On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

56. atala

On Kixote Mantxako eta Tosilos zaltzainaren arteko borroka latz egundainokoa, Rodriguez etxandearen alaba zuritzekoa azaltzen duen atala.

Ez zitzaien damutu, ez garbaitu Dukeei, jaurlaritzaz Santxo Pantzari egin iseka; gainera, egun haretan bertan sehibura etorri zitzaien eta, zehatz-zehatz, Santxok egun haietan eginiko edota esaniko eginak eta esanak oro jaulki zizkien, uharteari eratutako erasoa, eta Santxoren beldurra, eta irteera azaldu zizkien; ez ziren gutti alaitu hura guztia entzunaz. Edaskaiak dioenez, harez gero, borroka eguna heldu zen, atzeratua geratu zen eguna. Dukeak ondo baino hobeto trebatu zuen, bai, Tosilos bere zaldi-mutila, On Kixoterekikoa behar bezala egin zezan, menpean hartu behar zuen baina hil edo zauritu ez; lantzetako mustur-burdinak edekitzeko agindu zuen, borroka hain arriskugarria eta bizia bera ken-zorian ezar zezakeena kristautasunak onartzen ez zuela jakinarazi zion On Kixoteri; nahikoa egiten zuela bere lurrean borroka-zelaia utzi izana, Kontzilio santuak emaniko aginduaren aurka, haretan ere, ha bezalako erronkak edota nor-gehiagokak debekatuak zituelako; ez zuela hain zorrozki eraman nahi haien arteko zera. On Kixotek' harek nahi bezala egin zezan esan zion, apal-apal, orotan men eginen ziola. Heldu zen, bada, beldurrezko egun zorionekoa; Dukeak gaztelu aurreko larrain batean urkatoki zabal bat gertutzeko agindua zuen, batean borroka-epaileak eta ama-alaba auzigileak egon zitezen; inguruetako herri, herrixka edota baserri guztietatik heuragi auzo, lagun ugari-ugari jin ziren, borroka hura ikusteko irrikitan, ordura artean inoiz ikusi bagekoa, herrialde hedatsu haretan, behintzat, halakorik inoiz ez ikusia, ez bizirik zirenek ez hildakoek.

Borroka-zelai hesitura sartu zen lehena eginkizun-maisua izan zen, eta alderik alde zehartu zuen, haztatu bezala ikertu zuen, inolako iruzurrik gerta ez zedin, eta behaztoporik edo sostorrik edo erortzeko zerik egon ez zedin; gero etxandereak sartu eta euren lekuetan eseri ziren, begietaraino buru-oihalez estaliak, eta paparretaraino ere bai, mindun itxura handiak eginez, On Kixote hesolaren ondoan zegoelarik. Harik guttira, turuta-hotsen laguntzarekin, larraineko albo baterean, zaldi sendo baten gainean, Tosilos zaltzain handia agertu zen, lurraren ikara eraginez, buruko babesa ondo buruan sartua, iskilu gogor bezain distiratsuak eskuetan, osoki burdinaz jantzirik. Zaldia frisiarra zen, mardoa eta beltzurdin karakoa, lau aztaletatik ile mordo betea zeriona. Borrokari zangar ha ondo jakinaren gainean zetorren, zer eta nola egin behar zuen, Duke bere jaunak haretaratua, On Kixote Mantxako bihoztunari aurre egitean; inola ere ez hiltzeko agindu ziola badakigu, lehenengo talkan ihesari emaiteko baizik, heriotza-arriskutik alde egitearren, bete-betean joko bailuke halakoren baten. Larrainean zehar ibili eta etxandereengana heldurik, hara, senartzat hartu behar zuenari begira jarri zen. Zelaiko maisuak On Kixoteri dei egin zion, larrainean bazegoena, eta Tosilosen ondotik etxandereei itaun egin zien ea On Kixote Mantxakori baimen emaiten ote zioten beraien eskubidea lor zezan. Baietz esan haiek eta eginen zuen guztia ondo egintzat emanen zutela, zangarra bezain errimea zelako.Ordurako Duke jauna anderearekin, hesiduraren gaineko behatoki batean jarrita, inguru osoa "jendez" lepo, hango nor-gehiagoka inoiz ikusi bage hura ikusteko grinaz. Baldintza bat zuten borrokalariek, eta zera zen: On Kixotek garaituz gero aurkariak Rodriguez etxanderearen alabagaz ezkondu behar izanen zuen; alderantziz, hura garaitua izanez gero, aske geratuko zen, jareginik, eskatu hitza betetzeko beharkizunik bage.

Borroka-maisua lurrunea erdibitu zien, eta bakoitza egon behar zuen lekuan jarrarazi zuen. Danborrek hots egin zuten, turutek eguratsa burrunbaz bete zuten, lurra zebilkien ikara; ikusle andana haren bihotzak oro begietsita zegozen, harako zer hura gaizki gertatuko zela eta beldurrez batzuk, ongi nahian bestetzuk. Azkenean, On Kixote erasotzeko aieruaren zain, aurretiaz, bihotz-bihotzetik bere burua Jaungoiko gure Jaunari eta Dultzinea Tobosoko andereari eskainita; zaltzaina, alabaina, gogoeta batzuk zerabiltzala zegoen: orain esanen dudanaz hausnarrean ari zen.

Bere etsai edo izterbegiari begira zegoenean, agidanean, bizitza osoan ikusitako emakumezkorik ederrena eritzi zion; eta Maitasun esaten dioten ume koxkor itxu horrek ez zuen aukera galdu nahi izan, zaltzainezko arima baten gainean garaitzaile gertatzeko, eta, halaxe, ezarian-ezarian, polliki-polliki, zaltzain gaixo hari dzast! gezi bat josi zion, bi kana luze, ezkerreko aldetik, bihotza erdiz erdi zeharkatu ziona; egin ere lasai asko egin zuen, ziurrez, Maitasun ikusezina delako, nahi duen lekutik lekura sar-jalgitzen da, inori bere egitekoen berririk eman ez beharrez. Diodana, beraz, erasotzeko aierua egitean gure zaldi-mutila gogoetez besteratua zegoen, ordurako bere askatasunaren andere egin berria zuen haren ederraz pentsaketan; ez zen ohartu, honegatik, ez zuen turuta-hotsa entzun; On Kixotek bai, eta berehala, entzun bezain laster, esetsi zion, Rozinante ahal baino arinago, eta etsaiari erasotzera egin zuen; Santxo bere ezkutari zintzoak ikusi eta ahots larriz esan:

Jainkoak lagun diezaiola zaldun ibiltarien gaina eta bikainari! Jainkoak garaipena, zure aldean zuzena daramazu eta!

Tosilosek ikusi zuen, On Kixote bere gainera zetorrela ikusi bai, baina ez zuen zirkinik egin, geldi; ahots handiz, maisuari dei egin, berau zer nahi ote jakin nahiz etorri zitzaion eta hauxe:

Jauna, borroka hau ez al da ni hango andere harekin ezkondu ala ez ezkondu erabakitzekoa?

Bai – erantzun zion.

Ba – zaltzainak berriro – nire barrena lasaitu guran, eta borroka honetan aurrera joango banintz nire gogo-barrenari zama larria erantsiko nioke, amore eman nahi dut, eta andere harekin ezkonduko naiz.

Borroka-zelaiko maisuari harritu zitzaion, baina hango trikimailu haren jakitun zelako ezin zion tutik erantzun. Bide erdian On Kixote gelditu zen, aurkariak aurka egiten ez ziola ikusi ondorean. Dukeak ez zekien zer zela eta hango borroka gelditua zen, baina maisua, berehalakoan, Tosilosek esaniko guztia aitortzera hurreratu zitzaion; esan eta entzun eta harritu eta haserretu eta sumindu eta hori batera. Bien bitartean, Tosilos' Rodriguez anderearengana joan zen, eta ozenki honela esan zion:

Nik, andere, zure alabarekin ezkondu nahi dut, eta ez dut borroka bidez edo auzi bidez lortu nahi, on-onean eta heriotza-arriskurik ezean erdiets dezakedana.

On Kixotek entzun eta esan:

Hori horrela izaitera, nik emandako hitza beterik dago, aske eta jara eginik nago, beraz: ezkon bitez ordu onean eta Jaungoiko gure Jaunak emanikoa Done Petirik bedeinka dezala.

Dukea ordurako larrainera jaitsia zen, Tosilosengana eta esan zion:

Egia ote da, zaldun, amore eman duana, eta hire gogo-barren beldurberak bultzatuki andereño horrekin ezkondu nahi duana?

Bai, jauna – Tosilosek erantzun.

Ongi egiten du – esan zuen Santxo Pantzak orduan – orari eman behar diozuna emaiozu katuari eta kito.

Tosilos buruko babeskia eranzten hasi zen, laguntzeko arren esaten zien, lehen bezain lehen, hatsa hartzeko mataratzu zuela eta, ezin bere buruaz hango estura haretan luzaro itxita ondo burutu. Berehala erantzi zioten, eta agerian haren zaltzain itxura. Rodriguez andereak eta alabak ikusi zuten eta, oihuka, honela zerauntsoten:

Hau iruzurra da, iruzurra da hau! Tosilos ipini digute, gure Duke jaunaren zaldi-zaina, nire egiazko senarraren lekuan! Jaungoikoaren eta Erregearen zuzentza' maltzurkeria honen aurrean, zitalkeria ez esatearren!

Ez arduratu, andereok, ez axanpatu – On Kixote mintzo – ; hau ez da maltzurkeria ez zitalkeria, eta izan bada, errua ez da Dukearena izan, nire atzetik ibili ohi dabiltzan sorgintzaileak dabiltza hemen, eta borroka honetan gurenda neronek jasoko nuenaz bekaizti, zure gizonaren aurpegia antzaldatu dute, Dukearen zaldi-mutila omen den hau bihurturik. Aholku bat emanen dizut eta har iezadazu, arren, nire etsaien gaiztakeriak gora-behera, ezkon zaitez horrekin; izan ere, horixe duzu, zalantza bagerik, senartzat nahi duzun ber-bera, noski baino noskiago.

Hau entzun eta Dukea bere sumindura barre-algaraz urratzeko zorian gertatu zen, eta esan:

On Kixote jaunari gertatzen zaizkion zerak hain dira ezohikoak, inonerekoak, ezen, nire zaldi-mutil hau izan ere ez dela sinesteko gerturik bainago; baina egin dezagun iruzur honetaz: hamabost egunez ezkontza geroagotuko dugu, nahi badute, eta, bitartean, eduki dezagun zalantzazko nordin hau barruitxita, baliteke egunotan bere lehengo itxura edo irudira itzultzea; ez dut uste On Kixoteri sorgintzaileek dioten herra horrek hainbeste iraun dezakeenik, areago horrelako iruzur edo antzaldatze edo hori egitea hain erraza zaiela eta.

Oi, jauna! – Santxok harzara – badute, bada, horrako doilor bihurri horiek ohitura edo ekandua txit hartua, nire nagusiari doazkion zer horiek bata bestearekin zertzeko, zeretik zereratzeko. Hara, lehengo egun batean garaitu zuen zaldun bat, Ispiluetakoa zeritzona, Sanson Carrasco bihurtu zuten itxuraz, berau gure auzo eta adiskide hurkoa duguna, eta nire andere Dultzinea Tobosoko nekazari zakar eta zantartua dute; honen kariaz, bada, nire eritziz, zaltzain hau beti zaltzain izanen da, hil arte bizi, bere biziaro osoan.

Rodriguezen alabak honela iharduki zion:

Nor nahi den ere delarik, ni emaztetzat hartu nahi nauen hau biz -nik eskertzen diot-; zaldun baten ohaide edo bizilagun atzipetua baino zaltzain baten emazte legezkoa izan nahiago dut; gainera, niri ziria edo zipotza sartu zidana ez da zalduna.

Bukatzeko, gertaera hauek eta hantxe geratu ziren, nola eta honela: Tosilos barru batean bildu zuten haren antzaldaketa hura nola amaitzen zen ikusi arte; On Kixoteren gurenda handia orok txaloka goretsi zuten, gutiz gehienak, aldiz, ilun eta goibel geratu ziren, zergatik eta borrokalari haiek elkar jota, txikiturik, gertatu ez zirela ikusi izaiteagatik, umeak bezala, hots, urkamendira bidean urkagaia, barkatu diotelako, urkatzeke uzten dutenean umekondoak kopetilun geratzen diren bezala. Alderatu zen handik lagun andana, gazteluratu atzera On Kixoterekin Dukea, barruitxirik Tosilos, eta poz-pozik "dona" Rodriguez alaba bezain, zeren, batetik ez bazen bestetik, azkenean ezkontza eginen zutela baitzekusaten, eta Tosilos ere haren zain.