On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

26. atala

Txerpolariaren jazoaldi barregarria aurrera doanekoa, eta beste zer batzuekikoa.

Isildu ziren denak, tirotarrak eta troiatarrak

zera esan nahi dut, oholtzaren aurreko guztiak, isil eta adi-adi, ipuin gozagarri haren aldarrikari zen mutikoaren ahoari begira zegozela, eta orduan hainbat atabal-turutaren hotsak entzun ziren, danbada asko ere bai, burrunba laburrean, eta honen ondotik mutikoaren ahotsa honela:

Egiazko kondaira hau, hemen berorien aurrean irudikatzen ari garen hau, "koronika" frantses eta erromantze espainiarretatik, hitzez hitz, jasoa da, jendearen eta gazteen, batik bat, aho-mihitan baitabiltza, ibili, hitzetik hortzera, karrikaz karrika. On Gaiferos jaunak bere emaztea Melisendra askatu zuenekoaz dihardu; berau Espainian, mairuen esku gatibu zegoen, gaur-egun Zaragoza edo Zaldua deritzon eta une haretan Sansueña zeritzon hirian, zehazki. Ikus bezate han nola ari den On Gaiferos xake-jokoan, harako abesti haren haritik:

Xake-jokoan ari da Gaiferos
Melisendra guztiz du ahaztua

Han ageri den "pertsonaia" buruan buruntza eta eskuan nagusi-uhea daduzkana, Karla Handia edo Carolus Magnus enperadorea da, Melisendra daritzon horren aitatzakoa, bere suhiaren ezaxolkeria eta alperkeria ikusiaz haserre, ahakar egitera datorkiona; ikus zein zorrotz, zein mutiri dakion mokoka, uheaz zartada batzuk emaiteko zorian dagoela dirudi, eta zeinbait jakilek dioena egia izanez gero, eman eman omen zizkion, eta gogor eman ere; haren emaztea askatzen ez saiatzeaz ohorea galtzorian zuela eta hainbat zer erauntsi ondorean, honela esan omen zion:

Aski esan dizut: ikus ezazu

Begira nola Enperadoreak bizkar eman eta hor bertan uzten duen Gaiferos hisi gaiztoan, horra, nola honek, herraz beterik, sumintsu, egozten duen beregandik urrun oholtza eta iskiluak berehala ekartzeko eske ari den; eta hortxe ere Errolan bere lehengusuari Durindana daritzon ezpata galdatzen dion; horra hor nola Errolanek nahi ez dion eman edo utzi, baina bere burua eskaintzen dion egiteko latza duen horretan lagun izaiteko; sumindutako ausartak, ordea, ez du onartu nahi, bera bat eta nahikoa dela dio, bere emaztea gaizkatzeko, gaitzetik, edozein gaitzetatik aterarazteko, baita lurraren erdi sakon-sakonean balego ere; honenbestez, bada, iskiluak hartu behar ditu, bidean aurrera joaiteko. Ikus bitzate beroriek hango dorre haretako begiak, dirudienez Zaragozako "alkazarreko" dorreetako bat da, gaur den egunean "Aljaferia" esaten diotena; hango balkoi haretan dagoen anderea, tximinoz jantzia, Melisendra iderik ez duena da, handik, sarri, Frantziarako bideari begira jartzen dena, eta beti Paris buruan, eta senarra ere beti gogoan, gatibu egonik ere pozbide hartzen baitu horrela. Ikus orain beste gertaera berri bat, egundaino ikusi bagekoa, agian. Ez al dute beroriek ikusten hango mairutto hura, itzalgaizka, urratsez urrats, aho-ezpainetan atz edo eri handia duela, Melisendraren gibel alderantz doana? Bada, begira ondo nola musu emaiten dion ezpain-ezpainetan, eta nola emaztekiak berehala tu egin duen, eta muturra bere alkandora-beso zuriaz garbitu duen; min harturik dago, ileei "tiraka", erauzi beharrez, sorgin-kalte haren errua ileek, edo adatsak balu bezala. Han, iragangu haietan dagoen mairu gorgotsa Sansueñako Marsilio erregea da, lehengo mairuttoaren zitalkeria ikusi zuen, bere ahaide eta begipeko maitea zuelako, berehala atzitzeko agindu zuen, berrehun zigorkada emaiteko agindu zuen, hirian zehar ohiko karriketan barrena eroana izan zedin agindu zuen.

Aurrean oihukariak
atzean makilak

Eta hona hemen, ikus, badoaz "sententzia" hori egiteratzera, nahiz eta oraindik errua guztiz argitua ez izan, zeren, mairuen artean ez baitago, gure artean bezala, "begi hitz beste alderdiak", ez "bego, oro irargitu artean"

Mutilko, mutilko – esan zuen orduan On Kixotek – hoa hire kondaira artez-artez aletzen, ez hadi ibil zeharka edo okerka, egia bat garbi ateratzeko beredin argibide eta berrargibide behar izaiten duk eta.

Maisu Peruk, bere aldetik, zegoen barrutik, honela esan zuen:

Mutilko, ez hadi sar marrazkietara, egik jaun horrek agintzen diana, egokiena izanen duk; hoa hire xaramela leunean, ez ezak abestu "berponduetan", hauek sarri ahul izanki eteten baitira.

Horrelaxe eginen dut – erantzun zion mutikoak eta berriro esaten hasi zen – : Hemen agerian den itxura hau, zaldi irudi, kapusai gaskoiaz estalita, On Gaiferos bera da; hemen bere emaztea, begitarte alaiago eta lasaiagoarekin, mairu maitemindunaren ausarkeriatik jaregina, dorreko behatokietan dago, eta bere senarrarekin hizketan ari da, ustez eta bidaiariren bat dela, harako erromantze haretan agertzen diren gora-behera eta elkarrizketak bien artean honelakatuz:

< class="bertso"p>Zaldun, Frantziara bazoaz
egizu Gaiferosen galde

eta hemen ez dut gehiago esanen, luzegatxa beti gogaikarri baita. Gaiferos erantzita dakusagu hemen, bere aurpegi-estalki bagetua alegia, eta Melisendra alai baino alaiago agertzen da, esku-imintzioak ikusita behintzat honela dirudi, ezagutu duelako ezagugarri; orain balkoitik behera labaintzen ari dela dakusagu, bere senar zintzoaren zaldi-hanken gainean jartze aldera. Baina, ai zoritxarrekoa! balkoi-burdinari atxekita, lotuta, gona-hegalaren ertz bat, eta honatx, lurretik gertu baina ezin ukiturik, dilindan dago, balkoirean zintzilik. Alabaina, zeru errukiorra beti hor, behar-beharra denean, sorosle: hemen heldu da Gaiferos, gona luze baliotsua urratu ez urratu, hari heldu dio, ten egin dio, lurrera erakarri du, eta lurretik jauzi bat eginaraziz, zaldiaren gaineratu du; iztapeka gizonen antzera jarrarazi du, eta tinko eusteko agintzen dio, besoak bizkar aldetik bular aldera hedatzeko agintzen dio, gogor atxekiz eror ez dadin, egon ere Melisendra anderea hala, zaldi gainean, ibiltzen ohituta ez zegoen. Entzun zaldiaren irrintziak, poz-pozik doa gainean daraman zama ausart eta ederra, bere jaun eta anderearen zama. Hor doaz, hirirean aurrera, bizkarrak dakuskiegu, alai doaz, pozez gainezka doaz, joan, Pariserako bidea harturik. Bakean zoazte, oi zinezko maitedun bikote iderik bagekoa! Iritsiko al zarete zuen aberri maitera, asturuak zuen bidaldi zoriontsuan oztoporik ipinteke! Ikusiko al zaituztete zuen adiskideen eta ahaideen begiek zuen bizialdiko egun gozo-naroetan bizitzen -izan daitezela Nestorrenak bezainbestekoak- !

Une honetan, beste behin, maisu Peruk ahotsa goratuz esan zuen:

Apalkiro, mutilko: ez hadi goiti, ez hadi oilar, gorapenak soinean beherapena zakarkek eta.

Itzultzaileak ez zuen erantzun, bere haretan aurrera joan zen, esanez:

Egon ziren, bai, han gertatu guztia ikusi zuten begi batzuk, beti alperkerian denari so egoiten diren horietakoak, eta Melisendraren jaitsiera, batetik, eta zaldi-gaineratzea, bestetik, ikusi ondoan Marsilio erregeari berri emaitera joan ziren; jo zuen honek iskilurako-deia, abijeik! egin zuen oihu; ikus hemen zein zakar, hiri osoa ezkil-hotsean murgilduta, meskita guztietako dorreetan: din-dan!

Hori ez! – orduan On Kixotek – Ezkiletaz ez dabil xuxen maisu Peru: mairuen artean ez ohi da ezkilik erabili; atabalak bai, eta dultzaina mota bat ere bada gure albokaren antzekoa; beraz, Sansueñako ezkilen hots egite hori zentzugekeria handia da, zalantzarik ez.

Maisu Peruk hau entzunik, jaiteari utzi zion, eta esan zuen:

On Kixote jauna, ez jaso berorrek holako umekeriarik, ez bedi urrun hain lekutara, galdu egingo da eta. Ez dira, bada, hor-hemen, ohiz bezala ia-ia, hainbat eta hainbat barregarrikeria irudikatzen, zentzubagekeriaz beteak, okerrez josiak, gangarkeria hutsak gutiz gehienak, eta, honela ere, han-hor-hemenka badabiltza, ibili, zoriontsu, eta orotan entzunak izaiten dira, eta txaloak jaso ez ezik, begietsiak ere izaiten dira, eder-ederretsiak? Hoa aurrera, mutilko, eta esan egik; ea nire sakela betetzen dudan, eguzki inarrak adina ezesateko esan behar balitz ere.

Hori egia da – gehitu zuen On Kixotek.

Mutikoak orduan:

Begira zeinbat eta zein ederra maitedun katoliko bien atzetik hirirean atera doan zalditeria, zeinbat turuta hots egiten, zeinbat dultzaina jo eta jo, zeinbat atabal eta danbolin durundi betean. Atzemanen dituztela beldur naiz, eta zaldiaren isatsetik lotuta atzera ekarriko dituztela nago, benetan ikuskizun izugarria litekeena.

Ikus-entzuten, bada, hainbeste mairu gora eta behera, hainbeste hots eta durundi, On Kixotek, ihes egiten zuten haiei lagundu nahian, noski, zutitu zen eta ozenki esan zuen:

Nire aurrean, ni bizi naizeino, ez dut biderik emanen inork On Gaiferos zaldun izen handiko eta maitale ausartari halako bidebagekeria egiteko. Geldi hor, zital-talde kiskila, ez jarraiki haiei, bestela neurekin borrokan zarete oraintxe!

Esan eta egin, zorrotik ezpata atera zuen, jauzi bat egin eta oholtza aitzinean jarri zen; hasi zen, dzirt-dzart!, inoizko suminen ezpata-ukaldika, mairu txotxongiloen aurka, batzuk lurrera egotzi zituen, beste batzuei buru moztu zien, bata zauritu zuen, bestea porroskatu, denak txikitu zituen eta, halako suminaldi gorian goitik beherako ezpatakada bat jo zuen eta ozta-ozta maisu Peruk saihestu, burua beheratuz, uzkurtuz eta kurubilkatuz, osterantzean, burua moztuko zion, otorez egina bailitzan. Oihuka maisu Peru, zerauntsola:

Geldi berori, geldi, On Kixote jauna, ohartu hauek porroskatzen dituenok, txikitzen dituen hauek, hiltzen dituenok ez direla egiazko mairuak, "pastaz" eginiko panpinak baizik. Begira, atx bekataria ni! nire ondasun guztia porroskatzen dit, lorrintzen eta hondatzen dit.

Ez zen gelditu On Kixote, hantxe ari zen, zirt eta zart, ezpataz sast eta sast!, zeharka eta goitik-beheraka, ezker-eskuin. Azkenean, aitagure bi esan orduko, antzokittoa lurrean eraitsia zuen, zeharo apurtua, eta panpina guztiak tresnekin batera hautsiak: Marsilio erregea zauri-larritua, Karla Handia enperadorea burua eta buruntza etenak, erdi bi eginak biak. Ikuslego osoa asaldatu zen oso, tximinoak ihes egin zuen, ostatuko teilatuetan gaindi, lehengusua beldurtu zen, otseina kikildu, eta Santxo Pantza bera ere ikaratu zen hagitz, zeren, geroenean erran zuen bezala, ekaitza baretu ondoan hain zuzen, ordura arte egundaino ez zuen ikusia izan bere nagusia hain sumindurik, hain sepatsu. Sarraskia eginda, oholtza guztia txikitua, On Kixote baretuxe zen, eta honela esan zuen:

Hementxe nire aurrean eduki nahi nituzke, bai, zalduntza ibiltaria zein onuragarria den sinesten edo sinetsi nahi ez duten horiek guztiak: begira, ni hemen egon ezean, zer gertatuko ote On Gaiferos onari eta Melisendra ederrari; dagoneko, beharbada, or zital horiek atzemanen zituzketen, eta beharreztenkeriaren bat eginen zieten. Bukatzeko, beraz, bizi bedi zalduntza ibiltaria gaur-egun lurbiraren gainean bizi diren guztien gainetik!

Bizi bedi ordu onean! – esan zuen une haretan maisu Peruk ahots minberaz – eta hil nadin ni, ene zoritxarreko hau ni hau, On Errodrigo erregeak esan zuena esan baitezaket:

Atzo Espainiako jauna nintzen
gaur dorre bat ere ez
nirea denik esan ezin

Ez da ordu erdi, ez da une erdi bat ere ni erregeen eta enperadoreen jauntzat ukan dudala neure burua, nire zalditegiak beterik, eta nire kutxetan nahiz zakuetan zaldi asko nedukan, apaingarri askoa ere bai, eta orain ezereztua naiz, burumakur, txiro eta behartsu naiz, eta nire tximino bage, batez ere; berriro ikusterako, berriro niregana artean hortzak izerditan egonen naiz; eta dena zaldun jaun honen sumindura neurribakoagatik; esaera da, bada, umezurtzei laguntzen diela, okerrrak zuzentzen dituela, eta beste honenbesteko maite-egintza egiten omen du; niri, ordea, bere gupida bageturik etorri zait, eta bedeinkatuak izan daitezela zeruak. Azken baten, Itxura Hitseko Zaldunak niri dit neure itxura itxurgatu, nire irudittoak puskaturik, hautsirik.

Santxo Pantza, maisu Peruren hitzok entzunik, errukitu zitzaion, bihotza hunkitua, eta erran zion:

Ez egin negarrik, maisu Peru, ez zinkurinik, bihotz erdiragarri zait eta; nire jauna, On Kixote, jakin ezazu, hain katolikoa denez, hain giristino "fierra" denez, zuri egin sakailaz edo triskantzaz ohartuko balitz, ongi ordainduko lizuke, edo nahi bederen bai, hainbat mesedez ase nahi izanen zintuzke.

On Kixote jaunak ezegiteko batzuk egin izanaren zati bat ordainduko balit, poztu eginen nintzateke ni, eta, bide batez, bere burua ere gaizketuko luke, bere "kontzientzia" bederen bai, zeren, besterenaz jabetu dena, bestearen nahiaz bestera, eta itzuli ezik, ezin gaizke baitaiteke, ezin bere burua gaitzetik atera.

Bai, horrelaxe da – esan zuen On Kixotek – ; baina, nik dakidala, maisu Peru, neronek ez dadukat zurerik

Nola ez? – iharduki zion maisu Peruk – Horra, lur gogor honetan sakabanaturik dauden hondakinok, nork barraiatu eta ezereztu ditu, horren beso sendoaren indar garaitezina izan ez bada? Eta, norenak ziren horien gorputzak nireak ez baziren? Eta, noren bidez elikatzen izan naiz ni horien bidez izan ez bada?

Oraintxe usteak nago – On Kixotek orduan – beste askotan uste izan dudana: nire atzetik ibilten diren sorgintzaile hauek nire begien aurrean haiek diren bezalakoxe irudiak ipinten dizkidatela, eta gero antzaldatzen dizkidate eta berek nahi duten itxura emaiten diete. Zinez eta egiaz diotzuet, jaunok, hemen nire entzule zaretenok, hementxe agitu den guztia ben-benetan gertatua iruditu zaidala: Melisendra benetan Melisendra izan dela, On Gaiferos On Gaiferos bera izan dela, Marsilio bera izan dela, eta Karla Handia zinez Handia bera eta ez besterik: honen ondorioz suminak hartu nau, eta zaldun ibiltari naizen aldetik nire egitekoari ekin beharrez, ihes egindakoei lagundu nahi izan diet, eta asmo garbi honegatik egin dudana egin dut; dena behar ez den bezala gertatu bazait errua ez dut nik, nire atzetik ibilten diren gaiztoena baino; honela eta guztiz ere, nire okerregite honegatik, gaizki nahita egina izan ez bada ere, neure burua errutzakotu nahi dut, ordaintzeko zigorrez: horra, maisu Peru, ebatz ezazu zer nahi duzun apurturiko panpinen ordain; nik gero ordainduko dizudala hitz damaizut, gaztelar txanpon onean eta erabilitakoan.

Maisu Peru makurtu zen eta honela mintzo zitzaion:

Ez nuen guttiagorik uste On Kixote Mantxako zangarraren kristautasun handitik, egiazko sorosle eta babesle munduan diren behartsu eta ezeduki guztiena; hemen txiribogin jauna eta hor Santxo handia gure honetan ararteko eta neurtzaile izango direnak, txikitutako irudi guztien balioa hainbatzeko.

Ostatariak eta Santxok baietz, egin eginen zutela, eta maisu Peruk lurretik Zaragozako Marsilo erregea jaso zuen, bururik bage, eta esan:

Errege hau lehengoratzea ezinezkoa dela ageri da, honetaz, nire iritziz, beste iritzi hoberik ez bada, hil izanagatik, betiko amaitu dela eta, lau erreal eta erdi eman behar zait.

Aurrera – esan zuen On Kixotek.

Honatx, goitik beherako pitzadura honen ordainetan – maisu Peruk berriz ere, eskuan Karla Handia erditik zatikatua harturik – ez dut uste bost erreal eta txiki bat asko eskatzea denik.

Ez da guti – orduan Santxok.

Asko ere ez – erantsi zion txiriboginak: egin bedi erdiz erdi eta eman bost erreal.

Eman dena, bost eta txikia – sartu zen On Kixote – zoritxar handi honen ardura ez da, izan ere, txiki baten gora-beheran; eta buka dezala lehen bai lehen maisu Peruk, abaltzeko ordua heldu da eta ni sabeleko zorriaren ikarak sumatzen hasia naiz.

Hemen' sudur bage eta begi-bakartua dagoen panpina honen truke, Melisendra ederra bera baita, zuzen jarrita, hein-heinean, erreal bi eta hamabi marabedi nahi dut.

Geldi hor, Txerrenarren – esan zuen On Kixotek – dagoeneko Melisendra senarrarekin, Frantziako mugan al dago, arraioak ez badu, behinik behin, zeren, zeramatzan zaldia lasterka ez, hegan baizik zihoala iruditu baitzait; ez niri, beraz, katua erbitzat saldu, hemen Melisendra surdur-peiturik agerraraziz, orain bertan bestea, Frantzian senarrarekin gozaldika, hedailo atsegin betean al dagoen bitartean. Jaungoikoa izan dadila bakoitzaren laguntzaile, maisu Peru jauna, eta goazen bidean zehar astiro eta asmo onarekin. Aurrera, bada.

Maisu Peru ohartu zen, bai, On Kixote atzera lehengo bide okerretik joiten hasten zela eta ez zuen alde egiterik nahi izan, eta, honen haritik honela esan zion:

Hauxe, antza, ez dugu Melisendra, bere neskame haietako bat baizik; honetaz, bada, honen truke hirurogei marabedi emanez gero ni pozik eta ondo ordaindurik.

Honelatsu, ba, honi eta hari salneurria ezarri eta ezarri zion, arartekoak berdintzen nahiko lan, eta, alde biak nahikoetsita, berrogei erreal eta hiru txiki batu zuten guztira; honez gainera, Santxok zorrotik ordaindutakoan, maisu Peruk bi erreal gehiago galdatu zion tximinoa harrapatzeko lanaren "laka".

Emaizkiok, Santxo – agindu zion On Kixotek – tximinoa harrapatzeko ez ezik "zimino" edo "katu" bat ere harrapa dezan. Berrehun ere emanen nuke oraintxe, berriren baten ordain, egiaz jakiteko, ea Melisendra anderea eta On Gaiferos jauna, dagoeneko, Frantzian eta beren senitartekoen artean dagozen.

Hori tximinoak ez bestek esango digu, ondo bai ondo – maisu Peruk atzera – ; baina orain ez du Txerrenek ere harrapatuko, honela ere, azkenean gosea dela edo dela nireganako maitasuna gauon nire bila etorriko dela eta nago; Jainkoak eguna argituko du, bai, eta ikusiko dugu.

Bukatzeko, antzokittoko ekaitza baretu zen, jabaldu zen eta oro abaritan bildu ziren lagunarte gozo-baketsuan, On Kixoteren "kontura", noski, izan ere guztiz eskuzabala zen.

Argitu aitzin, lantzak eta alabardak zeramatzana joan zen, gero, argia hastean, lehengusua eta gela-mutila On Kixoteri agur egitera gerturatu ziren, bata bere herrira itzuli baino lehen, bestea bere bidean aurrera joaiterakoan, beroni On Kixotek, gainera, hamabi bat erreal eman zion. Maisu Peruk ez zuen beste behin On Kixoterekin eztabaidan hasi nahi, ongi ezaguna baitzuen, eta, eguzkia baino arinago jaikita, bere oholtza batu zuen, tximinoa hartu eta beste jazoaldi batzuen bila alde egin zuen. Txiribogina, On Kixote nor zer ez jakinki, harri eta zur zegoen bai honen buruzoroagatik bai eskuzabalagatik. Hondarrean, Santxok oparo ordaindu zion, bere jaunaren aginduz, eta agur eginda, goizeko zortziak irian, txiribogatik at bideari jarraikitzen joan ziren. Guk hemen joaiten utziko ditugu, edaskai ospetsu honetako beste gertakizun batzuk aletzen has gaitezen.