On Kixote Mantxako

36. atala

Txiribogan gertatu beste jazokuntza harrigarri batzuez.

Halako eleketan ari zirela, txiriboginak, ostatuko atean zegoenak, esan zuen:

Hara, han datorren taldea, arrotz eli ederra da; hemen geratzen badira, "gaudeamus" dukegu.

Nolako jendea da? – Kardeniok.

Lau gizakume – zehaztu zion txiriboginak – zaldiz datoz, iztapeka edo iztarkoloka, nonbait "arretxiko" esaten ei da, lantza eta adarga eta guzti datoz, aurpegia koko jantzita, "muxu-xarko" beltzak dira; haiekin zuriz jantzitako emakumezko bat dator, andere-aulki batean, hau ere aurpegia estarian, ondoan oinezko mutil bi.

Hurbil datoz? – Apaiza galdezka.

Hur, bai – erantzun zion txiriboginak – hemen datoz.

Doroteak entzun zueneko, begitartea estali zuen, eta Kardenio On Kixoteren gelara sartu zen; egin eta bertan, ostatura txiriboginak "aletu" zituen guztiak sartu ziren; eta, zaldien gainetik jaitsi, laurak sendo itxurako gizonkoteak ziren, aulkitzarrean zetorren emakumearengana joan, eta haietako batek besoetan hartu zuen, han ondoan, Kardenio altxatua zen gelako ate ondoan zegoen aulki batean esertzeko. Bitarte honetan, ez anderezkoak ez haiek laurak, ez ziren aurpegiko estalkiez bagetu, ez mintzatu ere; hasperen handi sakon bat egin, besterik ez, aulkian esertzean emakumeak eta besoak erortzen utzi zituen, gaisorik edota alditxartua dagoenaren antzera. Oinezko mutilek itzeragaitabereak zaltegira eraman zituzten.

Apaizak dena ikusi zuen, eta zer-nolako jende mota ote zen halako janzkera eta isilera harekin zetorren hura ezagutu guraz, mutilakanatu zen, eta bati jakin nahi zuenaz galde egin zion, eta hona erantzuna:

Arraioak baditu!, jauna, nik ez dakit nolako jendea den hau; handikietarik, goi-goiko horietarik direlako itxura, behintzat badute, jasekoa, berorrek ikusitako emakumea besoetan hartu duen harek, batik bat; harexek agindu eta erakiten duen guztiaz besterik ez dute besteek egiten, eta begirunez egin ere.

Anderea nor da? – Apaizak.

Hori ere ez dakit – mutilak berriro – ; bide osoan ez diot aurpegia ikusi; hasperenak, bai, entzun, maiz egin baititu, eta zinkurinak eta aieneak egin ere ditu, usu bai usu, bakoitzean arima joanen zitzaiola emaiten baitzuen. Ez da harritzeko, ez, guk ezer ez jakitea, nire laguna eta biok hauekin herenegun atzetik gatoz; bidean aurkitu ondorean, Andaluziaraino haiekin bat joaiteko eskaritu eta "limurtu" gintuzten, ondo oso ondo ordainduko zigutela eskainiaz.

Eta, haietako baten baten izenik edo entzun al duzue? – Apaizak atzera.

Ez, hori ere ez – erantzun zion mutilak – , denak isil-isilik dabiltza, hau bai harrigarri!; haien artetik ez da besterik entzuten, andere gaixoaren zinkurinak eta hipa zoliak baino, guri ere negar-eragingarri zaizkigunak; itxura guztiak direnez, guk uste, nora nahi doan ere, behartuta doa edo daroate; eta, janzkeratik, lekaimea edo lekaimegaia dela har daiteke susmoa, beharbada, gai da oraindik, eta, lekaimetzan sartzeko gogorik ezean edo, hain ilun doa.

Baliteke, izan – esan zion Apaizak.

Utzi zituen eta Dorotea zegoen lekura itzuli zen; hasperenak aditu zituelako, errukibera izanki, karatoxadun emakume harenaganatua zen, eta esan zion:

Zein gaitz duzu, ene andere? Ea, bada, ez ote den emakumeek sarri sendatzen duten horietako bat; nire aldetik, urgazteko hemen nauzula diotzut.

Andere gaiso-kuntza zuena isilik zegoen, eta Dorotea, behin eta berriz, joan bazitzaion ere, lagun-eskaintza eginez, beti hura isilik, lehengo zaldun aurpegibako ha berriro etorri zen arte (mutilen hitzetan esateko agindu eta erakiten ziena bera), eta Doroteari esan zion:

Ez nekatu, andere, horri emakume horri ezer opaz, ez du eskertzen bere onerako egiten den ezer, ez ahalegindu erantzunen baten eske, horren ahotik gezurra baizik ez.

Ez dut inoiz esan – iharduki zion une haretan isilik zegoen emakume harek – ; alderantziz, gezurrik ez eta beti egiatia izan naizelako, hain zuzen, nago nagoen harriabar honetan; eta honexen lekuko zaitut zu nahi, nire egia hutsak gezurti eta aizun zu egiten baitzaitu.

Kardenio, ondo-ondoan zegoenez, argiro bezain garbiro aditzen ari zen, On Kixoteren gelako atea tartean, eta belarrira orduko, oihu bat egin zuen, esanez:

Jainkoarren! Zer dut aditzen? Noren ahotsa dut hori, belarrira iritsitako hori?

Bihurtu zuen burua andereak oihuok entzunda, izu-lauorrian bezala, eta norengandikoak ziren ez igarriki jaiki zen, zutitu, eta gelara sartzera egin zuen; hau zaldunak ikusi zuen eta, tenk! geldiarazi, bertan trikatu zuen urratsik egiteke. Izuaren izuz eta asaldura haretan, aurpegiko estal-oihala erori zitzaion, eta bere begitarte eder-ederra ageri zen, bera bere osoan liraina baitzen, zurbila, hala ere, eta ikaratua. Ikaran begiak, hara eta hona soz, begiratu ahala bazter guztiak azterka, zoroaren begirada sutsu eta gartsu batekin. Dorotea eta beste ikusle guztiak txunditzeaz batera, jokaera honek , zergatik egiten zuen ez jakin eta, tamala eman zien. Zaldunak bizkar aldetik tinki lotua zuen, gogor oratuta, eta eskua askatu ezinik, ez zuen muxu-xarkoa goratu ahal izan, erortzear zuena, eta azkenean, erori zitzaion. Eraiki zituen Doroteak bere begiak, ikusi zuen gizon haren begitartea, eta bere senarra ezagutu zuen, On Fernando, den beste ere. Ezagutu eta bertantxe, bere barru-barruko erraietatik atx! luze eta hits bat aurtiki zuen, iraitzi zuen garrazki, eta aratinik erori zen, ahoa zabalik gora, zorabiaturik; Bizarginak besoetan hartu zuen, eta gaitz erdi, bestenaz, tanpa! lurra joko zuen. Heldu zen Apaiza berehala, erantzi zion aurpegiko estalkia, begitartea urez bustitzearren, eta ageri bezain laster, On Fernandok ezagutu zuen, beste emakumea estutzen ari zeino, eta hil hotzik antzo gelditu zen. Ez honegatik ere askatu zuen Luszinda, besoez lotua zedukana bera baitzen, oihuagatik Kardeniori antzeman ziona, beronek bera, zinkurin eta hipa, desleitu zuen era berean. Entzun zuen Kardeniok Dorotearen atx! hura, ondoezean eginikoa, eta bere Luszinda zela uste izanik, gelatik latzikaran irten zuen, izu-izu, ikusi zuen On Fernando, aurrenik, Luszinda besartean zedukala. Ezagutu zuten elkar, behingoan, ezagun eta hirurak, Luszinda, Kardenio eta Dorotea, zer gerta ote ez jakinik, erabat isilik, guztiz sor geldi ziren.

Dena isilik, denak elkarri begira, Doroteak On Fernandori, On Fernandok Kardeniori, Kardeniok Luszindari, Luszindak Kardeniori. Isilaldia urratu zuen aurrena Luszinda izan zen, On Fernadori honela zerauntsola

Utz nazazu, On Fernando jauna, zarena zarelako edo izan behar duzunagatik, beste begiramen bategatik ez duzu eginen eta, utz nazazu, nire harresira heldu nahi dut ni horretako huntza naiz, eta zure hisi, zure zemai, zure agintza, zure opari guztiek ezin izan dute ni horrengandik alderarazi. Begira nola, zeruak, bide zehar, bidexka oiher, guk ezagun ez ditugun eslaietan zehar, eraugi didan nire zinezko senarra aitzina, eta zuk badakizu, ehunka hastura nekagarriz geroztik, heriotza ez beste dela hori nire oroimenetik hastantzeko gai. Besterik ezin egin dukezu eta, izan bitez zuretzat nire erdeinu hauek guztiok zure maitegose hori amorru bihurgarri, zure nahikundea bilaka bedi narda, eta ken iezadazu horrekin bat eginik nire bizia; nire senar zintzoaren aurrean betiko galtzen badut, ondo galdutzat emango dut eta; nire heriotzaz, agian, azken hatsera arte ukan diodan kirmentasunaz gogobeterik geratuko da.

Bien bitartean, Dorotea bere onera etorri zen, eta Luszindak esandako guztiak entzun zituen, eta nor zen ezagutu zuen; On Fernandok askatzen ez zuela ikusita, beti besartetua, txintik erantzun ez, inki-minki jaiki zen eta haren aitzina belaunikatzera joan, negarrrez, malko ederrak zerizkion aldi berean, zera esaten hasi zitzaion:

Ene jauna, zure besoez ilunduta, eklipse eginda, dadukazun eguzki horren izpiek zure begiak iluntzen ez badituzte, lausotzen, eta are itsutzen, ikusi behar duzu, begiz jo dezakezu, zure oinetan belauniko nagoen honako hau, zuk nahi duzun arte zori onik bageko Dorotea dohabagea nauzula. Ni nauzu, bai, harako nekazari apal hura, zuk, zeure ontasunagatik edota nahikariagatik, zurea izaiteraino goi-mailaratu nahi izan zenuena; ni nauzu garbitasunaren mugen barruan itxita beti bizipozez bizi izan zena, harik eta, zure hisien hotsetara, eta, itxuraz zuzenak eta zintzoak ziren maite-nahietara, bere garbigoaren ateak ireki zizkizun arte, bere askatasunaren giltzak eman zizkizun arte; eskerraz ordaindu ez zenuen oparia, nagoen leku honetara erakarri nauena, azken beltzean, eta zu zerori ere horrela ikusteko unera iritsarazi nauen bera. Honela eta guztiz ere, ez nuke nahi bururatzerik zuri gerenaren gerendan zehar heldu naizenik honaino, bidexka likitsetan barrena honatu naizenik, ez, ostera, zure ahanzturak ekarri nau, zureganako oinazeen inda okerretan zehar ibiliz heldu naiz. Zeurea nahi izan ninduzun, eta orain zeurea ez izatea nahi baduzu ere, halako moldez nahi izan zenuen, ezen, orain, ezin daitekeela zu neurea ez izaitea. Begira, ene jauna, zureganako dudan nahikundea sari bat duzu, nire ordez hartu duzun horren eder eta mazalaren truke. Zu ezin izan zaitezke Luszinda ederrarena, neurea zitudalako, bera ezin daiteke zurea izan, Kardeniorena delako; hobe dukezu, errazago, honi begiratu eta maite zaituen hau honako hau maite izatea, higuindu behar zaituen horrenganako maitasunari eustea baino. Eskean etorri zintzaizkidan, eta ni erori, otoika etorri eta nik eman, eman nizun; bazenekien nire ontasunaren berri, badakizu nolatan utzi nizun neure burua, zure gogara: ez duzu zeure buruari ziririk sartzerik; hau honela bada, eta honelaxe da, izan, eta zu zalduna bezain kristaua bazara, zer dela eta luzatzen zara, berantzen zara, haserako zoriontsua bukaerako zoriontsu bihur nazazun? Eta naizenagatik maite nahi ez banauzu, zure egiazko eta legezko emaztea nauzun hau, har nazazu, behintzat, zure joputzat; zure menean egonez gero, ni zoriontsu izango naiz eta. Ez utz, arren, ni bertan behera utziaz, nire ohorearen gainean zurrumurru zein esames ibil dadin; nire gurasoek, zahartzaroan, ez dute horrelakorik merezi, ez dute horren sari txarrik irabazi, zureei egin izan dizkieten mesede zindoen ordain. Zure odola nirearekin nahasiz zikinduko duzula uste baldin baduzu, har ezazu gogoan ez dela edo guti dela munduan bide horretatik sortu ez den goikotasunik, eta, azken baten, emakumezkoen haritik ez dela ehuntzen, ohiz, etorki leinargirik; ben-benetako leinargitasuna, handikitasuna onbidetik sortzen dela har ezazu gogoan, gogona sorburu; eta gogo onik ez baduzu, zor didazuna ukatzen badidazu, ni zu baino handikiago geratuko naiz. Azkenik, jauna, azkenean hau diotzut, nahi eta nahi ez, ni zure emaztea nauzula: zure hitzak lekuko, gezur ez direnak, ez izan behar ere, ni ez naizenagatik zu zarenetik gutti erizten badidazu; lekuko zuk egin zenidan izenpea, lekuko zerua bera, zeuk lekukotzat deitu baitzenion zure agintza guztien. Eta hau bagerik ere, zure barren-gogoak ez dizu huts eginen, zure alaialdietan, beti egia hauen hotsetik eta atzetik itzuliko zaizu, zure bizipozaren urdurigarri nahiz arduragarri.

Hauek eta beste batzuk esan zizkion Dorotea mindunak, negarrez eta bihotzez, On Fernadoren lagunak, eta bertan zegozen guztiak, hunkitu zituelarik. Aditu zion, hitzik ihardesteke, On Fernandok, negarrari emanez amaitu zuen arte, eta hari errukituko ez zitzaionak burdinazkoa beharko zuen bihotza, haren min-aieska eta auhenen artean minberatuko ez zenik ez zen. Luszinda begira zegokion, haren ederraz eta urguriaz txundituaz gain haren minaz mindua; zerbait esan nahi zion, hurbildu nahi, poz poxi bat emaitearren edo, baina On Fernandok estu zedukan, besoen artean kateatua, tinki; harik eta, nahasi bezain izu, Doroteari soz sorgorturik antzo luzaroan egon ondorean, besoak zabaldu zituen eta Luszinda askatu zuen arte; orduan hau esan zuen:

Garaitu duzu, Dorotea eder horrek, azpiratu egin nauzu; horrenbeste egia baturi uko egitea ezin daitekeena da.

Luszinda erdi-zorabioak zegoela eta, On Fernandok jaregin zuenean, erortzear egon zen, baina hantxe Kardenio, On Fernandoren ostean jarria zen ezagut ez zezan, eta berehala Luszindari heldu zion, beldurra behingoz uxatuki, eta bere besoen artean hartu zuen, ziotsola:

Zeru errukitsuak opa eta nahi baldin badeza, zu ene andere eder, zintzo eta kirmen horrek atseginagaz bat atseden har dezazun, inon ez duzu ziurrago, nik uste, nire besootan baino, oraintxe behinola bezain adeitsuki hartzen zaituztenak, neronena izaiteko halabeharrak niganatu zintuen eta zaituenean.

Hau entzunda, Luszindak begiz jo zuen Kardenio, ezagun zuela ohartu berrixko, mintzoagatik lehenik, ikusteaz gero, eta, ia konorterik ez zuela, lotsa pittin bat galduxea nonbait, lepotik besarkatu zuen, musu eman ere bai, eta esan zion:

Zu bai, ene jauna, zu bai zarela zure gatibu honen jabea; halabeharrak nahi eta nahi ez badu ere, ene bizi hau, zemaiak zemai, zure bizian bermatzen da.

Ikusgarri zitzaien, bakan ere bai gutitan ikusia zelako, On Fernadori eta ondoko guztiei han gertatua. On Fernando zurbildu zela, marguldu zitzaiola aurpegia, eta Kardeniori erasotzera zihoala ohartu bide-zen, ausaz, Dorotea, eta eskua ezpatara zeramanean, belaunetatik lotu, besoez inguratu, eutsi zion estuki eta higitu ezinean geldiarazi zuen, negarrari utzi bage, esaten:

Zer egin behar ote duzu, nire babes bakar neurea, ustebageko istilu honetan? Zuk zeure emaztea zure oinetan dadukazu, eta emaztetzat nahi duzun hori bere senarreren besoetan dago. Jainkoaren izenean, arren bai arren, zu zarena zarelako, ez bedi sutu zure herra, nahibage nabarmen honen haritik, ezti bedi, bare bedi, aldiz, eta lasai antzean, bake barean izan zaitezela, hauek maitaleok ere, zeruak nahi izan bitartean, horrela izan daitezentzat; honetara, zuk zeure bihotz mazal eta beti argitsuaren zabaltasuna erakutsiko duzu, eta mundu guztiak ikusiko du, zure baitan irritsa baino nahiaren indarra indartsuagoa dela.

Dorotea mintzo zeino, Luszinda besarkatua zuen arren, Kardeniok ez zion begirik kentzen On Fernandori, zer eginen ote zain, inola ere, bere burua jagon beharrez, bizia galduko bazuen ere; baina, behingo baten, hara, hurbildu ziren On Fernandoren lagunak batetik eta Apaiza Bizarginarekin bestetik, han baitziren entzule, eta, noski, Santxo Pantza on-puxka hura ere hara zen. On Fernandoren inguruan, ziren guztiak baranoan, otoika hasi zitzaizkion, Dorotearen negarra haintzat hartzeko, egia zioela eta onar zezan esaten eta galdatzen zion guztia, berarengan ezarria zuen itxaropena zapuztu behar ez zuela eta ongi begiratzeko, agian zeruak hara bidalia zela, antzaz bederen bai, eta zeruaren nahia hain ezusteko leku haretan ororen biltzea; ohartzeko – gehitu zuen Apaizak – heriotzak ez bestek bananduko zuela Luszinda Kardeniogandik; eta, inoren ezpata-aho zorrotzen batek bananduko balitu, haiek heriotza zoriontsua izanen luketela. Bihotzaren zabala erakutsi behar zena ere esan zion, norberaren burua mendean hartuz, zentzuaren gain zentzu, ezin zuzenduzkoak direnetan, besteei euren gogora bizi izaiteko aukera eskaintzeaz, are zeruak berak horretarakoxe batu dituenean areago. Dorotearen edertasunari begiratzeko esan zion, inor guttiren bedintzekoa ez zena, eta polit eta apal eta maite minez mindua zena; eta, zaldun edo kapare zen aldetik, are kristaua izanik gehiago, hitza bete behar zuela oroitarazi zion, Goiko Jaunari on egiteagatik eta jende zuhurrari eder egiteagatik; bai Harek bai honek – erantsi zion – ederra dena, apalarren ere, behekoa izan arren ere, garbitasunaz lagundua, goiko mailara igoteko gai ohi dela badakite, handiekin handitzen dela bere ttikian zintzoa dena eta are handitzenago ere dela sarri bai sarri; eta handitzen lagundu ohi dion handikia ez dela horregatik behetitzen, inola ere; nahi zindoa indartsu denean, bekaturik ezean, ez da ezeren erruduntzat hartzen, gerta ala gerta.

Halaxe, bada, esaera hauen gainean beste batzuk, hainbat eta halakoak, ezen, azkenik, On Fernando bulartsua (odol garbiko gizona izanki) beraxtu zela, eta egia haren azpian xamurtu zela, ezin ukatu baitzuen nahita ere; amore eman zuen, beraz, bigun-bigun apaldu zen eta honen ezagugarri Doroteari egin zion laztana izan zen, besarkatu zuen, ziotsola:

Jaiki zaitez, ene andere; ez da zuzena nire oinetan belauniko egoitea nire arimaren barruan dudana; eta orain arte diodan hau agerira azaldu ez badut, beharbada, zeruaren aginduz egin dut egin ez dudana, agian hala behar zen, zure maitasuna ondo ikertuz gero, nik zu, merezi duzun heinean, maitatzen ikas eta jakin nezan. Ez egin niri horregatik ahakar, ez egin ateleka, otoi, axola guttiz jokatu badut, behar-ez-denkerian ibili banaiz; neuretzakotu nahian bultz egin zidan indar eta gurari berak, ni zeure ez izaiteko saka egin zidan. Egia dela ikusteko, begira, so egiozu, begiz begi, orain betargi dagoen Luszindari, hortxe, begi horietan, nire oker guztien aitzakia. Beronek maite zuena erdietsi eta eskuratu badu, ni zuregan gogoa bete didana aurkitutakoa nago; bizi bedi bera, anitz urtez, zoriontsuki, bere Kardeniorekin bat; nik, neure Dorotearekin bizi ahal nadin, zeruari otoi eginen diot.

Hau honela esandakoan, berriro besarkatu zuen, musuz musu laztan egin zion, guztiz amoltsuki, eta negar-malkoei eutsi behar izan zien, bere maitasun eta garbaea berretsi nahiz bezala begipean behera isurtzen hasiak baitziren. Luszinda eta Kardenio, berriz, negar baten, eta bertan entzun-ikusle zegozen guztiak ere berdin, batzuk euren pozarren poz-malkoak zerizkiela, bestetzuk besteen pozarren, begi guztiak negar-iturri ezbehar gaitzen bat edo gertatu bailitzaien. Santxo Pantza bera ere negar egiten ari zen, baina, geroago esan zuenetik badakigu ez zuela negar egiten Dorotea uste zuenaz beste bat zelako baizik, Mikomikona erregina zelakoan hainbat mesede, sari edota opari eskain eta emanen ziola uste baitzuen, bete-betean uste, baina azkenean, tati! Negarraldi luzea izan zen, eta, gero, Kardenio Luszindarekin On Fernandoren aitzinean belauniko jarririk, eskerrak emaiteari ekin zitzaion; ez zekien zer erantzun honek eta jaikiarazi zituen, besoen artean hartu eta, lege handiz, maitekiro, estutu zituen.

Nola ote zen halako leku, bere herritik hain urrundua zen haretara, iritsia, galde egin zion, gerottoago, Doroteari. Labur antzean, beti zuhur, hitz zehatzez, azaldu zion, lehenago Kardeniori jaulki zion guztia; eta On Fernando ez ezik bere beste lagun guztiak ere entzutean atseginez harrotu ziren, entzunago eta gehiago nahi, luzeago nahi: hain zen alaigarria Dorotea bere jazoerak "artazuritzen".Ahitu zuen, atzenean, ipuina, eta, On Fernandok hitz egin zuen, zer gertatu zitzaion jakinarazi zien, Luszindaren golko barruan, paparrean esateko, paper hura aurkitu zuenetik; dakigunez, orduan jakin zuen berak Kardenioren emaztea zela, aitor-agiri modukoren bat baitzen "ingi" hura, eta ezin izan zitekeela berea. Ero nahi izan zuela esan zien, hil nahitua zela, eta egin eginen zuela, gurasoek eragotzi ezean; etxetik haserre gorrian, zitalak hartua, irten zuela aitortu zien, aspertuko zitzaiona buru-bihotzean sartuta; beste egun batean, Luszinda gurasoenetik alde egina zebilelakoa belarrira heldu zitzaion, tzitzi-pitzi, eta inork ez zekien nora joana ote zen berririk emaiten; hara, baina, il batzuen buruan, lekaimetxe batean zegoenaz jakinaren gainean jarri zen. Bizitza osorako omen, eta jakin zuen bezain arin, hango hiru zaldun haiek lagun harturik, zegoen tokiratu zen, inori deusik esateke, noski, beldurrez eta, bera harantz zihoala ohartu balitz inor, monasterioa zaintzeko jagole gehiago ipiniko ote zuten. Iritsi zen, bada, noizbait, egun betea itxaroten egon zen, atea ireki artean, eta, lagunetarik bi atezain utzita, bera beste batekin batera Luszindaren "xerka", bila alegia, sartu zen; lekaime batekin solasean gorapean ediren zuen; atzeman zuen, brast!, besterik ezean, eta eraman zuen handik; gero, egoki zen leku batera eraugi zuen, urrundik ekarri behar ez eta, lekaimetxe hura herritik at, landaren erdian zegoelako, istilu handirk bage egin zuen. Esan eta esan ari zen, eta Luszinda zentzua galdurik egon zela esan zien, bere esku zegoela ikusi zuenetik hara, eta bere onera etorri zenean, negarrari eman, zunkurin eta hipa, besterik egin ez zuela esan zien; tutik esan ez, beti isilik eta malkoz bustia, txiriboga haretara iritsi ziren arte. Azkenik, zerura iritsiak zirelako ustea zuela esan zien, lurbiran ohi diren arazo eta jazoera guztiak azkentzen diren lekura, hain zuzen.