On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

61. atala

On Kixoteri Bartzelonako atarian gertatu zitzaiona eta beste zeinbat gertaera, egiazkoak noski baina ez hain zentzu onekoak, jakitera emaiten den atala.

Hiru egun eta hiru gau eman zituen On Kixotek Roquerekin, eta hirurehun urte eman balu ere, horrexen bizieran zeri begiraturik eta begietsirik beti ukanen zukeen: hemen goizean goizik, han bazkaldu, behin ihes egin, nori egin ordea jakiteke, beste behin iguriki, nori ez jakinez. Lo zutik egiten zuten, loaldia etenez, beste gune batera aldatzeko. Zelatariak hemen, barrandariak han, goaitarien deiadarrak aditu, arkabuzen drin! drin! hotsak entzun, arkabuzak guti eta zizpoletak ugari izan arren, eta horrela beti eginahal guztian. Roquek ez zituen gauak bere lagunen artean emaiten, haiengandik bazter baizik, non zegoen ez zekiten leku baztertuetan; zergatik eta, zeragatik, hots, Bartzelonako erregeordeak beraren biziaren gainean agin-aldarri batzuk eginak zein hedatuak zituen, haren buru-eske zebilen, eta beti urduri, beldurrez artege bizi beharragatik, ezin inorengandik entzindu areanik, bere kideek berek zer eginen ote beldurrak jorik, hil eginen ote zuten edo epaileei salduko ote zieten: benetan, biziera lazgarri bezain esteiaria.

Azkenean, ezohiko bideetan zehar, bidezidor edo inda estarietan barrena, Roque, On Kixote eta Santxo sei ezkutarirekin Bartzelonarantz ibilasi ziren.Done Joanesen aurreko gauean hango bertako hondartzara iritsi ziren; Roquek bai On Kixote bai Santxo besarkatu zituen, beroni agindutako hamar ezkutuak eman zizkion, ordura arte eman bageak zeduzkalako, eta elkarri beredin opa egin baikoz, bertan utzi zituen alde eginez.

Roque berera itzuli zen; On Kixote arturratu zuen arte itxaroten geratu zen, zegoen zegoenean, zaldi gainean. Ez zen oso berandutu Ekialdeko behatokitik ortzargi zuria agertzen hasi zeneko, belar-lilien pozgarri, isiltasun osoan; berehala, ostera, belarriak alaitzeko zarramiola ugariren hotsak, atabal askoren durundiak, txintxarrien kriskitinak entzuten hasi zirren "tarrapata, tarrapata, bazter, bazter" oihuak ere entzuten, hiritik irteiten zuten, antza, lasterkarienak. Ortzondoaren ondotik eguzkia agertu zen, erredola baino handiagoko arpegiarekin, pitinka-pitinka hodeiertzetik gorantz zihoana.

On Kixotek zein Santxok alde guztiei begira eta begira egin zieten: itsasoa ikusi zuten, une haretara arte inoiz ikusi bagea; zabal-zabala eta luze-luzea iruditu zitzaien, Ruiderako aintzirak baino askozaz areago, Mantxan ikusitakoak berauek; hondartzan zegozen galerontziak ageri zitzaizkien, ikurrinxka eta ezagutoihalez beteak, haizearekin batera dardarika, gezalari munkatuz, laztanduz zebiltzanak; ontzigainean turutak eta txabilak hots egiten, eguratsa soinu gozo bezain gudakoiez betetzen ari zirenak, hur nahiz urrun. Higitzen hasi ziren, ur barean gudu-antza egiten, eta, aldi berean, hiritik irteniko hainbat itzeragoile, zaldi ederren gainean janzkera ikusgarriekin, elkarrerasoka bezala. Itsasontzi luzeko gudagizonek heuragi kainoikada egiten zuten, hiriko harresi edo gotorlekuetan zegozenek berdin ihardesten zieten; kainoitzarrek, ikaragarrizko danbadez, haizeak urratzen zituzten, goiak lehertzeraino, eta beste aldetik, galerontzi barruko kainoiek danba! eta danba! eta danba!. Itsasoa bare, lehorra apatz, eguratsa goihara, kainoiteriaren kea zen zikina; eta hango lagun ugari guztiak gogotsu, bat-batean gero eta gero alaituago bezala, bizkortuago. Santxok ezin zuen burutara sartu nola ote zuten hainbeste oin itsasoan zebiltzan "katxarro" haiek.

Jantzi berdinekoak, une haretan, On Kixote harriturik eta zurturik zegoen lekura heldu ziren, antxintxika, oro lekaio, mairu-irrintzi, oro santzo eta zinka, patarraka betean; eta haietako batek, Roquek aurretiaz irakatsia zenak, On Kixoteri goraki ele egin zion:

Ongi jina gure hirira zalduntza ibiltari guzien ispilu, giriseilu, izar, ipar eta ikurrik hoberena den hori. Ongi jina izan dadila On Kixote Mantxako bihoztuna; ez bertzea, aizuna dena, gezurrezkoa dena, ez egunotan sasi-kondaira zeinbaitek erakutsi ukan digun izenik bagetua; egiazkoa baizik, zinez zintzo eta zindo dena, Zide Hamete Benengelik, kondairagileen bikainak hitziruditua baizik.

Ez zion tutik erantzun On Kixotek, ez zaldizko haiek erantzun zain gelditu; hasi ziren denak nahaspilan, inguru-minguru, On Kixoteren baranoan biraka, hara-hona korapilatsu batean, eta Santxori begira bihurturik On Kixotek esan zuen:

Hauek ondo ezagutu gaitiztek: gure kondaira irakurri dutela eginen nikek, eta aragoitar horrek argitara berria duena ere bai.

On Kixoteri ele eginiko zalduna beste behin itzuli eta mintzatu:

Zatoz gurekilan, On Kixote jaun; garenok oro zure mutilak gaituzu, Roque Guinarten adiskide minak.

On Kixotek erantzun:

Gizalegeak gizatasuna eratortzen badu, berorrena zaldun jauna, Erroke handiaren legeen haurride edo senide da. Eroan nazala nahi duen lekura, neronen nahia berorrena da, are berorren zerbitzurako bada hobe.

Hitzetan neurrizko eta sotilki erantzun zion zaldun harek eta, ororen erdian hartua, zarramiola-danbolinen hotsarekin, hirirantz hasi ziren. Hiriko atarian zirela, gaiztoa, gaiztakeria guztien egilea, eta nexka-mutilkoak, gaiztoa baino gaiztoago ohiz, jendearen artetik irazi ziren, bi bihurri bezain aurrerak zirenak, laguneria artean sartu eta, batak Rozinanteri, besteak astoari, buztanak jaso, eta uzkian eskutada bana ote eman zieten. Abere gaixoak, ezten berria sumatu eta jasan zutenean, buztanak estutu, mina areagotu, eta ipur-aurtika hasi ziren, bilinbalaunka, beren bi zamaldunak lurrera egozteraino. On Kixote, haserre bizian, lotsak hartua, bere zalditzarraren buztanpetik "ote-adatsa" kentzera, Santxok astoari berdin. Mutilko haien ausarkeria zigortu nahi ukan zuten On Kixoteren aintzindariek, baina ezin, haien atzetik zetozen beste milaren arteratu baitziren.

Nagusi-morroeak berriro zamarien gainera eta, esku-zarta hotsen artean, hainbat soinuz lagundurik, txalo-zaparradak isiltzeke, heldu ziren, bidean erakusle izan zitzaien gapare aberats handi (etxea ere honelakoxea) haren etxera; eta Zide Hametek nahi duelako oraingoz bertan utziko ditugu.