo bagerik, agindutako uharteren baterako bandan eramanen bagintu zer izanen litzaiake hiri, hain baten irabazle banintz, bertako jaun eta jaurlari eginen bahindut? Bada, azkenean, ezindu eginen duk, zaldun ez izaiteagatik eta izan nahi ez izaiteagatik, adore ez haizelako eta hireganako irainak mendekatu nahi ez eta hire jaungoa zaintzeko asmorik ez dualako. Jakik, ezen, berrikitan menpean hartutako lurralde edo erreterri arrotzetan ez dagozela inoiz geldi egoiten bertakoen gogo-asmoak, ez beti jaun berriaren alde ere, eta, honetaz, atzera itzultzeko, lehengoratzeko zer edo zer eginen ote duten beldurrez beti, eta jabe berriak ongi jaurri ahal izaiteko adimena ez ezik, edozein jazoeratan erasotzeko nahiz babesteko behar bezainbesteko kalipu, errrua ere behar dik.

Bada, oraigunean gertatu honetan – Santxok – berorrek dioen adimen hori eta adore hori izan nahi nukeen, baina zin dagiot, gizagaixo honen fedeaz, txaplataldi baten baino txaplata baten beharrago nagoela. Ea berori jaiki ahal ote den, eta Rozinateri lagunduko diogu, merezi ez duen arren jipoi honen errudunik behinena bera izan da eta. Ez nuen Rozinanteren holako usterik izanen nehoiz, ni bezain pertsona bakezale eta xahukina, aratza zelako usteak nengoen. Azkenik, ontsa erraiten da erran ere, aldi luzea behar dela laguna nolakoa den ezagutzeko, eta bizitza honetan ez dagoela deus ziurrik. Nork erranen zuen harako zaldun ibiltari zorigaiztoko hari berorrek eman zion ezpatakada haren ondorean etorriko zitzaigunik hain makil-zaparrada gogorra gure bizkar gainetara?

Hirea, behintzat, ohituta al zagok halako erauntsietan – erauntsi zion nagusiak – nirea, aitzitik, sinabafa eta holandako mihise artean hazitakoa, min handiagoz zagok, noski, ezbehar honetan. Eta iruditzen zaidak...zera, zer diot iruditzen? ongi bai ongi dakidalako ez balitz, guda-legeekin batera ibili ohi direla beti honelako atsebagetasunak, hementxe bertan, haserrearen haserrez, neure burua hiltzen utziko nikek.

Ezkutariak honela erantzun zion:

Jauna, honelako zoritxarrak zalduneriaren uztakoak direnez gero, erran biezat, otoi, maiz agitzen ote diren, usu gertatzen ote diren, ala zeinbait epe mugatutan baizik ez; zeren eta, ene irudiz, bi uzta bildu ondoan hirugarrenerako deusezturik geratuko baikara, Jainkoak, bere urrikalmendu amaigeaz, urgazten ez badauku.

Jakik, adiskide Santxo, zaldun ibiltarien bizitza beredin arrisku, hainbat borrokaizun, ezbehar askori itsatsita bezala dagoela, eta , era berean, zaldun ibiltariak errege zein enperadore bihurtzeko abagunetik hurran beti, anitz zaldunen joan-etorriek erakutsi izan dutena legez, nik zehazki dakizkidan kondairetan ikasi dudanez. Oraintxe jaulki ahal nizkiake, minak utziko balit, batzu-batzuk, esan diadan goi-maila horietara igo zirenak euren besoaren indar hutsaz, eta nola berauek, lehenago eta geroago, hainbat lazeriatan eta nekeziatan ibili beharrean izan zuten: Amadis Gaulako adoretsua bere etsai hilgarri Arkalus sorgintzailearen menpe egon zuan, eta jakina duk, honek, atxilo edukita, bere zaldiaren hedeez berrehun zigorkada baino gehiago eman ziola, lorio bateko zutabean lotuta. Baduk isilpeko idazle bat, sineste ez gutikoa, dioena, ezen, Feboko Zalduna segada batean harrapatua izanik, gazteluren batean edo, oinen azpikoa zulatu zitzaionean erori eta lurpeko leze sakon batera jaitsi zela, esku-zangoak loturik; eta bertan "medezinak" edo esaten dieten halakoetarik bat egotzi omen ziotean, elur-urez eta hareaz osatuak edo zirenak, eta larri-larri iritsi zuan ia amaieraino; ordukoxe helgaitz lazgarri haretan adiskide zuen jakintsu handi batek urgatzi ez balio zaldun gaixoak oso-oso gaizki ibiliko zatekean. Hala bada, ni ere horren jende onaren artean ongi egon naitekek, haiek jasandakoak guk oraintsu nozitu ditugun baino laido gaitzagoak zituan eta. Jakitun egon hadin, dioat, Santxo, eskuetako tresnez eginiko zauriak ez direla beti laidoztatzen dutenak, eta hau, hitzez hitz, ezpata-jokoaren legean idatzita zagok: oskiginak, zapatak egiteko duen orkaia eskuan hartuz beste inor jaiten badu, egurrezkoa izanagatik, ez duk honegatik esanen makilkatua izan denik. Hau dioat, zera, pentsa ez dezaan, liskar honetan hebaindurik ere laidoztatuak izan garenik,: gizon horiek zekartzaten eta gu jaiteko zerabiltzaten iskiluak ez zituan bere makilak baizik, eta haietako batek ere, nik dakidala, ez zian ezpatarik ez puntzetik edo sastakairik erabili..

Niri ez zautaten, bada, horrenbertze ikusteko astirik eman – erantzunez Santxo – nire "tizonari" heldu nioneko sorbaldak gurutzatu zauzkidaten haien pinuez eta berehalako baten begietatik ikusmena eta oinetatik indarra kendu zidaten, eta natzan leku honetara egotzi ninduten; ez dut tamal handirik makilketa laido izan ote zen ala ez pentsatzean, ukaldien minak bai tamala, bizkarrean bezala oroimenean ere irarrita, josirik geratuko baitzaizkit betiko.

Horrenbestez ere, jakik, anaia Pantza, ez dagoela oroimenean deusik aldiak ezabatuko ez duenik, ez minik ere heriotzak amaituko ez duenik.

Alta bada, zorigaitz handiagorik bai ote dea – Santxok – aldiaren aiduru egon behar duena ezaba dezan eta heriotzaren begira beronek amai dezan? Gure zoritxar hau txaplata biz sendatu ahal diren horietakoa balitz gaitz erdi; baina ikusten hasi naizenez, erietxe bateko txaplata guziak ez dira nahikoak izanen onik ezarri, bederen, ahal izaiteko.

Utzi hori eta atera itzak indarrak ahuleriatik, Santxo, nik honela eginen diat eta.. Ekus dezagun nola dagoen Rozinante, antza zaidanez, ez dik gaixoak ezbehar honetako zatirik ttikiena jaso.

Ez da harrigarria – Santxo mintzatzen – bera ere zaldun ibiltaria izanik; harritzen zait, ostera!, nire astottoak zorrik kitatu ez eta zorriekin aske jalgitea, gu geu zorririk bage eta saihetsean hezur onik ezean erori garen toki beretik.

Halabeharrak beti zorigaitzetan ateren bat zabalik uzten dik, gaitz den horrek ihes dagien edo – azaldu zion On Kixotek. Zeragatik zioat, aberetto horrek, orain Rozinanteren hutsunea bete ahal izanen duelako, ni eramanez, hemendik gazteluren batera nire zauriak sendatzearren. Zerago ere zioat, holako "astoduneria" ez dudala ezohorezkotzat joko, zeren, noizbait irakurrita nagoela bururatzen baitzait, ezen, Sileno zahar on hura, barrearen jainko alaiaren irakasle eta haurtzaina, Ehun Ateko Hirira sartu zenean, asto eder baten gainean zaldun zihoala, xoil gogotik joan ere.

Zaldun antzo zihoana egia izan daiteke, berorrek dioena legez, baina zaldun baten moduan joaitetik zehar-etzanda zorro bete simaurki baten antzera joaitera tarte handi-handia dago.

On Kixotek honi honela ihardetsi zion

Borroketan jasotako zauriek ohorea kendu beharrean eman emaiten ditek; honegatixe, Santxo, adiskide, ez iezadak gehiago ihardets; eta esan diadan bezala jaiki hadi, ahalik hobekien, jar nazak hire astoaren gainean, gogoak emaiten dian erarik onenean, eta goazen hemendik, gaua heldu eta soilgune honetan gainera eror dakigun baino lehenago.

Bada, nik berorri entzuna diot – Pantzak zirika – zaldun ibiltarien oso ohikoa dela, urterik gehienean, hala larrekian nola basohilean lo egitea, eta guziz dutela zaldun legekotzat joa.

Bai horixe! – On Kixotek harroxko – besterik ezin dutenean horrela duk, edota maitemindurik dagozenean; eta hau egi-egia dela baieztatzeko jakik, zaldunik izan zela, harkaitz baten gainean, eguzkitan eta ilunetan, ortziaren gora-behera guztien pean, bi urtebetez egon zena, egonean, bere andereak ezer ez zekiela. Hauetako bat Amadis, Baltenebros izen harturik, Harkaitz Gorrian bizi izan zena, ez zakiat eskierki zortzi urtez edo zortzi ilbetez, zeinbakitan ez nagok jarrita: nahikoa duk hantxe egon zela jakitea, penitentzia egiten, Oriana andereak egin zion ez zakiat zelako bihozmin baten erru-neke hartzean, hai zuzen. Baina, utz dezagun hori, bada, hor, Santxo, eta buka ezak, astoari, Rozinanteri bezala, ezbeharren bat gerta baino lehen.

Horretantxe, alta, tusuria lebilke – esan zion Santxok.

Hogeita hamar aiene igorriz, hirurogei hasperen eginez, ehun eta hogei arraio, arao, eta antzeko aurtikiz bertara ekarri zuen zoriari, jaiki zen, bide erdian makur-makur eginik gelditu zen, turkiar arku baten antzo, erabat ezin zutituz, eta nekearen nekez, astoari basta ipini zion, egun haretako askatasun zabalaz lasaituxea zegoen astoari. Gero Rozinante eraiki zuen. Honek arranguraka iharduteko mingaina ukan balu ez zen Santxo edo bere ugazabaren atzean geratuko. Azkenean, Santxok On Kixote astoaren gainean ipini zuen eta buztanetik lotu, gibelean, Rozinante. Astoa aitzindari, tapa-tapa hasi ziren, errege-bidea zegoela iruditu zitzaien alderantz, guti goiti-beheiti. Halabeharrak, gero eta hobeto gidatzen zituen aduak, legoa labur bat ibilita, erret-bidera ekarri zituen, eta laster benta bat ere urkusi haiek, Santxoren zoritxarrerako eta On Kixoteren onerako gaztelu izan zitekeena. Santxok ostatua zela, nagusiak ezetz, gaztelu zela; eta hala, bai eta ez, ez eta bai, iritsi ziren harako haretarainoxe, eta Santxo sartu zen, bere zamalde guztiarekin, besterik bage.