On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

30. atala

Ehiztari totil batekin On Kixoteri agitu zitzaionaz.

Mukerrak harturik, guztiz sotorroin eta buruak makur heldu ziren, zaldun-ezkutariak, zamariengana; Santxo, guztiz ere, zeren arima bihotzarekin erortzen baitzitzaion zorrotik dirua atera eta eman behar haietan, zorroari kentzen zion guztia bere buruari kentzen ziolako usteak jorik. Azkenean, elkarri hitzik ez eta itzeragaitabereen gainetan jarrita, aipu handiko ibai haretatik alde egin zuten; On Kixotek bere maite-gogoetan bere burua bildua, eta Santxo beti bere burua goratu nahian, nahiz eta orduan ere gora ordez behera zihoala uste izan; izan ere, ez zen ergela, txotxolo xamarra izanki, eta bere nagusiaren egintzak oro, edo gutiz gehienak gutienez, zorakeria hutsak zirela bazekien, jakin ere; honela, beraz, nagusiarekin azken agurrik eta halako kontu-kitatzerik egiteke, noizbait, aukera izaitekotan, harengandik alderatzeko asmoa bazerabilen buruan, etxeratzearren; halabeharrak, ordea, berak ustez oso bestela antolatu zizkion harik aurrerako guztiak.

Hala, bada, biharamunean, eguzkiaren sartzean eta baso batetik ateratzerakoan, On Kixotek urruti aldera begiratu eta larre heze baten barrena soa zabaldu zuen, hedatu zuen, eta urrun-urrun jenderik urkusi zuen, lagun batzuk begiztatu zituen. Hurreratu zitzaien, tarte baten, eta hurbildu ahala belatz-ehiztariak zirela ohartu zen eta ezagutu. Hurreragotu zitzaien eta, haien artean, andere eder bat nabaritu zuen, esku-zaldi zuri baten gainean, hede-tresna orlegiz apaindua zaldia eta zilarrezkoa zaldiaren gaineko jarlekua. Anderea ere, halaber, orlegiz jantzia zetorren, hain lirain, apain eta eder, ezen, edertasuna bera ber-bera bihurtua zela baitzirudien. Ezkerreko eskuan belatz bat zekarren eta honexen kariaz On Kixotek halako andere handikiren bat zela igarri zion, ehiztari haien guztien andere nagusia edo izan behar zuela; eta halakoxea zen; orduan Santxori honela esan zion:

Hoa azkar, Santxo seme, hoakio eta esaiok, zaldi otzan haren gainean, belatza eskuan, dabilen andereari eskumunak eskaintzen dizkiodala nik, Lehoien Zalduna naizen honek, eta bere handitasunak baimen emaiten badit, eskuetan mun egitera joanen natzaiola, eta bere gorentasunak agindu guztia, nire indarren ahalaren heinean, ber-bertan egiteko gerturik nagokiola, beraren morroe legez. Kontuz, gero, Santxo, zer eta nola egiten dioan hitz, ez, gero, hire esaera zahar horietakorik sar "mandataritza" honetan.

Mandazain hoberik ezin aurkitu nerau baino! – Santxok erantzun – Nori eta niri hori! Ez nago, bada, ni, orain baino lehenago usu, horrelakotsu mezu igorririk bizitza honetan hain andere handiki eta gorenei!

Dultzinea andereari eramandakoa izan ezik – On Kixotek berriz ere – besterik, nirerik behintzat, eraman duanik ez diat gogoan.

. Egia da – Santxok erantzun – ; alabaina, ordaintzaile onak berak urratzen espartinak, eta etorki onagandik gauza gaiztorik ez, erran nahi baitut, ezen, nirekin ez dela hala-holaka, erdizka edo zeharka erraiten ibili beharrik, sukalde onak su ona, bai, eta ni orotarako banaiz, zer-nahitarako behar ahala nik neure burutik hartu ohi dut.

Bai horixe, Santxo – erantsi zion On Kixotek – : hoa, bada, bai, zorionean, eta Jainkoa lagun.

Abiatu zen, orduan, Santxo, lasterka, astoak ohi zuen baino oinkada biziagoak eginez, eta ehiztari lirain, totil, eder hura zegoenera iritsi zen; asto gainetik jaitsi, haren aurrean belauniko jarri eta honela mintzatu zitzaion:

Andere eder: hango zaldun hura, Lehoien Zalduna daritzona, nire nagusia da, ni, neure etxean Santxo Pantza izena dudana, haren ezkutari naiz. Lehoien Zalduna delako horrek, aspaldi ez dela Itxura Hitseko zeritzonak, berorrengana bidali nau, baimen eske, berorren handitasunak eman nahi baliezaio, gogo onez eta oneritziz, berorrengana etortzekoa, eta honela bere nahia azalduko liokeela berorri, zeina, nik dakidanez eta berak erraiten duenez, berorren ederraren ederrari men egitea eta berorren goitasunaren mirabe izaitea baita; eta honelatan, berorrengandiko baimena jasoz gero, bera dohain berezi-berezia hartuaz pozez betea izanen da, emaiteaz berorren on bihurtuko baitu.

Egia erraiteko, ezkutari jator – ihardetsi zion andereak – zure mandatua, zehatz eta garbi, era honetako geznak egin behar diren bezalaxe egin duzu. Jaiki zaitez lurrerean, Itxura Hitseko Zaldun handiaren ezkutari dena belauniko egoitea ez da zuzen, ez egoki ez bidezko; hain kapare handiaren berri asko badugu jasorik eta ikasirik; zuti zaitez, lagun, eta erraiozu zure nagusiari etor dakigun, zorionarekin, neronek eta Duke jaun nire senarrak, hemen dugun alai-etxe batean ongi hartuko dugula eta jopu izanen gatzaizkiola.

Zutitu zen, bada, Santxo, andere haren ederrak liluratuxea, eta haren haztura onak eta gizatasun adeitsuak are liluratuxeago, eta Itxura Hitseko Zaldunaren berriak jasoak bazituela adiarazteak areago eta liluratuago zegoela; Lehoiena aipatu ez bazuen, arestian edo orain berriki ezarria zuelako izanen zela uste izan zuen. Duke andereak (oraindik izen edo izenburu zein duen ez dago jakiterik) galde egin zion:

Erraidazu ezkutari anaia horrek: zure nagusia ez al da "On Kixote Mantxako Gapare Buruargia" izenburua duen kondaira argitara ateratu berri horretakoa, bere bihotzaren jabetzat Tobosoko Dultzinea delako bat duena?

Bai eta bera, ber-bera da, andere – Santxok erantzunez – eta kondaira horretan dabilen edo ibili behar lukeen ezkutaria, Santxo Pantza daritzona, ni nerau nau, sehaskan ordetu ez baninduten, behintzat; irarkolan edo "inprenta" delako toki horretan aldatu ez banaute erran nahi dut.

Hau da poza emaiten didazuna – dukemeak esan zuen – Zoaz, Pantza anaia, eta erran zure nagusiari bera dugula ongietorria gure dukerrian, erraiok ongi jina dela eta poz handiagorik emanen didan bertzerik ezin etorri izanen zaidala.

Honen erantzun atsegingarria hartu zuenean Santxo oso poztu zen eta berehala bere nagusiagana itzuli zen; andere handikiak esandako guztia aditzera eman zion, bere basa-hizkeran haren ederra, haren liraina eta sotiltasuna zeruetaraino jasotzeaz batera. On Kixote bere zaltaulkian oilartu zen tint, harropuztu zen hagitz, jarri zen tinko bere eskalapoinetan, burukoa egokitu zuen, eta Rozinanteri eraginik, bihotz beroz, duke anderearengana hurrandu zen eskuetan mun emaitera. Beronek senarrari deitu zion, On Kixote hurbildu bitartean, bere "gezna" edo mezuaren berri eman zion; biek bazekiten, kondaira honen lehenengo zatia irakurria zutelako, On Kixoteren zoroa nolakoa zen, eta ezagutu nahi zuten, beraz, gogo onean geratu ziren haren aiduru; harrera gozoa eginen zioten eta haren hitzen gibeletik joanen zirela erabakita, harek esan ahal guztia harexen erara egiteko asmoa hartu zuten; beraiekin egonen zen egunetan zaldun ibiltari laso hartuko zuten eta erabili, zaldunari dagozkion guzti-guztiak opa izanez, zalduntza-liburutean ohi diren txirrimarrak eta guzti, agur-omenak eskainiz; izan ere, beraiek halakoen zaleak ziren eta halakorik usu irakurrita zegozen.

Iritsi da, bada, On Kixote, kapela-aurrea gorantz, eta jaistekoak egiten hasi denean, Santxo eskalapoinei eustera joaiteko asmoa harturik astoaren gainetik beheratzen hasitakoan, zoritxarrez bastako soka batean zangoa kateaturik, loturik gelditu zaio, ezin jaregin izan du eta, ahuspez, dingilizka, aho-bularraldea lurraren gainean doi-doi zintzilik geratu da. On Kixotek, oin-burdinatik askatu eta zaldiaren gainetik jaisteko inork eutsi bagez ohiturarik ez duelako, Santxo dagoeneko bertaratua delakoan, bere soinari, bat-batean, erortzen utzi dio eta tanpa! hor doa lurrera, Rozinanteren zela ere berarekin batera daroala, petralen bat edo aztanbala gaizki lotua, nonbait, eta horra hor, ez lotsarik ezean, eta ahopeka Santxo gaixoari hainbat birao egotziz, bete-betean lur jota, azken hau berau, berriz, oraindik zangoa lakiorean askatu ezinda dagoelarik. Zaldun-ezkutariei laguntzera etorteko agindu die Dukeak bere ehiztariei, eta hauek On Kixote jaso dute, erorka horren ondorioz aski hebaindua, eta honela ere, berau, herrenka, ahal bezala, jaun-andere bien aurrean belauniko jartera dator. Dukeak ez dio, inola ere, holakorik lagetu, bere zaldi gainetik lurreratu eta On Kixote besarkatzera doa, honela diotsola:

Tamalgarria izan zait oso, Itxura Hitseko Zaldun jaun, berorrek nire lurretan egin duen lehenbizikoa horren txarra izaitea, ikusi dugu, bai; baina, ezkutarien zabarkeriek ondorio txarragorik ere ekarri izan ohi dute.

Ez dut txarrik izan, benetan, printze ahaltsu – On Kixotek – berori ekuste hutsaz jaso dudana ezin daiteke txarra izan, inondik inora, ez eta lurpeko lezerik sokoneneraino erori izan banintz ere, handixe bertatixe jaso eta ateratuko baininduke berori ekusi izanaren aintzak. Nire ezkutaria, Jaungoikoak madarika dezala, txarkeriak esateko mingaina askatzen hobea da, bai, zaltaulkia tinko lotua egoiteko petral-hedeak estutzen baino; alabaina, nahiz eroririk nahiz zutik, hala oinez nola zaldiz, nola nahi nagoela ere, berorren eta duke anderearen mirabe nauzue betiko, zinez berorren emazte duina, edertasunaren jabe bera, sotiltasunaren guztizko printzesa dena nire andere baita.

Poliki ibili, ene jaun On Kixote Mantxako! – darauntso dukeak – nire andere Dultzinea Tobosokoa dagoenean beste inoren ederrak goraipatzea ez da bidezko eta.

Dagoeneko, Santxo Pantza bere lakiotik jareginda dago eta, hurbil egonik, bere nagusiak ihardetsi baino lehen, honela mintzo da:

Ukatu ezina eta aitortu beharra, oso dela ederra nire andere Dultzinea Tobosokoa; baina, non usterik guttiena eta hantxe erbiak brixt; entzuna ere badut izadia delako hori, edo "izamena" leritzokeena, eltzegilearen antzekoa dela, eta eltze eder bat egin dezakeenak berdin ditzake bi, hiru eta ehun ere egin, erran nahi baitut, nire andere Dultzinea Tobosokoari ez zaiola gibelean ez atzean gelditzen, inola ere, nire andere dukesa, alafede!

On Kixote buruz dukemearengana bihurtu da eta dio:

Berorren handitasunak irudika dezake ez dela lurbiran inoiz zaldun ibiltaririk nire ezkutaria baino kalakari berritsuagorik ez barregarriagorik egundaino ukan duenik; berorren goientasunak nire zerbitzua egun batzuetarako onar badeza, nik oraintxe esandako hau berak egiaztatu duke.

Duke andereak honela erantzun dio:

Santxo zintzoa horrelako irri-jario izaiteari ongi daritzot nik, buru argikoa den ezagugarri du eta; berorrek ondo daki, On Kixote jaun, irri-esanak eta hitz politak edo zirtoak ez direla burugogorretan sortzen; Santxo txintxo hau irri-eragingarri eta ele-gozogile den aldetik buru argiko gizona dela, ber-bertatik aitor dut, horretaz.

Eta berritsua – erantsi dio On Kixotek.

Hobe horrela – dirautso duke jaunak – : hitz gutitan hizkirimiri askorik ezin, irri nahi duenak mintzatu behar du. Hitz eta pitz astirik ez galtzearren, betor, Itxura Hitseko Zaldun...

Lehoiena erran behar du berorren ahaltsutasunak – Santxok berriro – Itxura Hitsik ez da gehiago: Lehoien itzalduna da, izan ere, eta hala izan dadila.

Dukeak atzera hitzaz jabeturik dio:

Datorrela, diot, Lehoien Zalduna, hemendik bertara, gertu-gertuan, dudan gaztelu batera; honelako lagun ahaltsu bati zor zaion abegi ona opako zaio, bai neronek bai dukesak bertara hurbiltzen eta biltzen diren zaldun ibiltari guztiei egin ohi diegun txera eta harrera alegia.

Bitarte honetan, Rozinanteri jartokia tinko eta ondo lotu dio, petrala estu dio Santxok eta berehala On Kixote gaineratu da; dukea bere zaldi ederraren gainean dago eta, bien erdian dukemea harturik, gaztelura bidean dira. Andereak Santxori bere ondoan joaiteko agindu dio, beronen zentzuzko-erranairuen entzutea oso atsegin zaiolako. Ez du "erregu" beharrik izan Santxok eta hiruren artean tarte eginik laugarren hizkide egin da, duke eta dukesaren atseginbide noski, beraien gazteluan halako zaldun ibiltaria eta halako ezkutari erabilia hartzea guztiz zorion handikotzat jorik dagoz eta.