On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

48. atala

On Kixoteri Rodriguez anderearekin gertatu zitzaionaz, duke anderearen etxanderea zena, eta beste gertaera batzuez, denak ala denak idazteko duinak eta betiereko oroimenean edukitzekoak denak.

On Kixote larri zauritua, uzkur eta goibel zegoen, kopetilun, aurpegia senda-zapiz lotua, dena urratua, ez Jaungoikoaren eskuz, katu baten atzaparrez baizik, zaldungo ibiltariari ez dagokion eran zegoen mindua. Lagunen aurrera agertu bagerik sei egunean egona zen, eta halako gau baten, erne eta esna, loak hartu ezin zuelarik, bere zoritxarra gogoan eta Altisidoraren gogoak buruan, etzanguko atea giltzaz irekitzen ari zela ohartu zen; maitez minduriko neskatila zetorkiola uste izan zuen, bat-batean, bere ohore garbia nahasteko asmoarekin eta bere andere Dultzinea Tobosokoari zor zion zintasuna hausteko zorian gertarazi nahi izanen ziola iruditu zitzaion: "Ez – esan zuen bere irudimenean sinetsita, nork-nahi entzun ahal izaiteko ahotsez esan ere – ; lurraren gainean den edertasunik handiena ez da nahikoa izanen, nik neure bihotzaren erdian eta erraietan sakonki sartua dudan irudiari gurtzen utz dezadan, berdin, ene anderea, nekazari zantar bihurtua zarela, Tajo urreztatuko lamia egina zarela, berdin, urrezko oihalak ehuntzen ari zarela, Merlinek edo Montesinosek gatibu zaituztela; non nahi zaren ere zarela zu enea zaitut, eta nora nahi noan ere noala ni zurea izan nauzu eta izanen nauzu".

Hau esan eta atea irekitzea bat. Ohe gainean zutik jarri zen, oihal horizko bururdi gosnatu batez lepotik behera estal-kiribildua, buruan zata bat (oskia bazen ere) aurpegia eta musualdea zapiz lotuak: begitartea atzaparkadaz urratua zuelako; eta "biboteak" hain estura larrian ez erortzeko, maskal ez zekizkion; halako itxura harezaz irudika zitekeen mamurik nabarmenena zirudien. Begiak ateari josi zizkion, eta Altisidora maitez minberatua sartzen ikusi uste zuenean, hara, etxandere guztiz agurgarri bat sartzen ikusi zuen, buruko zapi zuri luze azpilduez burutik oinetarainoko guztia estalia. Ezkerreko eskuan, atz artean, kandela erdi bat pizturik zekarren, eskuinaz itzal egiten zion, argiak begiei min ez egiteko, betaurreko handi-handiduna bazen ere. Urratsez urrats geldiro-geldiro zetorren.

On Kixotek bere "talaiatik" so egin zion, begiratu bat, eta haren janzkera eta haren isiltasuna ikusirik sorgin edo belagileren bat ote zen bururatu zitzaion, beragana gaixtakeriaren bat edo egiteko asmoz zetorrena, eta behingo baten, aitarena eta aitarena egin eta egin hasi zen. Itxura hura bazetorren beti eta gela erdiraino iritsita, On Kixote aitarenka lehia bizian ari zela ikusi zuen, begiak goraturik; beldurtu zen xoil hau halako itxurakia ikusita, eta hura ere izutu zen honen mamu-irudia ikusi zueneko, hain garai eta hain hori, bururdia eta senda-zapiak aurpegian, erabat itxurgeturik, eta bet-betan oihu egin zuen, esanez:

Josu! Zer dut ekusten?

Bihotzaren gorako haren ondorioz kandela eskutik erori zitzaion; eta ilunpean egonik, atzera iheska egin zuen, beldurraren beldurrrez, ordea, gona luzeekin behaztopatu zen eta dart! eroriko handia egin zuen. On Kixotek, izuz, esaten:

Arren eta arren galdatzen dizut, mamu edo zarena zarelako horri, nor zaitudan, nigandik zer nahi duzun esan diezadazun. Arima herraturen bat baldin bazara, esaidazu, eta nik zure alde nire indar guztiez ahal dudana eginen dut, katoliko kristaua eta orori ongi egitearen aldekoa bainaiz ; honetarakoxe, hain zuzen, iharduten dudan zalduntza ibiltariaren biziera hartu nuen, berau, izan ere, ongia egitekoa eta garbitokiko arimei ere egitekoa da.

Leher egindako etxanderea, hala, arren eta arrenka entzun zionean, bere beldurraz On Kixoterena ere sumatu zuen, eta ahots minduaz, apaltto-apaltto, honela erantzun zion:

On Kixote jauna -baldin berori On Kixote bada-, ni ez nauzu mamu, ez ikusgarriren bat, ez "purgatorioko" arima, berorrek uste izan bide-duena, Rodriguez anderea baino; Duke nire anderearen ohorezko etxanderea nauzu ni, berorrengana sendabiderik behar duen premia batekin natorkizuna, berorrek senda ahal duelakoan.

Esan biezat, bada, Rodriguez andereak, etorri ote da berori, beharbada, bitartekari-lanen bat egitera? Jakin beza, hala bada, ni inorentzako on ez naizela, ene andere Dultzinea Tobosokoaren edertasun berdinik ez duenari natxekiolarik. Honetaz, bada, Rodriguez andere, maitasun mezurik baldin badu utz alde bat, bazter beza horrelakorik, eta berriz ere kandela irazeki dezake, eta erdu hona, eta nahi duenaz hitz eginen dugu, atsegin handiz, beti ere, esan bezala, anderekeria zirikatzaile guztiak bazter utzita.

Nik inoren mezurik, ene jauna? Ez nau ondo ezagutzen berorrek; bai, oraindik ez nago zahar halako umekerietan ibiltzeko; Jaungoikoari eskerrak, oraindik nire arima haragietan dut, eta nire ahoan hortz-hagin guztiak daduzkat, hotzeria batzuek gutxi batzuk edeki badizkidate ere, Aragoiko lurraldeotan hain ohikoak dira, izan ere, marrantak eta sudur-itxiak eta "kostomak". Itxadon pixka baten; nire kandela izekiko dut, kanpora noa eta berehala nago hemen atzera, eta nire ezak eta ezinak jaulkitzera etorriko natzaio, berori ludiko guztien sendaitzale balitz bezala.

Erantzunaren zain gelditu ez eta etzangurean at joan zen, On Kixote bertan lasai eta gogoetatsu haren aiduru geratu zelarik. Gero hainbat gogai etorri zitzaion burutara jazoera berri haretaz, eta gaizki egina eta gaizkiago pentsatua iruditu zitzaion bere andereari agindutako zintasuna urratzeko zorian jarte hura, eta goganbehartsu bere buruari honela ziotson: "Nork daki orain Txerren ez ote dabilkidan, ezarian bezala, burutsuro, etxandere baten bidez ziria sartu nahian, orain arte enperatriz, erregina, dukeme, markeseme edota kondemeen bidez erdietsi ez duena? Zuhur askori entzunda nago ni, zera, harek, Txerrenek, ahalaz, sudurmotza luzea baino nahiago izaiten duela zirirako. Nork daki bakartasun honek, abagadune honek, honek isiltasun honek lotan dagozen nire gogoak iratzar eta nire urteetan egundaino haburikatu ez naizen zeran eroraraziko ote nauen? Honelakoetan borrokan egitea baino ihes egitea hobe. Ni, baina, ez al nago nire zentzuan, honelako gogai eta esan zentzugeak darabiltzat eta; ezinezkoa da, izan, etxandere zapizuri, luzanga eta betaurrekoduna inoren gogoan halako gogaiera lizunen sortzaile edo suspertzaile izaitea, lurbirako bihotzik likitsena balitz ere. Egon, ba ote dago lurraren gainean haragi oneko etxandererik? Egon, ba ote dago eguzkiaren azpian, ortzi oosoan, papartz, txorroporro, gupera eta zimur ez den etxandererik? Utikan, beraz etxandereen saldoa, ezein gizakiri opa egiteko ezereza dena! Oi, zein ondo egiten zuen harako andere harek, bere ohantzerean hur zatar-mordoz eginiko bi etxandere betaurrekodun eta kutunak eskuetan zituenak, josten edo ari zirelako itxurarekin, zeren, haiek biak egiazko etxandereak bezain egokiak baitziren gela haretarako". Hau esanda, ohetitu zen, atea ixteko asmoz, Rodriguez anderea sar ez zedin, baina ixterakoan han zetorren atzera Rodriguez anderea kandela pizturik. On Kixote ikusi zuenean, hurbilagotik, bururdia estalki, senda-zapiak aurpegian, zata buruan, berriro beldurtu zen eta oinkada bat gibelerantz egin zuen, esanez:

Galbidetik at ote gara emeok, zaldun jaun? Berori ohetik jaiki izana ez dut ezagugarri garbitzat hartzen.

Horixe dut nik galdetu beharra, andere; ea ba ote naizen ni erasotua eta behartua izaitetik at eta gaizke.

Zaldun jaun, nori eske edo norengandik jaso behar du gaitzik bage gertatu behar hori?

Zuri eta zuregandik – esan zion On Kixotek – ; zeren ni ez bainauzu hatxurdinezkoa, ez zu brontzezkoa, eta ez dira oraintxe goizeko hamarrak, gau erdia baizik, ene irudiko, eta logela itxi eta isileko batean gagoz, harako Eneas etoi irtenak Dido neska eder errukibera gozatu zuen haitzulo hura baino isilago eta itxiagoko lekua hauxe. Emaidazu, arren, andere, eskua; nire eratasun garbiaz eta ahalgeaz, nire uko aratzez gaizpideari ihes eginen diot, zure buruko zapi ohorezkoek ere honetarako bide emaiten baitidate.

Hau esan eta haren eskuineko eskuari mun eman zion, eta bereaz heldu zion, dena sino-mino, harek eskua eman eman zion, txirrimarra berdinak eginez.

Hemen Zide Hametek geldialdi bat dagi eta, Mahomarren, hala, biak eskutik heldurik ate ondorean ohera joaiten ikusteagatik "almalafarik" onena emanen lukeela dio, daduzkan bietatik bat, zehazki.

Oheratu zen, azkenean, On Kixote, eta Rodriguez anderea aulki batean eserita geratu zen, ohetik urrunxko, beti betaurrekoak jantzita, kandela eskuan. On Kixote kizkurtu zen oro estarian, aurpegia baino ez agerian; biak lasaitu ziren, eta On Kixotek bere isila eten zuen, esanez:

Berori, ene Rodriguez andere, orain bere barru mindua, bihotz oinazetua hustutzen has daiteke, ateratu behar duen guztia ateraraziz; nik entzun eginen dut, belarri aratzez, eta lagundu eginen diot, errukizko egiteez.

Badut uste – etxandereak erantzun – berorren gizatasunetik eta atsegintasunetik ezin hori baino erantzun kristauagorik itxoin. Zera, bada, On Kixote jaun, hemen aulki honetan jarrita banakusa ere, Aragoiko erresumaren erdian, eta etxandere ezereztu edota jazarriaren janzkeran, ni Asturiasko Oviedoarra naiz, jatorri onekoa, lurralde haretako onenekin lotua; baina nire zori ez ona eta aita-amen ezaxola -txirotu zirenak-, ez dakit nola ez dakit nola ez, Gorteratzeko zio izan ziren, Madrilera ekarri nindutela esan nahi dut, eta bakeagatik edo beste gertakizun batzuk ekiditeagatik, andere handiki baten neskame-lanetan gomondu ninduten; eta jakin behar du berorrek, niri zapi zurien eta "bainikak" egiteko atazetan ez didala inork aurrea hartzen. Nire gurasoek neskame utzi ninduten eta lurraldera itzuli ziren, eta handik urte gutxi batzuetara zeruetara igoko ziren, kristau katoliko zintzoak zirelako. Umezurtz geratu nintzen, beraz, eta lansari urri bati lotua, jauregietan halako neskameei ohi zaizkien mesede zekenen pean. Hango aldian, nik haretarako biderik eman ez arren, etxeko ezkutari bat, urtetsu eta bizardun zelako gizondua zena, Erregea bera bezain aitonsemea menditarra zelako, nitaz maitemindu zen. Ez ginen isilpean ibili, gure maitasunak ostentzen, eta nire anderea laster jakinaren gainean egon zen; esamesak-eta eragoztearren, bakean ezkondu gintuen, ama eliza katoliko erromatarraren argipean uztartu gintuen; eta ezkontza haren ondorioz alaba jaio zen, nire zoria, zoririk banuen, amaitzeko; ez ni erditzean hil nintzelako, erditze ona eta ordu onean izan baitzen, nire senarra, harik laster, hil zelako baizik, izutu bat hartu zuen eta zendu zen; oraintxe dena zehazto jaulkitzerik balego, nik badakit berorri guztiz harrituko litzaiokeela.

Negarrez hasi zen, xamur-xamur, eta esan zuen:

Barkatu begi berorrek, On Kixote jaunak,: ezin dut, nire zori txar haretaz gogoratzen dudanean begiak negarretan hasten zaizkit. Jaungoikoarren, zein harrokiro eroaten zuen nire andere nagusia mandeme baten gainean, atxabitxi bezain beltza zenaren gainean! Garai haietan ez ziren gurdirik ez jarraulkirik ibiltzen, oraingoetan ei direnak legez, eta anderaurenak ezkutarien mando-gainetan ibili zihoazen. Hau, behintzat, ezin dagiket jaulki bagerik utzi, nire senarraren heziera ona eta benetasuna erakusten duelako. Madrileko Santiago kalera sartzerakoan, nahiko estua kalea, Gorteko alkate bat, aurrean herrizain bigaz, handik kanpora zihoan, eta nire ezkutari zintzoak ikusi zituenean, mandoari ten egin zion hedetik atzera bere ondora ekartzeko. Nire anderea, hanken gainean zihoana, apal-apal: " Zer dagizu, ezerez horrek? Hemen ni noa, ez dakusazu, ala? Alkateak, berez neurritsu zenak, zaldiari geldi eragin zion, eta erantzun: "Zoaz, jauna, zoaz zure bidean zehar, neronek diot lagundu behar nire andere Kasildari" -nire andere nagusiari hala zeritzon-. Nire senarra, txapela eskuan, alkatearekin batera joan nahi zuela eta nahi zuela; nire andereak hau ikusi eta, amorruz beterik, haserre gorritan, orratz lodi bat atera zuen, edo eztentto bat, nik uste, ontzixka batetik, eta bizkarraldean josi zion; nire senarrak, minaren minez, garrasi egin zuen, zoli, eta soina bihurritu, eta berehala anderea lurrera erori ere bai. Zaltzain bi hurrera zitzaizkion, behingoan, lurretik jasotzeko, eta alkatea ere hantxe herrizainakaz; Guadalajarako Atea, han ondoan egonean alperkerian zegoen "jende" nagia esan nahi dut, asaldatu zen; nire andere nagusia oinen gainean zutitu zen, eta senarra "barberu" deritzon mediku baten etxeratu zen, erraiak alderik alde zulo eginda zituela esanez. Nire gizonaren gizontasuna, adeitsutasuna oso zabaldu zen ahotik ahora, neska-mutikoek berek kalerik kale eroan izan zuten; eta honegatixe, eta gizonak ikusmen txarrekoa zelako ere bai, nire nagusiak egotzi zuen, iraitzi esan nahi dut, eta, nago, atsebage honetatixe, zalantzarik ez, heriotzaren gaitza heldu zitzaiola. Alargun eta zurtz geratu nintzen, alaba aldean, gero eta gero ederrago zena, itsasoan bitsa handitzen dena bezala hura edertzen. Azkenean, ni, langile maratza nintzelako aipu handia nuenez gero, nire andere Dukeak, orduan nire jaun Dukearekin ezkondu berria zenak, ni berarekin Aragoiko erreterri honetaratu nahi izan ninduen, nire alabarekin bat jakina; eta egunak joan egunak etorri, alaba hazten zen, eta aldi berean berakin ludiko liraintasun guztia ere hazten zen: txirritxorroak bezala abesten daki, gogoa bezain arin ibili doa jauzika, emagaldua bailitzan egiten du dantzan, idazten nahiz irakurtzen eskola-irakasle baten antzera daki, eta zikoitza dirudi, "lukurra" dirudi zeinbaketan. Haren garbiaz ez dut asko esango; dabilen ura ez da hura bezain garbia; oraintxe, oker ez banago, hamasei bat urte al du, eta bost ilbete eta hiru egun, gutxi gora-behera. Hitz gutxitan esateko, nire neskatila honetaz baserritar aberats baten semea maitez mindu zen, hemendik oso urrun ez dagoen basoko herrixka batean bizi dena, nire Duke jaunarena den baserria. Halaxe, bada, ez dakit nola eta nola ez, haiek elkarganatu ziren, eta senarra izango zelako hitza eman ei zion baina nire alabari iruzur egin zion, eta ez du hitza bete nahi; eta Duke jaunak badaki, jakin, nik behin baino gehiagotan, sarri, jakinarazi izan diodalako, errenkuraz, guztiz azarbindurik, baserritar horri nire alabagaz ezkondu eragin dagiontzat, baina, harek, ostera, ez entzun, jaramonik ez, abere-saltzaileen belarri gorra du niretzat; zer dela eta, mutil gezurtiaren aitak aberatsa izanik dirua utzi egiten diola eta, noizik noiz haren zorren kitatzaile ere ei da; honegatixe ez dio nahibagerik egin nahi, ez dio gaitzi izan nahi, inondik inora. Hau guzti hau dela eta, ene jaun, berorrek arazo hau konpontzea nahi nuke, oker hau zuzentzea alegia, edo arren eginez edo iskiluez; hemen mundu guztiak badaki berori irainak hausteko jaio zela eta iaioa dela, behartsuen babesteko ere bai, eta hartu haintzat nire alaba umezurtza dena, eta aipatu ditudan on guztiak: haren lirain eta ederra bere neskatilean; Jaungoikoaren eta nire gogo-barrenarengatik diot ez duela nire andere nagusiak neskameetan haren idekorik bat ere, hari zapataren mailara helduko zaionik bat ere; bada bat Altisidora deritzona ernai eta jasoentzat dutena, baina nire alabaren aldean, legoa bitara ere ez zaio heltzen. Berorrek jakin behar du beltz guztiak ez direla ikatza, eta urrea esan baina urria eman egiten dela, ederra eta ona sarritan bi direla ez bat; Altisidora hori handiputza bai, bada, ederra ez, ostera; ileharroagoa da etxekoia baino, osasunez ere ondo ez dago: hats nekatua du eta haren ondoan egotea ezin jasana da. Eta nire andere Dukea ere... Isil nadin; hormak belarriak dituela esaera da eta.

Zer ote du, bada, nire andere Dukeak, ene biziarren, Rodriguez andere? – On Kixotek galdetu zuen.

Otoi bizi hori eginda, ezin erantzun bagerik utzi itaun horri, egia osoz. Ikusten du berorrek, On Kixote jaunak, nire andere Dukearen edertasuna, haren aurpegi-azal ederra, ezpata txukun-labaina dirudiena, haren papo biak esnezko gorri-biziak, batean eguzkia eta bestean iretargia dutenak, eta haren ibilera harroa, lurra zapaltzen eta ostikatzen duela dirudielako, ibilian-ibilian osasuna zabaltzen joango balitz bezala? Jakin, bada, berorrek, eskerrak eman behar dizkiela, lehenik eta behin Jaungoikoari; eta gero, oin bietan dituen iturri biei; zera, ugari ei dituen odol-geldiak, hezabiziak, hortixe isurtzen dituela ei diote sendagile batzuek .

Andere Dona Maria! – esan zuen On Kixotek. Eta, ba ote litekea, bada, Duke nire andereak halako isurbideak edukitzea? Lekaide oinutsik ibili ohi diren horietakoek esan balidate ere ez nukeen sinetsiko, baina Rodriguez andereak diostanez gero egia behar du. Alabaina, halako iturriek eta halako lekuetan, izurria isuri ez al dute egiten, anbare isurkia jario baizik. Benetan, oraintxe sinetsita nago, zeraz, halako iturri egiteaz, osasunerako onak direla eta bainago.

Esaera hau bukatu aitzin, danba! ukaldi gogor batez logelako atea ireki zuten, eta zarataren ikaraldian Rodriguez etxandereari eskutik kandela edo xiribita erori, eta etzangu osoa ilun-ilun geratu zen, otsoaren ahoa bezain beltz, esan ohi den eran esateko. Etxandere gaixoak, esku biez, gogorto, eztarria estutzen ziotela nabaritu zuen, hain gogor ezin zuela intziririk ere egin; beste norbaitek hitzik ez eta gonak jaso zizkion, eta txinel edo oskiño batez, antza, joka hasi zitzaion, ipurdikoz; errukigarria anderea! On Kixote ohean geldi-geldi, ha guztia zer zen ez zekiela, isil-isilik, zirkinik ere ez, hango makil-ukaldia berari ere helduko ote zitzaion beldurrak jorik. Beldurra ez zen edonolakoa; etxanderea talikatua utzita, guztiz hebaindua, osotoro zehatua utzi eta gero (aiene bat egozteko kemenik ezean) borreroek On Kixotegana jo zuten; maindirepetik aterarazi, bururdia kendu, eta atximurka hasi zitzaizkion, zimiko eta zimiko, mingarriro, eta harek ukabilka jagon zuen bere burua, beti ere isil-isilik zegoela. Borrokak ia ordu erdia iraun zuen; mamu emeek alde egin zuten arte. Orduan Rodriguez andereak bere gonak bildu zituen, eta oinazearen oinazez intzirika, aterean irten zuen, On Kixoteri tutik esan bage; berau, mindurik, zimikoz oinazeturik, zeharo nahasia, gogoetatsu eta bakarrik geratu zen, geldi-geldi. Hemen utziko dugu, azken zoritxar hau asmatu eta agiarazi zuen sorgintzaile gaiztoa nor ote zitekeen igarteko irrikitan. Geroak esango du; orain Santxo Pantza guri deika ari zaigu, eta edaskai honen haritik aurrera goaz.