On Kixote Mantxako

43. atala

Txiribogan zegozela gertatu beste jakingarri batzuk eta mandamutilaren kondaira jaulkitzen dituenekoa.

Maitez naizen marinela
itsasoz itsaso maitez
jitoan, oi! nabilela
banoa porturik bagez

Ortzian dut nire izarra
hari joan noakio
urrundik eder iparra
hurbil ahal banakio!

Noraezean narama
urak eramanka legez
bide galduan arima
bezain galdurik noanez

Harresi gaitza du lotsa
ohiz gaineko garbia
hara! zelako hodeitza
sarri duen estalkia

Oi ene izar argitsu
gau itsaso beltzean
ni hila naun maitez itsu
hire argia hiltzean

Kantaria honaino heldurik, Dorotea, hain ahots ederra entzuteke geratzeari tamalgarri eritzita, Klara iratzarri beharrez hasi zen, batera eta bestera inarrosten, eta esan zion.

Barkatu egidan, neskato, iratzartzea, baina entzun dezanan egin dinat, agian hire bizitza osoan inoiz entzun dunan ahotsik ederrena entzuteko atsegina ukan dezanan.

Klara esnatu eta erdi-lo zetzan, Doroteak zer ziotson lehenbizian ulertu ezinik, eta galdetzera irauli zen; berresan zion eta adi entzuten jarri zen. Kantaria aitzina zihoan eta bertso bi entzun orduko, ikaran hasi zen, sukarren batek joa balitz bezala, eta Doroteari besartez atxekita, estu itsatsi zitzaion, zioela:

Ai, ene arimako eta bizitzako andere! Zertarako iratzarri nauzu? Hobe nuen, hagitzez, oraino zori hobean, begi-belarriak itxita, ondikozko musikari horri ez entzutea.

Zer dion, neskato? Kantaria mandamutila ei dun, dirudienez.

Leku askotako mutila baizik ez da – erantzun zion Klarak – eta nire ariman badu leku bat, oso bere, eta berak hutsitu nahi izan ezean, bere ukanen du betiko.

Harritua Dorotea horrelako hitzak entzunda, neskatxaren adin ttikiari zegokion baino zuhurtasun handiagoaren erakusle zirela eritzirik, eta, honela mintzo zitzaion:

Ezin ulertzen dinat, Klara, horrakoxe hitzik: argitu egidan, izpi bat, ea zer dion arimaz eta lekuez eta musikari horretaz eta, horren entzute hutsaz urduri jartzeko. Egon, baina, ez esan ezer oraindik; hain xaramela gozoazko belarrien atsegina ez dinat lorrintzerik nahi, hire urduriaren nondik-nora joatearren, berriz ere bertso berri eta doinu berri hasi bide-dun eta.

Ongi hola – erantzunez Klarak.

Ez entzutearren eskuez belarri biak estali zituen, Dorotearen harridurarako; adi, beraz, berau entzuten, eta abestia honela zihoan:

Oi ene Itxaropen
Itxaropen biziki gozo neurea
ni aitzina joaiten
beti ondoan dudan lagun maitea
hator berriro hator
ez ni bakarrik utz Herio baletor

Ez da nagirik goian
ohoretan inoiz garaipenik ez du
ez auherra sasoian
halabeharrak hartu ohi du estu
Burua du ahula
gogor egiten ez dionak sekula

Maiteak beti behar
garesti saldu, noski, bere oihala
indan zeharrez zehar
mendi gaitzetan igoiten den bezala
orduan maiteago
zeinbat eta galda dezan areago

Lehian maitez beti
ekinez lortuz ezinaren egina
nabil goiti-beheti
sasien gainetik gaindituz ezina
hodei azpitik noa
zerura bila: maitea dut asmoa.

Isildu zen ahotsa, negar hipaka berriro Klara, eta Dorotea jakin-mintsuago, zer zela eta hain lelo gozo-eztia, zer hain zinkurin hitsak; atzera galde egin zion, haregatik, zer esan nahi zuen. Klarak, orduan, Luszindak entzunen zion beldurrez antxean, Doroteari besarte estuan itsatsi zitzaion, ahoa belarri ondo-ondoan, eta beste inork ez entzuteko eran jakinarazi zion:

Kantari hori, ene andere, Aragoi erresumako kapare baten semea da, bi lurralderen jauna aita, Errege-hirian nire aitaren etxe ondoan bizi zena; nire aitak leihoak beti itxita zituen, neguan ehunez udan oihal-sarez, alabaina, nik ez dakit zer zela edota zer ez zela, zaldun horrek ikusi ninduen, ikasle zelarik artean, ez dakit non ikusi elizan ez bazen beste inon, azkenik nirekin maitemindu zen; eta bere etxeko leihorean jakitera eman zidan, keinu eta negar, asko eta nolakoak bestalde, eta neuk sinetsi behar, areago, zer nahi ote zuen jakin aurrez maitetsi ere halaber. Besteak beste, esku-imintzio bat, esku bata bestearekin biltzea, egin ohi zidan, nirekin ezkonduko zela edo adiaraziz; eta ni pozez, noski, ama bageko umezurtz eta bakarrik izanki, baina nori esan edo norekin antola eginik ez nuen, eta hala utzi nuen, aurrerakorik ez eta deusik ez; nahiz eta, nire aita etxetik at eta harena ere kanpoan, ehuna edo leiho-sarea goratzeaz, nire neu osoa erakutsi, eta ez zen ttikia harek hartzen zuen poza, egin ohi zuen "jaia", txoro antxean. Nire aitak handik joan behar izan zuen, harek jakin ere bai, ez zuen niregandik ikasi hala ere, inoiz esaterik ukan ez bainuen. Gaisotu zen, eritu, tamalaren tamalez nik uste, eta bertatitu ginen egunean ez nuen ikusteko aukerarik izan, begiez baino ez bazen, agur egitearren behinik behin. Ibili eta ibili eta bigarren egunean, hemendixe egun batera dagoen ostatu baten, hara non, arrotzetxeko atean ikusten dudan, mandamutilez jantzita, eta eskerrak nire ariman haren irudia nekarrela, osterantzean, halako janzkeraz, nik ezagutu ez inola ere. Ezagutu nuen, bada, balditu nintzen, txunditu nintzen, poztu nintzen; begiratu ninduen, nire aitaren ostetik, beti ostenduz ibiltzen baita aitarengandik, bai bideetan nire aitzinetik iragotean bai iristen garen ostatuetan, eta nik nor den badakidalako, eta nire atzetik maitez datorrela uste dudalako, oinez eta nekez etorri ere, bihozketu egiten naiz, bihotza hiltzen zait, eta harek non oinak ipini bertan nik begiak. Ez dakit zein asmorekin datorren, ez bere aitari nola egin dion ihes, beronek oso maite baitu, beste ondoreangorik bagez, eta berak ere ondo merezia baitu, zuk ikusten duzunean igarriko duzun bezala. Gehiago esanen dizut: kantatzen duen guztia bere buruan sortzen du, entzun dudanez, ikasle-olerkari handia da eta. Are gehiago: ikusten edota kantari entzuten dudanean, lurra ikaratzen zait, guztiz urduritzen naiz, aita neureak ezagutuko ote duen eta gure arteko nahikariez jakinaren gainean jar beldurrez. Ez diot egundaino hitzik egin, honela eta guztiz ere, maite dut, bera bagerik bizi ezin naitekeen maitasunaz. Hauxe, bada, ene andere, pozgarri izan zaizun ahots horren jabe den musikari horretaz esan diezazukedan guztia; hotsa ez du, aditzea duzunez, mandamutilena, zuk diozun arauera, arimaren eta lekuen jabe baita, izan, nik esan dizudana legez.

Ez gehiago esan, Klara – Doroteak musuka eta musuka ari zitzaion bitartean esan zion – ; itxadon eguna argitu arte, Jaungoikoa lagun hire nahitasun horiek arteztuko ditinat, hasera zintzoa izan duenak honelakoxe bukaera zoriontsua izan dezan.

Ai andere! – Klarak harzara – zelako bukaera izan liteke, aita zaldun handi eta aberats izanki, ez baitio on eritziko, ez eder ez zuzen, ni neu semearen neskame izaiteari baino, ez inola ere emazte? Eta, bestalde, ni neure aitaren ostean ezkondu, ez; munduan dagoen guztiaren truke ere ez dut eginen. Mutila gibelera itzultzea hoberena dut, ez nuke besterik nahi, eta ni bertan uztea; agian, ez ikusteaz eta bide luzez urrunduz geroztik, orain dudan bihozmin hau sendatuko zait, nahiz eta sendagailu honek zinez onura gutti erakarriko didala uste izan. Ez dakit hau guzti hau nondik-nora heldu zaidan, non sortu ote zaidan diodan maitasun hau. Ni bezala hura ere gazterik, nire aitarengandik dakit Done Mikel egunean hamasei urte beteko dudala, eta adinkide garelakoa dut.

Doroteak irribarre egin zion, hain neskato-hizpide hura entzunda, eta esan:

Gaua argiak laster urratuko din, bai, eta har dezagun atseden, andereño; egunduko din Jaungoikoak eta onduko gaitin, edo bestela eskuok gaizki ibiliko ditin, bai.

Baretu egin ziren, ostatu etxe osoa isilpean, itzarririk zegozen bakarrak, txiriboginaren alaba Maritornes neskamearekin, biok On Kixotek nondik egiten zuen herren bazekiten eta, etxetik landan zaldiaren gainean iskiluz jantzia zaintzan zegoela, iseka egitea erabaki zuten, edo, haren zentzugekeriak entzunaz, bederen, astia pixka bat goxagarritzea.

Etxe guztian ez zegoen landarako leihorik, lastategiko zulo bat besterik, galtzua-eta kanporatzeko. Zulo honetan jarri ziren, eta On Kixote zaldian, aztatzarraren gainean erraskail, erdi-etzanik antzo burua zeharkatua zegoela ikusi zuten, eta, txitean-pitean, zinkurinezko hasperen sakonak, arima erauzi behar bazioten antzera, egiten zituela ohartu ziren. Noiz edo noiz, ahots ezti, xamur, amoltsuaz honela esanez:

Oi, ene andere Dultzinea Tobosoko, edertasun guztien gaina, zentzu onaren goiena, liraintasun onenaren kutxa, zintzotasunaren altxorra, eta, azkenik, lurbiran den ongarri, ohoregarri eta gozagarri guztien asmo eta xede! Zer eginen ote duzu orain? Izaiten al da zure buruko oroimena, zori onean, gatibu duzun zaldun honengan jarria, zure zerbitzurako, nahita, hamaika arriskuri aurka gogor egin dion zaldun honengan? Erraidazu zerbait, haren berri zeinbait, oi hiru aurpegiko ortzi-argi! Haren argiaz bekaitz ote zu, argizagi, hari begira, ha bere jauregi apain okituetan, ezkaratzez ezkaratz, zutibilian dabilen bitartean? edo, baldinetan, balkoi baten barandan bularrez jarrita, gogoetan al dago ea nola zaindu bere deduaz batera handitasuna, nola eztitu behar duen beragatik nire bihotz bera honek, bigun honek jasaiten duen ekaitza, nola nire minari gozorik eman, nola behar duen nire atsebagea atsedenarazi eta, atzenengoan, nire heriotzari nola emanen dion bizia, nire nekeei saria. Eta zu, eguzki, dagoeneko, hurrean, zure zaldiak zelatzen ari zaren hori, goizean goizik jaiki eta nire anderea ekustera jalgitzearren, ekusten duzunean, otoi, agur egiokezu niketz; baina kontuz, gero, ekustean eta agur egitean, begitartea alaitzeaz, ez eman bake izpirik aurpegian; bestela, ni zure bekaitz izanen naiz, zureganako espatsu, zu zeu ere izan zinen bezala Tesaliako zelaietan barrena harako eme eskergaizto kaskarin harengatik, izerditan lasterka ibili behar izan zenuen haretan, edo Peneoko ibarretan zehar, espaz beterik eta maitez mindurik, ez dakit orain norengatik lasterkatu zinenean.

Honakoxe zinkurinetan ari zen On Kixote, ordukoan, eta ostatuko alaba, horma-zulorean, izt! hots egiten hasi zitzaion, esanez:

Ene jauna, betor hona berori, atsegin badu.

Hots eta esku-imintzio haietara bihurtu zuen burua On Kixotek eta, ilazkiaren argiz, argi betean baitzegoen, leiho zirudien zulotik deika norbait ikusi zuen; urrezko hagak zituen leihoa iruditzen zitzaion, noski, harako zuloa, gazteluetan ezin bestelakorik eta; txiriboga gaztelutzat hartua zuen, eta, une haretantxe, bere oroimen zoroan, beste behin, lehengo baten bezala, halako neska gazte ospetsu gazteluko anderearen alaba irudikatu zuen, bere maitasunaz garaitua berriro deika ari zitzaiona; buru barruan hau eta, gizon legezkoa zenez, eskerronekoa eta ez gaizki-ikasia zenez, Rozinanteri hedetik ten egin zion, bihurrarazi eta zulo aldera hurreratu zen; neska biak ikusi zitueneko, honela hasi zen mintzo:

Tamalez, andere eder, ezinezko dut berorrek, galant bezain bihotz bero den heinean, irabazia duen arauera erantzutea, ezinarengan ezarri baitu maitasun-nahia; ez du zertan errua egotzi honen zaldun ibiltari honen gainera; izan ere, Maitasunak lotu zuen, bai, behin, begiz jo zuen lipar berean bertan bere arimako andere guztizko eta betiko egin zuen harixe eta ez beste inori bere burua emaiteko. Barkatu begit, andere zintzo, eta sar bedi berori berorren logelara, ez dut eskergaizto agertu nahi eta utz bertan berorren nahikundea adiarazteari; nireganako maitasunaz gain, maitasuna ez den besterik nahi baldin balu niregandik erdietsi, eska bekit; zin dagiot, urrun dagoen ene etsai gozoagatik, lortuko diodala, hala Medusaren adatseko ile bat eskatu, suge zirenak haiek, nola eguzkiaren izpiak, andel batean bilduak, eskatu.

Horren beharrik bat bere ez dau nire andreak, zaldun jaun – esan zion Maritornesek.

Zer behar du, bada, zure andereak, neska gurbil hori? – On Kixotek galdez erantzuten.

Berorren esku bigunetako bat baino ez dau gura – Maritornesek berriro – zulo honetara ekarri dauan nahikunde handia asetu nahi dau horrezaz esku horrezaz; ez dau honagino heltzeko arrisku txikerrik hartu, ez, ohorerako, bere aita jaunak susmatu baleu, handienik, belarri bat adinako zati eginda utziko zeukean eta.

Hori ekustekoa dut nik! – erantzun zion On Kixotek – Horrelakorik egitetik begiratu beharko du bere burua, inoiz munduan aita batek izan duen amaierarik ondikozkoena nahi ez badu, bere alaba maiteminduaren soin uxterrean eskuak ipiniz gero.

On Kixotek eskaturiko eskua emanen ziola-eta zegoenez, Maritornes, bere asmoa buruan, zulotik jaitsi zen, zaltegira joan zen eta Santxo Pantzaren zamariari buruhala hartu zion, itzuli zen iradu zulora, eta On Kixote Rozinateren gainean zutiturik jarria zen; urrezko hagadun leihora iritsi nahi zuen, jakina, bertan, bere irudikoz, neska zauritua zegoenez, eta, eskua emaiterakoan, esan zuen:

No, eutsi, andere, esku honi; edo hobeto esatearren, lurbira guztiko gaizkileen borrero honi: eutsi, diotzut, eta har ezazu esku hau, beste ezein emaztekik ukitu bagekoa, nire gorputz osoaren jabe den harexek ere ukitu ez duena. Ez damaizut mun egiteko, nolako esku zaila den iker dezazun baizik, ekus kirioen moldaera, giharreen sendoera, zainen lodi-zabalera; ekus eta ikas honetatik zer-nolako indarra ukan ahal duen honelako eskua duen besoak. Oraintxe ikusiko dogu – esan zion Maritornesek.

Uhalari korapilo egin zion, saltorapilo antzeko begizta bat, eskuturrean lotu zion, jaitsi zen zulotik, beste musturra lastategiko ate-maratilari "bilur" eginaz estekatu zuen, tinki, eta, On Kixotek, bere ukaraian sokaren lakarra sumatu zuenez gero, esan zuen

Ferekatu beharrean, eskua marruskatzen didazula iruditzen zait, andere; ez horren lakarkiro har, ez du eskuak errurik nireganako nahiak egin kalteaz, ez da zuzen zure haserre guztia horren zati ttikian apentzea. On nahi duenak ez du txar egiten.

Inork entzun ez, ordea, On Kixoteren hitzok; Maritornesek lotu eta gero, barrez lehertu beharrez neska biak, bertan estekaturik askatu ezinean utzi eta alde egin zuten. Hala zegoen, bada, esandako eran, Rozinanteren gainean zutik, beso ia osoa zuloan sartuta, eskuturra maratilarekin uhalaz loturik, eta beldur handiz, zeren, Rozinantek zirkinik eginez gero, hara nahiz hona eginez gero, batera zein bestera, besotik zintzilik geratuko baitzen, dingilizka; halaxe beraz, ez zen xirri batto ere egitera ausartzen, para-para ere ez; Rozinante bere izaitez geldi-geldoa zen, egonarri handikoa, eta gizaldi oso bat geldi-geldi egon ahal zitekeena. Azkenean, neskak alde eginda, bera lotuta, berriz ere sorginkeria edo aztikeriaren baten bidez gertaturikoa zela irudikatzen hasi zen On Kixote, beste lehengo haretan bezala, gaztelu ustezko haretantxe mandazain itxurazko mairu sorginduak ukabilka jipoitu zuenean; bere zuhurreza, adimendu urria, madarikatzen zuen, lehengo haretan hain gaizki jota irten zuenaz geroztik nolatan sartu ote zen bigarrenez gaztelura; gainera, zaldun ibiltarietan jakina ei da, ezen, nor jazoera edo borroka batera sar eta gaizki irteitea beretzat egoki ez zen ezagugarria dela, beste batentzako bereziki utzia dela, eta ez du bigarrenez saiatu beharrik. Honegatik ere, besoari ten egiten zion, ea jaregin, eta ez, gogorki loturik zegoen eta ahalegin guztiak alperrikakoak ziren. Ten ere kontuz-kontuz egiten zuen, alabaina, Rozinante higi ez zedin; zela gainean eseri nahi zuen baina ez hurbiltzekorik ere, zutiturik egon behar, ezinbestean, ala eskua erauzi, ala moztu.

Hangoxe Amadisen ezpata nahi izaitea, inolako sorginkeriak eragiten ez ziona; hangoxe halabeharrari araoka egin beharra; hangoxe, sorginduta zegoela zeharo sinetsirik, hantxe sorginduta besterik egin ezinean, munduak bere premia inoiz baino beharrago zuenean, irago aldi hura galtzeaz damutu beharra, atsebage hartu beharra, bihotza urratu beharra; hangoxe Tobosoko Dultzinea bere maiteaz oroitzea eta gomutatzea; hangoxe Santxo Pantza ezkutari zintzoari, behin eta berriro, hots egitea, dei egitea, berau loak erabat harturik, asto bastaren gainean etzanik, une haretantxe ezer ez inor, ametsetan ez bazen, gogoan ez zuela zegoen; hangoxe Lingardeo eta Alkife jakintsuei dei egin beharra, laguntzera jin zekizkion; Urganda bere adiskide zintzoari ere, ea urgatzi ahal bazion, deika, eta, hondarrean, hantxe goizak atzeman zuen, nahasi bezain etsita, zezen baten antzo orroka; sorginduta zelakoan, noski, ez zuen uste goizarekin bere "koainta" onduko zenik, "lotaldia" inoiz amaituko zenik, betiko zela-eta zegoenez gero. Sinetsiago zegoen, nolabait, Rozinante geldi-geldi, tringitik egin bage, zekusalako; halaxe egon behar zutela, bai berak bai zaldiak, jan eta edan eta lo egiteke, sinetsita zegoen, izarren eragipen gaizto hura suntsitu edo itsabatsi artean, ala, bestela, beste jakintsu sorginen baten sorginkeriaz sorgingetua izan artean.

Oso oker zegoen, ordea; goiztirian, txiribogara zaldizko lau gizon iritsi ziren, ondo janzkera txukunez apainduak, artzoietan zizpak zekartzatenak. Atean, dan-dan-dan!, hots egin zuten eta On Kixotek, zaintzan higitu ezinik zegoen lekurean ikusi zituen, eta ahotsa harrotuz, ozenki, esan zien:

Zaldunok, edo ezkutariok, edo nor-nahi zaretenok ere, alperrik egiten duzue hots gaztelu honetako ate itxian; ordu honetan, barruan dagozenak lotan datzaz, eta gotorlekuak, ohidura denez, eguzkia lur zabalean ihaurria ez den arte ez dituzte irekitzen. Bazterrera zaitezte, bada, eta iguriki hor eguna argitu artean, geroago ekusiko da atea zabaltzen dizueten ala honetarakoxe dinak ez zareten.

Zer arraioko gaztelu edo gotorleku mota dugu hau – esan zuen batak – honelako txirrimarrak eginarazteko? Ostalaria bazara, agindu egiezu irekitzeko; bidaiariak gara, gure zamariei oloa eman baino ez dugu nahi, eta aurrera joan, lehiaz goaz eta.

Iruditzen al zaizue, zaldunok, itxuraz ostalari naizela? – galde-erantzun zion On Kixotek.

Ez dakit zelako edo nolako itxura duzun – besteak erantzun – ; ostatu honi gaztelu esaten diozula, bai, eta horixe gangarkeria.

Gaztelua da – On Kixotek ihardetsiz – eta herrialde honetako hoberenetarik; eta barruan dagozen batzuk buruan buruntza eta eskuan urre-makila ibilitakoak dituzue.

Alderantziz hobe – bidaiariak berriro – : makila buruan eta buruntza eskuan. Eta honela izanen da, gure esku badago, ze, agidanean, antzezlari talderen bat dago barruan, horrelako buruntza eta makila antzekoak eramaiten ohituak direnak; honen ostatu ttikian, honen ixilik dagoen honetan, ez dut uste buruntzarik ez urrezkorik ezer edukitzeko gai denik aterpe har dezakeenik.

Ezer guti dakizu munduaz – ihardetsi zion On Kixotek – zaldun ibiltaritzan gertatu ohi direnak ez baitakizkizu.

On Kixoterekin eleketan aspertzen hasiak ziren galdetzailearen lagunak eta atzera danba! danba! joten, gora-goraka deitzeari ekiten, eta hain gora, ezen, txiribogina bera iratzarri zutela, eta barruko guztiak ere berdin tarrapatan, eta itzarri bezain laster jaiki zen ea nork deitzen zuen ikaste aldera. Lau zamari ziren eta hauetako bat, sena haretarakoxea izanki gero, Rozinanterengana hurbildu zen, suman edo usainari jarraikiz, berau geldi-geldi, belarriak erorita, kopetilun, bere ugazaba burgoiaren azpian, zutabe antzean, zegoeino; taketa zirudien, hesola zurezkoa bailitzan, baina haragizkoa zen, izan, eta usainduz zetorkion lausengu-nahi haren urrina sudurreratzen hasi zen; ezin, honetaz, tringitik egiteke geldi egoiteari eutsi eta, pixka bat higitu zenean, On Kixoteren oin biak labaindu ziren, zela gainean irrist, eta lurrera jausiko zen, jausi ere, besotik dilindan, esekita gelditu ez balitz; haxe mina, oinazea, lokarriak egin ziona! eskuturra moztuko ziola uste zuen edo besoa erauziko ziola; lurretik xehe batera, doi, gelditu zen, behatzez ia-ia ukitzen zuen; eta amorruz zegoen, gutti-gutti behar zuen oina lurrean ipini ahal izaiteko eta ezin ordea, eta soina luzatzen zuen, ahalik luzeen, nekatzen zen, txirrikan herioren estirak jasaiten dutenen antzera, eurek berek, ukitu ez ukitu, euren burua hagorantzen baitute, oinazea areagotzen baitute luzatu nahi gorri horrezaz, apurtto bat luzatzenago badira lurra ukituko dutela sinetsiz euren buruari ziria sartzen diotelarik.