On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

14. atala

Basoko Zaldunaren gertaera aitzina doanekoa.

Autu-mautu luzeen ihardunean, edaskaiak dioenez, Basokoak On Kixoteri honela esan ei zion:

Bukatzeko, zaldun jauna, berorrek jakin dezan, Bandaliako Kasildeak maitez mindu ninduela esango diot, halabeharrez, edo, hobeki esateko, nire hautuz. Berdingabe deritzot, noski, berdinik bat ere ez duelako, bai gorputzaren handitasunaz bai bere ederraz, eder-ederraz. Kasildea honek, beraz, nire gogo on eta nahi sutsuen ordainez, Herkulesi bere amabitxiak egin bezala, hainbat eta hainbat arrisku edo galbidetan zehar joarazi zidan, eta halako baten amaieran hurrengo baterako itxaropena eskaintzen zidan; eta honela nire nekeak katebegiz begi lotzen joan izan zaizkit, bataren atzetik bestea, amaiezinean, nire asmo garbiak betetzen hasteko azken begia zein izango den neronek ere ez dakidala. Behin, Sibilian dagoen Giralda izeneko erraldoi ospe handikoari aupada egitera joan nenkion agindu zidan; munduan den emakumerik alditsu eta higigarriena bera, bere lekutik inora gabekoa izanagatik, brontzez egina balitz bezain sendoa eta azkarra dena. Heldu nintzen, ikusi nuen eta uzkaili nuen, geldi egotera behartu nuen, hantxe bertan, aste oso haretan iparrak gogor jo zuen arren. Beste behin, Gisandoko Zezen errutsuen harri zaharren zenbatekoa erraldetan haztatzera bidali ninduen, zaldunoi ez otsein edo sehiei dagokien egitekoa dena. Beste behin, Kabrako lezean barrena neure burua egotz eta murgil nendin agindu zidan, egundainoko galtzulo sarrakio sargarria zen sakonune haren barruan zer zegoen iker eta jakinaraz niezaiontzat. Geldiarazi nuen Giralda koloka, haztatu nituen Gisandoko Zezen astunak, lezera jauzi egin nuen eta hondarrean zegoena azal-argitara ekarri nuen, eta nire itxaropenak hilak baino hilago hala ere, eta haren aginduak nahiz muzinak bizi-bizirik, ordea. Bukatzeko, azkenengoan, Espainiako lurralde guztietan zehar bidali nau, berauetan hara-hona dabiltzan zaldun ibiltari guztiei zera aitortzera behartzeko, hots, bera gaur den egunean bizi denik ederrena dela eta ni lurbira osoko zaldunik bihoztuna eta maitez ongienik mindua naizela; honexegatik, bada, Espainiako gehiena alderen alde zeharkatu dut, eta bai niri ezetz esatera ausartu diren zaldun guztiak garaitu ere neuk. Honetaraz gero, baina, harro baino harroago nagoela aitortzen dut, zertaz eta borroka lazgarri batean On Kixote Mantxako zaldun ospetsua azpiratu izanaz, haretan ere, nire Kasildea ederra haren Dultzinea baino ederragoa dela aitorrarazi bainion. Gurenda honegatixe, mundu osoko zaldun guztien gaineko garaipena lortua dudalakoa dut, On Kixote delako horrek diren guztiak garaitu izan ditu eta. Haren aintza, ospe eta izen ona, beraz, niri neuri egokitu zaizkit, nik hura mendean hartu nuenez gero. Esaera da, eta egiazkoa, hauxe:

Zeinbat eta garaituak izen larriago
hainbat eta garaitzailea goresgarriago

honetaz, bada, On Kixote ahomen handiko haren egitandiak, hemendik aurrera, are handiagoak, are zenbatezinagoak izango dira, nire gain hartuak ditudala eta.

Harri eta zur geratu zen On Kixote, Basoko Zaldunari entzundakoan, eta gezurra zioela aurpegira egozteko zori-zorian egon zen, eta mihi-zian ezetza gerturik ukan zuen, baina, ahalik lasaien, eutsi zion eta eztitu zen, haren gezur hura beraren ahotik aitortzera behartu beharko zuelakoan; honela, bada, ezti-ezti, esan zion:

Horretaz, Espainiako zaldun ibiltari gehienak, eta are mundu guztikoak ere berdin, berorrek, zaldun jauna, azpiratu eta mendean hartu izanaz ez dut ezer esanen; alabaina, On Kixote Mantxakoa "xahutu" duenaz zalantza handiak ditut: errasti, antzeko beste bat izanen zen, horren antzekorik asko ez dagoen arren.

Nola ezetz? – Basokoak iharduki zion – Gure buruen gainean dugun ortziarren, On Kixoterekin borrokatu nintzen, eta garaitu nuen eta txil eragin nion. Soinez gizon luzea da, aurpegi iharrekoa, beso-zangoak luzexkak eta meheak ditu, sudurra kako, sudurpeko luze, beltz eta eroria duena. Hor dabil, landetan zehar hara-hona, Itxura Hitseko Zalduna izenorde duela, ezkutari Santxo Pantza deritzon nekazari batekin; hankartean, zaldi bat bera baino are izen handiagokoa ia-ia, Rozinante alegia, bizkar gainean eramaten nahiko lan duena; eta, gainera, bere gogozko anderetzat hartua Tobosoko Dultzinea du, lehengo eta egiazko izenez Aldontza Lorentzo zeritzona; nirearen antzera, zera, Kasilda eta Andaluziakoa izanagatik ere, nik Bandaliako Kasildea deritzodana. Esandako hauek guztiok egia diodala sinetsarazteko nahikoak ez badira, hona hemen nire ezpata, sineskogorra beratuko duena.

Bare bedi, zaldun jauna – On Kixotek – eta entzun esan nahi dudana. Jakin beza berorrek On Kixote delako hori, aho-mihitan darabilena, ludian dudan adiskiderik handiena dudala; honenbesteko adiskide dut ezen nire neure baitan dudala esatea ere baitut; eta erakutsitako ezagugarri horiek guztiak zehatz-zehatzak eta zeharo egiazkoak direlako, benetan mendean hartu izan duena ber-bera dela sinetsi besterik ezin egin dezaket. Beste alde batetik, ezin da izan, neure begiz ekus eta neure eskuz uki baitezaket ezinezko hori, baldin, zera, berak etsai sorgintzaile asko duenez -bat, batik bat, beti atzean doakiona- horietako baten batek haren itxura hartu eta bere burua galtzera utzi ez badu, haren ospearen kalterako nahiaz noski, eguzkipe osoan eginiko zaldun-ekintza eskergei esker ongi irabazitako hotsa moteltzeko asmoaz. alegia. Jakin beza, honen harira, orain dela bizpahiru egun, etsai sorgintzaileok Tobosoko Dultzinea ederraren itxura, bai eta pertsona bera ere, antzaldatu zutela, nekazarieme motz eta zarpailtzat emanez; honetaraxe, beraz, aldatuko zuten, antza, On Kixote. Hau guzti hau, diodan hau, egia dela sinetsi nahi ezean, gainera, hona hemen On Kixote, egia horri eutsi eginen diona, nola edo nola ere, hala oinez nola zaldiz, iskiluak eskuetan.

Hau esateaz bat, zutitu zen, ezpatari eutsi zion, eta Basoko Zaldunak zer eginen zain geratu zen. Baratx-baratx, aho eztitsuz, honela ihardetsi zion:

Behin egin zuenak birritan egin lezake: behin, On Kixote jauna, antzaldatua mendean hartu zuenak, egiazko itxuran garaitzeko itxaropena ukan dezake. Alabaina, zaldunek ez dute lege borroka ilunpe beltzean egitea, eta, honetaz, itxoin dezagun eguna argitu arte, eguzkiak gure egite handiak ikus ditzan, ez gara, izan ere, lapur edo bide-ohoinak. Borrokan eginez gero, azpiratuak garailearen nahipean geratuko da, harek honen nahierara egin dezan osotoro, baldin eta zaldunari agintzen diona guztiz egokia bada, noski.

Baldintza horrekin bat nator, pozgarri zait biziki – On Kixotek berriro.

Hau esanda, ezkutariak zegozen lekura joan ziren, lo-zorroan eta loak hartu zituenean bezala aurkitu zituzten. Iratzarri eta zaldiak prest edukitzeko agindu zieten, eguzkia jalgi orduko biek borroka latz, odoltsu eta egundainokoa egin behar zutela-eta. Santxo txunditurik, izuturik gelditu zen, bere nagusiaren osasunaz kezkati, Basokoaren ezkutariak aipatu "balentriak" oro gogoan zerabiltzala; tutik esan bage, halarik ere, ezkutari biak abereen bila joan ziren, berehala, hiru zaldiak eta astoa, elkarri usainduz geroztik, elkarrekin zegozenera.

Haiengana zihoazela, Basokoak Santxori:

Jakin ezak, anaia, Andaluziako borrokalarien artean ohitura dela, aitabitxiak jo eta ke ari diren bitartean, semebitxiak antxumatuta ez egotea. Zera esan nahi diat, gure nagusiak elkarri muturka ari direnaren antzera guk ere elkar jo behar dugula, txiki-txiki egin artean.

Ohitura hori, ezkutari jauna – diotso Santxok ihardesteko eran – han agi litekeena duk, halako gizatzar gaizto zitalen artean, baina zaldun ibiltarien ezkutariekin ez eta pentsatu ere. Nik, bederen, ez zioat inoiz entzun nire nagusari halako ohiturarik aipatzea, eta buruz zakizkik ongi horrek zalduntzaren legeak. Eta areago, nik halako lege edo araua egia izaitea, alegia, nagusiek borroka egiten duteino ezkutariek elkar jo beharra, nahi nikek baina ez nikek bete nahi, alderantziz, ezkutari bakezaleei ezarri isuna ordaindu behar izaitekotz ordaindu eta kito, bi liberako argizagi edo ezko baino gehiagokoa ez baita. Nahiago diat, beraz, bi liberak eman, burua josteko behar izanen dudan haria, bertzenaz, garestiago izan zaidak eta; dagoenekoz, burua bi zatitan puxkatua ikusi ere bazakusaat. Ezpatarik ere ez zadukaat, inoiz eduki ez diat, eta ezin, honetaz, borrokarik egin nik.

Hori konpontzeko era bazakiat – basotarra berriro – oihalezko bi takel zakarrat hemen, neurri berdinekoak biak; bata hik hartu bestea nik, eta takelka egingo diagu borrokan, neurri bereko iskiluez biok.

Horrela bada, dagigun egin beharrekoa; hautsa elkarri kentzeko baizik ez duk izanen, ez minik eman eta hartzeko.

Ez horixe – diotso atzera Basokoaren ezkutariak – takelen barruan, haizeak ez eramateko, bost edo sei harri koxkor garbi-leun sartu beharra duk, batzuk eta bestetzuk hazta berdintsukoak izanki, takelkadaka ihardun dezagun elkarri gaitzik edo minik egiteke.

Ai, begira ongi, ene aitaren gorputzarren – Santxo berriz ere – ze-nolako tipula bikor edo zer kotoi-muillo sartzen duan takel barrenera, buruak hautsita ez bukatzeko edo hezurrak zuhandor eginik! Guziagatik, ziriko-kuskuz beterik egon arren, jakin ezak, ene jauna, ez dudala borrokarik eginen: egin bezate gure nagusiek, eta hor konpon haiek, eta guk, berriz, edan dagigun eta gaitezen bizi; aldiak ziguk bizia kenduko, bai, eta ez zagok zertan ibili epea jin baino lehenago bizia galtzen, berez heldutakoan galduko diagu eta, guk nahi edo nahi ez.

Horrela ere, borrokatu behar diagu, ordu erdiz bada ere.

Hori ez – diotso berriro Santxok – ez nauk ni hain eskergaiztoa, hain ozpina, ttipikeria bategatik ika-mikan aritzeko, norekin eta oraintsu jan-edan dudanarekin, hain zuzen ere; areago, gainera, sumindurik ez eta haserre egoiteke, nor arraio has ote liteke jo eta jo hotz-hotzean?

Horretarako ere bazakiat nik era – atzera basotarra mintzo – eta hauxe da: borrokan hasi aurrez, ni poliki hireganatuko nauk eta bizpahiru belarrondoko emango diat, lurrera egotzi arte; honenbestez suminduko haizela uste diat, gorrotoa iratzarriko diadala uste, muxarra baino logaleago izanagatik ere.

Era edo "zera" horretara baino lehen bertze bat zakiat nik – Santxo hizketan – hori baino tzarragoa ez dena: makil bat eskuan, nire herra iratzarri aitzin hirea makilka loaraziko diat nik, bertze munduan ez balitz berriz ere iratzarriko ez litzatekeen eran. Jakin ezak ni ez naizela aurpegia nehoren eskuz ferekatzen uzten duen gizona. Bat-bedera egon bedi adi-adi; izan ere, bakoitza bere sumindura lotan ezti-ezti duela egoitea hobe diagu; nehork ez zakik ongi nehoren arimaren berrirrik, eta usu ohi dena: ile-zur joan eta soil jin, eta anitz zakik saguak baina haboro katuak. Jainkoak bakea onetsi zian eta liskarra gaitzetsi; katua, bere burua inguraturik, hertsirik eta nehora ezinean ikusten duenean, lehoi bilakatzen omen duk, eta ni, aldiz, Jainkoak zakik zer bilaka nintekeen; hau honelatan, bada, gogoemak, ezkutari jaun, gure arteko ika-mikatik sor litekeen edozein gaitz edo kalte hire gain hartu beharko baituk.

Ongi duk, ongi – Basokoak – ; Jaungoikoak egunduko dik, bai, eta ikusiko diagu.

Une haretan, hasiak ziren, zuhaitzetan, txio-txioka, milaka txori margotsu, egunsenti hezeari agur egin nahian bezala txinta ezberdin alaiez kantari; ekialdeko behatokietan goiza bere begitarte ederraz agertzen hasi zeino, argiaren izpi amaiezinak, bitxizko ileak irudiz, haizeak hara-hona zerabiltzan, belarrak bustiz; sahatsak "mana" gozoa lurrintzen hasi ziren, iturriak irribarrezka, latsak eta xirripak gurguraika, oihanak harrotzen hasi eta larreak joritzen, ortzargiaz. Egunaren argia agertu eta gauzak ikusten hasi orduko, Santxoren begien aurrean agertu zen aurrena, berriz, Basokoaren ezkutari haren sudurra izan zen, handia izanki soin ia osoa itzalez estaltzen zuena. Handigaitza zela da esaera, makurra, ubeldua eta garitxez josia, berenxena bat irudi, ahotik behera atz-bete bi luzatzen zen, eta hain handia, ubelkarakoa, garixtsua eta makurra zelako oso aurpegi ezaina, itsusi askoa zuen. Santxo, hauxe ikusi bezain laster, ikaran hasi, esku-zangoak dardarka, erorminez jo haur baten antzera, izu lauorrian, hango mamutzar harekin borrokan ordez bere burua edota belarri ondoa hainbat zaplasteko jasotze aldera ipiniko zuela otu zitzaion, behin-behingoan. On Kixotek bere aurkariari so egin zion, baina buru-kroskoa ondo sarjantzia zuela eta ezin begitartea ikusi izan zion; gizon zaila zela ohartu zen, sendorra gorputzez garaia ez izan arren. Iskiluen gainetik halako soingain edo "kasaka" moduko zerbait zeraman, oihalezkoa, zirudienez, urre leun-leunezkoa, bere zabalera osoan beirazko hainbat ispilu dirdaitsu ihaurrita bezala, txit handiki ikusgarri agerrarazten zutenak; kroskoaren gainetik heuragi luma edo hegats zuri, hori, orlegi, punpoilo antzean, hegaldaka; lantza, zuhaitz baten ondoan zedukana, handi-handia eta lodia zen oso, musturra arra bete burdina altzairutuzkoa zuena.

Ikusi eta ohartu, denaz jabetu zen On Kixote, berehala nabaritu zuen, ikusitakoagatik, harako zaldun hura indar gaitzeko gizona zela; ez zen, haregatik, beldurtu, Santxo Pantza laso, alderantziz, gizabidez eratsu-eratsu, Ispiluetako Zaldunari hau diotso:

Zaldun jauna, borrokarako irritsak berorren gizatasuna higatu ez badu, tasun horrengatik, kroskoaren betaurrekoa jaso dezala eskatzen natzaio, pitin bat bederik, berorren begitartea eta izaera jasotasunean bat ote datozen ikus dezadan.

Geroago ere ni ikusteko une eta asti luzeegi izango du berorrek, zaldun jauna – ihardesten dio Ispiluetakoak – zein garaile zein garaitua gertaturik ere; eskaera horri muzin dagiot, oraingoan, betaurrekoa jasotzen nire asmoetan luzarotuz, Bandaliako Kasildeari berantetsita utziz gero irainik egin nahi ez diot eta; berorrek badaki zer aitorrarazteko asmoa dudan eta asmo hori betetzean ez dut berandutu nahi.

Zaldien gainetara igo bitartean – On Kixotek – esan ahal dit aipatutako On Kixote hura, berorrek mendean hartu uste zuena, ni ote naizen.

Antza bai, badu berorrek, arrautza batek arrautzaren antza duena bezala, nik azpiratu nuen zaldun haren antza badu; baina, sorgintzaileren bat edo batzuk atzetik doazkiola dio berorrek, eta, honetaz, ni ez naiz ausartzen baieztatzera berori benetan berori den ala ez.

Nahikoa dut horrenbestez – dirautso On Kixotek berriro – berorren iruzurra sinets dezadan; alabaina, betoz gure zaldiak, berori irusako horretatik irtenaraz dezadan, zeren, betaurrekoa jasotzeko behar den beta baino guttiago beharko baitut nik, Jaungoikoak nahi badu eta nire andereak eta nire besoak laguntzen badidate, berorren aurpegia ekusteko, eta, berorrek, berriz, uste duen On Kixote azpiratu hura ni ez naizela ekusteko.

Hau esan eta, gehiagoko bagerik, zaldi gaineratu ziren; On Kixotek uhaletik heldu eta Rozinanteri eraginez landa zati bat hartu zuen, bere aurkariari aurre egiterakoan itzulbide bat ukaiteko; Ispiluetako Zaldunak berdintsu egin zuen. Hogei bat urrats egin abantzu, eta On Kixotek bestearen deia entzun zuen, biak bide erdi banatan, eta Ispiluetakoak honela:

Beu gogoan, zaldun jauna, gure borrokaren baldintza, lehenago esandakoa, alegia, garaitua garaitzailearen esanetara edo agindutara geratuko dena.

Badakit – On Kixotek – , baldin esan edo agindu hori zaldun-legetik atekoa ez bada.

Horrelaxe, bai – gehitzen dio Ispiluetakoak.

Orduan, On Kixoteren begi aurrean, hara, ezkutari haren sudur beldugarria, eta Santxo bezain harri eta zur geratu zela esan beharrik ez; mamutzartzat hartu zuen, edo halako gizaki berriren batentzat, munduan inoiz izan ez diren haietariko bat edo zelakoan. Santxok' nagusia abiada hartzen zihoala ikusi zuen eta ez zuen sudurrandi harekin bakarrik geratu nahi izan, beldurrez eta haren sudurkada bakar batez, ukaldi txarren bat jasorik, bien arteko ika-mika, bertan amaituko zen, bat-batean, bera lur jota gelditurik, takadagatik edo ikaragatik; joan zen, bada, nagusiaren gibeletik, eskalapoin-uhalari helduz, eta atzera egiteko unea zela uste izan zuenean, hauxe:

Otoi, ene jauna, berriz ere joka hasi aitzin hango artelatzaren gainera igaiten lagun biezat, bertatik nire gogara ikus dezadan, lur azaletik baino hobeki, berorrek zaldun horrekin eginen duen borroka "bortitza".

Badiat uste, Santxo, badiat – diotso On Kixotek – zezenak ekusteko, arrisku bagerik, urrun eta goi nahi duala, aldamura igo eta goratu nahi duala uste diat, uste.

Egia erraiteko – Santxo harzara – ezkutari haren sudur ikaragarria ikusi eta harriturik nago biziki, ikara batean eta betean, eta haren ondoan egoitera ausartu ez ni.

Halakorik berriz hi! Egia esaiteko edo erraiteko, haina hain duk halakoa...; ni neu, naizena kez banintz, izutuko nindukek; hator, bada: nahi duan horretara igaiten lagunduko diat.

Santxo artelatzera igo bitartean, Ispiluetako Zaldunak bere landa zatia hartu zuen, lasterka hasteko abiada hartzearren, eta, On Kixote berdin eginda zegoelakoan, ezeri igurikitzeke, ez dei ez hots ez beste txit bat ere entzun baino lehen, zaldiari hedetik ten egin zion (Rozinante baino arin-azkarragoa ez zena), eta ahalik arinen baina trosta erdian, kalkolka, etsaiari buruz hasi zen. Santxori igaiten laguntzen ari zela ikusi zuen, gelditu eragin zion, lasterka erdian trikatu zen, eta zaldia pozik, arnasestuka, itolarrian aurrera egin ezinean. On Kixotek ikusi eta etsaia oldarka zetorkiona otu zitzaion, otoz otoan, jo zuen, bat-batean ezproinka, sartu zizkion orratzak Rozinateri mehaka argaletan, eta hain gogorki sist egin zionez, kondairak dioena egia izaitera, orduan bai, inoiz ez bezala, egin zuen ariniketan, edo antxintxika, zehatzago esateko. Heldu zen, bada, hala, egundainoko suminduraz Ispiluetakoa zegoen lekura, bertan geldi baitzegoen bere zaldiari, nekearen nekez, higiarazi nahian zirkinik eragin ezinik, ezproinak bete-betean sartuta ere. Honelaxe aurkitu zuen, aukera-aukeran, On Kixotek etsaia, zaldiarekin bat itsutu eta nahaspildua, lantza ondoan baina eskuan ordez, ezgerturik. Ez zuen lantza hartzeko astirik izan. On Kixotek, halako zerari begiratu ere egiteke, arriskurik bat ere bage, Ispiluetakoari esetsi zion, gogor bezain suharki oldartu zitzaion, usterik ez zuenean, eta zaldiaren gainetik egotzi zuen, lurrera bota, eta hain eroriko lazgarriaz konorterik bage gelditu zen, ez eskurik ez oinik higitzen zuela, hilotz bezala.

Lur joa ikusi zuenekoxe, Santxo artelatzetik jaitsi zen, eta lehiaka bere jauna zegoen lekuratu zen; berau Rozinanteren gainetik lurreratu, Ispiluetakoaregana hurbildu eta buru-estalkiaren lokarriak askatu zizkion, hilik ote zegoen ikuste aldera, nonbait, edo, bizirik baldin bazegoen arnasa hartzeratzeko asmoz, eta zer ikusi ... Nork esan lezake zer ikusi zuen harridura sortzeke, entzuleengan lilurarekin izua eragin bage? Kondairak dioenez, halako aurpegiera, halako begitartea, halako orrazea, halako gizairudia, halako karantza, halako itxura, norena izan eta, zerarena, Sanson Carrasco batxilerrarena zen, hara!; eta ikusitakoan, mintzo ozenez:

Erdu, Santxo, eta begiratu, hau duk ekusi behar eta hau duk sinetsi ezin! Arin, arin, hator hona, seme, begira zer duen egin ahal aztikeriak, zer sorgin eta sorgintzaileek, zer bestelakotu ahal duten belagileek!

Iritsi zen Santxo, eta Carrasco batxilerraren aurpegia ikusteaz bat aitaren egin eta egin hasi zen, gurutze bat eta bat eta beste bat egiteari ekin zitzaion. Anartean, porroskaturiko zaldunak bizi-zirkinik ez zuen egin, eta Santxok On Kixoteri diotso:

Ene jauna, bada-ezpada ere, ene iritzi apalean, horko horri, Sanson Carrasco batxilerraren antza duen horri, ezpata ahotik sartu eta josi behar lioke berorrek oraintxe: agian, horren hiltzeaz batera etsai sorgintzaileren bat ere hilko luke, horrexen baitan.

Ez zagok gaizki esana hori – darauntso On Kixotek – , etsaietan ahalik eta guttien hobe.

Ezpatari heldu zion, Santxoren aholkuari jarraikiz agitzeko asmoa zuelarik, eta orduantxe Ispiluetakoaren ezkutaria hurreratu zen, hain itsustua zuen sudurra kendurik, eta ozenkiro:

Gogoeman , jauna, kontuz zer dagien, On Kixote jaun, hor oinpean duen hori Sanson Carrasco batxilerra da, berorren adiskidea, ni horren ezkutaria nau.

Hala ikusi zuenean, lehengo ezain edo itsusi hura bage, Santxok:

Eta sudurra?

Hemen zadukaat, sakelean.

Eskuina sartu zuen eta barrurean sasi-sudur bat ateratu zuen, orez eta berniz edo likurtaz egina, mozorrokoa, eskuz antzekotua. Begira eta begira Santxo, harri eta zur, eta mintzo txundituaz, diotso:

Andere Dona Maria, lagun zakizkit! Hau ez al da Tome Cecial, nire auzo eta laguna?

Bai, gizon, bai! – sudurgetuak erantzun – Tome Cecial nauk, Santxo Pantza adiskide; gero erranen diat nondik nora iritsitakoa naizen honako honaino, zer-nolako gezur, trikimailu edota zurruburruz honetaratu naizen; bizkitartean, otoi egiok, arren eta arren, hire nagusiari ezegitekorik egin ez dezan, ez eraiteko horko zaldun hori, ez porroskatzeko, ez ukitzeko, oinpeturik badu ere, Sanson Carrasco bera duk eta, gure herrikidea, gaizki ibilitakoa, bai, aholku gaixtoren bati jarraikiz, ausarkeriaz noski.

Honakoxe elkarrizketan ari zirela, Ispiluetakoa bere onera etorri zen, On Kixotek ikusi eta ezpataren mustur soila begitartean ipini zion, esateaz batera:

Hila zara, zaldun, baldin aitor ez badezazu Tobosoko Dultzinea zure Bandaliako Kasildea baino politagoa dela; eta honez gain -baldin borroka honetarean onik eta bizirik ateratuz gero- Toboso hirira haren ekustera joanen zarela hitz eman behar didazu, eta niketz haren aitzinean aurkeztuko zarela, zerorrekin berak nahi dezan guztia egitearren. Baldin, gero, zure nahitara utziko bazintu, nire bila etorri beharko duzu, halaber -nire egitandien lorratza bide-erakusle izanen duzu, nire hatzetik ekarriko zaituena- harekikoaz berri emaitera: Hauexek dituzu baldintzak, gure arteko borroka baino lehen ezarriak, zalduntza legetik atekoak ez direnak.

Aitor dut – diotso eroritako zaldunak – Tobosoko Dultzinea anderearen oski zikin eta betse etenak' Kasildearen bizar garbi baina gaizki orraztua baino baliotsuagoak direla; hitz diot joan eta etorri egingo dudala, harengana lehenago harengandik geroago, berorren eskaria bete-betean betetzeko.

Aitortu ere behar duzu, eta sinetsi, halaber – On Kixote berriro – zuk noizbait azpiratu zenuen zaldun hura ez zela izan, ezin izan zitekeela On Kixote Mantxako, beste antzekoren bat baizik; nik ere aitor dut eta sinesten dut, era berean, zu, Sanson Carrasco batxilerraren antz handikoa izanik ere, ez zarela, beste antzeko bat baizik; nire etsaiek haren iruditua hemen ipini zaitidate nire sumindura motel dezadan, nire oldarra bare dezadan, eta zure gaineko gurenda handi honen aintza belaxkatzeko asmoz.

Dena aitortzen eta sinesten eta holakoesten dut – porroskatutako zaldunak berriz ere – berorrek aitortzen duen bezala, sinesten duen bezala eta holakoesten duen bezalaxe. Utz niri zutitzen, mesedez, erortzean hartutako minak uzten badit, behintzat, hil-handitua nago eta.

Zutitzen lagundu zioten On Kixotek eta haren ezkutari Tomé Cecialek, Santxo begiak kendu bagerik begira zegokiolarik; bitartean, galde eta galde ari zitzaion, benetan Tomé Cecial zela sinesteko zantzuen eske, nonbait; zeren, anartean, bere nagusiak sorgintzaile irudi-aldatzaile haietaz esandakoa buruan sar-sartua zuelako, ez baitzuen guztiz sinesten ahal hango hura bere begiez zekusana egiaz zena zela zioena ote zen, ala, Ispiluetako Zalduna Sanson Carrascoren irudiaz antzaldatua zuten bezala ezkutariarena ere aldatua ote zen. Azkenean, iruzurtzat hartuta geratu ziren, nagusi-morroeak eta Ispieluetakoa bere zaldunarekin, uzkur eta buruz behera, harean aldendu ziren, beste biakandik alde, saihets-hezurrak berdindu, lotu eta txaplatatu behar zituztela eta lekutto baten bila. On Kixote eta Santxo Pantza, atzera Zaragozarako bideari jarraiki zitzaizkion, eta bidean aitzina zihoazela edaskaiak han bertan uzten ditu, Ispiluetako Zalduna eta bere ezkutari sudurrandia nor ziren azaltzera joiten duen bitartean.