On Kixote Mantxako

13. atala

Martzela artzainaren ipuina bukatzen dena, eta beste gertaera batzuk.

Ekialdeko pendizetatik eguna argitu bezain laster, sei ahuntzainetako bost jaiki eta On Kixote iratzartzera joan ziren, ea, artean, Grisostomoren hileta entzutetsua ikustera joaiteko asmoagaz ote zegoen, eta baietzean, eurak lagun izanen zitzaizkiola. Nahi izanen ez zuen bada; jaiki zen, agindu zion Santxori zamariak, berehala, zelatu eta bastatzeko (bai honek arin-arin egin ere) eta era berean denak bideratu ziren. Legoa lauren bat ez ziren aitzina joanak, beste bide-zidor batetik eurakanantz seiren bat artzain zetorrela ikusi zutenean, zamar beltzez jantzita, nekostaz eta erroitzori garratzez egin txirikorda buruan eraztun. Bakoitzak gorosti-makil lodi bana eskuan. Haiekin, zaldiz bi gizonezko galant, biderako ongi apaindurik, oinezko hiru morroerekin batera. Bidean hurbildu ondoan elkarri agur adeitsua egin zioten, eta elkarri galde ere nora ote zihoazen; oro hiletara, bai, eta elkarrekin ibilten hasi ziren.

Zaldizko haietako batek bere lagunari honela esan zion:

Nago, Bibaldo jauna, egin genuen luzapena ondo egintzat jo behar dugula, ehorzketa entzutetsu hau ikustearren; nola, bada, ez da entzutetsua izango, honako artzainok bai hildako artzainari bai artzaineme hiltzaileari buruz jaulki dizkiguten harrigarrizko horien kariaz?

Ni ere horretan nago – erantzun zion Bibaldok – eta, zera, egun bateko luzapena ez dinot nik, laukoa baino, beharrezkoa balitz, ikustearen sari.

On Kixotek galdezka ea zer zekiten Martzelaz eta Grisostomoz. Zaldizko bidaide batek, goizaldean artzain haiekin buru egin zutela, halako janzkera hain ilunez ikusita, ea zergatik zihoazen hala, eta haietako batek jakinarazi ziela, Martzela izeneko artzain baten edertasun harrigarria azalduz eta, era berean, haren eske ibili ohi ziren maitemindu ugariren bihotz-minak, eta azkenik, harako Grisostomo haren heriotza, eta honexen hiletara zihoazela. Azkenean Petirik On Kixoteri jaulkia zion guztia beste behin edatsi zion.

Hitzaspertu hau amaitutakoan, beste bati ekin zitzaizkion, Bibaldok On Kixoteri itaundu zionean ea zer zela eta zebilen hala, iskiluz jantzita, hain baketsu zen lurralde haretan zehar. Honela erantzun zion On Kixotek:

Nire bizi-legearen eginkizunak ez dit bestela ibiltzeko baimenik ez biderik emaiten. Ongi-bizia, gutizia eta atsedena handiki faun, bigunentzat egin ziren, nonbait; baina, beharra, ezinegona eta iskiluak besteentzat, hots, munduak "zaldun ibiltari" izendatu dituenentzat, eta berauetan ni, duin ez izanagatik, guztietan txikerrena neu naiz.

Hau entzun ziotenean, berehala, zorotzat hartu zuten, eta gehiago jakiteagatik eta zer-nolako zorotasuna zen aztertzeagatik, berriz ere galdezka hasi zitzaion Bibaldo, ea zer esan nahi ote zuen "zaldun ibiltari" izenburu horrek.

Ez al dituzte beroriek irakurri – On Kixotek erantzunez – Ingalaterrako urtekariak nahiz historiak Artur erregearen egite handiak aipatzen direnetan? Gaztelako gure erromantzean beti Artus esan ohi zaion errege hori, Bretainia Handiko erresuma guztian, antzinadanik eta zabalkiro ahoz-ahoko ekarriak dakar, ez zela hil, bele bihurtu baizik, sorgin-joko bat zela bide; eta urteak joan urteak etorri, noizbait, berriro errege izanen dela, berriz ere bere erreterri eta erret-makilaren jabe izanen dela: Honegatixe, hain zuzen, harez geroztik gaurdaino inork ez du ekusi ingeles bakar bat belerik hil duenik. Errege zintzo honen garaietan ,bada, Mahai Biribileko zaldunen botigo ospetsua sortua izan zen. Orduan, zehatz-mehatz han aipatu Aintzirako Lanzarotek Ginebra erreginarekin izan zituen maitakeriak gertatu izan ziren, haien bien bitartekari edo "mandatari" Kintañona andere zuzenkoia izan zelarik. Hona nondik datorren halako erromantze ezagun eta gure Espainian hain goraipatu ha

Sekula ez da zaldunik izan
"damaz" hain ongi zerbitzatua
nola Lanzarot Britainiatik
honantz zenean bildua

eta hortik aurrera haren maitakerien nahiz egintza gogorren jaulkipen leun, bigun, etorri jorikoa. Harez gero, bada, Zalduntza-elkargo edo "ordena" hura, eskutik eskura, hazten eta zabaltzen joan zen, lurbiran barrena, asko herrialdetan; haretaz, noski, ezagun egin ziren elkargoko zaldun handi batzuk, hala nola, Gaulako Amadis adoretsua, bere seme eta biloba guztiekin, bostgarren balaunaldiraino; eta Hirkaniako Felixmarte bihoztuna, eta inoiz irabazi zuen bezain goretsia izan ez zen Tirante Zuria, eta gure egunetan bertan ia-ia, Greziako On Belianis zaldun gementsu garaitezina harremanetan ekusi eta entzun izan dugu. Hauxe da, bada, zaldun ibiltari izaitea, eta esan dudan horixe zalduneriaren elkargoa edo botigoa, eta honetakoxea naiz ni, esan bezala, bekatari izan arren, zin egin dudalako, eta honetaz, zaldun haiek eurentzat hartu zuten bizi-lege ber-bera dut niretzat. Honegatik nabil oihan bakarti hauetan zehar, lekaroz lekaro, arriskuen bila, zin-zinez erabakia baitut nire besoa eta neure burua, nire neu osoa, halabeharrak ekar liezadakeen borrokaizunik gaitzenean ere, behartsu eta ahulen alde eskainiko dudala

Honelako hauek guztiak esanda, On Kixote burutik eginda zegoela ikasi zuten ikasi, azkenik, bide-lagunek, eta nolako zoroak zeroan, eta harritu zitzaien, haren zoroa lehenengo aldiz ezagutzen zuten guztiak bezain txunditurik geratu ziren. Bibaldo, burutsu eta argia zen hein berean alaia zenez, eta hileta lekuraino muino haietan gaindi iritsi aginean zegozela bideko nekea pixka bat arintzearren edo, haren zorokeria gehiago entzun nahiaz, hizpide egokia emaiteko zera esan zion:

Iruditzen jat, zaldun ibiltari jaun, berorrek lurbira osoan dagoan langintza edo bizi-legerik zorrotzena, itxiena hartu dauala, nago kartusiar parrau edo padarrena baino itxiagoa dala.

Izan liteke, bai, hain hertsia – gure On Kixotek – baina munduan behar-beharrezkoa dela ez dut zalantzarik egiten. Esate baterako, guda-mutilak bere gudalburuak agindu diona egiteaz ez du agintzaileak baino gutiago egiten. Esan nahi baitut, ezen, lekaideek, bakez-atsedenez, zeruari ludiarentzat on eske dihardute; gudariek eta zaldun ibiltariok haien eskaria gauzatu izaiten dugu, gure besoon gemenaz babestuz, gure ezpata zorrotzez jagonez; ez deusen azpian gorderik, ez, eguzki nahiz ilargi azpian baizik, ortzia baino ez abaro, uda minean eki-zinka jasangaitzek jota, negu minean izotz-karroinak aldean beste zulatuta. Beraz, Jaungoikoaren otseinak gara lurbira honetan, Haren zuzentza zertu behar dugun besoak gara. Gudagaietan, alta, ez da ezer egiterik, izerdiz, ihardunez, ekinez, lan eginez baizik; esan daiteke, honetaz, gai horietara emanak daragoigunok, ezbairik bage, bake santuan eta atseden osoan Jaungoikoari otoitz eginez ahulen alde egiten duten haiek baino lan handiagoa, eginkizun larriagoa dugula. Ez dut esan nahi, ez bururatu ere, zaldunaren biziera barruitxita dagoen lekiadearena baino hobea denik; nire eritziz, ondorioak ateraturik, zalantzarik ez, lantsuagoa da, nekagarriagoa, goseti eta egartiagoa, landerragoa, errukigarriagoa, hauskor eta zorritsuagoa da. Antzinako zaldun ibiltariek bizialdi osoan zorigaitz ugari jasan izan zuten. Haietako bat edo bat enperadore izaitera heldu bazen, besoaren indarrez, alafede!, izerditan zein odoletan lazki kitatu behar izan zuten, eta haretara heltzekotan sorgintzaile edo azti edo jakintsu zeinbait izan ez balute laguntzaile, ez zuten nahikaririk bat ere erdietsiko, eta hagitz etsiak jota geratuko ziratekeen, itxadopenik ere bage.

Horrekin bat nator – itsatsi zion bide-lagunak hizpidea luzatuz – baina zaldun ibiltarietan besteak beste, gauza bat oso txarto iruditzen zait, zera: arrisku larri batera sartzerakoan, bizia bera ere galtzeko zori lazgarrian, ez dutela , une gaitz horretan, Jaungoikoaren esku uzten euren burua, halako arriskualdi batean edozein kristauk egin behar lukeena legez; alderantziz, euren andereen esku uzten dute, hain gogotsu, hain eraspen fedetsuaz, berauek Jaungoikoa balira bezala; hor nik halako jentilkeria kutsu pixka bat sumatzen dut.

Jauna – ihardetsi zion On Kixotek – hori ezin daiteke izan inola, are guttiago, eta horrelakorik eginen ez lukeen zaldun ibiltariak ez luke ongi eginen, izan ere, ohitura, ekandu eta legea da, zaldun ibiltarien artean, borroka edo ekintza larri baterantz doanean bere anderea aitzinean ukaitea, eta beronengana begiak maitekiro, xamurkiro apalduz itzultzea, borrokaizunean , istilu galgarrian urgatz eta lagun egin diezaion eskean bezala; eta, inork aditu ezean bada ere, hortz-hagin artean hitz batzuk esan beharra du, bihotz-bihotzez bere burua hari eskainiz. Honelako beredin eredu dugu kondaira guztietan. Ez da ondorioztatu behar, horregatik, bere burua Jaungoikoari egotzi behar ez dionik, egintza burutu bitarteko egokiera nahiz beta asko eta luze izan ohi du eta.

Hori horrela bada ere – bidelagunak – ardura bat dut, hau da, askotan irakurri izan dut bi zaldun ibiltariren artean, hitz elkarri esan eta, berehala, sumindu egiten direla, amorruaren amorruz, zaldiak itzularazten dituzte, landan tarte handi batez elkarrengandik alde egin, eta, besterik ezean, arrapaladan, elkarrengana joten dute, eta hurbiltzerako horretan euren burua andereen esku uzten dute; jotean gertatu ohi da, antza denez, bata zaldiaren hanka artean jausten dela, bestearen lantzak alderen alde zulatu duelako, eta beste honek zaldiari eutsi ezinik, kimatik bada ere, lur joten duela, punp!; eta, nik ez dakit nola hildakoak egotzi ahal ote dion Jaungoikoari bere burua, horren bat-bateko lipar horretan. Hobe zukeen, bai, lasterraldian bere andereari zuzendu zizkion hitzak, kristau antzo, behar zuen zeratan erabili izan balitu, Areago, nik ez dut uste zaldun ibiltari guztiek beren burua eskaintzeko andererik dutenik, guztiak maitez mindurik ez dagoz eta.

Ez, hori ezin daiteke – On Kixotek – ezin daiteke zaldun ibiltari izan andererik bage, zeren honelakoei , berez, maiteminberak izaitea baitzaie ortziari izarrak ukaitea bezalaxe, eta ziur egon ez dela inoiz ekusi historiarik maitebako zaldun ibiltari bakar bat dagoenik; zeren, hain bage balego ez baitzuen inork zalduntzat hartuko, legearen legez, sasikotzat baizik; zalduneriaren gotorlekura ez atetik, horma-txapelen gainetik baizen, lapur edo ohoinen antzera, sartua zela esango zuen.

Horrelatan bada – berriz ekin bidaidea – oso oker ez banago, nonbait irakurria dut On Galaor Gaulako Amadis adoretsuaren anaia, bere burua nori egotzi ez zuela ibili zena, andere bagerik, hots; eta honela ere ez zen gutietsia izan, eta zaldun ospetsu, kementsua izan zen txit.

Hona On Kixoteren erantzuna:

Jauna, enara batek ez du uda egiten. Nik badakit, otean, zaldun hori, isilpean, biziki maitemindurik zegoela, on erizten zien guztiak maite zituen, berez, eta bakar batekin ezin, Baina, azkenik, ondo igarrita dago harek bere nahierako anderetzat hartutako bat bakarra zuena, eta beroni sarri bere burua egozten ziona, soil isilpean, isilpe handiko zaldun izaiteaz harro baitzegoen.

Beraz, zaldun ibiltari guztien izatasunean maitasuna badago – bide-lagunak berriro – berori ere gaitz horretaz mindua dela sinetsi behar da, legezkoa izanik. Berori On Galaor bezain isila izateaz harro ez badago, zinez otoitu nahi zaitut, nire eta aiza osoaren izenean, berorren anderea nor den nongoa, nolakoa eta haren edertasunaren berri eman diezagun; bera pozez egongo al baita zu-lako zaldun batek maitatua eta zerbitzatua izateagatik eta mundu guztiak hori jakin dakielako.

Hasperen handia egin zuen eta erantzun zion:

Nik ez dakit nire etsai goxo, xamur, extia pozez ote dagoenentz nik zerbitzatzen dudala mundu guztiak jakiteagatik; badakit, horren eratsuki otoitua izan naizenez gero, haren izena Dultzinea dela, Toboso haren sorterri Mantxakoa; nolakoa den! printzesa, bederen, neure andere eta erregina dela-eta; haren edertasuna, gainera, gizakiz gaindikoa, zeren, berarengan egia bilakatzen baitira olerkariek beren andereei eransten dizkieten edertasun-osagai ametsezko eta ezinezko guztiak: urrezko ileak, bekokia paradisua bezainbestekoa, bekainak zeruko zubiak, bere begiak eguzkiak dira, masailak gorrixtak, ezpainak koralezkoak, hortzak bitxiak, hartzurizkoa lepoa, bularra haitzurdinezkoa, eskuak bolizkoak ditu, elurra da bere zurian, eta lotsa-legeak estalian uztera behartzen dituen alderdiak, hain dira, zerak, nik uste edo iruditzen zaidanaz, halakoak, ezen, zuhurkiro ezaipatzekoak eta ez ezerekin alderatzekoak direla.

Etorkia, jatorria eta narea nahi genduke jakin – gilikatu zuen Bibaldok putzak emanez.

Ez da, ez, antzinateko Curcio, Gayo, Cipion erromatarrena, ez gaur-egungo Colona edo Ursinotarra, ez Kataluniako Montcada edo Requesens askazikoa, ez, areago, Balentziako Rebella edo Vilanovatarra, ez Aragoiko Palafox, Nuza, Rocaberti, Corella, Luna, Alagon, Urrea, Foz, edo Gurreatarren ondokoa, ez Gaztelako Cerda, Manrique, Mendotza edo Guzmandarren endakoa, ez Portugalgo Alencastro, Palla, Menesestarra; Mantxako Tobosokoena da , etorki berria izanik ere, hurrengo mendeetako handiki-sendi baten etorburu narotsua izan daiteke. Eta honetaz ez biezat inork ihardets, Cervinok Orlandoren mazmarroan, armarriaren azpian, ipini zuen baldintza betetzerik ez balu, hots:

Ez bitza higiaraz
Errolanekin leihatzeko gai ez denak.

Nire etorkia Laredoko Katxopindarrena dan arren – bidaideak erantzunez – ez naz ausartuko Mantxako Tobosotarrekaz alderatzera, izan bere, orain arte, izen hori entzunbakoa naz, izan.

Horrelakorik berriz! – On Kixotek.

Beste guztiak adi-adi zihoazen haien arteko elkarrizketa entzuten, eta ahuntzainek edo artzainek berek On Kixoteren zentzurik eza gero eta igarri-igarriagoan sumatzen joan ziren. Santxo Pantza zen bakarra, bere nagusiak erraiten zuen guztia egia zela sinesten zuen bakarra, ezagutzen zuelako eta jaio zenetik beretik nor zen zekielako; zalantza izpi bat bazuen, ordea, Dultzinea totilarenaz, zeren Tobosotik hur bizi bazen ere, inoiz ez baitzuen harako izen ez harako printzesaren berririk bere belarrietaratua izan. Ele-mele honetan zihozenean, mendi garai biren arteko mehakarean behera hogei bat artzain jaisten ikusi zuten, orok ardi-larru beltzez jantzita, txirikordaz apainduak buruak, batzuk agin-kimuz bestetzuk nekosta-ostoz eginak, geroago ikusi zenez. Haietako seiren artean anda batzuk zekartzaten, loreez eta abarrez edo floka mota ugariz estalita. Ahuntzain batek ikusi eta esan zuen:

Han datozen haiek Grisostomoren gorpua dakartenak dira. Mendi haren barrenaldean zuen agindu lur eman ziezaioten.

Lehen bai lehen iristeko egin zuten eta andariek zerraldoa lurrean ipinia zutenean heldu ziren, eta haietako lau hilobia hondeatzen ari ziren, pikotx zorrotzez, harkaitz gogor baten aldamenean. Elkarri abegi ona egin zioten, eta On Kixote beste bide-lagunekin, zerraldoari so gelditu zen, begira-begira, eta loreen artean hilotz bat ikusi zuten, soinekoz artzain, adinez hogeita hamar bat urtekoa, antza; nahiz eta heriotza heldu, bizirik aurpegi ederrekoa eta erskona, sendari onekoa izan zela nabaritzen zen. Haren inguruan, zerraldoan bertan, liburu batzuk eta paper asko, irekiak eta itxiak, zeduzkan. Hango guztiak, hala begira nola hilobia egiten ari zirenak, eta besteak oro, ixil-ixilik zegozen, hildakoa ekarri zutenetako batek beste bati honela esan zion arte

Begira ongi, Anbrosio, ea hauxe ote den Grisostomok erran zuen lekua, hilburukoan agindua doi-doi bete nahi baduk.

Hauxe duk – erantzun zion Anbrosiok; nire adiskide gaixoak bere ondikoaren nondik-norakoa usu jaulki izan zidaan. Hantxe, erran zidaan berak ikusi zuela lehenbizikoz harako gizakiaren etsai hilgarri hura, eta hantxe aitortu zioan bere gogo garbia bezain maitakorra, eta hantxe, azken aldiz, gutietsi zian eta etsiarazi, haren bizitza ilun.goibelari amaiera emaiteko. Eta hementxe, hainbat zorigaitzen oroimenez, betiereko ahazturaren erraietan sar zezaten nahi zian.

Eta On Kixoteri eta bidekoei begira jarrita, esateari jarraiki zitzaion:

Gorpu hori, jaunok, begi errukiorrez behatzen duzuena, arima ezinago hobe baten edukontzia izan zen, zeruak bere aberastasun zati ahiezinak bertan sartu eta utzi baitzituen. Grisostomoren gorpua hori da, buruz argitsurik bazen bat bera zen, gizalegean gizalegezkoa, kabanetan kabana zen, neurriz gorako bikaina, harro bai harroputz ez, alai beti barregarri inoiz ez, eta, azkenik, on izaitean lehena, eta zoritxarreko izaitean, aldiz, bigarrenik ez zuena. Ongi maite zuen, gaizki arbuiatua; laztan zuenak gaitzetsia; piztia bati otu zion, haitzurdin bat nekarazi zuen, haizeren atzetik joan zen antxintxika, bakartasunari oihu egin zion, eskergaitzaren morroe izan zen; horrexen saria erdietsi zuen, hots, bere bizialdiaren erdian heriotza. Bizia kendu ziona artzain bat zen, jendearen oroitzapenetan betiko gera zedin nahi zuen andereñoa. Horko paper horiek argi eta garbi erakuts diezazuekete, baina sutara egozteko agindua eman zigun, gorpua lurrari emateaz batera.

Anbrosio – esan zuen Bibaldok – zorrotzegi eta ankerregi izango zinateke zeu, paperon jaubea baino are zorrotzago, arean, beronen agindua beteko bazendu, zerren, arrazoiaz besteko agindurik betetzea ez da zuzena, ez erarakoa,. Augusto Zesarrek bere ez euan onartu Mantuano aztiak bere azken-nahietan agindu euana betetzerik. Honegati, Anbrosio jauna, zure adiskidearen gorpua lurrari emondakoan, ez itzi haren idazkiak galtzen; harek bere zoritxarrean halan agindu baeuan bere, zuk zeure zuhurrean ez dozu on hori betetzea. Egizue ea, alderantziz, paperon bizia jagonez, Martzelaren ankerkeria bere betiko bizirik egon daiten, eta ondorioz, datozen garaietan bizi diranentzat eredu izan daiten, halako amildegi horietati alde egin dagien. Nik eta hemen gatozenok badakigu zure adiskide maitez mindu eta etsituaren historia, badakigu zein adiskide ona izan zatxakozan, haren heriotzaren barri eta hil aurrez agindutakoa. Horti dakigu zein ankerra izan dan Martzela, Grisostomoren maitasuna, zure adiskidantzaren fedea, eta honegaz batera, maitakeriak begien atxinean ipinten dituen bide-zidorretan goiti, arin baiño arinago, itsumustuan galtzen diranen amaiera gaiztoa. Bart Grisostomoren heriotzaren barri izan dogu.eta hemen lurperatua izango dala, eta gure bideari itzita, tamalagati eta jakinguragati, entzutean hain mingarria izan jakuna begiz ikusten etortea erabaki genduan. Tamal honen saritzat, eta ahal izanez gero zuzentzeko nahia guregan sortuta, arren dagitzut, oi Anbrosio zuhur hori, nire aldeti behintzat, paper horiek ez erretako, eta batzuk-batzuk eroateko baimena emon dagidazun.

Artzainaren erantzuna itxadaiteke, luzatu zuen eskua, eta hartu zituen hurbileneko batzuk; Anbrosiok ikusi eta esan zion:

Gizabidez, hartu dituzunak eramaiteko baimena damaizut, baina besteak erreko ez ditudala pentsatzea alperrikakoa duzu.

Bibaldok, paperetan zegoena ikusi nahi zuela-eta, bat ireki zuen eta Kantu Etsitua izenburua irakurri. Anbrosiok entzun eta esan zuen

Hori dohakabe malderrak idatzi zuen azkena da, eta ikus dezagun zein egoera latzetan zuten haren zorigaitzek, irakur ezazu orok entzuteko eran; hilobia ireki bitartean.

Egin egin dot, gogo onez – Bibalbok.

Eta inguruko guztiak irrikitan zegozelako, honen baranoan jarri ziren, oboan, eta irakurten hasi zenean, zoli-zoli, honela zioen: