On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

70. atala

Hirurogeita bederatzigarrenari darraiona, eta edaskai honen argitzeko baitezpadako gaiei buruzkoa.

Santxok gau haretan gurdixka batean lo egin zuen ( "karriola" esaten dioten hiru gurpildun gurdi batean zehazto) On Kixoteren gela berean; ez zuen nahi izan, nagusiak, galde-erantzunez eta, lo egiten utziko ez ziola ongi baitzekien, eta hitzik egiteko gogorik ez, lehengo ziparren minak bizi-bizirik zituelako eta mingaina, aldiz, askatu ezinik; hango egoitza aberatsean bagerik eta ez bakarrik baino hobe zuen, ustez, txabola batean eta bakarrik lo egitea. Haren ustea ez zen ustela izan, susmoa egiazkoa baizik, hara, nagusia ohera sartu eta berehala honela hasi zitzaion:

Zer daritzok, Santxo, gau honetako gertaerari? Zein handia eta ahaltsua maitebako erdeinua, hik heure begiez ekusi duk Altisidora hila, ez geziz, ez ezpataz, ez beste guda-trena batez, ez eden hilgarriz, nik beti harenganako ukan dudan erdeinuz edota zorrozkeriaz baizik.

Hil dadila bera, ordu onean, nahi duenean eta nahi duen eran – Santxok erantsi – eta utz ni neure etxean, nik ez nuen maitez mindu, ez nehoiz erdeinatu ez arbuiatu. Nik ez dakit, ezin asma dezaket nola Altisidoraren osagarria lotu behar den, bertze behin errana dut baina, neskatxa oldetsu edo apetatsua dela sotila baino areago, zer duen ikusirik Santxo Pantzaren oinazeekin. Orai bai, argi eta garbi dakusat, badirela munduan sorgintzaileak ala sorginduak; Jainkoak babes nazala haietarik, nik bakarrik ezin eta. Honenbatenaz ere, otoi dagiot berorri lo egiten utz diezadala, ez niri galderarik, bertzela, lehiotik behera ene burua egotziko dut.

Lo egik Santxo adiskide horrek, jaso eta jasan dituan orrazkadak, zimikoak eta bizarrekoak loaren eragozgarri ez bazaizkik.

Bizarreko ukitu haiek bezain mingarri ez deusik – Santxo berriro – etxandereek egina nozitu beharra izaiteagatik ez bertzegatik; berriz ere dirautsot berorri, otoi, lo egiten uzteko, izan ere, atsebageek beti esna, iratzarririk egon dagozenen lasaigarri da loa.

Hala biz – On Kixotek – eta Jaungoikoa izan dakiala lagun.

Biak loak hartu zituen; eta bien bitartean Zide Hametek, edaskai handi honen egileak, idatz eta Dukeak, halako zer hura guztia eraikitzera, zerk bultzatu zituen-eta aditzera eman nahi izan zuen. Honela beraz, Sanson Carrasco batxilerrari' Ispiluetako Zalduna On Kixotek uzkailia eta mendean hartua izan zena ahaztu ez zitzaiola dio; eta porrotaldi edo erorketa honen ondorioz bere asmo guztiak suntsiturik, beste aukera baten begira geratu zela, hurrengoa aurrekoa baino hobea izanen zelakoan. Santxo Pantzaren emazte Teresa Pantzari gutuna eraman zion sehiagandik berri edo hiralgoa jaso eta On Kixote nontsu zegokeen jakin zuen; iskilu zein zaldi berriak hartu, mazmarroan ilazki zuri bat ipini eta mando baten gainean, baserritar bat, eta ez Tome Cecial bere betiko ezkutaria, bide-lagun, ez Santxok ez On Kixotek ezagutzearren, harantz jo zuen, berauenganantz. Dukearen gaztelura iritsi zen, honek On Kixoteren berri eman zion, nondik norakoa azalduz, Zaragozako zaldun-jokoetan egoiteko xedea zuela eta. Egin zizkioten isekak ere, halaber, azaldu zizkion, zehatz eman zizkion ezagutzera, Dultzinea sorginkeriatik jaregiteko atxakiaz nola Santxoren ipurtaldeak, atarri gizenek, jasan behar jasan beharrekoak. Bukatzeko, Santxok bere nagusiari egin isekaren berri eman zion, Dultzinea sorgindurik zegoela eta nekazari bilakaturik zegoela sinetsarazi baitzion; eta hari beretik, Duke andereak Santxori ziria sartu ziola, Dultzinea benetan sorginduta zegoela sinetsaraziz, zilibokatuz noski. Hau guzti hau entzunik, ez zuen barre gutti egin harri eta zurtua zen Batxilerrak, batetik Santxoren inozokeria zela, bestetik On Kixoteren zorotasun erabatekoa zela. Dukeak, inoiz edirenez gero, garaitu edo ez, berriro atzera gertaeraren berri ekarten etor zedila esan zion, arren eta arren. Batxilerrak hala egin zuen; haren bila bidean jarri zen; Zaragozan ez zuen idoro eta aurrera joan zen, eta lehenago aipatua gertatu zen. Itzuli zen Dukearen gaztelura, jaulki zion dena, borrokako baldintzak eta guzti, eta nola On Kixotek, bere hitza betetze aldera, zaldun ibiltari ona izanki, atzera bere herrira eta urtebetean bertan geldi egoitekoa eginen zuen, eta beta luzexka horretan, Batxilerrak uste, zoroa sendatuko zuen. Hauxe asmoa, hain zuzen, berak zuena, esan zionez, biziki tamalgarri baitzitzaion, negargarri, halako aitonseme On Kixote zen bezain adimen oneko izana hain zoro-zoro egina izaitea. Honenbestez, Dukeari agur egin eta gero, bere herrirantz berbideratu zen, On Kixote atzetik zetorkiola eta bertan igurikitzeko asmoaz. Hari honetatixe ere, Dukeak harako iseka hura egiteko burutapena hartu zuen: hain halakoxea zuen Santxo eta On Kixoterekikoa. Halatan bada, gaztelutik haraindiko eta honaindiko, haragoko eta honagoko bide guztiak, On Kixote itzuliko omen zen zein edo zein bide, bere morroe askogaz, oinezko ala zaldizko, hartu zituen, begiz hartu alegia, eta onean nahiz txarrean, inon edirenez gero, gaztelura ekar zitzaten agindu zien, nahi eta nahi ez; ediren zuten, Dukeari berri eman zioten, eta honek zer egin aurretik erabakita, haiek etorri aitzin, barrioko zuziak eta argi-mutilak irazekitzeko; Altisidora hil-meta baten gainean eratzan zuten, lehen esandako zer guztiekin, eta hain ongi, hain bixi-bixirik zertu zutenez, harako zeratik egiara ia-ia tarterik ez. Zide Hametek honetaz gehiago dio: bere eritziz, buruz-belarri jo eragin zietenak besteak bezain zoroak ziren, iruzurraren emaileak hartzaileak bezain zoroak, arean ere; Dukeak, beraz, eritziak eritzi, bi kokoloren lepotik barre egin nahi izaitean, hain tematsu hain lehiatsu ari izanki, haiek bezain kokoloak ziren, doi-doi. Biok, berriz, hantxe, bata lo, bestea esna beti, gogoetak lotu ezinik, eta halaxe egunak argitzean; jaikitzeko gogoak eman zion, On Kixoteri, nahiz garaitua nahiz azpiratua izan, lumatxa gozoan, bitsaren gainean nagi-nagi egoitea atsegin ez zitzaion eta.

Altisidora (On Kixoteren irudikoz heriotzatik bizitzara bihurtua) bere nagusien barre-nahiari jarraikiz, hil-metan zegoela buruan zedukan lorezko buruntza ber-berarekin, tafetan zurizko txabusinaz jantzia, urrezko lili batzuez josita zegoena, adatsa harro bizkarraldean ihaurria, ebano daritzon zur beltz eta leun-leunezko makila eskuan, On Kixoteren etzangura sartu zen; honek ikusi eta, zeharo nahasirik, asaldatuxea, uzkurtu eta oheko izara edo maindire zein burusi guztiez bere burua estaltzera egin zuen, mihia geldi, gizalegerik bat ere erakutsi bage. Altisidora aulki batean eseri zen, oheburuaren ondoan, hasperen luze bat eginik, ahots minbera bezain xamur batez, honela esan zion:

Emakume urenek eta neskatxa lotsor garbiek beren izen ona, ohorea zapalduz, mingainari zer edo zer esateko baimena emaiten diotenean, beren bihotzaren barrenean altxaturik dituzten estaltzekoak agerian erakutsiz, hondar hertsian dagozela, estu eta larri dagozela erakusten dute. Ni, On Kixote Mantxako hori, haietarik bat nauzu, hertsatua nauzu, mendean hartua eta maitez mindua nauzu; honela eta guztiz ere, eraman handikoa, jasankorra eta dedutsua; eta honen nauzu honelakoa ezen nire arima ene isilaz lehertu eta bizia galdu bainuen; orain dela bi egun, hain zuzen, zerorren nireganako zorrozkeria noziturik.

Oi, ene arrangurentzat haitzurdina baino gogorragoko

zaldun soraio bihozkogor! hilik egon nauzu, edo ni ikusi nautenek behinik behin hiltzat jo naute. Alabaina, Maitasunek, nire minaz mindurik, ezkutari zintzo honen gaineko ziparra kausitu zuen sendabide, eta gaitz erdi, bestela, beste munduan geratuko bainintzen betiko.

Bada, Maitasunek nire astoaren gainean kausitu ukan balu hobe – esan zuen Santxok – , nik eskerrak milaka emanen nizkion. Honelarik ere, erraidazu andere horrek, eta zeruak ailerakarkizu ni baino maitale hoberik: zer ikusi zenuen bertze munduan? Zer dago "inpernuan"? zeren, etsiak harturik hiltzen dena horraxe joaiten baita, ezinbertzez.

Egia esateko – Altisidorak erantzun – , ni, antza, ez nintzen erabat hil, inpernuratu ez nintzen eta; haratu izan banintz, ez nintzatekeen handik jalgiz berronatuko, nahi izanagatik ere. Egia esateko, ate ondoraino, bai, heldu nintzen; hamabi bat txerren pilotan jolasten ikusi nituen, galtza huts eta jipoi hasean jantzirik, baloniar itxurako zaragoila flandriar oihal-sarezko hariez apainduak denak, eta eskutur edo ukaraietan loturik lau larruzko atz, eskuak ziren baino luzeagoak zirela agerrarazteko. Eskuetan suzko endai batzuk, eta, liluragarriena, piloten ordez liburuak, haizez eta ilupaz betetakoak, harrigarria bezain berria hauxe. Dena dela, beti jokalarien artean garaitzailea alaitu ohi da eta galtzailea, aitzitik, goibeltzen da ohiz; han ez, hango joko haretan denak birao, denak haserre, denak oinon, denak mar-mar-mar.

Hori, alta, ez da txundigarri – Santxok berriro – tusuriak edo txerrenak edo direnak direlakoak, joko nahiz jolas, ezin nehoiz egon litezke alai, gal ala irabaz.

Horrela behar du – erantzun zuen Altisidorak –; bada, baina, beste zer bat zertzen nauena -une haretan harritu zitzaidana esan nahi dut-, zera, lehen besagainka jota, pilotarik ez, ez beste behin joitekorik; honetara, beraz, liburu berri zein zahar ugari baino ugariago, begiz egin arte. Haietako bati, berri, argitaraberri, dirdiratsu, egokiro josi bati, zaplasteko bat eman zioten eta erraiak erauzi eta orriak ihaurri eragin zizkioten. Txerren batek beste bati: "Behazu ea zein liburu den hori". Besteak erantzun: "On Kixote Mantxakoren kondairaren bigarren zatia, lehenengoa ez bezala Zide Hametek idatzi ez zuena, hau lehen egilea baitzen; Tordesillaskoa dela esaten omen duen aragoitar batek egina da bigarren hau". "Ut hortik - erantsi zuen beste txerrenak- sar ezazu hori sulezeko lezerik sakonenera, nire begiek inoiz ere ikus ez dezaten". "Horren txarra ote da, ala? -besteak galdezka. "Bai horixe, hain txarra, ezen, nik neronek txarragorik egin nahi banu, beren-beregi, asmatuko ez nukeela". Jolasean aurrera, beste liburu batzuekin pilotaka, eta ni, On Kixoteren entzuera nuelako, honen maite kuttun dudala eta, hango zer hura, ikusketa alegia, betiko oroimenean gera zekidan saiatu nintzen.

Ekusketa izan zen, noski – On Kixotek erantsi zuen – ni ez beste ni ez baita lurbiran, eta kondaira hori, dagoeneko, han-hor-hemen dabil, eskurik esku, inorenean gelditzen ez dela, orok ostikoka darabilte eta. Ni ez naiz batere kezkatu lurpeko ilunbeetan barrena ametsezko gorputz baten antzera nabilela entzutean, ez lurgaineko argietan balitz ere, kondaira horretan agertzen dena ez bainaiz ni. Ona balitz, egiazkoa eta zintzoa balitz, mendeetan bizirik iraunen luke, baina, txarra den arau, sortzerean hiltzerako bitarte ez oso luzea izanen du.

Altisidora arranguraka ekinen zitzaion berriro On Kixoteri, baina honek hitza berrartu:

Andere, askotan esan izan dizut damu dudala zure gogoak eta gogorapenak nigan ezarri dituzulako, nire gogotik eskerrak, bai, jaso ahal ditzakezun arren, beste deusik ez, inolako sendabiderik ezin eman niezazuke: ni Dultzinea Tobosokoarena izaiteko jaio nintzen, zoriek -edo txoriek- harentzat egin ninduten; nire "ariman" harexek duen lekua beste nork edo nork, ederrik ederrena izanagatik, beteko duela uste izaitea ezinezko ustea da. Honenbestez dena esanik dago zuk, etsiak harturik, zeure garbitasunaren mugalde barrura jo dezazun, ezinezkorik inork ezin du eta.

Altisidorak entzun, haserre itxurak egin, alegia eta asaldatuarena, eta esan:

Arranopola, On bakailao jaun, abo baten arima duzun hori, datilaren putz hori, doilor otua baino kaskagogor eta tematsuagoko hori, zuri oldartzen banatzaizu begiak erauziko dizkizut! Sinesten ote duzu, bada, beharbada, On azpiratu horrek, On makilkatu horrek, nerau zuregatik hil naizena? Gauon ikusi duzun guztia gezurrezko izan duzu; zu lako gamelu bategatik nire azkazaleko beltza ere mintzen utziko niokeen emakumea ez nauzu ni, eta hiltzea ere are zerago.

Horixe nik ongi uste – Santxok – ; maitemindunak maitez hiltze hori barregarrizko da, izan ere: erran, erraitea dute, bai; baina egiten dutela Judasek sinets.

Hizpidea hartaratua eta hara non sartu zen olerkari, abeslari eta hoskin edo musikaria zena, lehenago aipaturiko bi ahapaldien egilea, den bestean; On Kixoteri gur handi bat egin zion eta honela mintzatu:

Zaldun jaun, berorren zerbitzari nagusien artean neu, aspaldidanik berorren koi naiz, bai berorren egite larriengatik bai ospe zabalagatik.

On Kixotek erantzun:

Esaidazu, bada, nor zaitudan, zuk irabazi adinako legea erakuts diezazudan.

Aurreko gauean kantari eta goreslari zela azaldu zion.

Benetan, ahots on-ona duzu – On Kixoteren erantzuna – ; abestu zenuena, ostera, ez dut uste guztiz egokia zenik; ea, zer-nolako zerekusirik dute Garcilasoren ahapaldiek andere honen heriotzarekin?

Ez harritu horregatik – mutilak erantzun zion – ; gaur-egungo olerkariek nahi bezala, bakoitza bere erara, egitea dute ohikuntza, eta batak besteari ostutzea ere bai, harira etor ez etor axolarik ez, eta edozein lelokeria idatz edo kanta, beti olerti-baimenaz egiten dutela esan eta kito.

On Kixotek erantzutera egiterakoan, hara, Duke jaun-andereak haren ikustera sartu ziren eta eleketa luze bezain gozagarri eman zuten elkarrekin; Santxok berriz ere lilurarazi zituen, bai jauna bai anderea, bere zorrotzez bezala bere inozoz, hainbat hitz sonatsu, hainbat esaera maltxur eginez eta esanez. On Kixotek egunarekin batera handik joaiteko baimena otoikatu zien, zer zela eta, bera bezalako zaldun azpiratuek erregeen jauregietan bagerik urdandegietan bizi izaitea egokienik zutela eta. Gogo onez baietza eman zioten, bai, eta Duke andereak zera galdetu zion, ea Altisidora bere onean geratzen ote zen; harek honela erantzun:

Ene andere, jakin beza berorrek, neskatxa honen gaitz osoa lasaikeriatik sortua dela, sendagailua, horretaz, eginkizun garbi eta taibagea du, beti zerbaitt egin beharra nagikerian egon ordez. Sulezean oihal-sarettoak erabilten direla esan dit eta, berak ongi egiten dakielako, egin dagiela, beti eskuen artean jos eta ehun ari dadila, zotz eta ziriak sar-atera dihardueino ez zaio ibiliko irudimenean beste irudirik, edo nahi duenaren irudirik; egia hauxe da, hauxe nire eritzia eta hauxe nire aholku edo onua.

Nirea ere bai – Santxok – , ez dut ikusi ene bizialdi guzian maitasunagatik hil den oihal-saregilerik; neskatila lanpetuek maitekerietan baino bere lan-beharretan areago ohi dituzte beren gogoetak. Enegatik diot, bai, zeren, haitzurretan ari izaiten naizelarik ez bainaiz ene zertaz oroitzen, ene Teresa Pantzaz erran nahi dut, nire betileak baino maiteago dudanaz.

Ongi diozu, Santxo – dukemeak atzera –, hemendik aitzina nire Altisidorari, lan zuriren bat egin dezan, eraginen diot, ederki egiten daki eta.

Ez da zertan, andere – Altisidorak esana – sendabide hori ibilarazi, honek galuts karkail honek nireganako ankerkeriak egin dituenak gogoan hartzea, beste ezer bagerik ere, betiko ahantzaraz edota oroimenetik egozteko aski eta asko dut. Berorien baimenaz, honez gero, hemendik alde egin nahi dut, nire begien aurrean horren itxura hitsa ez ezik, horren jite itsusi nazkagarria ere ez ikustearren

Hori entzun eta Dukeak harako hura :

Irainak esaten dituena
barkatzeko zorian baita

Altisidorak negar-malkoak zapi batez garbitzen ari zenarena egin zuen, bere jaun-andereei ttik bat eta gur egin zien, gelatik ateratzerakoan.

Asturu gaitza agindu – Santxok – bai, neska kaxkar horri, agintzen dautzut, espartzazko arima, artezko bihotza duzun horri. Alafede, nirekin zertu izan bazina, bertze oilar batek joko zizukeen kukurruku!

Amaitu zen elkarrizketa, jantzi zen On Kixote, Dukeekin bazkaldu zuen, eta arratsaldean handik joan zen.