On Kixote Mantxako

18. atala

Santxo Pantzak bere jaun On Kixoterekin ukan zuen elkarrizketa ikasgarria eta beste borrokaizun gogoangarri batzuk jaulkitzen direnean.

Heldu zen Santxo, makal-makal eta txarto, nagusiagana, bere "belarriluzeari" arre esateko ere indargeturik, eta On Kixotek honela ikusi zuenean esan zion:

Oraintxe sinetsi diat, Santxo zintzo, zalantza bagerik, gaztelu edo txiriboga hura sorginduta dagoela. Bada, hirekin hain ezegin zital bat egin zutenak, zer izan ote litezke mamu edo beste munduko jendea baizik? Baietz zioat, bai, zeren, hestegi haretako hormaren gainetik hire larrialdiko ibilera mingarria ekusi nuenean, gainera igo ezin izan bainintzen, ez Rozinante gainetik jaitsi ere, sorgindua nindukatelako ezagugarri dena. Zin dagiat, ni naizenaren fedeagatik, igo ahal izan banintz edo zutitu ahal izan behintzat, mendeku hartuko nukeela hire alde, harako galuts harroputzak hiri iseka egiteaz betiko damu eragiteraino. Zalduntza-legea bera urratu behar banu ere, askotan esan diadanez, zaldun ez denari zaldun batek ezin baitiezaioke eskua gainean ezar, bere biziaren babesean ez bada, larrialdi behar-beharrezko batean bere burua zaintzearren ez bada.

Nik ere mendeku hartuko nuen, zaldun izendatua izan ala ez izan, aspertuko nintzaiekeen bai, baina ezin izan nuen; hala ere, nire gardiz, nire bizkarretik irri eta barre egin zuten haiek ez ziren mamuak edo sorgindu gizonak, berorrek dioena legez, hezur-haragizko gizakiak baizen, gu bezalakoak; eta bakoitzak bere izena zuen, haizatzen ari zitzaizkidanean entzun nuenez, batak Pedro Martinez izena du, bertzeari Tenorio Hernandez daritzo, txiribogina, berriz, Juan Palomeque "Ezkerra" omen da izenez. Hartakoz, jauna, hestegiko horma gainetik sartu ezin izana edo zalditik jaitsi ezin izana sorginkeriaz bertzerik zen. Honetatik guzi honetatik, beraz, garbi ateratu dudan bakarra zera da, alde batetik bertzera bila gabiltzan borrokaizun hauetan guzietan behar bertze ezbehar gertatuko zaigula, azkenean nondik-nora gabiltzan ez jakin arteraino.Hobe genuke, honetaz, nire iritzi apalean, on litzaiguke gure herri koxkorrera itzuliko bagintez; epaitaroan gagozi, uzta biltzeko garaian eta ondasunaz axola hartu beharra ere dago. Utz diezaiogun zirkun-zarkun, munduz mundu ibiltzeari.

Zein guti dakian, Santxo – On Kixotek darantzuio – zalduneriaz! Ixil hadi eta euk bihotz-zabala; helduko duk eguna hire begiez ekusten duanean zein ohore handikoa den biziera honetaz ihardutea. Osterantzean, esaidak: munduan pozbide zabalagorik bai al da, edo atsegingarriagorik bai ote, borroka batean irabazle eta arerio edo etsai duan horren gainetik gailen nabarmentzea baino? Bat ere ez, ezbairik bage.

Hori horrela izan daiteke – Santxok – nik ez dakit eta. Badakit, aitzitik, jakin, zaldun ibiltari garenetik, edo berori denetik -nik neure burua ohorezko izen horrezaz ez dut apaintzen ahal- nehoiz ez dugu borrokarik irabazi, euskaldunekikoa ez bada, eta haretatixe ere belarriaren erdia eta kaskaren erdia galdurik jalgi zen berori; harik hona, oro makilkada eta makilkada izan zauku, ukabilkadaren ondotik ukabilkada heldu izan zauku. Nik, gainera, burusikada ere gehitu behar dut, eta sorgindu gizakiek egin dautatenez gero, mendeku hartzeko ezinak alegia, ez dut jakin nehoiz etsaiaren gaineko gurenda zer den, berorrek dioenari jarraikitzeko.

Horixe diat nik tamala, eta hik ere ukan behar duk, Santxo, baina, ekiz, hemendik aurrera, eskuotan ezpataren bat jaso behar diat, zelakoa eta eskuan dakarrenari inolako sorginkeriarik ezin egin izanen dioten halakoa; eta areago, Amadis, Ezpata Goriko Zaldun izena zuenean, izan zen arrisku haretan bezala gerta lekidakek niri, zeren, lurbira osoko zaldun batek eduki zuen ezpatarik miresgarriena zelako, aizto baten antzera ebakitzen zuen eta ez baitzuen, horregatik, guda-jantzirik gogorren zein sorgindutakoenak ere aur egiteko behar bezainbesteko gogortasunik.

Ni ez naiz horren zorioneko – Santxok atzera – eta hori gertatuz gero, eta berorrek horrelako ezpataren bat eskuratuz gero, gantzukia bezala, ongarri edo sendagarri izan liteke, bai, zaldunentzat ez bertzerentzat; ezkutariontzat, aldiz, hil eta gero salda bero.

Ez izan horren beldur, Santxo – On Kixote mintzo da – zeruak hiri hobeki eginen dik eta.

Elkarrizketa gozo honetan zihoazela, On Kixotek hauts harro handi bat nabaritu zuen, bide beretik beraienganantz hurrantzen, eta Santxori beha esan zion:

Oi Santxo, hau diat eguna, nire patuak gorderik didan ongia ekusteko; hau diat eguna, dioat, nire besoaren indarra erakutsi ahal izaiteko, eta Ospearen liburuan, mendez mende idatzita geratuko diren eginkizun gaitz, eskerga batzuk egin ditzadantzat. Badakusak, han harrotu den hauts-hodei hura, Santxo? Bada, jende-oste ugari batek eragina duk, ibilian, ter-ter-ter, datorren kopuru zeinbatezineko jende-aldra baten bisutsa duk.

Horrela bada, bi dira – erantzunez Santxo –, bertze alde honetatik ere bertze hainbertzeko hauts-murru bat harrotzen da eta.

So egin zion On Kixotek, atzera, eta bai, egia zen. Poztu zen oso, uste izanik, ezen, bi gudaroste zirela, ordoki zabal haretan elkar joitera zetozenak. Burua, une oroz eta beti, halako edo antzeko irudipenez, ameskeriez, sorginkeriez betea zuen, zalduneriazko liburuetan agertzen nahiz gertatzen ziren gertaerez, maitakeriez, erronkez, zentzugekeriez betea zen, eta mintzatzen zenean, oldoztean edo egitean, beti halakoetara joiten zuen, oraingo honetan bezala, zeren, urkusi zuen hauts-hodei hura bi artaldek harrotua izan baitzen, alde bitatik bide berean zehar zetozen eta hautsagatik ezin ondo ikusi izan zirenak hur egon arte. On Kixotek baietz eta baietz, gudarosteak zirela eta zirela, eta nolatan! Santxok berak sinetsi behar izaiteraino. Honela erran zion, honexek, honetaz:

Jauna, bada, zer egin behar dugu?

Zer? – On Kixotek – behartsu eta ahulen alde egin behar diagu. Jakin ezak, Santxo, gure aurrez-aur datorren hau Alifanfaron enperadore handiak gidatzen dakarrela, Trapobana uharte tarroko jauna duk bera; gibeletik datorkiguna, berriz, garamantarren errege Pentapolin Besosoila etsaiak zakarrak, beti borrokara bidean eskuineko besoa biluz ohi daramalako izengoiti hori eman ziotena.

Eta, zer dela-eta maite dute horren gaizki elkar bi jaunok? – Santxo itaunduz.

Elkar gaizki maite ditek – On Kixotek azaldu – Alifanfaron hau jentil sutsua delako, eta Pentapolin horren alabaz maiteminduta zagok, andere eder bezain dohatsua izaiteaz gain kristaua denaz alegia, eta honen aitak ez diolako errege fedebako horri eman nahi, Mahoma sasi-igarlearen legea utzi edo hautsi ezean eta bere fede-legera itzultzen ez bada.

Nire bizarragatik! – Santxo harri eta zur – ongi egiten du Pentapolinek, eta ahal dudan heinean lagundu behar diot.

Behar duana eginen huke horrela, Santxo, horren antzeko borroketan esku hartzeko ez duk zaldun iskilutua izan behar eta.

Hori badakit, baina, non ibeniko dugu asto hau, borrokaldia amaitu eta gero berreskuratu ahal izanen dugula ziurrik. Nik dakidala, halako zamari baten gainean ez da borrokan ohitura eta.

Horixe egia. Bere gain utzi ahal duk, galdu ala ez; borrokan garaile gertatu ondorean hainbat zaldiren jabe izanen gaituk, Rozinante bera ere beste baten ordez utz dezadan arriskubidean zagok. Erne bada, begira, gudaroste biotan datozen zaldun nagusien berri eman nahi diat. Hobeki ekus ditzan hango muino haretara baztertuko gaituk, oste biak begiztatu ahal izaite aldera.

Hala egin zuten eta mendikume batean jarri ziren, On Kixotek gudarostetzat hartuak zituen artalde biak ikusten ziren bizkarrean hain zuzen. Harrotutako hauts-hodeiak nahasi ez balu eta begiak itsutu ez balizkio, zer ziren ikusiko zukeen, baina, hala eta guztiz ere, bere irudimenaz, ez zena ikusten zuen, eta ahotsa goratuz hasi zen:

Han dakusaan zaldun hura, armarri horiminak daduzkana, mazmarroan koroadun lehoi bat neska gazte baten oinetan menpekotua daramana, Laurkalko adoretsua duk, Zilarrezko Zubiko jauna; bestea, urrezko loredun armarriak eta mazmarroan arlo urdinean zilarrezko hiru koroa daramatzana Mikokolenbo beldurgarria duk, Kiroziako duke handia; bere eskuinean dagoen beste erraldoia, gizon ikaragarri hura, Bolitxeko Brandabarbaran inoiz beldurti izan ez dena, hiru Arabietako jauna, suge-larruz jantzita datorrena eta mazmarrotzat ate bat duena, esaera denez, Sansonek, bere heriotzaz etsaiei aspertu zitzaienean, lurrera erorarazi zuen tenplu haretako bat dena. Itzul itzak, bada, begiak alde honetara, ekus gudaroste honen aitzinean beti garaile egundaino garaitua izan ez den Karkaxonako Timonel, Bizkai Berriko printzipea, armarriak arlotan zatituak dakartzana, urdin, horlegi, zuri eta hori hain zuzen, eta mazmarroan urrezko katu bat arlo lehoitu batean eta hizki bat idatzita: Miau, bere anderearen izenak duen lehen hizkia dena, esaten denez, Miulina berdinbagea, Algarbeko Alfeñiken dukearen alaba baitu anderetzat; beste hura, behor sendo-azkar haren bizkarrean zama eginda doana, armarriak elurra bezain zuriak, mazmarroa ere zuria eta ezerbakoa dakartzana, zaldun berria duk, sorterriz frantsesa, Pierres Papin daritzona, Utrikeko baroierrietako jauna duk; hango beste ha, astonabar zuri-beltz zalu marradun hari mehaketan orpo-gailatuaz akuilatzen, zizti-zazta egiten diona Nerbiako duke ahaltsua duk, Oihaneko Espartafilardo izenekoa, katu-belar urdinezko armarriduna, mazmarroan zaintzuri-landarearen ondoan gazteleraz idatzita Usna ezazu nire zoria esaera duena.

Honelatan bada, beredin zaldun izenez bereizi zituen, gudaroste batekoak zein bestekoak, bere irudimenaz, eta bakoitzari bere armarri, margo, esakune eta izengoiti bat-batean asmatutakoak ezarri zizkion, bere zoroaren irudimen egundainokoaz, eta isildu bagerik esateari ekin zitzaion

Aurrez-aurreko gudaroste hau aberri askotako jendeek osatzen ditek: hemen zagozak Xanto ospetsuko ur gozoak edaten dituztenak; Masiliako landak zapaltzen dituzten menditarrak hemen; Arabia zoriontsuan urre mehe-xehea iragazten dutenak ere zagozak; Termodonte gardenaren uhalde hozkara entzutetsuaz atsegin hartzen dutenak ere bai; Paktolo urreztatuari handik eta hemendik odola aterarazten diotenak hemen zagozak; emandako hitzetan beti zalantzan dagozen numidiarrak hemen; pertsiarrak arku-geziengatik ospe handikoak, partiarrak, mediarrak ihes eginez borrokatzen direnak; etxeak hara-hona daramatzaten arabiarrak; eszitiar zuri bezain ankerrak, etiopiar ezpain zulatutakoak, eta beste heuragi enderritakoak aurpegiz ezagun baina izenak gogoan ez ditudanak. Beste gudaroste honetan, Betis oliba-ekoizlearen ur-joaira gardenetik edaten dutenak zatozak; Tajo urreztatu eta beti joriaren edabeaz euren musualdeak leuntzen eta txukuntzen dituztenak ere bai; Genil zerutiarraren ur onuratsuak gozatzen dituztenak ere zatozak hemen; bazka oparotsua duten landa tartesiarrak zapaltzen dituztenak eta Xerezko larre elisiarretan alaitzen direnak ondoan zatozak; Mantxatar aberats gal-buruska horiztaz koroatuak; burdinaz jantzitakoak godoen odol-erlikia zaharrak direnak; Pisuergan, ur-joaira bareagatik ezaguna den horretan igerika bustitzen direnak hemen zatozak; ondoan, Guadiana bihurgunetsu ondoko angio zabaletan abereak bazkatzen edo alatzen dituztenak, hemen ageri han estari doan ibai aipatu hori inondik ere; bazatozak etorri hemen, besteokin bat, Pirinio oihantsuetako hotzaz ikaran ibili ohi direnak eta Apenino garaietako elur-maluta zuriekin ohituak; azkenik, Europa osoak bere barruan daduzkan guztiak zatozak.

Jainkoa lagun, eta zeinbat probintzia aipatu zuen, zeinbat enderri bereizi zuen izenez, bakoitzari, bixkor-bixkor, zegokion izatasuna ezarriz, bere liburu gezurtietan irakurri izan zuenaz "otxarratua" eta guztiz sor! Santxo Pantza haren hitzetatik zintzilik zegoen, tutik esan bagerik, eta txitean-pitean burua itzultzen zuen, bihurtzen, ea nagusiak zekusatzan eta izeneztatzen zituen zaldunak nahiz erraldoiak ikusten ote zituen; eta bat ere edireiten ez zuelako, esan zion:

Jauna, Txerrenagatik, ez gizonik, ez erraldoirik, ez berorrek aipa eta aipa egiten dituen zaldunetarik bat ere ez da ageri hemen, nik, behintzat, ez ditut ikusten: beharbada, oro sorginen lana da, bardako mamuena bezala.

Nolatan diok hori? – ihardesten dio On Kixotek – Ez al dituk aditzen zaldien irrintziak, ez turuten hotsak, ez danborren zarata?

Ardi-bildots askoren – Santxok – be eta janba ugari bertzerik ez dut aditzen.

Eta egia zen, artalde biak gertu zirelako.

Beldurrak zagozak eta – On Kixotek dirautso – horrexek emaiten dik , Santxo, ezin ondo ekusi ez entzun hori. Beldurraren ondorioetako bat horixe duk: zentzumenak nahasten ditik eta dena ez dena legez irudiarazten, batekoz beste; horren beldurturik bazagoz, bazter hadi albo batera eta utz nazak bakarrik; neu bakarrik asko bainaiz lagundu behar diodan taldeari gurenda eta garaipena emaiteko.

Hau esan ondorean, Rozinante aztalka gilikatu zuen eta, aztatzarra aurrerantz tink atxekita, muinotik aldapan behera jaitsi zen, tximist baten antzera.

Santxok oihuka, deiadarrak egin zizkion, esanez:

Itzul bedi berori, On Kixote jauna, Jaungoikoarren, ardiak bildotsekin eta ahariak dira eta, joko dituen horiek. Betor atzera, errukarria aita ni egin ninduena! Nolako zoroa den hau! Begira, ongi begira beza, ez dagoela erraldoirik, ez zaldunik, ez katurik, ez armarririk, ez mazmarro osorik ez zatiturik, ez katu-belar urdinik ez txerrendurik. Zer dagi berorrek?, ai ene bekatari hau!

Ez horregatik ere, ez zen itzuli On Kixote; alderantziz, oihu eginez zihoan esaka:

Ea, eup! zaldunak, Pentapolin Besosoila enperadore bihoztoiaren ikurrin pean gudukara zatoztenak, zarraizkidate niri guztiak: ekusiko duzue zein erraz hartuko diodan mendeku Trepobanako Alifanfaron etsaiari.

Hau esanda, ardien oste erdira sartu zen, eta heriosuharrean, aztakadaz ekin zitzaien, bere arerio hilgarriei egin bezain adoretsuki eta irardausiz. Artaldeekin zetozen artzainek oihu eta oihu egiten zioten halakorik egin ez zezan; baina jaramonik egin ez harek eta habailak eskuetan hartu zituzten harrika hasteko, eta bai laster ere ukabil adinako harriak ziztu bizian txistuka haren belarri ondoetan zehar. On Kixotek harriei entzungogor eta hara-hona zebilen, esanez:

Non hago Alifanfaron harroputz hori? Hatorkit, ea; zaldun bakarra nauk eta; buruz buru hire indarrak neurtu nahi ditiat, bizia kendu nahi diat, Pentapolin Garamanta ausartari hik egin gaiztakerien ordain.

Une honetan, alta, uharri batek saihetsean jo zuen eta hezur bi zanpatu zizkion. Honek zauritua zela ohartzean, hilik zegoela uste izan zuen, edo larriki sakailatua bederen, eta bere edabea etorri zitzaion gogora, olio-ontzia atera zuen, ahoratu zuen eta "pattarra" sabelera isurarazten hasi zen; nahikoa edandakoa zela uste izan aurrez, beste harri koxkor bat heldu zitzaion eta eskuan jo, eta olio-ontzi betea puskatu zion, ahoko hiruzpalau hagin edo hortz trauskitu, zapart egin eta oitik edeki zizkion, eskuko bi atz maspildu zizkion bide beretik. Halakoa lehenengo ukaldia, eta bigarrena ere halakoxea; eta zalduna zaldi gainetik lurrera. Artzainak hurbildu ziren harengana eta hil zutela uste izan zuten; bildu artaldeak, iradu eta leihaz, jaso berehala hildako abereak, zazpi baino gehiago, eta besterik jakin nahi ezean, alde.

Aldi horretan guztian, Santxo muino-gain haretan geldi zegoen, bere nagusiak egiten zituen zorakeriei begira, eta bere kokotsa larrutu beharrean ari zen, halabeharrak erazagutu zuen eguna madarikatuz. Nagusia lurrean erorita ikusirik, bada, eta artzainak handik alde eginak zirela, jaitsi zen aldapan beheti, hurbildu zitzaion, eta zauritu-gaizto egina zetzala hauteman zuen, nahiz eta konortea galdu bagerik egon, eta honela esan zion:

Ez al diot, ba, nik esan, On Kixote jauna, itzultzeko, gibelera edo atzera etor dadin, eraso nahi izan dituen haiek ez direla gudarosteak, artaldeak baizik?

Ai, horrenbeste egin ahal zirok harako jakintsu lapur nire etsai harek, zein-nahi irudi irudigetu eta egina dena egingetu ahal dik. Jakik, Santxo, oso erraza zaiela halakoei beraiek nahi dutena besteoi irudiaraztea; eta niri darraidan gaizkin bekaizti horrek, borroka honetan irabaziko nuen aintzaren espatsu, nire arerio-oste horiek artalde bilakatu ditik. Bestela, Santxo, egik honela, nire biziagatik, dioadan egia hau egiaztatu dagian, eta begiak ireki ditzaan: igo hire asto gainera eta harraie poliki-poliki, hoa haien atzetik eta ekusiko duk, hemendik urrutira bage, nola lehengotzen diren eta ardi izaitetik berriro gizon egin-eginak izaitera bihurtzen diren, nik haseran irudiztatu nizkianak bezalakoak. Baina ez hadi joan orain, hire mesede eta laguntza behar diat eta.Hatorkit eta begira, ea, zeinbat hortz eta haginen peitu naizen, ahoan ale bat ere geratu ez zaidala uste diat eta.

Santxo hur-hurreratu zitzaion, ia-ia begiak ahora sartzeraino, eta, ordurako, gantzukiak On Kixoteren urdailean bere lana egina zuen; Santxo ahora begira zegoen une haretantxe, urdail barruan zedukan guztia, leher eta zapart, eztarritik goiti egotzi zuen, txispa batek zunp egin antzo, eta isurkin guztiaz ezkutari errukiberaren bizarra blai-blai egin zuen.

Andere Dona Maria! – dio Santxok – zer ote zait gertatu? Bekatari hau, nonbait heriok joa zagok, ahotik odola goiti egiten dik eta.

Isuritako hura zer zen antzeman zuenean, berriz, odola ez zela ohartu zen, margoz, ahokeraz eta usainez kausitu zuenetik; gantzukia zela, lehenttoago olio-ontzitik edaten ikusi zuena. Higuinarekin nazka sortu zitzaion, eta, sabela nahasi ondorean, erraiak okaztatu zituen bere jaunaren beraren gainean; biak ala biak halaxe, basi-basi eginda, lohi, likin eta likits geratu ziren. Astoarengana joan zen Santxo, zorroetatik garbitzeko zerbait eskuratu asmoz, eta nagusia sendatzeko beste zerbaiten bila, eta ezer ediren ez zuenez gero zentzu guztiak galtzeko zorian egon zen: madarikatu zuen, berriro, bere burua, eta hitzetik hortzera, bihotzetik asmo bat jalgi zitzaion, hau da, bere nagusia bertan behera uztea eta bere herrira itzultzea, ordura arteko zerbitzuen saria gal baleza ere, eta agindutako uharte haren jaun-jabe izateko itxaropena ere gal.

Honetan, jaiki zen On Kixote eta, ezkerreko eskua ahora eraman zuen, azken hortzak jaulki ez zekizkion edo, beste eskuaz Rozinanteren uhalak atxeki zituen, berau nagusiaren ondotik inora bage geldi-geldi zegoen hain zen kirmen, zin eta ondo-hezia, eta ezkutariagana joan zen, bere astoaren bizkarrari aitzi bularrez zegoena, eskua barailean, gizon gogoetatsu baten antzo. Honela ikusi zuenean, horren hits eta goibel, On Kixotek esan zion:

Jakin ezak, Santxo, gizon bata ez dela beste bata baino gehiago, gehiago egiten ez badu. Erauntsi hauek guztiok laster atertuko eta gauzak ongi jazoko zaizkigun zantzuak ditiagu; ona eta txarra ez dituk betiko iraunkorrak eta, honetaz, txarraldia luzea izan denez gero laster diagu hemen onaldia. Ez duk, bada, zertan, kikildu, niri gerta ezbeharrengatik, hik ez baituk hauetarik zati bat ere hartu behar.

Nola ez? – ihardetsiz Santxo- atzo burusian goiti eta beheti hegaz eragiten ziotena ez al zen, bada, nire aitaren seme hau? Eta, nire bitxi guziekin atzo bai eta egun ez ditudan zakutoak ez al ziren, bada, honexenak berarenak?

Zakutoen peitu ote haiza, Santxo?

Bai, hainbage naiz.

Beraz, ez diagu zer janik egun – On Kixotek.

Horrela litzateke, bai – erantzun zion Santxok – larreotan berorrek ezagun omen dituen belar horiek ez balegoz, alegia, berori den bezalako zaldun ibiltari ondikotsuek, bertzerik ezean, zuloa betetzeko bildu behar dituztenak.

Hori horrela ere – erantzun zion On Kixotek – nik oraintxe ogi-mokor bat janen nikek, pamitxa, edo tremesa berdin, sardina zahar biren buruekin, Dioscórides-ek azaltzen dituen belarretarik zein-nahi baino gogotsuago. Honela eta guztiz ere, Santxo zintzo, igo hadi igo hire asto gainera eta hator nire atzetik. Jaungoikoak, gauza guztien hornitzaile denak, ez ziguk hutsik eginen, areago noski, Haren zerbitzutan gabiltzanoi; ez ziek hutsik egiten eguratseko eltxoei, ez lurreko harrei, ez uretako zapaburu edo txalburuei, eta hain duk gupidatsua, hain errukibera, bere eguzkia on zein gaizto direnen gainean ezarten duela, zuzen nahiz oker direnentzat euria egiten duela.

Berori zaldun ibiltari baino sermolari izaiteko hobea da – dirautso Santxok.

Denetaz zekitean eta jakin behar ditek zaldun ibiltariek, Santxo, zeren, joan ziren mendeetan zaldun ibiltaririk bai baitzen sermoi edo hitzaldi egiten zuena, eremu baten erdian gelditurik, Pariseko Unibertsitatean ikasi eta lizentzia jasotakoa izan balitz bezala; honetaz, ondorioz daitekek atera, ezen, lantzak ez zuela inoiz idazluma kamustu, ez lumak lantza lanpustu ere.

Orai bai, e, berorrek dioen bezala bada edo ez bada – darantzuio Santxok – goazen hemendik oraintxe, eta bila dezagun non aterpe hartu gau honetan, eta Jainkoari nahi dakiola ez burusirik, ez haizatzailerik, ez mamurik, ez mairu sorgindurik dagoen leku bat izaitea ; bertzenaz, oro Txerreni emanen nioke.

Eska hakio hi Jainkoari, seme, eta goazen herorrek nahi duan bidean zehar, oraingo honetan hire esku utziko diat aterpearen hautaketa. Baina emaidak hona eskua, hazta ezak atzamarrez, ea zeinbat hortz-haginen peitu naizen eskuineko baraila honetan, berton min diat eta.

Sartu zituen Santxok eriak, eta haztaka ari zitzaiola esan zion:

Zeinbat hagin zedukan berorrek alde honetan?

Lau – zehazten dio nagusiak – eta guztiak osorik eta onik, adin-hagina izan ezik.

Ea, begira ongi zer dioen berorrek, jauna.

Lau zioat, bost ez bazen, bizialdi osoan ez baitidate ahorean hortzik ez haginik ateratu, ez zaidak bat ere erori ez txantxarragatik ez eltxarragatik.

Bada, beheko alde honetan berorrek ez daduka bi hagin eta erdi baino; eta goikoan erdirik ere ez, dena soil nire ahurra bezala.

Hau ene helgaitza! – On Kixotek darauntso bere ezkutariak emaiten zizkion berri txarrak entzutean – nahiago izanen nikean beso bat eten balidate, ezpatakoa ez izaitekotan. Jakin behar duk, Santxo, haginik bageko ahoa harririk ez duen errota bezala dela, eta hortz bat harribizia baino askoz balioetsiago behar diagu. Alabaina, honetara emanak eta lotuak gaituk zalduneriaren bizilege estuari zin egin diogunok : igo, adiskide, eta hoa aurretik, ni jarraituko natzaik nahi duan urratsez.

Hala egin zuen Santxok, eta estalperen bat aurkitu ahal izanen zuen alderantz ibilasi zen, errepidetik atera bage, handik aitzina artez-artez baitzihoan.

Bazihoazen, ttirriki-ttarraka, On Kixoteren barailetako oinazeak ez ziolako arin joaiten uzten, ez patxadaz ibilten ere, eta Santxok poz edo atsegin pixka bat eman nahi izan zion, alaitu nolabait, izkirimiri batez edo, eta zer batzuk esan zizkion, besteak beste, hurrengo atalean agertuko direnak.