On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

72. atala

On Kixote Santxorekin herrira heltzean.

Egun oso haretan, gaua noiz helduko zain, On Kixote Santxorekin hango txiribogan egon zen; bata landa zabalean bere nekaldi edo jokaldia amaitzeko, bestea amaiera haren begira, asmo zuena legez. Bidezko bat iritsi zen, orduan, zaldi gainean itzeragoz, hiruzpalau morroerekin, eta hauetako batek honela esan zion bere nagusi zirudien harixe:

On Alvaro Tarfe jaun, biagoa egun hemen egin ahal du berorrek: txiriboga garbia eta hozkarra da, antza.

On Kixotek entzun eta Santxori esan zion:

Adizak, Santxo, nire kondairaren bigarren zatiko liburua, orriz orri gaingiroki begiztatu nuenean, Alvaro Tarfe izen hori ekusi nuela uste diat.

Bazitekeen – erantsi zion Santxok – Utz diezaiogun lur hartzen, gero geldetuko diogu.

Zalduna beheratu zen eta etxeko ostatari andereak On Kixoteren logela ondoko beste behegela bat eman zion aterpetzat; beste larru marraztu batzuk, On Kixoterenekoak bezalakoak, han ere apaingarri edo estalgarri. Zaldiz etorri berria, udan antzo jarri zen, txiribogako atarira irten zuen (leku zabal hoxkarra On Kixote hara-hona zebilen hura) eta ikusi zueneko honela itaundu zion:

Nondik nora dabil berori, aitonseme jaun?

On Kixotek erantzun:

Hemendik gertu dagoen herrixka batera, nire jaioterrira. Eta berori, nora doa?

Ni, jaun, Granadara noa, nire aberrira.

Eta ona aberria! – On Kixotek berriro – Esan biezat berorrek, gizalegez, berorren izena; jakitea axola zaidala uste baitut, oraintxe esan ahal dudan bainoago.

Niri On Alvaro Tarfe darizt – arrotzak erantzun.

On Kixotek orduan:

Agidanean, nik uste, berori On Alvaro Tarfe' On Kixote Mantxakoren Kondairaren bigarren zatian agertzen dena da, arestian gaur-egungo idazle batek irarri eta argitaratua.

Horixe, ni naiz – zaldunak ihardetsi zion – , eta On Kixote hori, kondaira horretako nordin nagusia, nire adiskide min-mina izan zen; haren herrialdeti nik jalgiarazi nuen, Zaragozan egiten ziren zaldun-joko batzuetara joaiteko, behintzat, nik bultzatu nuen, ni ere bertara nindoala eta; egia esaiteko adiskide ugari eman nion, eta borreroak bizkarra jipoetzeti nik ateratu nuen, oso ausart, bipil, aurreraegia zen, izan ere.

Esan berorrek, On Alvaro jaun, berorrek dioen On Kixote horren antzik ba ote dut nik?

Ez, ez horixe, inondi inora ere ez – arrotzak.

Eta On Kixote horrek – gurea berriz ere galdezka – Santxo Pantza izeneko ezkutari bat zeroan?

Bai, bazeroan; eta barre eragingarri zelako ospea bazuen ere, nik ez nion behin entzun barregarrizko areanik.

Horixe bai nik ere uste – esan zuen Santxok orduan – , barregarrizko elerik ez daki nork nahi ere erraiten; eta Santxo delako hori, zerorrek aipatu hori, jaun gapare, doilor tzar zenbait al da, gelbera edo geza, ohoinaz gain; egiazko Santxo Pantza ni nauzu, gizon belatza belatzik bada, sestoka polliki dakiena nerau; bertzenaz, egizu ikertzea, zatoz nire ondotik, urtebete gutienez, eta ikusiko duzu, noizetik noizera, nola hainbat ele eder isuri isurtzen dudan, usu bai usu neronek ere zer erraiten dudan ez dakidala, eta entzuleak oro irriz eta barrez jarten ditut. A, eta, zera, On Kixote Mantxako, ospetsu, bihoztoi eta zuhur egiazkoa, maitez mindua dena, okerren zuzentzailea, zurtz eta umeen aitordea, alargunen babeslea, neskatxen zaintzailea, Dultzinea Tobosoko berdingea andere bakartzat duena, hementxe dagoen jaun hauxe duzu, nire nagusi jaun hau berau; bertze On Kixoterik edota bertze Santxo Pantzarik ez da, txantxetakoa ez bada, gezurrezkoa eta aizuna ez bada.

Jainkoarren, bai nik sinetsi ere – On Alvarok erantzun zion – , esan ere zuk esan duzu, bai, adixkide, lauzpabost esalditan askoz barregarrikeria gehiago beste Santxo Pantza harek baino, nik hizketan entzun izan ditudan guztietan, eta askotan entzun izan dut! Eleder baino jatun hobea haxe, txotxolo bai sonatsu ez bestea; nago, honez gero, zalantzarik ez, On Kixote onaren atzeti ebilten diren sorgintzaileak nire atzeti etorri zaizkidala, On Kixote txarrarekin. Baina, ez dakit zer esan; Toledon, Nuntzioren etxean utzi nuela egingo nuke, sendatzearren, eta orain hementxe beste On Kixote bat, nireaz oso bestelakoa den arren.

Nik ona naizen ez dakit – On Kixote mintzo – , baina txarra ez naizela badakit; eta hau honela dela ekus dezan, ene jaun Alvaro Tarfe, jakin beza berorrek nire bizitza guztian inoiz ez naizela Zaragozan egon; gezurrezko On Kixote hori hango zaldun-borroketan zebilela esan zidaten eta ez nuen hiriratu nahi izan, haren gezurra lurbira osoan ager-agerian utzarazteko; honelatan, bada, Bartzelonaratu nintzen, zuzen-zuzen, gizalegearen agiritegi, atze edo atzerritarren aterpe, txiroen babesetxe, bihoztunen aberri, irainduen mendeku, adiskidantza sendorren elkargune, bai toki bai edertasun aldetik bakarra hiria. Bertan niri gertaturikoak atsegingarri ez baina atsebagegarri izan badira ere, hiri hura ekusteagatik beragatik, atsebagea atsegin dut. Bukatzeko, On Alvaro Tarfe jauna, On Kixote Mantxako ni neu naiz, ospeak hots handitan daramana, eta ez beste hori nire izena ebatsi nahi ukan didan zoritxarreko hori, nire gogaiez ohorea irabazi nahi izan duen hori. Otoi dagiot berorri, aitonseme denez gero, hemengo endore edo herjaunaren aurrean aitor dezan ni, orain arte, berorren bizialdiko egunetan ez nauela behin ere ekusi, eta ni ez naizela bigarren zatiko On Kixote hori, eta nire ezkutari hau Santxo Pantza daritzoguna ez dela berorrek inoiz ezagutu zuen hura.

Gogo onez egingo dut, bai – On Alvarok harzara –, harritzekoa da, izan ere, eta izango, bi On Kixote eta bi Santxo aldi berean ikustea, izenetan ber-berak izanagaiti izanetan hain ezberdinak direnak; aitor dut eta berriz ere diot ikusi dudana nik ikusi ez dudala, eta gertatu dena nire gardiz gertatu ez dela.

Zu, antza, sorgindua zagoz – Santxo berriro – Dultzinea Tobosoko nire anderea bezala; nahi dakiola zeruari, otoi, zu sorginkeria horretatik aterarazteko nik bertze hiru mila eta hainbat zigor-ukaldi eman ala hartu beharra; nik eman, emanen nituzke, hartu ere bai, neholako mozkinik biltzeke

Ez dut ulertzen zigor horiena – On Alvarok.

Azaltzeko luze xamarra zela adiarazi zion Santxok; baina berak argituko ziola, baldin bide berean zehar bazihoazen. Jateko ordua heldu zen, On Kixotek eta On Alvarok elkarrekin jan zuten. Txiribogan zegozela, herriko endore (han "alkate" esaten diote) naskari batekin sartu zen, eta haren aurrean (naskariak idazten zekielako "eskribau" ere esaten dionik bada) On Kixotek, eskari eginaz, On Alvaro Tarferi, han bertan zegoen gapare hari, aitorpena har ziezaion galdatu zion, bere eskubideari atxekiz, zeinetan On Kixote Mantxako, hantxe bertan zegoena bera, lehendik ezaguna ez zuela aitortzen baitzuen, eta berau ez zela On Kixote Mantxakoren kondairaren bigarren zatia izenburua zuen liburu Avellaneda abizeneko eta Tordesillastarra zen batek osatu eta argitaratu batean zebilen hura. Azkenean, endoreak legearen indarra ezarri zuen, aitorpena halakoetan behar duen indar osoz egina izan zen; honetaz, bada, bai On Kixote bai Santxo txit alai geratu ziren, halako aitorpena guztizko axolagarri bazitzaien bezala, bi On Kixoteen eta bi Santxoen ezberdintasunak haien eta beraien esan-eginek garbiro erakusten ez balituzten bezala. Han ziren, gero, eskaintzak batetik hitz ederrak bestetik On Alvaro eta On Kixoteren artean, eta mantxatar handiak bere zuhurtasuna argi erakutsi zuen, hain argiro ikusarazi zionez, On Alvaro Tarfe osotoro okerreko usteak jorik egon zela uste izaitearino iritsi baitzen; zeharo atsegindurik zegoelako antza zuen, esku-eskuz bi On Kixote oso ezberdin ukitzea zedukan eta.

Arratsaldea heldu zen, handik joan ziren, eta, legoa erdira edo, bideburu batera iritsi, bidea bitan banatzen zen lekura; bata On Kixoteren herrixkara zihoana, bestea On Alvarok hartu behar zuena. Bidaldi labur haretan On Kixotek bere hondamenaren zoritxarra, azpiratua izan zenekoa jaulki zion, eta Dultzinearen sorginkeriaren berri ere eman zion, eta zelako sendabidea behar zuen azaldu ere bai, halaber; honek guzti honek On Alvaro, berriz ere, harriarazi zuen. Bidegurutzean, On Kixote besarkatu zuen, Santxo ere bai, eta bere bideari jarraiki zitzaion, eta On Kixote bereari. Gau hura zuhaitzen artean eman zuten, Santxok bere zigorraldia bete ahal izan zezan, eta aurreko gauean egin bezala egin zuen, pago batzuen azalaren kalterako, bere bizkarrari ez baitzion kazkako bat ere eman, ez hurrik eman, euli bat aldean eduki balu ez zatekeen ikaratuko. On Kixotek, ziria sartua izanki, ez zuen kaldu bakar bat zeinbatzeke utzi, eta aurreko gauekoekin batera hiru mila eta hogeita bederatzi zirela ohartu zen. Goizaldean, eguzkia goizetik jaikia zirudiela (hango zigorraldi hura ikusita, nonbait) bideari berjarraiki zitzaizkion; bien arteko berriketa On Alvarori buruzkoa izan zen, nola oker zegoen eta nola ongi egin zuten beraiek, legedunen aitzinean eta egiari atxekiz, aitorrarazi izaitea.

Eguna joan eta gaua etorri eta haiek ibili eta ibili esateko ezer gertatu bagerik; zerbait esatekotan, Santxok bere egitekoa bukatu zuela esan daiteke, eta On Kixote honegatik pozez txoro-txoro eginda geratu zela esan beharrik ez; hurrengo eguna noiz argituko irrikatzen zegoen, ea bidean Dultzinea bere andere sorgingetuarekin buruz buru egiten zuen; bidean aurrera eta, hala ere, emakumezkorik ez, Dultzinea Tobosoko zen ala ez zen ezagutzekorik ez, eta harako Merlin harek agindua ezin ukatuzkoa zelako sineste osoak jota egoitea, gero. Gogoetatsu bezain nahikaritsu, aldapan gora igo eta bere herria begiztatu zuten; Santxo belaunikatu zen eta honela mintzatzen hasi:

Ireki itzak begiak, sorterri maite horrek, hona hemen hire seme Santxo Pantza hire baitara datorrena, oso aberasturik ez baina zeharo makilkatua bai. Zabal besoak eta har ezak On Kixote hire semea ere bai; bertzeren besoek azpiratu edota mendean hartua datorren arren, bere buruaz garaitzaile zatorrrak etorri; eta harek adiarazi didanetik bazakiat nahi izan ahal daitekeen garaipen edo gurendarik handiena horixe dela. Sosak bazakartzaat, ekarri, nik, zeren, zigorkada ederrak hartua banaiz ere, zaldun ono-ona baitut ukan.

Utz itzak ergelkeria horiek – On Kixotek orduan – , sar gaitezen eskuineko oinaz gure herrira, gure irudipenak hor ibituko ditiagu, eta gure artzain-biziera berria antolatzen hasiko gaituk.

Handik hara, aldapan behera, herrirantz joan ziren.