Hauxe duzue, jaunok, nire helgaitzaren benetako kondaira: gogo emazue eta zuek ebatz ea nire hasperen entzun zenituztenak, aditutako hitzak eta nire begietatik isurtzen ziren malkoak zinez nahikoak ote ziren, edo ugariago, usuago behar ziren; eta nire zoritxarraren neurria haintzat harturik, pozbiderik ez dagoela igarriko duzue, sendagailurik ez du eta. Otoi dagizuet, otoi -aisa egin ahal eta behar duzuena- aholku eman diezadazuen ea non irago dezakedan nire bizitza, nire hatzetik usnan dabiltzanek idoro nazatelako beldurrak eta izuak arnasa kendu didaten baino lehenago, hil adina bizi nagoelarik ; badakit jakin, nire gurasoek on-on erizten didatela, guztiz, eta ondo baino hobeto hartuko eta berrartuko nautela, baina, honela eta guztiz ere, hain dut handia, larria, lotsa, haien aitzinean agertu beharraz, ezen, hobe dudala, hobe, lurra betiko galtzea, haien aurpegia nik ikus eta haiek nirea ere ikustea baino, nire ohorea, nire dedua, niregandik hitzez hartutako zintzotasuna kezka bilakatu baitzaie haien gogo-bihotzetan nireetan bezala.
Hau esan eta isildu zen, eta begitartea marguldu zitzaion, ariman zuen lotsa, ahalge hutsa, azaleratuz. Entzule zituen haien begitarteetan halaber, haren zoritxarraz harrituak, ahalgea ezagun zuten; eta Apaizak pozkari pixka bat eman nahi zion arren, Kardeniok, eskua hartuz aurrenik, esan zion
Horretaz, andere, zu zaitugu Dorotea ederra, Klenardo aberatsaren alaba bakarra?
Harritu zitzaion Dorotea bere aitaren izena entzun orduko, eta izena aipatu zuena zein txiro edo zen ikustean (Kardenio baldar antzean, itxura txarrean jantzita zegoena esanda dago lehendik) eta honela erantzun zion:
Nor ote zaitut zu, neba, nire aitaren izena dakizun hori? Nik, oker ez banago, nire zoritxarraren kondaira osoko hitzaldian ez dut haren izena aipatu ere egin eta.
Ni naiz – Kardeniok erantzunez – zorionik bage, zerorrek esan bezala, andere, Luszindak bere emaztea zuela esan zuen hura. Ni naiz Kardenio zorionik bagekoa, zerori egoera gaizto horretaratu zaituen harek berak ni nakusazun honetara, hauts egina, biluzia, gizalegerik bat ere ez dudala, are txarrago ere, zentzu bageturik oso, zeruak noizean behin, llabur-llabur itzularazi nahi didanean baizik ez dudan sen honetara ekarririkoa. Ni, Dorotea, ni naiz On Fernandoren zin gaiztoak, zitalak egin zituenean bertan nengoena, eta emazte izaiteko Luszindak eman zion baietza entzun arte itxaron zuena. Ni naiz horren zorabioa nola amaitu zen ikusteko albirik ez gemenik ez nuena, ez golkoan aurkitu paper harek zer zioen aditzekorik ere ez nuena, arima neureak hainbeste min eta nahibage jasan ezin izan baitzuen. Halatan, bada, etxea eta egonarria bertan behera utzita, nire etxekide bati gutun bat eman nion, Luszindaren eskura eraman zezan otoi eginki, eta basaburu hauetara nintzen bizia amaitzeko asmoz, harez guztiaz geroztik gaitz erizten bainion biziari, biziki etsai hilgarri zitzaidan heinean. Asturuak, asturu gaitzak, alabaina, ez dit kendu nahi izan, zentzuaren kentzea aski etsi bide-du, agian, honako halabehar on honetarako utzi nahi izaten ninduen zurekin buruz buru egin artean; zeren, nik uste osoa dudan bezala, hemen jaulki diguzuna egia izanik, agian, zeruak guri elkarrekin agitu ahal daitekeen jazoera hoberen bat opa baitiezaguke, gure helgaitzetan uste dagikegun baino. Demagun, bada, Luszinda On Fernandorekin ezkondu ezin daitekeela, nirea delako, ez On Fernando harekin, berau zurea delako, harek hain argiro azaldu zuena legez, itxaron dezakegu, beraz, zeruak gurea dena itzul diezagun, oraindik gurea baita izan, izan ere, ez da besterendu, ez inorendu, ez da bestelakotu. Pozteko bide hau aurrean dugunez gero, ez urrun-urruneko itxaropenetik datorrena, ez irudikapen txoroetan zehar dabilena, otoi dagizut, andere, zure burubide zintzoez beste egin dezazun, nik neureez egin asmo dudan era berean, bidez letorkigukeen zori hobearen zain egokituz; nik zin dagizut, zaldun kristau nauzun aldetik, ez zaitudala babesgetuko On Fernandoren esku egon zaitezen arte, eta zuri zor dizuna ikus dezan hitz onez ezin ekarri izanen banu, zaldun izaiteak eman askatasuna erabiliko nuke axukatzeko, erronka joko nuke, alegia, zuri egin dizun bidebagekeria dela zio, niri egindakoa atzenduz, lurbira honetan zuri egin iraina mendekatze aldera, nirekikoa, berriz, zeruaren esku utzita.
Kardeniok esandakoaz, are harrituago Dorotea, eta, hain eskaintza larriei nola erantzun ez jakinez, oinak mun egitearren hartu nahi izan zizkion; Kardeniok ez zion lagetu, eta lizentziadunak bien artean hitz sartuz erantzun zuen, Kardenioren eskaintza ona onartu eta, batez ere, otoi egin zien, eta aholku, eta onu, eta arren egin zien berarekin herrixkaratzeko, bage zutenaz dunduko zirela esanez, On Fernando bilatzeko aginduko zuela, Dorotea gurasoenera bihurtzeko bideren bat edo beste idoroko zuela, edota egokiena irudi lekiekeen zer-nahi eginen zuela esanez. Kardeniok eta Doroteak eskerrak eman zizkioten, bai eta eskaini mesede hori onartu ere.Bizarginak ere, isilik eta adi egon zenak, bere hitzaldittoa egin zien on-onean, eta Apaiza bezainbesteko oparekin zertan-nahi zuten ere lagun izaiteko gogoa agertu zien; labur bilduz, zerk haratuak ziren zehaztu zien, On Kixoteren zoro harrigarria zela eta, nola zegozen bertan haren bila joandako ezkutariaren zain. On Kixoterekin izandako liskarra, ametsetan bezala, Kardeniori gogora etorri zitzaion eta besteei entzunarazi zien, zeren kariaz gertatu ote zen jakin ez zuen arren. Honelako berriketan ari zirela, ahotsen batzuk belarrietara zitzaizkien, eta Santxo Pantzarenak zirela ezagutu zuten, utzitako lekuan ediren ez zituelako oihuka deitzen ziharduena. Bide erdira ateratu zitzaizkion, On Kixotez galdetu zioten, eta, atorra-has, erdi larrugorritan, argal, zurbil, goseak hil aginik kausitu zuela erantzun zien; haren andere Dultzineagatik hasperenka, eta honexek agindua bertaratua zela, leku latz haretatik irten eta Tobosora zedin, hain zuzen, esan zionean, haren zain zegokiola esanagatik ere, haren ederraren aurrera ez agertzeko erabakia zuela ihardetsi ziola, noiz arte eta, haren dohainaren duin izaiteko egite handiren bat burutu ahal zezan arte. Hau honela, enperadore inoiz ez izaiteko arriskua zegoela esan zien, behar zuen bezala, ez eta artzapezpiku edo gotzain ere izaitera helduko ez zela, izan zitekeen guttiena hau, eta , honetaraz gero, pentsa zezaten zer egin ote litekeen handik, leku haretatik, irten eragiteko. Lizentziadunak tamalik ez izaiteko erantzun zion, beraiek ateratuko zutela, nola edo hala. On Kixote sendabidean jarteko zer egiteko asmoa zuten azaldu zien Kardeniori eta Doroteari, etxeratzeko behintzat zuten asmoa alegia, eta neskak bere burua eskaini zien, Bizarginak baino hobeki eginen zuelakoan, neska gazte txiroarena egiteko; gainera, berez egin ahal izaiteko behar ziren janzkiak han zeduzkala, asmoa aurrera eramaiteko behar zen guztia bere esku uzteko, bera zalduneriazko hainbat liburu irakurritakoa zela eta bazekiela nexka behartsu haiek zaldun ibiltariei mesede eske zihoazkienetan zuten tankera edo itxura nolakoa zen.
Besterik ez behar – esan zuen Apaizak –, ekin lanari, halabeharra gure alde dugu eta, usterik guttienean, hor agertu zaizue zuen sendagarri, eta hona hemen gure beharren errazgarri.
Doroteak pardeletik oihaltto mehezko gona oso bat atera zuen, apaingarrizko mantelina orlegi bat ere buruan janzteko, eta kutxaxka batetik lepoko bat beste harribitxi batzuekin hartuz berehala apaindu zen, andere handiki aberats bat zirudiela. Hura guztia, eta hoboro, bere etxetik ekarria zuela esan zuen, nora-nahiko, nahiz eta ordura arte haren beharrik ez izan. Denak alaitu ziren xoilki haren dohain handia, txairotasun arina, politasuna nabaritzean, eta On Fernando, aldiz, buruguttikotzat jo zuten, nabarmen, haren ederra erdeinatu izan zuelako; baina, harrituena Santxo Pantza, bere bizialdi osoan egundaino halako ume hura bezain ederrik ikusia ez zuela iruditzen zitzaiolako (hau ere egia zen, izan ere) eta Apaizari galdezka ekin zitzaion ea nor ote zen hain emakume eder ha, eta zer nahi ote zuen, zeren bila zebilen sasi-baso haietan.
Hona, andere eder hau – azaldu zion Apaizak – Santxo anaia, gutti balitz bezala, Mikomikon erresuma handiko jaunaren oinordeko zuzena duk, hire nagusiari mesede baten eske datorrena: erraldoi gaiztoren batek egindako irain edo oker bat zuzentzea. Hire nagusiak duen izen on handia lurbira osoan zabaldua dela eta, printzesa hau Gineatik etorri zaiok bila.
Zorioneko bilaketa eta zorioneko aurkikuntza – Santxo Pantza mintzo – , areago, nire nagusia irain horren ordaintzeko eta okerraren zuzentzeko gai badadi, zorionean, berorrek dioen erraldoi putakume hori hilaraziz, mamua ez bada hilko du edirenez gero, mamua bada, ordea, ez du egiten ahal izanen eta. Zera eskatu nahi diot, arren eta arren, berorri, lizentziadun jaun horri, bertzeak bertze, zera, nire nagusia gotzain izaiteko gogoak har ez dezan, beldur naizenez, berorrek aholku eman diezaion printzesa honekin ezkontzeko, eta honetaraz gero artzapezpiku izaitea debeku duke, bere inperiora jaun eta jabe aisa jinen da, bai eta ni neure nahietara ere azkenik; nik hau guzti hau ongi aztertu izan dut eta nire nagusia artzapezpiku izaitea on ez dela daritzot, zeren ni elizarako gai ez bainaiz, ezkondua naizelako; orain, alta, eliza aldetik dirurik edo jasotzeko baimenen eske ibiltzen hasteari ez diot ongixko erizten, are, emazte eta seme-alabak izanik, ditudanak noski, guttiago, amai ezineko zera litzateke eta: beraz, jauna, gakoa hortxe dago, nire nagusia andere honekin ezkontzean, beronen izena zein den ez dakidalako ez dut izenez aipatzen.
Mikomikona printzesa zaritzok – Apaizak erantzun zion – bere erresuma Mikomikon denetik datorkion izena.
Bidezkoa du, noski – Santxok berriz ere – asko eta asko ezagutu izan dut nik izen nahiz izengoiti edo izenburua bera ere jaiotako lekuaren izenetik hartu duena, adibidez, Peru Alcalako, Joan Ubedako, edota DiegoValladolideko, bertzeak bertze, eta Ginean ere antzera ohitzen al da: erreginek euren erreterrien izen hartzea.
Holaxe – Apaiza atzera – ; eta hire nagusiaren ezkontzan, nire ahalegin guztiak eginen ditiat
Honenbestez, Santxo poz-pozik bezala Apaiza berorren inozoaz, xaloaz eta txotxoloaz harriturik geratu zen, horren nagusiaren burugekeriez burua ments zuelako ustean zurturik geratu ere, zeren, antza, enperadore izaitera helduko zela sinetsita zegoela antzemaiten baitzion.
Bada, ordurako, Dorotea Apaizaren mando gaineratua zen, Bizarginak idi-buztanezko bizarra musualdean itsatsia zuen, eta Santxori On Kixote zegoen lekurantz bideratzeko esan zioten; Bizargana ez Lizentziaduna ezagunak zituela ez esateko agindu zioten, nagusia enperadore izaitekotan horretan koxka. Apaizak eta Kardeniok ez zuten joan nahi izan, honekin ukan zuen liskarra gogora eratorriz gero On Kixotek deusik suma ez susma ez zezan, eta Apaizak ez zuen uste izan bera bertan egoitea beharrezkoa zenik; aitzina joaiten utzi zieten, honetaz, beraiek elkarrekin oinez, astiro-astiro zihoazen bitartean. Ez zion erran bagerik utzi Doroteari zer egin behar zuen; honek, berriz, lasai egoiteko, kezkarik ez: eginkizun guztia behar bezala egingo zuela zaldun-liburuetan irudikatu eta egin ohi legez. Hiru legoa lauren baino ez eta On Kixote aurkitu zuten, harkaitz nahaspilatsu batzuetan, jantzita bai baina ez iskiluekin, eta Doroteak ikusi zueneko, Santxok huraxe zela jakinarazi orduko, mandoari arre egin zion, bizardun Bizargina gibeletik zihoakiola. Harengana zirenean, ezkutaria mando gainetik jauzi eginez Dorotea besoz hartzera joan zen; hau txairoki jaitsi zen eta On Kixoteren aurrean belauniko jartera joan zen; eraiki nahi izan zuen honek, gora nahiz egin zion, baina harek, belaunikaturik, honela egin zion hitz
Ez naiz hemendik jaikiko, oi zaldun bihoztun adoretsu hori! zure ontasunetik, gizalegetik mesede bat jaso dezadan arte, zure ohorearen onerako, zure izan eta izen handi horren aintzarako izango den mesedea, eta, aldi berean, eguzkipean inoiz ikusia izan den neska hutsik iraindu atsegabetuena naizen honen aldekoa. Zure beso indartsu horren kalipua zure ospe hilezinaren hotsari baldin badatxekio, hain urrutiko lurraldeetatik natorkizun zorigaiztoko honi lagun egitera beharturik zaude, zure izen ospetsuaren usainean, usnan-usnan, zorigaitzen sendagailuren baten bila natorkizun honixe.
Ez diot hitzik erantzunen, andere eder hori – erantzun zion On Kixotek – , ez dut berorren horretaz ezer gehiagorik entzunen, lurrerean jaiki dadin arte.
Ez naiz jaikiko, jauna – neska gazte atsebagedunak ihardetsi zion – eskatzen natzaizun mesede hori zure gizalegez onartzen ez didazun bitartean.
Bai, onartzen diot eta egin eginen diot – On Kixotek – baldin eta nire errege, nire aberri, edota nire bihotzaren zein nire askatasunaren giltza dadukan hura kalteturik gerta ez balitez.
Ez da izango, inola ere, zuk diozun ezeren ez inoren kaltegarri, ene jaun zintzo hori – neska alegia eta negar-minetan mintzatzen.
Elkarrizketa honetan ari ziren unean, Santxo Pantza bere nagusiaren belarri ondora hurrendu zen eta apal-apal esan zion
Berorrek, jauna, ongi baino hobeki eman diezaioke eskatutako mesedea, ezer askorik ez da eta: erraldoitzar bat ero baino ez du egin behar, hil, eta eske datorkion hau Mikomikona printzesa da, Etiopiako Mikomikon erresuma handiko erregina.
Nor-nahi dela ere – erantzun zuen On Kixotek berriro – nik egin beharra dudana eginen dut, nire gogo-barrenak agintzen didana, zinpean hartua dudan legearen arauera.
Neska gazteari begira bihurtu zen, esateko
Jaiki bedi berorren eder hori, nahi duen mesedea onartzen diot.
Zu jaun bihotz handiko hori nirekin etortzea nahi dut – esan zion neskak – mesedez, eramango zaitudan lekuraino, eta hitz eman behar didazu ez inongo jazoeratan ez ezein txipristiletan sartuko ez zarela, ez istilutan ez liskarretan eskurik sartuko ez duzula, ez, bederen, ni saldu ninduen bati asper zakizkion arte, Jainkoaren kaltez bai gizonaren legearen aurka nire erresuma ebatsi didan ohoinaz mendeku egin dagizun arte.
Onartzen dudala diot – On Kixote berriro – eta honela, andere, gaurtik aurrera, nekarazten duen goibeldura berorrengandik aldera dezake, eta galdutako itxadopena susper dezake, hazkor dezake erruz; Jaungoikoaren eta nire besoaren bitartez, berori berriro erresumako nagusi berjarria izanen da, berorren leterri handi-zaharreko jaurraulkian eseria egonen da, aurka eginen luketen ahobero guztiak gora-behera eta guztion haserregarri. Ekin, bada, nakion lanari, arriskua berantzean omen dago eta.
Neska behartsua eskuetan mun egiteko lehiatu zen, On Kixotek, ostera, ez zion utzi, orotan zaldun zuhur, neurritsu, ongi-ikasia zen: jaikiarazi zuen, gisatsu eta neurriz besarkatu zuen, eta Santxori Rozinante uhalez basta zezan agindu zion, iskiluz bera janzteko ere agindu, eta Santxok iskiluak hartu zituen, garaikur baten antzo zuhaitz batetik zintzilik zegozenak, uhalak lotu ere aurki, eta behar bezala jantzita egondakoan, nagusiak hau esan zuen:
Goazen hemendik, Jainkoaren izenean, andere uren honen alde egitera.
Bizargina belauniko zegoen, anartean, barreari eutsi beharrez, bestela-baitakoan, bizarra ez erortzeko kontuz-kontuz, zeren, eroriz gero, beharbada, asmo ona lortu ezin izanen baitzuten; eta mesedea onartua zegoela ikusita, On Kixote asmoaren gauzatzera bizkor-bizkor hasirik, jaiki zen, zutitu, eta andereari beste eskutik heldu zion, mandoaren gainera igaiten laguntzearren. Igo zen On Kixote Rozinante gainera, Bizargina bere zamarian egokitu zen bitartean, Santxo oinetan geratu zen, orduan, galdutako astoa berriz eta berriz gogora etorten zitzaion, beharra zuen unean, baina dena gogotik zeraman, bere nagusia bideratua zelako ustean, enperadore izaite aldera bidean ari-arian. Printzesa harekin ezkonduko zela uste zuen, oso-osorik uste, eta Mikomikongo errege, behintzat, izanen zelakoa burutaratua zuen. Itxadonik txoria eskondu negike zerabilen buruan. Erresuma hura beltzen lurraldeetan egoitea, besterik ez zuen tamalgarri; menpekotzat emanen zizkioten guztiak beltzak izanen ziren. Laster, bere irudimenean, horretarako konponbide on bat aurkitu zuen, eta bere buruari esan zion: "Zer axola niri nire menpekoak beltzak balira? Hartu eta Espainiara erakarri baizik ez, eta saldu ahal izanen ditut, eskudiruz ordainduko dizkidate, eta gero diruaz izenbururen bat edota langintzaren bat erosiko dut, nire bizitzako egun guztiak eroso-eroso bizitzeko. Ez, bada, egon hor lotan, egonean, ez erabili burua, ez asmamena, den-dena behar den bezala eratzeko, eta hogei edo hogeita hamar mila menpeko, bere-berehalaxe, saltzeko.Jainkoarren, ttipi ala handi, nik aienaraziko ditut, nola edo nola, eta beltzak badira ere zurituko ditut, edo horituko. Heldu, bada, hel zakizkidate, atzo jaioa nauzue ni eta! Pika ote ni? Bai zera!". Honelakotsu hitz eta pitz bazihoan, pozez gainezka, arduratsu, oinez ibili beharraren oinazeaz guztiz ahantzia izaiteraino.
Kardenio Apaizarekin zazkardi batetik begira, ez zekiten zer egin beste haiekin bat egiteko; Apaiza, asmatzaile ona izanki ordea, eta laster asmatu zuen asmatu nahi zutena lortzeko amarruren bat, eta hau izan zen: artazi batzuk, zeinbaitek guraizeak dio, kutxaxka batetik atera zituen eta, di-da baten, motelen batek aitagurea esan baino arinago, Kardeniori bizarra moztu zion, berak soinean zeraman kapusai arrexka batez jantzi zuen, kapilotx motx beltz bat eman zion, eta bera galtza-jipoi hutsetan geratu zen; Kardenio oso zen bestelakatua, istil bateko ur garbi-gardenean bere buruari so eginaz gero ere ez baitzuen ezagutuko. Hau egin eta gero, mozorrotu bitartean besteak aitzina joanak zirelako, errepidera jalgi ziren, aisa, beste haiek baino errazago noski, , sasitza-malkarretan zehar, gerenda mehar haietan barrena ez zaldirik ez oinezkorik ere ongi ibilterik ez zegoen eta. Halaxe, zelaian zegozen, oihanetik at, eta On Kixote bere lagunekin batera agertu orduko, Apaiza emeki-emeki begira jarri zitzaion, ezagun edo zuela antz eginaz, eta luzexka begira eta begira egon ondoan, harengana hurrera zen, besoak zabalik, oihuka esanez
Ongi bedi kausitua, zalduneriaren eredu On Kixote Mantxako nire herrikide zintzoa, handikigoaren gaina eta bikaina, behartsuen babes eta sendabidea, zaldun ibiltarien hobe-goiena.
Hau esanda, On Kixote besartetua zedukan, ezkerreko zango-belaunetik, eta hau begira zegokion begira, ikusten eta entzuten eta gizon harek egiten ziharduenaz sor eta lor gelditua, eta azkenean, ezagutu egin zuen, eta ikusteaz izuturik, lurrera jaisteko indarrak egin zituen, baina Apaizak ez zion utzi; On Kixotek, orduan, zioen:
Utz biezat berorrek, Lizentziadun jauna, ez baita zuzena ni zaldi gainean egoitea, eta berori bezalako hain nordin agurgarria zutik
Ez horixe, ez dut nik hori inola ere baituko – esan zion Apaizak : bego berori zaldiaren gainean, zaldiz burutu izan baititu gure garaian egundaino ikusi izan diren egitsari eta jazoerarik handienak., larrienak; nitaz den bezainbatean, apaiz huts batto baino ez naizen arren, nahikoa dut berorren bide-lagun hauen mandoren baten gainean, txartzat hartzen ez badute, eta honela ere, Pegaso zaldiaren gainean zaldun baten antzo nabilela irudituko zait, edo Muzarake mairu ospetsu ha omen zebilen astanabar edo basazaldi haren gainean, oraindik Zulema daritzon malda handian, Konpluto daritzonetik hur xamar, sorginduta lurpean datzan Muzarake.
A, ez nintzen horrenbestez ohartua, Lizentziadun jauna – erantzun zion On Kixotek – nire andere printzesak, onez onean, nire maitasunagatik, bere mando-aulkia berorri emaiteko aginduko dio ezkutariari, berau hanka-gainean jarriko da, mandoak eraman nahi badu.
Bai, eramango du, nik uste – printzesak erantzunez – eta nire ezkutariari agindu beharrik ez dagoena ere badakit, oso da gizalegezko, guztiz gisatsu, eta ez du begi onez ikusiko eliz-gizon bat oinez joatea, zaldiz ahal duenean.
Horrela da – erantzun zuen Bizarginak.
Mandotik jaitsi zen, zela eskaini zion eta Apaizak bai hartu ere, birritan eskatu aitzin. Txarrena gero, Bizargina hanka gaineratu orduko, mandoak, akuran hartutakoa zela esateaz txarra eta gaiztoa zela esan bage doa, hanka aldeko mokorrak jaso zituen, pittin bat, eta ostiko-aurtika hasi zen, bi putar airean eginaz, eta maisu Nikolaren bularrean jo balu, edo buruan, txerren guztiak ekarriko zituzkeen gogora eta ahora On Kixoteren bila etorri izanaz damurik. Dena dela, izutu zen noski izutu hagitz eta lurrera erori zen, plaust!, bizarrarekin oroitu ere ez zela, eta sasi-bizarra, ziplo, lurrera; bizarpeiturik, musualdea agerian ez nahi, okotza-eta ostendu beharraz, esku biez sudurpeko guztia estali zuen, behingo baten, haginak hautsi zizkiola esanez, aieneka, intziri batean. Besterik egin ezin eta!. On Kixotek, bizar multzo hura, ez barailarik ez odolik, eroritako ezkutariaren aurpegitik alde, ikusi eta esan zuen
Bizi biz Jainkoa! Zer-nolako mirari, hau alatz handia hau! Bizarra aurpegitik erauzi dizkio, erauzi, berariaz egin bailuan!
Apaiza, bere asmakaria ageri-agerian geratzeko arriskua ikusirik, bizarra jasotzera joan zen, hartu eta maisu Nikola etzanda intziri-mintziri ari zen lekura eraman zuen, eta di-da, haren burua bere paparreratuz "bizartu" zuen berriro, txutxu-mutxuka hitzen batzuk zerauntsozan bitartean. Bizarra itsasteko aztikeria horietariko bat zela esan zien; eta bizarra harzara okotzean ezkutaria apur bat bazterrera zen, eta bizardundua eta lehen bezain osorik geratu zen, On Kixote zeharo harritzeko eran. Ahal zuenen harako aztikeria irakats ziezaion arren egin zion Apaizari; bere gardiz, bizarra itsasteko ez ezik beste on egite batzuetarako ere beharko zukeela; bizarra erauzita haragia zaurituta, zarrastaturik geratua izanen zela eta, dena osatzeko edo sendatzeko on izan zitekeela, bizarraz gain.
Bai, hala da – esan zion Apaizak eta irakatsiko ziola, hurreneko aukera batean.
Apaiza zaldi gainera igotea erabaki zuten, gero, tartean-tartean, hirurak igoko ziren, behin-banan, ostaturen batera, harean bi legoatara zegokeen batera, iritsi artean. On Kixote, printzesa eta Apaiza zaldiz, Kardenio, Bizargina eta Santxo Pantza oinez, eta orduan On Kixotek neskatxari:
Berori, andere goi hori, joan dadila atseginen zaion lekuan zehar.
Harek baino lehen Lizentziadunak egin zuen hitz :
Zein erresumatarantz bideratu nahi gaitu berorrek? Mikomikon delako horretara ote? Hori behar da izan, edo nik gutti dakit erresumez.
Neska, orotaz jakitun zen heinean, baietz erantzun behar zuelako ustean, honela mintzo zen:
Bai, jauna: erreterri horretarako bidea hartuko dut
Horrela bada – Apaizak – nire herri erditik iragan behar dugu, handik hara Kartagenara behar du berorrek alboratu, bertaraz gero, zorionean, itsasora daiteke; haizea egoki bada, itsasoa bare, ekaitzik ezean, bederatzi bat urteren buruan, ia-ia, Meona daritzon aintzira handiaren aurrean legoke, zera, Meotides esan nahi dut, berorren erresumatik ehun egunaldi baino gehittoago edo dagoena, honago.
Berori oker dago, ene jauna – atzera neskak – urtebete bi dira handik jalgi nintzela, eguraldi onik ez, benetan, honela eta guztiz ere, irrikitzen nuena ikustera heldu naiz, On Kixote Mantxako jauna hain zuzen. Espainiaratu nintzen ordukoxe beronen berri berriak belarriratu zitzaizkidan, eta hauen hariaz hasi nintzen bila eta bila, haren gizalegepean babesteko eta nire zuzentza haren beso garaitezinaren adoreari atxekitzeko.
Bego, besterik ez: begoz hor geldi nire goraipamenak – esan zuen orduan On Kixotek – hitz leun guztien etsai nauzue, oraingo hauek gehiegizkoak ez izanagatik, nire belarri xahuetan minsor eragingarri badira horrakoxe berriketak. Hau baino ez dakit, ene andere, esaten, eta esanen dut, adore izan ala ez izan, berorren zerbitzurako izanen dudala izanen dudana, bizia galdu arteraino. Honelatan, bada, hori bere unerako utzita, Lizentziadun jaunari otoi dagiot esan diezadan ea zerk ekarri ote duen eremu latzotan barrena hain bakarrik, hain morroe edo sehi edo otsein bageturik, hain ero-eroan ezen ni nerau sarrakioz bainago.
Horri nik erantzunen diot, labur-labur – Apaizak berriro – zera, berrorrek badakike, On Kixote jaun, ni eta maisu Nikola, gure adiskide eta bizargina, Sibiliara gindoazela, nire ahaide batek, duela urte asko Ameriketara joan eta handik urrundik, bidali zidan diru baten eske, eta ez diru gutti, hirurogei mila txanpon soildu baino ez, hura ere halakoxea da eta. Bazterralde hauetan zehar gentozela, horra, lau bide-lapur eta den-dena ostu ziguten, bizarrak eta guzti; ostu bazizkiguten ostu zizkiguten eta bizarginari, zera, bizarrorde bat edo sasi-bizarren bat ipintea otu zitzaion, eta horri mutil horri ere (Kardenio eskuz erakutsiz) berri-berri bezala ipini zion. Lapur haiek, antza, inguruotan bolo-bolo dabiltzan esamesen arauera, galeretara zeramatzaten batzuk omen ziren, leku alde honetantsu edo, gizon azkar-adoretsuren batek askatu omen zituenak. Adoretsua, bai, izan behar gizon ha, noski, nahiz zaintzaile nahiz atxilozain guztiak gora-behera, ziren guzti-guztiak askatu zituen eta. Hura ere nola egonen zen! Burutik egina edo haiek bezain zitala behar du, edo arimarik ez duena, zeren, ardien artean otsoa askatu baitzuen, oiloen artean azeria, eztian eulia: zuzentasunari oker egin nahi izan zion, bere errege eta berezko jaunaren kaltetan, beronen agindu zuzenen aurka erasoz; badiot, galera-ontziari oinak edeki nahi izan zizkion, Anaitasun Santua asaldarazi nahi izan zuen, hainbat urtez atseden gozoan zegoenean; azkenik, arima gal eta gorputza ez irabaz lezakeen ekintzaren bat egin nahi izan zuen.
Galeretako zigortuen jazoera Santxok jaulki zien Apaizari eta Bizarginari, bere nagusiak aintza handiz bukatu zuena, eta honen haritik Apaizak haren aipatzeaz zaurian piko eragin nahiaz ziharduen, ea On Kixotek zer egin edo zer esan ikustearren; beroni hitz bakoitzean margoa aldatzen zitzaion, eta ez zen ausartzen harako jende on haren askatzailea bera izan zela esatera.
Hauek, bada – esan zuen Apaizak – ziguten ostu. Jaungoikoak, bere urrikaltasunez, barka diezaiola zigor-tokira eraman zitzaten ekidin zuenari.