On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

44. atala

Santxo Pantza jaurlaritzara nola eraman zuten eta gazteluan On Kixoteri gertatu zitzaion jazoaldi harrigarria azaltzen duena.

Edaskai honen jatorrizko idatzian bertan irakurtzekoa omen da, ezen, Zide Hametek atal hau idatzi bezalaxe ez zuela itzuli itzultzaileak, nolabait mairuak bere buruaz arrangura erakusteko, honen kondaira elkor eta honen mugatua, On Kixoteren hau dena bezalakoa, esku artean hartu izaiteagatik, beraren irudikoz beti azken beronetaz eta Santxoz ele egiten zuen eta beste gertaera edota beste zer batzuetara, larriagoak bezain astialdirako egokiagoak izan litezkeenetara ireki bagerik, zabaldu eta hedatu bagerik, beraz, beti lagun bakarrari buruz eta lagun gutiren ahoz hitz egitea, beti adimendua, eskua eta "luma" horretaz eta ez bestetaz idatziz eramaitea guztiz lan eramangaitza zen, emaitza egilearen onura ekarriko ez zuena, eta honegatik, eragozpide honetatik alde egin nahian lehen zatian eleberri batzuk arte-sartu zituen, hala Jakingale Ertzoarena nola Kapitain gatibuarena, edaskai honen harirean alderatuak direla diruditenak, zeren, berton dagozen beste guztiak On Kixoteri berari gertaturikoak eta, honetaz, idatzi behar-beharrezkoak baitira. Berak dio, era berean hala gogoraturik, irakurle askok, On Kixoteren egintandi larriek erakarrita, eleberriak haintzat hartu ez eta bertan behera utziko zituela, gainetik iragoz, iradu edo erdi-samurturik, eta, honegatixe eleberriok beren barruan duten onari eta jakingarriari begiratzeke, jaramon handirik egiteke zehartuko zirela, nahiz eta haiek berez, On Kixoteren zoroari edota Santxoren ergelari hurbildu bage, argitaratuak izaiteko lain "meritu" ukan; honelatan, bada, bigarren zati honetan, adabaki antzeko eleberririk eratxeki edo itsatsi nahi izan ez zuen, antzeko atal batzuk izan ezik, egiazko gertaeretan sortuak, eta berauek ere muga baten barruan, laburzki eta azaltzeko behar diren hitz bakarrez osatuak; beraz, honegatixe, edaskai honen hari mehetik alde egiteke, ororen oroz iharduteko trebetasun, adimen eta jakituria erakutsita, bere lan hau gutietsia izan ez dadila galdatzen du, goraipatua, ostera, izan dadila, ez idatzitakoagatik, idatzi ez duenagatik baizik.

Edaskaia aurrera doa eta honela dio: bazkaldu eta gero, On Kixotek Santxori aholkuak eman zizkion eguneko arratsaldean idatzita eskuetaratu zizkion, harek nork irakurriko idoro zezantzat; eman eta beherala, aldiz, erori; eta Dukearen esku gertatu ziren, bai honek laster andereari erakutsi ere, eta biok, harzara, On Kixoteren zorotasuna harritu eta asmamenaz txunditu ziren; honen hariaz, isekari jarraiki nahian, arratsalde haretantxe Santxo, lagunabar ugariz inguratua, uharte izanen zuen lekura eroan zuten. Eroailea, alta, Dukearen otsein-nagusia zen, zuhurra oso gizona, dohain onez betea eta barrearen ekarle iaioa -zuhurtasunik ezean ez dohainik ez barrerik egon liteke eta-, Trifaldi Kondemearen itxurak edo "pertsonaia" egin zuena bera, lehenago ikusi bezain sonaz egindakoa bera hain zuzen; honetara, beraz, Santxorekikoa nola egin behar zuen bere nagusi dukeek ongi adiarazita, egin behar zuena egiteko gogo alaiz gainezka jalgi zen. Santxok otsein-nagusi hori ikusi zueneko, hara, Trifaldi zela iruditu zitzaion, aurpegiari begiraturik, eta, bere jaunagana begiak bihurtuta, hau erran zion:

Jauna, Txerrenek eramanen nau ni, hemendik bertatik, zin-zinez sinetsirik nago, edo berorrek aitortuko al dit Dukearen otseinburu horren aurpegia ote den Doloridarena berarena.

On Kixotek bi begiez behatu otseinari eta Santxori erantzun zion:

Ez hau Txerrenek zertan hi eraman inora, Santxo; ez zakiat zer esan nahi duan "zin-zinez" horretaz; bai otseinburu horren aurpegia Doloridarena duk, baina ez honegatik otseina Dolorida izan; izaitekotan, horra, baietz-ezetz askoren artera sartuko gintuzkek, eta azterketa horiek egiteko epea ez diagu hau, galbide luzeetan barrena sartzea lukek eta. Sinets iezadak, adiskide, gure Goiko Jaunari otoi egin beharra diogula, zin-zinez, biok ala biok, sorgintzaile gaizto eta azti sordeisen gaitzetatik atera gaitzan.

Hau ez da iseka, jauna – Santxok ihardetsiz – lehenago horri entzundakoa naiz, eta Trifaldiren ahotsa entzun uste izan dut. Orain bai, isilduko naiz; baina hemendik aitzina adi-adi joanen naiz, nire susmoa baieztatu edo ezeztatu ahal izaiteko zantzuren baten bila, horren hotsean eta atzean.

Ongi eginen duk – On Kixotek esana – eta zer edo zer agertuz gero niri ohartaraziko, bai, halaber, hire jaurlarigoan gerta-guztiaz ere.

Azkenean, beredin lagunekin batera, Santxok irten zuen, dotore jantzita, gainean longain zabal gaban daritzon horietakoa, txamelote gorrixkaz egina, buruan kapelu antzeko bat, eta mando baten gainean iztar-eztika jarria; haren gibelean, atzetik, Dukearen aginduz, astoa zihoan, zetazko-eta apaingarri ederrez bastatua edo itzeragaiteko zaldien antzean txalmatua. Santxok, txitean-pitean, astoari so egiten zion, burua bihurturik, harekin poz-pozik zihoan eta orduan ez, ez zuen bere poza Alemaniako enperadore izaitearen truke aldatuko. Dukeei azken agurra egitean, eskuetan mun egin zien, bere nagusi jaunaren bedeinkapena jaso zuen, malko zeriola emanik, eta kurrizkaz, negar-zipaka jaso ere Santxok.

Utz ezazu, bada, irakurle maite, bakean joaiten, bide onetik aurrera Santxo txintxo, eta laster duzu hemen bi zara bete barre, berak aginte-tokian nola ihardun zuen ikasi ondorean; bizkitartean, ea zer gertatu zitzaion beraren nagusiari gau haretan; eta hauxe ikusita barrerik egiten ez baduzu, irriño bat behintzat eginen duzu, noski, tximino baten antzerako ezpain-zirkin batto alegia, zeren, On Kixoteri gertaturikoak edo harriduraz ospatu edo barre-algaraz "jaitu" beharrekoak izaiten baitira. Aditzea ukan dugunez, Santxok irtendakoan, On Kixotek bakartasuna sumatu zuen, eta ahal izan balu, agindutakoa atzera eta emandako hitza ez betetzea zilegi izan balitzaio, jaurlaritzaz bagetzea hain zuzen, egin eginen zuen. Duke andereak igarri zion, haren goibeldura nabarittu, eta zergatik zegoen hain illun-illun; Santxo ez egoiteagatik ote zen, eta galdezka ari izan zitzaion; etxean bai ezkutariak bai etxandere eta neskatxak nahi beste bazituela adiarazi ere zion, haren gogoaren betetzaile eta zerbitzu onak eginen zizkiotenak.

Egia da, ene andere – erantzun zion On Kixotek – Santxoren joanaz bihotzean min dut, min etsia, alabaina, ni goibel izaitearen zio nagusia ez da hori, eta berorren bikaintasunak eskaini hainbeste laguntza eskertzeaz gain ez dut bat bakarra baizik ontzat hartuko, zein baita, egin didan nahikunde ona, "borondate" zintzo eta zindoa; besteetan, berorri otoi dagiot, nire logelan edo etzanguan ni nerau eta ez beste inor izan dadin neronen zerbitzari eta morroe.

Horixe ez, On Kixote jaun – dukemeak berriro – horrelaxe izanen ez da: nire lau neskame, liliak bezain ederrak laurak, izanen ditu berorrek zerbitzari.

Niretzat – On Kixote mintzatuz – ez dira liliak bezalakoak izanen, arantzak baizik, nire ariman sist egitekoak. Haiek nire gelaratu, edo antzeratu, eta berehala ni hegan. Berorren handitasunak nahi baleza, nik irabazi ez dudan dohain hori emaitea, utzi ni neure bakarrean, atetik barrura ni neure buruaren morroe bakarra naizelarik; nire nahikeria eta nire bihotz garbiaren artean harresi bat eraiki dezadan; berorren goitasunak nireganako eskuzabaltasuna dela eta ohikuntza hau garbi hau ez nuke galtzera utzi nahi. Laburbilduz, azkenik, inork ni erantzi beharrean jantzita lo eginen dut, hauxe baietz.

Besterik ez, aski horrenbestez, On Kixote jaun – duke andereak esan zion. Nire aldetik badiot, ez neskatxa bat, euli batto ere berorren gelara sartzen ez uzteko aginduko dudala; niregatik, ez horixe, ez da On Kixote jaunaren bihotzaren garbia lorrinduko, ez naiz ni horretarakoxea; onbide guztien artean bat gailentzen zaiola ikusarazita nago, honez gero, garbitasuna hain zuzen. Erantz eta jantz berori bakarka eta bere erara, nahi duenean: inork ez dio eragotziko, gelaren barruan behar lituzkeen ontzi guztiak edukiko ditu, zein edo zein gorputz-beharrek eraginda ere, lotarako itxi duen atea ireki beharrean gerta ez dadin. Milaka mendetan bizi dadila Dultzinea Tobosoko, eta beraren izena lurbira osoko biribilean hedatua izan dadila, honen zaldun zangar bezain garbiak maite izana irabazi zuelako; zeru onberak, berriz, gure jaurlari Santxo Pantzaren bihotzean lehen bai lehen bere eginkizunak amaitzeko edo burutzeko gogoa piztu dezan, itzul dadin, hain andere handiaren edertasuna ludi honetan gozatzeko itzul dadin.

On Kixotek honela erantzun zion:

Berorren garaitasunak dagokion era egokiaz egin du hitz; andere onen ahoan ez da txarrik egon behar; eta Dultzinea munduan are zoriontsuago eta are ezagunago izanen da, noski, berorren handitasunak goraipatu duelako, lurbirako hitz-jariorik hoberenak egin "laudorio" guztiak jasoko balitu baino areago.

Dena dela, On Kixote jaun, abaltzeko ordua laster da, Duke jauna itxaroten al dago: betor berori, abal dezagun, eta goizik lotara; atzo Kandaiatik eginiko joan-etortaldia ez zen hain laburra izan eta nekaturik al dago, nonbait, bideak jota, honetaraz gero.

Ez, batere, andere; zin dagiot berroren bikaintasunari nire bizialdian egundaino ez naizela ibili Kabilegur bezain abere ezti eta ibilera geldoko baten gainean; nik ez dakit zer gertatu ote zitzaion Malanbrunori hain zamari arin eta otzana alde bat uzteko, eta, hara, besterik bage kiskaltzeko.

Damutua izanen zen, ene irudikoz – andereak berriro – Trifaldiri eta lagunei eta beste batzuei egindako kalteagatik, eta sorgintzaile edota azti izanik egin gaiztakeriakatik ere bai; honegatik, beraz, bere gaitz-tresna guztiak ezereztu nahi izanen zituen, Kabilegur besteak beste, ludiz ludi beti geldigaitz eramaiten baitzuen, eta zertu egin zuen, kiskali egin zuen; baina , horra, On Kixote handiaren ohorea, betirako goian geratu zen haren errautsez eta han agertu zen larrutx haren garaikurraz.

On Kixotek beste behin Duke andereari eskerrak eman zizkion, eta abalostean bere etzangura bakarrik joan zen, inor bertara sartzerik nahi ez: beldur zen, bada, txit, bere ohore garbia galtzeko zori edo egokieraren baten Dultzinea bere andereari zion zintasunari uko egitea edo gerta zitekeela eta; gogoan zuen beti Amadisen ontasuna, zaldun ibiltarien gaina eta bikaina. Atea bere gibelean itxi zuen, argizagizko kandela biren argipean erantzi zen, eta oskiak kentzerakoan (oi, halako nordin baten duina ez zen zorigaitza!) zerak askatu zitzaizkion, ez hasperenak, ez haren garbitasuna zikin zezakeen beste ezer, galtzerdi bateko hamabi bat "pondu" baizik, galtzerdia sareturik utzita.. Atsebage larria hartu zuen, eta zer ez zuen emanen orduan han bertan zeta orlegi apur bat eta ontza bat zilar edukitzearren; orlegi diot galtzerdiak ere orlegiak zirelako.

Hemen Benengelik hasperen egin zuen, eta idatziz esan zuen: "Oi, lazeria eta urrikeria! Ez dakit nik zerk eraman zuen harako olerkari kordobar handi hura zuri hala deitzera:

Emai santu eskertxarrekoa!

Nik, mairu izanagatik, giristinoekin harremanetan ihardunik, ongi dakit, santutasuna' goi-maitasuna, apaltasuna, fedea, esanekotasuna eta txirotasuna dela; honela eta guztiz ere, txiro izaiteaz pozik dagoenak Jaungoikoaren asko du bere baitan, halako txirotasuna ez bada santu nagusietako batek esan zuen hura: "Eduki itzazue gauza guztiak ez eduki bezala " ; honi gogo-txirotasuna esaten diote; baina zu, bigarren urrikeria (nik hemen aipatua), zer dela eta nahi duzu zaldun ibiltari edota ongi jaiotakoen aurka eraso, beste jende motaren aurka bagerik? Zergatik behartzen dituzu beren oskiak edo zapatak adabuz estaltzera, eta beren janzkietako aletxo edo botoeak batzuk zetazkoak, beste batzuk ilezkoak eta besteak beirazkoak izaitera? Zergatik haien atorra-lepoak, gehienetan, zimurrak eta ez adiugailuz moldaturik zabalduak dira?" Eta gehiago esanez: "Errukigarria ondo jaiotakoa bere ohoreaz arrandiaka dabilena, gaizki jaten eta atea beti itxita, ezer ere jan ez eta karrikara, hortz-haginak garbitu behar balitu bezalako itxurak eginez, txotxa ahoan sasi-lanetan! Errukigarria, bai, ohore iheskorra duena, eta urrundik bere abarka-adabua ikusten zaiolako susmo duena, eta gerizgarri azpiko izerdia, eta kapusaiko litx bat, eta urdaileko gosea ere ageri dituela uste duena!"

Hauek guztiok gogoratu zitzaizkion On Kixoteri galtzerdiko ponduak askatzean; poz pittin bat hartu zuen, ostera, Santxok biderako bortzegi batzuk utzi zizkiola ikusita; biharamunean jantziko zituela otu zitzaion. Azkenean, etzan zen, gogoetatsu etzan eta tamal hartua, bihotzil handi Santxoren beharra zuelako, batetik, eta bestetik, bere galtzerdien zoritxar konponezinagatik; ponduak lotuko zizkion, beste margo bateko zetaz izanagatik ere, zeren, gapare baten urrikeriaren ezagugarri nabarmenenetako bat horixe baita, bere lazeria zabalaren erakusgarritto bat nonbait. Kandelak itzali zituen; bero zen eta loak hartu ez; jaiki zen oherean eta leihoa zabaldu zuen, ertireki baino ez, loretegi eder bati begira zegoen burdinesiko leihoa; zabaltzean loretegian norbait mintzatzen edota ibilten ari zela aditu zuen. Adi-adi entzuten jarri zen. Behekoek ahotsa goratu zuten, eta hain gora goikoak entzun zuela, hauxe:

Ez nazan zirika, oi Emerentzia! kantatzen has nadin, badakin, jakin, arrotz hori gaztelu honetan sartu zenetik, eta nire begiek so egin ziotenetik, nik ez dakidala abesten, negar egiten baino; gainera nire anderearen loa arina ez zorroa dun, eta ez niken nahi gu hemen aurkitzerik, ez eta munduko altxor osoaren ordainez ere. Eta lotan balego eta esnatuko ez balitz ere, alperrik egingo niken kantuan, Eneas berri hori itzarriko ez balitz entzuteko, nire lurralde honetara laidoz betetzera etorritakoa dena.

Utz hori, Altisidora adiskide – ihardetsi zuen – ; Duke anderea eta etxe honetako guztiak lotan zagozan eta; bat izan ezik, noski, hire bihotzaren jauna eta hire arimaren iratzarlea; oraintxe bere etzanguko leihoa zabaldu duela sumatu dinat, eta esna zagon, zalantzarik ez; kanta ezan, ene mindun, apal-apal eta motelki, hire harparen hots eztiaz, eta Duke andereak adituz gero, errua bero sargori honi egotziko genioken.

Horrek ez zidan ardura handirik, oi Emerentzia! – Altisidorak berriro – ez niken, ordea, nahi, zertzerik, nire abestiak' nire bihotzondoa agerian uzterik; neskatxa arina edo irtena, apetatsua naizela uste izango diten, horrela, maitasunaren indar gaitzen berri ez dutenek. Dena dela, gerta ala gerta, datorrena datorrela; bihotzean gerena baino aurpegian lotsa hobe.

Une honetan, harpa jaiten eta hots ezti bat fara-fara sumatzen hasi zen. Entzun eta txunditurik oso geratu zen On Kixote, halako baten, bere zalduneria-liburu zaharretan irakurritako hainbat gertakari haren antzeko gogora etorri baitzitzaion, leiho, burdinesi, loretegi, soinu, hitz goxo eta zorabio-itxurakeriez beteak denak. Gogora etorri bai, etorri zitzaion, aldi berean, Duke anderearen neskameren bat berataz maitemindua zena, eta haren izen garbia babestearren nahia isilpean edukitzeko beharra zuela iruditu zitzaion; azkenean amore emanaraziko ziolako beldurrak jo zuen, eta bere gogoaren barrenean gogor egin eta bere buruari eustea erabaki zuen, eta mendean hartua ez izaiteko, Dultzinea Tobosoko bere andereari gogo onez bere burua egotzita, soinua entzutea erabaki zuen; eta han zegoela aditzera emaiteko, gezurrezko eztultto bat egin zuen, eta bai honezaz neskatxa haiek biziki poztu ere, besterik ez zuten nahi, On Kixotek entzutea besterik nahi ez eta.

Harpa leundu eta gero, Altisidorak erromantze hau hasi zuen:

Oi zu, ohean etzaniko
zaldun zangar On Jaun Mantxako
lo betean gaurik goizeko
argira arte lo betiko

Oi zu zaren zu Arabia
osoko urre leun-garbia
baino are leunago ia-ia
nahiz eta Mantxan hazia

Entzun nexkatxa ilun honi
zuganako naizen neroni
zure, bai, eguzkiz, gori-gori
arima errerik bainago ni

Arriskuen bila ibili
zabiltza hankala-hinkili
zauririk zauri, liliz lili
legez, Balberi gili-gili

Esaidazu gazte kementsu
ailitz zuretzat ontsu!
Libian hazia oraintsu
ala Jakakoa zaren zu

Sugeak hazi zein hezia
ote zaren dut jakin uzia
oihanik oihan galduz bizia
betia duzu irabazia

Harro dagoke Dultzinea
ederrena den anderea
menpean harturik tigrea
bera baita garaitzailea

Tigre edo lehoi berdin da
ospetsu-ospetsu egin da
areago "jada" ezin da
gainik gain dabilen nordin da

Henarestik Jaramaraino
Tajo edo Arlantza baino
mar-mar gehiagoz doaino
ospe zabalduz zeruraino

Hor doa, bai, Tobosokoa
ahoz aho hots handikoa
nik nahi horren ordezkoa
damaket ordain urrezkoa

Nor legokeen zur'ohean
oi zure besoen artean!
Ni pozik azka aritzean
zuri buru-zahi kentzean

Asko dut -ez naiz duin- galdatzen
zer ez nik zugatik aldatzen!
Nire hutsalak nau salatzen
zuk berriz ospea zabaltzen

Lurbirako Mantxako Nero
nire barruko sutzaile ero
zure suharrez naiz ni bero
zure nauzu orain-da-gero

Oraindik uxter, nexkatila
zuretzat beti izan nadila
orain naizen lirain, sotila
ni polit bezain zu bipila

Hau guzti eta gehiago
naiz gero eta zureago
hots egidazu ozenago:
Altisidora! : hemen nago

Amaitu zuen abestia Altisidora tamaltsuak, eta hasi, berriz, On Kixote deituaren harridura; egin zuen honek hasperen sakon bat, eta bere baitan esan zuen: "Honen zaldun dohabagea izaitea, gero, ni, neskatxarik ez baitago ni ikusi eta berehala nitaz maitemintzen ez denik...! Ai zori guttikoa Dultzinea Tobosoko berdinik ez duena, nire zin tenkorra berak bakarrik gozatzen uzten ez diotena...! Zer nahi diozue, erreginek? Zer dela eta jarraikitzen zatzaizkiote, enperatrizak? Zertarako jazarten diozue, hamalau-hamabost urteko neskatoek? Utz, utz ezazue zoritxarrekoa, Maitasunak , nire bihotza hari amore emanaraziz eta nire arima eskainaraziz, eman nahi izan dion zori onaz gailen dadin, harro dadin, bizipoz dadin. Begira, maitemindun guztiok, Dultzinearentzat ez besterentzat nauzue uxter eta buztinaz egina, beste guztiontzat, aitzitik, suharrizkoa nauzue; berarentzat eztiz egina, zuentzat, ordea, lerdaminezkoa; niretzat Dultzinea ez besterik da ederra, sotila, garbia, liraina eta ongi jaioa; beste guztiok, osterantzean, itsusiak, ezainak, motzak, ergelak, kaskarinak, etorki txarrekoak zarete; izadiak berarena ez besterena izaiteko egotzi ninduen mundura. Egin negar edo kantu Altisidorak; hartu tamala Madamak, zeinarengatik, mairu sorginduaren gazteluan makilkatu baininduten; ni Dultzinearena naiz, egosirik edo errerik, garbi, ongi hazitakoa eta prestua, lurbira gaineko sorgin edo azti guztien ahalmenak edo alamenak oro gora-behera".

Itxi zuen, dart! bat-batean leihoa, eta zoritxar larriren bat gertatu balitzaio bezala, amorrarazirik, bihotz minez, oheratu zen. Oraingoz hortxe utziko dugu, Santxo Pantza handia gure zain dagoelako, bere jaurlari-aldia hasteko grinarekin.