On Kixote Mantxako

52. atala

On Kixotek ahuntzainarekin ukan zuen liskarraz eta zigorketariekikoaz, azkenean bere izerdiaz amaitu zituenaz.

Entzule guztiak, ahuntzainaren autuaz, atsegin handiz geratu ziren, Kalonjea batik bat, buru oneko eta adimen zoliko gizona izanki, jaulkitzailearen hizkeraz ohartu baitzen, bereziki, jaulkieraz hain zuzen, zeren, ahuntzain oihes edo esmoil edo zakarren itxuraren ostean handiki-kumeren baten hizkera garbia agertzen zuena zen, izan ere; oihandarra ordez jauregitarra zirudiela nabari zitzaion, eta honen kariaz, Apaizari, mendietan ere legegizonak hazten direlako esaera ondo esana zuela aitortu zion. Hango guztiak, zein baino zein, Eugeniori laguntza eskaintzen hasi zitzaizkion, eta eskuzabalena On Kixote, honela esan ziona:

Jakin ezazu, ahuntzain anaia, jazoera berri bati ekin ahal baniezaio, oraintxe bertan zure alderako bidean jarriko nintzatekela, arriskuak arrisku, eta Leandra lekaime-etxe horretatik ateraraz nezake -beraren gogoz bestera sartua izan baita, noski-, inork galazari edo eragotzi nahi balit ere, dela lekaime-buru dela beste nor edo nor nire aitzinean eta aitzi jarrita ere, eta handik hara zure esku utziko nuke, zerorrek nahi duzuna, gogo onak emaiten dizuna, harekin egin dezazun; hori bai, beti zaldun-legeei atxekiz, legeon arauera ez da zilegi ez haizu ezein neskari lotsagekeriarik edo nabarmenkeriarik egitea. Jaungoikoa sinesten dudanez, sorgintzaile gaizto baten indarra beste sorgintzaile on, onginahi eta bihozpera batek menpean hartuko duela uste dut, eta, orduan, zin dagizut, lagun izanen natzaizu, nire zaldun-zinak haretarakotu bezala, okerra zuzentzen, behartsua babesten, zure zori txarra on bihurrarazten, su eta gar ihardunen dut, neronek ohi dudanaren antzera.

Ahuntzainak begiratu zion, eta On Kixote hala eta halakoxea ikusi zuelako harritu zitzaion, eta ondoan zegoen Bizarginari galde egin zion:

Jauna, nor dugu gizon hau, holako kaizu edo lazo duena, holako hizkera duena?

Nor, bada – erantzun zion Bizarginak – On Kixote Mantxako, okerren zuzentzaile, irainen ordaintzaile, nesken babes, erraldoien ikaratzaile, borroka guztietan garaile dena besterik?

Horrexek – ahuntzainak atzera – zaldun ibiltarien liburuetan irakurtzen dena dirudi, zeuk diozunez gizon honek honako honek egin ohi duen guztia haiek egiten omen zuten eta. Nago ez ote zaren nire lepotik iseka egiten, edo, bestela, gizon kapare hau burutik egina dago, burua hutsik du.

Zitala alaena! Zu bai zu – esan zion On Kixotek – buruan hautsik baino ez duzuna, burubageko horrek alu horrek! Arraioak ez badu! Zutaz erditu zen ematxarraren putakume horrek baino beteago dut nik burua.

Esan eta egin, batera; ondoan zedukan ogi zati bat hartu eta aurt! ahuntzainari begitartera aurtiki zion, heriosuhar, eta sudurra bete-betean jo zuen. Ahuntzainak, txantxarik nahi ez, zer ote igarri ezinik, halaxe, txarto erabili behar zutela antzeman zueneko, ez mahai ez zamau, ez han zegozen jale guztiei, inori ez ezeri jaramonik egiteke, begirune apurrik ere bage, On Kixoteri eraso zion, lepo-samatik esku biez eutsi zion, gogorto, zapuztu egin zuen, ito beharrez, eta Santxo Pantza berehala hurbildu ezik, irato eginen zuen. Santxok bizkar aldetik heldu zion, mahai gainera uzkaili zuen, txalinak puskatu zituen, gatiluak ere bai, eta dena isurarazia, dena ihaurria, dena hautsia geratu zen. On Kixote askaturik, ahuntzainaren gainera igo zen; beronek, Santxoren ostikoez aurpegia odoldua zuen, baina, oin-eskuka mahaian zebilen, bila eta bila, odolgaizki, aizto edo halakoren bat hartu nahiz, sarraskia egitearren; Kalonjeak eta Apaizak galarazi zioten; baina Bizarginak ez dakit zer egin zuen eta ahuntzainak On Kixote berriro azpian hartu zuen, ekin zitzaion ekin, jo eta su, ukabilka alde guztietatik, bere aurpegia bezala zaldun gaixoaren begitarte osoa odoletan ipinteraino. Kalonjea Apaizarekin barrezka, koadrilleroak algaraka lehertzekotan, batzuk haxi! bestetzuk huia! hemen bata xaxa! hor bestea iza!, zakur bi borrokan aritzean bezala zirikatzen denak; Santxo Pantza izan ezik, noski, nagusiari lagundu nahi eta ezin, amorruz beterik, Kalonjeren morroe batek oratuta zegoelako.

Azkenean, oro jai eta poz, borrokalari biak izan ezik, noski, elkar hil beharrez , dinbi-danba! joka ari baitziren ari, eta une haretan turuta baten hotsa belarriratu zitzaien, hots hitsa zen, eta denek buruak gibeleratu zituzten, soinua ustez zetorren leku alderantz bihurtu, eta denetan asaldatuena On Kixote; ahuntzainaren azpian zegoen arren, guztiz bere gogoaz bestera eta hagitz talikatua, "umatua" egonik ere, honela hasi zen ozenki:

Satan anaia, txerren zitala ez bestea! nire indarra eta ahalmena lotu ahal izan dituzun horrek, otoi dagizut, otoi, menia egin dezagun, ordubeterako baino ez bada ere; hor dantzudan turuta horren hots negarti horrek jazoera berriren batera deitzen didala iruditzen zait eta.

Ahuntzainak, jaiten nekatua eta joa izaiteaz are akituago, jaregin zion, eta On Kixote zutitu zen; burua bihurturik, han urrun, aldats batean beheti, zuriz jantzitako heuragi gizon, zigorkariak antzo, begiztatu zuen.

Arazoa zera zen: urte haretan hodeiek lurrari ihintz tanta bat ere eman ez ziotela, eta, honen zioz, aurkintza haretan guztian bai elizinguruak, bai otoizteak bai zigorkaldiak egiten izan ziren, Jaungoikoari bere esku errukitsuak zabal zitzan eta euria egin zezan eskatzeko. Halaxe. bada, hango baserri bateko bizilagunak, ibildeuna eginez, haranburuan zegoen baseliza otoitz-eragingarri batera zihoazen. On Kixoteri, zigorkarien janzkera bakana edo ezohikoa ikusita, behin baino gehiagotan ikusi ukan zituena gogoratu bagerik, arriskugarri zirela edo jazoera berri bateko zera zela bururatu zitzaion, eta, bera zaldun ibiltari izanki, aurre egin behar ziola iruditu zitzaion; eta irudipen hau sendotzeko, harako otoizgile haiek eurekin bat zekarten beltzez jantzitako irudia' halako andere handiki nagusiren bat haiek, alper-gorotz txepel handitzar haiek alegia, indarrez behartuta zekartena zelakoa sartu zitzaion burutara; sartu eta bat-batean, Rozinanteri joan ziitzaion, patxadaz bazkatzen ari zeino, artzoitik adarga eta balazta edeki zizkion, ahokoa ipini zion eta Santxori ezpata eskaturik, Rozinanteren gaineratu zen, adarga besoratua, eta, ozenkiro, hantxe zegozen guztiei hau esan zien:

Orain, lagun adoretsuok, ekusiko duzue zein axola gaitzekoa den munduan zaldun ibiltarien legea zaintzen duten zaldunak egoitea; oraintxe ekusiko duzuela diot, zaldun ibiltarion behar eskergarria, han gatibu daroaten andere on haren askatzean.

Hau esanda, estu zuen Rozinante, ezproinik ez eta orpoka joz, aztalka, eta lauoinka hasi zen, lasterka ez dago esaterik zeren kondaira honetan guztian ez baita inoiz ziztu bizian ibilten ikusi ez ikusiko Rozinante zaldia, zigorkariengantz. Apaiza eta Kalonjea berehala geldiaraztera joan zitzaizkion, alabaina ezin gelditu izan zuten, Santxoren oihuek ere ez zuten gelditu, honela ziotson arren:

Nora doa berori, On Kixote jauna? Ze-nolako tusuriak daramatza bularrean, horrela gure fede katolikoari aitzi joaitera bulkatzen dutenak? Ohar bedi, otoi, ai ene ondikozkoa!, hango hura zigorkarien prozesioa dela, eta daramaten andere hura Andere Dona Maria narriobagea idulki baten gainean; begira, jauna, zer eginen duen, oraiko honetan egin behar ez duena eginen duela dirudi eta.

Alperrik nekatu zen Santxo, nagusia itsu zihoan, maindirepeko haienganantz eta hileta-jantzi beltzez mozorrotu andere haren askatze alderantz hisi gaiztoan zihoan eta ez zuen hitzik entzun; entzun arren, ez zen atzera itzuliko, ez eta Erregek berak agindu izan balio ere. Heldu zen, bada, ibildeunera, gelditu zuen Rozinante, gelditzeko gogoa zuena, eta ahots lakar nahasi batez mintzatu zitzaien:

Zuek, beharbada, zintzoak ez zaretelako aurpegia estalirik daramazuenok, entzun, erne eta adi, esan nahi dizuedana.

Irudia zeroatenak gelditu ziren, aurrenik; eta, kirieleisonak edo halako otoitz-abestiak kantatzen zituzten lau elizgizonetako batek, On Kixoteren itxura barregarri xamarra, Rozinanteren zingil-mehea eta antzeko zer batzuen ikusiaz ohartuta, honela erantzun zion:

Anaia jauna, ezer esan nahi badiguzu, esan oraintxe, anaiok haragiak urratzen doaz eta ezin gaitezke geldi, ez dugu on hemen trikatzea, ezer entzutearren, onik eta laburrik ez bada, hitz bitan esatekorik ez bada.

Batean esanen dut – On Kixote ihardetsiz – eta hauxe da: utz ezazu aske, oraintxe, andere eder hori, negarretik eta bekuruntze goibeletik ageri du beraren gogoaz bestera daramazula, eta behar-ez-den-keriaren bat , nabarmenkeriaren bat egin diozula ageri du; eta nik, mundura horren antzeko irainak garbitzeko jaio nintzenez, ez dut gogoz hartuko horrelakorik bat ere, eta ez dizut urrats bakar bat ere egiten utziko, honik aurrera, horrek merezi duen askatasuna eman ezean.

Esaerok entzun orduko, denak On Kixote burutik egintxea zela konturatu ziren, eta barre-zantzoka, kar-kar-kar, hasi ziren, gogotik; barrea, berriz, On Kixoteren suminari sutautsa egotzi bezala izan zen, eta, tutik esan aurrez, ezpata ateratu zuen eta andariei esetsi zien. Hilkutxa edo zerraldo itxurako hura zeroatenetako batek, zama lagunen lepoetan utzita, On Kixoteri aitzi egin zion, anda gelditzean zutik jasaiteko azpian ipini ohi zuten tenga edo matxarde bat eskuan hartuki; aiztokada gogor bat jaso zuen On Kixotek emana, eta makila hura bitan eten zen; azken zati bat eskuratu zuen berriro eta dzart! On Kixoteri sorbaldan ukaldi bat egin zion, bizkar aldean eta besoko adargaz babestu ezin izan zuenean, hain gogorra, On Kixote gaixoa lurrera xoil hebaindua erori zela.

Santxo Pantza, itokarrean zihoan, arnasestuka, arinik arin laguntzera zihoakion, lurrean ikusi zuen eta hurbiltzen ari zela, oihuz, jotzaileari ez gehiago astintzeko eta geldi egoiteko eta ez hiltzeko agintzen zion, sorgindua zegoen zalduna zela, eta inori minik bizitza osoan egin bagekoa zela oihuz aldarrika, bakean uzteko, otoi, eskatzeaz batera. Koldar hura geldiarazi ez zuten Santxoren oihuok, On Kixote hilotzik edo, ez oinik ez eskurik higitzen ez zuela ikusteak baizik Hil zuela sinetsita, guztiz nahasia, soingainekoa gerrian lotu zuen, ahalik azkarren, eta landan zehar ihesari eman zion, oreina bezain zalu, inoizko arinen.

Une haretan, On Kixoterekin etorritako guztiak hurreratu ziren, baina denak lasterka, koadrilleroak ere arkuekin, eta tarrapataka ikusi zituztenez, prozesiokoak beldurtu ziren, ezbeharren bat edo gerta beldurrez eta oro elkarrengana irudiaren inguruan bildu ziren; buruko klixketak erantzi zituzten, zigorrak eskuetan tinko, elizgizonek zuzi-makil bana hartu eta erasoari erasotzeko gerturik gelditu ziren, itxaroten, beldurrak, nonbait, susperturik. Asturuak uste baino hobeto jo zuen, ordea; Santxo bere nagusiaren gorputz gaineratu zen, hila zelakoan, inoiz egin izan den negar barregarriena eginez. Ibildeunean zetorren apaiz batek Apaiza ezagutu zuen, eta honexek baretu zuen, behingoz, bi gudarosteen arteko sumin samingarria. Apaizak, hitz bitan, On Kixote nor zen azaldu zion beste apaizari, eta berahala, hilik ote zegoen ikustera joan ziren, zigorketariak eta guztiak; Santxo Pantza, zaldun gaixoaren gainean bere soin osoa egotzita, negarretan honela mintzatzen ari zeino:

Oi, zaldungoaren lilia, makilkada bakarraz zure urte luzaz ontsa erabilien lasterra behin betiko gelditu zaituena! Oi zure etorkiaren ohore, Mantxa osoko aintza, are mundu osokoa ere, zeina zu bagez gaizkileez beterik geratuko baita, edozein gaiztakeria eginik ere zigorrik pairatu bagekoak izanen direnak! Oi Alexander guztiak baino eskuzabalago izan zaren zu, zure morroe naizela zortzi il baino ez eta itsasoak inguratzen eta hertsitzen duen uharterik hoberena eman zenidana! Oi harroekin apal, apalekin harro, arriskuen zale, irainen jasaile, maitebiderik bageko maitemindun, zintzoen antzeratzaile, gaiztoen zigor, koldarren etsai, azkenik, zaldun ibiltari, hots, esan ahal den guztia hitz batez!

Garrasi eta antziok entzunez, On Kixote berpiztu zen, eta egin zuen lehendabiziko elea hauxe

Oi Dultzinea goxo-goxoa, zuregandik urrun bizi dena honakook baino atsebage handiagoak eramaiteko dago. Lagun hakit, Santxo adiskide, sorgindutako gurdiaren gainean jar nadin, honez gero ez nagok ez Rozinanteren aulkian kokatzeko eta; soina hebainduta zadukaat.

Gogo onez eginen dut, ene jauna – Santxo erantzunez – eta goazen atzera nire baserrira, hemen gizon guztiokin batera, berorren ona baizik nahi ez dutenak, eta handik hara, guri onura gehiago eta ospe handiago ekar liezagukeen beste "elkaldiren" bat antola dezagun, berorrek dioena legez esateko irtenaldi bat alegia.

Ongi diok, Santxo, ontsa – On Kixote mintzatzen – eta orain izarren eragipen gaiztoa iragaiten uztea onena izanen diagu. Hara, zuhurrena, bai.

Kalonjeak, Apaizak eta Bizarginak baietz, horixe egitea onena zuela; eta hala, Santxo Pantzaren iñoxokeriak entzunaz alaitu bat hartuta, On Kixote gurdiratu zuten, lehen zetorren bezala; eliz-bira berriro eratu zen, eta, ter-ter-ter, bidean aurrerantz ibilten hasi ziren; ahuntzainak denei agur egin zien; Anaidikoak, koadrilleroak alegia, aitzina joan nahi ez eta Apaizak zor ziena ordaindurik eurenera itzuli ziren. Kalonjeak, On Kixoteren nondik-norako guztien berri bidaltzeko galdatu zion Apaizari, ea zorotasuna sendatzen zitzaion ala bere zoroan irauten ote zuen, eta honen ondorean bere bideari jarraikitzeko baimena hartu zuen. Hondarrean, bakoitza bere bidetik, elkarrengandik batera edo bestera urruntzen joan ziren, On Kixoterekin Apaiza eta Bizargina geratu ziren, Santxo Pantza eta Rozinante zintzoarekin bat noski, berau, den-dena ondotik eta ondo ikusiagatik ere bere nagusia bezain patxadatsu, baraistuan eta plaiutean zegoen, geldi.

Itzainak idiak uztartu zituen, On Kixote lastapoila baten gainean ondo jarrarazi zuen, eta berea zuen egonarriaz , Apaizak nahi izan zuen bidetik jo zuen, eta sei egunen buruan, On Kixoteren herri koxkorrera iritsi ziren. Eguerdian sartu ziren, igandearekin, eta herriko bizilagunak enparantzan zegozen, On Kixoteren gurdia erdi-erdian zehartu zenean. Oro ikusminez, jakina, eta behingoan , hara, gurdiak zer zekarten ikuste aldera hurreratu ziren; herrikidea ezagutu ordukoxe harri eta zur denak, eta mutiko bat antxintxika joan zen, osaba zetorrela eta etxeko andereari eta ilobari berri emaitera heldu zitzaien, zurbil eta holli zetorrela, idi gurdiko galtzu pila baten gainean etzanda zekartela, eta, adiarazi zien. Emakumezko biek egin zituzten garrasi eta oihuak! Errukarriak! Euren buruari zapladaka hasi ziren, zalduntza-liburuei biraoka ekiten hasi ziren, eta etxeko aterean barrura sartzen On Kixote ikusi zuteneko han ziren garrasi eta oihu egiten hasteak, han zapladaka eta biraoka ekin eta ekin txoratzen hasteak!

On Kixoteren etorreraz jakitun eginda, Santxo Pantzaren emaztea haratu zen, harekin ezkutari joandakoa zela bazekielako eta Santxo ikusi zuenekoxe, lehenengo galdera, astoa onik ote zetorren galdetu zion. Ugazaba baino hobeto zetorrela erantzun zion Santxok.

Eskerrak Jainkoari – ihardetsi zion emazteak – hainbertze on egin baitit; baina, erraidak orain, adixkide, zeinbateko mozkinik eskuratu duk, hire ezkutarigoan? Kotta bat ekarri al didak? Nolako oskittoak eraugi dizkiek hire seme-alabei?

Holakorik deusik ez – Santxok erantzun –, ene emazteki, nahiz eta orai-oraiko behar edo axola gaitzagoko gauza batzuk ekarri.

Horrexek emaiten zidak, maittea, bihotzean botza – emaztea harzara – : erakuts iezazkidak horiek gauza horiek horren axola handikoak, ene adixkide, ikusi nahi ditiat, eta hi urruti ebili haizen bitarteko mendeetan honen goibel izan den bihotz atsebagetu hau botzez jarriko duk.

Etxen erakutsiko dizkinat, andere, eta izan hadi oraikoz alai; zeren, Jainkoa lagun, bertze behin arrisku edo jazoeren bila jalgiten garenean, urrutira bage kondetuko naun, edo uharte bateko jaurlari jarriko naun, eta ez edonolakoa, aurki daitezkeen hoberenetarik bateko baizik.

Ailu Jainkoak nahi, ene senar, behar ere diagu eta. Alabaina, erraidak: zer duk uharte hori? Nik ez diat entelegatzen.

Astoa maindiretan – erantzun zion Santxok – ; gero gerokoa, emazte, bere tenorean ikusiko dun, eta harrituko zain hire otsein guziek "andere" erraiten dinatenean.

Zer diok, Santxo, horrenbertze andere, uharte eta otseinekin? – galde egin zion berriro Juana Pantzak, izan ere izen hau zuen Santxoren emazteak, ahaideak ez baziren ere, Mantxako ohitura delako emazteak senarraren abizena hartzea.

Ez hadi larri, Juana, hau guzi hau berehala jakin nahian; egia dionat eta aski dun, hertsi ahoa. Hau bertzerik ez dinat erranen, zera, ez dagoela munduan gogozkoagorik zaldun ibiltari arriskuzale baten ezkutari zintzo izaitea baino. Egia ere dun, gutiz gehienak, gizonak nahi lituzkeen bezain onuragarri ez direla gertatu ohi jazoerak, izan ere, ehunetik lauretan hogoita hamar gaizki, oker eta kaltegarri gertatzen dun. Nik hasturaz bazakinat, atunez eta askojakina naun, behin edo behin, burusian astindua edo ukabilez talikatua gertatu izan naun eta; dena den, horrela eta guziz ere, gauza ederra dun arriskuen xerkan mendiz mendi ebiltea, oihanetan barrena sartzea, haitzetan gaindi iragaitea, gazteluen ikustera joaitea, ostatuetan gauak eta egunak oparoki emaitea, deusik ordaindu bagerik.

Santxo Pantza eta Juana Pantzaren arteko hitz-aspertu hau egin bitartean, On Kixoteren etxandereak eta ilobak, harreraz gero, soinekoak erantzi zizkioten, eta harena zen ohe berean eratzan zuten. Harek zeharka begiratzen zien, non zegoen ez zekien ondo eta. Apaizak neskatilari osaba ongi zaintzeko, nahierara eta naroro errekitatzeko onu eman zion, eta erne egon zedin ere agindu zion beste behin ihes egin ez zezan, berriz ere atzera etxeratzeko zelako lorrak izan ziren aditzera emaiten zion aldi berean. Hau jakinik, han ziren berriro zeruari begira oihuka hasteak, han berriro zalduntza-liburuei biraoka hasteak, han zeruari eske halako liburuen egile nahiz asmatzaile gezurti zentzubageak inpernuko sulezera egotziak izan zitezen. Azkenean, berriz ere, osaba bere onera etorrita, beste behin alde eginen zuelakoan beldurrez geratu ziren.

Kondaira honen egileak, baina, On Kixoteren hirugarren irtenaldian gertaturiko goi-behe guztien bila, jakinmin larriz, ardura handiz eta gogotik, ihardun zuen arren, ez zuen ediren haien berririk, ez, bederen, egiazkoa izan zitekeen idatzitakorik; ahomenak zerttobait gorde du, Mantxaren orimenean batik bat, zurrumurruak alegia, On Kixote hirugarren aldian etxerean Zalduara joan zenaz; eta hirian egin ohi zituzten guda-joko entzutetsu batzuetan sartuta ibili omen zen, antza zenez, eta gertaera gogoangarri zeinbait ere aiergatu zela jakina da, haren adimen on, buru argi, eta gemenaren neurrikoak, ziren bestean ere. Nola amaitu ziren, zein heinetan azkendu zituen jazoera guztiak, ez zuen jakiterik eduki, ez berririk, ez hiralgorik, tzitzi-pitzi ibiliagatik ez zuen susmurrik ere jaso haren zori onaz ala txarraz, albiste bat ere ez; harik eta asturu edo halabehar ona sendagile zahar batekin batera bereganatu zitzaion arte; honek berunezko kutxa bat zedukan, berak zioenez, baseliza zahar bat berriztatzen hasitakoan oinarrien artean aurkitutakoa zena; kutxa barruan larrutxa batzuk hizki gotikoez idatziak, gaztelerazko bertsoak, haren egitandiak goraipatzen zituztenak, eta Tobosoko Dultzinearen edertasuna aditzera emaiten, eta Rozinanteren itxura azaltzen, eta Santxo Pantzaren kirmentasuna nabarmentzen, eta, azkenik, On Kixoteren beraren hilobiaren berri emaiten zutenak, bere biziera eta ohiturei buruzko hilartitz goresgarri batzuk eta guzti. Garbitara eman eta gero irakurri ahal izan zirenak, hemen kondaira berri inoiz ere ikusi bage hau idatzi duenak ezarri dituen hauek dira. Egile honexek irakurleari, argitara eman ahal izaiteko Mantxako agiritegi guztietan arakatze eta bilatze lan eskergen saritzat ez du besterik galdatzen, munduan dabiltzan zalduntza-liburu zuhurrei emaiten zaien sinesgarritasun berdina baino; honezaz ondo sariztatua izanen da, ederki ordaindua, eta beste kondaira batzuen bila hasteko berotuko da, gogoz eta buruz; eta honako hau bezain egiazkoak ez izanagatik ere, astia pozez betetzeko edota ororen gozagarri izaiteko, behintzat, izanen dira, agian.

Berunezko kutxan zegoen larrutxan aurkitu lehenengo eleak honako hauek ziren:

Mantxako Argamasilla Herriko Akademikoak On Kixote Mantxako Adoretsuaren Bizitzan eta Heriotzan Hoc Scripserunt

Monikongok, Argamasillako Akademikoak, On Kixoteren Hikobian Hilartitza

Mantxa txoroki apaindu zuena
besorik indartsuenaz haizea
mendean har nahiz gosez asea
ehotzeko txoraizerik onena

Catay-tik Gaetara hor du, antza
guduz gudu irabazi ospea
Amadis-i eman zion atzea
beragatik garbi jalgi zen Mantxa

Denen gainetik bera zen goitsuen
arrisku larri guztien laguna
minbera maitez azkarra zaldian

Belianistarrak isildu zituen
Rozinanteren gaineko zalduna
hemen datza harri honen azpian

Paniaguadorena, Argamasillako Akademikoarena
In laudem Dulcineae del Toboso

Aurpegiz mokorra da bezain potzolo
harentzako erreinua bai Toboso!
Dultzinea eztitsu ez al da oso?
On Kixote haren ametsaz dago lo

Alde batetik bestera joan zen zaldiz
zalduna izanki, borrokaz borroka
ez zen kikil nahiz piztia orroka
haren maitez buru makur behar, aldiz

Oi Mantxako "dama"! Oi izar gogorra!
Zaldun ibiltari honen artizarra
munduz mundu, bidez-bidera zuena

Hil artean txit politez zen izorra;
birlora zion arren bihotz zaharra
etsai zuen Dultzinea "dultzeena"

On Kixote Mantxakoaren Zaldi Rozinanteren Gorespenean Kapritxoso Argamasillako Akademiko Zuhur-Zuhurrak Egina

Hor zehar zihoan ikurrak airean
Mantxatarra zut Rozinante gainean
bazihoan jaurleku ezin hobean
munduz mundu mundua bere mendean

Zaldiaren lasterra! Horra zalduna
zein zabala zen haien etorkizuna!
Egitandi berriez Mantxako Jauna
tint bikainduz zihoan bere iharduna

Bere Amadis-ez harro da Gaula
horren nareak baitzuen Grezia
izen handiz zangarki goratu

Kixote ez zen borrokan ahula
gainditzen beti etsaien hesia
Mantxan harekin aintza zen loratu

Rozinante burgoi bidea on dizula!
Mantxa zenuen ezagutarazia
zuk, bai, lehen zen baino areagotu

Burlador Akademiko Argamasillarrarena Santxo Pantzari

Hau dugu Santxo Pantza soinez ttikia
alabaina, hau da hau! handia adorez
ezkutari hoberik, batto ere ez
munduan inoiz ez da egon, egia!

Konde bazuen izaiteko zoria
baina hau mendea beterik bekaitzez!
uharte baten, bestela, bide batez
jaun-da-jabe izanen zen ia-ia

Belarriluze (barka!) baten gainean
otzana ezkutaria, bai zintzoa!
Rozinanteren atzean zihoana

Oi lagun xumearen amets hutsean
eraikitako itxaropen eroa
ezerezaren itzala, ke joana!

Argamasillako Akademikoa Den Katxidiablorena On Kixoteren Hilobian Hilartitza

Zaldiduna hemen datza
azkenean (h)ondo joa
ibiltari txar gaixoa!
Rozinanteren lan latza!

Bai txoroa Santxo Pantza
hemen du bere zuloa
guztiz izan zen zintzoa
ezkutari ona, antza.

Tikitok Argamasillako Akademikoarena Tobosoko Dultzinearen Hilobian Hilartitza

Hemen dago atsedeiten
mardula zen Dultzinea
ez du alperrik, ordea
Heriok lana egiten

Etorkiz garbi izaiten
izenez, xoil, anderea
On Kixoteren maitea
bere herriko maiteen

Honatx, irakurri ahal izan ziren bertsoak, besteak, hizkiak sitsak edo pipiak janda egoitegatik, akademiko bati eman zizkien, nola edo nola, ustez edo, irakur eta argi ditzan. Egin baduela uste da, lanik asko eginda, ordea, eta argitaratzeko asmoa ei du, On Kixotek hirugarren irtenaldia eginen duelakoan.

Forse altri canterà con miglior plettro

Lehen Zatiaren Amaia