On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

40. atala

Edaskai gogoangarri eta inonereko honi doazkion zerezko atala

Benetan, honen antzeko edaskaiak maite dituztenek Zide Hameteri eskerrak eman behar dizkiote; hau honek idatzia delako eta zehatz-zehatz jaulki zigulako, deusik atzendu bagerik, ñabardurak eta guzti, xehekiro agerraraziz. Burubideak marrazten ditu, irudipenak agerrarazten ditu, galderei erantzuten die, zalantzak argitzen, sinespideak zabaltzen; hondarrean, jakin-minik sakonenaren giziak erakusten ditu. Oi egile ospe-ospetsu! Oi zorioneko On Kixote! Oi Dultzinea goretsi! Oi Santxo Pantza sona handiko! Oro elkarrekin eta bakoitza berez mendeetan bizi izan zaiteztela, bizidunen atseginerako eta ororen solaserako.

Beraz, kondairak dioenez, Dolorida hura alditxarturik, konortea galdurik ikusita Santxok hau esan zuen:

Gizon ona naizen aldetik zin dagit, alafede, mendez mendeko nire arbaso Pantzatarren aldetik ere zin, egundaino holakorik ez ikusi ez entzun dudala, ez nire nagusiak "kondatu" ere nehoiz, burutara sartu ez zaiolako, eiki, honen antzekotsu jazoera bat. Milaka satanarren, madarikatu nahi ez zaitudalarik, Malanbruno, sorgintzaile eta erraldoi zarelako, ez ote zenuen, bada, bertze zigor-mota bat aurkitu, bekatari hauen bizarduntzea baizik? Ez ote zen, bada, hobe izanen, eta haiei egokiago noski, sudurraren goiko erdia moztea, bizartsu egin beharrean, kinkun mintzatuko baziren ere, sudur-mintzoz? Nork bizarra moztu eta ordaintzeko bezainbat ondasunik ez dadukatela eginen nuke.

Horixe bai egia, jauna – hamabi haietako batek esan zion – : gu zuritzeko beste sosik ez dadukagu, ez; eta honegatik, gutako batzuek sendagailu merke bat asmatu dugu, zera, txaplata edo eranskin itsaskor batzuk aurpegian iratxeki eta brast! bat-batean erauzten ditugu, eta harrizko zola duen aboa bezain leun eta limuri geratzen gara. Kandaian badira emakume batzuk etxez etxe ohi dabiltzanak, ilea mozten eta bekainak politzen eta beste nahas-mahas batzuk, emaztekientzakoak, egiten, baina, gure andere nagusiaren etxandereok ez ditugu inoiz onartu, etxetik etxera zer usnatu eta ibiltzen hasiak direlako; eta, On Kixote jaunak sendabideratzen ez bagaitu, beraz, hilobira arteraino bizardun gu.

Nire bizarra moztuko nuke – On Kixotek esan zion – mairuen lurretan, zuenak mozteko biderik idoroko ez banu.

Orduan, bere alditxarra ondu, bere onera etorri zen Trifaldi hura, eta esan:

Agintza horren tilin-tilina, zaldun zangar, nire zorabioaren erdian belarrietara iritsi zait, eta honexen kariaz neure onera etorri naiz, galdutako konortea aurkiturik: honelatan bada, berriz ere otoi dagiot berorri, ibiltari ahoz-ahotu eta jaun menderagaitz, berorren agintza dohatsua ailedi agi, agian gauzatuko al da.

Niregatik ez da geratuko – On Kixotek ihardetsi zion – : ea, andere, ea zer egin behar dudan, gogoa gertu-gerturik berorren zerbitzurako dago eta.

Zera, bada – esan zion Doloridak – hemendik eta Kandaia erresumara joaiteko, lehorrez bada, bost mila legoa badago, bi gora-behera; eguratsez eta artez-artez joanez gero, ordea, hiru mila berrehun eta hogeita zazpi dago. Jakin ere jakinarazi behar diot Malanbrunok esan zidana, hauxe: halabeharrak gure askatzaile izanen zen zaldunen bat eraugi eta gero, berak zamari askoz hobea eta asko ibilitakoa baino maltzurkeria guttiago duena bidaliko ziola, zeren, zaldia harako zurezko zaldi hura behar bailuke, Pierres adoretsua Magalona neska totila osturik gainean eraman zuena bera; bekokian kabila bat du eta honezaz bideratzen da, balazta bezala darabil, eta eguratsean zehar hain zalu eta hain arin ibilten denez, hegan, txerren guztiek eramaiten dutela dirudi. Zaldi hau, ohitura zaharrari jarraikiz, Merlin jakintsuak egina da; Pierresi utzi zion, laguna zuelako, eta joan-etorri luzeak egin zituen, eta , esan bezala, Magalona totila ostu zuen, lapurtu eta eguratsean zehar hanketan eraman, gidailetan zankoloka eta lurretik begira zegozkien guztiak aurpegia bete begi utziz; ez zion edonori uzten, berak nahi zuenari besteri ez, edo hobekien ordaintzen zionari, eta Pierres handiagandik hona artean, guk dakigula, ez da inor ibili haren gainean. Handik Malanbrunok bere trikimailuez ateratu du, eta bere esku daduka, eta bere "bidaldietan" erabiltzen izan du, lurbirako bazter askotan gaindi, unetik unera joaiten baita, eta egun hemen dago, bihar, aldiz, Frantzian, eta hurrengo egunean Potosin; eta onena besterik da, zaldi horrek jaten ez duena, lo egiten ez duena, gailarik ez du janzten, eta eguratsean zehar bere zama, hegorik ez badu ere, eramaiten daki, halako moldez, ezen, gainean doanak eskuan gatilu bete ur tanta bat isurtzeke eraman ahal duela, leun-leun baitabil zelai-zelai; eta, honetaz, ez da harritzekoa Magalona totila haren gainean zaldun antzo ibiltzeaz bitsaren gainean bezala izaitea.

Honi Santxok honela erauntsi zion:

Geldo-geldo eta leun-leun ibiltzeko nire astoa, airean edo eguratsean ez ibiliagatik ere ; lehorrez, ordea, munduan diren zamari guztiekin erkatuko dut.

Denek barre egin zuten, eta Dolorida beti mintzo:

Eta harakoxe zaldia -Malanbrunok gure asturu gaitza amaiarazi nahi badu- gaua heldu eta ordu erdi baino lehenago hemen gurekin izanen da; harek esan zidanez nik bilaturiko zalduna atzeman dudala jakin dezadan ezagugarri bat bidaliko zidan, eta zein eta hauxe: zaldia; noranahi eta berehala bidali ere.

Zeinbat lagun sartzen da zaldi horretan? – galdetu zuen Santxok.

Doloridak erantzun zion:

Bi lagun, bata "zelan" bestea gartzelaian; gehienetan, zalduna eta ezkutaria izan ohi dira, baldin osturiko neskatxaren bat ez badago.

Zaldi horrek zein izen duen jakin nahi nuke, Dolorida andere – esan zion Santxok.

Izena – Doloridak erantzun – ez du Belerofonteren zaldiarena, Pegaso zeritzona hain zuzen, ez du Alexander Handiaren Buzefalo izena, Orlando sutsuaren zaldiak Brilladoro zuen izen eta honek ez, Baiarte ere ez deritzo Montalbango Reinaldosenari bezala, ez Frontino ere hauxe Rugerorena zen, eguzkiaren zaldiak Bootes eta Peritoa omen dira baina izen hauek ez ditu zaldi horrek, Orelia ere ez, izen hau zuen zaldiaren gainean Errodrigo zoritxarrekoak, gotoen azken erregeak, bere erreterria eta bizia galdu zituen borrokara jo zuen.

Lepoa eginen dut – Santxok berriro – hain zaldi izen handiko horien izenik ezarri ez diotenez gero, nire nagusiarenarena ere ez diotela eman, Rozinante alegia, izenez eta izanaz aipatu horien guztien gainekoa dena.

Horrela da – bizardun kondemeak erantsi zuen – baina ondo egokia du, Kabilegur Hegarin baiteritzo, egurrezkoa eta bekokian kabila duena delako, eta arina ere bada hegan; izenaz den bezainbatean, beraz, Rozinante ospetsuarekin lehiatzeko gai da.

Izena ez zait txarra iruditzen – Santxok harzara – ; baina, zein balaztaz edo buru-lokiz gidatzen da?

Esana dut – Trifaldi harek erantzun – kabilaz, alde batera edo bestera higituz gainean doan zaldunak nahi duen bezala ibilarazten du, dela eguratsean dela lurrean narraz, dela erdibidean, izan ere, erdiko bidea egitaldi guztietan, eraz eginikoetan, biderik egokiena da.

Ikusi nahi nuke, bai – Santxo berriz ere mintzo – ; baina haren gaineratu beharra dudana, nehondik nehora, nahiz zelan nahiz hanka-mokorretan, asko da, zumarrari ez eska gari, ezina ezin. Aski dut nire astoaren gainean, doi-doi, basta mardo zerika bezain mardo batean, eta orai zurezko hanka batzuen gainean egon nadila nahi dute, ez "kuxin" ez bigungarri! Arraioa, nik nehori bizarrik kentzeagatik ez dut olorik hartu nahi: bat-bederak bere bizarra nahi bezala motz dezala; ez naiz joanen ni nire nagusiarekin batera hain "bidaia" luzean. Gainera, bizar hauen mozteko nerau ez naiz beharrezko, nire andere Dultzinea sorgingetzeko ez bezala.

Bai, bazara, adiskide – Trifaldik esan – ; eta oso, zure egoiterik bage, nik uste, ez dugu ezer eginen.

Erregearren! – egin zuen Santxok ia oihuz – zer ote dute ikusirik ezkutariek beren zaldunen jazoeretan? Haiek ospea hartu eta guk, aitzitik, nekea ote? Aiei, ene ni! Kondairagileek erranen balute, behintzat: "Urlia zaldunak halako eta halako egitandia egin eta burutu zuen, alabaina urlia ezkutaria lagun ukan zuelarik, berau bagerik ezinezko izanen baitzuen..." Baina, idor-idorkiro idaztea gero!: Hirur Izarretako On Paralipomenon-ek sei mamutzarren jazoera burutu zuen", bere ezkutaria aipatu ere aipatzeke, munduan ez balitz bezala, eta han berean egon zelarik! Orai, jaun-andereok, berriz ere diot nire nagusia bakarrik joan daitekeela, eta on dagiola; ni heben geratuko naiz, Duke ene anderearekin, eta baliteke, bai, hura itzultzean Dultzinearen arazoa hobeturik aurkitzea, zeren, nire astialdietan, bertze egitekorik ez dudanetan, neure burua, soina hobeki erraiteko, zigorkatuko baitut, makilkatuko, eta nola!, ilea soildu arteko eran.

Horrelarik ere, behar izaitekotan, harekin joan behar duzu, Santxo zintzo, arren eta arren eskatuko zaizkizu; andere hauen aurpegiak ez dira bizartsu geratu behar zure beldur ezerezagatik, txarra liteke eta.

Berriz ere erregearren! – Santxok berriz ere – Ongi egin behar hau neskatxa etxekoi edo neskatila gaxteño batzuen aldekoa balitz, gizonak zein edo zein neke hartzeko gerturik egon behar luke; baina, etxandere zenbaitzuen bizarrak mozteko jasan behar hori, urte txarrean! Oro bizartsu ikusi arren, ttiki nahiz handi, menddere nahiz eztimetxa.

Etxandereekin hinki-hanka zabiltza, Santxo adixkide, xamur xamar – dukemeak hitza hartuz – botikario toledar haren eritziari zarraizkio, bete-betean. Makur zagoz, alafede, baina: nire etxeko andereak eredugarriak dira etxandereetan; hona hemen Rodriguez nire etxeko anderea, bertzerik erraiten ez dit utziko honek.

Berorren goientzak esatea nahikoa – Rodriguezek esan – ; Jaungoikoak ororen egia daki, eta onak edo gaiztoak, bizardunak edo bizarpeituak izan, etxandereak ere, beste emakume guztiak bezala, gure amaren alabak gara, haiek sortuak, haien erdiak; eta Goiko Jaunak ludiratu gintuenez, Berak daki zertarako, eta haren on-nahiari natxekio, ez inoren bizarrari.

Horrela eta guztiz ere, Rodriguez andere – On Kixotek berriro – , eta Trifaldi andere eta aiza, zeruak begi onez behatuko ditu berorien arrangurak; Santxok nik agindutakoa eginen du, hala Kabilegur baletor nola Malanbrunorekin ekusiko banindu; zuen bizarra mozteko labana baino arinago litzateke nire ezpata Malanbrunori burua lepo gainetik erauzteko; Jaungoikoak badaki gaiztoak eramaiten, baina ez betiko.

Ai! – esan zuen orduan Doloridak – Zeruetako eskualde guztietan dagozen izarrrek orok, zaldun kementsu, zure handitasunari begi onberez beha diezaiotela, eta berorren gogoari ausardia guztia, aurrera joiteko nahikunde osoa sarraraz diezaiotela, etxandereen iraulgi irainduaren zaintzaile eta jagoile izan dadin, botikariek laidoztatu, ezkutarien ele gaiztoen jasaile, morroeen amarrukeria pairatutako enda baita gurea. Madarikatua nexka txatxarra, bere adinaren lorealdian serora sartu ordez etxanderetu zena! Etxeko andere zoritxarrekoak gu, belaunez belaun, lerro zuzenez, gizonagandik gizonagana, Hektor troiatarraren etorkikoak bagara ere, gure nagusi andereek zuka eginen ligukete, honela erregina izaitera iritsi ahal balira! Oi Malanbruno erraldoi, sorgintzaile zaren arren, zure agintzak beti zehatzak dituzun horrek, bidal iezaguzu berehala Kabilegur iderik ez duena, gure zori txarraren aldia amai dadin; bero handia egiten hasiz gero, eta gure bizarrok luzaz badiraute, atx gure zoria!

Bihozketa handiz esan zuen Trifaldik hau eta inguruko guztien begietan malkoak agertu ei ziren, Santxorenak ere bereziki malko isuri, eta bere barru-barruan bihotzez agindu zuen bere nagusiarekin munduko bazterrik atzenetaraino joanen zela, harako aurpegi agurgarri haietatik ahuntz-bizar hura kentzeko era balitz ez balitz ere.