Edaskaiak dioenez, On Kixotek, Apaizak eta Bizarginak entzun zituzten oihu edo hotsak Ilobarenak eta Etxanderearenak ziren, Santxo Pantza On Kixote ikustera etorri eta haiek atea zaindu, baietz eta ezetz, haiek honi esatean:
Zer nahi ote du troko totso honek etxe honetan? Hoa hire etxera, anaia, heu baihaiz, ez beste, nire jauna nahas eta burutik eragiten dioana, eta sasirik baso erabilten duana.
Santxok honi honela ihardetsi zion:
Txerrenen ama! Arraioak ez badu! Nahasia izan dena, burutik eta etxetik ateratua izan dena, sasirik baso eramana nerau izan naiz, alta, ez zure nagusia: beronexek eraman ninduen munduz mundu, eta zuek orai ordaina eman behar didanean hementxe, bide erdi jarririk; berorrexek iruzur nahiz gezur etxetik jalgiarazi ninduen, uharte baten hitz emanik, gaur-goiti oraino igurikitzen dudana.
Itoko al haute uharte gaiztoek, Santxo madarikatua! – Ilobak erauntsi zion – Zer da uharte? Jan-gairen bat ote da, mizkintzar totolo jatuna holakoa?
Ez da jatekorik – Santxo harzara – jaurri egitekoa baizik, gobernamendua alegia, bortz hiri baino eta Erretetxeko bortz auzapez baino hobeki kudeatzekoa.
Horrela eta guztiz ere – Etxanderea mintzoz – ez haiz hemen sartuko, gaiztontzi amarruzorro hori. Hoa heure etxera jaurtera eta kudeatzera, hoa hire txankal edo margintxak haitzurraz lantzera, eta utzi behingoz hire uharte-muharte horren aiher hori.
Apaiza eta Bizargina hiruen arteko elkarrizketa entzuten oso pozik; baina On Kixotek, mihi aska eta barrua zabalduko zuen beldurrez, ergelkeria maltzurrik asko "paparotik" ateratuko eta bere izen onari egoki izanen ez zitzaizkion zeraren bat baino gehiago barraiatuko zuen beldurrez, dei egin zion, beste biak isilarazi zituen eta sartzen uzteko. Sartu zen Santxo, Apaizak Bizarginarekin On Kixoteri agur eta alde egin zuten. Ez ziren, ordea, oro pozez joan, haren burubide okerretan zein temati hisitua zegoen ikusirik, zaldun gaizkibiltarien inozokerietan zein burugogor zein belarritxi sartua zegoen antzemanik, eta Apaizak Bizarginari hau esan zion:
Zuk ikusiko duzu, adiskide, nola, usterik guttienean, gure kaparea berriz ere jalgitzen den, munduz mundu.
Zalantzarik ez – Bizarginak – baina jaunaren zoroak harritzen banau, harritzenago nau, are, ezkutariaren inozoak, eroak; harako uharte harena hain sinetsia duenez, ez baitut uste "kaskotik" erauziko diotenik, ez edekiko ez kenduko, hainbat etsipen gora hainbat amets-eten behera.
Jainkoak zuzenduko ailu – esan zuen Apaizak – eta gagozen erlantz, zer gerta zain: ea zelan agortzen den halako zaldun eta halako ezkutari horien zentzugekeria-iturri hori, batak zein besteak orkoi berean taxutuak izan direla dirudite, jaunaren zoroa ez da ezer otseinaren ero kokolo bagerik.
Horrela da, bai – Bizarginak atzera – eta on liteke orain biek zertaz diharduten jakitea.
Ni ziur nago – Apaizaren erantzuna – Ilobak edo Etxandereak jakinaraziko digula, ez dira horiek entzuteke gera litezkeen horietarikoak eta.
Bitarte haretan, On Kixote Santxorekin bildu zen, gelan, eta biak bakarrik, honela mintzatu zitzaion:
Nahiez handia diat, Santxo, hik esan baituk, eta esaten, neronek aterarazi hindudala hire etxettorean, eta hik badakik ni ez nintzela nire etxean geratu: elkarrekin irten genian, elkarrekin joan gintuan eta elkarrekin alderrai ibili gintuan, hara-hona, zeharretan; zori bat bera biok, asturu berarekin ibili gintuan biok: hi behin burusian goiti-beheti erabili izan bahinduten, ni maiz-maiz "eho" izan naitek, jo eta hebaindu izan naitek, honetaz den bezainbatean ni hi baino gehiago nauk.
Hori holaxe behar zen – ihardetsi zion Santxok – zeren, berorrek erraiten duen bezala, atsebageak edota ezbeharrak ezkutariei baino zaldun ibiltariei atxekiago baitzaizkie, egokiago nonbait, berariazkoago.
Oker hago, Santxo – On Kixotek berriro – hara, badakik harako hura: quando caput dolet ..., eta abar.
Nik ez dut nire hizkuntza bertzerik ulertzen – Santxok.
Zera esan nahi diat – On Kixotek harzara – , buruak min duenean, soin-atal guztiek ere min dutela; ni hire jaun eta jabe naizenez, hire burua nauk, eta hi nire atal bat haut, morroea haudalako; eta honegatik, nik dudan edo dukedan minak hiri ere min eman behar dik, eta hire minak niri.
Holaxe behar, bai, behar litzateke izan – Santxoren hitzak – baina ni burusian goiti-beheti erabili nindutenean, atal bat bezala, nire burua hormaren gaineko bertze aldetik begira zegoen egon, ni hegaldatzean eta hura minik batere sumatzeke egonean zegoen egon; eta atalek buruaren minaz min hartu behar baldin badute, honek ere haien minez min hartu behar luke.
Erran nahi ote duk orain, Santxo, nik minik hartu ez nuela hi goiti-beheti erabili hindutenean? Erran nahi baduk, ez erran, ez pentsatu ere, zeren hik heure soinean baino nik min handiagoa bainuen neure izpirituan, neure gogo-muinetan. Utz dezagun, baina, oraingoz, hau guzti hau, noizbait bere neurrian ipiniko diagu eta; erraidak, Santxo adixkide, zer diote nitaz kale alde horretan? Ze eritzi du niri buruz jende xeheak, zer gapareek, zer zaldunek? Zer diote nire gemenaz, zer nire egitandiez, zer nire gizabideaz? Zer eleketan lurbiran dagoeneko ahantzita dagoen zalduntasuna berpizteko eta berriz ere indarrean ezarteko nik hartu dudan xede edo asmoaz? Bukatzeko, Santxo, hire belarrietara honetaz guztiaz heldu denari buruzko berri eman diezadaan nahi diat, eta erran ezer onari erantsi bagerik ez gaitzari edeki bagerik, zer eta zer; izan ere, hara, mirabe edo morroe zintzoari egia erraitea zagokiok, ez gutti ez gehi, bere jaunari zehatz eta mehatz, nahiz lausenguz nahiz lotsa onez areagotzeke, zuritu edo edertu bagerik; eta jakin dezaala nahi diat, Santxo, ezen printzeen belarriei egia hutsa, biluza helduko balitz, losintxazko janzkirik bagekoa, beste era bateko aldiak genitizkek egungoak, beste aurreko batzuk' gure hauek garaiok baino burdinagokotzat hartuak izanen lituzkek, bai; zera, orain, ohi direnen artean, hau "urre-koipezkoa" ere baduk eta, nik uste. Har ezak, Santxo, oharpen hau, egia guztia argi eta garbi nire belarrietara emaitearren, nik galdeturiko zer guztiez dakian egia, alegia, niri helarazteko.
Horixe gogo onez eginen dut, ene jaun, baldin eta nire hitzez edo esanez berori haserretzen ez bada, zeren, niregana heldu bezala nahi baitu egia, biltzekoan zekarren soinekoaz, bere larru gorrian, beraz.
Ez nauk inola ere haserretuko – On Kixotek ihardetsi. Lasai-lasai eta batere zeharka ibili bage hitz egin dezakek, Santxo.
Bada, erranen dudan lehendabizikoa hauxe da, zera, kaleko jendeak berori oso-oso zorotzat dadukana, eta ni ez guttiagoko erotzat. Gapareek, bertzalde, zer diote eta, hara, berorrek, gapareen hein edo maila-mugetan ezin egonik, aitonsemeen antzera "On" eman diola bere buruari eta zaldun egin duela, lau mahatsondo eta goldeko bi lur-arlo bertzerik ez dadukalarik, zapi bat gibeleko aldean eta aitzinekoan bertze bat baino ez. Zaldunek, berriz, ez omen dute, diotenez, harako gapareak berekikoetan sartzerik nahi, ez luketela beren aurka jar litezen nahi, diote, batez ere, morroe bakarreko gapareak, oskiak edo zapatak kedarrez belztu ohi dituzten horiek, bereziki, beren galtzerdi beltzetako urratuak hari orlegiz josten dituztenak alegia.
Horrek ez dik nirekin zerekusirik – esan zuen On Kixotek – ni beti ongi jantzita ibilten nauk, nire soinekoak ez dik behin ere adabakirik ukaiten; urratuak bai badaitezkek, baina iskiluez urratuak, ez zaharrez.
Berorren gemen, ekintza edota gizabideari buruz, eta esku artean erabili izan duenaz den bezainbatean, iritzi ezberdinak dira: "Zoroa baina zorionekoa" dio zenbaitek, "Adoretsua baina zoritxarrekoa" dio bertze batek, "Gizabidetsua baina erabageko ikamikatia" dio urliak; eta hortik hara zeinbat ele-mele eta zeinbat berriketa, anitz maiseaketa, hara, ez daukute hezur bat osorik uzten, ez berorri ez niri.
Begira, Santxo, onbidea, edo nik esaten dudan bezala "gogona ", goren mailakoa denean, non edo non dela ere, jazarria izan ohi duk, esetsia ohi duk, gogor egina. Lehengo gizon ospetsuen artean, inori edo inor guttiri bere izen ona belztu edo zikintzeke utzi izan ohi zaiok. Julio Zesar lekuko; kapitain azarri-azarria, oso zentzuduna eta txit gementsua, alabaina, ospegale ote zen, bazter guztiak irentsi nahi omen zituen handi-nahi asegaitza ote zen eta ekin zitzaizkioan erasian azpiak jaten mihi-zorrotzak, nahiz janzkeran nahiz bizieran hain garbia ez ote zen ere mihi-gaiztoak. Alexander, bere ekintza larriengatik "Handi" izengoitia irabazitakoa xurrut-zale xamarra ote zen ziotek. Herkules, hainbat neketakoa, likitsa eta lizuna ote zen esanak badituk. On Galaor, Amadis Gaulakoren anaia, beroegia baino areago ere ote zen, lar emakoia alegia, aho-mihitan ibili ohi den marmarra duk; bere anaiaz, berriz, negarti malkobera zela duk esaera. Horrela bada, oi Santxo enea! zintzoen aurkako hainbeste gaizkiesanen artean, nire aurkakoak aisa irago daitezkek, hik erranikoak baino gehiago ez bada behintzat.
Horra, hortxe dago bada ttakada, ene aitaren soina! – Santxo ihardetsiz.
Gehiagorik ba al da, ala? – On Kixotek galde.
Isatsa dugu orai larrutzeko – esan zuen Santxok. Talo-opilen azal itxura bertzerik ez da orain artekoa; baina berorrek gaizkierran horiekiko guztia jakin nahi badu, gezur-laido guztiak zehazki, berehala guzi-guziak, izpi bat galdu bage, erranen dizkion norbait ekarriko diot; bart Bartolome Carrascoren semea etorria da, Salamankan ikastean egon ondorean Batxiler egindakoa da, eta, ongi-etorria emaitera joan natzaionean "On Kixote Mantxako Gapare Buruargia" izenburu duen berorren kondaira liburuetan badabilela esan daut; eta ni nerau ere aipatzen omen naute, Santxo Pantza nire izen ber-bera eta guzi, eta Tobosoko Dultzinea anderea ere bai; berorrek eta biok bakarka gerta eta jasan izandako zenbait jazoera isileko ere omen dakarte hor, txunditurik geratu bainaiz, gurutze santua egin eta egin, nola ikasi ahal izan ote horiek idatzi dituen kondairagileak
Ben-benetan dioat, Santxo, gure kondaira horren egileak sorgintzaile edo azti jakintsuren bat izan behar dik, inola ere, zeren, honelako hauei idatzi nahi dutenetik ezer ez baitzaie estarian geratzen, gordean deusik ez.
Bai, eta nolakoa! – Santxok erantsiz – jakintsu eta sorgintzaile bai, zeren, Sanson Carrascok -nik aipatu horri honela daritzo- dioenez, kondairagile horren izena Zide Hamete Berengena baita, izan ere!
Mairu izena duk hori – On Kixotek berriro.
Hala dirudi – Santxok atzera – ; nik entzuna dudanetik dakit mairu horiek, gehienak, berengena zaleak direla
Hi oker hago, noski, Santxo, Zide horren izengoiti horrekiko horretan, arabiarren hizkeran "jaun" esan nahi dik
Baliteke; baina berorrek etorraraztea nahi badu, hegan joanen naiz haren bila.
Atsegin handia emanen hidake, adixkide; hik erran didaanak harri eta zur utzi naik eta; ororen berri garbi-zehatza jaso arte ez diat ahamenik hartuko.
Haren bila noa – Santxok esana.
Utzi zuen bere nagusia bertan, joan zen Batxilerra bilatzera, itzuli zen handik laster honekin batera, eta hirurek elkarrekin solasaldi gozo bat egin zuten.