On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

7. atala

On Kixotek bere ezkutariarekin egin zuenaz eta beste gertaera ospe-ospetsuez.

Etxandereak bere jaunarekin Santxo Pantza gelaratzen ikusi zueneko, zertaz ari ziren ohartu zen; eta bilera haretan hirugarren irtenaldia erabakiko zutelakoan, kezkaz josita, larri-larri, bere longaina harturik, Sanson Carrasco batxilerarren bila joan zen, berau, hitzetan egokia eta bere jaunaren adiskide berri zelarik, halako asmo zentzuge ha bertan behera utz zezan limurtzaile izan ahal zelako ustean. Etxeko larrainean astitsu zebilela ediren zuen eta ikusitakoan, negar zotinka izerditan, haren oinen aurrean belaunikatu zen. Carrascok hain mindun eta lazkitua ikusi zuenean, galde egin zion:

Zer dugu hau, andere? Zer gertatu zaizu, arima erauzi behar dizula dirudi eta?

Niri ezer ez, Sanson jauna, nire nagusiari baizik, berriz ere badoa eta; alde egin eginen du, zalantzarik ez!

Nondik, ordea, anderezko? – Sansonek atzera galdezka – Nondik nora doa, zein aldetara egingo du?

Atx! Bere zoroaren atetik irtengo du – erantzun zion emakumeak – Ai ene arimako Batxiler jauna, beste behin, eta honekin hirugarren aldia izanen da, irten nahi du, abiatu eta joan nahi du, lurbiran zehar berak dioen jazoera edo "abentura" dena delakoren baten eske, izen hori nondik nora darabilen nik ez jakitea, ostera. Lehendabiziko aldian, asto baten gainean, zehar-etzanda, makilkadaz hebaindua ekarri ziguten. Bigarrenean, idi-gurdi batean kaiolatua berrekarri ziguten, berak sorginduta edo zegoela uste zuen, eta hain ilun zetorrenez, sortu zuen amak berak ere ez zuen ezagutuko: argal, mehe, zurbil, begiak buruko betzuloetan "lezeratuak", hain zen hala, ezen, bere onera nolabaitt itzularazteko, seiehun arrautza guttienez "xahutu" bainituen, Jaungoikoak eta mundu guztiak dakiten bezala, bai eta nire oiloek ere, gezurrik esaten utziko ez didatenak.

Sinesten dut, bai – Batxilerrak – ; izan ere, hain onak, hain lodiak, hain ondo haziak izanik, leher beldurrez ere, ez dute hitza hautsiko. Horixe, andere, ez da besterik gertatu, beste ezbeharrik ez, zure jaun On Kixotek egin nahi omen duela uste duzunaz besterik ez?

Ez, jauna – emakumeak erantzun zion.

Ez izan tamalik, orduan – berriz ere Batxilerrak –, zoaz etxera onik onean, eta gertu iezadazu bazkaltzeko zerbait bero, eta bide batez, egiozu otoitz Andere Dona Apoloniari, baldin badakizu; ni gero joango naiz eta gauza liluragarriak ikusiko dituzu.

Ai gaizo ni! – Andereak – Andere Dona Apoloniaren otoitza egin dezadan diozu? Hori nire nagusiak haginetakoa balu bai, baina "kaskoan" du horrek koxka, ordea, gero.

Nik badakit zer diodan, etxeko andere: zoaz, ez ekin nirekin hizka-mizka, Salamankatiko batxilerra naizela dakizu, eta ez dago hemen gehiago zertan batxilertu – Carrascok esana.

Honenbestez, Etxandereak alde egin zuen, eta Batxilerra' Apaizaren bila joan zen, geroago esanen denaz hitz egitera.

On Kixote Santxorekin gela barruan egon bitartean, edaskaiak oso zehazki eta erabat egiazki jaulkitzen dituen autuak eta mautuak, hitzak nahiz pitzak, gertatu ziren; eta honelatan, Santxok bere jaunari:

Jauna, berorrek nahi duen lekurat eraman nazan gerturik nago eta gerturik utzi dut nire emaztea, buruan sartuta.

Burutara eman erran behar duk, Santxo, ez buruan sartu.

Behin baino gehiagotan – Santxok hitza harturik – oker ez banago, erran izan diot berorri, otoi eta otoi, nire hitzak ez zuzentzeko, hitzoz erran nahi dudana ulertuz gero, eta ulertzerik ez badu, erran beza : " Santxo, alatxerrena, ez diat ulertzen"; eta nik argitu ezinean, zuzendu ahal izanen dit; izan ere, honen naiz ni honelakoxea....

Ba, horra, ez diat ulertzen, Santxo – On Kixotek orain – ez zakiat zer erran nahi duan horrako honen honelakoxea horrrezaz.

Bada, horixe, jauna, zera, honelakoxea naizela, honen sotila.

Horratx, hori ulertzeko zailtxeagoa diat – On Kixotek ihardetsi zion.

Ene bada, ulertzen ez badit – berriro Santxok – ez dakit nik nola erran, gehiago jakin ez eta Jainkoa bekit lagun.

A, bazakiat – nagusiak atzera – : horren sotil haizela dioanean, eskuraerraza, esanekoa izanen haizela nahi duk erran, nik agindu guztiak jasoko dituala, irakatsiko diadana buruan hartuko, nire eskuko, beraz, ukanen haudala.

Lepoa eginen nuke – Santxok – haseratik igarri eta ulertu didala; nahasi nahi izan nau, ordea, bertze berrehun pellokeria erran ditzadan "amoreagatik".

Izan litekek – erantsi zuen On Kixotek – . Eta, zer dio Teresak?

Teresak nire eria berorrekin ongi lotzeko erran daut, eta mintzo daitezen gutunak eta ixil, berriz, bizarrak; badaki kartak "ehotzen" dituenak ez duela ebakitzen eta hamabi "emanen diat" baino "tori" bat hobe dela. Nik honela diot: emaztekiaren aholkua beti gutti, gero, eta hartzen ez duena ero.

Nik ere horrela zioat – On Kixotek harzara – . Erraidak, adiskide Santxo, hoa aurrera, egun ongi baino hobeki mintzo haiz eta.

Hara, berorrek ontsa dakien bezala, oro heriotzari buruz goaz, egun bagara bihar ez gara, ahuntzumea bildotsa bezain arin doa, eta inork ezin har diro Jainkoak eman nahi diezaion baino bizi-ordu gehiago, eta oren guztiek joiten dute, azkenak hiltzen; heriotza gorra da, gure bizitzako atean joka deitzen duenean beti lehiaz doa, ez du ezein otoik geldiaraziko, ez indarrek, ez nehongo aginte-makilak, ez nehoren turrak edo "mitrak" bere bidetik zeiharraraziko, jende guziak dakien bezalaxe, predikuz prediku erraiten daukutena, hots.

Hori guzti hori egia duk – esan zion On Kixotek – , baina ez zakiat nora heldu nahi duan.

Heldu, zerara heldu nahi dut – Santxok berriro – , berorrek niri, morroe edo ezkutari natzaion aldiko, iloro, lansari bat eman behar didanera heldu nahi dut, hona; eta sari hori berorren ondasunetik ordaindu behar daut, ez dut mesedeen zain egon nahi, beti berant eta gaizki iristen baitira, edo nehoiz ez; eta nirearekin Jainkoa lagun bekit. Bukatzeko, nik zeinbat irabazten dudan jakin nahi dut, gutti ala asko; arrautza bakarrean oiloak txita, eta anitz apur asko izanen da, eta zerbait irabazten deino ez da ezer galtzen. Nehoiz gerta baledi -ez dut sinesten ez igurikitzen ere- berorrek agindu uhartearen emaitea, ni ez nau eskergaiztoko, eta nire zer horiek ez ditut muturrez mutur eramaiten, beraz, uhartearen balioaren ordaina eskertuko nioke, eta nire lansaritik hainbertzeko bat kenduko litzaioke.

Santxo lagun, ongi erran duk lansari, ez, ohi duan bezala, soldata hitz itsusi hori.

Badut ulertzen – erantsi zion Santxok – : nik lansari erran dut, guk usu alokairu erran ohi badugu ere, baina berorrek ontsa ulertu daut.

Ongi bai ulertu nik – ihardukiz On Kixote – , hire gogaien sakonera sartu nauk, eta bazakiat hire atsotitzen geziak nora aurtikitzen dituan, zein itu jo nahi duan. Begira, Santxo: nik lansari bat xedatuko niake, baldin kondairetan inon aurkitu izan banu inoiz adibiderik edo ereduren bat, zaldun ibiltariek iloro edo urtero zertsu irabazten ote zuten irakatsiko zidanik, gutti gora-behera; nik haien kondaira guztiak edo ia guztiak irakurriak ditiat, eta ez diat gogoan inongo zaldun ibiltarik bere ezkutariari alokairurik, lansaririk ez ilaririk xedatu zuenik; mesedeen truke egiten zitean mirabe, eta usterik gutienean, nagusiek zori ona ukanez gero, uharteren bat edo jasotzen zitean sari, edo antzeko beste gauzaren bat hartzen zitean ordain, eta, halatan, izenburu hartua eta jaun egina, guttienez, geratzen zuan. Honelakoxe uste on eta gehikiekin hi, Santxo, nire morroe izaitekotan bahaiz, izan bedi ordu onean. Ezin daitekek, inola ere, bururatu nik' zaldun ibiltarien antzinako ohikuntza bere errotik erauzi, opiletik atera, mugetatik lekoratu eginen dudala, esan beharrik ere ez: honetaz, ene Santxo, hoa atzera heurera, esaiok Teresari nire asmo hau; eta honexek nahi balu, hiri atsegin balitzaik nirekin mesedeen truke ibiltea, bene quidem; osterantzean, lehen bezain adiskide; usategian zer janik egonez gero usoak egonen dituk. Ohar hadi, seme, hobe dela itxaropena ezereza eduki baino, ordain txarra baino arrangura ona hobea. Neuk ere, euria zarra-zarra bezala, atsotitz edo esaera zahar edo supita aurtikitzen dakidala erakusteko mintzo natzaik honela, Santxo; bukatzeko, erran nahi diat, eta erranen, nirekin mesedez etorri gura ez eta nire halabeharraz halabehartu nahi ez baduk, dagoela hirekin Jaungoikoa beti eta santu egin hazala. Hi baino esangin eta axoladunago datekeen ezkutari-peiturik ez nauk izanen, hi bezain zoztor eta motz eta hitzontzi ez datekeena.

Behin-betiko erabaki erabatekoa zela eta Santxo ilundu zen oso, zerua gainera erori balitzaio bezala, bihotza lurrera jausi zitzaion, bera bagerik bere nagusia lurbira guztian bazterrik bazter joanen ez zelako uste sendoa baitzuen; gogoetatsu gelditu zen, hausnarrean, eta une haretan Sanson Carrasco etxeko Anderea eta Ilobarekin sartu zen, hauek biok entzunminez zer esango ote zion nagusiari, berriro arrisku bila joan ez zedin limurtze aldera. Iritsi zen Sanson, biziki malmutza zena, besarkatu zuen lehendabiziz antzo, eta oxenki xamar esan zuen:

Oi ibiltarien zalduntzaren lilia! Oi iskiluen argi distiratsua! Oi espainiar aberriaren ohore eta ispilua! Oi andizurena! Ailu Jainko ahalguztidunak nahi, Harengan baita dena, berorren hirugarren irtenaldia eragotzi eta galarazi nahi duten nordin edo pertsonak oro, euren asmo-gogoen labirintoan edo galmendian gal daitezela, hagitz bizi-biziki nahi duten gal-asmo hori inoiz ere betea izan ez dadin.

Etxeko Andereari begira bihurtu zen eta erauntsi zion:

Etxandereak utzi ahal dio Andere Dona Apoloniari egin otoitzari, zeruko nahi tenkorra dela, nik badakit, On Kixote jaunak beste behin bere goiasmo eta xede berrien burutzea, azkenetara eraman eta garaitzea. Nik neure bihotzondoa, neure barren-barrena hertsiegi nezake, larregi zamatuko nuke, zuldun honi bizkortzeko putzak emango ez banizkio, sustatuko ez banu berriz ere, astia luzatzeke, bere beso sendoaren indarra geldi eta uzkur egonarazi beharrean ihardunean lehen bai lehen has dadin, bere kemen azkarraren ongi egite horren beharra baita munduan; berantzen den bitartean, okerra jasaten dutenei ez laguntzeaz etsia sortzen du, umezurtzak babesik gabe daude, neskatxa garbien garbitasuna galbidean, emakume alargunak bakarrik, ezkondutakoak ere berorren lagun beharrez, eta honelako beste antzeko hainbat, denak ala denak zalduntza ibiltariari doazkion, dagozkion, eta datxezkionak. Ea, bada, ene On Kixote jauna, eder, susper, galant eta zangar, abia bedi, egun bihar baino hobeto, has ibilten bidez bide; eta behar bezala agitzeko ezeren beharrik balitz hementxe nago neu, neurez edota neure ogasunaz ordetzeko; eta berorren bikaintasunari zerbitzu egin behar izanez gero, ezkutari, ni neu zorion handiko jazoeratzat hartua izango naiz.

Orduan, Santxori begira jarri eta honela mintzatu zen On Kixote:

Ez nian, bada, erran nik, Santxo, ezkutari-peiturik egonen ez nintzela? Hona nor agertzen den, ezkutari nahiaz, nor eta Sanson Carrasco batxiler entzungea, salamankar ikastetxe-lorioetako jostatzaile, pozgailu eta barre-eragile betierekoa, soinez zindo, atal guztiak arinak eta zaluak dituena, isila, hotz ala bero jasaile "fierra", nahiz gose nahiz egarri beti eutsi egiten diona; hitz batez, hara, zaldun ibiltari baten ezkutari izaiteko behar diren gaitasun guztiekikoa. Alabaina, nire atseginari narraiola, hizkien zutabea pitzatu nahi ez nikek, aztalak ebaki ez nahi nik, jakintzaren pitxerra hautsi nahi ez nikek, eta ez dezala zeruak utz, zeren antze on eta aitorrak goraino igoaraziko duen jakintsuaren lasterra geldi bailiteke betiko. Bego Sanson berria bere aberrian, beroni ohore eginaz bere guraso zaharren ileurdina egoki eta zuzen ohoratuko baitu; ni, berriz, edozein ezkutarirekin pozez joanen naiz, Santxo nirekin etortzeaz ez duin ez atsegin delako.

Duina, bai, banaiz – iharduki zion Santxok, begietan malko eta xamur-xamur, esanez – : Niregatik edo nitaz ez da erranen, ene jauna, opila jan eta taldea sakabanatua; ez nator ni eskergaiztoko etorkitik; mundu guziak badaki, eta nire herriak guziz ere, nor ziren Pantzatarrak, nire arbasoak, eta areago, nik neuk ontsa ezaguna dut, ongi egiteengatik eta hitz hobeengatik, berorrek niri egin nahi didan mesedea. Nire lansaria gora eta behera hasi banaiz, hasi, kontu eta kantu, emazteari atsegin emaitearren izan da; emakumeak dena iristen, hitzez ez bada negarrez, eta zerbait zuritu nahi duenean, eskuz ala eskez nahi duena egiteko hertsitzen daki, ez dut uste upel-uztaia tinkoago hertsi ahal duen mailurik dagokeenik. Honela ere, bai, zinez, gizasemeak gizaseme behar, emaztekiak emazteki, eta ni, non nahi den ere, gizona naiz, saskipean ere ba, ezin ukatu, eta nire neurean ere izan nahi dut, gerta ala gerta. Bertze egitekorik ez bada, beraz, berorrek azken-nahia agindu, kodizilo eta guzi, gibelera ezin "itzurizko" eran, eta goazen berehala bidean aitzina, Sanson jaunaren arimak minik ukan ez dezantzat, zeren, berak dioenez, bere barrenak berori berriz ere munduan zehar hirugarrenez jalgi dadin gogoa berotzeko agintzen baitio; ni, berriz, berorren morroe zintzo joaitekotan nago, haizu naiz eta orai, lehen eta beti zaldun ibiltarien ezkutari izan, izaiten eta izanen diren guziak bezain ongi eta hobeki zerbitzatzeko gerturik nago, buru-bihotzez.

Santxo Pantzaren hizkera eta esaerok entzunik, Batxilerrari harritu zitzaion; haren jaunaren lehenengo edaskaia irakaurria zuen arren, ez zuen uste izaiten bertan iruditu zuten bezain barregarria zenik, baina, orain "azken-nahi eta kodizilo gibelera ezin itzurizkoa" esana entzun zion, "atzera ez itzultzekoa"-ren ordez, eta orduan irakurritako guztia sinesten hasi zen, eta, honetaz, gure mendean izan denik txoralda handienetakotzat hartu zuen, eta bai nagusia bai morroea lurbiran inoiz ikusitako zororik zoroenak zirela esan zuen, berekiko.

Azkenean, On Kixote Santxorekin besarkatu eta adiskideturik, Carrasco handiaren baimen eta oneritziz, ordu haretan haien itzala, haien "jainkottiki" baitzen, harik hiru egunetara irten egingo zutela erabaki zuen. Bitarte haretan bidaiarako behar zen guztia antolatzeko beta ukanen zuten, farfailezko buru-oskol bat, batik bat, nola edo nola jantzi behar zuela esan zuen On Kixotek eta. Sansonek bazuen adiskide bat halako oskolen bat zedukana eta ukatuko ez ziola bazekienez haxe eskaini zion, kedarra baino beltzago zegoena, lizunaren lizunez, altzairu zuri garbizkoa izanagatik ere. Hemen esatekoak ez dira, ordea, nahiz etxeko Andereak nahiz Ilobak, biraoz birao, Batxilerraren kalterako egin eta egin ari ziren madarikazioekin araoak, ainenak hartuak ziruditela. Ileak burutik erauzi behar zituztela ziruditen, aurpegiak zarramazka urratu nahian bezala, hiletan erostariak laso, adiaka, negarrez, beren jaunaren irtenaldi hura heriotza bailitzan.

Sansonek beste behin zertzeko limurtu zuenean, ostera, ez zuen egin, geroago kondairak argituko duen moduan, noraezean edo, ez; aurretiaz hitz eginda zegoen eta Apaizaren aholkuz, bai Bizarginarenaz ere, egin zuen.

Laburbilduz, hiru egun haietan On Kixotek eta Santxok beharrezko uste izan zuten guztia batu zuten; Santxok bere emaztea nolabait jabaldu zuen, On Kixotek era berean iloba eta anderezkoa ematu zituen; ilunabarrean, inork ikusi ez zuela, Batxilerra etorri zitzaien, handik legoa erdira bitartean laguntzeko asmoaz, eta Tobosorantz jo zuten, On Kixote bere Rozinante zintzoaren gainean, Santxo asto zaharraren bizkarrean, zakutoak bete landarako gaiekin, zorroa bete dirurekin, zer gerta ere On Kixotek emanikoa guztia. Sansonek besarkatu zuen, eta zori on ala txarraren berri bidaltzeko otoi egin zion, bataz alaitzearren ala besteaz ilun-goibeltzearren, adiskideari ohi zaion moldean. On Kixotek eginen zuelako hitza eman zion, itzuli zen atzera bere lekura Sanson, eta beste biak Toboso hiri handirako bidean aitzina ziren.