On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

64. atala

Ordura arte gertatu zitzaizkionen artean On Kixoteri atsebagerik handiena eman zion jazokuntzaz.

Edaskaiak dio eta hala behar du, On Antonio Morenoren emaztea oso-oso poztu zela Ana Felix bere etxean ikusiaz. Begitarte ona egin zion hala haren ederragatik nola zentzu onagatik, batean zein bestean neska guztiz egin-egina baitzen; hiriko lagunik asko, denak abantzu, ikustera etorri izaiten zen, ezkila jota legez.

On Kixotek ez zuen begi onez ikusi On Gregorio askatzerako erabaki hura, eta halaxe adiarazi zion On Antoniori, zeren, arriskugarria baitzen egokia baino areago; bera bere iskilu eta zaldiagaz Berberiara bidaltzea hobe zela, eta mairuteria guztia gora-behera berak handik ateraraziko zuela, On Gaiferosek bere emazte Melisendra egin zuena bezala.

Ohar bedi berori – Santxok entzun eta esan – On Gaiferos jaunak bere anderea lehorretik aterarazi zuela, eta lehorrean gaindi Frantziaratu zuela; hemen, berriz, On Gregorio aterako bagenu ere, ez genuke nondik Espainiaratu, bien artean itsasoa dago eta.

Denetarako bazagok irtenbiderik, heriotzarako ez bada – On Kixotek – ; ontzia itsasertzera helduz gero, ontzira ahal gintezkek, mundu guztia aurka jarriko balitzaigu ere.

Aisa eta ongi asmatzen du berorrek eta errazten – Santxok esana – ; baina erraitea bat eta egitea bertze bat da; ni fede-ukatzaile horri natxakio, gizon on eta xede garbiko erizten baitiot.

Azkenean, On Antoniok' fedebakoarena ongi gerta ez baledi, bada, On Kixote handia Berberiara iragaiteko aukera haintzat hartuko lukeela esan zuen.

Harik bi egunetara, fedebakoak ontzi arin batean irten zuen, albo banatan sei arraun, marinel zangar askoak tostarteko; bi egun geroago galerontziak Levante alderantz joan ziren. Buruzagiak erregeordeari zer nahi gerta ere jakinarazteko esan zion, On Gregorioren askatasunaz zen bezainbatean, edota Ana Felixez; erregeordeak hala eginen ziola eman zion hitz.

Goiz batez, On Kixote hondartzara ostera bat egitera joanda, iskilu guztiak aldean zeramatzala, zeren, berak esan ohi zuen eran esatearren, haiek iskiluak bere apaindura baitziren, eta borroka bere atsedena, eta haiek bagerik ezin etsi izaiten baitzuen inon, urrundik zaldun bat bereganantz zetorrela urkusi zuen, goitik behera iskiluz apaindua, erredolan ilargi argitsu bat margoztua; entzuterrean zegoela, ahots ozenez, On Kixoteri buruz mintzo, esan zion:

Zaldun ahotua eta inoiz behar bezain ospetsutua zaren On Kixote Mantxako, ni Ilargi Zuriko Zalduna nauzu, agian nire egitsari eskergeen oroitzapenak nire izena erakarri dizu; zurekin lehian ihardutera nator, zure besoen indarra neurtzera, ezagun dezazun eta aitor dezazun, nire anderea, nor nahi den ere, zure Dultzinea Tobosoko baino ederragoa dela, zalantza bage; egia hau aho betez aitortzen baduzu zure heriotza ekidinen duzu, eta niri zu hiltzeko lana ere bai; borroka nahi baduzu, ni garaitzen banatzaizu, zuk iskiluak bertan utzi, arrisku bila ibiltzeari utzi eta zure etxera itzul zaitezen nahi dut, urtebetez, ezpatari eutsi bagerik bizi zaitezen, bakean beti, barealdi lasaian egon zaitezen, zure ondasunari on datorkiokeelako, bai eta zure arimari berari ere; zuk ni menpean hartuz gero, aldiz, nire burua zure esku, nire iskiluen hondakinak zureak, nire zaldia ere bai, nire egite handien aipu zure onerako. Begira, bada, zer duzun hoberen, eta emaidazu aditzera; egun osoa dut gure arteko hau, arazo hau bukatzeko.

On Kixote sor eta lor gelditu zen; batetik Ilargi Zuriko Zaldunaren harrokeria, bestetik aupada egiteko zioa, eta emaro bezain zorrotz ihardetsi zion:

Ilargi Zuriko Zaldun, zeinaren egitsari edo dena delakorik oraintxe arte inoiz entzun ez baitut, nik neronek zin egitera behartuko zaitut zuk ez duzula inoiz ekusi Dultzinea argitsua; ekusi izan bazenu ez zinateke, badakit, horren eskakizun zuztar bagekorik egiten etorriko, zeren, haren ekuste hutsa aski baitzenuke, harekin erkatzeko ederrik ez dela eta ezin dela jakiteko, ez eta hurrik eman ere; honela, beraz, ez gezurra diozula baina bai zure eskarian oker zagozela esanki, zuk ezarritako baldintzak eta guzti, zure erronkari baietz diirautsot, onartzen dizut, hor dago; eta berehalakoan, zuk erabakitako egunaren muga ez iragoteko; dena dela, baldintza horietatik bat ez dut onartzen, zure egite handien aipua nireganatze hori hain zuzen, ez baitakit zer edo zelakoak diren egite horiek: nireekin nahikoa dut, direnak direla. Har ezazu, bada, nahi duzun zelai-aldea, nik berdin eginen dut eta Jaungoikoak emana Done Petirik bedeinka dezala.

Hiritik Ilargi Zuriko Zalduna urkusi zuenik izan zen, eta erregordeari esan zion, eta On Kixote Mantxakoarekin hizketan ari zela ere jakinarazi. Erregeordeak hondartzara jo zuen, hangoa On Antonio Morenok, edo hiriko beste aitonsemeren batek, gerturiko jazoaldi berriren bat izan zitekeelakoan; On Antonio eta beste gizonezko ugari zaldiz batu zitzaizkion, eta hara iristerakoan, On Kixotek uhaletik ten eginaz Rozinanteri bihurtzeko eragin zion, eurt!, behar zuen zalai zatia hartu asmoz. Hura ikusi zuen erregordeak, erdian jarri, elkarri eraso behar ziotela oharturik, zergatik edo zertarako eginen zuten halako borroka oharbagea itaundu zien. Ilargi Zuriko Zaldunak edertasun-lehia bat zela azaldu zion, hitz laburrez On Kixoteri esan zizkionak berresan, eta biek onarturiko baldintzak zeintzuk ere zehaztu zizkion. Erregeordea On Antoniogana hurbildu zen, eta harako zalduna, Ilargi Zurikoa, nor zen ba ote zekien galdetu zion, edo hura beste iseka bat ote zen On Kixoteri egin nahi ziotena. On Antoniok ez zekiela, ez nor zen hura ez hango erronka edo lehia isekazkoa ala egiazkoa ote zen. Erantzun honek zalantzan jarrarazi zuen eta erregordeak, hantxe, utziko zien ala ez zien borroka egiten; azkenik, iseka baizik ezin izan zitekeela oturik, bazterrera zen eta esan zuen:

Zaldun jaunok, hemen aitortu ala hil beste irtenbiderik ez badago, eta On Kixote jauna bere tenean badago eta berori, Ilargi Zurikoa, berorren ten-tenean, bada, Jainkoari eta eman.

Ilargi Zurikoak baimen hura gizalegez eta esaldi zuhurrez erregeordeari eskertu zion; On Kixotek berdin egin zuen, eta bere burua zeruari bihotz-bihotzez eskaini ondorean, eta bere Dultzineari noski (borrokan hasi baino lehen ohitura zuen eran), zelai zati pixka bat gehixeago hartzera bihurtu zen, aurkariak berdin zegiela ikusi zuelako. Ez turutarik ez guda-hoskailurik joiteke, erasotera egin zuten, zaldien uhalak erabiliz lasterka hasi ziren, eta Ilargi Zurikoarena arinagoa zenez, On Kixoterena baino bi heren aurrerago heldu zen eta hantxe, bertan, indar hain indartsuaz hartu zuen, lantzaz uki bagerik (zirudienez, nahita goratu zuen, beren-beregi) ezen, Rozinanterekin On Kixote lurrera erori zela, eroriko larri batez. Gero, honenganatu zen, gainetik, lantza kopetakoaren gainean ipini eta esan zion:

Azpiratua zara, zaldun, eta hilik ere zagoz, oraintxe, gure lehiako baldintzak aitortzen ez badituzu.

On Kixote, umatua bezain balditua, kopetako babesa ireki ezinik, hilobi barrutik mintzo balitz bezala, ahots mehe gaixo batez erantzun zion:

Dultzinea Tobosoko ludian den emakumerik ederrena da eta ni lurbira osoko zaldunik dohabageena naiz, eta nire ahultasun honek ezin uka dezake egia hau. Jak, zaldun, emak, erak, baina zegidak trankart; ken iezadak bizia, ohorea kendu didak eta.

Ez dut nik hori eginen, ez horixe – Ilargi Zurikoak – : bizi, bizi bedi, oso-osoki, Dultzinea Tobosoko anderearen eder-ospea; nahikoa duket On Kixote handia bere herrira baztertzen bada, urtebetez edo nik agindu epez, borrokara baino lehenago itundu genuenaren arauera.

Erregeordeak eta On Antoniok dena entzun zuten, han zegozen beste guztiek ere hala, eta On Kixotek berrerantzun ziona ere entzun zuten, eta zera zen, hots, Dultzinearen kaltetan ez bazen beste guztia eskatu bezala beteko zuela, zaldun egiazale eta tinela baitzen. Aitorpena eginik, Ilargi Zurikoak uhalei eurt eragin zien, buruaz gur erregeordeari, eta trostaz hiriratu zen.

Erregeordeak haren atzetik joaiteko eta, nola edo hala, nor zer jakiteko agindu zion On Antoniori. Jaikiarazi zuten On Kixote, kopetakoa irekiz begitartea agertu zioten, zurbil eta izerditan blai ikusi zuten. Rozinante, hain hebaindua, ezin higi; Santxo biziki goibel, guztiz atsebageturik, zer egin zer erran ez zekiela zegoen: hango oro, gertatuak oro, ametsetan baizik gertatua ez zela irudi zuen, eta oro sorginkeria hutsa zela bururatu zitzaion; bere nagusia garaitia emana zekusan, urtebetean iskilurik ez hartzera behartua, haren egitandien aintzaren argia itzalia, haren asmo berrien itxaropena galdua, kea eguratsean gal eta suntsitua ohi den bezalaxe; Rozinante betiko herbaldua geratuko ote zen beldurrez zegoen, edo nagusia bera lokatua geratuko zen, agian, zori onez, bere zoro bageturik geratuko zen, zorogeturik betiko. Azkenean, erregeordeak ekarrarazi eta esku-aulki batean hirira eroan zuten; ordeak Ilargi Zuriko Zalduna nor zen jakin nahi zuen, On Kixote halakatua utzi zuena nor ote.