On Kixote Mantxako

10. atala

On Kixotek eta Santxo Pantzak ukan zuten elkarrizketa irrigarriaz.

Ordurako, Santxo Pantza jaikia zen, lekaideen mutilek banatua, porroskatua, eta On Kixote bere jaunaren borrokari begira erne egona zen. Jaungoikoari bihotzez otoitz egin zion garaipena opa ziezaion, gurenda lortuz gero uharteren bat irabaztearren, eta bera bertako jaurlari izendatuz agindutakoa bete ahal izan zezan. Liskarra amaiturik, bada, bere nagusia Rozinanteren gainera igaiten ikusi zueneko, oina eskalapoinean tinkatzen laguntzera heldu zitzaion, eta igo baino lehenago, belauniko jarri zen haren aitzinean, eskua hartu zion eta mun egin zion, esateaz batera

Berorri nahi dakiola, On Kixote ene jauna, borroka latz honetan irabazi duen uhartea niri emaitea, handia izanagatik ere, ni jaurri ahal izaiteko nahiko indardun naizelako, lurbira osoan uharteetan jaurlari izan den bertze nor edo nor bezain ontsa egiteko gai, bai, bederen.

On Kixotek honi honela erantzun zion:

Ohar hadi, anaia Santxo, borroka hau eta antzeko borrokaizunak ez direla uharterik irabaztekoak, bideburuetakoak baizik, ez duk besterik irabazten burua hautsi edo belarri bat guttiagorekin amaitzea baino. Euk egonarri, egon lasai; izanen dituk, bai, borrokak eta, hi jaurlari izenda hazadan, eta are gehiago ere.

Santxok eskerrak eman zizkion, eta, eskuan berriro eta bular-babeseko gonan mun emanda, Rozinanteren gaineratzen lagundu zion. Bera astoaren gaineratu ondorean, nagusiaren gibeletik ibilten hasi zen, tapa-tapa, agurrik ez eta gurdiko andereekin hitz egiteke, inguru haretan zegoen baso batera sartuz. Astoa ahalik zaluen, arinik arin, zihoan, baina Rozinanteren atzetik ezinean; Santxo, beraz, atzean geratzeko beldurrez edo, nagusiari oihuka itxadoteko. Hala egin ere egin zuen On Kixotek, Rozinanteri hedetik ten, ezkutari nekatua iritsi arte. Zera esan zion honek heldueran:

Nire iritziz, jauna, elizaren batera aterpe bila joaitea hobe dukegu; zeren eta, borrokako berorren etsai hura nola geratu zen, hain zauritua, hain sarraskitua, ikusiz gero, ez da harritzekoa izanen Anaidi Santuari albiste emaitea, gu atzemaite aldera. Eta, alafede! honela egin balezate, gu espetxetik jalgi arte, atxilo-atorra izerdiarazi beharko genuke, uharretan, lama-lama izertu ere.

Isil hadi. Non ekusi duk hik, edo irakurri, inoiz, egundaino, zaldun ibiltariren bat auzitara eramana izan denik, hainbat eta hainbat giza-hilketa egin baditu ere?

Nik ez dakit ezer "gizahiltekaz" – Santxok bere hizkeran – jakin, ordea, badakit Anaidi Santuak zerikusirik duela horrekin, landetan egin borrokekin, ni ez naiz bertze deusetan sartzen.

Horrela bada, ez izan tamalik – On Kixotek ihardesten – kaldearren eskutatik ateratuko haut nik, eta, areago, behar izanez gero, Anaidiarenetatik. Baina, esaidak edo erraidak, hire biziagatik, ekusi ote duk ni baino zaldun zangarragorik lurraren gainazal osoan? Irrakurri duk-a inoiz inor oten den ni baino oldarkorrago erasoetan, ekinean ekinagorik, sarraskitzean trebeagorik, uzkailtzerakoan eskudantza arinekorik, deseiu hobekorik?

Egia erraiteko, nik ez dut nehoiz istoriorik irakurri, irakurtzen ez idazten ez dakit eta; baina ausartuko naiz, bai, ixpixo egitera, berori baino nagusi kapetadunago bat ere ez dudala, nire bizialdi osoan, zerbitzatu; eta Jainkoari nahi dakiola kapeta hori erran dudan zer saindu horrek moztua ez izaitea. Eskatu nahi diot, berorri, bertzalde, senda dezala beharri hori, anitz odol baitario; hona heben, bidezorroan, haria eta ukendu zuri poxi bat.

Hori ondo zegokean – On Kixotek Santxori – Fierabrasko gantzukiz bete andel bat ekarri banu, honexetarik tanta bakar batez sendagaietan aurreztu eta arinago sendatu eginen genikean eta.

Zer andel eta zer gantzuki da hori? – Santxo galdezka.

Gantzuki horren osagai-pirrista, errezeta esan nahi diat, Santxo, zein den gogoan diat, eta horrekin ez duk zertan heriotzaren beldur izan, ezein zaurik ez hau hilgo. Honetaz, egiten dudanean eta hiri emaiten, ez dukek besterik egin behar, hots, borrokaren batean erdi bi eginda, goitik behera soin osoa urraturik alegia, ekus nazaanean -askotan gerta bezala- emeki-emeki, lurrean dagoen gorputzaren erdia , odola izoztu baino lehen, hartu eta zaldi gainean geratu den beste erdiaren gainean ipiniko duk, doi-doi itsatsita. Gero gantzuki horretatik bi muxtada, hurrup eta klik, emanen didak, eta ekusiko nauk sagarra baino zindoago, berriz ere.

Horrelakorik baldin bada – Santxo mintzo – nik uko egiten diot, honik aurrera, agindu uharteko gobernamenduari, eta ez dut bertzerik nahi berorrek osagai-pirrista hori eman diezadan baino, pattar miragarrizko horrena, nire zerbitzu on eta askoren ordainetan. Horren otxina ontzakoa izanen dela uste baitut, non nahi den ere; eta nik ez dut gehiagoren beharrik bizitza hau gizonki bezain atsedenez iragaiteko. Orain jakin behar da garesti ote den horren egitea.

Hiru otxin baino gutiagoz hiru pitxer bai – On Kixotek.

Ai bekatari ni! – Santxok ozenki – bada, zeri iguriki behar ote dio berorrek hori pattar hori egiteko eta niri egiten irakasteko?

Isilik, adiskide – ihardetsi zion On Kixotek – hori baino isilpeko handiagorik ere irakatsiko diat, eta dohain handiagoak eginen, baina, oraingoz, senda dezagun belarria nik nahi baino mingarriago dena.

Zakutotik hariak eta ukenduak atera zituen. Baina, On Kixotek bere kaska ikusi zuenean, zentzua galtzear jarri zen, eta eskua ezpataren gainean ipinita, begiak ortzira, esan zuen:

Zin dagit, gauza guztien Egilearen aurrean eta lau Ebangelio santuen gainean, Mantuako Markesaren biziera eginen dudala, Valdovinosko bere ilobaren heriotza mendekatzea erabaki zuenean. Orduan, mahai-zamau gainean otordurik ez egitea erabaki zuen, bere emaztearekin ez joitea zin egin zuen, eta beste antzeko zer batzuk, oraintxe gogoan ez ditudanak, baina, aipatutzat emanen ditudanak; eta nik antzera holakoak eginen ditut oker larri hau egin zidanari asper nakion arte.

Hau entzunda Santxok esan zion:

Pentsa beza berorrek On Kixote jauna, zaldun hak agindutakoa bete izan balu, Tobosoko Dultzineari aurkeztera joan balitz, alegia, behar zuen guzia egina izanen zela, eta, honetaz, ez luke bertze zigor bat irabaziko, bertze hogen, bertze gaiztakeria bat egin ezik.

Ondo hitz egin duk, ondo jo duk. Hona bada, mendekuaren zina ezereztatzen diat; baina esan dudan biziera egiteko zina berretsiko diat, honik eta zaldunen bati indarrez honen antzeko kaska on bat ken diezaiodan arte. Ez uste, Santxo, honelako hau funtsik bage egiten dudanik; badiat noren halakatu: Manbrinoren kaskari, hitzez hitz, berdin gertatu zitzaioan, eta bai garesti ordaindu Sacripantek.

Eman biezazkio berorrek "deabruari" horrelako zinak, ene jauna, berorren osasunaren gaitz eta kontzientziaren kalterako baino ez dira eta. Bertzela, erran orai: anitz egunetan kaskadun gizonik aurkitu ezean, zer egin behar dukegu? Bete behar ote da egin zina, hainbat atsebage eta eragozpen jasanez, hala nola, jantzirik lo egin beharra, herrian lo ez egitea, eta bertze mila penitentzia Mantuako Markes zahar zoro harek zin egin zuen bezala, orai berorrek berrezarri nahi duena? Begira ontsa berorrek bide hauetan guzietan zehar ez dabilela gizon iskiludunik, mandazainak eta itzainak baizen, kaskarik eraman ez eta, eiki, kaska hori zer den ere jakin ez dakitenak.

Oker hago – darauntso On Kixotek – duela bi ordu, ozta-ozta, hasi gintuan bideotan zehar, eta dagoeneko, iskiludun gehiago ekusi diagu, Albracara, Angelica Ederra berendu nahian, etorri zirenek baino.

Geldi, bada – Santxok – izan bedi horrela eta ongi gerta dakigula, Jainkoak nahi badu, eta hel dadila, honez gero, uharte horren irabazteko garaia, garesti baitzait, eta hil nadila ni gero.

Esan diat, bada, Santxo, horretaz ardurarik ez izaiteko; uharterik ez balego, horra, Danimarkako erresuma, edo Sobradisakoa, biak ala biak, atz nagiari eraztuna bezain doi egokituko zaizkik, eta gainera, lehor trinkokoak, ez itsasoz harandikoak, dituk eta poz handiagoa hiretzat. Utz dezagun, hori, baina, bere garairako, eta so egik ea ezer dakarran bide-zorro horietan jateko; gero gazteluren bat bilatzera joan behar diagu gaua emaiteko eta esan diadan gantzukia egin dezagun, zeren, alajainkoa! belarri honek gero eta gero min handiago egiten baitit.

Tipula bat, gazna pixka bat, opil koxkorren batzuk dakartzat – erran zion Santxok – ez dakit zeinbat; baina jakiok ez dira berori bezalako zaldun gementsu batentzako modukoak.

Zein oker ulertzen duan! jakin ezak, Santxo, zaldun ibiltarien ohore dela ilbete osoan jateke egoitea, edota, jatekotan, eskueran dadukaten haretarik jatea; hau egiatzat hartuko huke, nik adina kondaira irakurri izan bahu; asko eta asko izan dituk, bai, nik irakurritakoak, eta haietan guztietan ez diat inon aurkitu zaldun ibiltariek jaten zutenik; Agian, oturuntza arranditsuren baten, handikien gonbidatu legez, gainontzeko egunetan txori antzean edo. Argi zagok, noski, ezer jan bagerik ezin bizi izaiten zirena, eta gorputzaren beste eginbehar guztiak egiteke ere ez, zeren, jakina, gu bezalako gizonak baitziren; baina gogoan ukan behar duk , basoz baso, lekarorik lekaro, etxerik bageko urrutietan, sukalde-mutilik bage ibili ohi zirena, bizitzarik gehienean; honetaz, haien egunoroko jatordu arrunta landa-basoko jangaiez osatua izanen zuan, batik bat, hik oraintxe eskaini dizkidaan horien antzekoez, Honelatan bada, Santxo lagun, ez dadila hiretzat damu niretzat gozagarri, gogozko dena; ez hadi saia hi mundua berritu nahian, ez eta zalduntza ibiltaria bere erroetatik aterarazten ere.

Barka biezat berorrek; lehenago esan dudanez, nik ez dakit irakurtzen ez idazten, eta honen kariaz ez dut ikasi eta burutan hartu ez, honengatik, zalduneria-legerik. Hebendik aitzina, nik hornituko ditut, bai, bide-zorroak, berorrentzat, zaldun denez gero, mota guzietako igali lehorrez; eta niretzat, neu halakoa ez naizenez gero, hegazti eta bertze hazkurri, mami edo urin gehiagoko zerbaitez zuzkituko ditut.

Ez zioat nik, Santxo, zaldun ibiltariak horretara behartuak dagozenik, hik dioan igali mota hori besterik ez jatera, gehien-gehienetan haien elikagaia horretarikoa izanen zela baizik, eta horrez gain, landetan bildutako zeinbait berar ere haiek ezagun zituztenak eta nik ere dazaguzkidanak.

Dohaina da, bai – Santxok berriz ere – belar horien ezagutzea, igarten hasirik bainago, egunen batean ezaguera horren premia, beharra datekeela.

Honetara iritsita, zekarrela esan zuen hura ateratu eta biok elkarrekin, bake onean, jan zuten. Alabaina, gau haretarako ostatua non bilatuko kezkatan zegozen eta berehala bukatu zuten beren jateko lehor murritza. Igo ziren, gero, abereen gainetara, eta azkar-azkar joan ziren, ilundu aurrez etxarteren batera iristeko asmoaz; eguzkia, ordea, ostendu zitzaien eta nahi zutena iristeko itxaropena ere hoztu. Ahuntzain batzuen txabolak zegozen sarobe batera helduta, gaua bertan emaitea erabaki zuten. Santxori nahieza zitzaion etxarte batera edo bestera iritsi ez izana; nagusiari, aitzitik, nahikaria hein berean, ortzia goian eta aterperik bage, izarpean, lo egitea, zeren, hala egiten zuen bakoitzean bere zalduntasunaren agerpide bat ez ezik bere zaldun-irargi bat erakusteko ekintza ere zela iruditzen baitzitzaion.