On Kixote Mantxako

24. atala

Sierra Morenako jazoaldiak dirauenean

Kondairak dionez, On Kixote adi-adi entzuten ari zen Mendiko Zaldun arloteak jaulkitzen zuena, eta honela zioen:

A, jauna, nor-nahi zeren ere, nik ez zaitut ezagun, eskertu nahi dizut nirekiko adeitasuna; nahi nuke, bai, nahimenaz baino gehiagoz zuk nirekin erakutsitakoa ordaindu ahal baneza, egin didazun abegiagatik; nire zoriak, ordea, ez dit emaiten ordaintzeko gairik, egin ohi dizkidaten mesedeen truke, asebetetzeko nahimen hutsa besterik.

Nik neronek – On Kixotek erantzun zion – zure zerbitzurako nahimena dut; eta hainbesterainokoa, ezen, mendi-multzo honetatik ez irteiteko erabakia hartua nuela, zu ediren eta zure minaz jakin arte, hain zuzen; zure bizimodu harrigarri horretan mina sendatzeko bideren bat kausi daitekeelakoan; eta bilatu beharra balitz, ahalik azkarren bilatzeko asmotan. Eta, bestela, zure zoritxarrak pozbide guztiei ateak itxita edukiz gero, zure negarraldian lagun izaiteko xedea nuen, ahalik ongien urgazteko, zoritxar aldietan pozkari pixka bat emaiten baitu haietaz norberarekin batera negar egin dezan lagunen bat ondoan egoiteak. Nire asmo onok eskerrik irabazi baldin badute, nolabaiteko adeitasunez ordainik edo saririk, otoi dagizut, jauna, zure barruan ekusten dudan gizatasunagatik, eta maiteen duzunagatik otoi, esan diezadazun nor zaitudan eta zerk ekarri zaituen hona bizitzera eta hiltzera, bakarralde hauetan piztia basatien antzera, zeren, berauen artean zu zeuretik at bizi baitzara, bai zure soinak bai zure soinekoak nabarmenki darakustenez. Zin dagit (erantsi zion On Kixotek) hartu nuen zaldun-legearen pean, bekatari naizen arren eta ez duin, zaldun ibiltari naizenez, zure zerbitzutan jarriko naizela beharturik nagoen zintasun osoz, hala zure zoritxarra arinduz, arintzerik balego, nola negar egitean lagunduz, hitz eman dizudan bezala, baldin eta honetan atsegin emaiten badidazu nor eta zer horiek azalduz.

Basoko Zaldunak, horrelako hizkera entzutean Itxura Hitsekoari begiratu baino ez zion egiten, eta begira berriro, eta gora-behera begiratu, eta ondo-ondo begiratu zionez geroztik zera esan zion:

Jateko ezer baldin badadukazue, Jaungoikoaren amorearren, emaidazue; jan eta gero agindutako guztia eginen dut, hemen erakutsitako asmo onen sari.

Gero, Santxok bere zakutik eta ahuntzainak zorrotik, Etenak bere gosea asetzekoa ateratu zuten; jan zuen eman zioten guztia ergel baten antzera, hil-itoka, irentsi ahala dzaust eta dzaust, mauka-mauka galkatuz; japitartean, ez berak, noski, ez begira-begira zegozenek zuten txintik esaten.

Jaten amaitu ondorean, berari jarraitzeko egiramua egin zien, joan ziren haren atzetik, eta handik albo baterantz, haitz baten ostean zegoen zelaitto batera eroan zituen. Iritsi zen, etzan zen lurrean, belar gainean, besteek berdin egin zuten, inork ez zuen hitzik egin, Etenak, bere lekuan ongi jarritakoan, honela esan zuen arte:

Atsegin baduzue, jaunok, nire zoritxar handiaren handitasuna, labur-laburzki, azal eta argi diezazuedala, hitz eman behar didazue, ez galderaz ez bestez, nire historia ilun honen haria ez duzuela etenen; etenez gero, bertan geldituko da amaiturik.

Etenaren hizpide honek On Kixoteren oroitzapenean bere ezkutariak noizbait jaulki zion ipuina berpiztu zuen, alegia, harako hura, ahuntzak ibaiaz beste aldera iragan behar eta zeinbat ziren eta asmatu ez zuenean kondaira eten eta bertan behera geratu zeneko hura. Baina hitza berriro Etenak hartuz esan zuen:

Aurreko ohar hau egin dut nire zoritxarren kondairan zehar labur-laburzki irago nahi dudalako; berriro nire oroitzapenera erakarri behar honek beste oroitza batzuk gehitzea baino ez dakarkit, eta zeinbat eta gutiago galdetu orduan eta arinago amaituko dut esaten; ez dut ezer utziko jaulkitzeke, zuen nahia ase eta bete ahal duen ezer axolazkorik ez, bederen.

On Kixotek besteen izenean hitz eman zion, eta ha, berme honezaz, jaulkitzen hasi zen

Nire izena Kardenio da, sorterria Andaluzia honetako hiririk onenetako bat dut, etorkiz aitonen semea naiz, gurasoak aberatsak; nire zoritxarra honenbatekoa denez, gurasook negar eginen zuten, etorkia minduta, aberastasun guztiez arindu ezinean; zerutiko zorigaitzak sendatzeko guti baita munduko ondasun guztia. Lurbira honetan bertan zeru bat bizi zen, eta beronengan maitasunak' nik nahi izan ahal nukeen aintza guztia ezarri zuen: halakoxea da izan Luszindaren edertasuna, ni bezain urena eta aberatsa neskatila, baina, zori hobekoa eta nire gogo zintzoari zor zitzaion zintzotasun urriagokoa. Luszinda hau maite izan nuen, gurtu, nire lehen urte xamur haietatik; harek berak ni maite izan ninduen, bere adin ttikian ahal zuen bihotzik onenez bere xaloan. Gu bion gurasoek gure asmoa bazekiten, ez zuten damurik, begi onez ikusten zuten, aurrera joan eta gero, ezkontzea beste bukaerarik ez zuela, gure etorki zein ondasun berdinen aldetik honetara behar zuen eta. Urteak gora, adina hazi zen eta honekin bat elkarren maitasuna hazi zen, eta honegatixe Luszindaren aitak etxeko ateak itxi behar zizkidala oldoztu zuen, lotsa ona gordetzearren, honela, nolabait, harako Tisbe, olerkariek hain goretsi haren gurasoek egin zutena antzekotuz. Itxiera honek suari su eman zion, garrari gar, irritsari irrits; mingaina isildu zuten arren ezin gelditu izan zuten idazluma, eta beronek badaki aditzera emaiten, mingainak baino askatasun handiagoz, ariman gordea dena, zeren, batzuetan, maite den hori aitzin-aitzinean egoiteak asmorik sendoena ere nahasten edota geldiarazten baitu, eta mingainik ozarrena korapilatzen, murduskatzen eta, azkenean, mintzo-bagetzen. Ai, zeruak, eta zeinbat txartel idatzi izan nizkion! Zein erantzun zintzo eta gozoak jaso izan nituen! Zeinbat lelo, bai lelo, osatu izan nituen, eta zeinbat maite-neurtitz, nire arima azaltzearren, honen gogoa helarazte aldera, nahikari sutsuen irudigarri, haren oroitzapena jostatu eragin nahiz, haren nahia suspertu asmoz! Halatan bada, arbin eta hura ikusteko irrikitan nire arima larri, zerbaiten egitea bururatu zitzaidan eta erabaki ere bai, nahi nuen eta merezi ere nuen saria erdiesteko; eta zera, aitari emaztetzat eman diezadan eskatzea izan zen. Egin nuen, eta harek eskerrak eman zizkidan, ohoratzeko erakutsi nion nahimen onagatik; baina nire aita bizirik egonda, beroni zegokiola, zuzenbidez, eskaera hura egitea; beronen nahimen handi bagerik eta atseginez, ez zela Luszinda hala-hola emaiteko ez hartzeko emaztekia. Nik asmo on hori eskertu nion, zuzen zegoelako uste osoan, eta nire aita nik esan legez etorriko zitzaiola; berehala aitagana joan nintzen nahi nuena jakinaraztera; zegoen gelara sartu orduan, eskuan zabalik eskutitz bat zedukala aurkitu nuen, nik ezer esan baino lehen, eman eta esan zidan: "Eskutitz honen bitartez ikusiko duzu, Kardenio, Errikarta dukeak zuri mesede egiteko duen nahikundea". Duke hau, Errikarta, dakizuenez, jaunok, Espainiako handi bat da, bere aginterria Andaluzia honetako eremurik onenean duena. Hartu nuen, irakurri nuen, eta eskutitzean hain hisituki idatzia zuen eskaria zenez gero, nire aitak ez betetzea txartoetsiko nuen. Dukea zegoen lekura bidal nintzalako eskaria zen; bere seme nagusiaren laguna, ez otseina, ni izaitea nahi zuen, eta bere gain hartuko zuela ni nirekiko zuen oneritziaren heineko mailan jartzea. Irakurri nuen eta mintzo bage geratu nintzen, mintzula bezala, are ahulago nire aitak ziostana entzutean: "Bi egunen buruan joanen zara, Kardenio, dukearen nahia betetzera, eta emaizkiozu Jaungoikoari eskerrak, zuk merezi duzula nik dakidana erdiesteko bidea irekitzen baitoakio". Honekin bat beste aholkuren batzuk edo zeinbait onu ere gehitu zituen, aita aholkulari laso. Heldu zen nire joatordua, hitz egin nion gau batean Luszindari, jakinarazi nion zer gertatzen zen, eta honen aitari ere berdin, otoi egin nion egun batzuetan egoiteko, berantzeko nire eskariaren gauzatzea, Errikartak nigandik zer nahi zuen jakin arte; hitz eman zidan aitak; baietz eta baietz, milaka zin eta milaka zorabio, baietsi zidan emaztegaiak. Azkenean, Errikarta dukea zegoenera etorri nintzen;ondo hartu ninduen eta ondo erabili ninduen; bekaitza sortzen hasi zen arte, ezin-ikusia lehengo otseinen artean, ustez, dukeak niri egin ongiak beraien kaltegarri izanen zirela. Nire etorreraz gehien poztu zena dukearen bigarren semea izan zen, Fernando zeritzona, mutil erskona, jasoa, eskuzabala, maiteminbera; luzaro bagerik, ni bere adiskide mina izaitea nahi izan zuen, zeinbateraino eta ororen aho-mihitan ibilarazteraino; eta nagusiak on erizten zidan eta on egiten zidan arren, ez zen On Fernandok maite eta on erizten zidan neurrira iristen. Honela beraz, adiskideen artean isil-gordekorik ez dagoenez, eta Fernandorekin nuen trebetasuna, nabastarrea baino gehiago adiskidantza zenez, bere gogai guztiak aitortzen zizkidan, maiteminezko bat, batik bat, kezkatuxea zuena. Nekazari bat maite zuen, bere aitaren maizterra, guraso aberatsak zituena, hain ederra, hain zuhurra, hain lotsatia, hain zintzoa zelako ezagutzen zuen inork ez zekiela hauetariko zein ote zuen berezkorik bikainena. Nekazari ederraren bereizgarri on hauek On Fernandoren nahikaria halakatu zuten, eta erabaki zuen erabaki, nekazari haren garbitasuna irabazteko bere burua senartzat emanen ziola; bestela ezinezkoa zen. Ni, adiskide ninduen aldetik, ahalik eta hitzik onenez, harako asmotik alderarazten ekin nintzaion, baina onerakorik ez ikusita, Errikarta duke aitari esatea ebatzi nuen; On Fernandok, zuhurra bezain maltzurra izanki, susmoa hartu zidan, nolabait hori egitera behartuta nengoela uste zuen, otsein ona nintzenez duke nire jaunaren ohorearentzat kaltegarri zitekeen deusik ez estaltzera behartuta, nonbait; eta hala, ni baztertze aldera, buruz belarri jo eragin zidan, ziria sartu zidan, esanez, hain lotua zedukan edertasun harengandik gogoa nahiz gomuta urruntzeko, beste biderik ez eta handik alde eginen zuela il batzuetan kanpoan egoitearren, eta nire aitaren etxera joan gintezen nahi zuela; dukea zeduzkan zaldi batzuk ikustera edota azokan sal-erostera joango zela, hain zuzen nire hirira, munduko zaldirik onenen ama den honetara, eta bide batez, aukera ona zelako, gu ere joan gintezen. Hauxe entzundakoan, nire nahikundeak berak onartzea iradoki zidan, haren nahikeria ez zintzoa izanagatik ere, asma zitekeen xederik onenentzat hartzea iradoki zidan, nire Luszinda berriro ikusteko abagune irona iruditu zitzaidalako. Gogaiok buruan, nahiok gogoan, onetsi nion eta asmoa lehen bai lehen gauzatzeko putzak eman nizkion; azken baten, urrun egoite horrek bere barruko lana egiten du, gogoa sendoa izan arren. Hori guzti hori niri esatera etorri baino lehen, geroago jakin nuenez, nekazariaz gozatua bazuen senar antzo, eta bere burua noiz-nola agertu asmatu behar zuen, onik agertu ere, bere aita dukeak behar-ez-zena jakitean zer egingo ote zuen beldurrak baitzegoen.

Halaxe bada, gazteen artean maitasuna, gehienbat, irritsa baino ez delako, eta hau atsegina besterik nahi ez duenez atseginera helduz geroztik ahitu ohi delako -eta berriro atzera maitasunera itzuli behar du, honek berez ez baitu mugarik, irritsak ordea azken muga bat dueino- On Fernandori ere, nekazariaz gozatuz geroztik, bere irritsak jabaldu, grinak ematu eta nahikeriak baretu zitzaizkion; haseran, alde egin nahi bazuen, antza, horien sendabidetik, azkenean, benetan alde egin nahi zuen baina horien ez egite aldera. Dukeak baimena eman zion eta niri laguntzeko agindu zidan. Nire herrira etorri ginen, nire aitak zen heinekoa zenari zegokion eran harrera egin zion, geroago, Luszinda ikusi nuen, berpiztu ziren nire -inoiz ere hilik ez hozturik ez egon arren- nahiak eta, nire kalterako, On Fernandori adiarazi nizkion, adiskideen arauaz elkarri ezer ostendu edo estali behar ez geniolako eritziak jota. Erakusten zidan adiskidetasun handiari zor, Luszindaren ederraren berri emaiten hasi nintzaion, haren zuhurra goraipatzen, haren lotsati izaera goresten, halako moldez, ezen, nire goresmenok' hain dohatsu zen neskatila ikusteko grina sutu baitzioten. Nahi zuen bezala egin nuen, nire zoritxarrerako, gau batean erakutsi nion, kandela baten argipean, elkarrekin mintzatzen ginen leiho batetik. Ikusi zuen zaipekoz jantzita, eta ordura artean ikusiak zituen edertasun guztiak ahantzi zitzaizkion. Isildu zen, mintzorik ezinean, zentzua joan zitzaion, sorgorturik gelditu zen, eta azkenean, erabat maitez mindurik, nire zorigaitzeko kondaira honen jaulkipenean ikusiko duzuen bezala. Nahikeria areagotzeko, sutuagotzeko -niri ostentzen zidana, baina zeruari, bakarka, agertzen ziona- halabeharrak behin haren txartel bat erakarri zidan eskari bat zuena nik neskatilaren aitari senartzat harraraz niezaion; hain zuhurkiro ziostan, hain zintzokiro eskatzen, hain maitemindun agertzen, ezen, irakurriaz bat adierazi baitzidan Luszindaren baitan munduko beste emakume guztien artean banaturik zegozen edertasun, adimen, eta dohain guztiak bilduak zegozela. Egia aitortu beharrean nago, bai, eta aitortu On Fernandok Luszindaz esaten zituen hitz goxo-bitxi haiek guztiak zuzenak bezain zinezkoak irudituagatik, haren ahorean jalgita, mingarri zitzaizkidala. Beldur nintzen, susmo nintzen, harek ez zuen unerik huts egiten Luszindaz hitz egiteko, berak hizpidea iletik tiraka bazen ere ekarri ohi zuen, nahiz eta harira ez etorri, eta ni espatsu, ni gero eta gero tukutsuago, ez Luszindaren ontasunaz edo fedeaz ezbaian, baina, honek ziurtatu ahala ni zuhurrago. On Fernandok, nik igortzen nizkion paperak irakurri zaletu eta Luszindak zer erantzuten zidan ikasi nahi izaiten zuen, gu bion arteko sotiltasuna xoil atsegina zuelako aitzakian. Luszindak zalduneriazko liburu bat galdatu zidan, zer-irakurri edukitzeko horretaz zaletua baitzen oso, eta Amadis Gaulako izan zen... On Kixotek zalduneria-liburu entzun zueneko, esan zuen:

Kondaira honen haseran esan balit berorrek Luszinda bere anderea zalduntzazko liburu-zalea dela, ez zukeen besterik behar, ez gehiagoko aipamenik ere, haren adimena zein den goi-goikoa aditzera emaiteko; berorrek irudikatu duen bezain ona ez zuen ukanen horren irakurtzaletasun gozorik ukan ez balu: honetaz, nirekin ez du zertan hitz gehiago xahutu haren ederra, gemena eta adimena ekusarazteko; haren zaletasun hori ezagutzeaz nahikoa dut nik munduko emakumerik zuhurren eta ederrentzat hartzeko. Nik nahi nukeen, jauna, berorrek Amadis Gaulakorekin batera Greziako On Errugel zintzoa bidali balio; andere Luszindari, badakit nik, Daraida eta Garaia oso atsegingarri zitzaizkiokeen, Darinel artzainaren asmabideak gogoko zituzkeen, eta gozatuko zatekeen, bai, horren artzain-olerkiez, horrexek hitz gozoz abesturik eta txairoki iruditurik. Baina okerregite hori zuzentzeko astia izanen da, eta berorrek nire herrixkara etorteko guraria ase dezagun nahi balu zuzentze hori ez litzateke luzaz belutuko; hirurehun liburu baino gehiago eman niezaioke, nire bizitzarentzat opari, arimarentzat sari eta bizierako atseginbide direnetarik; nago, ordea, oraintxe, ale bakar bat ere ez dadukadala, sorgintzaile bekaizti edo gaiztoen gaiztakeriaren erruagatik. Barka biezat berorren hitzaldia ez eteteko hitza jan izana, zalduneria nahiz zaldun ibiltari aipatze hutsa belarriratu orduko, ezin dut inola ere horretaz ihardutea ekidin, eguzkiaren inarrak berotzeari utzi ezin dion bezala edota ilargiaren izpi-dirdirak hezetzeari utzi ezin dion bezala. Beraz, barkatu, eta bihoa aitzina, lehengo harira etorriz.

On Kixotek honako hau zioeino, Kardeniori burua paparrera erori zitzaion, gogoetatsu itxuran. Eta On Kixotek bi bider esan zion kondaira jaulkitzen aurrera joan zedin, baina ez zuen burua jasotzen, ez txit erantzuten; gesu luze baten buruan, berriz, jaso zuen eta esan:

Ezin kendu izaiten zait burutik, ez dago munduan nork edeki niri gogotik, ez beste ezer aditzera eman ahal didanik, eta hori ez besterik uler edo sinets dezakeena kaikutzarra izanen litzateke, ben-benetakoa baita Elisabat zitalkote hura Madasima erreginaren ohaide zena.

Hori ez, arraioa! – erauntsi zion On Kixotek biziki sumindurik – (eta abaztorratu zuen, ohi zuen eran iraitzi zuen) ; hori oso gaiztakeria handia da edo zitalkeria, hobeki esateko: Madasima erregina txit andere gorena zen, ezin daiteke goganbehar hain urena zen anderea halako txiribiri batekin ohaidetua zenik; eta bestela sinets dezana gezurti hutsa da. Nik irakatsiko diot, oinez edo zaldiz, iskiluz edo esku-hutsez, gauez edo egun argiz, nahiago duen moduz. Kardenio erne begira-begira zegokion, bere zoroa etorria zen eta kondaira jaulkitzen iharduteko ez zegoen; On Kixote ere ez entzuteko, Madasimaz esan zuenak atsebagetu zuelako, zeharo. Harrigarria, gero, nola bihurtu zen, horren emakume horren kariaz, atzera bere ben-benetako anderea balitz bezala: halakatua zuten, hainbesterainotua, bere liburu eskumikatuek! Esan dut, bada, Kardenio zoroaldian sartua zegoela, eta gezurti-ka, zital-ka, hitz batez, irainka ari zitzaiola konturatu zen, iseka gaiztoa iruditu zitzaion; hartu zuen lurretik harri bat, eta On Kixoteri ukalditzar bat eman zion papar-paparrean, zanpez uzkaili zuena. Santxo Pantzak nagusia lurrean ahoz gora erorita, errara etzanda ikusi eta bertan, zoroari ukabilka esetsi zion; Etenak berdin ihardetsi zion eta ukabilkada batez lurrera iraitzi zuen, oinen azpian hartu, gainean jauzika, eta saihets hezur guztiak, nahierara, zanpatu zizkion. Ahuntzaina urgaztera joan zitzaion eta arrisku berdin pean erori zen. Han ziren guztiak porrokatu ondorean hebainduta utzi zituen, eta patxada onean mendirantz joan zen basoratzeko. Jaiki zen Santxo, eta bere burua berriz ere errurik ezean talikatua ikusita amorrutsu zegoenez mendekua hartzera joan zen, norengana eta ahuntzainarengana, honixe errua egotziz, zergatik eta harako gizonari noizetik noizera zoroaldia etorten zitzaiola ez jakinarazteagatik; hau jakinez gero beren burua zaintzeko gerturik egonen zirelako. Ahuntzainak baietz, berak jakinarazi ziela, ondo garaiz jakinarazi ere, eta bere errua ez zela inork entzun edo aditu ez bazuen. Ihardetsi zion Santxok, eta berrihardetsi zion ahuntzainak, eta ika-mika haren ondorioz bizarretik heldu zioten elkarri, ukabilka hasi zitzaizkion, eta eskerrak On Kixotek bakea ezarri zuela, bestenaz, txiki-txiki eginen zuten elkar. Santxok, ahuntzainari helduta, zioen

Utzi nagi berorrek, Itxura Hitseko Zaldun jaunak, honekin, ni bezala oihesa den honekin, zaldun iskiluduna ez den honekintxe ongi har baitezaket mendeku, niri egin laidoaren ordaina jasotzearren, eskuz esku borrokatuz, gizon ohoredunen antzera.

Ederki hola, Santxo – erantzun zion On Kixotek; baina nik bazakiat horrek ez duela guri gertatutakoaz ezein errurik.

Honezaz baretu zuen, eta On Kixotek, harzara, ahuntzainari galde egin zion ea ediren ahal izanen ote zen Kardenio, kondaira haren amaia ikasteko irrikitan geratu zelako. Ahuntzainak lehen esandakoa berretsi zion, hau da, ez zegoela haren benetako ozkumea, ihestokia, abaroa edo zena zelako hura non zegoen jakiterik, alabaina, bazterrik bazter usu ibiliz gero azkenean idoroko zuela, haren senean ala haren zoroan.