On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

34. atala

Liburu honetan dagozen jazoaldi ospetsuenetako bat da berdinik ez duen Dultzinea Tobosoko nola sorgingetu jakinarazten duen albisteko atal honetakoa.

On Kixoterekin Santxo Pantza hizketan entzunaz duke jaun-andereak esne-mamitan zegozen; iseka gogoangarri batzuk egiteko asmoa buruan zerabilela, jazoera edo "abentura" antzean beti, Montesinosen lezean gertatuaz On Kixotek berak jaulkitakoa hari-musttur harturik handian handi izango zen "musikaldi" bat, isekaldia hots, buruz eratu zuten. Anderea benetan harriturik zegoen, Santxoren inozokeriaz batik bat, Dultzinea Tobosoko hutsezina egiaz sorgineztatua zegoela sinetsita baitzegoen, guztiz; bera sorgintzailea eta gezur-asmatzailea zelarik, izan ere. Halatan bada, zer egin behar zuten neskame-morroeei aginduta, sei egunen buruan, mendira ehizatara eraman zuten, eta nola eta errege baten antzera, zaldizko zein oinezko ehiztari-taldeez inguratua. On Kixoteri baso-jantzi bat eman zioten eta Santxori beste bat orlegi margoduna, oihal mehe-mehezkoa; On Kixotek ez zuen jantzi nahi izan, berriro beste egun batez iskilu-iharduera gogorretara itzuli beharko zuela eta, ezin zezakeela, zioen, berarekin eraman janzkera edota janaria gordetzekorik, janaririk ez jantzi-gairik.eramaiteko ohiturarik ez zaldunek, arean ez. Santxok, bai, eman ziotena hartu zuen, ahal zukeen lehenbiziko eretian, aukerarik onenean, salduko zuela asmaturik.

Heldu zen, bada, itxadoniko eguna, On Kixote iskiluz tresnatu zen, Santxo ere jantzi eta bere astoaren gainean, zaldi baten ordez utzi nahi izan ez zuena, ehiztari-zamarien artera sartu zen. Duke anderea guztiz apaindua zen agertu, eta On Kixotek, gizalegezko beti eta adeitsu, haren esku-zaldiaren uhalari heldu zion, duke jaunak onartu nahi izan ez arren, eta, azkenean, mendi garai bien artean, haizpitarte batean bezala zegoen baso bateratu ziren; bakoitza bere ehizatokira, indaz inda, bidexka guztiak zaintzen, ozkumeetan kukuturik batzuk, han-hor-hemen ehiztari guztiak erne; ehizketa hasi zen, burrunba handiez, dena kalapita, oihuak han oihuak hor, zarata betean ezin elkarri aditurik oro, bai zakurren zaunkak zirela zio bai adarren hotsengatik.

Zaldi gainetik jaitsi eta duke anderea, eskuan azkon zorrotz bat, behatoki batean jarri zen, basurdeak ibili ohi zirela bazekien lekuan hain zuzen ere; dukea eta On Kixote ere jaitsi eta harexen albo banatan jarri ziren; Santxo guztion gibelaldean, asto gainean beti, zeren, bakarrik utzi nahi ez baitzuen ezer txarrik gerta ez zekiontzat; bertan jarri eta berehala, beste morroe askorekin batera alderik alde jarriak, zakurrek atzetik jazarrita, eta ehiztari batzuek esesten ziotela, hara non datorkien basurde gaitz bat, izugarria, hortzak eta letaginak karraskan, ahotik lerdea zeriola; ikusi eta behingoan, erredola besoratuz, ezpatari eutsiz, hantxe On Kixote harrera egitera aurreratu zitzaiona. Dukeak ere berdin bere azkonarekin; baina, hara, duke anderea denen aurretik jarriko zen, dukeak berak galarazi ez balio, eragotzi ez balio. Santxok, ordea, berak bakarrik, besteek ez bezala, piztia erasokorra ikusitakoan, astoa bertan behera utzi eta ahalik azkarren ihesari eman zion, apatx-aurtika arte garai baten ondoraino, igaitera egin zuen baina ezin igo; alderantziz, igaiten hasita, erditsuan zegoela, adar bati lotua, gorago nahiaz, hara, zoritxarrekoa gizona, adarra eten zitzaion, krask! eta lurrera erori baino lehen, dilindan geratu zen, artearen gako batean zintzilik, lurra ukitzeke. Halako egoeran bere burua galtzorian ikusita, soineko orlegia tarrat! urratu zitzaiola, eta piztia izugarri hura berarenganaz gero helduko zitzaiola ustez, garrasika hasi zen, hel! hel!hel! deiadarka, laguntza eske su bizian ekin zitzaion, intziri betean, eta entzun bai baina ikusi egiten ez zegitenak piztiaren baten hortz artean atzitua zegoela eta usteak jota gelditu ziren. Azkenean, letagin zorroztun basurdea hainbat azkonek jo eta sorbatz askoz zauritua erori zen; On Kixotek burua bihurtu zuen, Santxoren oihuak aditurik, ezagutu zituen noski, artetik esekita buruz behera ikusi zuen, astoa ondoan, txarraldi haretan alde bat utzi ez baitzuen honek jabea; Zide Hametek dioena legez, gutitan ikusi izan zuen Santxo astoa bagerik eta gutitan astoa Santxo bagerik, biok ala biok adiskide min eta elkarri beti laguntzen ziotenak zirelako.

On Kixote bertaratu zen eta Santxo zintzilgetu zuen; gainbeheratu eta lurrean bere burua aske eta gaizke ikusi orduko, bere mendi-soineko urratuari begiratu zion eta tamal handia hartu ere bai honen haritik, soinekoa zintzil eta piltzar iruditu baitzitzaion. Bizkitartean, basurdea zeharretara zamari baten gainean ipini zuten eta erranbero-muluez eta mitre-adarrez estali zuten, gero gurenda-ikur baten antzera basoaren erdian eraikita zegozen oihaletxe edo "kapar" handi batzuetara eraman zuten; heldu zireneko mahaiak eraz ipinirik eta janaria gerturik aurkitu zituzten, dena oparo eta ugari, eta emailea nor zen, zein handiki-endakoa zen ageri han. Santxok duke andereari bere soinekoaren zauriak erakusteaz bat honela esan zion:

Erbi- edo txori-ehiza izan balitz, nire soinekoa ez zen honela egonen. Nik ez dakit zer atsegin har daitekeen piztia baten aiduru egonez, hor noiz jinen zain, letaginkada batez, grausk! bizia kentzen ahal baitu; antzinako kobla batzuk kantatzen nituela gogoan dut, hauxe bat:

Hartzen janari zaitezela
Favila izan zen bezala

eta bertze atsotitz bat ere badakit: Autso, Txordon hartz horri, nik ihes dagidan; eta hauxe erranen nuke nik beti.

Favila godoen errege izan zen – erantsi zuen On Kixotek – ehizatara zihoan batean hartz batek jan zuena.

Horixe diot nik – Santxok berriro – : ez nuke nahi ezein printze zein errege halako galbide larritan nehoiz jartzerik, atseginaldiño baten ordain, atseginik behar ez lukeena gainera, zeren, abere baten hilketa baino ez baita, nehori gaizki egin ez dion abere, eiki.

Oker zagoz, Santxo – erantzun zion dukeak – ; mendiko ehizatan jardutea printzeentzat edo erregeentzat beste ezein jarduketa baino egokiago da. Ehiza guduaren irudi bat duzu: etsaia azpiratzeko, norbera onik gertatuz, guda-amarruak dira, maltzurkeriak dira , "segadak" dira, xederak dira; hotz handiak eta bero sargori jasangaitzak eraman beharra dago ehizaldian, aisia galarazten da, loa eragozten, indarrak indartzen dira, erabili beharreko soin-atal guztiak sendotzen dira, azkartzen dira eta beharbezalakotzen; laburki esateko inoren kalterako ez eta askoren gozapenerako den jarduera duzu ehiza; eta ez da ororen ez ororentzakoa, beste ehiza-mota batzuk diren bezala, hegaztiena izan ezik, izan ere hauxe erregeentzat eta jaun handikientzat baizik ez da. Beraz, oi Santxo! alda ezazu zure eritzi hori, eta jaurlari izaiten zarenean, egikezu ehizan, ikusiko duzu ogi bakarraren balioan ehun edukitzea legez izanen zaizula.

Hori ez – ihardetsi zion Santxok – : jaurlari onak zango etena eta etxean. Ederra litzateke, bada, garazlariak etorri, bideak jorik etorri ere, eta bera mendian zehar jolasean balebil! Hinkili-hankala ibiliko litzateke jaurlaritza! Ene gardia da, jauna, ezen, ehiza edota aisialdia jaurlarientzat baino auherrentzat izaitenago direla; nik, behintzat, badakit zertan eman astia: bazko-egunetan musean jokatuko dut, eta igande-jaiegunetan, aldiz, bolatokian edo kalban jokatuko dut; ehiza ez da nire ohitza, ez dagokit, ez nire mailagatik ez nire gogoagatik.

Jainkoari holaxe nahi dakiola, Santxo, agintzea erraza egitea gaitza izaiten da eta, esatea bat izan ohi da eta egitea, ordea, beste bat.

Izan dadila izan dadina – Santxok atzera – : ordaintzaile onak berak urratzen ditu espartinak, eta hobe Jainkoarekin goizarekin baino jaikitzea, eta urdailak daroatza oinak ez oinek urdaila; esan nahi baitut, ezen, Jainkoa lagun, eta nik gogo onez behar dudana eginez gero, zalantza bagerik, arranoa baino jaurlari hobea izanen naizela. Sar dakidala eria ahotik eta ikusiko da hertsatzen dudan ala ez!

Madarikatua izan hadila, Santxo madarikatu hori, Jaungoikoaren eta Jaun Done guztien aldetik – sartu zuen hitza On Kixotek – noiz, arraio, askotan esan izan diadana legez, hitz eginen ote duan atsotitz edo esaera zaharrik esan bage eta behar bezalako hizpide ona eta esaldi zuzenak hartuki! Beroriek, ene jaun-andere handiok, utz kokolo hori, osterantzean, arimak hebaindu behar dizkie beroriei, ez bizpahiru "erranairuren" artean, aleunka supitaren azpian hartuz baizik, nola-nahi eta noiz-nahi bururean ahora ekarriak denak, Jaungoikoak osasuna emaiten badio horrixe eta niri entzuteko gogorik emanen balit.

Santxoren esaera zaharrak – duke andereak berriz ere – Gomendatore Greziarrarenak baino gehiago diren arren, ez honegatik gaitzestekoak, beren laburrean batez ere. Niri, behinik behin, beste batzuek baino atsegin handiagoa eragiten didate hauek, besteenak hobeki ekarriak edota egokiago moldatuak izanagatik ere.

Honelakoxe eta antzeko beste esan-mesan batzuekaz, oihaletxetik basora irten zuten, eta ehizatoki batzuk aztertuz, behatoki batzuetan gora eta behera ibiliz eguna eman zuten eta gaua heldu zitzaien, ez urtaroak ohi bezain oskarbi eta narea, udaren erdia baitzen; argiluna zen, ez txarra, ostera, dukeen asmoetarako; gautu bezain sarri, arraskorriaz gero, basoak bazterrik bazter sutan zegoela zirudien, eta handik-hemendik, urrundik eta hurbildik hainbat adar-hots zein gudarako beste soinu-tresna batzuen hotsak entzuten hasi ziren, basoan zehar zaldizko gudarosterik asko ibiltzen bazen bezala. Suaren argia, guda-tresnen hotsa, hango guztien, baso haretan zegozen guztien begien itsugarri eta belarrien burrunbagarri ziren. Gero hainbat "lelili" entzunak izan ziren, mairuek borrokarantz joaiten direnetan egin ohi dituzten irrintzi zoliak, zantzo azkar baten antzekoak; turuta hotsak eta adar-okerrenak ozenki, danborrak ere burrunbatsu, xirurien azantza entzuten zen, eta oro bateratsu, oro eten bage, lehian bezala, nahaste-borraste betean, hainbeste tresnaren hotsetan konkortzeko egoera sorrarraziz, nor edo nor kordebagetzekoa. Harritu zitzaion dukeari, txunditu zen anderea, balditu zen On Kixote, ikaran zegoen Santxo zotzorratua, eta, aurretiaz haren guztiaren berri zutenak berak ere harri eta belarri eginik geratu ziren, izuturik. Beldurraren beldurrez isildu egin ziren, haien aitzinean zehar txerren-janzkerarekin zaltzain bat irago zeino, turuta ordez adar handi huts bat joz, hots ikaragarri erlats bat banatzen zuena, airez aire barreatzen zuena.

Kosk, anaia berrikari – esan zion dukeak – nor zaitugu, nora zoaz, zelako guda-jendea dugu baso honetan barrena datorrena?

Berrikariak, ahots zakar eta ozarrez honela erantzun zion:

Ni Txerren nauzu; On Kixote Mantxakoaren bila nabiltzu, hemen datorren jende hau sei gudaroste sorgintzaile duzu, gurenda-gurdi baten gainean Dultzinea Tobosoko berdinik ez duena sorgineztatua dakarrena. Montesinos frantses erskonarekin dator, On Kixoteri agindu bat egitera, urlia anderea nola sorgingetu eta, hain zuzen.

Zu Txerren bazina, itxuraz zaren eta diozun bezala, honez gero, On Kixote Mantxako zalduna ezagutua behar zenuke, aur-aurrean duzu eta.

Jainkoarren eta nire barrenatsarren – iharduki zion Txerrenek – ez diotzut horri begiratu, gogoa hainbeste zer alaigarritan galdua dakardanez, ni hona nakarren zer nagusiaz ahaztua izan nauzu.

Zalantzarik ez, – erran zuen Santxok – tusuri hau gizon zintzo bezain giristino ona da; ez zuen bertzela Jainkoa eta bere barrenatsa aipatuz zinik eginen. Honez geroztik, nire irudikoz, "inpernuan" berean ere lagun onik bada.

Une haretan, Txerren, zalditik beheratzeke, On Kixoteri begira, mintzatzen hasi zen:

Zugana, Lehoien Zaldun horrengana -horiexen atzaparretan ikusiko aizintut- Montesinos zoritxarreko baina zaldun ausartak bidali nau, beraren aldetik esan diezazudan, ezen, buruz buru egingo duzuen lekuan bertan itxoiteko, zeren, Dultzinea Tobosoko deritzona berarekin baitakar, eta sorgingetu ahal izatearren behar dena emateko agindu dit. Beste ezertarako ez nauzu etorri, eta beste ezertarako ez nauzu egongo: ni bezalako txerrenak zurekin gera daitezela, eta jaun hauekin aingeru onak.

Hau esaten bukatu eta adar gaitza jo zuen, bizkar eman zien eta alde, inoren erantzunaren zain bagerik.

Hango guztiak berriro harri eta zur geratu ziren, Santxo eta On Kixote batez ere: Santxo, egiaz bestera, Dultzinea sorgindurik zegoela uste bide-zutelako; On Kixote benetan Montesinosen lezean gertatua egiazkoa ote zenentz eskierki ez zekielako. Bada, honelako gogoetan goratua zegoelarik, dukeak esan zion:

Berori hemen itxaroten egonen ote da, On Kixote jauna?

Ez ote? – erantzunez – Hementxe egonen naiz zain, izukaitz eta indartsu, "inpernu" guztia erasoka etor balekit ere.

Bada, nik bertze txerren bat ikusiz gero, eta antzeko adar bat entzun, hemen geratuko nintzateke, bai, bai zera, Flandrian banengo bezalaxe – Santxo mintzo.

Gaua ilunagotu zen, eta basoan zehar beredin argi ibilian agertzen hasi zen, ortzian guk ikusi eta antxintxika dabiltzan izarrak laso, lurraren lurrin-tximist lehor izanki izar iheskor diruditenak. Zarata ikaragarri bat ere entzun zen aldi berean, idi-gurdien gurpil huspakoek egin ohi dutenaren antzekoa, honetaz esaera da otsoak nahiz hartzak, inguruetan egonez gero, halako kirrinka makerretik ihesi ohi doazela. Ekaitz honi beste bat erantsi zitzaion, guztion gainetikoa, zeren, antza, basoaren lau alderdietan, aldi berean, lau borroka gertatzen ari zirela baitzirudien irudi; batean "artilleria" lazgarriaren dunbots gogorra entzuten; bestean hainbat zizparen tiro-hotsak; hurbil borrokarien oihuak; urrun mairuen irrintziak, zinka zoliak. Bukatzeko, adarxkak, adarrak, txaranbelak, turutak, adar-okerrak, danborrak, kainoiteria, arkabuzak, eta, guztiz ere, gurpilen kirrinka ikaragarria, oro batera hain hots nahasian, hain azantza lazgarrian ari zirelako On Kixotek bere bihotz on osoa behar izan zuen hura jasan ahal izaiteko; Santxori, berriz, bihotza lurrera erori zitzaion, eta konorte bagerik, kordea galdurik, duke anderearen altzoan gelditu zen; beronek eskuez hartu eta berehalaxe aurpegira ura isurtzeko agindu zuen. Egotzi zioten ura, bere onera bihurtu zen, gurpil kirrinkaridun gurdi bat hurreratzen zenean.

Lau idi nagi mantar edo kalainka beltzez bizkarrak estaliak ziren ekarleak, adar banatan argizagizko zuzi piztua loturik zekartenak; gurdiaren gainean aulki gora bat, eta honetan eserita agure agurgarri bat, elurra bezain zuriko bizarduna, luzeran gerritik beherainokoa, janzkera "bokazi" edo liho beltzezkoa zen; gurdia hainbat argirekin zetorrenez dena argiro ikustea zegoen. Itaurreko bi txerren itsusi, bokazizko jantzidunak, hain itsusiak begitarteak, ezen, Santxok behin ikusi eta birritan ez ikustearren begiak itxi baitzituen. Gurdia iritsita, agure agurgarria bere aulki goratik goratu zen eta, zutunik, ahots handia eginda, esan zuen:

Lirgandeo jakintsua nauzue.

Gurdia aurrera joan zen, hitz gehiagorik bage. Honen atzetik beste antzerako gurdi bat irago zen, beste agure "tronuratu" batekin, eta gurdia geldiarazita, aurrekoarena bezain ahots larriaz esan zuen:

Ni Alkife jakintsua nauzue, Urganda Ezezagunaren adiskide mina.

Eta aitzinatu zen.

Gero, beste gurdi bat heldu zen, era berdinean, baina "erret-aulkian" eserita zetorrena, aldiz, ez zen agure besteak bezalakoa, gizonkote sendo eta begirada zakarrekoa baizik; heldutakoan, zutitu egin zen, besteak bezala, eta ahots erlats eta txerrenezkoago batez esan zuen:

Ni Arkalaus sorgintzailea naiz, Amadis Gaulako eta beronen senidegoaren arerio hilgarria.

Aurrera joan zen. Handik harago, hiru gurdiok geldtu ziren, eta gurpilen karranka nekagarria ere gelditu; eta gero, beste bat entzun zen, ez zarata, soinu ezti bat baizik, musika hoskidetua osatuz, eta Santxo alaitu zen, zantzu ona zelakoan; eta, dukemeagandik pittin bat urrundu ez aldendua zegoela, esan zion:

Andere, musika dagoen lekuan ez da gauza txarrik.

Argiak eta argitasuna dagoenean ere ez – andereak erantsi.

Santxok honela ihardetsi zion:

Suak argi egiten du, suteak argitasuna dakar, gure inguruon dakusagun bezala, eta kiskali ere egin gaitzake; musika, ordea, alaitasunaren eta jaien ezagugarri da.

Geroak esanen – gehitu zuen On Kixotek, ororen entzule zegoenak.

Eta ondo esanda, hurrengo atalean aditzera emanen denaren arauera.