On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

53. atala

Nola amaitu zen Santxo Pantzaren jaurraldia, nolako atzena eman zioten.

"Bizitza honetan zerak beti eta beti bat iraunen duela uste izaitea uste ustela izaitea da; bizitza biribila da, edo biribilketan dabil: bedatsari udaberria darraio, udaberriari uda darraio, udari udazkena edo larrazkena, udagoienari negulehena, eta honi negua darraio, eta negua bedatsari, eta berriz ere gurpil geldiezin honetan aldia badoa firrindaka; giza-bizialdia badoa haizea baino arinago bere amaierantz, eta berriztatzeko itxaropenik ez, beste bizitzan ez bada, berau muga bagekoa da eta." Hauxe Zide Hametek dio, mahomatar jakintzale edo "filosofoak"; izan ere, honelako hau, bizialdi honen laburra eta arina bezain dela biziraundekoa amaiezina alegia, askok du ondo ulertzen izan, nahiz eta sinesgo edo fede izpirik bage, argi hutsez izan; baina, honako hauxe, gure edasle honek zeragatik dio, Santxoren jaurlaritza zein arin ahitu zen, amaitu zen, suntsitu eta ezereztu zen, kean edo itzalean bezala joan zela, adiarazteagatik.

Hura, bere jaurraldiko egunaren zazpigarren gauean, ohean zegoela, ez ogiz ez ardoz ase, epai eta eritzi, legedi eta arautegi egiteaz gogoa beterik bai ordea, loak edo Maria Bekainekok begiak itxiarazten zizkionean, gosea gora-behera, hara, dzanp! zarata handi bat belarrira zitzaion, ezkil eta hitzots, abarrots betea, halako moldez, ezen, uharte osoa urperatua zela irudi baitzuen. Agondu zen ohean, eseri, eta adi-adi egon zen, ea zer ote hango zalapart larri haren zioa; ezin igarri hala ere, eta hitzaroari ezkil-hotsaz gain hainbat eta hainbat turuta-danborren tarrapata gehitu zitzaizkionean, harri eta belarri eginik gelditu zen, sarrakioa sarturik legez; zutitu zen, txinalak jantzi, zorua hezea zelako, eta gainjanzkirik bage, ez beste ezer janzteke, etzanguko aterean jalgi zen, noiz eta hango iragan-leku batean zehar hogei bat lagun zuziak pizturik eskuetan, ezpatak gora, orok batera oihuz, zetozela ikusi zituenean:

Abijeik, iskiluak, jaurlari jaun, abijeik ! Iskiluetara, arerioak aleunka sartu baitira sartu uhartera, eta galduak gara galduak berorren kemenak eta igurdiziak, eskudantzak laguntzen ez badigu, sorosten ez badigu!

Iritsi ziren, hara, Santxorengana, zarata handiz, azantz sorgarriz, tarrapata betean, suturik antzean, eta bera harriturik oso, txundi-txundi egina, entzun-ikusten ari zena zelarik, eta iritsietako batek esan zion:

Har beza berorrek berehala iskilua, galdua nahi ez badu, eta uharte hau guzti hau galtzerik nahi ez badu!

Zein iskilu hartu behar ote dut nik – Santxok erantzun – eta zer dakit nik iskiluez eta sorospenez? Honelako zerak On Kixote nire nagusiari utzi behar zaizkio, di-da baten bidaliko ditu, bai, eta, hor ihes eginen diote apatx-aurtikika; nik, ordea, Jaungoikoari bekatu egina eta, ez dakit deusik horrelako lehiaz edo borrokaz.

Ai, jaurlari jauna! – beste batek – Zelako lasaikeria da hori? Har iskilua; hementxe dakartzagu eraso nahiz jagoiteko iskiluak; irten hortik enparantzara, biz berori gure aurrelari eta kapitain, izan ere berori da, beharko, gure jaurlaria dela eta.

Eman, bada, iskilurik, ordu onean – gehitu zion Santxok behingoan.

Berehalakoan, soin-babes bi ekarri, atorra gainean ipini zizkioten, eta, beste janzkerarik hartzen utzi ez, babes bat gibelean bestea aitzinean, besoak egindako zuloetatik aterata, soka batzuez lotu-lotua, ardatza bezain zuzen, belaunak malgutu ezinik, oinkada bat egin ezinik, guztiz mehartua zeramaten, horma bien artetua bezala, arbin-arbin egina zeramaten. Eskuetan lantza edo azta-makila eman zioten, eta ondo-ondoan eutsi zion ez erortzeko, zutik irautearren noski. Hala eduki zutenean, ibilteko esan zioten, eta aurrean joaiteko, bide-erakusle, eta denei akuilatzeko, gogo emaiteko esan zioten; bera beraien iparra zelako, beraien artizarra, beraien giriseilua eta argia, eta hala izanki hango istilu larriak amai ona izanen zuela.

Nola ibili behar dut, ene zoritxarreko neu – Santxok erantzun – belaun-koskoak ezin baititut tolestu, hauek ohol hauek nire haragiari honen josiak ditudan hauek uzten ez baitidate? Eraman nazazu besoetan, eta ipin nazazu, zutik ala zeharka atetilaren batean edo, nik zainduko dut, nahiz lantza honezaz nahiz nire gorputzaz.

Ibil, jaurlari jaun – beste batek esan zion – ; beldurrak, ez oholek, du berori josia, ibili ezinean, ingiratu eta higi arin bai arin, berandu da eta, arerioak hemen dagoz egon, gero eta gehiago, zalaparta larritzen doa, galtzoria gainean dugu.

Gaitzesanak gora eta tarritadurak behera, iradoki eta jaurlari gaixoari ibilarazi zioten; ibilten hasi eta zanpez! erori zen, eta nola erori zen puskatua zela uste izan baitzuen. Zati-zati eginda zegoela uste zuenean, hantxe, dortoka baten antzera bere maskor edo oskolaren barruan itxia, edo urdai xerra bat ogibitartean, edo txalupa bat zeharretara hondarra jota. Isekagile haiek, aldiz, ez zioten errukirik izan, hala erorita ikusi arren; alderantziz, zuziak iraungi zituzten, berriro oihuka eta lehen baino zoliago egin ere egiteari ekin zitzaizkion, eta abijeik! deidarrez hasteaz batera, iradu joan ziren, arrapaladan, Santxo gizagaixoaren gainetik iragoz, soin-babesei dzast! eta dzast! aiztoka egiten, eta bera uzkurtu zen, burua ostendu nahi gorriaz, oskolen barruan legez kiribildu zen eta, gaitz erdi, bestela, jaurlari gaixoak gaizki baino gaizkiago jasanen zuen, hantxe, uzkur-uzkur, izerditan zegoela; Jainkoari otoi eta otoi ari zen, galune haretarean onik atera zezan. Batzuk, arrapalada haretan, haburiko eginik erori ziren, bat haren gainean zen bestean zerraldo jausita luze egon zen, eta haren gainetik, agirre edo talaia batean egon laso, gudarosteak erabiltzen hasi zen, garrasika, honela ziotsela:

Hona gutarrak, etsaiak alde honetan ugariago! Jagon ataka hura, itxi ate hura, zeharkatu zurubi horiek! Ekar bertzak bete olio irakiten, ekar lapikoak bete bike eta lerdo! Lezoindu karrika lastairez!

Azkenean, harek' guda-tresna guztiak eta tramankulu guztiak aipa eta aipa ziharduen, sutsuro, hiri baten zaintzarako ohi diren gudabes guztiak hain zuzen; eta Santxo, bitartean, talikatua, dena entzun dena jasan, bere buruarekin mintzo: "Oi, nire Jaunari nahi balekio, behingoz uharte hau gal eta amaitzea betiko, eta ni hilik edo larrialdi gaitz honetatik at!" Zeruak, antza, entzun zion, eta usterik gutienean, ahots batzuk belarriratu, honela:

Gurenda, gurenda! Arerioak garaituak izan dira, badoaz! Ea, jaurlari jauna, jaiki bedi berori, betor garaipen honetaz gozatzera, eta etsaiei harrapatu hondakinak banantzera, berorren beso zangar garaitezin horri esker harrapatuak, haretan ere!

Eraiki nazazue – esan zien Santxo oinazetuak ahots mintsuaz.

Jaikitzen lagundu zioten, zutik jarri eta esan:

Nik mendean hartu etsaia nire kopetan josia nahi nuke. Ez dut nik etsaien hondakinik banandu nahi, bai, ordea, adiskide bati, baldin adiskiderik geratzen bazait, hurrupada bat ardo eskatu, eta otoiz galdatu, lehortzen hasia naiz eta, ihartzen, eta izerdi hau xukatzeko ere eskatu, urtuko bainaiz, bestela.

Ikuzi zuten, garbitu bat eman esan nahi dut, ardoa ekarri zioten, soin-babesak askabiatu zizkioten, ohe gainean eseri zen, eta izuaren izuz, larriaren larriz, nekearen nekez, zorabiatu eta konortea galdu zuen. Isekagileei hain iseka larria egin izana damutu zitzaien; baina Santxo bere onera etorri zela ikusi zutenean zorabioaren damua nolabait moteldu zitzaien. Zenbat orenak ziren galdetu zien, goizaldea zela erantzun zioten. Isilik, beste hitzik egiteke, janzten hasi zen, beti isil-isila, beste guztiak han hari begira zertan ote janzteko lehia hura. Jantzi zen, eta poliki-poliki, talikaturik eta hebainak soin osoan zituela eta ezin arin-arin, zaltegirantz jo zuen, hango guztiak atzetik zerraizkiola; astoarengan heldu eta astoari heldu zion, besarkatu zuen, bekokian bake-mun bat eman, eta, malkoak begietan, hau erran zion:

Hator hona, hator, ene lagun eta adiskide nirea, neronen neke eta apoita guztien eramaile edo garraiokide: ni hirekin ibili ohi nintzenean, eta hire hornidura baizik eta hire sointto horretako bastak eta ongi artatzeko baizik ez nuela gogoan, hire zaintza bertze axolarik ez nuenean zorionekoak zituan nire orduak, nire egunak eta nire urteak; hi utzi eta gero, baina, handinahikeriaren eta harrokeriaren dorrera igo eta gero, baina, nire arima barruan honenbat lazeria, honenbat neke, eta bertze honenebertze ezinegon, kezka eta kezkura, eta gehiago sartu eta sortu izan zaizkidak

Hitzok egiten zituen bitartean, astoa bastaz janzten ari zen, inork ezer ez ziotsola. Belarriluzea bastaturik, tamal handiz damuz betea, gainera igo zen, sehiburu, idazkari, mahaizain eta Pedro Recio doktore eta han zegozen guztiei begira jarri zen eta honela esan zien:

Zabaldu bidea, ene jaunok, utzi niri lehengo askatasunera itzultzen, utzi niri joaiten antzinako biziera bilatzera, egungo heriotza honetatik berpiz nadin. Jaurlari izaiteko ez nintzen jaio, ez eta uharte edo hirien zaintzaile izaiteko ere, etsaiek eraso nahi dietenean. Haitzurketan, jorran, goldatu edo ildautsi behar denetan, mahasti-saraketan hobeki dakit nik iharduten, lege emaiten edo herrialde-erresumaren zainketan baino. Jaun Done Petiri ongi Erroman dago: nor sortu den bere ogibidetan ohiz hobekienik dagoela erran nahi dut. Jaurlariaren makila baino nik igitaia eskuan hobe; ni gosez hil nahi nauen sendagile ezdeus baten lazeriaren azpian baino "gazpatxoz" ase nahiago dut; nahiago, bai, arte baten itzalpean udan etzan, artilezko txamar zakar batez neguan estali, beti neure gain, askatasunean, ezen, ez holandazko maindiretan, pitotx-larruz jantzia, beti jaurlarigoari lotua oheratu. Gera bitez beroriek Jainkoarekin, eta erran Duke nire jaunari larrugorritan sortu nintzela, larrugorritan nagoela, ez gal ez irabaz; erran nahi baitut ezen sosik bat ere bage sartu nintzela eta bage jalgiko naizela jaurlaritzatik, ez bertze uharte batzuetako jaurlariak bezala. Baztertu, utz niri joaiten, txaplataz lotzera noa, saihets-hezur guztiak etenak ditudala uste dut eta, gauon nire gainetik ibili diren etsaiei esker.

Ez horixe, jaurlari jaun, ez da horrela behar – esan zion Recio sasi-sendagileak – edabe bat emanen diot berorri eroriko nahiz makil-ukaldi edo kazkakoren sendagarri, lehengo osotasun eta bizkortasuna itzul diezaion; janariari buruz, bada, zin dagiot berorri honik aurrera zuzenduko naizela, zentzatuko naizela, nahi beste eta dinbat jaki emanen diodala, erruz.

Garaian! Ordu luke! – ihardetsi zuen Santxok – Berandu baina; heben geratzea baino lehenago turku. Horrelako "musikak" ez dira birritan jasaitekoak. Jainkoarren, honetan gera banendi ere, ez nuke bertze behin jaurlatzarik onartuko, bi orritsen artean emanik ere, ortzian goiti hegorik bage hegan egitea bezala litzateke eta. Pantzatarren etorkikoa naiz ni, burugogorrak guziak, eta behin eko erran badugu uko da, beharko, mundu guzia gora-behera, baiko izanagatik ere. Begoz heben, zaltegi honetan, inurriaren hegoak, eguratsean gaindi igoarazi nindutenak, ainarek eta bertze txoriek jan nindezaten; itzul nadin oinez lurraren gainean ibiltera, eta "kordobanez" apainduriko oskiekin ezin bada, espartzazko espartinak izanen dira. Ardi bakoitza bere artzainarekin, eta ez dezala inork zangoa maindirea den baino luzeago luza, ea, utz biezadate iragaiten, berandu zait eta.

Sehiburuak esan zion:

Jaurlari jaun, utziko genioke, bai, berorri joaiten, gogo onez gainera, baldin tamal handiak joko ez bagintu berori galtzeagatik, izan ere berori hain buruargia eta kristau zintzoa izanik maitagarria da oso; honela ere, jaurlari batek bere lekua hustu behar duenean, jakina da, jaurgoan eginikoaren berri zehatza eman beharra du; eman berorrek hamar egunotako bere jaurraldiaren azalpena eta bihoa bakean Jaungoikoarekin.

Ez niri nehork galdatu horrelakorik, Duke nire jaunak agintzen ez badu: ni berarengana noa, eta berari zehatz-mehatz emanen diot ororen berri; are gehiago, ni larrugorritan jalgiko naiz, oraintxe biluz, eta hauxe da zantzuetan zantzurik zentzuzkoena nik, Santxok, aingeru baten antzera jaurri izan dudalakoa.

Arraioa, eta "arrazoia" du Santxo handiak – Recio doktoreak esana – alde egiten utzi behar diogula nago, Dukeak ikusi orduko poztu behar du tint.

Denak baietz, bat etorri ziren, eta joaiten utzi zioten, ez aurretik behar zukeen laguntza eskaini bagerik, eta bidaiarako nahi zukeen guztia, bai eroso ibiltzearren bai bere burua ondo erabiltzearren, opa zioten. Astoarentzat olo pitin bat eta beretzat gazta erdi ogi erdiarekin besterik nahi ez zuela adiarazi zien; bidea laburra zela eta gehiagorik ez hoberik behar ez zuela. Denek besarkatu zuten, eta harek, negarretan, denak besarkatu zituen, eta harriturik utzi ere bai, hala haren esaldiengatik nola haren erabakiortasun sendo-zuhurragatik.