Bere gaiari jarraituz, honela hitz egin zuen On Kixotek:
Ikaslearenak ekusteko bere dirurik eza eta honen ondorioak ikertuz hasi gara, ekus dezagun orain ea gudaria aberatsago ote den. Txiroetan txiroagorik ez dagoela ekusiko dugu, bere gudasari pixarrari lotua dago eta zer dute hau ezereza baino areago? berandu iristen dena edo behin ere iristen ez dena; edota han-hor-hemen bere esku luzez harrapatzen duenari dago, bizibidea aurrera atera nahian bizia galbidean ezarriz eta are bere "barrenatsa" arrisku bizianago emanez. Jantzi-has ibili ohi da usu, hala-hola jantzita bederik, larruzko txamarra argal bat atorratzat edo antzera; negu-neguan, beltz ala gorri, landan lur gorriaren gainean dagoelarik ere, eguraldiaren haserreari aurka egiteko ahoari darion arnasa besterik ez ohi du, eta berau ere, leku hutsetik datorrenez, nago, hotzik ote datorren, nahiz eta berez beroa behar arnasak. Orain, bada, egon, gaua etorri arte, galdutako indar guztiak berritzekotan, zain-zain duen ohean sartuko da, hobe ustean, mehar-aitzakiarik ez du oheak, nahi adina oinbete, bai zabal bai luze, areagotu ahal baita, lurraren gainean; nahi beste bira, ipurdiz gora edo ipurdiz behera, egin ahal du, maindireak zimurtuko zaizkion beldurrik bage. Helduko da, bada, noizbait, horiek guztiak horrela direlarik, bere bizibideko iharduera-maila irabazteko eguna, eta ordua, borroka-eguna alegia, eta hantxe ipiniko diote kaskoan mortxila, hari-xortaz egina, bala-zauriren bat sendatu ahal dezan, beharbada garuna alderik alde, lokiaren ondotik, zeharkatu duen bala, edo besoa elbarritu diona, edo zango bat eten diona. Eta honelakorik gertatu ez eta ere, zeru bihozperak onik eta bizirik ateraraziko balu, lehengo txiro bera bihurtuko litzateke, berriro, eta atzera borroka egin beharko, behin eta berriz, eta orotan garaitzaile beharko du, azkenik, ezertan aurreratu nahi badu, baina honelakoxe miraririk oso guttitan ekusi ohi da.
Alabaina, jaun-andereok, esaidazue, horretaz ohartu baldin bazarete, askoz ere gutiago ez al dira guduan sarituak bertan hildakoak baino? Ezpairik ez dago, alderatzerik ez dagoela erantzun behar duzue, neurtzea alperrik dela, hilak ezin zeinbatu eta bizirik sariztatuak izan direnak, ostera, hiru hizkidun zeinbakian batzea balegoke. Hizkizaleen artean hau alderantziz izan ohi da; hauek guztiok, eskuera egokian, esku-luzeka ari bagerik ere, bizigaia eskuratzen dute; honela, bada, gudariaren lana larriagoa den arren, askoz ttikiagoa saria. Bi mila "letradu", edo buru-langile, sariz apaintzea errazago da, bai, erantzun daiteke, hogeita hamar mila gudari baino, saritu ere, bere bizibideari dagokion ekairaren bat eman hutsez sarituta geratzen baita "ingien" artean lan egiten duena, besteak, aldiz, beren buruzagiaren ondasunetik izan ezik ezin saririk jasoz geratzen dira, inondik; hona hemen bada, ezin honek nire arrazoia indartzen du. Utz dezagun, bizkitartean, hau alde bat, irteera bihurriko galmendi nahasia denez, eta itzul gaitezen lehengo harira, iskiluak hizkien gainetik gailentzen direlako gardira, zeren hau, oraingoz, ikertzeke baitago; bakoitzak bere aldetik dakarren eritzia bana eta berea du, eta esaera den bezala edozeinek edatostean bere gardia dio, eta esandako batzuen artean, besteak beste, hizki bagerik iskilurik ezin erabil daitekeena da bat; guduak ere bere legeak dituela diote, legeok mugatzen eta lotzen dutela, eta, jakina, legea beti legegileen eskumenean dago. Hitza legea da. Iskiluek ihardetsiz, zera diotsote hitzari, beraiek bagerik ezin zutik iraun dezaketela legeek, zeren, iskiluen bitartez zaintzen baitira leterriak, erresumak iraunarazten, hiriak jagoiten, bideak begiratzen, itsasoak ontzi-lapurrez xahutzen eta, azkenik, beraiek bagerik, leterri, erresuma, erregetza, hiri, itsas edo lehorreko bide guzti-guztiak beti nahas-mahas, katramila eta iskanbila, liskar eta gatazka egonen liratekeela; guduak, diraueino, darakartzanak baitira horiek guztiak, guduak bere legeak eta indarrak erabiltzeko baimena berea duenez gero. Neke denak jaso handia duela jakina da, hots, zeinbat eta nekagarriagoa den eginkizunari hainbat eta gora handiagoak emaiten zaizkiola, eta holaxe behar ere du. Hizkigintzan inork, gailen izaitera heltzeko, beta du beharren, baraualdiak luze, gosea lagun, jantzia argala, burua maiz txoro, urdailean jatondo gaixto asko, eta beste honenbestekotsu zer batzuk ditu, lehenago, gutiz gehienak, aipatuak; alabaina, gudari ona izaitera, nor bere bidetik helduz, hori eta hainbat gehiago eraman behar du, zor eta lor, ikaslearena baino askoz areago, ez dago hurbiltzekorik ere, zeren, txitean-pitean, bizia galtzeko men-menean gertatzen baita, hil aginik noiz edo noiz. Eta, zer du beldurtzen, bere txiroan, edo behartsu den aldetik, ikaslea, zer du nekatzen, zer akitzen, gudariak beldurtzenago ez duenik, nekatzen eta are akitzenago ez duenik, nonbait etsaiez inguraturik dagoenean, zaintzaile ernea behar duenean, gaztelu-harresien begirale zorrotza denean, edo zaldunen baten jagole ibiltzean? ; etsaia begiz begi ekusten du eta arerioaren begietan Herio agertzen zaio, eta ezin du alde egin, inondik inora, ezin dio bertatik bertara datorkion zemaiari ihes egin. Bere buruzagiari gertakizunaren berri emanen dio, ez du besterik egiterik, ea azpi-lanen batez eraztu edo nolabait antzakatzen duen, berak hor bere horretan dirauen bitartean, zain, noiz hodeietan goiti hego bagerik igoaraziko zain, edo noiz su-lezerik sakonenera, nahi ezik, jaitsaraziko zain. Eta inork honi arrisku ttiki baleritzo, ekus dezagun ea berdina ote den edo handiagoa, itsaso zabalaren erdian bi gudontzik, brankaz branka, elkar joiten dutenean; jo eta bertan josita bezala, nahaspilatuak, eta gudariak ez du beste lekurik ontzi-musturreko oin biko ohola baino; eta, honela ere, hortxe dihardu, Herioren hainbat "ministro", hainbat morroe aurrez aur zemaika ari zaizkion arren, aurreko ontzian artez-artez eta hurretik begira dituen kainoiek hola dirudite, bada; eta hortxe dirau, danba-danba, nahiz eta takada baten oinak trango egin eta Neptunoren golko sakonera jaitsiko litzatekeela jakin; honela eta guztiz ere, hortxe daragoi, jo eta ke, bihoztun, ohore-egarriak bultzatua, arkabuz askoren jomuga, itu delarik, aurkako ontzira jauzi egin ahal izaiteko dagoen "mehakan" barrena sartzeko gogo biziarekin. Eta miresgarriena, berriz, hau: bata jausi da, munduaren azkena arte jaikiko ez denera erori da, eta, berehala, beste batak hartzen du, haren ordez, lekua; eta hau ere etsai duen itsasoan eroriz gero, beste bat eta beste bat jarriko dira ordezko, Heriori astirik eman bage, ozta-ozta: hauxe bai dela gudako kinka guztietan ausardia eta zangartasunik gaitzena aurkitzen denekoa! Bedeinkatuak antzinako mende haiek oraingo kainoi-tramankulu txerrendu hauen sumin izugarria ezagutu ez zutenak; nago, hauen asmatzaileak irabazi duen ordaina inpernuko sutan jasotzen duela, bere deabruzko asmakariaren sari. Tramankulu hau eskuan, edozein beso koldar-zitalak zaldun bihotz handiko bati bizia kendu ahal dio; nondik eta nola ez jakinki, bular bihoztuna, gementsu eta grinaz bizkortuenik ari denean, bala arlote bat heltzen zaio, eta bat-batean, jo eta sast!, menderen mende bizi nahi zuenaren buruarekin bizia bertan mozten dio; -eta aurtiki zuenak, hurrean, "hanka" eginen zuen, ikaraturik, noski, bultzailuak joiteaz bat piztu zuen suak eginiko istoaren beldur-.
Honetaz gogoeta eginik, damu dut, bai, esatekotan nago, zaldun ibiltariaren ihardukuntzan sartu izana, bizi garen garai nazkagarri honetan; izan ere, ni ez nau izutzen ezein arriskuk, baina, oraindik kezkati jarten naiz, sutautsak edota ziraidak ez ote didaten, lurbira osoan, nire beso indartsuaren gemena eta nire ezpatararen zorrotza direla bide, guztien ezagun eta orotan ospetsu bilakatzeko aukera kenduko. Egin beza zeruak nahien dakiona; azken baten, nik ere gora handiagoak jasoko ditut, asmo dudan guztia burutuz gero, joandako gizaldietan zaldun ibiltariek gainditu zituzten galzori haiek baino are larriagoen aitzinean burua jokatu baitut.
Hitzaurre luze hau egin zuen On Kixotek, ahamentto bat ere ahoratu bage, besteak abaltzen ari ziren bitartean; Santxok abaltzeko esan zion, behin eta behin, gero ere nahi zuen guztia erraiteko astia izanen zuela eta. Entzun ziotenak urrikaldurik geratu ziren, halako gizona, ahotan hartzen zituen gai guztietan hain zentzudun eta buruargi, antza, agertzen zena ikusita, ezin ulertuaz nola gal zezakeen erabat burua, bere zalduneria beltz iluna aipatu orduko. Apaizak xuxen zegoela esan zion, iskiluen alde esandako guztian, eta bera ere, hizkigizon eta graduduna izanagatik, eritzi haretakoxea zela.
Abaria bukatu zuten, zamaua eta mahaia jaso, eta etxanderea, alaba eta Maritornes' On Kixote Mantxakoaren ganbarako etzangua antolatzera joan ziren, bertan gau haretakoa emakumezkoek bakarrik eman zezaten hautatua zutelako; bitarte horretan, On Fernandok gatibuari bere bizimoduaz galde egin zion, aurreneko itxurak zirenez behintzat, Zoraidarekin batera etorriaz eta, ezohikoaz gain bakan eta bitxia izanen zelakoan edo. Gatibuak gogo onez jaulkiko ziola adiarazi zion, beldur zela, baina, bere kondairak emanen ote zienetz nahi adinako atseginik; honela eta guztiz ere, agindua betetze alde, dena zehatz-zehatz eralgiko ziela. Apaizak eta gainerakoek eskerrik asko eman zioten, eta, berriz ere, mintzatzeko eskatu zitzaizkien; hango denak berari arrenka, eske eta eske, ikustean, halako erregu beharrik ez zela esan zien, aginte indarra aski zenean.
Begoz, bada, guztiok zurt, eta egiazko autu bat entzungo daue, gitxi-gitxi ez legezkoa, guzurtiek hala edo hola asmetan izaiten dituen baino askoz belarri-betegarriagoa. Danok ulertu ahal izaiteko han-hor-hemengo berbak edo hitzak hartuko ditut, ikasita nago eta.
Ondo jarteko esan zien eta isilez entzuteko; hala egin zuten eta berak hala ikusi ondorean, ahots gozo-astitsuz, honela hasi zen mintzatzen