On Kixote Mantxako

14. atala

Hildako artzainaren bertso etsituak, beste ustebageko jazoera batzuekin batera, azaltzen direnean.

Grisostomoren kantua

Nahi baduzu anker horrek ni
hizkuntzaz hizkuntza nabari nadila
zure garratza hainbat laguni
aldarrika zure ospearen bila
infernura jo beharko banu
egingo nuke, bai, nire oinazeak
zure arbuioz zein damuz damu
naraman ikasiz daitezen aseak
nire bihotz-min honexen oihu
larri mingots hauen entzuleak

Egin dezala ulu otsoak
bele beltzak ere bere kua-kua
oihartzun bidez heda orroak
bakoitzak bere garrasi, oihua
marruma egiten hor itsasoa
ortzi haserrean ozenki ortzantza
orotan nire minen zantzoa
mundu guztiak dakike zein den latza
zerorren nirekiko gogoa
murritz bezain urri esperantza

Tajo ibaian zehar doazke
arrangurekin bat, itsas-zabalera
min neureak, andere bihozke!
Ez dadin inor jakin bage gera
itsasoz itsaso doaz joan
maite dudan horren arbuio saminak
bihotz bageak bihotz ondoan
josi dizkidan gezi egin-eginak
maite honek nau jarri hondoan!
zein bizikalte ahaleginak!

Oi heriotzaren maitasuna!
Oi zein den gozoa laztanez hiltzea!
baina, non ote zuk duzuna?
aspaldi ez baitut suma zurea
ni hiltzen bai pozez txoratzen
zure begi argiei ez darieke
malkorik, ez hatsik beharatzen
ez zinkurin egiten ari zaitezke
ene azken hats etsia zure atzen-
atzenengo gurenda dateke

Betor, bada, betorkit betiko
Sísifo kantu joka, ahots lazgarriz
Tántalo ere al dut ikusiko
egarri emaiten bere egarriz
Betoz Tizio eta bere saia
ekin dakiola, geldi ez dadila
ekin beti saia eta saia
inoiz ez trika Egionen gurpila
zuretzat jaia nire amaia
ni zure zuregatik ni hila

Ez ekin atx! ai kantu etsitua
nahiz nire galduaz txit mindua
galmendi honetan haiz hi sortua
ni hilez gero harena gurenda
irrintzi bihur hakio, ene oihua

On iruditu zitzaien, entzun zutenei, Grisostomoren kantua; irakurleak, bere eritziz, Martzelaren ontasunaz eta bekaraz entzuna zuenarekin bat ez zetorrela esan zuen, zeren, honetan Grisostomok espak eta txutxuak, goganbeharrak, tukuak eta zaioak aipatzen baititu arranguraka, Martzelaren izen ona beltzituz, nonbait. Honi Anbrosiok ihardetsi zion, bere adiskide minaren burutapenik sakonenak ongi zekizkiena legez:

Zalantza hori argitze aldera, jauna, on du jakitea berorrek, kantu hori osatu zuenean Martzela kanpoan zegoela, dohakabea bere nahiaz alde egina zen, ea urrun egonik zer-nolako jarrera ote zuen harek berekiko ikustearren edo, eta maiteak minduta dagoenari, urrun dagoela areago, dena nekagarri zaionez, dena susmo, Grisostomori ere bere gogoan sortzen ziren espak, egiazkotzat joten zituen zaioak, nekagarri ez ezik gogaikarri eta arbingarri zitzaizkion. Honekin, bada, Martzelaren ontasuna aldarrikatzen duen omena bere egi-egian ezarri dut; ankerra bai, harroputz xamarra, gaitzesle erdeinaria bazen aski; honela ere, bekaitzak ezin du eta ezin dezake beste akatsik gehitu.

Egia dozu hori – Bibaldok erantzunez.

Sutatik gaizketu zituen beste paperetako bat irakurten hasterakoan, ikuspegi liluragarri batek saihetsarazi zuen, halakoxea zen izan ere begien aitzinean bat-batean ageri zitzaiona, zera zen, Martzela zen, hilobia sakontzen ari ziren ondoko harkaitzaren gainean agertua, hain ederra ezen bere ospea baino areago zela. Ordura arte ikusia ez zutenek, harri eta zur, ixilean, begiratzen zioten, lehenagotik ikusten ohituak zirenak ere ez ziren ikusia ez zutenak baino guttiago txunditu. Anbrosiok, ordea, begiztatu zueneko, haserrez esan zion:

Ba al hator, ausaz, mendiotako herensuge gozakaitz hori! ikustera hi hemen egoteaz hire ankerrak bizia kendu zion dohakabe honen zauriei odola ote darien? edo hire izaeraren egitsari zitalez oilartu nahi ote dun gaintto horretatik, edo bertotik, beste Nero bihozkabe bat bezala, Erromaren sutea urkusteko asmoa ekarri ote dun-a? edo hilotz hutsal hau zapaltzera al hator, Tarkinorena bere alaba eskergaiztokoak zanpatu zuen antzera? Erraigun oraintxe bertan, zertara hatorren edo zer dun nahiena; Grisostomoren gogoak, nik bazakinat ongi, inoiz ez zionan hiri men egiteari utzi, bere bizialdi osoan; eta honegatixe, bera hilik egon arren, bere adiskide guztion gogoak hire erranak egitera behartuko ditinat.

Oi Anbrosio, ez natorrak esan duan horrelako ezer egitera – ihardetsi zion Martzelak – nire neure burua zuritzera baizik, eta Grisostomoren atsekabeez eta heriotzaz ni erruduntzat jo ninduten guztiak zein oker, zein bide zuzenetik oiher dauden adiaraztera. Otoi, hemen zaudeten guztiok, entzuidazue: ez dut aldi luzerik beharko ez hitz askorik, zuhurrei egia burutara emateko. Zeruak, zuek esaten duzuenez, edertu ninduen, eta nire ederrak nireganako nahitasuna piztu du zuengan, eta maitasuna diozuen hori dela eta ni ere zuek maitatzera behartuta egon nadila nahi duzue. Badakit, Jainkoak eman didan ezagumenari esker, ederra dena maitagarria dela, baina ez dut ulertzen zer dela eta, bere edertasunagatik maitatua denak maitatu behar duen bere maitatzailea. Areago, ederraren maitalea itsusia izan daiteke, eta itsustasuna berez gaitzesgarri izanik, ez da polit esatea: "Ederra zarelako maite zaitut: itsusia banaiz ere maite behar nauzu". Bada ordea, edertasunak ugari izanagatik, ez dira zertan berdin izan nahikeriak; edertasun guztiek ez dute maitemintzen: batzuk begien gozagarri dira, ez, aitzitik, nahimenen menderatzaile; edertasun guztiek maitez mindu eta mendean hartu ahal balute nahikunde guztiak nahasian ibiliko lirateke, biderik gabe, norengana joan ez jakinez, zeren, ederra den norbait ugari dagoen bezain ugari baita nahikundea. Eta nik aditzea izan dudanez, benetako maitasuna ez da zatitzen, ez da behartutakoa, berez etorririkoa baizik. Hau honela bada, eta bada nire ustez, zergatik nahi duzue nire nahiak indarrez amore eman dezala, behartuta soilik ongi maite nauzuela esaten duzuelako? Bestela, esaidazue: zeruak eder egin ninduen bezala itsusi egin banindu, zuzen liteke zuetaz arranguratzen hasiko banintz maite ez nauzuelako? Are gehiago, oldoztu behar duzue nik dudan edertasuna ez nuela hautatu: den bezalakoa dela, zeruak eman zidan dohain, ez nik hautaturik ez ni eskaturik. Eta sugeak pozoina duelako erruduntzat joa izaterik merezi ez duen eran , harezaz hiltzen duen arren, izadiak eman baitio, nik ere ez dut merezi ederra izateagatik agiraka egina izatea. Emakume garbiarengan edertasuna bazterreko sua bezalakoa da, edo ezpata zorrotza bezalakoa: horrek ez du erretzen ez honek ebakitzen inor ondoratzen ez bazaie. Dedua eta onbideak arimaren apaingarriak dira, haiek gabe, soinak, ederra bada ere, ezin dezake hala irudi. Arima edota gorputza apaintzen, edertzen duten onbideetako bat prestutasuna bada, zergatik galdu behar du ederra izateagatik maitatua denak, inoren nahia egitearren, gogo hutsez, indarrez edo trikimainaz hainak galtzera behartu nahi duelarik? Ni aske jaio nintzen, eta aske bizi ahal izatearren landetako bakartasuna hautatu nuen: baso hauetako zuhaitzak lagunak ditut, lats hauetako urak nire ispiluak dira; zuhaitzekin nahiz urekin nire gogamenak nahiz nire edertasuna trukatzen ditut. Bazterreko sua naiz, urruneko ezpata. Niri begira maitez mindu ditudanak hitzez etsiarazi ditut; nahiak itxaropenez elikatzen badira, nik ez diot bat ere eman Grisostomori, ez beste inori, honegatik haietaz ongi esan daiteke beraien nahikundeak hil zituela nire ankerkeriak baino lehenago. Eta haren gogamenak garbiak zirela aurpegiratuz gero, eta horregatik baietz esan beharra nuela, zera diot, hemen, bertan, hilobia hondeatzen ari den leku berean bere asmoaren ontasuna agertarazi zidanean, nirea beti bakarrik bizitzea zela esan niola, eta lurrak ez bestek goza dezala nire barrubiltze honen emaitzaz eta nire edertasunaren hondakinez onura atera dezala. Bera, etsibide horrekin guzti horrekin, itxaropenaren aurka lehiatu nahi izan bazuen, eta haizearen aurka itsasoz joan nahi izan bazuen, asko ote da bere burubagekeriaren golko erdian itoa izatea? Nik aitzakiak eman banizkio, atzerapenetan jardun banio, zuria izango nintzatekeen, elezuri bezain gezurzuria; haren nahia asetu banu nire nahiaz bestera, nire gogoaren kaltetan egingo nukeen. Etsi-etsian lehiatu zen, gaitzeritzia izan bage bere onetik atera zen : begira orain haren zorigogorraren errua niri egoztea bidezkoa ote den! Malmuzkatua izan denak, ziria sartua duenak beza arrangura, etsi bedi agindutako itxaropenak huts egin diona, entzin begi nik dei egin diezaiodanak, putz bedi nik oneritzia izan dadina, baina ez biezat niri esan anker, ez hiltzaile neugandik hitzik hartu ez duenak, iruzur egin ez diodanak, deitu ez onetsi ez dudanak. Zeruak oraindik ez du nahi izan nik inor maite dudanik, siratsez edo halabeharrez; hautabidez maitatu behar dudana, beraz, ez da bururatzekoa. Etsibide hau guztientzakoa da, eta har dezala haintzat bere onuraren bila nire eske dabilenak, eta jakin bedi, aurrerantzean, inor hilgo balitz nire aitzakian, ez litzatekeela espaz hilgo ez zorigaitzez, zeren maite ez duenak ez dio inori esparik izateko ziorik ematen; burrufada nardatsutik ezin har baitaiteke etsipenik. Piztia eta herensuge esaten didanak utzi nagi bakean gauza gaizto edota kaltegarri bezala; eskertxarreko erizten didana ez bedi nire zerbitzari izan; ankertzat nauena ez betor nire atzetik; piztia hau, herensuge hau, eskergaiztoko hau, anker hau ez baita inoren bila joango, ez inori eske, ez inoren mirabe, ez inoren atzetik, inondik inora. Grosostomo bere ezinegonak eta nahikunde ausarditsuak hil bazuten, zergatik erruduntzakotu nire jokaera garbia eta bekara? Nire garbitasuna zuhaitzen laguntzarekin gordetzen badut, zergatik nahi ote luke gal dezadala gizonekin ukan dezadala nahi duenak? Nik, dakizuenez, neure aberastasunak daduzkat, eta ez ditut besterenak irrikatzen; aske bizi naiz eta ez dut loturarik nahi; ez diot inori onerizten ez gaitzerizten; ez dut hau malmuzkatzen, ez natzaio horri eskatzen; ez dut batarekin txantxetan egiten ez bestearekin solasean. Baserriotako neska artzainen solasaldi garbiak eta nire ahuntzen zainketak astia ematen didate. Nire nahiak mendiotan amaitzen dira, eta bertotik ateratuz gero, zeruaren ederra ikustearren baino ez, arima bere lehen egoitzara doanean bezala.

Hau esan eta gero, inoren erantzunik jaso nahi ezean, itzuli zen eta han bertan zegoen oihanpe usu batean ostendu zen, hantxe zegozen guztiak harrituta utzirik, bai bere zuhurtasunagatik bai bere edertasunagatik. Batzuek – haren begi ederren geziek zaurituxeak zirenek – jarraikitzera edo egin zuten, entzun berri zuten etsipenerako zioari jaramonik egiteke. On Kixotek hau ikusi orduko, bere zalduntasuna erabili beharra zegoelako ustean, oparina zuten nesken laguntzarako, eskua ezpataren girtenari eman zion, eta ozenki, ahots garbiez, esan zuen:

Ez bedi inor, nor edo nor dela ere, Martzela ederraren atzetik joan, nire gaitzidura suminaren azpian erori nahi ez badu. Harek nahiko esapide garbiz erakutsi du Grisostomoren heriotzan erru gutti edo bat ere ez duela izan, eta ez duela amore eman nahi ezein maitaleren nahikeriaren aurrean; honegatik , bada, zuzena da jazarria eta jarraikia izan ordez munduko on guztiek oneritzia izaitea, bakarra baita honetan asmo garbiarekin bizi dena.

On Kixoteren zemaia zela-eta, edo Anbrosiok bere adiskideari zor ziotena amaitzeko agindu zuela-eta, artzain bat ere ez zen bertatik aldendu , arik eta, hilobia amaitu, papera erre, Grisostomeren gorpua bertan utzi zuten arte, ez itxurako negarrik asko bage. Hilobia harri gogorrez estali zuten, harlauza bat landu bitartean, Anbrosiok esan zuenez, egiteko agindua zuen eta honelako hilartitz bat idatzita edukiko zuena

Hemen datza maitalea
gorpua hilik hotziturik
maiteagatik galdurik
izan zen artzain on-zalea

Eder liluratzailea
bezain maitasun-borreroa
bazen neska hiltzailea
harria baino latzagoa

Gero, lore-abar ugari ihaurri zuten, eta Anbrosio adiskideari samina agertu zioten, agur egitean. Bibaldok eta bere lagunak berdin egin zuten, eta On Kixotek agur egin zien bere arrotzain izan ziren ahuntzainei eta bide-lagunei, bai berauek eurekin Sibiliara joan zedin gonbidatu ere, arriskuak bilatzeko leku berebizikoa zelakoan, edozein kaletan, edozein karrika edo kantoitan, nahi beste eta gehiago izanen zuela. On Kixotek eskerrak eman zizkien, bai oharraren ordainetan bai laguntzeko erakutsi zuten gogoagatik, baina, esan zienez, ez zuen joan behar, artean, ez nahi ere, Sibiliara, ez behintzat, mendi-multzo haiek guztiak lapurrez eta ohoinez hustu baino lehen, omenak zionaz hauetaz bete-beterik zegozen eta. Honen erabaki sendoa ikusita, bidaiariek ez zioten gehiago eragon nahi izan, eta berriz ere agur eginez, bertan utzi zuten bideari ekiteko. Bidean zehar ez zuten hizpide guti izanen, hala Martzela eta Grisostomoren istorioaz nola On Kixoteren zoroaz. Honek, berriz, Martzelaren bila joaitea erabaki zuen, eta haren zerbitzura ahal zuen guztia eskaintzea; ez zitzaion, ordea, nahi bezala jazo, egiazko kondaira honetan, bigarren zatia amaitzeko, adiaraziko dena bezala.