On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

16. atala

Mantxako zaldun sotil batekin On Kixoteri gertatu zitzaionaz.

Lehenago baten esanik bezala, han zihoan On Kixote, bidean aitzina, alai, harro eta burgoi, aurreko egunean irabazitako borroka beti gogoan, eta gurenda larria izan zela eta munduan garai haretan zegoen zaldun ibiltaririk bihoztunena zelakoan; handik hara gerta lekizkiokeen borroka edo jazoera guztietan bere burua gailen ikusten zuen, beti amai on-zoriontsuak izanen zirela sinetsita baitzegoen erabat; sorgintzaile eta sorgintzapenak gutiesten zituen; ahantzirik, nonbait, bere zaldun-ibilaldietan jasotako "egurrak" eta "jipoeak", sarritan hartuak izan zituen makilkadak, ez zuen gogoan hortzak erauzi zizkion harrikada, burutik at harako arraun-zigortu haiek eginiko laidoa, eta yanguastarren makil-zaparrada ahaztua zuen. Buruan zerabilena beste bat zen, Dultzinea bere anderea sorginen eraginpetik nola askatu alegia, eta berekiko hizketan, horretarakoxe behar zuen era edo bidea asmatuko balu, inoizko mendetako zaldunik zoriontsuena baino zoriontsuago izanen zela zioen, egun eta eguzki izandako astururik onena izanen zitzaiola ziotson bere buruari. Burutapenok irabiatzen zihoala, buru-belarri, Santxok mintzoz eten zuen:

Hona, jauna, ez dea harrigarri, oraindik ere nire begien aitzinean auzoko Tomé Cecialen sudur ikaragarri eta nehongorik izigarrienen ikustea?

Eta, hik, Santxo, sinesten ote duk Ispiluetako Zalduna Carrasco batxilerra zela, eta honen ezkutaria Tomé Cecial hire auzokoa?

Ez dakit, bada, zer erran; baina badakit berak nire etxeaz, emazteaz eta seme-alabez azaldu zer-nolakoak oro, bertze nehork azaldu ezin ukanen zizkidala; bertzalde, sudurraz bertze guzia Tomé Cecial bera zen, aurpegi ezaguna, herrian usu bai usu ikusitakoa bainago, etxebikoitzean alde banatan bizi gara eta; hizkera, berriz, bere-berea zuen.

Ea, Santxo, aiko – esan zion On Kixotek – izan gaitezen zuhur. Hator hona, erdu: zein burutara sar ote daiteke Sanson Carrasco batxilerra zaldun ibiltarien antzera ibiltea; eta iskiluz jantzita, bai erasorako bai babeserako, niregana borroka eske etortea? Izan ote natzaio ni etsai? Ni begitan hartzeko ziorik eman ote diot inoiz ere? Ni lehiakide ote nau, edo guda-bizitzari lotu ote zaio, nik iskiluen bitartez irabazi dudan hots eta entzute handiari bekaitz izaiteko?

Ba, eta zer erranen dugu, alta – Santxo harzara – nor nahi delarik ere, hango zaldun harek Sanson Carrascoren antz handia bazuen, eta ezkutariak Tomé Cecial bera bazirudien? Eta dena sorgintzaleen lana baldin bada, berorrek esan bezala, ez al zegoen munduan bertze baten antza hartzerik?

Dena nire atzetik datozen azti gaiztoen lana duk, itxura eta jukutria duk; nire garaipen handia aurrekusi zitean, nonbait, eta borrokaz gero zaldun garaituak nire adiskide Batxilerraren aurpegia erakusteko era aurregertu zitean; adiskidantza handia zela jakinki, nire beso gogor eta ezpata zorrotzaren artean jarraraziz nire bihotz barrenean pizturiko herra zuzena nolabait moteldu nahi zitean, honela, bizirik utz nezan ni, amarruz eta iruzurrez, hilik nahi ninduena. Hik badakik, Oi ene Santxo! askoikasia baihaiz honez gero, eta ikasitakoak ez dik gezurrik esaten utziko, zein erraz zaien sorgintzaileei inoren begitartea beste batenaren antzakotzea, itsusia dena edertuz nahiz ederra itsustuz, hik herorrek, aspaldi ez dela, Dultzinea berdinge eta eder askoa, bere osoan eta betean ekusteko abagadunea izan huen, bera dena bezala-bezalaxe: lirain, sendo, eder; eta nik, ordea, itsusi eta ezain ekusi nian, nekazari baten antz motzeko, begi lanbrodun, ahotik kiratsa zeriona. Hala antza aldaketa hain txatxarra egin zuen sorgintzaileak, ez duk harrigarri, Sanson Carrasco eta bere laguna hain halakatuak egin izana, niri garaipenaren aintza, gurenda larriaren hots handia, eskutik kentzearren; dena dela, pozik nagok, atzenengoan, itxura zein nahi den ere, antza antz, nire etsaia mendean hartu diat eta.

Bai, eta Jainkoak horretaz guziaz egia osoa daki – gehitu zion Santxok.

Honek bazekien, nola ez jakin, Dultzinearen antzaldaketa hura bere amarru bat izan zela eta, honetaz, bere nagusiaren amtes erook ez zituen ontzat hartzen; baina, ezetz erran nahi ez, noski, bere iruzurra agerraraziko zuen hitzik ez egitearren.

Hala zihoazela, hitz eta pitz ohi bezala, bide berean haien gibeletik zetorren gizon bat hurrandu zitzaien, behor zuribeltz oso polit baten gainean; mihise mehe orlegizko longain motza soineko, lehoi-karako ileguriz zerrendatua, buruan ileguri berdinezko kapela edo txano bat jantzia zetorren; behorra bai landa-lanerako bai ibilerako apainez txalmatua, hau ere ubel-orlegizkoa; mairuek ohi duten ezpatokerra esekita zekarren, orlegi-urrezko "tahali" baten barruan; ezproinak ez ziren urre-margozkoak likurta orlegiz margotuak baizik, baina urre-urrezkoak ziruditen eta are hobeak, janzkera osoarekin bat egiteko hain baitziren txukun, legun, txastatuak. Heldu zitzaien bidaiaria eta gizalegez agur egin zien, behorrari eragin eta aurrera jaiteaz batera, baina On Kixotek honela esan zion:

Jaun galant hori, gure bide beretik badoa berori, eta iradu ez baldin badoa, elkarrekin joanen bagina poztu eginen nintzateke.

Egia esateko – behordunak erantzun – aurrera beldurragatik joan nahi izan dut , nire behor honen hurbiltasunaz zaldi hori subermatuko ote zen beldurrez, noski.

Lasai dezake berorrek hede hori, jauna – sartu zuen hitza Santxok – horregatik; gure zaldi hau munduan denik zintzoena eta prestuena da, ez du inoiz halako egoeratan tzarkeriarik egin, eta behin halakotzera egin zuen bezain laster nire nagusiak eta biok zazpirenak ordainduz kitatu genuen haren gehittokeria. Geldi bedi, beraz, berori, nahi badu, gure zaldi hau ez baitzaio oldartuko, olo artean muturraren aitzinean jarririk ere.

Lasaitu zuen hedea bidaiariak, harritu zitzaion On Kixoteren aurpegia zein jasa ikusita (berau burukorik bage zihoan, Santxok astoaren bastan aurrealdeko artzoian zorro antzean esekita baitzeraman) eta orlegikoak sarri-sarri On Kixoteri so egiten bazion, azkoz sarriago behatzen zuen On Kixotek orlegikoa, zuztar onekoa zelako ustean. Adinez berrogeita hamar urte, ile urdin gutti, aurpegiaren orrazeak zorrotzak, begirada alai bezain sotila, janzkeraz eta itxuraz oihal oneko gizona zirudien. On Kixoteren gainean harek gizon harek buruan zerabilen eritzia txundi xamartua zen, haren antz edo giza-tankera edo zena zelako hura inoiz ere ikusi bagekoa baitzen: lepoaren luzeaz harritua zen, soinaren handitasunaz ere harritua, aurpegiaren iharraz, meharraz eta zurbilaz mamortua zen, aldean zeramatzan iskuluez balditua, ibileraz edo jarreraz ere konkortua zen; izan ere, halakoxe itxura edo irudia aspaldi handian ez zen ikusi ohi lurralde haretan. Ohartu zen On Kixote bidaide berriaren soaz, eta beronen gogoa susmatu ere bai; eta lege oneko gizona, adeitsua zelako, orori atsegin eman-zalea, besteak ezer galdetu aurrez bide erdira jalgi zitzaion, esanez:

Ez zait harritzen berorrek nigan dakusan itxura hau ikusita harritu bazaio, izan ere txit berria eta ezohikoa dut; honela ere, zalduna nauzula esatea aski berori berehala ez-harritzeko

Jendearen esanetan
borrokara doazenak

Nire sorterritik irten nuen, etxaldea bahituran emanik, nire neureratasuna, biziera erosoa esan nahi dut, bertan behera utzita, Asturuaren besoetan murgildu nintzen, nahi zuen lekura eroan nintzan. Zalduntza ibiltari aspaldian hila berpiztu nahi izan nuen, eta banoa, hemen behaztopo han haburiko, hemen erori, hor jausi, han jaiki, banoa joan, nire gogoak narama eta, dagoenekoz, nire xederik gehienak bete daroatzat, alargunen lagunketan, neska garbien zainketan, emazteen alde eginaz, umezurtzen babestaile antzo, hitz batez esateko, zaldun ibiltarien betebeharra beteaz; eta honegatixe, hain zuzen, nire egitsari gaitz, gementsu eta kristau anintzengatik, lurbira osoko herrialde ia guztietan, gutiz gehienetan, irarrirudiz narabilte. Nire kondairaren hogeita hamar mila ale irarriak izan dira, eta bide honetatik hogeita hamar mila bider mila irarriko dira, Jainkoak bestera nahi ezik. Bukatzeko, dena laburzki esatearren, hitz batez, ni On Kixote Mantxako naiz, beste izen batez Itxura Hitseko Zalduna. Nork bere burua goraipatzea ez da xuxen, baina nork aipaturik ez dagoenean, bat-bederak berea goratu behar eta neronek neurea behar oraintxe; beraz, aitonseme jauna, ni nor naizen jakinda, zer bizierari atxekia naizen jakinaren gainean egonik, dagoeneko, ez zaio berorri zertan harritu, honik aurrera, nire zaldi hau, lantza hau, nire erredola eta nire ezkutaria ikusita, ez iskiluok guztiok, ez nire aurpegiaren zurbila, ez nire makaltasuna begietsita.

Hau esan eta isildu zen, eta orlegikoak, ihardesten berandutua, zer esan ez zekiela zirudien, gesu luze baten ondotik hau esan zion arte:

Ondo igarri du berorrek, zaldun jaun horrek, nire gogoa, baina ikusitakoan harritu bazait, esanak esan, oraindik harri eta zur nago, eta nor den jakinik ere ez-harrituko zitzaidala uste izan badu, ez du asmatu; areago, orain nor den dakidala harrituago zait. Nola ote daiteke, gaur den egunean, munduan zaldun ibiltaririk ibil, nola ote egiazko zalduntzaz gaur-egun kondairarik irar? Ezin burutara sar dezaket inor dabilenik, egungo egunetan, lurbiran zehar alargunak babesten, neska garbiak zaintzen, ezkondutako emakumeei omen egiten, zurtz direnei laguntzen; eta sinetsi ere ez nuke eginen, nire neure begiez berori ikusi ez banu. Izan biz bedeinkatua zerua! zeren, berorrek dioen kondaira hori irarrita ei dagoen hori, berorren egite handi eta egiazko zaldun-ibilerak agertzen omen dituen hori dela eta, munduan han-hor-hemenka dabiltzan gezurrezko hainbat sasi-zaldunen kondaira horiek guztiak betiko ahantziak izanen baitira, ohitura zintzoen kaltegarri eta benetako kondaira egiazkoen lotsagarri eta aiputxar ekarle baino ez dira izan eta.

Horretaz asko esan daiteke – ihardetsiz On Kixote – zaldun ibiltarien kondairak gezurrezko diren ala ez, alegia.

Ba al da gezurrezkoak direla zalantzan dagoen inor? – Orlegikoak galde.

Ni neu, bai, eta bego hemen hau esana – On Kixoteren erantzuna –; gure ibilaldia luzea izanez gero, Jaungoikoa lagun, ikasaraziko diot, bai, berorri, nola bide makurretik joana den, egiazkoak ez direla uste dutenekin batera jorik.

On Kixotek esandako azken esaerok entzunaz bidaiariak txoraldaren bat zela usaindu zion, eta beste zeraren batzuk esango zituela itxaroten zuen bere susmoa berretsiko zain; baina beste halako esaeraren batzukaz jostatzen hasi baino lehen, On Kixotek nor zen esan ziezaion otoi egin zion, berak bere izaera eta bizieraren berri emanaren ordain. Longain Orlegikoak honela erantzun zion:

Ni, Itxura Hitseko Zaldun jauna, gapare bat nau, herri koxkor batekoa, egun, Jaungoikoak nahi badu, bazkaltzera joanen garenekoa, haretan ere. Aberats xamarra baino gehiago ere banaiz, Mirandatar Diego izeneko neu; nire bizitza emaztearekin, seme-alabekin eta adiskideekin iragotzen dut; nire egitekoa ehiza-arrantzan ibiltea da, baina ez dadukat etxean erbi-zakurrik ez belatz edo aztorerik, ongi ikasitako eperren bat bai, edota pitotx bilazaleren bat ere bai. Liburuak badaduzkat, sei bat hamabiko bai gutienez, nahiz latinezkoak nahiz gaztelerazkoak, historia gaietakoak batzuk otoitz-bidekoak bestetzuk: zalduneriazkoak ez dira oraindik nire etxeko ateetan barrena sartu. Elizkoiak baino ez-elizakoak gehiago gainirakurtzen ditut, orrialdekatzen behinik behin, eskukatzen bederik; atsegingiro zintzokoak diren heinean batez ere, atseginkorrak alegia, hizkera garbikoak eta asmakuntza liluragarriaz gogoa ernarazten dutenak badira hobe, Espainian honelakorik asko ez guti baizik baita. Noizean behin, auzoko eta adiskideekin bazkaldu ohi dut, sarri nire mahaira deitzen diet; nire otorduak garbi-txukunak dira, eta ez batere urriak. Txutxu-mutxuka aritzea ez dut maite, maiseorik ez, ez nire aurrean maiseatzerik onartzen nik, inori maskalak jaten ez naiz ibilten ni, besteen bizitza barruetara sartu-zalea ez naiz, begiluze horietakoa ez naiz; egunean-egunean meza entzuten dut; nire ondasunak txiro edo behartsuengana zabaltzen ditut, on-putzik edo harro-haizerik bage zabaldu ere, ez harrokeriarik ez azaluskeriarik ez hoilarik bihotzean nahi ez dut eta, izan ere, hauek, ezarian-ezarian, leun-leun, bihotzik bilduenera ere sartzen diren etsaiak dira; haserre dagozenen artean onezkoak egiten saiatzen naiz; Andere Mariarenganako jaiera bizi-bizia dut, oneraspen handia, eta, era berean, Jaungoiko gure Jaunaren neurribageko errukiaren uste osoa dut.

Santxo adi-adi egon zitzaion gapareari bizitzako gorabeherak emanez mintza ahala guztian; zuzena eta santua iruditu zitzaion, eta hala bizi zena mirariak egiteko ere gai izanen zela eta astoaren gainetik jaitsi zen, bat-batean, eta antxintxika eskuineko eskalapoinetik heltzera joan zitzaion, eta bihotz beraturik, malkoka ia-ia, mun eman-da-eman hasi zitzaion, behin eta berriro, askotan. Gapare bidaztiak hau ikusi zuenean honela galdetu zion:

Zer ari haiz, anaia? Zer duk mun horiek?

Utzi, otoi, pot emaiten – erantzun zion Santxok – berori jauna inoiz nire bizialdi guziko egunetan zaldi gainean ikusi dudan lehen santua dut eta.

Ni ez nauk santu – ihadetsi zion gapareak – bekatari handia baizik; herori bai, anaia, bai ona haizela, agidanean, heure tolesbageak, heure xalotasunak agertzen duenez.

On Diego harri eta zur berrutzi ondorean, bere nagusiari, goibel eta hits anartean, barren-barreneko ilunpetik barre "sistada" bat eraginda, Santxo astoaren basta gainera bihurtu zen. On Kixotek bidaideari zeinbat seme-alaba zuen itaundu zion, eta antzinateko filosofoek (esan zion) egiazko Jaungoikoaren berririk ez izanki, ontasun gorenen artean bat izadiarengandik erdietsi ahal zitekeen on-ahal guztia zuten, eta halabeharra ere ontasun edo dohainen iturritzat zuten, lagunik asko, anitz adiskide, seme-alaba onak ugari izaitea ere ontasunetan onenetako bat.

Seme bakarra dut nik – gapareak esan zion – eta ez banu, beharbada, naizen baino dohatsuago izanen nintzatekeela uste dut; eta ez hura gaiztoa delako, nik nahi bezain ona ez delako baino. Hamazortzi bat urte du: sei urtean Salamankan latina eta gerkera ikasten ari izan da; eta beste jakintza edo zientzia batzuk ikastea nahi nuenean, Olerti edo "poesia" delako horrek -zientzia esan ahal baldin badakioke horri- zeharo "birloratua" aurkitu nuen, burua erabat hartua, ezin nuen, honetaz, Lege-bideko ikasketara iragoarazi -ikasbide hauxe nion nik harrarazi nahi-, eta ezin ere ikasbide guztien errege den Teologiara bideratu. Bere odolaren lore, etorkiaren koroa izan zedila nahi nuen, gaur-egungo erregeek hizki-lanetako dohain eta ederbide onak ongi sariztatzen dituzten egunetan bizi garelako; izan ere, eder eta onerako biderik erakusten ez duen hizki-lantzea goroztegiko bitxia bezalakoa da. Bada, egun osoa, Iliadako hain neurtitz edo' Homerok ongi ala gaizki moldatu ote zuen azter eta azter joaiten zaio; ulain "epigramatan" edo ziri-bertsotan Martzial lizunkoitto ibili ote zen ikertzen joaiten zaio eguna; Birgilioren halako edo honelako olerkiak era honetara ala haretara irakurri behar ote diren gogoetan gau eta egun. Laburbilduz, bada, hara, bere hizpide guztiak hor zehar doaz, aipaturiko olerkari horien liburuak bidegile dituela, gogozko ditu bai, eta Horazio, Persio, Juvenal edota Tibulorenak ere bai; egun berri-berriak diren gaztelerazko idazleenak, ordea, ez ditu oso haintzakotzat hartzen; eta honela ere, erromantze-olertia begi txarrez ikusten duen arren, hor dabil, burua galdu beharrez, horra, Salamankarean bidali dizkioten lau bertsondoak asmaketan, buru-belarri dihardu, hor daragoi , eta sariren baten lehiarako direla eginen nuke.

Honi esan zuen guzti honi On Kixotek honela entzunarazi zion:

Seme-alabak, jauna, gurasoen erraietako zatiak dira, eta nahiz onak nahiz gaiztoak izan, bizia damaigun arima bezala maite izaitekoak ditugu: ttikitatik onbidean ibilten, kristau ohikuntza on-garbietan, irakaste, hazte eta heztea gurasoen egitekoa da; gero, handitan, guraso zaharren esku-lagun izan daitezen eta askazgoaren goresgarri. Orain, ikasbide honetara edo haretara behartze hori ez dut uste ongi dagoenik, zerbait adiarazteak kalterik ez baina; eta, ogia irabazteko, hau da "pane lucrando", ikasi beharra ez duen ikasle zorionekoari -egunoroko hori emaiten dioten gurasoak' zeruak emanikoak dituelako- nire eritziz, bere jaiduraz bateraenik doan ikasbidetik joiten utzi behar zaio, bere gogoak daramalarik; eta, olerkigintza, diru emaile baino atsegin emaileago bada ere, ez da, noski, honegatik, egintza horretan diharduenari izen ona kenduko diona. Nire irudiko, gapare jauna, Olertia andereño gazte, bigun, eder-ederraren antzekoa da, beste nexka gaxte batzuek polittu, txukundu eta apainddu egiten dutena; berauek beste jakintza guztiak dira, eta ororengandik zerbait jaso behar du harek, eta bai haren dohainez hauek osatu beharra ere; alabaina, hain andereñok ez du inoren esku-zatar izan nahi, ez karrikaz karrika erabilia izan nahi, ez du nahi enparantza-kantoietan edota jauregietako zokoetan oihukatua izan. Halako "alkimia" hain ederbiderakoz egina dago bera, ezen, erabilten dakienak balio zeinbatezineko urre huts-huts bilakatuko duela; eta hau dadukanak bere neurrian eduki behar du, ez dio ibilten utzi behar bertso zitaletan barrena edo irrigai zikinetan gaindi; ez da inola ere salgai emaitekoa, baldin egitandizko olerki urenetan izan ezik, "tragedia" negargarrietan ez balitz, edota irri-antzerki alai eta amesgarrietan egin ezean; ez da zilibokarien eskuz-esku ibili behar, ez behe mailako jende xehe arrunt ezikasiaren eskuetan ere, haren barruan dagozen altxorrak balioesten ez dakien jendearenean, den beste ere. Eta ez uste izan, jauna, herriko jende xumea, lagunabarra, bakarrik aipatzen dudala behe mailako jende xehe diodanean, etxakin guztiak, ezikasiak oro, dela jaun dela handiki, lagunabarren talde horretan sartzekoak dira. Honelatan bada, Olertia nik esandako molde horietaz erabil eta ibilaraz dezanak izen ona eta zabala ukanen du aberri guztietan. Bestalde, jauna, berorren semeak erromantzezko olerkigintza oso haintzakotzat hartzen ez duela esaniko horretaz, ene eritzian, ez dabil txit artez, ez zuzen, zeragatik: Homerok ez zuen latinez idatzi, greziarra zelako; Birgiliok ez zuen gerkeraz idatzi, latindarra zelako. Laburzki esatearren, antzinateko olerkari guztiek euren ama-hizkuntzan idatzi izan zuten, ugatzetik edoskitako hizkeran, hain zuzen, ez ziren joan arrotz-kalera euren "barrenatsa" eta gogai gurenak ager eta aldarrikatze aldera; hau honela, beraz, egiteko era hauxe aberri guztietara zabaltzea on liteke, eta ez dadila gutietsia izan olerkari alemaniarra bere hizkuntzan egiten duelako, ez era berean gaztelarra, ez eta euskalduna bera ere, bere hizkeraz idazten duela eta. Berorren seme hori, nire irudikoz, jauna, ez da zertan handi egon erromantzezko olertiarenganako, erromantze-zale hutsak diren olerkarienganako baizik, beraien berezko joera onari laguntzen, ernarazten, apainez hornitzen ez dakitenak baitira horiek beroriek, beste hizkuntza batzuk, beste jakintza batzuk, "zientzia" batzuk ez dakizkitelako; eta hau esanik ere oker esana izan liteke, izan ere, olerkaria olerkari jaio da, egia osoko eritzia denez: berez olerkaria dena bere amaren sabelerean jalgitzen da olerkari, eta zeruak eman dohain haretaz, besterik ikasteke nahiz lantzeke, halako zer horiek moldatzen daki, halako moldez ezen heinak esan baitzuen: est Deus in nobis...eta abar. Hori bai, hauxe ere diot: berez olerkari jaioa, bere lana antze ederrez apaintzen ikasten badu, askoz hobea izanen da, antzea ikasi hutsaz olerkari nahi duena baino; izan ere, antzea ez da inoiz izaera bera baino gehiago izaiten ahal, hobetzen ahal du, bai, eta berezko izaite horrekin bat antzea edo "artea" eginaz gero olerkari egin-egina gertatuko da. Hona bada, nire hitzaldia bukatzeko, gapare jauna, berorren semeari bere gogozko bidetik joan dadin uzteko aholkua damaiot, doala bere izarrari jarraikiz; behar bezain ikasle ona izanki, jakintzako lehen maila, hizkuntza batzuk ikastekoa alegia, ondo gainditu ondorean, horiexen bidez giza-hizkigintzako tontorrera igoko da; honetaraxez gero, aitonseme handikiren bati on eta eder dagozkion apaindurez jantzia izanen da, gotzainen buruan "mitra" bezalako itzalgarriren batez handitua izanen da, lege-adituen soinean "garnatxa" janzkiek ohi duten bezain estali-txukundua izanen da. Egin biezaio berorrek ahakar semeari inoren kalterako irri-olerkirik egin baleza, honakorik batere onartu ez eta bertatik bertara apurtu, eta zehatu egin beza, behar izanez gero; baina, Horazioren antzera egin balitza hitzak, ororen gaitz orokorren gaitzerraile, harexek egin bezain apainkiro, har beza berorrek haintzat eta goraipa; zilegi dute olerkariek bekaitzaren aurka idaztea, eta bekaiztien kalteko bertsoak egitea, eta beste antzeko gaitzen aurka ere era berean, inoren izenik aipatzeke; egon badagoz egon olerkariak, gaizkiren bat esatearen ordain, bere burua lekutara, ezerrira, bidal dezaten galtzorian, Pontoko uharteetara egotzia izaiteko arriskuan ezarri izan dutenak. Olerkaria bere ohituretan garbia eta zindoa bada, olerkian berdin; luma arimaren mihia da: nolakoak diren bertan sortutako gogaiak, halakoak izanen dira idazkiak. Errege-printzeek Olerti jakintza mirarizkoa zeinbait nordin zuhur, onbidetsu eta ongilerengan ikusten dutenean, goretsi egiten dute, aberasten dute, eta, sarri, tximistak joiten ez duen zuhaitzaren ostoz burua apaintzen diote, halako buruntzaz bekokia bitxiztatua duena inoren joite edo erasotzetatik gaizke egoiteko ezagugarri bailitzan.

Longain Orlegikoa sor eta lor geratu zen, On Kixoteren esaerok entzunda, eta hain harriturik zenez gero lehengo eritzia aldatu zuen, txoralda zelakoa alegia. Hitzaldi haren erdian, gogaitua noski, Santxo bidetik aldendu zen, han bazter batean ardiak jaizten ari ziren artzain batzukana, esne eske, eta une haretan gaparea berriz ere hizketan hasiko zenenan, On Kixoteren jario gurbil eta zehatza entzunaz guztiz pozik, hara non , burua jasoa, haien bide beretik gurdi bat zetorrela urkusi zuen On Kixotek, erret-ikurrinez josia gainera; eta beste jazoera berriren bat izan zitekeelako usteak jota Santxori deika eta deika hasi zitzaion, buru-kroskoa eman ziezaion etorteko. Santxo, deia entzun orduko, artzainak bertan utzita, astoari eragin eta iradu ibilasiz, nagusiarengana iritsi zen. Gero, jazoera lazgarri zentzubagea gertatuko zitzaion.