Bere burua hain porrokatua ikusita, On Kixotek bere ezkutariari esan zion:
Beti, Santxo, gaizkileei ongi egitea itsasoan ura ihaurtzea bezala dela entzun ukan diat. Esan hidana sinetsi banu, atsebage hau ekidinen nikean, galaraziko nikean, saihestuko; baina egina zagok, egonarria eta aurrerantzean zentzatu beharko.
Honela zentzatuko da berori – Santxok erantzun zion – ni turkua naizen bezain ziur; baina erran du, bai, sinetsi izan balit kalte hau ekidinen zukeela, bai, beraz, sinets begit orain eta bertze handiago bat saihestuko du; jakin beza, Anaitasun Santuarekin ez dagoela zalduneriaz baliatzerik; horrek ez du bi marai emaiten dagozen zaldun ibiltari guzien truke; eta horrexen geziak, dagoenekoz, beharrien ondotik ziztuka aditzen ari naizela iruditzen zait.
Heurez koldarra haiz, Santxo, baina setatsua naizela eta hire aholkurik inoiz egiten ez dudala erran ez dezaan, oraingo honetan hire aholkua hartu nahi diat, eta horrenbeste beldurtzen hauen hisi horretatik aldendu; baldintza batekin : inoiz ez, hilean bizian bezala, diok erranen inori ni beldurraz aldendu edo urrutiratu nintzenik arrisku honetatik, hire otoiei eder egitearren baizik; bestelakorik erranez gero gezurra huke erranen, eta hemendixe ordurako ukatzen eta ukatuko diat, eta beti, pentsatu nahiz erran, beti gezurra dioala eta erranen duala zabalduko diat. Ez niri ihardetsi haboro; pentsatze hutsak, arriskuren batetik, eta honetatixe batik bat, aldentzen naizela eta urrutiratzen, pentsatze hutsak, halako beldur ezbai baten izpi bat sorrarazten zidak, eta geratu ez geratu nagok, hementxe bakarrik igurikitzekotan nagok, Anaitasun Santuaren zain, hik dioan eta beldurrez dioan horren zain ez ezik Israelgo hamabi leinuetako anaien, eta zazpi makabeoen, eta Kastorren, eta Poluxen, eta areago, ludian diren anaia zein anaitasun guztien zain ere gelditzekotan nagok.
Jauna – erantzun zion Santxok – aldentzea ez da ihesa, igurikitzea ez da zentzuzkoa, arriskua itxaropenari gaintzen zaionean; jakintsuena da egun ostentzea biharko eta ez oro egun bakar batean arriskatzea. Jakin beza, baldres eta landerra izanagatik, gobernamendu ona delakoaz oraindik zerbaitt badakidala: ez bekio damu nire aholkua hartu izana, igo Rozinante gainera, ahal badu, edo bertzela nik lagunduko diot, eta berrait niri; oraintxe oinak eskuak baino beharrezkoagoak ditugula "kukulak" diost
Igo zen On Kixote txintik ihardesteke, eta Santxo bere astoaren gainean aurrelari, Sierra Morena aldera sartu ziren, hur baitzegoen, Santxok buruan alderen alde zeharkatzeko xedea zeramalarik. Viso edo Almodovar del Campora irten nahi zuen, malkargune haietan egun batzuetan ostendu asmoz, Anaitasunak bilatuz gero atzemanak izan ez zitezen. Haretarako albi pixka bat eman zion, nolabait, kateadunen borrokalditik bere astoaren gaineko janari-biltegia onik eta osorik jalgi zela ikusteak; miraritzat hartu zuen hau galerazale haiek nola bilatu eta zer eraman zuten bere begi-begiz ikusi eta gero.
Gau haretan Sierra Morenaren erraien erdira iritsi ziren, gaua emaiteko lekua iruditu zitzaion Santxori, eta egun batzuk iragotekoa ere bai, zeraman hornia ahitu arteko egun guztiak guttienez; eta halaxe, haitz biren artean eta hainbat artelatzen pean gaua eman zuten. Baina asturu gaitzak, egiazko fedeak argitu ez dituenen eritziz, oro gidatzen, moldatzen, bere erara eratzen duenak, nahi izan zuen Pasamonteko Gines bertan egoitea. Ohoin eta lagante entzute handiko ha, kateatik On Kixotek bere zoroan askatu zuen ha, Anaitasun Santuaren beldurrak, ondo erdietsitako izuak, bertaratu zuen, mendarte haietan ostendu beharrez, On Kixote Santxorekin egin bezala, asturuak eta beldurrak leku berera eraman zuten. Ikusi eta berehala ezagutu zituen, lo egiten utzi zien, eta , beti bezala gaiztoak eskergaizto,eta beharrak behar ez denera eraman ohi duen bezala, eta gerokoa gero baina orain oraingoa egin behar dela, Gines, eskergaizto bezain asmo txarreko zenez, Santxori astoa ebatsi nahian hasi zen; Rozinanteri jaramonik ez, saltzeko gauza ez zela eta bahituran emaiteko gai txarra eritzita. Santxo Pantza loak hartua zetzan, astoa ebatsi zion, eta eguna argitu baino lehenago edireiteko urrun zegoen oso.
Gaua egundu zuen, goizean argi hastean alaitu zen lurra, histu zen Santxo Pantza, bere astoa huts emanik; hau bage zegoela ikusita negarrari ekin zitzaion, munduko negar-marraskarik hits eta mingarriena zeriola, eta marraska honek On Kixote iratzarri zuen, eta zer zioen entzun zuen:
Oi ene erraietako seme, nire etxean berean jaioa, nire semeen ijuti eta burbutzika, ene emaztearen oparia, auzokoen bekaizpidea, nire zamen aringarria, eta azkenik, nire neure erdiaren bizigaia, egunean irabazten hituen hogeita sei maraiez nire janari-biltegia erdiraino betetzen huena!
On Kixotek, negarra ikusi eta zioa ikasi zuenean, Santxori pozkari emaitearren ahalik eta sinespiderik hoberenak, esaerarik ederrenak erabili zituen, eta egonarria izaiteko otoitu zion; hitz eman ere zion bere etxean utzi zituen bost haietatik hiru eman ziezazkioten truke-txartel bat emanen ziola.
Pozkari pixka bat hartu zuen Santxok honezaz, malkoak garbitu zituen, negar-zotinak arindu, eta eskerrak eman zizkion On Kixoteri egindako dohainagatik; beroni, berriz, hango mendi bazter haietan barrena sartuaz gero bihotza alaitu zitzaion, bertako leku haiek berak bilatzen zituen jazoaldietarako egoki-egokiak iruditzen baitzizaizkion. Halako bakarleku, malkarrune, basarte haietan inoiz zaldun ibiltariren batzuei gertatu jazoaldi miresgarri, liluragarriak gomutaratzen zituen eta honelakoak gogoan, hain xoratua hain birloratua, ez zen beste ezertaz gogoratzen. Santxok ere ez zuen ardurarik -bide onetik zihoala iruditu eta gero- sabela asetzea besterik, azken harrapaketan geratu hondar uzkinak janez; hala bada, nagusiaren atzetik zihoan, astoak eraman behar izanen zuen guztia lepo-bizkarrean hartuta, zakutotik zati bat atera eta urdailera sartuz; eta hala zihoala, ez zuen, ez, ardit bat ere emanen beste jazoaldirik aurkitzearen truke.
Betan, begiak jaso zituen, eta bere nagusia geldi zegoela ikusi zuen lantza-musturraz lurrean zegoen ez dakit zein trosko hartu nahiz; laster heldu zitzaion lagun egitera, behar izaitekotan, eta heltzean lurrari kendua zion, aztazatzar-zi zorrotzaz, kuxin bat, eta honi lotua bide-zorro bat, erdi ustelduta biak, edo guztiz ustelduta, eta apur-apur eginda, baina hain astunak zirenez Santxok hartu behar izan zituen, eta nagusiak ea zorro barruan zer zegoen beha zezan agindu zion. Egin zuen berehala Santxok, eta zorroa katearekin giltzarrapoaz itxita egon arren, apurtua, pitzatua zegoelako barruan zer zedukan ikusi zuen, hots, olandazko lau alkandora argal, eta ehunezko beste gauza harrigarri bezain garbi batzuk, eta zapiño batean urrezko txanpon pirrista bat ere bai, eta ikusteaz bat esan zuen
Bedeinkatua zeru guztia, onura dakarkigun jazoaldi bat eskuratu diguna!
Gehiago bilatu zuen eta oroitzapen-liburuxka joriki apaindu bat ediren zuen. On Kixote eskatu zitzaion eta dirua harentzat gorde zezan agindu zion. Mesede honengatik eskuetan mun egin zion Santxok eta, zorroa ehunez eta bestez hustu ondoan, bere bizkarraldeko bil-zakura sartu zuen. Hau guzti hau On Kixotek ikusi eta esan zuen
Iruditu, iruditzen zaidak, Santxo, -bestela ezin duk- biderik bageko bidariren bat mendialde honetan zehar ibilki, bide-lapurren batzuek indarka ebatsi edo ostu eta hil egin zutela, eta bazterralde honetara lur emaitera ekarri zutela.
Hori ezin da – ihardesten dio Santxok – ohoinak izan balira ez zuketelako hemen utziko diru hau.
Egia diok – diotso On Kixotek – eta horrela, ezin diat asmatu zer izan ote den hau, baina itxadon: ekus dezagun ea liburuxka honetan ezer ote dagoen idatzita guk aztarrenak azter ditzagun eta nahi duguna jakin dezagun.
Zabaldu zuen, eta idatzita aurkitu zuen lehena, zirriborro bat, hizki oso onekoa honela ere, hamalaurkun bat izan zen, eta Santxok ere entzun zezan ozenki irakurten hasi zen, honela:
Maitasuna oi zein dudan ankerra!
edo agian zein etxakina!
ni burutik nau guztiz egina
ai hau nire hala-behar landerra!
Maitasuna baina txit dut ederra
jainko bat balitz, goxo ta mina
ezin liteke hain ase-ezina
bere goxoz didan egin ziperra!
Oi, Fili, zu ote zaitut eztena?
Maitasunez, ariaren ariaz
zuk bihotza didazu ebaki
Hil behar dut nik, bai, hau azkena!
Eta ez jakin zeren kariaz
Zein den gaitza inork ez baitaki
Bertso honetatik – Santxo mintzo da – ezin deus garbirik atera, hor dagoen haritik haril osoa aterarazten ez bada.
Zelako haria dago hor? – On Kixotek.
Haria berorrek aipatu duela iruditu zait – Santxoren erantzuna.
Zer hari eta zer haril? Hor Fili izena irakurri diat – ihardetsiz On Kixote – eta andere baten izena duk, noski, eta hamalaurkun hau idatzi duena berataz arranguratzen duk. Olerkari ona duk, alafede! edo nik antze honetaz guti zakiat.
Berorrek, otean, bertsoez ere dakia?
Hik uste baino gehiago – diotso On Kixotek – eta ekusiko duk, gutun bat eraman dezaanean, goitik behera olerkiz idatzia, Tobosoko Dultzinea ene anderearentzat. Jakin behar duk, Santxo, antzinako zaldun ibiltari guztiak edo gutiz gehienak olerkari handiak eta musikari onak zirela, trebetasun biok, edo hobeki esateko dohainok, maitemindu ibiltariei atxekiak zirela. Anbiolako zaldunen neurtitzak, egia duk, gogo handikoak bai, printzel askorik ez baina.
Irakur beza gehiago berorrek, gogo betegarri zerbait egonen da eta.
On Kixotek orrialdea irauli eta dio:
Hau hitz lauz idatzia duk eta gutuna zirudik.
Igortzeko gutuna ote, jauna? – Santxo galdezka.
Hatsarrez, maite-eskutitza baizik ez zirudik – darantzuio On Kixotek.
Irakur beza, bada, berorrek ozenki – darauntso Santxok – maitasun edo amodio horietaz atsegin hartu ohi dut eta.
Atsegin handiz – On Kixote.
Ozenki irakurten hasi, Santxok otoitu legez, eta honela dio:
"Zure agintza aizuna, gezurkoia, eta nire zorigaitza direla bide, lekutara noa, nire heriotzaren albistea nire arranguraren arrazoiak baino arinago helduko zaizun lekutara. Gaitzetsi zenidan, oi eskertxarreko horrek! gehiago dadukan baten truke, ez ni baino ahaldintsuago denaren ordez; alabaina, onbidea on leritzokeen aberaspidea balitz, ez nuke nik inoren zoriona ondamu izango, ez neronen zoritxarra negarbide. Zure ederrrak eraiki zuena zure eginak eraitsi du : haren bidez aingeru zenirudien, honen bidetik zaren emakumea ekusi dut. Zaude bakean, niri gudua erakarri didazun hori, eta zeruak gorde ditzala, beti estarian, zure senarrari egin azpikeriak, zu damuturik, garbaeturik gera ez zaitezen , eta ni mendekuz asper ez nakizun, nik nahi ez nukeen eran".
Gutuna irakurten amaiturik, On Kixotek dio:
Honetatik, eta bertso haietatik areago, idatzi duena maitale gutietsia izan dela ezagun dik. Liburuxka ia osoa orri-iraulika, beste bertso eta gutun batzuk idoro zituen, eta batzuk irakurri zituen eta beste batzuk ez; orok ziren arrangurak nahiz auhenak, atseginak edo atsebageak, hala onerizko nola gaitzerizko, batetik zaioak bestetik zioak, batzuk negar eragingarriak, bestetzuk gorazkatuak, goraki aipatuak. On Kixote hala, liburu-azterka ari zeino, Santxo bide-zorroa aztertzen ari zen, zokorik zoko, bai eta kuxina ere, zirkilurik aztertzeke utzi bagerik, araka edo miatzeke bat ere utzi ez zuela. Utzi ez zuen azpilik, ez josturarik, urratu bage; utzi ez zirrildaka artile-zirrizta bat ere kentzeke, ezer gera ez zedin geroenean kausitzeko: aurkitutako urrezko txanpon pirristak gixona halakatua zuen, ñapur-ñapurra alegia. Ehun baino gehiago ziren eta besterik ediren ez arren, ontzat eman zuen, eta ontzat ordura artean jasandako guztia, bai burusi-haizaketa hura, bai edabe okagarri harena, bai uhez jipoitu zutenekoa, bai mandazainaren ukabilkadak, bai longaina ostu zioteneko hura, bai eta bere nagusiaren morrontzan eraman egarri, gose eta neke guztiak ere. Hauei guztioi ondo ordaindurik zegozela eritzi zien aurkitutako opari honezaz.
Itxura Hitseko Zalduna bide-zorro haren jabea nor zen jakiteko irrikitan geratu zen, hamalaurkuna eta gutuna zirela, urrezko dirua eta hain alkandora onak zirela, aieruz uste zuen maitez min hartutako handikiren batenak zirela, honen andereak egin arbuio edo gaizki-erabiltzeren batzuek azken etsigarri batera eraman zutenarenak. Baina hango bazter malkartsu, bakarti, ezleku haietan inor agertzen ez zenez, zerbaiten berri emanarazteko edo, aurrera jo zuen, besterik bage, Rozinantek nahi zuen bidetik, berau aisa ibiltekoa baitzen beti, eta buruan, ohi bezala, harako basarte sasitsu haretan jazoaldiren bat edo beste gerta zekiokeela irudikatzen.
Burubide honetan zihoala, bada, begien aitzin-aitzinean zuen mendixka baten hegian gaindi gizonezko bat, harkaitzez harkaitz, muluz mulu, jauzika, arinik arin jauzika ikusi zuen. Larrugorritan zihoala iruditu zitzaion, bizarra beltz-usua, ileak luze, ugari eta tximatuak, oinak oinutsak, zangoak biluzak; izterrak, bai, errekaltza edo zaul batzuez jantziak, lehoikarako ilegurizkoak edo, antza; alde guztietan etenak, urraduraz josiak, zulorik zulo haragia agerian uzten zutenak; burua ere hasik zekarren, lehenago esandako tximak baino ez, alegia. Ariniketan irago zen arren, ñabardura ttiki hauetaz guztiotaz ohartu zen, ondo begiztatuz, Itxura Hitseko Zalduna, eta, nahi izan bazuen ere, ezin jarraitu izan zitzaion, zeren, Rozinanteren ahultasunari harako malkarretan zehar ibiltea ez baitzitzaion batere on, areago, bera berez patxadatsua eta urratsurria izanik. Ha zela, bai, iruditu zuen On Kixotek, kuxin eta bide-zorroaren jabea, eta bilatzera joaitea erabaki zuen bere baitan, mendiarte haietan barrena urtebetean ibili behar izanagatik ere. Santxori mendiaren albo batetik joaiteko agindu zion, bera beste albotik joanen zela, honela eginez, agian, tupust eginen zutelakoan, ikuspegitik hain arinki itzaldu zitzaien gizonezko harekin.
Ezin dezaket hori egin – ihardetsi zion Santxok; berorrengandik aldenduz gero beldurrak joten nau hainbat ikaraldi eragiten dit, ameskaiztoz izutzen. Har beza ohar hau haintzat, hemendik aitzina berorren ondo-ondotik alden ez nadin.
Horrela izanen duk – esan zion Itxura Hitsekoak – eta ni pozik nire adoreaz babestu nahi horrekin; egon lasai ez haiz honen peitu izanen eta, gorputzetik arimak huts eginen balik ere. Hator orain nire gibeletik, astiro-astiro edo ahal duan eran, eta ezar itzak begiak argi-ontzi; mendilerroxka hau inguratuko diagu: ekusi genuen gizonezko harekin tupust eginen al diagu, agian; berau, izan ere, zalantzarik ez, aurkitu genuenaren jabea duk.
Santxok horri honela erantzun zion:
Hobe ez bilatzea; edirenez gero eta diruaren jabea bada, eman beharko noski; hobe dugu, honetaz, alperrikako azterraldirik ez eta nik, on beharrez, edukitzea, bertze alde batetik, ezer askorik bilatu bage, benetako jabea ager dakigun arte; arte honetan, beharbada, dena eralgi edo xahutua edukiko dut eta erregeak, orduan, zor- nahiz zerga-bagetzat hartuko nau.
Oker hago horretan, Santxo; jabea nor den susmoak jo gaitik, bai, eta bilatzeko beharra diagu eta dirua itzultzeko beharra ere diagu; bilatu ezik, jabea delako susmo biziak erruduntzat joko gaitik, benetako jabea balitz heinean. Beraz, adiskide Santxo, ez izan tamala bilatzeagatik, edirenez gero niri tamala joanen zaidak eta.
Rozinanteri orpokada bat eman zion, Santxo atzetik joan zitzaion, oinez eta zama lepoan Pasamonteko Ginesillori esker; eta mendi alde baten inguruan ibilita, errekaxto batean erorita, hilda, zakurrek erdi janda, beleek zulokatuta, zeladun mando eme ahokoa ipinita zuen bat aurkitu zuten; honexek susmoa areagotu baino ez zien egin, hots, iheslari ha kuxin eta mandoaren jabea zelakoa.
Begira-begira ari zirela, artzain baten edo izan zitekeen txistu hots bat entzun zuten, eta behingo baten, ezker aldetik ahuntz saldo bat agertu zen, eta mendiaren gainean, haien atzetik, zaintzen zituen ahuntzain zaharra. Dei egin zion On Kixotek eta jaisteko, arren, eskatu. Harek oihuka erantzun zion, ea nork edo zerk erakarri ote zituen bazter haretara, ahuntz edo otso edo zebiltzan piztiak besterik ez zebilen lekura. Santxok jaisteko esan zion, orotaz jakitun eginen zutela. Jaitsi zen ahuntzaina, heldu zen On Kixoterengana, eta esan zuen:
Egingo neuke troka horretan hilda dagoan alogerako mandoari begira dagoala. Ba, ben-benetan, orain sei il direala hortxe dago. Esaidazue: topo egin al dozue inon horren jaubeagaz?
Ez dugu areanik topatu – erantzun zion On Kixotek – kuxin bat eta bide-zorrotto bat ez badira, hemendik ez urrun.
Nik bere aurkitu neuan – ahuntzaina mintzatzen – baiña ez neuen hartu gura izan, ez hurreratu bere, ezbeharren baten bildurrez edo gero niri ostu izana leporatu zeegidaten; Txerren maltzurra da eta gixonari oin azpitik ipini ohi deutso oztoporik, ezarian, trango eragiteko.
Horixe diot nik – Santxok hitza harturik; neuk ere aurkitu nuen eta hurbildu nahi ez harri-aurtiki baten neurrira baizik; hantxe utzi nuen, eta hantxe bertan geratu zen zegoen zegoenean; nik ez dut joaldun zakurrik nahi.
Esaidazu, gixon on – On Kixotek galdetu nahiz – badakizu nor ote litekeen janzki hauen jabea?
Jakin dakidana zera da: sei il, ozta-ozta, direala, hemetik hiru legoatara edo dagoan artzain-saroe batera mutil bat heldu zan, liraiña, lazo onekoa, askai ederrekoa, hor hilda dagoan mando horren ganean zaldun antzo, eta zuek aurkitu eta ukutu ere egin ez zenduezan kuxina-zorroak eroazana. Mendi honetako bazterrik malkartsuena, ostenduena, zein ote zan itaundu euskun; hauxe, gagozan hauxe zala esan geuntson, eta egia da: legoa erdi barrurago sartu eta, beharbada, ez dozu urtengo; harritu jat, zuek honaiño zelan heldu zareen, bertorako biderik ez zidorrik ez dago eta. Ba, zera diñot, gure erantzuna entzunda, mutila, eurt erasoz, atzera bihurtu zan guk esandako lekurantz, gu bertan geldi haren liraintasunaz harriturik, itaunaz harrituagorik, eta are, joaiten, mendi alderatzen zelako abiadaz joian areagoturik. Harean hona, ez genduan behin bere ekusi, harik eta egun batzuen buruan, gure artzainetako bateri bide erdira agertu jakon arte; ezer esan aurreti, beraganatu zan, eta hainbat ukabilkadagaz ostikadak emon eutsozan, gero, pardelak ekarrazan astoagana joan zan eta ogi zein gaztae guztiak kendu eutsozan, eta hau eginda, harrigarrizko arintasunaz, barriro basoratu zan. Honako hau jakin genduala eta, ahuntzain batzuk haren bila ibili giñan, egun biz ia-ia, mendialde honetako sasitzan zehar, eta egun bien buruan, artelatz lodi, bihotz handiko zulo baten barruan (kofan esan zion Santxo Pantzak) idoro genduan. Urten euan gugana, otzan-otzan, soiñekoak urratua, aurpegia itxurgetua, eguzkiak txukuldu eta tximel-tximel eginda, guk haseran ez ezagutzeko moduan; eskerrak soiñeko urratu haek, lehendi zerbait jakinda, bila genbiltzan harenak zireala konturatu giñanari. Adei ona ekarri euskun, agur egiñaz, eta berba askorik bage bai onez, ez harritutzeko esan euskun, halako era traketsean ebillala ekustean; ez dakit zelako "penitentzia" betetzearren, hainbat bekatu egiñaren ordainez egiten behartu ei euena, halaxe ibiltea komeni jakolako. Nor zan esateko, arren eta arren, baiña iñoz ez genduan jakin. Zerbait edo jatekorik edo behar izanez gero eskatzeko esan geuntson, hainbagerik egonez gero non idoro ahal genduan esateko, behar euana eroango geuntsola, arduratsu eta zintzo-zintzo eroan bere; eta hau guzti hau nahikoa ez baeuan, abeltzainei kendu beharrean eskatu egin ekigun. Eskerrak emon euskuzan gure eskaintzagatik, barkatzeko esan euskun egindako lapurretakatik, eta aurrerantzean Jaungoikoaren izenean eskatzen etorriko jakula, iñori alamenik emoteke. Egoan "etxe" haretaz, barriz, besterik ez euala esan euskun, gaua non eta hantxe bizitokia egiten euala; eta berbaldi ha amaitzeko negarrez hasi zan, zelan ganera negar egin! harrizkoak behar giñakean hala entzutean haregaz batera negarretan hasi ez bagiña. Lehenengo aldian ekusitako mutila eta orduko haretan genkusana bat eta bera zala ezin sinestuta gengozan. Ze, esan dodana legez, mutila liraiña zan, lerdena, eta bere hitzetan adeitsu baizen gozoa zalako ondo jaioa eta ederto hazitakoa zala ezagun euan; gu, ostera, menditarrak izanda haren entzueran are zakarrago nabarmentzen giñan. Berbetan inarduanean, bere onenean, geldi eta isildu zan, gesu baten begiak lurrari josita egon zan, gu bere geldi, ixil eta begira, hala ekusteaz betillun, ea zer izango ote zan itxaiten; begiak zabalik, lurrari begira-begira zirkinik egin bage, begiak itxita, betazala luzaro zabaldu bagerik, ezpainak estu-estu, betileak oker-oker, laster baiño lasterrago ikasi genduan, bai, burutik egintxoa egoana, bere zorotxoak eroana. Eta berehala, berak' ustea ustel ez zala bururatu eragin euskun; oker ez gengozan, ez; ze, bat-batean lurretik, etzanda egoan lurreti jaigi zan, griñatsu, eta ondoan euean aurrenekoari eraso eutson, hain amorrutsu, hain errutsu, guk bertati kendu ez bagendu ukabilka eta haginka hilgo euala. Eta hauxe egitean "ai Fernando gezurjario!" iñoan "Hementxe, hementxe berton ordaindu behar didazu egindako bidebagekeria: esku hauek' zure gaiztakeriak, iruzurra eta amarrukeria besteak beste, bilduta daduzkan bihotz hori erauziko dizute". Honeekaz batera beste zer batzuk iñozan, danak Fernando hari irainka, saltzaille guzurjario hutsa zala-ka. Eskuti kendu geuntson, bada, ez baiña tira-bira gogorrik ezean, eta bera, tautik esan bage, gugandik alderatu zan, beresi sarri sasitsu honeetan barrena barruratu zan, karran basoratu, gu jarraitzeko ezmoduan gelditu giñan bitartean. Zoroaldia, orain bai orain ez etorten jakola uste genduan, eta Fernando izendun batek txarkeriaren bat edo egindakoa zala-eta halako amaiera negargarrira heldu zala. Hauxe egia da, izan; geroago hainbatetan ekusi izan dogu, bide erdira sarritan agertu izan jakulako, batzuetan abeltzainei jateko eroen guztia eskatzen, bestetzuetan indarrez kentzen; zoroaldian dagoanean artzaiñek onez eskaini arren ez dau hartu nahi izaiten, ukabilka hartu behar, arranopola!; bere senean dagoanean, ostera, Jaungoikoaren izenean eskaritzen jake, gizalegez baizen eraz, eskerrak emonez, eta ez negar malkorik isuri bage. Egia diñotzuet, jaunok (ahuntzainak beti hitz eginez) atzo nik eta lau artzain-mutilek, morroe bi eta nire lagun bi, bilatzea erabaki genduan, eta idoroz gero, onez ala txarrez, Almodovar herrira eroatea, hemeti zortzi legoatara, bertan sendatu egitearren, sendagarririk balego behintzat, edo bestela, nor dan jakitearren, senitartekorik badadukan, eta bere zoritxarraren barri jakin eragitearren. Hauxe baiño, jaunok, ez dakit esaten, itaundu deustazuen horretaz; ulertu edo igini behar dozue, beraz, aurkitutako soiñekoen jaubea eta larrugorritan arinik arin ekusitakoa bat bera dala (On Kixotek lehenago esana zion nola ikusi zuen ha gizon ha mendian jauzika).
Ahuntzainak jaulki zuena adituta, harri eta zur geratu zen eta zoritxarreko zoro hura nor zen jakiteko guraria, nolabait, areagotu zitzaion, eta lehendik buruan zuena berriz ere bere baitan erabaki zuen: mendi osoan zehar bilatzera joaitea, ediren arte, ez zokondo, ez troka, ez haitzulo utziko zuelarik arakatzeke. Halabeharrak, berriz, uste zuen baino hobeki egin zion, zeren, une haretan bertan, mendialdeko trokarte batean, beraiek zegozen alderanzko batean, bilatu nahi zuen mutila agertu baitzen, bere buruarekin ahopean hitz egiten zetorrena, hurretik ulerrezin eta are ulerrezinago urrundik. Soinekoa lehen esandakoa zuen, hurbilagotik ikusi zuenean, On Kixotek larru-gorontz bat desleitu zion, triska-triska eginda egonagatik ere anbarezkoa zena; honezaz ohartu zen, azkenik, halako soinekoduna ezin zitekeela behe-mailakoa izan.
Mutilak, haiengana hurbildu zenean, ahots gozakaitz eta lakarrrez, baina adeitasun handiz, agur egin zien. On Kixotek agurra itzuli zion, ez adeitasun ttikiagoz, eta, Rozinanteren gainetik jaitsita, gizabidez eratsu-eratsu, besarkatzera joan zitzaion, eta luzaro eduki zuen besoen artean, estuki, aspaldiko ezaguna edo elaidea balitzaio bezala. Bestea, Itxura Txarreko Etena eritzi diezaiokeguna (On Kixoteri Hitsekoa diogun era berdinean) besarkatua izaiten utzi eta gero alderarazi zuen beregandik pitin bat, eta bere eskuak On Kixoteren sorbaldetan ipinita, begira geratu zitzaion, ezaguna ote zuen asmatu nahiz bezala; On Kixote hari begira bezain harritua, eiki, mutila On Kixoteren itxura, lazo eta iskiluak ikusiz. Azkenean, besarkadaren ondoan hitz egin zuen lehena Etena izan zen, eta aurrerakoan jaulkiko dena esan zuen.