On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

19. atala

Artzain maiteminduaren jazoera, eta beste barregarrikeria batzuk jaulkitzen direnekoa.

On Diegorenetik harakoan luze bagerik, On Kixotek bi elizgizon edo ikasle antzekorekin eta nekazari bi astoen gainean zaldun antzean zetozenekin buruz buru egin zuen. Ikasle haietako batak, "bokazi" edo karradero esaten dioten hari tindatuzko oihal orlegi batean bildurik, sorta-uhalez lotua, antzeman zitekeenez, "grana" delako mihise mehe zuria eta "kordellate" edo artile zakarrezko galtzerdi biko bi zekartzan; besteak esgrima edo joko horretarako ziren ezpata beltz berri bi, zapatak eta guzti, besterik ez zekarren (zapata daritzon hau ezpata mehearen zi edo mustur zorrotzeko moiloaren estalgarritto edo kuskua da). Nekazariek beste gauza batzuk zekartzaten, hiri handiren batetik edo zetozela uste izaiteko gauza erosiak euren baserrirakoak; eta On Kixote ikusi orduko bai nekazariak bai ikasleak txunditurik geratu ziren, lehen aldiz haina ikusten zuten guztiei gertatzen zitzaien bezalaxe, eta nor ote zen jakin-minak jo zituen, hain baitzen hura beste gizon guztiak ez bezalakoa, itxuraz. Agur egin zien On Kixotek, eta norantz zihoazen jakin ondoan, bide berean zihoazela jakinik, bere laguntasuna eskaini zien, eta geldiroago joaiteko ere eskatu, haien astoak bere zaldia baino arinagoak zirela eta; geldiarazteko eran bezala, nor zen, nolako biziera zeraman, zelako neke-lanetan ziharduen eta esaten hasi zitzaien, nola zaldun ibiltaria zen eta nola munduz mundu zihoan, han-hor-hemenka jazoeren bila. On Kixote Mantxako izena zuela jakinarazi zien, izengoitia Lehoien Zalduna. Nekazariek ez zuten fitsik ez hitzik ulertzen, erdara-mordoilo hura gerkera bezain ezezagun zitzaien; ikasleek, aldiz, berehalaxe ikusi zuten, bai, On Kixotek buruan zuen koska edo kiska; baina, begirunez begiratu zioten, adeiaz, harriduraz gain, eta haietako batek esan zion:

Berori, jauna, bide zehatzen batek baldin ez badaroa, borrokazaleak biderik bide noraezean ibili ohi direnez, betor gurekin: egundaino Mantxan, eta are inguru zabal-zabalean ere guttiago, orain arte inoiz ospatu ez den ezteirik onena eta joriena eta aberatsena ikusiko du.

Printzeren baten ezteguak ote ziren galdetu zion, halako gorazarre handi haiek irabazita.

Ez – ikasleak –, neska-mutil nekazariena da; to herrialde honetako aberatsena eta no gizonak ikusitakorik ederrena. Prestamenak, berriz, itzelezkoak dira, inoiz ez bezalakoak; emaztegaiaren herri ondoan dagoen zelai batean dira ospatzekoak. Beroni Kiteria Ederra daritzo, eta senargaiak Kamatxo Aberatsa du izen; harek hamazortzi urte honek hogeita bi; elkarrentzako jaioak nonbait, nahiz eta buruan gordeta lurbira osoko leinuen jatorriak dituzten jakintzale batzuek Kiteriaren etorkia Kamatxorena baino goragokoa dela esan; baina, gaur den egunean, ez zaio honi ohartemaiten: aberats izaiteak urratu asko eratxekitzen ahal du. Bai, honelaxe da, eta Kamatxo hori oso da eskuzabala; orain zera bururatu zaio, zelai guztia gainetik, alderik alde, abarrez eta estaltzea, lurrean hazten diren belar izpi hezeak ikusi nahi baditu eguzkiak abarren artetik sartzen lana ukan dezan. Dantza batzuk ere baditu hautatuak, bai ezpatazkoak bai txintxarriekikoak, bere herriko baten batek ibilarazten eta hots eragiten baitakizki; zapata-dantzariez ez dut ezer esan nahi, oskika erauntsiko diotenak ugari deituak baititu ezteietara; dena dela, hauek guztiak eta hemen aipatu bageko beste asko, hala eta guztiz ere, ez dira ezteiotan gogoangarrienak izanen, nik uste; Basiliok zer eginen duen , hiraturik hagitz, oso hisi gaiztoan dago eta. Basilio gazte hau Kiteriaren herrikide da, honexen gurasoen etxetik hur-hurrean bizi zena, eta hemendik maitasuna sortu zitzaion, Píramo eta Tísberen arteko hura berriz ere ahanzturatik erauzia izan balitz bezala. Basilio, gaxte-gaxterik Kiteriaz maitemindu zen, eta bai honek beredin mesede garbiz haren gogoari erantzun ere, halako moldez, ezen, herrian bi haurren arteko maitaldiaz ele-mele asko baitzerabilten. Adinean gora eta Kiteriaren aitak Basiliori ohikoa zuen etxe-sartze edo trebetasun hura galaraztearren, eta susmoz beterik, tukutsu beti ibili nahi ez, azkenean bere alaba Kamatxo aberatsarekin ezkontzea erabaki eta agindu zuen. Ez zuen, noski, begi onez ikusten Basiliorekikoa, izaeraz ontasun askoduna izan arren ondasun urrikoa zelako; egia esateko, bekaitzik ezean, guk ezagututako mutilik azkarrena da, palanka jaurtitzaile handia, borrokalari indartsua, pilotan arinik bada arina bera, lasterketan oreina bezain zalua, jauzi egiten ahuntzaren hurrengoa; bolatokian trebe askoa, kalerik asko egiten ez duena, xaramelaka hasiz gero txirritxorroa dirudi, gitarra joiten duenean hitz eragiten diola emaiten du, eta, guztiz ere, ezpata-jokoan iaioena baino iaioagoa.

Bada, dohain horrexengatik bakarrarengatik – esan zion orduan On Kixotek – irabazia du horrek mutil horrek Kiteria ederrarekin ez ezik Ginebrako erreginarekin berarekin ezkontzea, egun bizirik balego, Lantzarote edota eragotzi nahi luketen guztiak gora-behera.

Bai zera, erran nire emazteari hori! – esan zuen Santxo Pantzak, ordura artean isilik eta adi zihoanak – ; bakoitza bere kidearekin ezkon dadila nahi du, halako atsotitz harek dioenari atxekita: hire ideaz ezkon hadi eta haiza ondo beti; edo bertze harek : Edozein bere ideaz. Nik Basilio hori, gero eta gero maiteago dudan hori, Kiteria izeneko andere horrekin ezkon dadila nahi nuke; eta pikutara -ez dut erran nahi piku biltzera- elkar maite dutenen ezkontzea galarazten eta eragozten dutenak.

Elkar maite duten guztiek elkarrekin ezkondu behar balute – On Kixotek ihardesten dio – gurasoei eskua kenduko litzaieke beraien seme-alabak nahi dutenean eta dutenekin uztartzeko; alaben eskubide balitz norekin ezkondu aukeratzea, urliak aitaren morroea hartuko luke senar, sendiak karrikan iragaiten ekusi zuena senartuko luke, zirats edo lirain iruditu zitzaiolako, ezpatari baldanen bat izan arren; maitea itsua da, eta adimena itsutzen duena, behar-beharrezkoa denean, eta ezkontzara bidean erraz makur daiteke eta okerreko bidetik jo, zuhurtasun handirik eta Zeruaren laguntzarik ez bada. Norbaitek bidaia luze bat egiteko asmoa badu, zentzuduna izanki, bidean aitzina baino lehenago bidaide zintzoren bat eta atsegin elegoxoren bat bilatzen du: beraz, zer dela eta ez du egin behar berdin, bizitza osoan ibili behar duenak, heriotzarainoko bidean kide izanen duen laguna hautatzerakoan, eta are gehiago, lagun hau ohean, mahaian eta non-nahi, emaztea senarraren ondoan bezala, izanen baitu kide? Emaztearena ez da salgai, erosi eta gero berriro atzera itzul daitekeena edo alda edo ordeztua izan daitekeena; beti banaezina da, biziak diraueino elkarrengandik aldendu ezinezkoa: lepoan loturiko begizta da, korapilo amorratu bihurtzen dena, heriok segaz ebaki arte ezin askatuzkoa. Gai honetaz beste zer gehiago ere esan nezake, baina lizentziadun jaun honek Basilio horren hara-honakoaz esateko besterik ba ote duen jakin nahiago nuke oraintxe.

Ikasle batxilerrak, edo lizentziadunak (On Kixotek esan bezala) honela erantzun zion:

Ez dut askoz gehiagorik esateko horretaz, esatekotan hauxe, alegia, Kiteria' Kamatxo Aberatsarekin ezkonduko zela jakin zuenetik Basilio beti aurpegilun, ez barre ez irri, ikusi dudana, goganbehartsu ibiltzen da, uzkur ibiltzen da, beltzuntze beti berekiko hizketan, esaera zuzenik ez dioela ibiltzen da, zoratu zaiolako zantzuak agerian; jangartzu eta lo egiteke ibiltzen da, jaten duen guztia igalia besterik ez; lo egiten duenean, lo egitekotan, landan, lurraren gainean egiten du, basapizti antzo; sarri-sarri ortziari begira jartzen da, eta sarri-sarri lurrari begiak josita, guztiz tutuluturik, sorgortua bezala, haizearen menpe legokeen kuso jantziduna dirudiela. Bukatzeko, zera, hain bihotzil ikusten dugunez, ezagutzen dugun guztiok beldur gara, bihar Kiteria ederrak "bai" esateaz bat ez ote zaion hari herio latza iritsiko.

Jainkoak hobeki eginen du – Santxok – Berak zauria emaitearekin batera sendagailua emaiten baitu; inork ez daki zer den etorkidin: egundanik biharrera oren batzuk dira, eta orenbetean, areago, lipar batean, etxea eror daiteke; nik euria eta eguzkia une batean ikusi ukan ditut; urliaren bat gauean onik etzan eta goizean jaiki ezinean. Erraidazue, alta, Asturuaren gurpilari iltze bat josia duelako harrokeria erakusten duenik ba ote dea? Ez, noski; eta emazteki baten "bai" eta "ez"-en artean ez nuke nik orratz-zi bat sartuko, lekurik ez bailuke. Demadan, bai, Kiteriak bihotz onez eta gogo garbiz maite duela Basilio, nik beroni, berriz, zorro bete zori on emanen diot: maitasunak, entzuna dudanez, halako betaurreko batzuez ikusten du, kobrea urre irudiarazten, behartsua aberats ikusarazten eta begiko makarrak harribitxi direla pentsarazten dutenak.

Nora hoa, noraino heldu nahi duk, Santxo, madarikatu horrek? – esan zion On Kixotek – Atsotitzak eta esaera zaharrak txirikordatzen hasten haizenean, hor Judasekin berarekin elkartzen haiz eta agian eramanen al hau. Esaidak, "kabale" horrek, zer dakik hik iltzeaz, gurpilaz, makarraz edo piztaz, edo bertze ezertaz?

Oi ene! Ba, nire erranairuak ulertuak ez badira, ez da harritzekoa zentzubageak direla eriztea. Baina, ez dit axola: nik ulertzen ditut, eta erran ditudanetan anitz ergelkeria erran ez dudala badakit; aitzitik, berori, ene jauna, nire erran-merran guzien, eta nire egin-megin guzien ikharle dut beti.

- Ikharle ez, "ikertzaile" behar duk erran – moztu zion On Kixotek – Jaungoikoak ailik mihia lotu, hizkuntzaren okertzaile horri!

- Ez nirekin purruztu, jauna – Santxok atzera – badaki ni ez naizela hazi Erretetxean, ez ikasi Salamankan, nire mintzairatik hizkiren bat edo beste jaten ote dudan, edo makurtzen, ez dakit, horretaz. Ez da zertan, alajaina! behartu kaletarra baserritarra bezala mintza dadin, eta, honela ere, hizkera garbia denaz bezainbatean inork poliki egiten baldin badaki hauxe basaburutarra.

Horrela da – esan zuen Lizentziadunak – ; hangoak hemengoak bezain ondo mintza daitezke, garo usainekoa izan ala kresala usainekoa ez da zeren bata bestea baino txarragoa izan hizketan, eta orobat eliz-arkupeetan harantz eta honantz ibili ohi direnak ere; nahiz eta hitz ezberdinez bat bera dugu hizkera. Hizkera garbia, berezkoa, txukuna eta argia herritar burudunek egiten dute, non nahi jaioak diren ere: "burudun" esan dut, eta barubage asko dago, zeren hizkera edo mintzaira onaren gramatika, erabilerarekin batera "duntasun" horretan datza. Nik, jaunok, nire bekatuengatik, "Kanonak" edo eliz-legeak direlako horiek Salamankan ikasi ditut, eta nire eritziak hitz garbiz,leunez, ulerterrazez azaltzen dakidala-eta harro nago.

Bai eta zera, mingaina baino daramazun "beltza" erabiltzen hobeto dakizulako harroxkoago ez bazina – beste ikasleak esan zion – lizentziak irabazten lehena izango zinen, ez atzenengoa.

Adizu, batxiler – Lizentziaduna ihardesle – ezpataren trebetasunaz duzun eritzi horretan, ezertarako ez dela daritzozun horretan guztiz oker zagoz, zeharo makur.

Nire eritziz hori ez da iritzia, egi-egia baizik – iharduki zion Kortxuelok – ; eta nik egitez erakustea nahi baduzu, ezpatak hor dakartzazu, egokiera ona dugu hau , nik indarra badut eta kemena ere urri ez, beraz, oker ez nagoela aitortu eragingo dizut. Jaitsi zaitez eta has zure oinen pikoak, zure biribilketak, zure angelu eta igurdiziak ibilarazten; nik, berriz, neure trebetasun zakarraz, trauskilaz, eguerdian izarrak ikusaraziko dizkizut, honetantxe dut, Jainkoaz gero, itxaropena;izan ere, oraindik ni nerau atzera edo eurt eragingo lidakeenik jaiotzekoa da, ez da lurbira osoan inor nire aurrean lurra ikaran ez dabilkionik.

Eurt edo esti, atzera edo gibelera egite horretaz ez dut zer esanik – ezpatari trebeak erantzunez – baina gerta liteke, agian, oina non ipini zuk eta bertan zuretzako hilobia ireki beharra, trebetasuna gutietsi eta hilik gerta zaitezkeela esan nahi dut.

Oraintxe ikusiko da – Kortxuelok atzera.

Jaitsi zen, di-da! zamari gainetik, erauzi zuen, suminaz, lizentziadunak bere zaldi gainean zeramatzan ezpatetako bat, brast!, eta orduan On Kixotek:

Horrela ez; ezpata-joko honen "maisua" nik izan nahi dut, eta eztabaida ebazkaitz honen epailea ere nahi dut.

Rozinanteren gainetik beheratu zen, lantza eskuan hartu zuen, bide erdian jarri zen, eta han zihoan Lizentziaduna, txairo-txairo, oinka lurra neurtuz bezala, Kortxueloren aurka, berau, begietatik txinpart-aurtika, esaera dena legez, oldartu zitzaionean: haiekin etorritako bi nekazariak, astoen gainetik inoratu bagerik, tragedia hilgarri haretako ikusle. Han ari zen Kortxuelo ezpatakadaz, aiztokadaz, gora eta behera, zeharretara, besagainka, esku biez, okerretara; bere ezpata-ukaldiak sarri-sarrikoak ziren beresi sarrian sasia bezala, pindarrak su bizitik ohi bezain bizkor. Lehoi gartsu sabelgorri baten antzera erasotzen zion, baina, Lizentziadunaren ezpatak musturrean zedukan kuskuaren estalkitto baten aurka joiten zuen, eta honek geldiarazten, eta, ezpata-ahoa bere ahoan, musukatu behar izan zuen, behin baino gehiagotan, "erlikia" bati egiten zaion eran, santuen erlikiei bezala eraspenik batere bage baina. Lizentziadunak, halako baten, ezpataz, dart-dart-dart!, soineko zeraman jakexkan zituen botoi edo bortxa guztiak zeinbatu zizkion, urratu ere eta zerrenda luzeak egin ohialak, dena zirtzil, txibierroen erroak bailiran; gerizgarria ere burutik birritan erauzi zion eta lurrera egotzi, eta sumindu zen oso, hisi gaiztoak jo zuen erabat, amorru gorrian jarri zen, hartu zuen ezpata gogor eskutokitik eta aurtiki zion, ahalik azkarren; nekazari haietako batek, "eskribau" lanetan zerttobait zekienak, geroago baieztatu zuenez, hiru legoa lauren urrundu behar izan ei zuen ezpata jasotzerakoan. Lekukotasun honek argiroki eta garbiroki du aditzera emaiten indarra trebetasunak menpean hartua izaiten dela.

Eseri zen Kortxuelo, akitua, eta honenganaturik Santxok honela hitz egin zion:

Alafedea! batxiler jauna, nire aholkua haintzat hartzen badu, hemendik aitzina ez inori erronkarik egin ezpataz, palanka aurtikitzen edo garrakan, erran nahi baitut borrokan, bai, berorrek gazte izan eta honetarako nahikoa indarra bai baitu. "Trebe" daritzen hauetaz, bertzalde, orratz baten txuloan barrena ezpataren zia sartzeko gai direla entzuna dut

Asko dut honez gero – Kortxuelo berriro – nire astotik erori izana, egitez egia, hain urrun nekusan egia, ikusarazi dit, bai, eta honenebestez nahikoa.

Lurretik zutitu zenean Lizentziaduna besarkatu zuen eta lehen baino are adiskideago geratu ziren. Eskribaua ezpata jasotzera joana zen eta berandutuko zelakoan ez zuten itxadon nahi izan; bidean aurrera joitea erabaki zuten, Kiteriaren herrira garaiz iristeko asmoarekin; denak bertakoak ziren. Harainoko bide-zatian zihoazela, Lizentziadunak ezpataren on guztien berri zehatz eman zien, matematikak eta guzti, hala eta hola eginaz, nondik-norako guztiak erakutsiz, irudi-mirudika, eta entzun-ikusten ari zitzaizkion guztiak ezpataren "zientziaren" ontasunaz zeharo jakinaren gainean geratu ziren, Kortxueloren kaskagogorkeria azpian hartuta.

Arratsa zen; herrira baino lehen, izar distiratsuz beteriko oskarbi bat ikusi uste zuten, hainbat hots edo soinu leun bezain nahasiak entzuten ari zirela iruditu zitzaien, beredin musika-tresnazko xaramela batzuk, hala txirula nola danbolin, ttunttun edo alboka, panderu eta kriskitin; hurreratu ahala, eskuz ipiniko abarteria zuhaitz antzeko bat argi-zuziez apaindua zegoela ikusi zuten, herriko atarian, haizearen erasoen beldurrik bage, berau hain ezti-ezti zebilenez zuhaitzen ostoak higiarazteko indarrik ez baitzuen. Musikariak ezteguetako alaitzaileak ziren, taldeka zebiltzanak, bazterrik bazter, dantzari batzuk kantari bestetzuk, eta lehenago entzuniko tresnez soinu-joiten beste batzuk. Hango zelai haretan dena zen alai, dena triska eta jauzi, den-dena poza. Beste batzuek oholtzak eraikitzen lanean ziharduten, biharamunean lagun guztiek ondo ikus zezaten, bertan egin behar zen ospakizuna hain zuzen, zeren hura guztia Kamatxo aberatsaren ezkontza arrandi handiz ospatzekoa baitzen, eta, aldi berean, Basilioren hileta. On Kixotek ez zuen lekuratu nahi izan, bai nekazariak bai batxilerrak arren eta arren egin bazioten arren. Ezezkoaren aitzakia, bere eritzian axola handikoa, zaldun ibiltariek ohi zuten ohitura zen, alegia, herrietan bagerik, urrezko sabaien azpian izanagatik ere, landetan edo zuhaizpeetan lo egitea; hau dela zio, bidetik albo batera zehartu zen, Santxoren gogoaz bestera noski, beronek artean On Diegoren etxe edo gazteluko ostatualdi erosoa oso gogo-gogoan baitzuen