On Kixote Mantxako

17. atala

Beronetan, On Kixote bihoztoiak eta Santxo Pantza ezkutari gaixoak jasan zituzten neke anitzen berri emaiten doa, gaztelutzat hartu zuen (bere kalterako) txiriboga haretan.

Bere onera, nolabait, itzulia zen On Kixote, ordurako, bere konkorralditik, eta bere ezkutariari deitu zion, lehengo egunean, maket edo uhe ibar haretan lur jota zetzanean egin zion ahots doinu berdintsuaz, ziotsola:

Santxo adiskide, lotan hago? Lotan al hago adiskide Santxo?

Zer lo eta lo-ondo, arraioa, ene madarikatu hau – erauntsi zion Santxok unaduraz eta hiraz beterik – gau honetan txerren guziak nirekin ibili direla dirudi eta!

Sinets dezakek, bai, hori, zalantzarik ez – On Kixotek – zeren, edo nik guti zakiat edo gaztelu hau sorginduta zagok. Zeren, jakin behar duk...Tira, orain esan nahi diadan hau, zin egin behar didak ni hil eta gerora arteraino isilpean gordeko duala.

Bai, zin dagit – Santxok erantzunez.

Zeragatik dioat – On Kixotek berriro – inori izen ona kentzearen etsaia naizelako.

Bai, zin dagidala erran dut – Santxo atzera mintzatuz – berorren bizialdiko egunak amaitu arte isilduko dudala, eta Jainkoari nahi ailekio bihar bertan ager ahal baneza.

Horrenbesteko kalte egiten ote diat, Santxo, ni horren goiz hilik ekusi nahi nazaan?

Ez da horregatik, baina gauzak luzaro gordetzearen etsaia naiz eta ez nuke nahi gordean ustelduko balitzaizkit.

Dena dela ere – On Kixotek esan zion – hire maite eta adeitsuagandik areago entzinduko diat, beraz, jakin behar duk gau honetan nik goraka aipatzen jakinen dudan abentura harrigarrienetako bat jazo zaidala, eta laburki jaulkiko diat, hau duk, jakik, arestian gaztelu honetako jaunaren alaba, lurbirako zati handi batean aurki daitekeen neskarik ederrena, arrulloena, niregana etorri dela. Zer esan niezaake haren apaintasunaz? Zer haren adimendu txairoaz? Zer ezagerian dituen beste batzuetaz, isilpean, ukitu ere bagerik utziko ditudanetaz, Tobosoko Dultzinea nire andereari zor diodan fedeari eustearren? Gauza bat baino ez diat esanen, alegia, halabeharrak nire eskuetan ipinitako ontasun handi horretaz bekaitzak jota zerua, edo beharbada – leta hau ziurrena duk – esan diadana legez gaztelu hau sorginduta dagoelako, ni harekin eztiki eta amoltsuz hizketan ari nintzela, nondik zetorren ekusi ez eta jakin ere ez, esku bat etorri zitzaidaan, beso bati lotua, erraldoi gaitzen batena, eta barailetan ukabilkada bat tinkatu zidaan, eta honegatik odoletan ditut; eta gero astindu nindian astindu harako mandazain haiek egin bezala orduan baino hebainduago utzita, badakik, Rozinanteren gehiegikeria zela zio irain egin ziguten orduko ha. Honetatixe hain zuzen, gogoratu zaidak neska honen eder-altxorra sorgindutako mairuren batek jagoten duela, eta ez bide-duk niretzat izanen.

Ez eta niretzat ere – erantzun zion Santxok – : laurehun mairu baino gehiagok jo naute ni, eta nola jo, harako uhe-zaparrada hura honako honen aldean talo eta txalo baino askoz gehiago ez zen izan. Erran biezat, arren, berorrek, nola daritzo honako abentura harrigarri honi, geratu garen bezala geratu garelarik? Berori, tira, gaitz erdi, zeren, erran duenaz halako edertasunen bat eskuetan eduki baitzuen, baina ni, zer eduki nuen nire bizitza osoan jasanen dudan makilka-sorta izugarriena ez bertzerik? Dohabagea ni eta nitaz erditu zen ene ama, ez bainaiz zaldun ibiltari, ez "sekula" izan nahi ere, eta honela eta guziz, harriabar guzietan harrikadarik gehienak niri erori izaiten zaizkit.

Beraz, hi ere hebaindurik hago? – On Kixotek.

Ez al diot erran baietz, ene etorki madarikatua? – Santxok haserre.

Ez euk bihotz-minik, adiskide – esan zion On Kixotek – orain berean gantzuki miresgarria eginen diat, bai, eta begien itxi-ireki batean sendatuko gaituk.

Lehengo anaideak, noizbait behar eta, giriseilua iziotu zuen azkenik, eta sartu zen, hilik zegoela uste zuena ikustera. Santxok sartzen ikusi orduko, atorra-has zetorrela, buruan zapi bat, eskuan giriseilua, aurpegi txarra erakutsiz galdetu zion bere nagusiari:

Jauna, hau ote dea, "apika", sorgindu mairua, berriz ere zigortzera datorkiguna, lehenagokoan tintontzian zerbait utzi edo zuelakoan?

Ez, mairua ezin daitekek izan – erantzun zion On Kixotek – sorgindutakoek ez ziotek inori bere burua ekusten uzten eta.

Bada, ikusten uzten ez badiote, sumatzen bai ordea – Santxoren esaera – , bertzenaz, erran bezate nire bizkarrek.

Nireek ere esan zezaketek – On Kixote atzera – baina hori ez duk nahikoa zantzua hemen dakusagun hau sorgindutako mairua dela sinesteko.

Heldu zitzaien, bada, anaidea, eta bake-bakean hizketa lasaian ari zirela ikusita, harri eta zur geratu zen. Egia esateko, On Kixote, artean, aratinik zegoen, ahoz gora higitu ezinean, hebainduraz eta txaplataz lotua. Anaidea hurreratu eta esan zion

Ba, nola zara, gizon on?

Nik, zu banintz, – erantzun zion On Kixotek – hobeto hitz eginen nuke. Lurralde honetan horrela hitz egiten ote zaie zaldun ibiltariei, girten hori?

Anaideak, gizon itxura txarreko batek hain gaizki hartu zuela oharturik, ezin onartu izan zuen, eta giriseilua bere olioa eta guzti goratu ondorean, brau! On Kixoteren burura erorarazi zuen eta kaskarra zanpatua utzi zion; eta dena ilunpean geratu zelako bertatik irten zuen, Santxok bere nagusiari ziotsola

Ezbairik ez, jauna, sorgindutako mairua hauxe da, eta altxorra bertze batzuentzat daduka, guretzat, aldiz, ukabilkadak eta giriseilukadak baino ez.

Horixe duk, bai – On Kixotek – eta ez zaiek jaramon handirik zertan egin sorginkeria hauei, ez duk haserretu behar ere horiek direla eta ez direla, azken baten, hain gauza ekusezinak eta ametsezko bezain kasketezkoak direnez gero ez dikeagu idoro nori aspertu, nori mendeku egin, bila eta bila ibili arren. Jaiki hadi, Santxo, ahal baduk, eta dei egiok gazteluzainari. Goipe pixka bat, ardao, gatz eta erranberoa behar ditiat osagarrizko gantzukia egin ahal izaiteko; benetan, oraintxe behar-behar dudala uste diat, mamu horrek egin didan zauritik odol ugari zaridak eta.

Jaiki zen Santxo, hezurretako minaz josita, eta ilunpean bentaria zegoen lekurantz abiatu zen. Anaidearekin tupust egin zuen, bere etsaia zertan zen entzuten ari zena, eta esan zion:

Jauna, nor nahi den ere, egin biezagu mesede eta onura, erranbero apur bat, goipe, gatz eta arnoa emanez, beharrezkoak baititugu lurbira osoan dagoen zaldun ibiltari onenetako bat sendatzeko, hango ohe haretan datzana, larri zauriturik izan baita txiriboga honetan dabilen mairu sorgindu baten eskuez.

Anaideak hori entzun zuenean, zentzubako gizontzat hartu zuen; goiztu zorian zegoen eta ostatuko atea zabaldu zuen, etxeko nagusiari deitu zion eta gizon gaixo harek zer nahi zuen jakinarazi zion. Bentariak nahi zuen guztiaz zuzkitu zuen eta Santxok On Kixoteri eraman zion. Eskuak buruan zegoen, giriselukadaren minaz aieneka, ttonttor bi, tokorrak besterik ez zion zirotu baina; eta odola uste zuena izerdia baino ez zen, joandako ekaitzaren minduraz uharretan zeriona.

Azkenik, ekarritako gaiak, banan-banan hartu eta guztiak nahasiz eta, erasti luzexka baten, sasoian zegoela eritzi zion arte egosiz, osaki bat egin zuen (desadan bidenabar erranberoren ordez erraberoa ekarri izanaz ohartu ez zela). Andel bat eskatu zuen ontziratzeko, baina txiribogan bat ere ez zegoela-eta latorrizko goipeontzi edo olio-txarro batera sartzea erabaki zuen; bai txiriboginak pozez eman ere; eta txarro haren gainean laurogei aitagure, beste hainbeste agurmaria, salbe eta kredo, esan zituen, hitz bakoitzeko gurutze bana eginez bedeinkatzean. Bertatik bertara ikusten Santxo, bentako gizona eta anaidea; mandazaina, ostera, lasai asko zebilen, bere mandoei ongarria emaiten. Egin beharreko guztia eginda, harek berak lehena izan nahi izan zuen gantzuki hura, ustez sendagarri ona, mustatzen eta ikertzen. Txarroak eden ezin zuenetik edan zuen, egosi eta lapikoan geratu zenetik alegia, ia-ia pitxerdi edo txopin bat, hain zuzen. Edan eta berehala, ok egiten hasi zen, urdaila hutsik geratu zitzaion arte Okak eragin zion ondoezagatik eta ezinegonaz izerdi lapats-lapatsetan hasi zen, honen kariaz, soinekoz berokitu eta bakarrik utz zezaten eskatu zitzaien. Hala egin zuten eta hiru ordu baino gehiagoz loak hartu zuen; gero esnatu zen eta soina leun-leuna, lasaitua zuela sumatu zuen; bere oinaze eta min guztiez ongitua, guztiz onik zegoela-eta, sendatutzat hartua, benetan uste izan zuen, bai, Fierabrasko gantzukia ondo asmatu zuela. Beraz, sendagai harekin, ekiz, beldurrik bage, non-nahi eta nola-nahi, edozein borroka, liskar, esgarra, mokokalditan, arriskutsua baino arriskutsuagoa izanagatik, ihardun eta eraso, oldartu eta ekin ahal lezakeela bururatu zitzaion.

Santxo Pantzak, bere nagusiaren hobekuntza miraritzat hartu zuenez gero, lapikoan zegoen hondakina, guti ez zena, eman ziezaion otu zion, arren eta arren; eta bai On Kixotek eman ere; esku biez ahurka hartu zuen, fede handiz eta gogo handiagoz, sartu zuen zintzurrean barrena, eta nagusiak baino askoz guttiago ez zuen barruratu. Santxo gaixoaren urdaila, antza, ez zen bere jaunarena bezain minbera edo, eta ok egiten hasi aurrez, hainbat goragale, higuin eta nazka eragin zizkion, izerdi eta zorabio, nolakoak eta,, azken ordua iritsia zitzaiona bururatzeraino adinakoak, benetan; larri zegoen, arbinduta, bihotza hil zorian bezala, eta gantzukia madarikatzen zuen, eman zion lapurraz gaizki-esaka ziharduelarik. On Kixotek honela ikusi eta esan zion

Nire gardiz, Santxo, ondoez hau zaldun izendatua ez izaitetik sortu zaik; ene eritzian pattar honek ez ziok onik egiten zaldun ez denari.

Eta baldin hori bazekien berorrek, bada – ihardetsi zion – madarikatua ni eta nire askazi osoa! nolatan eman daut, alta, murtxatzeko?

Bitartean, edaki harek bere lana egin zuen, eta ezkutari gaixoa goiti eta beheti isurtzen hasi zen, eta isuri ere hain estura handian, ezen, berriro etzan zen, seskaz eginiko zerria ez, estaltzeko zedukan anjuko burusia ez zitzaizkiola ezertarako ere on. Izerdi-lekan, buerdaka, alditxartua biziki zetzalako , berak ez ezik, hango beste guztiek ere bizia galtzeko zorian zegoela uste zuten. Ia bi ordu iraun zion ekaitz edo trenputxarraldi honek, eta gero ez zen nagusia bezala geratu, erabat hebainduta, etenda baizik, zutik ez egoiteraino. On Kixote, alderantziz, esan dugun eran, onik eta leunduta atera zenez gero, borrokaizunen bila atzera joaiteko gerturik zegoen, bertan egonean egonez egoitea, bere irudiko, munduak gal ezin zezakeen alperrikako astia zen, eta areago munduan ziren behartsuek behar zuten babesa emaiteko beta alperrik galtzea zen; gainera, bere gantzukia edukiz hartua zuen sinesmen eta ziurtasunarekin. Joaiteko nahi honek bultzaturik, berak Rozinante zelatu zuen, ezkutariaren "belarriluzea" ere bastatu, eta honexen jabeari janzten lagundu zion, asto gainera igoarazi aurretik. Gero zaldiaren gainean jarri zen eta bentako zoko batera hurreratu, bertan zegoen azta lodi bat hartu zuen, lantzatarako.

Txiriboga haretan zegozen guztiak, hogei lagun baino gehiago, begira-begira zegozkion; etxeko alaba ere tartean hari soz; harek ere begiz joa zuen neska hura, begiak harengandik saihestu ezinik eta noizen-noizean hasperen bat aurtikiz zihoan, errai sakonenetatik ilkitzen zitzaiona legez, eta guztiek saihets-hezurretako minaren minez itzurtzen zitzaiola uste zuten; aurreko gauean txaplataz lotzea ikusi zuten guztiek, bederen, halako ustea zuten.

Biak zamarien gainean, bentako ate ondoan jarrita, bentariari dei egin zion, eta ahots lasai bezain lodiz esan zion

Asko eta handiak izan dira, gazteluzain jaun hori, zure gaztelu honetan jaso ditudan mesedeak, eta nire bizitza osoko egun guztietan eskertzeko behar-behartua natzaizu. Ordaindu ahal baniezazu, mendeku hartuz, zuri harroputzen batek eginiko irain bategatik, jakin ezazu nire eginkizuna horixe dela, ahal gutiko ahulenen alde egitea eta okerren bat nozitu duenari mendekuz zuzena itzultzea, eta azpikeriak zigortzea, hain zuzen. Gogoratu egizu, zure oroimenean ea ba ote den ezer, eta horrelakorik baldin baduzu gogoan nire esku uztea nahi dukezuna, agintzea baino ez duzu; nik hartutako zaldun-legeagatik zin dagizut askietsi eta ordainduko dizudala zure nahiera osoan.

Ostatariak patxada berdinez erantzun zion

Zaldun jaun, nik ez dut berorrek niri ezein irain mendekatzearen beharrik edo premiarik, neuk badakit mendeku hartzen, zerbait egiten didatenean. Oparin bat baino ez dut berorrengandik, zera, gau honetan txiribogan egin didan eralketa ordain diezadana, alde batetik berorren abere biei emandako lastoa eta oloa, beste aldetik abaria eta oheak.

Horretaz, hau txiriboga da? – On Kixotek.

Bai, eta ohore handikoa – ihardetsi zion txiriboginak.

. Orain arte, beraz, zimardikaturik bizi izan naiz – On Kixote mintzo – benetan sinetsita bainengoen hau gaztelua zela, eta ez txarra; baina, gaztelu ez dela-eta, txiriboga baizik, oraingoz, bada, ordainkizuna barka dezakezu egin; nik ezin dezaket zaldun ibiltarien legea hauts, eta badakit jakin, zinez -orain arte bestelakorik irakurri ez baitut- haietakoek ez zutela inoiz ere ordaindu ez ostatu ez egondako benta edo txiribogako alokairurik ez egotsaririk, izan ere, legez eta eskubidez harrera ona zor zaie eta, abari-zor eta guzti, eurek hartutako nekearen ordain, hala gau nola egun, negu edo uda, oinez nahiz zaldiz, egarritu zein gosetu, hala bero nola hotz, ortziko gora-behera guztien azpitik eta lurreko joan-etorri guztien gainetik, beti arriskuen bila zor eta lor ibili ohi baitira.

Nik ez dut horrekin zerikusi handirik – ihardetsi etxeko gizonak – ordain bekit zor zaidana, bai, eta utz ditzagun ipuinak eta zaldunkeriak, nik neure ogasuna jaso baino beste konturik ez dut eta.

Zu tentela eta ostatari txarra zara – On Kixotek entzunarazi zion.

Eta Rozinanteri hanka eraginez, aztatzarra bitartetuz, txiribogarean irten zuen, inor aitzin-aitzinean jarri ez zitzaiola, eta berak gibelera so egiteke, ezkutaria atzetik ote zihoakion begiratu ere bagerik, tarte luzexka batean joan zen aurrera. Txiriboginak, ordaindu ez eta bazihoala ikusi zuenean, Santxo Pantzarengana jo zuen laka eske; honexek ez ziola ordainduko esan zion, bere jaunak ordaindu nahi izan ez zion ber-beragatik. Bera zaldun ibiltariaren ezkutari izanik, izan ere hala zen, bere nagusiari zegokion lege eta zio bera zegokiola, hots, inongo txiribogatan edo ostatutan deusik ez ordaintzearena. Muzindu zen txiribogina hagitz, hori entzunIK, eta zemai egin zion, ordaindu ezean, damutuko zitzaion moduan kenduko ziola egin zion mehatxu. .Santxok honi honela ihardetsi zion: bere nagusiak zin eginiko zaldunen legeagatik, ez zuela "korradurik" ordainduko, bizia gal baleza ere, zeren, beraren erruagatik zaldun ibiltarien antzinako ohikuntza ez baitzen galdu behar, eta ez beragatik arranguratu behar mundura jaiokidin egonen ziren ezkutariek, hain legezahar zuzena hautsi izana berari aurpegira egotziz.

Santxo gaixoaren halabehar gaiztoak nahita, txiribogan zegoen jendearen artean Segobiako lau ehule, Kordobako hiru orratz-saltzaile eta Sibiliako bi auzo zegozen, jende alaia, asmo onekoa, jolasti eta murrikaria; gogo berbatek eraginik bezala, ia ahaikatuak izan bailiran, Santxorengana jo zuten eta asto gainetik eraitsi; beraietako bat arrotzaren oheko burusia hartzera sartu zen, eta honen gainean eragotzi zuten, aratin uzkaili alegia. Begiak goratu zituzten eta egin nahi zutena egiteko sabaia behar baino apalago zegoela ohartu ziren, beraz, barlara edo sabai ortzia zuen barrio batera jalgitzea erabaki zuten. Santxo, burusi erdian etzanik jarrita, gorantz aurtikitzen hasi ziren, jolasten eta jostakatzen hasi ziren harekin edo, hobeto esate aldera, haren bizkar, inauteriko zakur baten antzo ibilaraziz, goiti eta beheti. Burusian haizatu gizagaixoak egiten zituen oihuak, garrasiak eta intziriak bere nagusiaren belarrietara iritsi ziren; gelditu zen tenk! hau aditzean, geratu zen erne entzuten, eta beste borrokaizunen bat gerta zekiokeela uste zuen, harik eta oihu zegiena bere ezkutaria zela argiro ezagutu zuen arte. Bertatik bertara, zaldiaren hedetik atzera ten egin zuen, eurt! eta lauhazka neketsuan ostatu-etxera itzuli zen; itxita zegoen, inguru-minguru ibili zen ea sartzeko atea edireiten ote zuen, baina, hestegiko horma aldera iristerakoan, oso garaia ez eta bere ezkutariaren lepotik egiten ari ziren jolas maltzurra ikusi zuen. Airean gora airean behera ikusi zuen, hain barregarriki, hain arinki, ezen, bera ere barrez lehertuko zela, nik uste, hartua zuen sumindurak utzi balio. Zaldi gainetik horma-txapel gainera igotera egin zuen, baina hain zegoen hebainduta, umatuta, jaitsi ere jaitsi ezin izan zela; eta zalditik bertatik irainka hasi zitzaien, arao esaka oldartu zitzaien Santxo burusian gora eta behera zerabiltenei, inon diren hitz gaitzakaz, paperean nola idatzi ere ezin suma halakoakaz ; honela ere, haiek ez ziren gelditu ez haizatze jokoan ez barre egitean, eta Santxo hegalaria ez, horregatik, isildu bere arranguretan, zemai edo mehatxuekin nahasian behin, arren eta otoi batzuekin beste behin; baina, dena alperrik zegien, ez zuten geldi utzi, bertan behera, nekearen nekez nekatu ziren arte. Ekarri zioten astoa, ipini zuten beronen gainean, eta bere soingainekoz bildu-estali zuten; Maritornes errukitiak, hain heldaio, pot eginda ikusi zuenean, pitxer bat urez lagundu behar ziola uste izan zuen eta patin barrenetik, hotz xamarragoa zelako, eman zion. Edan zuen Santxok, eta ahorakoan bere haretan gelditu zen, nagusia oihuka ari zitzaiola entzunik, esanez

Santxo seme horrek, ez edan urik, seme, zeegik edan, hil eginen hau eta. Ekus? Hemen zadukaat gantzuki santu-santua (eta edakiz beteriko olio-ontzia erakusten zion) honetatik tanta bi edanez sendatuko haiz, zalantzarik ez.

Hau entzuna, Santxok begiak itzuli zituen, zeharretara bezala, eta are ozenago erran zuen:

Zer bada, ahantzi al zaio berorri ni zaldun ez naizena, edo berriro ok egin dezadala nahi ote dua, bart nire barruan geldituriko errai-pixarrak egozteko? Gorde beza edari hori tusuri guztiekin, eta utzi niri bakean.

Esaera hau amaitzeaz batera edaten hasi zen; alabaina, lehenengo zurrupadan ura zela ohartu zenean ez zuen gehiago nahi izan, eta Maritornesi ardoa ekarteko otoitu zion, bai honexek egin ere gogo onez, eta gainera bere diruz ordaindu zuen. Egia da, bai, bizibidez halako hartu-emanetan ihardun ohi zuena, baina, haretaz esaten denetik jakina zen kristau izaitearen zantzu edo itzal zeinbait bazuela. Santxok, edandakoan, astoari orpokada eman zion eta txiribogako atea zabal-zabal eginik, irten zuen, oso pozik deus ordaindu ez zuelako, asmoa zuenez, nahiz eta bere betiko "kitatzaileak" , bere bizkar-hezurrak alegia, ordaintzaile izan. Egia ere bada ostatuko gizon hak zakutoak zorren truke atxeki zizkiona; Santxori, ordea, ez zion axola handirik, asaldurak asaldatua zihoala-eta. Bertatik at ikusi zueneko, gizon hak atea ongi langatu nahi izan zuen; haizatzaileek, ostera, ez zioten utzi, zeren, On Kixote benetan Mahai Biribileko zaldun ibiltarietako bat izanagatik ere, ez baitzuten pelat bat emanen harengatik.