On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

4. atala

Honetan, Santxo Pantzak' Sanson Carrasco Batxilerrari, zalantzak eta galderak zurituz, jakingura bete zion; eta, bide batez, beste gai jakingarri zein jaulkigarri batzuk azaltzen dira.

Itzuli zen Santxo On Kixoteren etxera, eta lehengo berriketari berriki eutsiz, esan zuen:

Sanson jaunak erran zuenez, astoa nork, noiz eta nola ebatsi zidan jakin nahi zuen, eta honela erantzunen diot: Anaidi Santuagandik ihesean Sierra Morenan sartu ginen gau berean, galeretaratuen gertaera ondikoaz geroztik, Segobiara zeramaten hilotzarena bukaturik, nire jauna eta biok oihan usu batera sartu ginen, nire nagusi jauna bere lantzari atxekia, ni, berriz, nire astoaren gainean, akiturik oso, hagitz hebaindu edo talikatuak biok borrokaz borroka ibili eta gero, lo egin genuen lumazko lau lastairaren gainean bezala; neronek, bereziki, bete-betean egin nuen lo, halako moldez, ezen, nor nahi zen ere iritsi eta lau paldo edo taket hartuz bastaren lau aldeetan ipini, lurrean josi eta, ni zaldi gainean bezala oharbagez utzirik, nire iztarpetik astoa jalgiarazi eta joan zela, nik sumatu ere egin ez nuelarik.

Hori erraza duk, ez duk berri; Sakripanteri berdin gertatu zitzaioan, Albrakako hesi-aldian zegoela, horrelaxe edo horrelatsu erauzi zioan zaldia hanka bien artetik Brunelo izen handiko ohoin harek.

Eguna argitu zuen – Santxo aurrera – , eta kordokatuxe nintzeneko, paldoak ikara, eta tanpa! eroriko gaitza; lurretik astoari so eta astorik ez; malkoak begietan, zinkurin larri bat egin nuen, eta gure kondaira idatzi duenak aipatu ez badu, argi dago ez duela gauza onik egin. Ez dakit zeinbat egunen buruan, Mikomikona printzesa anderearekin nentorrela, nire astoa ezagutu nuen, eta gainean zeramana, buhame-jantzidun, Pasamonteko Gines zen, gaizkile gaitza eta hitzontzi gezurti nire jaunak eta biok kateatik askatu genuen hura, hain zuzen.

Okerra ez zagok hor – sartu zen tartera Sanson – zeratan baizik, astoa agertu baino lehen Santxo asto beraren gainean zaldizko zihoala idazleak esatean baizik.

Horri nik ez dakit zer erantzun – Santxok – kondairagilea okertu zela edo irarleak huts egin zuela.

Hori duk, zalantzarik ez – Sansonek berriro – ; alabaina, eta ehun ezkutuak zer? Suntsitu ote ziren? Ezabatu ote?

Santxok honela erantzun zion:

Nire onerako "erein" nituen, nire andere eta seme-alabentzat; nire nagusi On Kixoteren gibelean joan-jinetan nik egin bide eta aldi luzeen nekea eramapen handiz jasan dute; izan ere, hainbesteko urrutialdi baten buruan tturrin eta astorik bage etxerat itzuli banintz ondikozko ni! Nitaz den bezainbatean jakin nahi bada, hementxe nago, erregeari berari bekoz beko erantzunen diodana, eta inork ez du zertan sar, ekarri nuen ala ez nuen ekarri, irion ote nuen ala ez; azken batean, bidaia haietan nik jaso makilkadak diruz ordaindu behar izaitera, launa marabedi balio emanik ere, bertze ehun ezkutuz erdia ordaintzeko adina ere ez zatekeen izanen; sar beza bat-bederak eskua bere bihotz aldera, eta ez bedi inor epaitzen has zuria beltz eta beltza zuritzat hartuz; bakoitza Jainkoak egin zuen bezalakoa da, eta are usu tzarragoa.

Tira, bada – Sansonek hitz eginez – hurrengo batean berriz ere irarri eta argitara emanez gero idazleari hemen Santxok esandakoa ez ahazteko arduraz ibil dadin esango zioat, gora handia badik horrek guztiak goragotu egingo baitu.

Ba al da kondaira horretan zuzendu beharreko besterik, Batxiler jauna? – galdetu zuen On Kixotek.

Egongo ez da bada?; baina oraintxe aipatuok bezain garrantzi edo axoladunik ez, noski.

Eta, agian – On Kixotek – , egileak bigarren zatiren bat agindu du?

Bai, agindu du; baina ez omen du idoro nork dadukan, ez daki nork dakien, eta agertuko ote den ala ez gaude; eta honegatik bada edo beste honegatik: "Bigarren aldi onik ez." batzuek diotelako bada, eta beste batzuek : "On Kixoteren gaiez aski da idatzitakoa" diotelako bada, bigarren zatirik izango ote denentz ezbaia dago. Badira, bai, aldiz, beste batzuk, barregoseak nonbait, zera diotenak: "Bekar, ordu onean, kixotekeria gehiago; bekio On Kixote, mintza bedi Santxo Pantza, gerta ala gerta, gu hainbestez nahikoa dukegu eta".

Eta zer egin behar du idazleak?

Berak dioenetik – Sansonek – badakigu historia edo gertaldiak bilatzen dabilela, ardura handiz ez ohiko axolaz, eta idorotakoan, irarri egingo duela, ez bereziki inolako goresmenen beharrez, irakurtzera emateak duen zudu zein hobariagatik baino.

Honetan Santxok zera esan zuen:

Diruari eta zuduari so egiten diea egileak? Harritzeko liteke kausiko balu; hatsapatsaka eginen du, itoka, jostunak jai-aitzinegunean bezala, eta birristi-barrasta egin lanak ez ohi dira behar bezain ontsa burutu. Adi mairu jaun edo dena delako horrek, ea zer egiten duen; agian, nik eta nire nagusi jaunak, jazoera nahiz gertaera ezberdinetan, bigarren zati bat ez ezik, ehun ere osatzeko adina puska edo apur emanen baitiogu. Gizon zintzo horrek' hemen lo lasto gainean egiten dugula pentsatzen du, noski, eutsi diezagula, alta, zangotik tintinka, ferraz oina burdinaztu bitartean, eta zeinetatik herren egiten dugun ikusiko du. Zera diot nik, ezen, nire jaunak neure aholkua haintzat hartuz gero, dagoneko, landetan zehar behar genukeela guk, okerrak zuzentzen, bidebagekeriak onbideratzen, zaldun ibiltari onen ohikuntza eta haztura den bezala.

Bere hitzok bukatu besterik ez zuen egin Santxok, Rozinanteren irrintziak belarrietara zitzaizkionean; On Kixotek irrintzi haiek oso asturu ontzat hartu zituen, zantzu on nonbait, eta handik hiruzpalau egunetara beste irtenaldi baten egitea erabaki zuen; bere asmo hau Batxilerrari aitortu zion, eta, galdetu ere, haserako ibilia zein aldetara hartuko ote zuen galdetu zion; Aragoi erresumara joaiteko eritziaz erantzun zion, Zaragoza hirira, xa; harik egun guttira, Done Jurgiren jaietan hain zuzen, zaldizko borroka-joko ospe handiko batzuk egoitekoak baitziren bertan; aukera berebizikoa hango huraxe izanen zuela aragoitar zaldunen gainetik bere izena goratzeko, eta hau' lurbira guztiko zaldunen gainean jartea litzatekeela. Batxilerrak erabaki hori adore eta ohore handikotzat goretsi zion, eta erne ibilteko esan zion, galbideetan sartzerakoan, zeren, izan ere, bere bizia ez baitzen guztiz bere-berea, izan, beste hainbatena ere baizik, zoritxarreko ezbeharretan nork lagunduko zain-zain, bere babes eta sorospen premia zuten guztiena baizik.

Horixe duk, bada, nik ezetz eta ezetz diodana, Sanson jauna – esan zuen orduan Santxok – zeragatik, nire nagusi jaunak, oldartuz gero, mutilko gozozale batek bospasei meloi edo angurri sistilari klaska-klaska erasoz "klikatu" bezala, ehun gizon iskiluduni erasotzen ahal dielako. Munduaren soina, Batxiler jauna! Baietz, bada, aitzina joiteko garaiak badiren bezala gibelerakoak ere badituk eta; dena ez duk "Done Jakue eta hertsi Espainia". Are, nonbait entzuna diat, eta neronen nagusiari berari uste diat, oker ez banago, beldurtiaren eta beldurgaitzaren artean erdiko bat badela, hots, gementsua; eta hau honela baldin bada, iheska alde egiterik ez nikek nahi, zergatik ez duenean, ez erasotzerik ere, gehiegiak besterik edo bestela agintzen dionean. Honela eta guztiz ere, nire nagusiari, berarekin eraman nahi banau, ohar bat eginen diot, hauxe diotsot, ezen, borrokak oro, guzti-guztiak, hasi eta buka berak egitekotan izanen dela, ni ez naizela bertze ezertara behartua egonen, berari dagozkion garbiketa edota gurikeriak egitera baizen, honetan bai, honetan neu ura eskaintzean dantza-jauzika ibiliko bainatzaio; baina, nik neure ezpatari helduko diodanik uste izaitea, gaizkin galuts zital aizkoradun eta buruan burdinazko kapela edo boneta duten horiei aitzi egiteko edo, uste ustela da. Nik, Sanson jauna, ez diat gementsu-izen handirik irabazi nahi, nehoiz zaldun ibiltariren batek morroin ukan duen ezkutaririk on-zintzoenaren izena aski; eta nire nagusi On Kixote jaunak nahi baliezat, nire zerbitzu ugari eta naroen ordain, berorrek aipatu uharte horietakoren bat niri eman, eskerrak anitz eta hainbat hobe; eta emanen ez balit ere hemen nago ni, inor bada nerau banaiz behintzat, gizonak ez baitu inoren ustetan bizi behar, Jainkoarenean baizik; eta are haboro, ezen, agian, jaurlari izan bagerik ogiaren gozoa gozoago izanen zait, jaurlaritzan baino: ba al dakit nik, bada, halako gobernamenduetan ez ote didan tusuriak behaztoporik ezarriko ni irristaraziz eror eta hortzak hausteko? Santxo jaio nintzen eta Santxo hilko naiz; dena dela ere, onez onean, lehia edo arrisku anitzik ezean, zeruak uharteren bat, edo antzeko zerbait, opa badiezat, uko egiteko bezain leloa ez naiz, ez dioket, ez, ezetzik erran; erranairuek dioetenez : "Bigantxa emandakoan, soka hartu eta joan", edota bertze hau: "Adin onari hakio", bertzera erranez : "Egun ona sar ezak etxean".

Hi, Santxo anaia – Carrascok esan zuen – ondo mintzatu haiz, katedratiko baten antzera; baina, horrela ere, euk itxaropen Jaungoikoagan eta On Kixote jaunagan, uharte bat ez, erreterri bat emango dik eta.

Bata gehienez edo bestea gutienez berdin zaidak – Santxok – ; hori bai, entzun Carrasco jaun, bazioat nire nagusiak erresuma bat niri emanez gero ez dukeela zorro hautsian sartu, ez datekeela alferrikako hutsean galdu; nik neure buruari izaria edo neurria hartua badiat, eta osagarriz sendo nauk erresumak kudeatzeko edo uharteak jaurtzeko; hauxe lehendik ere errana zioat nire nagusiari.

Begira, Santxo – Sansonek atzera – lanbideek ohiturak aldarazten ditiztek, eta balitekek, bai, heure burua jaurlari ikusteaz, hitaz erditu zen ama bera ere ez ezagutzea gero hik.

Adizak – Santxok berriz ere – hori sasiko edo halakoentzat izanen duk, ez, baina, nik bezala, bihotz barrenean, ariman alegia, giristino zaharren muina dugunontzat. Ez nauk ni nehori tirrit eta fa! egiten ibili ohi diren horietarikoa.

Jainkoak opa dezala – esan zuen On Kixotek – eta jaurgoarean egunetik hara argituko duk; dagoeneko, jaurlaria begietan hartua hadukadala bazirudik eta.

Hau esanda, Batxilerrari, baldin olerkari edo bertsolari bazen, otoi, bertso batzuk egiteko eskatu zitzaion, Tobosoko Dultzineari egin behar zion azken agurra aipatuko zuten bertsoak, ziren bestean ere. Bertso bakoitzaren haseran haren izenaren hizki bana ezarri behar zela ohartzeko esan zion, hizkiok bateratuta DULTZINEA TOBOSOKO izen osoa irakurri ahal izaiteko. Batxilerrak' bera Espainiako olerkari ospetsuenetakoa ez zela erantzun zion, hiru t'erdi baino ez omen ziren eta, baina, halako neurtitzak osatzeke utziko ez zituela agindu zion, nahiz eta haien halaxe osatzerakoan eragozpen handi bat ikusten zuela adiarazi, zeren, izanak zituen hizkiak hamazazpi izanik, launako lautan eginez gero hizki bat osatzeke geratuko baitzen; eta, hamalauko eran eginez gero hiru hizkiren peitu izango zen; hala eta guztiz ere, hizki batena, nolabait, nonbait sartzen saiatuko zela, ahalik hobekien, gaztelerako launakoetan DULTZINEA TOBOSOKO izena ongi ezarria ager zedin.

Horrela behar du, nola nahi ere – esan zuen On Kixotek – izan ere, bere izena agerian eta nabari-nabari ez badoa, emakumerik ez da, neurtitzak beretzat eginak direla sinetsiko duenik.

Honetan geratu ziren, eta harik zortzi egunera irten eginen zutela. Abioa isilik edukitzeko eskatu zitzaion On Kixote Batxilerrari, inori esan bage, Apaizari eta maisu Nikolari, ilobari eta etxandereari batez ere, bere erabaki garbi-zintzo bezain gementsua galarazten has ez zitezen, noski. Carrascok baietz, orori bai; eta harean harako berri, onak zein txarrak, erarik izanez gero, bidaltzeko esan zion. Honenbestez, agur egin zioten elkarri eta banandu ziren, Santxo bere ibilaldirako behar zuen guztia antolatzera joan zeino.