Ez dira ez betikoak gizonen zerak, beti amaierantz doaz, haserako izamena galduan-galduan, gizakien bizitza batik bat, eta On Kixoteri ere, bere bizi-joanean gelditzeko dohainik zeruak ez eman eta, nonbait, azkeneko ordua etorri zitzaion, berak gutienik uste zuenean, eta, jakina, oren guziek joiten dute, azkenak hiltzen. Izan ere, bere burua hala, mendean hartua, azpiratua ikusteak emaiten zion atsebageagatik zelako, edo goiko halabeharrak haretara agindua zuelako, sukarrak jo eta hartu zuen eta sei egunez ohean eduki zuen. Apaiza, Batxilerra, Bizargina, adiskideak askotan etorri izan zitzaizkion gaiso-ikustetan, Santxo Pantza bere ezkutari zintzoa, berriz, beti ohe ondoan inora bage. Hala ikusirik, azpiratua izanaren atsebageak jota, askatasun-nahia bete ezinik eta Dultzinearen sorgingetzeak halakatua zela uste zuten haiek, eta, nola edo hala, ahal zuten eran alaiarazi nahian zebilzkion; Batxilerrak jaikitzeko esaten zion, susper zedin, artzaingoan iharduten hasteko; artzain-olerki bat osatua zuela esaten zion, hain ederra Sanazarok osaturiko guztiak ttiki-ttiki utziak izanen zirela; besterik ere esan zion, hots, bere diruz artaldea zainduko zuten zakurrak erosiak zituela, batari Bartzino zeritzon, besteari Butroe, Kintanarko abeltzain batek salduak. Honela eta guztiz ere On Kixote beti goibel, beti sotorroindua zegoen.
Hala, bada, adiskideek sendagileari dei egin zioten; eskuturreko tintina neurtu zion honek eta ez zen asko-askorik poztu, deus onik ez zitzaion iruditu, nonbait, eta arimaren osasunaz, bada-ezpada ere, arduratzeko esan zion, soinarenak galtzori txarra zuela eta. On Kixotek entzun zuen, bare-bare hala ere; ez, ordea, hala etxeko Andereak, Ilobak eta Ezkutariak, xamurkiro negarrez hasi baitziren hok, haren aurrean, ordurako hilotzik balute bezala. Sendagilearen eritziz, barruko atsebageak eta ondoezak azken joa eginen zioten, haiek zuten zenduko. Bakarrik uzteko On Kixote eskatu zitzaien, lo pixka bat egin nahi zuela eta. Utzi zuten, bada, eta sei ordu luzeko loaldia egin zuen; hainbestenaz ere, Anderea nahiz Iloba, bere haretan, lotan, geratuko ote zen ere kezkatzen hasiak ziren. Itzarri zen, baina, esandako orduen buruan, eta, ahotsa goratuz, honela mintzatu zen:
Bedeinkatua izan dadila honenbeste onura egin didan Jaungoiko ahaltsua! Haren errukia, izan ere, azkenik, neurribagea da, mugaezina, gizonen hogenek edo bekatuek laburtzen ez mozten ez dutena.
Iloba adi-adi egon zitzaion eta, osabaren esanok ohi zituenak baino zentzu hobekoak zirelakoan, gaisoaldi haretakoak baino behintzat, hau galdera hau egin zion:
Zer dugu, bada, jauna, berorrek dioena? Berriren bat ba al dugu? Zer erruki edota zer gizonen hogen dira horiek?
Iloba – On Kixotek erantzun zion – nik aipaturiko errukia Jaungoikoak niregan izan duena dun, eta, lehenago esan dudana bezala, nire hogenek ez ziotenan Hari galarazten, ez ditun horretarako lain. Nire burua, dagoeneko, argia eta garbia zadukanat; lehengo zoro-ilunpe zentzugeek alde egin diten bertatik, haretaratu bainintzen hainbat zaldun-liburu nazkagarri, behin eta berriz, irakur eta irakur eginaren ondorio mikatzaz. Baditinat ezagunak haien erokeriak zein marroak, eta egiaren argia berandu iritsi, belu heldu zaidana beste damurik ez dinat; honik aurrera arimaren argitzeko izan litekeen besterik irakurtzeko astirik ez, ostera, eta ezin nik haien ordainetan ezer eman. Iloba, hiltzeko zorian nagoela antzemaiten zionat neure buruari; ez niken nolanahi hil nahi, nire bizitza hain gaiztoa izan delako zoro-ospea utzi nahi ez niken; izan, izan naun, bai, zoro izan ere, baina ez niken nire heriotzakoan baietsi nahi. Dei egien, enettok, nire adiskide onei: Apaizari, Sanson Carrasco batxilerrari eta maisu Nikola bizarginari, honaraz itzan, zeren, lehenik aitorpena eta gero hilburukoa egin nahi baititut.
Baina deitzen lanik ez zuen izan ilobak, hirurok orduantxe sartu ziren eta. On Kixotek, ikusi zitueneko, honela egin zien hitz:
Dezagun albiste on, ene jaunok: ni gaurgero ez nauzue On Kixote Mantxako, Alontso Kixano baizik, nire haztura onagatik izengoitiz Ona esaten zidatena. Hona, Gaulako Amadisen eta bere ondoreango ugari-ugari guztien etsai eta arerio egina nago, egun eta eguzki, gaurkiz; zalduntza ibiltariaren kondaira nabarmen guztiak, honez gero, higuin ditut, nakaitz ditut; badakusat ekusi bai nire buru-galtzea eta zeinbaterainoko galtzori latzetan egona naizen, liburu horiek irakurriz eta irakurriz; gaurgoiti, gerorako guztian, bai Jaungoikoaren errukiagatik bai eta neronek ekus-ikasiari esker ere, gaitzesten ditut, arbuiatzen eta betiko abaztorratzen ditut.
Hango hirurek hau entzun ziotenean, beste zoro batek joa zela uste ukan zuten, zalantza bage. Sansonek esan:
Orain, On Kixote jauna, Dultzinea anderea sorginkeriatik at dagoela jakin dugunean, berorrek hori diosku? Orain, artzain izaiteko zorian gagozela, bizitza printzeen antzera kanta-kantari emaitekotan, orain berorrek padar edo parrau izan nahi du? Isil bedi, biziarren, betor berorren onera eta utz alde bat berriketa horiek.
Orain artekoak – On Kixotek berriz ere – nire kalterako hain hala izan direnak, heriotzak neure onerako bihurtuko ditu, zeruaren laguntzaz. Ni, jaunok, banoa, ziztu bizian bizia galduz banoala sumatzen dut: utz itzazue isekak bertan behera, bai, eta ekardazue aitor-hartzaile bat nire aitortza entzun dezan, eta baratari bat ere nire hilburukoa jaso dezantzat; gizonak honelako istilutan bere arimarekin txantxetan ibili behar ez du eta; honela, bada, zoazte, arren, Apaizak aitorpen egiten didan bitartean, "eskribau" baten bila.
Elkarri begira jarri ziren, denak, On Kixotek esanok entzunda, eta, ezbai antxean bazen ere, sinetsi egin zioten, hil agin zegoelako zantzutzat, hara, hain aisa zentzugetik zentzudunera irago izana hartu zuten, ezagugarri horretatik batik bat igarri uste zuten Herio hurbil zebilkiona; esan ere, beste esaera batzuk erantsi eta gehitu zizkien lehen esandakoei, eta hain ongi esanak, hain kristau bezain zuzen esanak denak, azkenean, handik hara zalantzak oro utzirik, erabat zentzatua zela sinetsi baitzuten.
Apaizak hango lagun guztiak aterarazi zituen eta harekin bakarka geratu zen eta aitortza entzun zion. Batxilerrak barataria bilatzera eta, harik gutira, Santxo Pantzarekin batera eratorri zuen; Santxo (Batxilerrak esanda, bere nagusia nola zegoen bazekien) etxeko Anderea Ilobarekin negarrez ikusi zuenean, zotin-potxoloka hasi eta malko-jario jarri zen, taska-taska .
Aitorpena amaitu zen, eta Apaiza honela mintzatu, ateratu zenean:
Egiatan, zentzeko zorian dago, eta egiatan zentzatua dago Alontso Kixano Ona; beraren hilburukoa egin dezan sar gaitezke orain.
Honako albiste berri hauek ukaldi izugarria eman zieten Etxanderearen, Ilobaren eta Santxo Pantza ezkutari zintzoaren begiei, lehendik ere aski malkoz beteak zirenei, eta negar-auhenetan lehertu ziren, bihotzetik hainbat zinkurin egiten hasi zirelarik; halakoxea zen izan ere lagunarterako atsegina bezain bihotz oneko, lehenago ere behin edo behin esan dena bezala, bai On Kixote'Alontso Kixano Ona soilik izan zenean, bai On Kixote Mantxako izan zenean, beti gizon arraia, malatsa izan zen, eta honegatixe, arean, etxekoek ez ezik ezagutzen zuten guztiek biziki maite zuten. Une haretan barataria besteekin batera gelaratu zen; hilburukoaren hatsarrea egin zuen lehenbizi, eta kristau-legez behar diren guztiak osatuz bere arima zuzenduta, On Kixotek azken emaitzak egiterakoan hau esan zuen:
Halaber, eta nire nahia hau da, ez bekio Santxo Pantzari nire diruen konturik eska; nire zoroaldian ezkutaritzat hartu nuela eta hartu-eman batzuk ukan ditugu harek eta biok, gure artean, diru-kontu batzuk eta, beraz, hauetaz konturik ez hartzea nahi dut, kito dago, eta zor diodana ordainduz geroztik zerbait geratuko balitzaio, beretzat izan dadila, ez da askorik izanen eta on egin diezaiola; hara, zoro nengoela uharte baten jaurlaritza emaiteko gai izan banintzen, orain, zentzatu naizen honetan erresuma batena emanen nioke, ahal izanez gero, ori, zeren, haren xalotasunagatik, haren bihotz garbi-zintzoagatik, hori guzti hori irabazia baitu irabazi.
Santxogana bihurtu zen eta honela esan zion:
Barkatu nagik, adixkide, nerau bezalaxe zoro antzean agertzeko galtzorian jarrarazi haut eta; ni erori nintzen okerrean eta makurrean eroraraziz, hots, lurbiran zaldun ibiltariak izan zirena eta badirena sinetsaraziz, hain zuzen.
Ai ene! – erantzun zion Santxok negarretan – Ez bedi, otoi, hil berori, ene jauna, har beza, ordea, nire aholkua eta bizi bedi anitz urtez; gizonak bizitza honetan egin lezakeen erokeriarik larriena horixe da eta, hots, nehork ere hiltzen ez duelarik, bat-bederak bere burua hiltzen uztea, bertze bagerik, barreneko ilundurak edo mindurak jorik. Adi, jauna, ez bedi nagi, ez herabe, jaiki bedi ohe horretatik eta goazen artzain-jantzitan landaz landa, erabakia dugun bezala.: agian sasi baten gibelean, sastraka baten ostean alegia, Dultzinea andere sorgingetua aurki genezake, guziz bere oneratua eta eder-edertua, nehoizkorik ederren. Mendean hartu izanaren minak hil behar badu berori, egotz niri erru guzia, nik Rozinante gaizki lotu nuelako gainetik erauzi zuela erranez edo esanez; gainera, zalduntza-liburuetan ikusia ukanen du berorrek, nabaski, usu gertatu ohi dela zaldunen artean, batak bertzea uzkailtzea, eta egun galtzaile dena bihar garaitzaile izaitea.
Horrela da – Sansonek esan zuen – , Santxo Pantzak gertaera horietaz egia bete-betea dio.
Jaunok – On Kixotek berriro – , goazen poliki-poliki, iazko habietan aurten txoririk ez. Zoratuta ibilia naiz, baina zentzatua nagozue, gaurgero; On Kixote Mantxako izan ninduzuen, baina orain Alontso Kixano izengoitiz Ona nauzue. Emanen al dit berriro lehengo izen ona nire benetako damuak, garbaiak, zuen laguntasunaz aurki; eta egin dezala aurrera baratari jaunak. "Orobat, nire ondasun edo ogasun guztiak, hementxe dagoen nire ilobari, Antonia Kixanari, oso-osorik uzten dizkiot, lehengo azken emaitza horiek kenduta; lehendabizi egin beharreko ordaintza, honela nahi dut nik, hain luzaz nire mirabe izan dudan etxeko andereari zor diodan lan-saria kitatzeko izanen da, eta, honen gainera hogei dukat emango zaio, soineko bat egitearren. Nire hilburuko honen zaintzaile Apaiz jauna eta Sanson Carrasco Batxilerra, hemen dagozenak, ezarten ditut. -- Era berean, hau ere nire nahia, Antonia Kixana nire ilobak ezkondu nahi balu, aldez aurretik argibide bila joanez atamendatu eta gero, zalduntza-liburuak zer diren ere ez dakien gizonarekin ezkon dadila; eta halako liburuak ezagunak dituela jakinez gero, honela eta guztiz ere nire ilobak harekin ezkondu nahi baleza, eta ezkon baledi, nik utzitako den-dena galduko luke; eta honela izaitera nire hilburuko-zaintzaileek, beren eritzira, erruki-egintzetan zabalduko lukete. -- Orobat, honako zaintzaile jaun hauei, arren eta arren eskaritzen natzaie, ezen, halabeharrez, hor zehar dabilen kondaira bat, On Kixote Mantxakoaren egitandien bigarren zatia delakoa egin omen duena ezagutuko balute, ahal bestean, niketz galda diezaioten nik, batere uste bagerik, hainbeste eta hainbeste zorakeria idazteko aukera opa niolako barkatu dagidala barkatu; halako halakokeriak idazteko zioa nik emana eta kezka honekintxe bainoa ludi honetarean bestera.
Honenbestez hilburukoa itxi zuen, zorabio edo ondoez batek jo zuen eta ohean luze-luze etzan zen. Denak ikaratu ziren eta laguntzera hurreratu zitzaizkion. Azken-nahiak idatzarazi zituenez geroztik bizi zen hiru egunetan sarri-sarri galdu ukan zuen konortea, aldigaitzez edo burua arindurik. Etxea guztiz subermatua zegoen, alabaina, Ilobak jaten zuen, Etxandereak topa egiten zuen, Santxo Pantza pozakartua zebilen; zerbait jarauntsi behar honek jaraunslearen gogoan hil izanak utzi dion mina edo tamala ezabatzen baitu, suntsiarazten baitu. Azkenean, On Kixote azken orenak jo zuen, elizakoak oro hartu ondorean, eta zalduntza-liburuak esaldi garbi ugariz gaitzetsirik. Barataria hantxe zegoen eta zera esan zuen, hots, berak ez zuela inoiz ikusi inongo zaldun-liburutan ezein zaldun ibiltari beraren ohean hil zenik, On Kixote bezain bare, bezain ezti, bezain kristau; hango guztien malko-erruki artean azken hatsa ukan zuen, hil zen.
Apaizak, hura ikusita, baratariari agindu zion aitor eman zezan nola Alontso Kixano Ona, beste izenordez On Kixote Mantxako, bizia galdurik berez hila zela; aitorpen hori' beste edaskaigile zeinbaitek, Zide Hamete Benengelik ez bestek, berriz ere gezurrez berpiztu ez zezan, eta beste behin ere haren egitandien edaskai amaiezinen bat egin ez zezan eskatzen zitzaiola esan zion. Honela bukatu zen Mantxako Gapare Buruargiarena, non zehazki ez zuen Zide Hametek argitu nahi izan, Mantxako hiri eta herri guztiek elkarri eraso egin ziezaioten, bat-bederak beretzat hartzeko asmoz, Greziako zazpi hiriek Homerorengatik egin zutena legez.
Ez dira hemen agertuko Santxoren negarrak, ez On Kixoteren etxeko Anderearenak eta Ilobarenak; hilobiko hilartitz berriak ere ez dira agertuko, baina Sanson Carrascok hau ipini zion:
Kaparea hemen datza
inoiz izan den onena
Ai honen bizitza latza!
Atzean -honen gemena!-
beti Herioren hatsa
Mundurik mundu joana
mamu, txingote, otzana
zaldunik goren-gorena
zoro bizi izan zena
zuhurturik hil izana
Zide Hamete zentzu handikoak bere idazlumari hauxe: "Hemen geratuko haiz, arasa honetan zintzilik, burdinazko hari honetatik esekita ene idatz-hegats hau, eta mende luzeetan hementxe biziko haiz, baldin kondairagile galuts harroxkoren batek zintzilgetu nahi ez bahindeza, hire geren edo lotsarako. Hiregana irits dadin baino lehen, ordea, oharrarazi ahal diok, ahalik erarik egokienean honela esan hiezaioke:
Ut, ut, hi, aho-beroxko!
zeegik inola ere uki
lan hori, errege zintzo,
niri izan baitzait egoki
Niretzat ez besterentzat sortu zuan On Kixote, eta ni beronentzat; honek egiten jakin zian, eta nik idazten; biok gaituk elkarreganako, hara, tordesillastar idazle gezurtzuri hura gora-behera eta haren haserrerako bada ere, ausartu baitzen, edo ausartuko, nire zaldun gementsuaren egitandiak idaztortz kamuts ostrukaren hegats zakarrezkoaz idazten.
Hau ez duk haren sorbaldarako zama, ez haren asmamen hotzerituak asma dezakeena; baldin ezagutzera heltzen bahaiz, oharrarazi egiok, On Kixoteren hezur ustel hautsiei hilobian baratz-baratz egoiten utz diezaien, ez dezala, heriotzaren lege guztien aurka, Gaztela Zaharrera eraman nahi, luze-luze egiazki etzana datzan hobirean irtenarazirik, hor bertan hirugarren irtenaldi berri bat egiteko aukerarik ez duela; egin ere, iseka egitearren, hainbat zaldun ibiltarik eginiko hainbat irtenaldiz iseka egitearren, harek egindako bi irtenaldiak aski dituk, biak, ori, haien berri jaso izan zuten lagun guztien atsegingarri eta pozgarri izan zituan, bai herrialde hauetan bai atzerrietan. Hau esan edo eginez gero hire kristau-legea ongi beteko duk, gaitz erizten dianari aholku ona emanez; ni, berriz, haren idazkien emaitzaz osoki gozatu zuen lehena izan nintzelako ase bezain harro geratuko nauk, halaxe nahi nian eta beste asmorik ez nian, zalduntza liburu horien guztien kondaira burubage edota gezurrezkoak gizonek higuin ditzatena baino. Nire On Kixote egiazkoaren joan-etorriengatik haiek edaskai haiek guztiak zirkun-zarkun ibilten hasiak dituk, engoitik, haburika zoazak itsumustuan eta, urrutira baino lehen erori eginen dituk, noski baino noskiago".
Ondo da.