On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

38. atala

Dolorida etxandereak bere aurrera-atzerako gaitzen berri eman zienekoa.

Soinulari mudurrien atzetik, loretegian zehar, hamabi etxandere, bi erreskadatan, denak serora-janzki zabaldunak, anaskote edo bentosinez eginak antza (triminduriko artile zerika antzeko bilakatua zen ehun hau) eta buruetan halako burutxetak, minginota antzeko batzuk kaneki daritzon oihal mehe zuriz eginak, luze-luzeak zirelako soinekoaren anerea agerian utzi eta bestea estaltzen zutenak. Haien gibelean Trifaldi kondemea zetorren, eskutik Trifaldin Bizarzuri ezkutariak zekarrena; hura ere baieta delako mihise mehe-beltzaz jantzia, zizurtu bagea zen bestela han ageriko ziren bikorrak Martosko txitxirio onen neurrikoak izanen ziren. Hegala, edo gona, edo isatsa nahi bada esan, hiru zi edo musturrekoa zen, hiru gela-sehik eskuez oratuak, hauek ere dolu-beltzez jantziak eta hiru musturrek osatu hiru angelu zorrotz haiekin batera halako irudi era-eratua eta ikusteko polita osatzen zutenak; honexen zioaz, hain zuzen, Trifaldi kondesa izena nondik zetorkion hango guztiek igarri zuten, hots, Hiru Gonadun Kondesa zela (zeren, zeinbait lurraldetan gonari "falda" edo esaten baitiote); Benengelik dioenez egia zen eta egiazko abizena edo izengoitia Lobuna Kondesa omen zuen, zeren, konderri haretan otso asko bizi omen baitzen eta otsoari "lobo" esaten zioten; otsoaren ordez azeria ugari balitz, berriz, Zorruna Kondesa esanen zioten, nonbait, "zorro" izena emaiten baitiote azeriari, eta hango handikien ohitura ei da, antza, lurraldean ugari diren gauzen izena bere izentzat hartzea; alabaina, kondeme harek, bere gonaren ederra edo aiparaztearren, Lobuna utzita Trifaldi izena hartu zuen.

Hamabi etxandereak eta anderaurena elizbiran ohi den ibileran zetozen, begitarteak oihal beltzez estaliak, eta Trifaldinena ez bezala zehar-ikustekoak ez zirenak; aitzitik, hain zarratuak zirenez ez zen deusik zeharrargitzen. Etxandere-saldo hura osorik agertutakoan, Duke jauna anderearekin eta On Kixote zutitu ziren, eta halaber ibilpen deun astitsu hari begira zegozen guztiak zutitu. Gelditu ziren hamabi emakumezkoak, karrika bat osaturik, albo bietan jarrita, eta bien erdian zehar Dolorida aurreratu zen, Trifaldinek eskutik askatzeke, eta hau ikusita Duke jaun-andereak On Kixoterekin harrera egitearren hamabi bat urratsez harenganatu ziren. Lurrean belauniko jarri zen, eta ahots ez leun ez guri bai zakar bai erlats batez honela esan zien:

Berorien handitasunak ez daitezela hain adeitsu izan berorien morroe, zera, neskame esan nahi dut, naizen honenganako; izan ere minduna naizenez gero, eta honen naizelako, ez dut uste behar bezala erantzunen dudanik, zeren, jasaiten dudan zorigaitz harrigarri eta inoiz ikusi bageko honek ez baitakit nora eraman ote didan nire adimena, urrutira noski, bila eta bila nabilen arren kausitzen ez dut eta.

Bada, adimenik bage legoke – esan zuen Dukeak – konde andere, berorren ahaldina ikusiko ez lukeena berori ikusi orduko, besterik ikusteke ere, horrek gizalege guztien bikaina eta agurpen zindo guztien gaina irabaziak baititu.

Eskutik heldu eta jaikarazi zuen, duke anderea eserita zegoen ondoko aulkian jartera eraman zuen, harek agur eta agur eginaz abegi ona zegiolarik. On Kixote isilik, Santxo, aldiz, Trifaldi haren aurpegia eta haren albotikoren batena ikusteko irrikitan zegoen; ezin, ordea, beraiek, nahita, aurpegia agerrarazi arte.

Denak lasai, isilik, nork hitzik eginen zain, eta Dolorida etxandereak egin zuen, lehenik, honela:

Guztiz uste izankor nago, jaun ahal-ahaltsu, andere eder-eder eta aldameneko zuhur-zuhurrok, nire arrangura latz-latza zuen bular kemen-kementsuetan ongi hartua izanen dela, abegi atsegingarri bezain mingarri eginen diozuela; izan ere, halakoxea da bera, nire doakaitza, hatxurdina xamurtzeko adinakoa, diamantea biguntzekoa, eta lurbiran izan litezkeen bihotzik gogorrenen altzairua uxtertzeko bezainbestekoa da; baina, zuen entzumenaren -belarria ez esatearren- "plazara" baino lehenago, jakin nahi nuke, jakin, talde honetan, lagunabar honetan, hementxe, Mantxa-Mantxako On Kixote zaldun izen handi-handikoa eta bere ezkutari-ezkutaria den Pantza ote dagozen.

Pantza hori – beste inork erantzun aurretik esan zuen Santxok – hementxe dago eta On Kixote-Kixote ere bai, honelatan bada, etxandere-etxandere mindun-minduna, nahi duzun guzti-guztia erran ahal-ahal duzu, hemengo oro-oro zure zerbitzari-zerbitzariak izaiteko gertu-gerturik gagoz eta.

Orduan, On Kixote zutitu zen, eta bere mintzoa Dolorida "doña" harengana zuzendurik, esan zion:

Berorren zorigaitza, andere atsebagetu, inoren indar edo gemenaren bidez zuzentzeko nahiz sendatzeko itxadopenik baldin badu, hona hemen, zaldun ibiltari naizen honen sendagailua, ahul eta motz izan arren zure alderako behar bezala erabilia izanen dena. Ni On Kixote Mantxako nau, behartsu guztien lagungarri izaitea beste egitekorik ez duena; hau honela, beraz, ez du berrorrek, andere, besterik behar, ez itzulinguruka ibili behar ere, ez beste onbideren bila aritu beharrik, berorren gaitzaren berri argi eta garbi eman baino ez; nire belarriek badantzute, eta sendatzen ez jakinki, minagatik min, bederen, hartuko dute.

Hau entzunik, Doloridak (hango lurraldeetan "mindun" esatea bezala) On Kixoteren oinetara erori nahi antzera egin zuen, eta erori zen (bere burua erorarazi) eta besarkatu zizkion, esanez:

Oin eta zango hauetara naiz eroria, oi zaldun garaitezin! zalduntza ibiltariaren oinarri eta zutabe dira, izan ere: oinoi mun egin nahi diet, zeren eta, berauen urratsez nire zorigaitzaren sendabiderantz bainoa, oi ibiltari zangar, zeinaren egitandi egiazkoak' Amadis, Esplandian eta Belianis haien gogoangarriak azpian eta itzalpean utzita beti gora-goratzen diren!

Hau esan eta On Kixote utzi, Santxo Pantzarengana jo, eta eskuetatik helduta, honela esan zion:

Oi zu, ezkutaririk kirmenena, inoiz zaldun ibiltarik mendeetan izan duen egundainokorik zintzoena, Trifaldin nire laguntzaile honen bizarra luzea baina zure ontasuna are luzeagoa duzun hori! Harro bai harro ibil zaitezke, bai, zu On Kixote handiaren zerbitzari, lurbira osoan iskiluetan ihardun duten zaldunen samalda guztiaren morroe izan zarelako, nolabait ere. Arren eta arren eskatzen natzaizu, zure ontasun beti-batekoari zor baitiozu, zure nagusiarekikoa egite aldera lagun izan zakizkidan, harek konde andere apal-apal eta gaixo-gaixo honi mesede egin diezaiontzat.

Santxok hau erantzun zion:

Nire ontasuna, ene andere, berorren ezkutariaren bizarra bezain luze-handia izaiteak niri bortz axola; izan dadila nire arima bizardun edo "bibotedun" nire bizialdi honetatik alde eginen dudanean, hauxe nahi nuke; hemengo bizarrez niri bortz edo bat ere ez; alabaina, holako arrenik ere bage, amarruttorik bage nik nagusiari galdatuko diot -ongi maite nauela badakit, orai maiteago garatz baterako behar nau eta- ahal liron heinean, berorren alde egin dezan. Ager beza berorrek barreneko grina, jaulki biezagu, eta egin eginen da, utz horretan, elgar hartuko dugu eta.

Dukeak barrez lehertzeko zorian, halako jazoera eskutik heldua zeramatelakoan, eta Trifaldi haren asmamena, haren egiera zorrotza goraipatzen ari ziren, beraien baitan. Harexek, berriz ere eserita, hitz egin zuen:

Kandaia erresuma ospetsu, Trapobana handia eta Hegoaldeko itsasoaren artean, Komorin lurmuturretik haragoko bi legoatan dagoeneko erregina anderea Maguntzia izan zen, Artxipiela erregearen alarguna. Jaun eta senar honekin ezkondu eta Antonomasia erretalaba sortu zen, erreterri haren oinordekoa, eta nire babespean hazia eta hezia izan zen, beraren amaren etxandere nagusia eta zaharrena nerau. Egunak joan egunak jin, Antonomasia neskatila hamalau urtera iritsita, guztiz ederra zen, ezinago ederra, totila izadiak ahal zuen neurririk gorenean totildua. Totila bazen sotila ere zen, guztiz! Ludian zen ederrena, zinez, zen eta da, baldin pamerial bekaiztiek eta balbe zitalak bizitzaren bilbea moztu ez badiote. Ez zioten, bada, eginen: zeruek ez zuten lagetuko lurrari hainbesteko kalterik egiterik, besterik ez zen izanen, hau da, lurreko aihenik ederrenetik mahats-okoa heltzeke biltzea. Edertasun haretaz, bada -eta nire mingain motelak ezin du behar bezala goretsi- hainbat eta hainbat printze maitez mindu izan ziren, zeinbatu ahala bai, bai bertakoak bai kanpokoak, eta, besteak beste, Erretetxean zebilen zaldun berezi bat haren ederraz gogoberoturik zeruetara bere gogoa goraki zabaltzeari ekin zitzaion; gazte zela eta, bulartsu zela eta, trebea eta dohaintsua, asmoz eta jakitez beti betea, eta zori onduna, zeren, jakizue gogaikarri ez banaiz, gitarra joiten ere bazekiela, joiten baino mintzarazten zuela, eta olerkaria ere zela, eta dantzari bikaina, eta txori-kaiolak egiten ere iaioa, hain iaioa zenez bizimodua ateratzeko bezain iaioa zela, hala behar gorrian gertatuz gero; zer hauek guztiak zirela eta mendi bat eraisteko adinakoak izanik, are neskatxa guri bat zertzeko adinakoagoak ziren. Hala eta guztiz ere, haren gizatasuna eta haren "maina" on eta sona eta trebetasun guztiok gutti edo hutsaren hurrengo izanen ziren nire neskatilaren gotorlekua gainditzeko, lapur lotsagaldua lehenik niregana etorri izan ez balitz, ni azpiratuz bere asmoa betetzearren. Nire nahimena aurrenik beretu eta nire gogoa bere aldera bildu nahi izan zuen alpertzar bihurri bihozkeak., nik, gazteluzain txar honek, gotorlekuko giltzak eman niezazkion. Bukatzeko, niri adimena zurikatu zidan, koipe eman zidan, eta nire nahimena mendean hartu zidan, ez dakit zer-nolako esanez eta mesanez; badakit niri burua makurrarazi eta lur joiteraino eraman nindutenak gau batean entzun nizkion bertso batzuk izan zirela; bera karrika batean eta ni burdinsare baten ostean entzule, eta ahantzita ez banago honelakotsuak ziren:

Ai ene etsai gozoa
arima zauritzen didana!
eta maitez jorik noa
isil-minez ai! beragana

Bertsoa bitxi-bitxia iruditu zitzaidan, ahotsa ur-eztizkoa, eta harik hona, ordudanik, bertso hauen eta beste batzuengatik erori nintzen gaizpidea ikusita, zera, pentsatu izan dut eta gogora ekarri, ezen, ongi hazi eta kudeaturiko leterrietatik olerkariak herbesteratu beharra dagoela, Platonek esaten zuena legez, lizunak behinik behin, zeren, beraien bertsoak Mantuako Markesarenak ez bezala - hauek umeak eta emakumeak solas eta jolas egitekoak izaiten dira, noizbait negarra eraginki- guztizko zorrozkeriak izaiten baitira, arantza belaxka antzo arima zeharkatzen eta txismist baten antzera zauritzen dizutenak, soinekoa onik utzita. Beste behin honela abestu zuen:

Zatoz, Herio, ezarian
itzalgaizka, usterik ezean
heriotz-onaren zorian
pozik nago ni atsedenean

Eta zurri honetako beste bertsoño batzuk, "estranbote" eta guzti, kantatzean liluragarri eta idatzita harrigarri direnak. Zer, bada, garai haietan Kandaian ohikoa zen bertso-mota bat, haiek "segidillak " zeritzetenak, osatzera apaltzen direnean? Hantxe arimen jauziak, hantxe zen barrearen aputika, hantxe gorputzen ezinegona, eta, azkenean, zentzumen guztien asaldua. Honelatan bada, ene jaun-andereok, halako koblakariak nora eta Muskerren uharteetara herbesteratu behar zituztela diot. Alabaina, errua ez dute haiek, goresten dituzten to inozoek baizik, eta sinesten dieten no memelek baizik; ni etxandere behar bezain ona banintz, ez nuke zirkinik eginen haien gogai umelakatik, ez nuke egia denik uste izanen honako esaldi hau: "Hilez bizi naiz, izotzez kiskaltzen, suaren barruan ikaran nago, itxaropenik ezean itxaraiten dut, banoa eta hemen nago"; eta antzeko beste ezinezko batzuk, haien idazkien betegarri direnak. Zer, bada, Arabiako "fenix" opaesten dutenean, edo zer Ariadnaren buruntza, eguzkiaren zaldiak, Hegoaldeko harribitxiak, Tibar-eko urrea eta Pankaiako gantzukia agintzen dutenean? Honelako hauetan, bai, haiek "lumak" luzatzen dituzte, agintzea eta hitz-emaitea erraza baita hitza bete ezin denean edo inoiz betetzeko asmorik ez dutenean. Baina, zertan ari naiz? Ai ene zoritxarreko! Zein zorok narama besteen akatsak jaulkitzera, nireez zeresanik asko dudalarik? Ai ene bada eta, berriz ere zori onik bage! bertsoek ez ninduten mendean hartu, nire inozokeriak baino; musikak ez ninduen beratu nire txorokeriak bai ordea; nire etxakinkeriak eta adimendu urriak bidea ireki zuten, eta On Klabijok oztoporik bage aurkitu zuen bidexka. Harako zuldun harek izen hau zuen, eta ni, beraz, bitartekari nintzen, eta ez behin usu baizik, haren gelaratu izan zen, egiazko senarra bailitzan, ez berak nik baizik atzipeturiko Antonomasiaren gelara alegia; bekatari izan arren, beronek ez zion utziko oski-zola ondora hurbiltzerik, senarra izan ez balitz. Ez, ez, hori ez: senar-emaztegoak aurrera joan behar du beti nik aipatu edozein zeratan! Garatz edo harreman haretan, alta, kalte bakarra besterik ez zen izan, elkarren arteko ezberdintasuna hain zuzen, zeren, On Klabijo zaldun berezia bazen Antonomasia erregearen alaba, esan bezala, erresumako oinordekoa baitzen. Mordoilo hau egun batzuetan estalirik eta ostendurik egon zen, nire zogieraren ahalgeaz, harik eta Antonomasiari gerria nolabait loditu zitzaiola ikusi uste nuen arte, eta honen kariaz hirurok urduri, eta "mandatu" txarra barrutik atera baino lehen, On Klabijok Antonomasia bere emaztetzat galdatu zuen, Erretorearen aurrean, erregealaba bere emazteak egin zion baimen-agiri bati atxekiz, hain lokarri sendoa zena, nire irudikoz, ezen, Sansonen indarrak ere urratu ahal izanen ez zuela. Egin beharreko egitekoak egin ziren, Erretoreak agiria ikusi zuen, beronek andereari aitorpena hartu zion, egia osoa aitortu ere honek, Erret-amaina oso zintzo baten etxean ezarteko agindu zuen...

Hona artean entzule, eta bat-batean Santxok esan zuen:

Kandaian ere amainak edo herriko mutilak badira, koblakariak eta xaramelak ere badira, irudi dut, horretaz, ezen, mundu guztia bat dela. Bebil azkar, baina, Trifaldi andere, berandu da eta kondaira luze honen amaia zein den jakin minak nago.

Bai – kondemeak erantsi zion.