On Kixote Mantxako

3. atala

On Kixotek zaldun izaiteko iskiluak zein era barregarritan hartu zituen jaulkitzen denean.

Hala bada, burutapen haiekin nekatuta, ostatuko abari izki urria berehala amaitu zuen; bukaeran txiriboginari deitu zion, eta biok batera zaltegi barruan zegozela, haren aurrean belauniko jarri zen, zera ziotsola

Ez naiz inoiz nagoen leku honetatik jaikiko, zaldun ausart hori, zure gizalegeak eskatu nahi dizudan dohain bat eman diezadan arte, berau zure aipua goratu ez ezik gizateria osoaren onerako ere izanen dena.

Ostataria, arrotza bere oinetan ikusi zuenean, eta halako esaldiak adituki, nahasturik hari so, begira zegokion, zer egin zer esan ez zekiela, eta jaiki zedin ekin eta ekin zitzaion; alperrik ordea, ez zuen inola ere nahi izan, galdatzen zion dohaina emanen ziola esan eragin arte.

Ez nuen gutiago igurikitzen zure jaukaltasun handitik, ene jaun hori – erantzun zion orduan On Kixotek – eta honela diotzut ezen eskatu natzaizun dohaina, zure esku zabalak emanen didana, biharko egunean zaldun izendaturik iskilutu behar nauzuna dela; eta gaurko gaueon zure gazteluko otoiztokian iskilu-beila eginen dut; bihar, esan dizudanez, gogo-gogoan dudana beteko da, joan ahal nadin, behar den bezala, lurbirako lau aldeetan zehar arriskuen bila, behartsuen alde, zalduneriari dagokiona legez, ni bezalako zaldun ibiltarioi halaxe dagokigulako eta halako egitandi larriak egin gogo guztiz etsigia dudalako.

Txiriboginak, maltzur xamarra esan dugunez, arrotzaren kaskoan bururik asko ez zegoela susmaturik zegoenez gero, halako esapideak entzunda, bete-betean sinetsi zuen, zentzu bagekoa zela alegia; eta, gau haretan barre egitearren, haren gogaldiaren hatzean jarri zen; honetarakoxe, nahi eta galdatzen zuen guztian ondo bai ondo, erdiz erdi antzemanik zebilela esan zion eta beraren itxura jasoak erakutsi eta berak zirudiena bezalako zaldun nagusiari berezko eta din zitzaiola egitasmo hura; eta, esan ere zion esan, bera bere gaztaroan horrako ihardunetara emana ibili izan zela, munduko hainbat bazterretan barrena, bere arriskuen bila, hala nola, esate baterako, Percheles de Málaga, Islas de Riarán, Compás de Sevilla, Azoguejo de Segovia, Olivera de Valencia, Rondilla de Granada, Playa de Sanlucar, Potro de Cordoba, eta Ventillas de Toledo eta beste hainbat lekutan, eta orotan guztiotan bere oinen zalutasuna eta eskuen trebetasuna ariaren ariz erabili izan zituela, hainbat begibakar utziz, hainbat emakume alargun eskuratuz, zeinbait neskuts hutsalduz, zeinbait etxe-zurtz atzipetuz, Espainia ia guztietako auzitegi edo epaitegi orotan ezaguna zuten arte, eta azkenik, hara, bere gaztelu haretaratua zela bere ondasunaz eta besteenaz bizi zelarik, bertan zaldun ibiltari guztiak atosten zituela, hauen adin edo maila zein-nahi izanik ere, berak biziki onerizten zielako soilik, eta bere ondasunez berarekin goza zezaten haien asmo onaren ordain. Esan ere zion bere gaztelu haretan ez zegoela otoigurik ez otoiztokirik iskilu-beila egiteko, eraitsita zegoelako berriz ere eraikitze aldera; baina, hala behar izanez gero, berak bazekiela beila mota hori non-nahi zen ere egin zitekeela, eta gau haretan gazteluko lorioan iskiluak beila zitzakeela, goizean, Jaungoikoaren izenean, behar bezalako ospakizunak eginen zirela zaldun izendatu eta iskiluz jantzia gerta zedin, eta haretara hain zalduna, ezen, ludian zaldunagorik bat ere izaiterik ez zegokeela.

Dirurik ba ote zekarren galdetu zion; sosik ere ez erantzun zion On Kixotek zaldun ibiltarien kondairetan inork zeramanik inoiz irakurri ez zuela-eta. Oker zegoela ihardetsi zion: kondairetan idatzita egon ez arren, esan bage doan gauza baitzaie idazleei hain beharrezkoa den dirua eta atorra garbiak eramaitea, ez da sinestekoa ez zeramatenik; honela bada, ziur eta egiazkotzat hartzen du zaldun ibiltari guztiek, liburuz ase, mukuru dabiltzanek, ziskuak ere tole, bete-beterik , burdinaztaturik zeramatzatela, zer gerta ere; eta halaber, atorrak edo alkandorak zeramatzatela eta kutxatila batean ukendu batzuk zauriturik gerta zitezenean zauria sendatzeko, zeren, borroka-landetan edo basamortuetan sarraskiturik irten eta gero senda zitzan norbait ez baitzen beti, azti jakintsuren bat edo lagun izan ezik, beronek, eguratsean barrena, hodeiren baten gainean, zeinbait neskuts edo epotx ur miragarriarekin ekarriz urgazten zituen, hain miragarria ura antonsin ipurtzabal, eztarrimehekoa, ezen, haretarik ttantta bat mihiaztuz gero zauri eta saki guztiak sendatzen zizkiela, behingoan, minik izan ez balute bezala.; alabaina, honelakorik izan ezean edo, antzinako zaldunekeuren ezkutariak diruz zuzkitzen eta beharrezko beste gauza batzuez hornitzen zituzten, hala hariak nola ukenduak esaterako, zauriak sendatzearren; eta ezkutaririk ez zutenean (bakanetan) beraiek eraman ohi zituzten, zaldiaren hanken ondoan, bestela baitakoan edo, zakuto ttiki batean ahaldin handiko gauza balitz bezala; zeren, zakutoa eroatea ez baitzuten begi onez ikusten zaldun ibiltariek, esan dugun haretakoxe izan ezik; eta honegatik guztiagatik, aholku emaiten ziola, bere semebitxiari eginen zion antzera, orduko haretan halatsuko zuen eta, handik hara, aurrerantzean, dirurik bage ez ibilteko eta ez lehenttoago esandako aurre-ardurak edo oharpeak hartzeke ere, hauetaz guztiotaz, usterik gutienean, baliatu beharrean gerta zitekeen eta.

On Kixotek aholku zein onu guztioi tinel-tinel helduko ziela hitz eman zion, eta honez gero, iskiluak beilatzeko gertuera hasi zuen ostatuko albo batean zegoen barla handian; On Kixotek denak bildu zituen, tramankulu guztiak patin baten ondoan zegoen harraska gainean ipini zituen, eta, bere adarga edo erredola besoraturik lantza hartu zuen, eta gizabidez eratsu-eratsu harraskaren aurretik zutibiltzen hasi zen, gaua ixten hasi zen aldi berean.

Txiriboginak bertan zegozen guztiei arrotzaren zorotasuna eraulki zien, iskiluen beila eta nola zaldun izendatua izanen zela uste zuena eta guzti. Harritu zitzaien halako zorotasun bitxia eta urrundik ikustera joan ziren, eta batzuetan hara-hona, molde astikoian zut zebilela ikusi zuten, bestetzuetan, aldiz, bere lantzaren ondoan, tresneria eta zer guztiei begira-begira zegoen egon, luzaro begirik kentzeke. Gaua itxi zuen, azkenik; baina ilargia argitsu zegoen txit, argia emaiten zion harekin lehian, zein-gehiagoka egiteko eran; haretara bada, zaldun berriak egiten zuen guztia denek ondo ikusten zuten. Orduan, txiribogan zegozen mandazain haietako bati bere zamariei ura emaitera joaitea otu zitzaion, kasketaldi baten, eta honetarakoxe On Kixoteren zaharkinak harraskaren gainetik kendu beharra izan zuen; honek, zetorrela ikusita, ozenki esan zion:

Oi, zu. nor-nahi zaren ere, zaldun ozar hori, ezpata gerrian egundaino eroan izan duen ibiltaririk errutsuenaren iskiluak ukitzera heldu zaren hori! Begira zer dagizun, ez egizkidazu ukitu, zure ausarkeriaren ordainez bizia utzi nahi ez baduzu.

Mandazainak ez zion jaramonik egin (eta hobe izanen zukeen egin izan balio, bere sendoan sendatzeko); aitzitik, hedeak hartu eta bertatik asago egotzi zituen. On Kixotek hau ikusita, begiak zerurantz goratu zituen eta bere gogoa (zirudienez) Dultzinea bere anderearengan ezarririk, zera esan zuen:

Lagun zakizkit, ene andere, honi zure menperatutako bular honi egin zaion lehenengo laidoan: ez biezat hutsik egin zure laguntzak eta babesak lehenengo istilu honetan.

Eta honelakoak eta antzeko esaldiak esanda, adarga askaturik, lantza esku biez jaso zuen eta mandazainari buruan tanpa egin zion, dzart! lurrera eraitsi zuen, porroskatua, etena, eta bigarren ukaldi bat eman balio ez zukeen sendatzeko atxeter baten ere beharrik izanen. Hau egin baikoz, iskiluak hartu zituen eta lehen bezain eratsu, bare, hasi zen berriro zutik ibiltzen. Honik gutira, zer jazo zen ez zekiela (mandazaina artean zotzorraturik zegoelako) beste bat etorri zen bere mandoei ura emaiteko asmoagaz, eta harraskatik "traste" guztiak edeki zituenean, On Kixotek txintik esan bage eta inori arrenik eskatzeke, beste behin adarga askatu, beste behin lantza jaso eta berau puskatu ez arren bigarren mandazainaren burua hiru-lau puska eginda utzi zuen, lau aldetatik irekita. Danga entzunik ostatuko lagun guztiak, txiribogina hauen artean, etorri ziren. On Kixotek ikusi zituenean, adarga atzera besoratu zuen eta ezpata eskuan, esan zuen

Oi edertasunaren andere, ene bihotz ahulduaren indar eta adore! Honen arrisku larriari aurre egiten diharduen zure gatibu naizen zaldun honenganantz zure handitasunaren begiak itzul ditzazuneko unea orain da.

Honela, bere ustez, gogo-bihotza beroturik, lurbira osoko mandazainak oro burrustu edo oldar balekizkio ez luke gibel eginen, ezergatik ere oinik atzeratzen ez zekiena zen eta. Zauritutakoen lagunak, hala ikusi zituztelako, On Kixote harrikatzen hasi ziren, berau , ahal zuen hobekienik, bere erredolaren azpian babestua, harraskatik aldentzen ez zen, biztartean, bere iskiluak zaintza bagerik ez uztearren. Ostatariak oihuka, garrasika, bakean utz zezaten, otoi, zoroa zela lehenago esan baziela-eta, denak hil balitza ere zoroa zelako errugetua izanen litzatekeela. On Kixotek ere ozenagoak zegitzan, patarraka, etoi eta gizatxar deitzen zituela, eta gazteluko jauna koldar doilorra zela, gapare dongea zela, zaldun ibiltariak honela har zitzaten lagetu zuen eta; ailitz bera zalduneriako kide izendatua izan, haren gizatxarra nabarmen uzteko; – baina, zuetaz, zirtzil satsuok, ez dut jaramonik egiten batere: jo, etorri, irain nazazue, ahalaz; ekusiko duzue zelako ordaina jasoko duzuen zuen ergel eta ozarkeriagatik.

Irardausiz eta adoretsuki zioenez, oldartzen ari zitzaizkion haiei izua, sarrakioa sartu zien; eta honegatixe bai txiriboginaren aholkuak burutara joan zitzaizkielako, erasotzeari utzi zioten, harrikada gelditu zuten; eta harek zauridunak eraman zitzaten baimendu zuen, eta atzera, berriz ere, iskilu-beilatzera bihurtu zen, lehengo patxada, plaiut, jabaldura ber-beragaz.

Arrotzaren isekak ez zituen ondo hartu ostatuko gizonak eta, beste zoritxarren bat gerta baino lehen, zalduneriaren "ordena" beltza, lehen bai lehen emaitea erabaki zuen. Honetaz, bada, harengana joan zen, harako jende gaiztoak egin zion lotsabagekeria zela-eta, berak deusik jakin ezean egin ere omen, barkamena eskatu zitzaion; baina haien ozarkeriagatik ondo zigortuta geratu zirela. Lehengo baten esan zion bezala, orain ere berriro esan zion gaztelu haretan otoiztokirik ez zegoena, eta behar ere ez egin behar zen gainerakoa egiteko; zeren berak zekienez, zaldun egite hori bi ukalditan baitzetzan, kokotekoa bata bizkarrekoa bestea, elkargoaren ospakizunetan ikasia zuenetik zekienez, eta eginkizun hori landaren erdian egin zitekeela; eta bestalde, iskiluen beilatze horri buruz eginbeharra bazuela betea, bi orduko beilaldia nahikoa ei zen eta, are beteagoa zuen lau ordu baino gehiago eginda. On Kixotek dena sinetsi zion, eta bera bertan hari men egiteko gerturik zegoela, eta ahal zezakeen bezain laster buka zezala esan zion; zeren, ostera ere esetsita gerta baledi, zaldun izendatua izanez gero, ez bailuke inor bizirik utziko gazteluan, harek agindutakorik izan ezik, harenganako begiruneagatik utziko bailuke.

Honetaz, bada, ohartua eta beldurtua, ostatariak liburu bat ekarri zuen, mandazainei emaiten zien galtzu edo lastoa edota oloa oroitemaiten zuena, eta morroe batek zekarren kandela-kondo batekin, eta lehengo neska biekin, On Kixoterengana etorri zen, belauninakarazi zuen, eta, fedezko otoitzen bat egiten ari balitz bezala, bere esku-liburuan alegia eta irakurten hasi zen, hasi eta laster eskua jaso zuen eta dzart! lepo edo garondoan kaldu gogorxko bat eman zion, eta honetaz gero, haren ezpataz beraz, bizkarreko ukaldi bipil bat, beti alegia eta otoizka, marra-marra hortz artean zerauntsola erauntsi. Hau egindakoan, andereño haietako bati ezpata gerrian lot ziezaion agindu zion, bai batek egin ere, iribioz bezain urguriki, eta asko zen, zeren halako txirrimarra haretan zer edo zer eginez gero gutti behar baitzen barrez lehertzen hasteko; baina zaldun berriak hantxe berriki egindako egitsariak, "sendagailak" ikusiak zituztelako barreari eutsi zeutsoten. Ezpata lotzean andereño onak honako hau esan zion:

Jaungoikoak zori handiko zaldun egin zaitzala eta zori ona beti borroketan.

On Kixotek nolako izena zuen itaundu zion, harez gero berak jakin zezan, ekiz, nori behar zion men egin hartutako mesedearen ordain; eman ere, eman nahi izanen zion bere besoaren indarraz irabazi edo erdietsiko zuen ohorearen zatiren bat. Neskak, apal-apal, Tolosa zeritzola esan zion eta Toledoko adabatzaile baten alaba zela, Santxo Bienayaren gerizpetan bizi zela eta bera non-nahi egonik ere beti jauntzat ukanen zuela eta mirabe izanen zitzaiola. On Kixotek ihardetsiz, aurrerantzean, bere maitasunagatik, izenaren aitzinean andere ezarteko mesedea egin ziezaion eskatu, eta, beraz, andere Tolosa izanen zela. Andere harek baietz eta hitz eman zion; eta beste andereak, bitartean, aztal-eztena orporatu zion, eta honegatixe, aurrekoarekin, ezpata lotu zionarekin egin zuen eleketa bertsua hasi zuen. Nor zen galdetu zion eta Molinera izena zuela erantzunaz batera Antequerako errotari zuzen baten alaba zela jakinarazi zion; beroni ere andere ezarteko eskea eginda, Molinera anderea eritziko zioten, geroz goiti, eta, honi ere zerbitzu nahiz opakizun berriak eskaini zizkion.

Hara, artean inoiz ikusi izan ez ziren ospakizunak, edo txirrimarra haiek, itoka, arinka eta senean bezala, eginik, bada, On Kixote ahalik azkarren zaldiaren gainean arrisku bila joaiteko grinatsu zegoen; Rozinante tresnatu zuen, honen gaineratu, eta txiriboginari besarkada bat emaitean hain zer bitxiak esan zizkion, zaldun izendatu zuelako esker onez, ezen, hementxe jaulkitzekoak ez direla. Bentariak, ostatutik landa ikustearren, hitz laburragoz, ez jario ttikiagoz baina, haren eleei erantzun zien, eta ostatu-ordaina eskatzeke, joaiten utzi zuen, ordu onean.