On Kixote Mantxako

45. atala

Azkenean Manbrinoren kroskoaz eta zaldi-bastaz zegoen zalantza argitzen da, eta beste gertaera batzuk, egi-egiaz, jaulkitzen dira.

Zer daritzote beroriek, jaunok, honi – Bizargina galderaz – gizon ganoradun hauek baieztatzen duten honi, zeren, oraindik, kroskoa dela eta ez txoleta baitiote hisiki tematurik?

Eta inork ezetz balio – On Kixotek atzera – gezurra dioela erakutsiko nioke, zalduna bada gezurra, eta ezkutaria bada mila bider gezur.

Gure Bizarginak, beti han zegoenak, On Kixoteren aldartea ondo ezaguna zuelako, iseka egin nahiz, zirika hasi, hango guztien barrea eragiteko, beste bizarginari esan zion:

Bizargin jaun, edo nor-nahi zeren hori, jakin ezazu ni zure lankidea nauzula eta hogei urte baino gehiagoko langintzaroa betea dudala; hontakoz, bizargin-lanetan ohi diren tresna guztiak ondo ezagutzen ditut, guzti-guztiak, eta, nire gaztaroan, gainera, gudari izan nintzen, beraz kroskoa zer den ere badakit eta morrioi esaten dioten buru-babesa ere badakit zer den, eta buru-oskola delako hori farfailez apaindua dena ere ezaguna dut, eta gudarizkoak diren beste gauza batzuk ere berdin, iskilu motak eta abar zehatz-zehatz ezagutzen ditut; hau honela, bada, zera diot, beste inoren eritzi hobe baten zain, nik baino gehiago dakienik baldin bada, zera, hemen aurrean dagoen gauza hau, jaun honek eskuetan dadukana, ez dela bizar-ontzi, inola ere ez, zuritik beltzera edo gezurretik egiara dagoen tartea baino handiagoa da horretatik kroskora dagoena; hori bai, besterik ere diot, hau buru-kroskoa bada, eta da, ez da osoa.

Horixe, egia – esan zuen On Kixotek – erdia peitu du, okozpekoa alegia.

Bai, noski – Apaizak esana, bere adiskide Bizarginak zelako asmoa zuen igarrita.

Kardenio, On Fernando eta besteak ere hor sartu ziren, txokarritan, "gaixto-gaixto", eta Entzularia bera ere, On Luisekikoa buruan itzulika ukan ez balu, isekara sartuko zen; baina, gogoa ez zuen txantxetarako, benetan gogoetatsu zegoen.

Jainkoarren! – esan zuen adarra jotako bizarginak – Ba ote liteke honenbat jende ganoratsuk hau kroskoa dela esatea eta bizarginaren ontzi ez dela berresatea? Hau da hau, Unibertsitate oso bat harri eta zur jarrarazi ahal dukeen zera da. Aski horrenbestez: baldin, txolet hau buruko kapela baldin bada, honako asto-basta hau zaldi-txalma dateke, jaun honek dioenari gagozkiolarik.

Niri basta iruditzen zait – On Kixotek – , baina horretaz sartuko ez naiz.

Basta ala txalma baden ez den – Apaiza mintzatzen – On Kixote jaunak behar luke zehaztu, zaldi zein zaldun arazoetan, hemengo jaun guztiok eta neuk gehien dakientzat aitortzen baitugu.

Jaungoikoaren izenan, ene jaunok – esan zuen On Kixotek – ; gaztelu honetan birritan izan naiz, ostatu hartua, eta hain harrigarriak eta hainbat izan dira niri gertaturikoak, ezen, hemengo ezertaz ezer baiezta edo ezeztatu beharrez, zer nahi galdetu ere, doi-doi erantzutera ausartzen ez naizela, zer edo zer delarik ere sorginkeriaz antzaldatua dagoela iruditzen zait eta. Lehendabiziko aldian, bertan dagoen mairu sorgin batek oso nekatu ninduen, Santxok, era berean, ez zuen onik izan haren "eskumakil" batzuekin; bart, bi orduz, beso honetatik esekita egon naiz, ezbeharrean nik ez dakit nola. Beraz, honelatan bada, honen arazo nahasi baten gainean nire eritzia, eritzi zoroa litzateke. Hau, berriz, txoleta den ala kroskoa denaz bezainbatean, badut erantzuna, orain, basta ala txalma den ez dakit nik ebazten: berorien eritzi zuzenari utziko diot; agian, ni naizen bezala zaldun izendatuak ez direlako beroriek ez dukete zer ekusirik edo zer jasanik leku honetako sorginkeriekin, burua aske dukete, adimendua oso, eta gaztelu honetako gertakari guztiak aztertzeko aukeran dirateke, benetan diren bezala eta ez niri iruditzen zaizkidan bezala.

Ez dago zalantzarik – erantzun zion On Fernandok – , On Kixote jaunak egun oso ondo hitz egin du, arazo honen zehaztea guri dagokigu; ganoraz egin behar dugu, bai, eta neuk jaun hauen bozak isilpean bilduko ditut, eta gero, emaitzen berri, oso eta garbi, emango dut.

On Kixoteren zoroa ezagun zutenentzat hau guzti hau barregarri hutsa zen, baina haren funtsa mentsa zela ez zekitenek munduko zentzubagekeria handiena ikusten zuten honetan guztion.On Luisen lau otseinak, besteak beste, eta On Luis bera ere, ulerretan gaitz eta, den-dena sinetsi ezinean zegozen, ardi ergelak bezala begira, eta beste hiru bidaiari ostatura etorperri "koadrillero" itxura zutenak, eta halakoxeak ziren, izan ere, koadrilleroak, ere berdin, sor eta lor. Bizargina zen, alabaina, guztien artean, etsituena, bere begien aurrean zedukan txoleta zena Manbrinoren buru-krosko bihurtua zekusalako, eta bere astoaren basta ederra orain asto-txalma bihurtua; batzuk eta bestetzuk barrez On Fernando batzuen eta bestetzuen bozak biltzen zebileino; txalma ala basta, haratx, ika-mika haren funtsa eta boza eman aurrez belarrira zerbaitto esaten zion On Fernandok bakoitzari; batu zituen On Kixote ondo ezagutzen zutenen bozak, eta ozenki mintzoz:

Zera, jaun zintzo hori, honenbat eritzi biltzeaz nekatua naiz, honez gero, zeren, jakin nahi dudana galdetuta, guztiek esan baitidate, aho batez, txorakeria handia dela hau asto baten basta dena esatea, zaldiaren txalma izanik, eta zaldi ederrarena izan ere da, gainera; honetaz, bada, egon egonarriz, jauna, zure eta zeure astoaren kaltetan honako hauxe txalma da eta ez basta, zure aldetik arrazoi murri ekarri duzu, argigarri ilun azaldatu, sinespide mehar erakutsi.

Egonarriz ni zeruan ere ez – bizargin gaixoak hitza hartuz – beroriek guztiok oker ez badagoz egon; ager bekio nire arima Jainkoari niri hau basta eta ez txalma agertzen zaidan era berean. Honela eta guztiz ere, hor konpon, nora baitoa erregea hara doa legea.. eta ez darauntset gehiago. Ez naiz hordi: baraua hautsi bagerik nago, oraingoz.

On Kixoteren zentzubagekeriak denen barre eragingarri baziren ez ziren guttiago bizarginak esaten zituen txotxolokeriak. On Kixotek berriro hitz egin zuen:

Bakoitzak berea har dezala eta kito, ez dago beste zereginik hemen, eta Jaungoikoak emana Done Petirik bedeinka diezaiola.

Lau haietako batek hitza sartu zuen:

Hau guzti hau, baldin txantxetako zera ez bada, niri ezin zait buruan sartu, nolatan hemen dagozen guztiek, itxuraz behintzat hain buru argikoak izanik, behin eta berriz esan dezaketen honako hau bizar-ontzia ez dela eta horrako hori basta ez dela; baina horixe eta horixe esaten dutela ikusirik, neure buruari esaten hasia naiz ez ote den hemen ukapen horretan osteko arrazoiren bat, begi aur-aurrean dugun egia benetakoa horrela ukatzen lehiatzeko zio zeinbait estarian; honatx, bada, arraioa, (eta txolet biribila lurrera bota zuen) ez etorri nigana inor, ez eta munduan diren guztiak ere, batekoz beste esanez, honako hauxe bizargin-ontzi ez dela edota horko hori astoaren basta ez dela.

Baliteke astemearen izaitea – Apaizak.

Berdin zaio – esan zuen morroeak – oraingo auzia horretan ez dago eta, asto-basta den ala ez den, beroriek diotenez, dugu ebatzi behar, hauxe besterik ez.

Sartu berria zen koadrillero haietako bat, dena entzunik, ika-mikaz haserre, eztabaida ulertu ez eta suminez mintzatu zen:

Basta da, aita nirea nire aita den bezalaxe, eta besterik dioena edo diokeena, mahats-mordoa baino beteago dago, mozkor-arrail.

Gezurra diozu, zital zikin horrek – eraso zion On kixotek.

Eta aztatzarra, eskuetatik behin ere uzten ez zuen aztatzarra, jasoz buru gainera halako danbatekoa emanen zion, ezen, baldin koadrilleroa baztertu ez balitz, hantxe utziko zukeela, zerraldo. Lantzatzarra lurra jo eta puxka-puxka egina gelditu zen; beste koadrilleroak, laguna hain gaizki hartua ikusita, oihuka hasi ziren, Anaidi Santuari laguntza eske.

Txiribogina ere, Anaidikoa ei zen antza, koadrillero alegia, eta irri-arra baten, bere makila bila joan, ezpata hartu, eta berehala han zen bere anaideen ondoan jarrita; On Luisen otseinek inguruan hartu zuten euren hau, iskanbila haren erdian ihesari emaiteko aukerarik ez zezan; bizarginak, etxea azpikoz gora ikusirik, nahaste-borrastean bere asto-bastari heldu zion, eta Santxok hau berau egin zuen, eutsi; On Kixotek, ezpata eskuan, koadrilleroei esetsi zien; On Luisek bere otseinei hots eta hots, bertan alde bat utz zezaten bera bakarrik, eta joaiteko, joaiteko lehen bai lehen, ziotsen, On Kixote, eta Kardenio, eta On Fernando jaunei laguntzera joan zitezen, denok nahasian On Kixoteren alde jo zuten eta; oihuka Apaiza, garrasika Etxanderea, negar-zotinka alaba, negarrez Maritornes, txunditua Dorotea, konkorturik Luszinda, korde bagerik Klara anderea.

Bizarginak Santxori makilka, Santxok bizargina hebaindu nahian, jo eta ke; otseinetako batek besotik helduz, ihes egin ez zezan, On Luisi eutsi zion, ausarki, bai eta dzart! honek musturreko gogor bat, musu-musuan, eman, eta ahoa bete hagin odolez bustirik utzi ere; Entzularia haren alde ahalegin guztian; On Fernandok Anaidiko bat hankapean hartua zedukan, oinka eta oinka soin osoa neurtu beharrean-edo ari zitzaiola; ostalaria, berriz eta berriz deiadarka ari zen, Anaidi Santuari sorospen eske: hango negar-zotinak, hango oihuak eta garrasiak, nahas-mahas, hango beldur, ikara eta izuak, hango aiztokadak, labana zorrotzen firurika ibili beharra, hango musturreko, danbateko eta kaskako, hango ostikadak eta makilkadak, eta, azkenik, hango odol-isurtzea! Nahas-mahas huts haretan, iskanbila edo atralaka betean, denen erogarriko istilu gorri haren erdian, zer bururatuko On Kixoteri eta Agramanteren zelaiko borrokan bete-betean sartua zegoena; eta hots egin zuen, arrotzetxe osoari dardara eraginez:

Geldi denok, gorde ezpatak, lasai denok, entzun niri, baldin bizirik atera nahi baduzue.

Hau entzun eta oro geldi, hura mintzo:

Ez nizuen, bada, nik esan, jaun-andereok, gaztelu hau sorgindua zela eta bertan txerren samaldaren bat edo bizi dela? Hau honela dela baieztatzeko zuek zeuen begiez ekustea nahi dut nolatan sartu eta sortu zaigun gure artean Agramanteren zelaiko guda-borroka. Begira, han ezpataz dihardute borrokan, hemen zaldia dela zio, harago arranoa dute borrokagai, hementxe buru-kroskoa, eta han-hor-hemen denok elkarrekin gatazkan, denok elkarri ezin ulertuzkoan. Etor bedi, bada, berori, Entzulari jauna, eta berori, Apaiz jauna, ere bai, eta bata Agramante errege izanen da, bestea Sobrino errege; ea, bada, egizue bakea gure artean; hau da hau zitalkeria, Jaungoikoarren, hemen gagozen honenbeste nordin nagusi elkar hil nahiaz iharduteari ekitea, honenbesteko hutsalkeriongatik!

Koadrilleroak, On Kixoteren esakuntzari ez bururik ez buztanik antzemaiten ez ziotenak, ez ziren baretzen, ez lasaitzen, On Fernando, Kardenio eta lagunek astinduak zegozelako sutsuturik; bizargina bai, iskanbilan bizarra ez ezik basta ere triskatua baitzuen, zirtzil egina; Santxok, bere nagusiaren ahotsa entzun zueneko, otsein ona izanki, agindutakoa egin zuen; On Luisen lau morroeak ere geldi, geldi ez egoitean ezer onik ez eta; ostatuko jauna zen han bakarra, bere ten-tenean, amorru bizian, harako zoro haren zentzubagekeriak zigortu beharra zegoela esan eta esan ari zena, sarri baino sarriago, eta are sarriegi, arrotzetxe osoa halakokeriez nahas-mahasten ziolako, dena hankaz gora ipinten ziolako, den-dena anabasa eginda uzten ziolako. Azkenean, marmarra ixildu zen, baretu zen iskibidua, basta zena txalmatzat joa geratu zen azkenengo Epaiketara arte, txolet hutsa buru-krosko bilakatua zen betiko, txiriboga, berriz, gaztelu, On Kixoteren irudimenean, behintzat.

Odolak hoztu ziren, azkenik, jabaldu haserre zirenak, ematu ziren gogo gaiztoak, eta denak adiskidetu ziren Entzulari eta Apaizaren zuritze lanari esker; On Luisen otseinak berriz ere berehala eurekin joaiteko eta joaiteko, eta han ari ziren bata besteekin bat etorri ezinean eta batera joan nahi ezean, Entzulariak, On Luisek esanda nondik-norako guztien jakinaren gainean zegoenez, On Fernando, Kardenio eta Apaizari arazoaz zer egin behar zen azaldu zien. Hondarrean, honela erabakita, On Fernandok bere burua erakutsiko zien On Luisen morroeei, nor zen jakin zezaten eta berarekin Andaluziara On Luis eroaiteko gogoa zuela, bertan bere anaia markesak ondo hartuko zuela, On Luisek merezi bezalaxe; jakina zen, ordurako, ez zuela inola ere, orduan bederen, aitaren begien aurrera agertu nahi, ez eta ttiki-ttiki eginen balute ere. On Fernando nor zen ezagutu zuten, beraz, lau atzemaileek, On Luisen xedearen berri jaso zuten, eta haien artean hiru aitarengana joaitea erabaki zuten, albistea eramaitera noski, eta bestea On Luisekin geratuko zen, lagun egitearren , bai, baina, besteak itzuli arte, bakarrik joaiten ez uztearren, guztiz ere, ea aitak zer aginduko. Liskar hura honela eztitu zen, Agramanteren ahalmenaren bidez eta Sobrino erregearen zuhurtasunaz; baina bakearen etsaia ez zegoen pozik, zuzena okerretsi eta okerra zuzenetsi egin ohi duen hori amorruz zegoen, etsi-etsita, azken baten, nahaste-borraste amaiberri haretatik ezer onik lortu ez baitzuen, eta berriro esku zikina sartzea erabaki zuen, liskar berri batzuetarako bidea ireki behar zuen, nonbait, ezinikusi berriak berpiztuz, esgarra beti nahi, gorrotoari su emanez, guduka beti bere asmo zuelarik.

Halaxe, beraz, koadrilleroak lasaitu ziren, euren aurkako erasotzaile haien handitasunaren berri belarrietara iritsi zitzaienez geroztik, eta liskartokitik alde egin zuten, nola nahi ere, borrokatik onik ez eta txarrena erdietsiko zutelakoan; baina, haietako bat, On Fernandok zanpatu zuena bera, gogoari eraginez, ohartu zen, bat batean, zeinbait gaizkile edo lege-hausle atxilotzeko aginte-agiri batzuen artean, On Kixoteren aurkako bat zekarrela, galeretara zeramatzaten haiek askatu zituenekoaz gero Anaidi Santuak atxilo hartzeko agindua emana baitzuen; Santxok beldurrez lehendik iragarria zuena legez. Ezer egin aurretik, On Kixote benetan zena zela jakin nahi izan zuen, eta bereizgarriak baieztatzeko golkotik larrutxa bat atera, bila zebilen agiria eskuratu eta irakurten hasi zen, astiro irakurle ona ez zelako, hitz bakoitzaren ondotik begiak On Kixoterengana zuzentzen; hitzetik aurpegira eta agirian nolako On Kixote halako, azkenean atxilo-aginduan zehaztua zena On Kixote ber-bera zela sinetsi zuen arte. Zalantzak uxatuta, larrutxa bildu zuen, hartuzuen agindua ezkerrean eta eskuineko eskuaz On Kixoteri lepo-samatik eutsi zion, gogorki eutsi ere, arnasa ezin hartuz itolarrian geldi hau, eta oihuka mintzatzen hasi zen:

Anaidi Santuari laguntza! Egiaz eske ari naizela erakusteko, hona hemen agiri hau, honako bide-lapur honen atxilotzeko agindua dakarrena!

Apaizak agiria eskuan hartu zuen eta anaideak zioen guztia egia zela ikasi zuen, eta On Kixoteren ezagugarri guztiak zituela. Sumindu zen hau biziki, halako galuts zital harek zapuztua zela-eta, soin osoko hezur guztiak, kirriz-karraz, karranka egiten, eta, ahal izan zuen moduan, esku biez eztarria estu zion, tint, eta, bere lagunek urgatzi zutela gaitz erdi, bestela hantxe bertan bizia utziko zuen, On Kixoteren atzaparretan koadrilleroak. Ostalariak berehala hantxe eta bere anaidikoari lagun egin zion. Anderea, berriz ere liskarra, eta senarra erdian, eta, ikusi zuenean, oihuz garrasika hasi zen atzera, eta Maritornes ondoan, eta alaba era berean, otoi eta otoi zeruari urgazte eske, hel-hel-hel!, eta bertan zegozen guztiei ere laguntzeko eskatuz. Zer zen gertatzen ari zekusan Santxok honela esan zuen:

Goiko Jauna bizi dadila, nire nagusiak gaztelu honetako sorginkeriaz dioen guztia egia da, gero; ez baita ordubetez lasai-lasai bizitzen ahal hemen!

On Fernandok' koadrilleroa eta On Kixote banakatu zituen, bion atseginerako, eskuak elkarretarik lokatu zituen, josita bezala zegozen, bata bestearen atorra-idunari lotua, bestea bataren zintzur edo eztarriari heldua, biak ala biak tinki eutsita zegozen eta; ez ziren, honela eta guztiz ere, Anaidikoak beretzat nahi zuten "bahi" atxilotua eskatzetik aspertu ez gelditu, lotu nahi zuten, Erregeari eta Anaidi Santuari halaxe on zitzaielako, behin eta berriz laguntzeko eskatzen hango guztiei, halako bide-lapur, ebasle, landetako eskuzikin, sasiohoin hura bahitze aldera. On Kixotek' hitzok eta pitzok entzunaz barre egiten zuen, eta patxada onean hau esan zuen:

Zatozte hona, jende matxar alua: kateaz lotutakoak askatzeari ebastea esaten diozue, atxilotuei jaregitea noizdanik lapurreta, behartsuei lagun egiten badiet ni eskuzikin, erori dena eraiki, okerra zuzendu, gaitza on bihurtu egiten dudanetan ari izaiten ote naiz, bada, ni, "xorkatzen", mausarien antzera? Atx, jende doilorra, kaskoan bururik ez eta zeruak ez dizue irakatsi ibiltarion zalduntzak bere baitan duen ongirako indarra, ongarritasun oparoa; ez da harritzekoa, horregatixe, zuen etxakinkeria, are gehiago esanen dizuet: bekatu larrian zagozte edozein zaldun ibiltariren aurrean burua makurtuz gur egiten ez duzuelako, zaldunaren beraren ez ezik zaldunaren itzalaren aurrean ere gur egin behar zenukete! Zatozte hona, lapur-saldo, zuek ez baitzarete koadrillero, ez anaide, ez anaideondo, Anaidi Santuaren txartelaz eta baimenaz non-zer-hartu bidez bide ibili ohi zareten bele beltzak baizik; esaidazue: zein "eskolabakok" izenpetu ote zuen ni naizen bezalako zaldun hau atxilotzeko agindua? Nor ote da etxakin hori, ezikasi hori, zaldun ibiltariok, zein nahi den ere, auzibideetatik at gagozela ez dakiena, gure geure foruak edo lege-zaharrak geureak ditugula, gure legea geure ezpata dela, gure araua norberaren azkartasuna? Nor ote txoralda, txaldan hori, berriz ere diot, gapare dena, are zaldun ibiltari izendatuaz geroztik, zalduntza-iharduera gogorrean hastetik hara, hainbat eskubide, lehentasun eta nagusigoren jabe egiten delako, ezin inondik inora bahitzeko agindupean ezarri, egun eta eguzki atxilo izaitetik asketsia dela ez dakiena? Zein zaldun ibiltarik inoiz ordaindu ote du zerga, zergera, ariel, legar, bide-sari, abari-zor, akura, edo petxarik? Zein jostunek lakatu ote zion egindako janzkia? Nongo gazteluzainek bere gazteluan atotsi eta ostatu eman ondoan aterpe-saririk ordainarazi ote dio egundaino? Zein erregek ez du inoiz edo behin bere mahaian eserarazi? Zeinbat neska gazte eder galant ez ote zaio, usu bai usu, maitez mintzen, ez ote du haren gogoa tirriatzen, haren izaite guztia irrikatzen? Azken baten, ba ote inon eta inoiz, lurbira osoan zaldun ibiltaririk, berak bakarrak hamaika makilkada emanez, aurka jarri hamaika koadrillerori aurre egiteko gai ez denik?