On Kixote Mantxako

47. atala

Nola On Kixote Mantxako sorgindua izan zen eta beste gertaera entzute handikoez.

Kaiolatua zihoan, gurdi gainean, eta bere burua hala ikustean honela esan zuen:

Zaldun ibiltariez beredin kondaira eta larriak oso irakurri izan ditut, baina, ez dut inoiz irakurri, ez entzun, ez ekusi, zaldun sorgindutakoak honela eramaiten dituztenik, eta, gainera, abere nagi geldo hauek honen astiro joanez hain luzaroan eramaiten; beti hegan, eguratsean gaindi, laino guztien gainetik, inoizko arinen, eramanak izan dira, beti hodei ilun baten barruan, edo, suzko gurdi batean, edo hipogrifo baten bizkarrean edo antzeko piztiaren baten lepoan; nire hau, ostera, orain, idien gurdian eramaitea, gero, Jaungoikoarren, burua nahasteko! Beharbada, antzinako garaietan ez bezalako bide berritik datoz gure garai hauetako sorginkuntzak; edo, besterik ere izan liteke, bada, ni munduan zaldun berria naizenez, eta zalduntza arriskuzalearen iharduera ahantzia berpiztu duen lehena naizelako, sorginkeria mota berriak, eta sorgindua eroan-ekarteko beste era berri batzuk asmatu direla, . Zer daritzok honi, Santxo seme?

Nik zer dakita? Ez dakit zer iruditzen zaidan. Berori bezain eskolatua ez bainaiz, are guttiago irakurgai ibiltarietan; dena den, zin eginen nuke, baietz erraitera ausartuko nintzateke, bai, hemen-hor nonbait dabiltzan zer horiek ez direla osoki katolikoak.

Katolikoak? Ai ene aita!– erantzun zion On Kixotek – Nolatan izanen dira katolikoak? denak txerrenak dituk eta, mamuzko gorputzez haragitu direnak ni honelakatzeko hona jinak. Eta egia hau egiaztatu nahi baduk uki itzak, hazta itzak, eta soinik ez dutela ekusiko duk, airezkoa ez bada, eta dena itxura hutsa dela.

Ene Jainkoa, jauna – berriro Santxo – ukituak baditut, bada, eta hemen horren zalu dabilen Txerren edo tusuri hori haragiz guri-murdula da, eta bertzerik ere badu horrek nik dakidanez deabruek ez dutena; erran-merranak dioenetik badakit inpernu-harrizko usain txarra dutela, kiratsa deriela, baina horrako horrek, ordea, anbare-urrin gozoa du urrundik aditzen dena.

On Fernandoz zioen Santxok hori, jaun gaparea zen eta halako urrina, usain eztia zeriona.

Ez horregatik nahas, Santxo adiskide, tusuriek anitz dakitela jakin behar duk, eta usainik baldin badute, ez dutela ezer usaintzen, eta usainik izanez gero beti kirats duk, kino duk. Izan ere, haiek, non edo non egonik, eurekin su-lezetikoa zakartek, inpernua aldean zaramatek beti, euren atsebageetan ezin har zezaketek inoiz atseden, eta usaina, are urrina denean areago, atseginbide izan ohi duk, gozagarri eta onerizko, honetaz, bada, ezin ditek ezer onik usaindu. Hiri, alta, txerren horri anbare-usaina dariola iruditzen bazaik, edo oker hago, edo harek hatsaren aitzakiaz atzipe egin dik, deabrua dela ekus ez dezaan "amoreagatik".

Honakoxe berriketan nagusi-morroea, eta, beste alde batean, On Fernando Kardeniorekin gogoetan ari zen, ea, ez ote zen ohartuko, asmakeria guztiaz, Santxo, hurbil-hurbil baitzebilen, dena susmo eta dena aieru; bizkorrago joaitea erabaki zuten, deitu zioten ostatuko gizonari, Rozinanteri zela edo astraka gainean eman ziezaion, astoari ere basta ipini zion honek, laster. Bitartean, Apaizak koadrilleroekin hitz egin zuen herriraino lagun egin ziezaioten, egunkal hainbeste emanen ziela, eta baietz. Rozinanteren artzoitik, alde batean adarga, bestean txoleta eseki zituen,eta Santxori bere astoaren gainera igoteko keinu bat egin zion, eta Rozinanteri hedetik heltzeko; gurdiaren albo bietan Anaidiko zizpadunak jarri ziren. Gurdia txirringolan hasi aitzin, Etxanderea jalgi zen, gero alaba Maritornesekin, On Kixoteri agur egin nahi ziotela eta, itxurakeriak eginaz negar baten denak, halako nahibage mingarri haregatik bihotzil antxean, eta On Kixotek esan zien:

Ez egin negar, ene andere onak, azken beltzean, nahibageok nire iharduera honetan iharduten duenari berebiziko zaizkio eta, bere bizierari dagozkionak direla esan nahi dut; eta honelako lazeriak gertatuko ez balitzaizkit ez nedukake neure burua zaldun ibiltari ospeduntzat, izen gutiko zaldunei ez ei zaie inoiz holakorik gertatzen, eta inor ez da haietaz gogoratzen, ausartak direnei, ordea, bai, eta sarri gertatzen ere. Berauei bekaitz izaiten diete hainbat printzek eta beste hainbeste zaldunek edo gaparek, eta, noski, onak txarrez gaizkiratu nahi dituzte, suntsitu nahi dituzte. Honela eta guztiz ere, onbidea indartsu eta bera bakarrik edozein istilutan garaile izanen da, Zoroastes hil-aztiak asmatu zuen nigromantzia guztia gora-behera, eta ortzian eguzkiak bezala berak munduan argi eginen du. Barkaidazue, andere ederrak, ezegitekorik egin baldin badizuet, oharbagez -nahita, berariaz inori ez diot egundaino egin eta- otoitz egiozue Jaungoikoari, sorgintzaile gaiztoren batek jarri nauen kaiola honetatik atera nazan; aske irtenez gero, ez dut atzenduko gaztelu honetan zuek eginiko mesederik edo laguntzarik, merezi bezala esker eta ordaintzeko eta zuen alderako jartearren.

Gazteluko andereak On Kixoterekin hizketan ari ziren bitartean, Apaizak eta Bizarginak' On Fernandori eta bere lagunei azken agurra egin zieten Kapitain eta anaiari, eta hango andere-andereño alai guztiei, Doroteari eta Luszindari bereziki. Orok elkar besarkatzen, elkarren berri elkarri emanen ziotela esaten, eta On Fernandok azkenean On Kixoterena nola bukatuko zen jakin nahi zuelako Apaizari horren berri helarazteko nora idatzi behar zion zehaztu zion, hori jakitea baino ezer nahiagorik ez zuela eta; bere aldetik, albisteren bat edo beste igorriko ziola, poz emanen zionik ezer ikusten bazuen, bere ezkontzaz, esaterako, hala Zoraidaren bataioaz, nola On Luisen gertakizunaz, edo Luszinda etxera itzul dadinaz. Apaizak ahal zuen guztia eginen zuela hitz eman zion, tinel-tinel, agindu bezala egite aldera. Berriro besarkatu, berriro elkarri eske eta eskaini, eta orduan, txiribogina heldu zen, Apaizari paper batzuk eman zizkion, bide-zorroko azalazpi batean aurkitu zituela esateaz bat, Jakingale Ertzoaren Eleberria aurkitu zuen lekuan bertan, zehazki. Zorroaren jabea itzuli ez eta denak eramaiteko esan zion, berak irakurten ez jakinki, nahi ez zituela. Apaizak eskertu zion, hartu eta irekitzen hasita, hau ikusi zuen : Rinkonete eta Kortadilloren Eleberria. Eleberria, beraz, eta lehengo hura, alegia, Jakingale Ertzoarena, oso ona zenez, oraingo hau ere ona izan zitekeela ondoretu zuen, egilea bat eta bakarra izanen zelako ustean; gorde zuen, bada, geroago, lasai egoiteko aukera baten, beraro, irakurtzekotan.

Zaldi gainera igo zen, Bizargina, bere laguna, ere bai, aurpegi-estalki eta guzti biok, On Kixotek ezagut ez zitzan, noski, eta gurdiaren ondotik abiatu ziren. Hurrenez hurren, honela zihoazen: gurdia lehenbizi, itzaina itaurreko, esan bage doa, Anaidiko gizon biak, lehenago esan denez, albo banatan, beren zizpa eta guzti; hurren, astoaren gainean Santxo Pantza zihoan, Rozinante gida-hedetik hartuta zeramala; denen ondotik, Apaiza eta Bizargina, beraien mandeme azkarren bizkarretan, aurpegiak estalita, esan den eran, handiki legezko patxada onean, idien ibilera astuna baino arinago ezin ibiliz. On Kixote kaiola barruan eserita zihoan, eskuak lotuak, hankak luze-luze, hesolaren ondoan, haragizkoa ez baina harrizkoa balitz bezalaxe, bere horretan egonarri osoan isil-isilik. Hala, bada, geldiro eta isilean, legoa biz ibili ziren, ibar batera iritsi arteraino; itzainak, idiei atsedenagaz batera bazkatzen emaiteko leku irona, egokia eta joria zelakoan, Apaizari adiarazi zion, baina Bizarginak apur bat gehiago ibiltea nahi izan zuen, zeren, handik ez urrun, aldapa baten ostean, belar ugari eta hobea zedukan harantto bat zegoela baitzekien. Honela egin zen, bada, eta bidean aitzina jo zuten.

Halako baten, Apaizak burua bihurtu zuen eta atzean sei edo zazpi zaldizko gizon zetorrela ikusi zuen; laster ziren ondoan, apain eta arrullo, idien antzera baratx-baratx ez ibilki, eta handik legoa batera omen zegoen bentara zihoazela zirudien, lehen bai lehen heldu asmoz, aurki, lekaideak biago egitera mandeme gainean joan ohi diren bezain bixkor-bixkor. Iritsi ziren, bada, arin haiek geldo hauengana, eta elkarri begitarte ona egin zioten; haietako bat, Toledon kalonje eta zetozenen buru zena, gurdiaren ibilera ondo antolatua ikusita, koadrilleroak eta beste, eta On Kixote kaiola barruan atxilo, hura zer zen galdetzeke ezin irago zen; Anaidikoen ikurrak eta ikusiaz, bide-lapurren bat edo zela eman zion senak, lege-hausleren bat, zalantzarik ez, Anaidi Santuak zehatu behar zuena. Galdera eginda, koadrilleroetako batek honela erantzun zion:

Jauna, horrela badoa berak al daki zergatik, guk ez dakigu, eta berak esan dezala.

On Kixotek elkarrizketa entzun eta esan zuen:

Beroriek, ausaz, zaldun jaunak, ibiltarien zalduntza-arazoetan ikasiak edo adituak dira ala? Baldin, badira, nire nahibageon berri emanen diet, ez badira, ez dago zertan nekatu deusik esaten.

Bitarteon, Apaiza Bizarginarekin hurbildua zitzaien, On Kixote Mantxako eta ibiltari berriak ele-mele ari zirela ikusirik, asmakeria guztia ageri ez gertatzeko, tartean sartze aldera.

Kalonjeak On Kixoteri erantzun zion:

Egia diotzut, anaia, nik zalduntza-liburuez Villalpandoren sumula haietaz baino gehiago dakit. Honetaz, hauxe baino ez bada, nirekin nahi duzun guztiaz mintza zaitezke.

Jaungoikoari eskerrak, bada – erantzun zion On Kixotek. Horrela izanik, zaldun jauna, jakizu ni kaiola honetan sorginduta noala, sorgintzaile gaiztoen bekaitz eta atzipez; onginahia onek maite dute baina gaiztoek handiagoa diote gorroto. Zaldun ibiltaria nauzu, eta ez, hain zuzen, Ospeak bere oroimenean betiere gordetzeko izenik inoiz jaso ez dien horietakoa, baina, bai, bekaitz eta atzipe guztiak gora-behera, Pertsiak hazitako azti guztiak, Indiako brakaman guztiak, Etiopiako ginosofista guztiak gora-behera, hilezkortasunaren tenplu edo etxedonean bere izena irarrita ekusiko dutenetakoa, menderen mende, gizaldi eta gizaldi guztietan, eredu, ikasgarri eta jarraipide izan dadina, zaldun ibiltari guztiek iskiluen iharduera ohoretsuan gailurreraino eta bikaintasuneraino igoteko urratsak ikas ditzaten.

Ongi dio On Kixote jaunak – sartu zen Apaiza mintzoz; sorgineztatua doa, bai, gurdian, ez bere erruagatik edo bekatuagatik, onginahia gaizki ikusi eta gemena ezin ikusi dutenen asmo maltzurragatik baino. Hau, jauna, Itxura Hitseko Zalduna duzu, noizbait, eiki, entzungo zenuen, bada; eta bekaitzak belztu, gaiztakeriak ostendu nahi izan arren, honexen egitandi hots handikoak brontze gogor edota haitzurdin iharrezinetan irarriko dira.

Kalonjea harri eta zur, barrukoari zein kanpokoari horrela entzutean aitarena egiteko aginik egon zen, zer nor nondik nora ezin ikas, ezin burura, eta ondoan zetozen guztiak ere berdin. Santxo, tzitzi-pitzi, zer entzunen hurbildua zen, eta halako baten, dena apaintzeko, hau esan zuen:

Orai, jaunok, erranen dudana gaizki ala ongi har, zera, egia hauxe da: nire nagusi jauna, On Kixote, nire ama bezain sorgina da. To, honek' burua kaskoan du, jan egiten du, edan ere bai, bertze gizon guztien antzera egiten ditu eginbeharreko guztiak, galtzak askatu ere bai alegia, atzo bezala, kaloiaratu aitzinean bezala. Hau honela, bada, nola sinetsarazi niri sorgineztatua doana? Sorginek ez omen dute, nik aditzea ukan dudanez, jaten ez edaten, ez lo egiten, ez ele egiten, eta nire nagusi honek, ixilarazten ez bazaio, hogoi legelarik baino gehiago hitz eginen luke.

Apaizari so egin zion, eta esan zuen:

Ai, Apez jauna, Apez jauna! Uste al zuen berorrek ezagutuko ez nuela, eta uste al du susmorik hartu ez dudala eta ez dakidala norantz doazela sorginkeria berriok? Bada, aurpegia estali arren, ezagun dut, zimarku hau guzti hau, azpikeria hutsa, ongi igarri dut. Hondarrean, noski, bekaitza nagusi den lekuan ongitasunak ez du lekurik, elkorrak ez du emaiten. Hil bedi deabrua; berorrengatik izan ez balitz, nire nagusia, ordu onean, Mikomikona erregingaiarekin ezkondurik egonen zen, eta ni, dagoenekoz, konde ninteke, guttienez, besterik ezin uste, nire jaun Itxura Hitseko Zaldun honen ontasunagatik, eta areago nik beroni egiten diodan zerbitzu handiagatik! Badut uste, bai, egia dela, hor nonbait erraiten dena: Astururen gurpila eiherako errota-harria baino zaluago dabilela, eta atzo goian zegoena gaur behean dagoela. Nire andere eta seme-alabak ditut gogoan, eta damu dut; aita uharte bateko jaurlari edo erregorde egina ikusi behar zuten, eta ikusiko zuten bai, baina, azkenean, betiko atetik astozaina ikusiko dute sartzen. Eta erran badut, Apez jauna, berorrek bere buruan nahiz gogoaren barrenean edo izpirituan haintzat har dezan erran dut, nire nagusiari egiten zaion bidebagekeria ikus dezan; galdetuko ez al dio Jainkoak berorri bertze bizitzan nire nagusia kaloiaratu duelako azalpenik, begira berorrek zeinbat on eta onura egiterik ez duen, zeinbat oker zuzendu ezin duen, nire nagusiak atxilo dagoen aldian.

Horra berriz, holako haitzurrik! – esan zuen orduan Bizarginak – Hi ere, Santxo, hire nagusiaren artaldekoa haiz, botigo berekoa? Jainkoarren, ikusten diat, bai, hik ere kaiolan behar hukeela haren lagun, sorginduta haren antzera, haren kasketaldiak eta zalduntzak hire "kaskoa" zulatu ditek eta! Ordu txarrean izorratu hintzen haren agintzez, oren txarrean sartu zitzaian kaskoan horren maite duan uharte hori.

Ez nago ni izorratua – iharduki zion Santxok- ni ez nau izorratzen inork, ez eta Erregek ere; txiro bai baina giristino zaharra naiz, eta ez diot inori zorrik, e; uharteak nahi baditut bertze zenbaitek zer tzarragoak nahi ditu, bakoitza bere zoroak darama, gizona naiz, baina aitasantu ere izan ninteke, are uharte bateko jaurlari edo gobernadore aisago, nori eman balu nire nagusiak bat baino gehiago irabaziko luke eta. Begira ongi nola mintzatzen den berori, Bizargin jauna, dena ez da bizarra moztea, eta Perutik Pellora bada alderik. Hemen orok elgar ezagutzen dugu, ez niri, bada, ziririk sartu nahi. Nire nagusiaren sorginkeriaz egia Jainkoak daki, eta isil nadin, eraginago zirinago da eta.

Bizarginak ez zion ihardetsi nahi izan, haren inozoan ezer nabari ez zezan, berak eta Apaizak estali nahi zuten trikimaina, alegia, honegatixe, ezer susmatuko ote zuen beldurrez, Kalonjeari aurrerattoago joaiteko esan zion Apaizak, gurdiaren aurrealdean ibil zitezen. Aitzinaldera joan ziren eta haiekin Apaiza, On Kixoteren nondik-norako guztien berri eman nahi ziena; erne egon ziren denak, entzun eta sinetsi ezinik, hasi zenetik kaiola barrura sartu zutenera bitarte luze horretan gertatu zen guztia, laburzki, azaltzen zieino, nola hasia zen liburuak irakurten, gero zaldun izan nahian etxetik alde egina zegoela eta, azkenik, nola zorotasun hori sendatzearren berriz ere herriratu nahi zuten, berretxeratu nahi zuten. Harritu zitzaien, nola ez, Kalonjeari eta bere morroeei, hura On Kixoteren biziera hura guztia, eta entzuten amaitu orduko mintzatzen hasi zen:

Benetan, Apaiz jauna, zalduntza-liburu direlako horiek kaltegarritzat daduzkat nik, eta irakurri izan ditut, bai, ikus-nahikeria nagikor bategatik, argitara emanak izan direnetatik gutiz gehienak; hasera baino ez eta inoiz ez naiz amaiera arte iristeko gai izan, has eta buka, esaterako, bakar bat ere ez dut irakurri; denak berdinak iruditzen zaizkit, bata bestearekin tarte handirik ez, batak ez du besteak baino gehiago edo gutiago. Nire eritziz, honelako idazkera eta istorio-jaulkiera, ipuin batzuk baino hutsalagoa da, milesia esaten dietenak, adibidez, ipuin txoroak dira, gozo pixka bat eragiteko baino ez dira, ez dute ezer irakasten; alegiazko ipuinak bestelakoak dira gozarazi eta irakatsi egiten baitute batera. Eta halako liburuak gozo pixka bat eragin baino gehiagotarako ez direnez, ez dakit nola eragin ahal duten, hainbeste eta hain zentzubageko izugarrikeriez beterik dagoz eta; arima gozatzeko edertasuna behar da, behinik behin, aurrean begiaz ikusten edo gogoaz irudikatzen diren gauzetan ikusi behar den edertasuna eta egokitasuna; berez itsusia denak, ezainak, zarpailkeriaz betea denak, zirtzilak ezin du inola ere pozkortu, ez gozaratu, ez atseginik eman. Zer du eder, zer egoki, non dago neurritasuna, halako liburu edo ipuin batean, non hamasei urteko mutil batek dorre antzeko erraldoi bati aiztokada emaiten baitio, eta burutik behera erdi bi egiten du opil bat balitz bezala?, hor osoa zatia da eta zatia osoa da; eta borroka bat irudikarazi nahi dutenean, etsaien aldean milioi bat lagun ipinita, liburuko pertsonaia nagusia aurka jarten dute, aurrez aur, eta bere beso bakarraren indar hutsaz denak azpian emaiten dituela, ororen garaile gertatzen dela sinetsarazi nahi digute, nahi eta nahi ez. Hau zer da, bada, gero! Eta, zer esan, ez dakit nongo erregina edo enperatriza, aberats okitua halakori eta holakori dagokion heinean noski, besterik ezean, txairo-txairo, ezagun ere ez duen zaldun ibiltariren baten besoetara amoltsu-amoltsu erortzera joaiten denean? Zein buru, guztiz basatia eta landugea ez bada, pozkor daiteke, zaldunez beteriko dorre handi bat itsasoan gaindi aitzina doala irakurriz, itsasontzia haizeak bultzatua ohi doan antzera, eta gaur gaua Lonbardian emaiten du, bihar Indietako Juan Prestearen lurraldeetan egonen da, edo agian inork oraindik aurkitu ez dituen lurralderen batzuetan, Tolomeok berak ez Marko Polok berak inoiz ikusi bageko lur-bazterretan? Eta halako liburuetan idatzita agertzen dena gezur antzean eta egiatik urruntzeko idazten dutela erantzuten badit inork, eta honela eginaz ez dutela zertan begiratu, zehatz eta mehatz, egia ote den ala ez, neurrikoa ala neurriz landakoa den eta holako-halakoak, nik zera erantzun dioket, gezurra zeinbat eta egiaren antzekoago, are hainbat hobea dela, sinesgarriagoa alegia, eta atseginago izan ohi da beti zalantzazkoa dena, ahal eta ezinaren artean kokatzen dena. Gezurdun alegiazko ipuinak irakurlearen adimenarekin bat egin behar du, ezinezkoa ahalezko bihurtuz idatzi behar da, handia apalduz, gogoa gogatzeko eran, hain zuzen; behin harrigarriro, beste behin negarra eragite aldera lerratuz, batean alaitasuna piztuz bestean zalantza, edo ezbaia, edo eztabaida, eta dena elkarrekin hobe; eta hau honela ezin du egin egiantzetik urrunegitzen denak, itxura gezurrezkoa bada behintzat, eta honetantxe datza idazlearen bikaintasuna, hots, egia itxurapentzen jakitean. Zalduntza liburuetan ez dut bat ere irakurri, osoki, zati guztiez ipuin oso bat osatzen duenik, hasera erdialdearekin bat eginik eta bukaera haserarekin eta erdialdearekin bat dagoenik; oso bestela osatzen dituzte, eta hainbat zatiz eta hainbat puskaz, ezen, itxura egoki edo neurridun baten ordez mamu antzeko zerbait, ez bururik ez hankarik duen zerbait, edo ameskeriaren bat asmatu nahi dutela baitirudi. Honezaz landa, izan gogorrak dira izan, egitandiak sineskaitzak; maite kontuetan lizunak, gizalegetsuak bai baina susmotiegi maiz; borroka luzeak egiteko gai eta arrazoi laburrak emaiteko are gaiago, joan-etorri gehiegizkoak, eta, azkenik, zuhurretik ezer gutti ohi dute, dena ergel edo inozo, larregizkoa da dena goitik ez bada behetik; honegatixe, bereziki, kristau erresuma batean kaltegarri eta, ezdeusak direnez gero, kanporatzeko gauzak dira.

Apaizak adi-adi entzun zion, adimen oneko gizona zela ageri zuen, eta esaten zituenetan okerrik ez; eta eritzi haiekin bat zetorrela adiarazi zion; zalduntza liburuak begitan hartuak zituela esan zion, On Kixoteren guztiak, eta ez ziren guti, erre zituela. Batzu-batzuk, ostera, ez zituen erre, sutara bagerik bizirik utziak zituen, banan-banan aztertu eta gero bati edo bati on xamar eriztekoa zelakoan; hau guzti hau ere xehetu zion Kalonjeri, eta bai honek barre asko egin ere. Halako liburuez esan zuen guztia txarra zen, baina, hala ere, onik zerttobait bazuela aurkitzen halakoetan, eta hauxe da, adimen oneko norbaitek bazuela holako liburuetan lekurik asko, bere luma, luze-zabal, ibil eta erabiltzeko, itsesak zirela edo ez zirela, borrokak xehe-xehe tipilduz, ekaitzak irudiztatuz, itsasoaren erdi-erdian ontzi baten hondarrerapena begitaratuz; hemen kapitain adoretsu baten marrazkia egiten du, behar diren zertzelada guztiez apaindurik; hor etsaien aurrean kapitaina zuhur eta "axeri" agerrarazten du, azpikeria guztien jakitun, edo hori bera, bere gudarien aitzinean hitz-jariotsu azaldu eragiten du, haien gogoa bereganatzen, bere asmoetara biltzen, aholkurik burutsuena emaiten diela beti, ausart agertzen dela bai aurrera joaitean bai itxadon behar denean itxadaitean; luma erabiliz badaki idazleak ezbeharren bat zehazten, eta, hurrengo batean, gertaera alairen bat, ustebagekoren bat ere onngi zehazten; badaki, hemen, andere eder-eder, izen garbiko eta are izaera garbiagoko baten irudia ikusarazten; badaki, hor, zaldun kristau on, adoretsu bezain gisatsu bat itxuratzen, harroputz basati zakar baten ondoan, edo printze apain, gemen handiko adeitsu baten aldamenean; horrela badaki jaun handien handitasuna gertarazten eta dituzten dohainen berri emaiten; bai, halaber, hauen menpeko, morroe edo jopu, neskame edo mirabeen zintzotasuna egiaztatzen, kirmentasuna goresten dakien bezala. Astrologo ager daiteke, izarlari; kosmografo bikain izan daiteke, musikari ere bai, edozein arlo nahiz arazotan aditu eta jakintsu ager daiteke, eta nahi izanez gero, hil-azti edo nigromantetzat eman dezake bere burua. Ulisesen amarruak erakutsi ahal ditu, Eneasen gupida eman ahal du aditzera, Akilesen zangartasuna irrikarazi ahal du, Hektorren lazeriengatik negar eragin ahal du, Sinonen saldukeriak salatu ahal ditu, Euríaloren adiskidetasuna goratu ahal du goraki, Alexanderren esku-zabaltasunaz txundiarazi ahal du, eta era berean, Zesarren adorea, Trajanoren onberatasuna eta egiazaletasuna, Zópiroren kirmentasuna, Katonen zuhurtasuna, eta, azkenik, hitz guttitan esatearren, edozein gizon argitsu hobezin egiten dituzten eginak eta esanak, esanak eta izanak, hala gizon bakarrarengan ezarriz nola askoren artean banatuz, betiagerikotu ahal ditu. Idazkera arraia bada, atseginkorra, asmamena burutsua, ahalik egiatik hurbilenera joiten badu, ez dago zalantzarik ehundutako ehuna ederra, margoz nabarra, izanen dela, hari mehez bilbatua eta doi-doi azkendua bada, idazki batek erdietsi behar duena erdietsiko du, alegia, lehenago esan dudana, irakasteaz batera atsegin emaitea. Idazlea epiko ager daiteke kondairako egitsari miresgarriak irudikatuz, liriko ere bai, hots ezti goxoak aditzera emaiten dakienean, tragiko noizbait, izuzko alegia, komiko ere bai, irrizko bezain barre-eragingarri, azkenik, bai olerkigintzan bai elertigintzan, bertsoaren antzea eta jakintza batetik, hitz eta mintzoaren taxu eta moldakuntza bestetik, hitz lauz zein neurtitzez egitea duelako, orotan edergin ager daiteke, eta ongin ere bai, halako liburuetan.