On Kixote Mantxako

21. atala

Manbrinoren buru-kroskoa irabazi zueneko jazoaldi handiaz eta gure zaldun garaitezinari gertaturiko beste batzuez.

Euria egiten hasi zuen, eta Santxok ilaginen bola-olara sartzea nahi zuen, On Kixotek, ordea, iseka erdeinagarria gogoan, bolazain haiei aiher zien eta ez zuen inola ere sartu nahi; eta hala, bidea eskuineratz okertuz, aurreko egunean bertaratu zituenaz beste bat hartu zuten. Handik hara, luze bage, On Kixotek zaldizko gizon bat aurkitu zuen, buruan distira zegien gauza bat, urrezkoa lasoa, zekarrena. Ikusi eta bertan, Santxori begira itzuli eta esan zion:

Iruditzen zaidak, Santxo, esaera zaharrik ez dagoela egiazkoa ez denik, hots, anbiolako supitak egiak, denak esperientziatik, hasturatik iragazitako erranairuak dituk, jakintza guzien ama baita hastura, honako hau batik bat: Ate bat ixten denean beste bat irekitzen da Eta hau zioat, zeren, bart zoriak bila genbiltzan zoriaren atea itxi badigu, ilaginakaz ziria sartuz, orain beste bat zabal-zabalik irekitzen baitigu, beste zori hobe eta ziurrago baterako. Honetatik sartzen asmatuko ez banu, errua neurea nikek, ez nezakek ilagin edo bolazainez dakidan apurraren gain eman, ez gauaren iluntasunari ere errua egotzi. Zeragatik zioat, oker ez banago, gureganantz datorrenagatik, bere buruan dakarrena Manbrinoren kroskoa duk, eta beronen gainean hik dakian bezala zin egin nian.

Begira beza berorrek ongi zer dioen, eta hobeki zer dagien – esan zion Santxok. Ez nuke nahi beste bolatzaile batzuk izaitea, gure burua gabikotu eta trimin-trimin eginen daukutenak.

Hau inpernuko gixona! – On Kixotek ihardetsi zion – Buru-kroskoa edo bola, zer?

Nik ez dakit ezer – Santxo motel antzean – baina, alafede! lehen egin ohi nuen hainbat hitz egin ahal banu, aski sinespide edo arrazoi emanen nuke, berorrek ikus dezan dioen horretan txit oker dagoela.

Nolatan egon naitekeen oker diodan honetan, saltzaile kezkati hori? – On Kixotek haserre. Esaidazu, ez al dakusazu hango zaldun hura gureganantz datorrena, zaldi arrexka mazkaro baten gainean, burua urrezko krosko batez estali-jantzita?

Nik urrundik dakusadana ez da gizon bat asto baten gainean baizik , nirea bezain nabarra, buruan ñir-ñir dagien gauza bat dakarrena.

Horixe, ba, Manbrinoren buru-kroskoa – Kixotek harzara. Bazterrera Hadi , eta utz nazak harekin bakarrik; ekusiko duk nola, tutik esan bage astia aurrezteko, burutzen dudan jazoaldi hau, eta niretzen dudan krosko hain irrikatua izan dudana.

Bai nire hau baztertu, bai, kontuz-kontuz – Santxo mintzatzen – baina, ostera! Jainkoari nahi dakiola, berriro diot, loragino izaitea eta ez ilagin.

Esan badizut, bada, anaia, ez niri aipatu ere egiteko, ez eta hurrik eman ere, bolatzaileena. Bestela...zin dagizut...eta ez dizut gehiago esango, arima gabikatuko dizudala.

Ixildu zen Santxo, nagusiak egindako zin-hitza beteko ote zuen beldurrak jota, goronbil baten antzera biribildua.

Halatan bada, On Kixotek zekusatzan zalduna, zaldia eta buru.kroskoa, izan, zera zen: inguru haretan bi herrixka zegoen, bata hain ttikia ez botikarik ez bizarginik bagekoa zena; bestea, ondoan zegoena, bai, "duna" zen, botikaduna eta bizarginduna alegia. Bizarginak, bai handian bai ttikian egiten zuen, eta honetan gaixo batek odola ateratzeko premia izan zuen, eta beste batek bizarra egitekoa, eta honetarakoxe zetorren bizargina bere ontzi edo txolet latoizko batekin; hala behar zuen eta zetorrenean euria hasi zuen, eta kapelua, berria nonbait, zikin ez zekion, txoleta buruaren gainean ipini zuen, eta garbi-garbi zegoenez gero legoa erditik urkusten zen ñir-ñirka. Asto nabar baten gainean zetorren, Santxok erran zuen bezala, hona, beraz, zer zela eta On Kixoteri zaldi arrexka mazkaro iruditu zitzaion, eta zaldun, eta urrezko buru-krosko; erraz ikusten zuen edozer bere zalduneria zoroari egokitzen zion, bere gogoeta zentzubakoez moldatzen zuen. Zaldun gaixoa hurbiltzen zetorrela ikusi zuenean, inolako hitzik ez besterik harekin egin aurretik, Rozinante ariniketan, aztatzarra eskuan aitzina eraso zion, alde batetik bestera zulatzeko asmoaz; baina, harengana zenean, lasterketa suharra gelditzeke, esan zion:

Babes zaitez, ene gatibu hori, edo, bestela emaidazu niri hain zuzenki zor zaidana, zure gogo onez.

Bizarginak, hain otoz otoan, ustebage osoan, halako mamu ha bereganantz ikusi zuenean, lantzakada saihestu ahal izaiteko, astoaren gainetik bere buruari erortzen uztea ez zuen beste egiterik izan. Lurra ukitu eta behingoan, katua baino arinago jaiki zen, eta arinik arin ihesi hasi zen ordokian zehar, haizea bera baino arinkiago. Txoleta lurrean utzi zuen, On Kixoteren pozerako, eta ordaintzaileak zuhur jokatu zuela esan zuen, eta kastorearena egin zuela, hau da, ehiztariek inguratzen dutenean, bere burua estu eta larri, kosk egiten ei du, berez badaki zer dela eta jazarten dioten eta horixe ebakitzen du, apurtzen du ausikika. Kroskoa hartzeko agindu zion Santxori, eta beronek eskuetan jasorik, esan zuen:

Jainkoarren, txolet ona da, honek' zortziko erreal bat edo marai bat balio du.

Nagusiari eman zion, buruan ipini zuen, inguru osoan biribilduz, ortiro eta egoki kokarazi nahian, eta eraz jantzi ezinean, esan zuen:

Zalantzarik bage, kaska ospetsu hau lehenbizi landu zutenean fedebako haren neurrira eginen ziaten, eta bai buru handi-handia zuela! Txarrena, hau erdia baino ez dena.

Santxok txoletari kaska eritzi ziola entzutean, ezin eutsi izan zion barre-gurari, baina nagusiaren sumindura gogora etorri zitzaion, eta drak! ixildu zen bet-betan.

Zeri dagiok barre, Santxo? – On Kixotek galde egin zion.

Zerari barre egin diot, zer honen jabe fedebakoak omen zuen buru handia zein handia zen pentsatzeari, zerak, almete honek bizargin-ontzi dirudi, irudi ere.

Badakik zer iruditzen zaidan, Santxo? Krosko miresgarri honen zati ospetsu hau zein balio handikoa den ez zekien baten eskuetara, ezustean, erori zela, eta zer egiten zuen ez zekielarik, urre hutsezkoa zela ekusteagatik, honen erdia urtu eginen zuela balioa dirutzearren edo, eta beste erdia bizargin-ontzirako egin zian, hik dioan bezala. Dena dela, nik bazakiat zer den eta zer bihurtu den eta ez zidak axola; errementari edo burdinarotzen bat aurkitzen dugun lehenengo lekuan konponaraziko diat, eta nola gainera! errmentarien jainkoak' guduaren jainkoari egin-landu zion haren aldean hau hobea izaiteko eran. Bitartean, ahal dudan moduan eramanen diat, ezer ez baino hobe duk ezer, bai, eta harrikadaren bat edo, behintzat, eragozteko babes izan dakidan nahikoa dukek.

Hori – esan zion Santxok – habailaz aurtikitzen ez bada, harako bi gudaroste haien arteko borrokan egin zuten bezala, berorri haginak edeki zizkiotenean eta gantzukia zedukan oliotxarroa hautsi zutenean, niri erraiak okaztatu eragin zizkidan edabe miragarria bera.

Ez zidak ardura handirik hori galdu izanak, badakik, Santxo, nik berriro edaria osatzeko gaien pirrista gogoan zadukaat.

Nik ere badadukat; honela ere, ez nik eginen ez bertze behin ere dastatuko nire bizialdi osoan, nire azken orena hementxe baledi ere. Areago, ez dut uste berriz ere inoiz haren beharrean jarriko naizenik, zeren, bai zauritua izaitetik bai inor zuritzetik begiratuko baitut neure burua, ene bortz zentzumenez. Burusian berrastindua izaiteaz ez dut deusik erranen; honen antzeko zoritxarrak aurrez ekiditea gaitz da, eta baldin badatoz ez da bertzerik egiterik, sorbaldak jaso, arnasa har, begiak herts eta halabeharrak burusiaz eraman nahi gaituzkeen erara joaiten uztea baino.

Kristau txarra haiz, Santxo – erauntsi zion On Kixotek hori entzunda – inoiz egin diaten iraina ez duk inoiz ahanzten; jakin ezak, bada, bularmazal eta bihotzandikoa dela ttikikeria horiei guztiei jaramonik ez egitea. Zein hanka atera huen etenik, zein saihetsezur urraturik, zein buru hautsirik orduko iseka ha ezin ahantzi izaiteko? Zeren, izan ere, zerako zer ha iseka izan zuan, izkirimiri hutsa; honelako ez baneritzo, bertara itzulia izanen nindukean ni, honez gero, eta hire mendekuz Elena bahitu zutenean grekoek egin baino kalte larriagoa eginen nikean.Garai haietan ene Dultzinea izan balitz, edo Elena gure garaiotan, ziur egon litekek ukanen ez lukeela duen bezain eder-ospe hain handia.

Hasperen bat egin eta hodeietan eman zuen. Eta Santxok hitza harturik:

Bego horrela, iseka bezala, mendekua benetan ezinezkoa da eta; nik, baina, badakit zer-nolakoak izan ziren egiazkoak eta alegiazkoak, eta badakit jakin gogo-barrenetik eroriko ez zaizkidala, bizkarretik ere ez zaizkit ezabatuko. Honela eta guziz ere, erran biezat berorrek zer eginen dugun zaldi arrexka mazkaro honekin, asto nabar dirudien honekin, berorrek uzkaili zuen Martino harek hemen bertan behera utzi zuena. Nola joan zen ihesi, apatx-aurtika, ikusiz geroztik atzera guregana itzuliko den zantzurik ez. Eta, nire bizarragatik! astoa ona da gero!

Nik ez diat inoiz mendean hartzen dudana larrutzen ez murritzen, zalduneriaren ohikuntza ez duk zaldia kendu eta inor oinutsik uztea, baldin eta garaileak borrokaldian berea galdu ez badu; honelako batean zilegi duk eta haizu garaituarena hartzea, legezko guduan irabazia bezala. Beraz, Santxo, utz ezak zaldi hori, edo asto, edo zer nahi duan ere; horren ugazabak hemendik urrun ekusten bagaitu horren bila itzuliko duk.

Nik eraman nahi nuke – Santxok ihardetsiz – Jainkoak badaki, edo, aldatu, bederen, nire honekin, ez baitaritzot honen on. Zinez, hertsiak dira zaldunen legeak, asto baten truke bertze asto bat aldatzea ere ez bide-dute baimentzen; asto-tresnak, batik bat, ordeztu ahal ote ditudan jakin nahi nuke.

Hori ez zakiat, bada; horrenbestenaz ere, zalantzan egonez gero, hobeki jakin arte, ordeztu egitzak, behar-behar baldin badituk, behintzat.

Behar, behar bai – Santxoren hitzak – nire neure honentzat balira ez nuke bertzerik behar.

Baimena jasorik, mutatio caparum egin zuen, eta bere astoa txukun-txukun apaindu zuen, orotan ederragotuz, Hau egindakoan, astoa "biluzi" eta hondakinak jan zituzten, ura bola-olara zihoan ibaitik edan zuten. Ez zuten gibelera so egin, ola-gizon ilagin haiek ez ikustearren: haretaraz gero, nardagarri zitzaizkien, sarrakioa sartu zietelako.

Sumindura joan zitzaien, ilundura apur bat argitu zuten, zaldi gaineratu zen bata asto gaineratu bestea, eta bide zehatz bat hartzeke, zaldun ibiltarien oso ohikoa baitzen bide zehatzik ez hartzea, ibilten hasi ziren Rozinanteren gogoak nahi zuen alderantz, bere hatzetik nagusiaren gogoa zeramala, eta bai astoarena era, beti nondik-nahi atzetik jarraitzen zitzaiona, lagun antzean maitasunez. Honela eginez, azkenean, errepidera itzuli ziren, eta handik hara aitzina jo zuten, galdu-gordean bezala, zoriak gidari.

Joan eta joan, Santxok hitza hartu zuen eta nagusiari erran zion:

Jauna, emanen al daut baimena berorrekin poxi bat mintzatzeko? Zera, harako "mandamentu" latza edo ez hitz egiteko agindu zorrotz harez geroztik, lauzpabortz gauza usteldu izan zait urdailean, eta bat bakarra dut oraintxe mingainean andeatzerik nahi ez nukeena.

Erran ezak, bada – On Kixotek diotso – eta izan hadi labur hire hizpidean, luzea bada ez duk gozoa izaiten eta.

Erran nahi dut, beraz, aspaldi honetan buruan erabili izan dudala zein mozkin edo etekin urrikoa den arrisku bila ibiltze hau, berori lekaro horietan zehar nahiz bidez bide dabilen modua, zeren eta, borrokarik arriskugarrienetan ere irabazle gertatu arren, ez baitago nork ikus eta jakinen, eta hortakoz, betiko isilpean geratuko dira, berorren nahiaren kalte eta jazoaldi horiek irabazi dutenaren damurako. Heldu-bada, nire irudiz, hobe litzateke -berorren iritzi hobea hobetsirik- enperadore edo printze handiren bat zerbitzatzera joanen bagina, gudu zenbait duen horietako batengana, iharduera honetan berorrek bere gemena, indar handia eta adimen handiagoa erakutsi ahal litzan; honen ondorioz, zerbitza dezagun jauna nolakoa den, nahi eta nahi ez ordaindu behar liguke, bakoitzari bere merezimenduaren arauera, eta izanen da, bada, bertan berorren egite handiak idatziko dituenik, betiko oroigarri. Nireaz ez dut deusik erranen, ezkutari baten mugatik hara jalgiko ez da eta; erran nahi nuke, baina, zaldungoan ezkutarien egitsariak idaztea ohikoa baldin balitz, nireak ez liratekeela geratu behar ezkutuan, lerro artean galdurik.

Ez zagok gaizki errana, Santxo, baina horretara iritsi bitartean lurbiran zehar ibili behar duk, baitetsi eske bezala, arriskuen bila, batzu-batzuk burutuz, izen eta entzute handi ona irabaztearren, gero, errege handi baten gortera joanez gero, zaldun bere egite handiengatik ezaguna izanen duk, eta hiriko atetik sartzerakoan neska-mutikoek ekusten dutenean, oro jarraikiko zaizkiok, atzetik joan eta oihuka esanen ditek: "Hori eguzkidun zalduna da", edo sugeduna, edo beste ikur bat duena, egitandi gogoangarriak burutzerakoan bere ezkutuan, erredolan edo mazmarroan ikur hori zeramana. "Hau da – esanen ditek – Brocabruno erraldoi indartsua guduka berealdikoan garaitu zuena; Pertsiako Mameluko Handia sorgingetu zuena, ia bederatziehun urte luzez sorginduta egon eta gero". Halatan, eskuz esku, haren ekintzak aldarrika joanen dituk, eta gero, neska-mutikoen zalaparta edota beste jende guztiaren astrapalada erresuma haretako errege-jauregiaren leihoetara iritsiko duk, eta zalduna ekusi orduko, honen iskiluz bereizi edo gudaikurrez ezagutuko dik, ezinbestela hau erranen dik: "Ea, hots! Jalgi bitez nire zaldunak, nire erretetxean dagozen guztiak, zalduneriako gain eta bikain han datorrenari abegi egitera". Agindu honetatik denak jalgiko zaizkiok, eta bera mailadi erdira agertuko zaiok, estu besarkatuko dik, bakea emanen ziok, begitartean mun eginez, eta eskutik helduta Erreginaren etzangura eroanen dik, berton, zaldunak erregearen alaba, munduko lur-azalean eta eguzkiaren azpian inoiz izan den neska gazterik ederrenetako bat, guztizkoa izan daitekeena, aurkituko dik. Hau gertatu ondorean, gizalegez, harek bere begiz zalduna joko dik, honek begitik begira so eginen ziok, eta batak besteari, elkarri, mundu honetako ez, zerutar baizik eritziko ziotek, eta, nola ez dakitelarik, maitasun sare korapilatuan elkarrekin lotuta gatibu geratuko dituk, euren nahiak eta irrikak elkarri aditzera emaiteko nola mintzatu behar duten ez jakiteagatik bihozmin handiarekin. Handik, nola ez, jauregiko edozein gelatara eramango ditek, aberaski apaindutako etxakian, guda-tresnak eta bageturik, ehungorri xehezko longaina bat edo txabux bat ekarriko ziotek jantz dadin; eta iskiluz jantzia itxura ona bazuen are irudi hobea farsetoz, halako koratilo gosnatu harezaz. Ilunabarrean, Errege, Erregina eta Erretalabarekin apalduko dik, beti ere bere begiak honengantxe ezarten, ingurukoek ez nabaritzeko eran begiratuko ziok, eta honek berdin eginen dik, ohartia izaiteaz gain, esan dudan bezala, urgoia duk eta txit neska zuhurra. Mahaiak garbitu eta gero, berantorduan, aretoko atetik epotx bat, txikerra bezain ezaina, motzik bada motza, sartuko duk, gibelean, erraldoi biren artean, andere eder bat dakarrela. Honek zeinbait jazoaldi, antzinateko jakintsuren batek egindako, edatsiko dik eta, honexen amaiera egite aldera, azken bururaino eraman dezan zalduna lurbirako zaldunik onentzat hartua izanen duk.

Gero erregeak aginduko dik bertan dagozen guztiak ahaleginez lehia daitezen eta inork ez dik burutuko, inork ez atzenik emango zaldun etorri berriak baizik, bere izen onaren hobegarri eta alabaren poz-atseginerako, eta aldi berean pozagotuko duk bere gogoa hain goi tankerako norbaitengan ezarri duela ekusirik. Are hobea dena, gainera, errege edo printze edo dena delako honek bera bezain ahaltsua den beste batekin gudu gorri bat dik, eta zaldun arrotz jin berriak -erretetxean egun batzuk emandakoan- harako gudu haretan haren zerbitzura joaiteko baimena galdatzen ziok. Bai gogo onez eman ere erregeak, eta zaldunak adeitsuki egiten dion mesedearen ordain eskuetan mun emanen ziok. Gau haretan bertan bere andere erregearen alabari azken-agurra bidaliko ziok, lorategi bateko burdinesian gaindi, harek lo egiten duen gela aldean baitago. Ez duk lehen aldia, arean, handik beste askotan hitz egin izan zioan, ororen bitartekari eta jakile neska gazte bat erregearen alabak oso uste onekotzakoa. Hasperen eginez to, zorabioak jo no; neska gazteak ura erakarriko ziok, larri-larri, goiztiria irian delako eta ez likek nahi inork ere ekusiak izaiterik, bere andere nagusiaren ohoreagatik; azkenik, alaba bere onera itzuliko duk eta esku zuriak emanen zizkiok zaldunari burdinezko hesien artetik, beronek mun eta mun eta milaka bider mun emanen zizkiok, eta malkoz bustiko. Bien artean hitzarturik gerta lekizkiekeen berri elkarri nola eman, otoi eginen ziok printzesak ahalik laburren geratzeko, hitz emanen ziok besteak zin eta zin eta hainbat zin eginez; berriz ere eta berriro mun emanen ziok eskuetan, eta, azkenik agur eginen, hain mindurik ezen bizia galtzeko aginik gertatuko baita. Bazoak handik bere logelara, bazatzak ohe gainean, ezin dik lorik egin joan beharraren minez, jaikitzen duk goizean goizik, bazoak errege-erreginengana, eta erregearen alabagana, haiei biei agur eginda, alaba ondoezik dagoela eta inor ekusterik ez duela jakinarazten ziotek ; zaldunari bere joaite hutsaren minagatik dagoela bururatzen zaiok; urratzen zaiok bihotza, eta gutti-guttigatik ez zian eman bere bihotz-minaren zantzurik. Neska bitartekaria aurrean zagok, den-denaz ohartu duk xoil, bere andereari esatera zoak, eta honek malkoz beterik hartzen dik, eta bere zalduna nor ote den ez jakitea duen tamalik handiena dela ziotsok, erregeen etorkikoa ote denentz; neskameak, argi eta garbi, ziur-ziur zarantzuiok ez dagoela hainbeste gizatasun, adeitasun, bipiltasun inongo inorengan, zaldun hori den bezalako norbait erregezko, gorgots eta beltzuntze batengan baizik. Hauxe entzunik, pozkari hartzen dik, nolabait, gurasoei zantzu txarrik ez emaitearren asaskatzen duk, eta bi egunen buruan jendaurrera agertzen duk. Zalduna joana duk, guduan borrokatzen duk, erregearen arerioa mendean hartzen dik, hiri asko irabazten dik, hainbat gudukatan garaile gertatzen duk, erretetxera itzultzen, bere anderea ohiko lekurean zakusak, biak ituntzen dituk aitari eska dakion emaztetzat, bere zerbitzuen ordainez; erregeak ez ziok man nahi, nor den ez dakielako; baina, honela eta guztiz ere, edo ebatziz edo ebatsiz, nola nahi den ere, erretalaba bere emazte dukek; aitak zori handitzat hartuko dik, zeren, azkenik, zalduna ez zakiat nongo erresumako errege adoretsuren baten semea dela aztondatu baita. Mapan ez ei dagoen erreterri batekoa edo dela uste diat. Aita hil eta alaba oinordeko, hitz bitan: zalduna errege. Hemendik aurrerakoan, bere ezkutariari ongiak egitea zatorrak, eta hain goi-mailara iristen lagundu zioten guztiei on eragitea: bere ezkutaria erregearen alabaren neskame batekin ezkonarazten dik, bere maiteetan hirugarren izan zenarekin, nonbait, duke uren baten alaba bera.

Hori eskatzen natzaio – Santxok orduan: horrixe nagokio, zuzen-zuzen, bada, dena hitzez hitz agituko al da, berori Itxura Hitseko Zalduna daritzona izanik.

Ez agin zalantzarik, Santxo, hauxe jaulki dudan era berdinean eta bide bertsutik igo eta igaiten dituk zaldun ibiltariak errege nahiz enperadore izaitera. Ekusi behar duk orain, zein errege kristauk edo jentilen zein erregek ote duen gudurik edota alaba ederrik. Honetaz hausnartzeko astirik izanen duk; esan diadana legez, lehenik eta behin izen ona, entzute handia irabazi behar duk, non edo non, errege etxera iritsi ahal dadin. Beste zer bat ere peitu zaidak: balitekek , nonbait, errege bat bere guduarekin eta alaba ederrarekin edireitea, nik ospe handia unibertso osoan barrena irabaztea ere balitekek, baina, ez zakait nik nola erdietsi ahal dudan ni errege etorkizkoa izaitea, edo, enperadoreren baten lehengusu ttikia, behinik behin, izaitea. Bestela erregeak ez zidak bere alaba emaztetzat eman nahi izanen, honetaz aurretik ondo ikasia ez badago, nire egite handiek haren duin-duinak izanen balira ere; beraz, hutsune honegatik nire besoak ongi ibazita irabazi duena gal beldurrak nagok. Egia ere duk, bai, ni gapare oinetxe ezagun batekoa naizena, ugazaba, jabego onekoa, bostehun sos irabazten duena, eta nire kondaira idatziko duen jakintsuak, agian, nire aikoa eginez, jatorria dela etorkia dela edo dena delakoa dela, idoro lezakek ni erregearen bostgarren edo seigarren biloba izaitea. Jakitera damaiat, Santxo, munduan bi etorki mota dagoela: batzuek beren jatorria printzipe edo erregeengandik eratortzen ditek, hauexek aldiak, apurka.apurka, birrintzen ditik, zi zorrotz bihurtu baina piramidea buruz behera ipinita, ; beste batzuek jende xehe izaitetik mailaz maila goratzen joan ziren arbasoengandik jaso ditek euren narea; honegatixe, hain zuzen, izan ziren batzuk egun ez dituk, eta egun badituk batzuk izan ez zirenak, horra hor koxka; ni azken hauetarikoa izaitea gerta litekek edo, sakonki aztondatu eta gero, nire hastapena handi eta ospetsua izaitea, eta errege nire aitaginarrebak hauxe nahikotzat hartu behar likek. Bestela ere, erregearen alabak maite behar naik, bere aita goiti-beheti, behargin arrastakari baten semea naizela jakinen balu ere; jaun eta senartzat onartu behar naik, osterantzean, hementxe sartu ohi duk beti ebatsi eta eroan egite hori, nik nahi nukeen erara eta lekura; aldiak eta Heriok gurasoen haserredura suntsituko ditek.

Hortxe ere sartu ohi da – Santxo hizpidean – zenbait bihozkogorrek erraiten duena: Ez eska onez har dezakezuna indarrez; edota bertze hobe bat horretarako: Gizon onen otoia baino hobe gertu onari iletik lotzea. Eta hau diot, zeren, errege jaunak, berorren ginarrebak, bere burua eraitsi nahi ez balu alaba berorri anderetzat emaiteko, ez baitago, berorrek dioena legez, ebats eta eroan egitea bertzerik. Honela ordea, bada kalterik, bakeak egin bitartean eta erresumaz bake onean gozatu arte, ezkutari gaixoak dohain edo sarietan murri-murri egon beharko eta. Hau, jakina, hirugarren neskamea erregearen alabarekin batera joan ezik; zeren eta honela baledi, zeruak bertzerik agindu artean, zori txarren aldi hau elkarrekin eman bailezakete; beraz, emakume hau eman ahal izanen dio ezkutariari, nik uste, bere nagusiak, zilegizko emaztetzat.

Hori ez zagok ukatzerik – On Kixotek atzera.

Hori horrela bada, Jainkoari hertsatuko gatzaizkio eta zoriak eraman gaitzala bide zuzenetik, bertzerik ezin dugu eta.

Egin begi Jainkoak – On Kixoteren hitzak – nik nahi dudan eran, eta hik, Santxo, behar duan bezala, eta bere burua behartsu duena izan dadila behartsu.

Izan dadila Jainkoak nahi bezala – Santxok berriro: ni giristino zaharra naiz, bai, eta konde izaiteko hori aski dut.

Aski eta asko, "sobera", Santxo, eta ez bahintz bost axola, zeren, ni neu errege izanik, handiki egin ahal baihaut, gaparetasuna ez dukek zertan erosi, ez niri ordez ezer eman ere. Konde eginez geroztik, hortxe heu zaldun, eta esanak esan; hobe beharrean jaun deitu behar izanen diate, atsegin ez bazaieke ere.

Eta, ez nukeen, bada, nik gero jaunez ederki jauntziko neure burua!– Santxok gehitzen du.

Jantzi esan behar duk, ez jauntzi – zuzentzen dio nagusiak.

Ederki hola – Santxo berriz ere hizlari. Ongi moldatzen jakinen nukeela diot, izan ere, nire bizitzan, behinola, anaidi bateko mezu-mutila izan nintzen, eta mutil-janzkera hura hain egoki zitzaidanez gero denek anaidiko anaiburu izaiteko gizona nintzela, galanta, erraiten zidaten. Hots, zer izanen da soinean duke-janzkitzarra ipinten dudanean, edo urrez eta harribitxiz janzten naizenean, atzerriko kondeen antzera? Nago, nire hau, den hau, urrundik ikustera jinen direla, ehun legoatik hona bai.

Irudi oneko izanen haiz, bai, baina bizarra sarriago egin beharko, zeren, horren sarri-sarria, zurrunbildua duanez, bi egunik behin guttienez mozten ez baduk, urrundik ekusi eta asagotik antzemanen baitiate zer haizen.

Tira, eta zer, zer bertzerik egin behar ote da bizargin bat har eta etxean alogeran edukitzea ez bada? Eta areago, hala behar izanez gero, nire gibelean ibilaraziko dut, handiki baten zaltzain laso.

Horretarik horretara, nolatsu dakik hik, bada – On Kixotek galdetzen – handikiek ondoan zaltzainik eramaiten dutenik?

Nik erranen diot. Aurreko urteetan, il batean, gortean egon nintzen, eta bertan ikusi nuen jaun oso ttipi bat zutibiltzen, bere ttipian handia omen zen, eta atzean edo hatzean, zaldiz, gizon bat zerraion, hara-honako guztietan, isats edo buztan zirudiela, beti gibel-gibelean. Galdetu nuen, bai, ea zergatik ez zen bateratzen gizon hau bertzearekin, beti honen gibelka zebilela eta. Honexen zaltzaina zela erantzun zidaten, eta handikien artean, euren gibelean halakoren bat eramaitea ohikoa zela. Ordudanik, ongi sartua dut buruan eta ez zait inoiz ahanzten.

Ez hago oker, ez – On Kixotek diotso – , eraman dezekek hire bizargina, ohiturak ez dituk beti batera sortzen, ez batera asmatzen, eta hi lehena izan hinteke, kondeen artean, bere atzetik bizargina daroana, gainera, bizarra egitea zaldia zelatzea baino trebetasun hurbilagoko eginkizuna duk, hurragoko hartu-emana behar dik eta.

Ea, bada, bizarginarena nire gain – Santxo ari da – eta erregea eratorri eta ni kondetu egitearena berorren gain.

Horrela eginen duk – On Kixotek azkenik.

Hizpide honetan ari zirela, begiak goratu zituen eta hurrengo atalean jaulkiko dena ikusi zuen.