On Kixote Mantxako

28. atala

Mendialde berean Apaizari eta Bizarginari gertatu "abentura" berri atseginaz.

Zorionezko eta pozezko aldiak haiek, Mantxako On Kixote zaldun txit ausarta lurbirako plaza erdira atera zeneko egunak; benetan goragarria, harek erabaki zuena, galduta ia hilik zegoen Zalduntza Ibiltariaren Elkargoa berriro piztu eta munduari bihurtzeko erabakia; hari esker, orain honen poz-egarri den gure gizaldi honetan, haren egiazko eginak goza ditzakegu, eta hauekin batera haren kondairak dakarzkigun ipuin-gertaerak "ddasta" eta "muxka", egiazko mamia bera bezain atseginak, politak eta egiazkoak baitira. Honela bada, kondairak, bere hari txarrantxatu, bihurritu eta matazatuari jarraituz, dio, Apaiza, lagundu nahian edo, Kardeniori zerbait pozgarri esan nahi zioneantxe, nondibait zetorren ahots ozen batek isilarazi zuela; mindura zerion mintzo harek honela zioen:

Ene Jainko! Ediren ote dut, bada, nire soin astun honi, honen nire gogoz bestera eusten diodan soin honi, hilobi ezkutu izan dakion lekua? Bai hauxe, mendi hauek eskaintzen didaten bakartasunak gezurrik ez badu, behintzat. Ai ene zoritxarreko ni, eta zein atseginago izango zaidan nire asmoetarako, harkaitz-sastraka hauek emango didaten lagunartea, ezein gizonezkok eman liezadakeena baino! Nire bihotzeko minak zeruari ager diezazkiodan leku emango baitidate hauek; izan ere, lurbira honetan, zalantzaldian aholku, minaldian arindura, gaitzaldian eskuona emango dionik ez dun inor, ez eta hurrik eman ere!.

Hauek, hitzok entzun zituzten, eta aditu, Apaizak eta honekin zegozenek, norbait han ingurutik ari zela iruditu zitzaien, halaxe zen izan ere, eta nor izan zitekeen jakitera jaiki ziren; hogei bat urrats ez zuten eginen eta, harkaitz baten atzeko aldean lizar baten oinean eserita mutil gazte bat ikusi zuten, nekazari edo luginaz jantzia, makurturik zegoen hankak latsean garbitzen ari zela eta, aurpegia beherantz zuelako ez zioten ikusterik izan bertan, beraiek isil-isilean hurbildu zitzaizkionez harek ez zituen bere haretan nabaritu, oin-garbietan ez bestetan baitzuen arreta emana, eta oinak nolakoak, beira zurizko zati bi ziruditen, errekako uharrien artean sortuak edo izan baziren bezalakoak. Harritu zitzaizkien oin haien ederra eta zuria, mokil-jaikiaz edo zokil gainean areaz idien atzetik arituak ez zirela ezagun zuten, jabearen janzkerak zirudienaz bestela, eta, honela, beren etorreraz ohartzeke zegoela ikusiz, Apaizak, aurren joanki eta, beste biei keinuka hango harri tankar, harkaitz mokor batzuen ostean gerizatzeko esan zien; uzkur-uzkur ostendu ziren, mutila zertan ari ote zen begira-begira. Soinean atze-aurredun mus nabar bat zekarren, zapi zuri batez estu-estu lotua, galtza luzeak eta saihalezko galtzain nabarrak halaber, eta buruan zapi margo berekoa; galtzainak belaunetaraino hartzuri zurizkoak ziruditen zangoetan. Oin eder haiek ikuzi zituen, eta gero, burukoaren azpitik atera zuen zapi batez garbitu eta lehortuko zituen, alabaina, zapia hartzerakoan aurpegia jaso zuen eta orduan, kukuka zegozen haiek ikusi zuten, ikusi, ikustekoa zen haren begitarte ezinago ederra, hain zen ederra ezen Kardeniok Apaizari, ahopetik, honela esan baitzion

Hau, honako hau, ez da, gero, Luszinda, ez da lurbira honetakoa, zerutik jaitsia dirudi.

Erantzi zuen, bada, mutil gazteak bere burukoa, eta buruari alde batera eta bestera eragin zionean ile-adatsak tolesgetu ziren, beheti zabaldu, askabiatu eta laxatu ziren, nolako adatsak eta eguzkiaren izpiek berek bekaitza izaitekoak. Ara honezaz, zehazki, ohartu ziren, ohartu ere, nekazari antzeko hura emakumezkoa zela, eta guria oso, eta areago, bien ala bien begiek inoiz ikusia zutenik ederrena, bai eta Kardeniorenek ere, baldin lehendik Luszinda ezagutu eta honixe begira egonak izan ez balira, geroago, hala ere, esanen zuenez, Luszindarekin edergoan lehian egin lezakeen bakarra hango haxe zen. Adats luze horixka harek, bizkar-gaina ez ezik, bere soin inguru guztia, oinez besterik, estaltzen zion, hain halakoa zen, izan ere, soin-atalik ez zela ageri, ia-ia, oinak besterik. Halakoxea adatsa eta eskuak orrazi; eta oinek uretan beira-zati baziruditen, eskuok adatsean, ileen artean, elur zuriaren antza zuten; hortik hara, bada, harritzenago eta nor ote zen jakin min handiagoz irrikatan zegozen begira-begira ari ziren haiek hiru haiek. Euren burua agertzea erabaki zuten, eta zutitzerakoan egin zuten zirkinaz batera neskatxa ederrak burua jaso zuen, takez, eta, begien aurretik ileak esku biez baztertuz, zarata egindakoei so egin zien; ikusi zitueneko zutitu zen eta, ez oinetakorik jantzi ez adatsik jaso, bere ondoan zedukan pardel bat, janzkiak edo edukitzekoa, hartu zuen axkar-axkar, eta iheska hasi zen izu-izu egina, baina sei bat urrats, gehiago ez zuen eginen, eta lurrera erori zen, hango harrien lakarra bere oinen bigunak ezin eraman eta. Hiru haiek hau ikusi zutenean, harengana joan ziren, arin, Apaiza, aurrena, honela mintzatu zitzaion:

Xagox geldi, anddere, zarena zarela ere, hemen gakusazunok zuri on egitekoa beste asmorik ez dugu eta; ez duxu horrela txoro-txoro zertan iheska hasi, zure oiñek ezin izanen baitute, eta guk, berriz, ez dixugu holakorik utziko.

Harek ez zuen hitzik ere esan bitarte honetan guztian, izu-ikaraz kikildua. Harenganaino etorri ziren, bada, eta eskutik helduta, Apaizak honela hitz egin zion

Zure janzkerak ukatzen diguna, andere, zure adatsak aitortzen digu: ezagun duzu ez direla, noski, gauza arin-arinak izan, eder hori janzkera lotsagarri horretaz jantzarazi dutenak, eta honelako lekaro, basaburu batera erakarri dutenak; eskerrak aurkitu zaituguna, zure gaitzak erabat sendatuko ez baditugu ere, aholkuren bat, behintzat, emanen dizugu; izan ere, bizia amaitzen ez deino, minik ez da hain nekagarria denik, hain minezko mina denik, gogo onez emandako aholkua zein onua arbuiaraziko duenik. Honela, beraz, andere edo jaun edo nahi duzun horrek, uxa ezazu, arren, gu ikusteak eragin dizun izu-ikara, eta jaulki iezazkiguzu, ea, zure halabeharraren berri onak nahiz txarrak, guregan, ala banaka ala oro batera, zure ezbeharrean nork lagundua izanen duzu eta.

Apaizak hitzok esaten zituen bitartean, neska mozorrotua, guztiei begira, balditua bezala zegoen, harri eta zur, txintik ez ahorean, gauza bitxi egundaino ikusi bagekoak tupustean erakutsi zaizkion menditar gigotso bati gerta ohi antzera. Hala ere, Apaizak beste hitz batzuk esan zizkion, haren uste ona irabazte aldera, eta hasperen sakon bat eginaz, bere isilaldia urratu zuen harek esanez

Mendialde honen bakartasuna ni estalpetzeko leku izan ez denez, nire adats tximatua laxatu bezain nire mingaina askatua izan arren gezurti ez denez, alperrik egingo nuke alegia eta zer edo zer dela ere, inkario hutsa, orain eta hemen, zeren, nire itxurakeria sinetsiko badidazue, beste ezergatik baino areago adeitasunagatik egingo baitidazue, gizabide hutsagatik. Hau aurretik, jaunok, eskaini didazuena eskertzen dizuet, honenbestez, bada, eskatu zatzaizkidaten guztia betetzeko beharrean nagokizue, eta beldur naiz nire ezbeharren aleak xehetzeak, gupida ez ezik, nahibagea eta negargura ere eragingo dizuela, ez baituzue, ez, sendatzeko belarrik edirengo, ez arintzeko ere pozbiderik. Hau guzti hau gora-behera baina, nire ohorea zalantzan egon ez dadin, emakumezko naizela badakizue, honez gero, eta gazte zein bakar, honela jantzita ikusi nauzuela eta, edozein izen belzteko adinakoak hauek guztiok batera, ahal baneza isildu nahi nukeena esan behar dizuet.

Hain ederra zirudien emakume hak dena isiltzeke esan zuen, mingain arinaz, ahots eztiz, entzuleen zuhurresgarri bezain ederresgarri. Berriro opa eta otoi egin zioten egin, agindutakoa bete zezan, eta harexek, gehiagoko bagerik, ohorez jantzi, adatsa bildu, ondo jarri harri baten gainean eseria, eta hiru haiek inguruan zituela, begietara zetozkion malkoren batzuk lehortzeaz batera, bere bizitzaren kondaira hasi zuen, ahots garbi nareaz honela:

Andaluzia honetan bada leku bat duke batek izenburutzat hartu duena, Espainiako handiki izena duten horietarikoa; bi seme ditu: nagusia, bere onibarren oinordekoa eta, dirudienez, bere ohitura onen jabegai; txikia, aldiz, ez dakit nik zeren oinordekoa den, Bellidoren saldukeriena ez bada edota Galalonen marro edo gezurrena. Nire gurasoak jaun horren zergapekoak dira, etorkiz apalak baina hain aberatsak, ezen, beren izaeraren ontasunak beren ogasunaren ondasunak bezainbestekoak balira ez luketela gehiagorik nahi behar izango ez nik neure burua dakusadan nahiez honetan ikusteko beldurrik izango: izan ere, nire asturu gaitza' haiek handiki-senitarte batean jaio ez izaitetik sortzen da, ausaz; ez dira, izan, hain apalak, benetan, euren izaeragatik ahalge izaiteko, ez, halaber, hain garaiak, nire zoritxarra haien apalgoan jaioa delako irudia burutik edeki ahal dezadan. Haiek, hitz batez, nekazariak dira, jende xehea, izen txarreko inongo endaren batekin ere nahasi bagekoak, odol garbikoak alegia, kristau zaharrak, esan ohi dena legez; aberatsak, ordea, eta honexen tasunak, apurka-apurka, kapare izena eransten die, eta gehiago ere, zaldun izaitearen izena eskurarazten die. Ni alabatzat edukitzea zuten haiek beraiek haintzat eta are aberastasunik handiena baino edota handikitasunik handiena baino haintzatago neu; honen hariaz, bai beste oinordekorik ezean bai guraso ni-zaletuak zirelako, nerau nintzen, izan, inoizko aitamek atseginez emandako alabarik atseginez hartutakoena. Euren burua ikusten zuten ispilua ninduten, zahartasunaren makila ni, euren asmo guztiak, zeruari begira, nire alderakoak zituzten, onak bai onak izanki beti, nireak ere haretarakoxeak. Nire neure gogoaren jabe nintzen era berean, haien ogasunarena ere nintzen: nire esku zen morroien hartzea nahiz bidaltzea, nire eskuetan zehar erein hazia eta bildu uzta, nire eskutik olio-eiherak bezala ardo-dolareak, abere handi zein xehe, eta erletegia ere nire eskuko. Azken baten, nire aita den bezalako nekazari aberats batek eduki ahal duen eta dadukan guztiaz ni arduraduna nintzen, jauna nintzen, jabe nintzen, eta haien gogo onezkoa nintzen hein berean nire onean nengoen, zenbateraino eta ondo-ondo goresten jakingo ez dudala uste izaiteraino.Egunean, astialdiren bat izanez gero, artzain-nagusiei, langilezainei eta beste ogipekoei irabazitakoa eman ondorean, neska gazteari dagokion ihardueraren bati, zilegi bezain beharrezko den bati ekiten nintzaion, hala nola, orratz eta kutunekin, sarri bai sarri goruetan ere bai, eta honelakotsu arierak, inoiz edo behin, alde bat uzten banituen, gogoa pizteko nolabait, beste asti-tartegarri batzuk hartzen nituen liburu santuren bat irakurtzea zela, harpa joitea zela, jakin bai bainekien musika edo soinua edo eresia gogo erabagetua eraz eratzeko on dela eta gogobarrenetik sortzen diren lanen aringarri. Honelakoa, beraz, nire bizitza gurasoenean; honen zehatz-mehatz jaulki badut, ez dut arrandiro egin, ez ni aberats agertzearren; aitzitik, nabari dadin eta zuek ohar zaitezten zein errurik gabeki heldu naizen orduko biziera on haretatik oraingo ondikozko honetara.

Honela, bada, nire bizitza hainbat lanetan eta hain era hertsian, nolabait nire inguruan bildua, monasterioren batekoarekin erka litekeen era berdintsuan iragoten zen, etxeko morroiek ez bestek ikusten nindutela, nik uste, zeren, mezatara joaten nintzen egunetan beti goizean goizik eta amak lagunduta, eta beste neskame batzuekin batera joaten bainintzen, nire hau oso hau estalita bezain lotsapean, nire begiek berek ez zuten ikusten nire oinak ipinten nituen lur puxka besterik; eta honexenbestez ere, maitasunaren begiek, edo hobeki esateko alperbizi denarenek, katamotzenak baino zorrotzagoak, ikusi ninduten, eta jo ere begiz jo ninduten On Fernandorenak ziren begiek, lehenago aipatu dizuedan duke haren seme txikia berau.

On Fernando aipatu orduko, Kardeniori aurpegiaren margoa aldatu zitzaion, izertzen hasi zen, asaldatu egin zen biziki, eta, Apaizarekin Bizarginak hau ikusita, beldurtu ziren beste behin ere noiz edo noiz etorten omen zitzaion zoroaldia ez ote. Kardenio, berriz, izerditan, geldi, begiz-begi nekazariari beha, nor ote zen irudimenean zerabileino; beronek, ezertaz ohertzeke, Kardenio nolakatua zen nabaritu ez zuelako, bere kondairari jarraikiz, esan zuen:

Eta ikusi ninduteneko -harek berak geroago esango zuenez- nireganako maitasunak gatibu hartu zuen, neurdin ondo bai ondo erakutsi edo niri aditzera bezala eman nahi izan zidan. Baina ipuin hau laster amaitzearren, nire zoritxarren ipuina izanki ipuinetik ezer ere ez du baina, on Fernandok bere nahia niri agertze aldera egin zituenak oro isilean utziko ditut: etxeko nordin guztiak "igurtzi" zituen, nola edo hala erosi zituen, hots, nire senitartekoei bezuza nahiz opari nahiz beste antzeko zer edo zer, ala eskaini ala eman zien; egun guztiak ni bizi nintzen kalean eguzari ziren, jai egun, gauak ez lo egitekoak hain ziren soinuz eta doinuz beteak; txartelak eta txartelak, nik ez dakit nola, nire eskuetara heltzen ziren, maitezko hitzekin eskaintzez mukuru, agintza eta zin gehiago, hala ere, hizki baino. Honek guztiak ez ninduen biguntzen, gogortzen baizik, nire arerioa, nire etsai hilgarria bailitzan, eta bere nahietara ni biltzeko egiten zituen guztiak zeharo bestetarako egingo bailituan, ez On Fernandoren giza-legeari gaitz erizten niolako, ez beraren eskariak gehiegizkotzat joten nituelako; izan ere, hain zaldun uren batek maitatua edo oneritzia izateak ez dakit nik zer-nolako pozen bat edo ematen zidan eta ez nuen damu haren paperetan niri buruzko hitz on, gora batzuk ikustea; honetan, nonbait, emakumeok, itsusiak itsusi, beti eder dugu, nire eritzian, ederrak garena entzutea. Honi guzti honi, aitzitik, nire garbitasunak aurre egiten zion, eta era berean nire gurasoek eman eta eman aholku etengabeek, oso ezagun baitzuten, ordurako, zehatz-zehatz, On Fernandoren nahikundea, beroni orok jakitea bost axola baino gutxiago zitzaion eta. Gurasoek euren ospea, euren izen ona, nire izaera onean utzia zutela esaten zidaten, nire ontasunari atxekia zutela esaten zidaten, eta kontuan har nezan ni eta On Fernandoren artean zegoen ezberdintasuna, eta hau honela, beronen burubideak -bestela esan ohi zuen arren- bere atseginerako zirena nire onurarako ordez; nik nahi izanez gero, haren nahikundeari oztoporen bat ezarri nahi banion, niregandik nahikeria makurra alderaraz zezan, gero beraiek nik nahi nukeenarekin ezkonduko ninduketela, edo gure herriko edo gure auzoherrietako handikietarik batekin, azken baten, beraien ondasun oparotik eta nire ospe onetik hori eta gehiagoren ustea izan ahal litekeela. Agintza modu hauetaz, eta esan zidaten egiaz, nik neure zintzotasuna indartzen nuen, eta ez nion inoiz hitzik eman On Fernandori, ez eta hurrik ere, beraren nahia iritsiko zuela pentsatzeko itxaropena piztuko zionik.

Nire begiramen hauek guztiok, harek, beharbada, erdeinutzat edo hartuko zituenak, haren irrits lizuna areagotzeko gai gertatu ziren, antza. Irritsa esan dut eta lizuna haren niganako nahikeria, izan ere, behar bezalako nahikari garbia izan balitzait zuek orain ez zenukete haren berririk izango, orain eta hemengo hizpide izateko zuzurik ezean, noski. Azkenean, On Fernandok' nire gurasoek niri giza-mailaren bat eman nahi zidatela jakin zuen, berari nire jabe izateko itxaropena galaraztearren, edo, ni zaintzeko zaindari gehiago eduki nezan, behintzat; eta albiste edo susmo honen hariaz oraintxe esango dizuedana egin zuen: gau batez, nire logelan bakarrik neskame batekin nengoen batean, ateak ondo itxita, beldurrez eta nire garbitasuna, ezustean, galbide erdian jar ez zedin, hara non , bat batean, nolatan ez nekiela ez iruditu ere, hainbeste begiramen eta kontu gora-behera, nire bakartasunaren isilean, aitzin-aitzinean topoz topo egin nuen, harri eta zur gelditu nintzen begiz-begi, nire begiak itsu nire mihia motel; oihu egin eta ezin, nahi izanda ere ez zidan egiten utziko, baina, zeren, niregana hurbildu zen eta beso artean hartu ninduen -ni, esan bezala, neure burua zaintzeko gauza ez nintzen, izuaren izuz- eta ele-mele hasi zitzaidan ari eta ari, gezurrik gezur, jakina, halako moldez ezen nik ez dakidala nola jakin daitekeen gezurra egiaren itxuraz hain ongi mozorrarazten. Malkoz bere hitzak benetakotu nahi zituen hak azpisuge hak, eta hasperenez bere asmoak. Ni, gaixo ni, nireen artean bakar-bakarrik, halakoetan txarto ikasia, hasi nintzen, ez dakit nolatan hasi nintzen, hainbeste gezur egiatzat joten, baina ez zidaten urrikalmendurik, ez gutxiagorik ere, sorrarazi bere malko-hasperenek; honela, bada, lehenengo izualdi hura iragota, nire albi galdutakoa atzera neuretzen hasi nintzen, pixka bat, eta nik uste baino kemen handiagoz esan nion: "Jauna, zure besoetan nagoen antzera lehoi izugarriren batenetan banengo, eta askatzearen ordain nire garbitasunaren kalteko zerbait esan edo egin behar banu, esan edo egin egiterik legoke, baina izan zena betiko izateari uzterik legokeen era berean. Beraz, zuk nire soina zure besoez estutua badadukazu, nik neure arima nire gurari onez tint lotua dut; eta nire nahiak zureak ez bezalakoak dira oso, indarrez zureak aurrera eraman nahi izatekotan ikusiko duzunez. Zure zergapeko nauzu, ez, ordea, zure jopu; zure odol garbiak ez du eskubiderik, nire apaltasuna gutxiesteko ez zikintzeko; ni neu nekazari landerra zu jaun zalduna bezain onesgarria nauzu. Nirekin zure indarra ez da ezertarako, zure aberastasunak ere ez, zure ele ederrak ez nau tutulikatuko, ez zure hats-beherapen edota malkoek xamurtuko ere. Nire gurasoek senartzat eman nahi didaten nor edo norengan esan ditudan horiek guztiak edo horietako baten bat ikusiko banu, beronen nahimenari neurea egokituko litzaioke, eta nire nahimena berorenetik ez litzateke aldenduko; honela beraz, neure gogara ez arren ohorearekin geratuko banintz, gogo onez emango nizuke, jauna, oraintxe, horrenbeste indarrez lortu nahi duzun hori. Esana dago, ez beza inork uste niregandik ezer lortzerik nire legezko senarra ez bada". "Horrixe baiño ez badioxu begiratzen, Dorotea pollit-pollita -hauxe dut nire zoritxarreko honek izen- – esan zuen zaldun azpisugeak – hona hemen banakusaxu xure-xeurea izaitteko eskua damaixudala, eta egia honen lekuko ixan bedi xerua, ezertto ere ez baitzaio estaltzen, eta hementxe duxun Andere Mariaren irudi hau biz ororen ikus-entzule".

Kardeniok' Dorotea izena entzun zuenean, berriz asaldatu zen, ikaretan hasi zen, eta azkenean bere lehenengo eritzia egia zela berretsi zuen; hala ere, ez zuen ipuina eten nahi izan, berak jakin zekiena nola bukatuko zen ikusi asmoz, zera baino ez zuen esan

Zure izena Dorotea dela, andere? Beste behin ere beste bati horixe berorixe entzun nion, agian bada, zu bezala dohabageren bat edo al da. Zoaz aurrera, ea, helduko da unea eta, gauza batzuk esango dizkizut, bai, tamalgarri ez eze zuretzat izu eragingarri diratekeenak.

Aditu zituen Doroteak hitzok Kardenioren hitzok, begiratu honen janzkera harrigarri zorigaitzekoari eta otoi galde egin zion bere ondasunaren berririk baldin ba ote zuen, bada, esateko, hitzetik hortzera esan ziezaion; ezer ere onik baldin bazuen bere asturu gaitzak, gemena zela, gerta lekiokeen ezein hondamendi jasan ahal izaiteko gemena, alegia, bere eritziz, orduantxe jasaiten ari zena baino larriagorik batere ez zen izango.

Kemenik ezekoa ez nauzu ni ere gogoan dadukadana esateko – erantzun zion Kardeniok – iruditzen zaidana egia balitz; orain arte ez dago horretarako aukerarik, ez, eta zuri ezer jakitea ez zaizu axola.

Dena dela ere – Dorotea mintzo – nire ipuinean aitzina, On Fernandok logela haretan zegoen irudi bat hartuta, gure bakuntzaren lekukotzat ipini zuen; nire senarra izateko hitz eragin-eragingarriak eman zizkidan eta ohiz besteko zinak egin ere bai, nahiz eta, esaten amaitu aurrez, kontuz ondo begiratzeko zer zegien edo zer zegikeen nik esan, eta gogoan hartzeko bere aitari ni bezalako lander honen zergapeko batekin ezkondua ikustean izan lekiokeen narda, nire ederrak ez itsutzeko esan nion, bere horretan, okerraren estakururik aurkitzeko aski ez zela eta; onik egin nahi bazidan, maitasunaren maitasunez, ezer onik egitekotan, nire zoria bere bidetik joaten uztea zuela onena, nire hein berdineko bidetik, ez goragoko batetik, zeren, hain maila ezberdineko ezkontzak ez baitira izan, ohiz, hasieran uste bezain gozagarri ez iraunkor. Honako hitz guztiok esan nizkion, eta gogotik joan zaizkidan beste asko eta asko; baina, ez ziren nahikoak harek bere asmoari uzteko, azokan merke erosi nahiaren itxuraz egiten duena bezala, urrutaka-urrutaka, gero ordaintzeko asmorik ez duenean. Ni, haretaraz gero, nirekiko hizketan hasi nintzen, llabur-llabur, eta neure buruari honela esan nion: "Bai, ez naun ni izango lehena, ezkon-bidez apal izatetik handi izatera igo dena, ez dun On Fernando, edertasunak itsutua edo -ziurrena hau- irrits itsuak joa, bere handiki izaerako mailaz beheragoko baten batekin batu den aurrena. Bada, zera, inoiz edo behin egin izan ez den ezer berririk egiten ez badut, zoriak eskaintzen didan ohore honetaratzea on dinat, nahiz eta honengan nahikundeak nahikeria bete arte baino harago ez iraun; azkenik, bada, Jainkoaren aurrean beraren emaztea izango naun eta. Erdeinuz bidali nahi badut, azkenean, bazakusanat, behar ez den eran indarra erabiliko din, eta atzenean ohoregeturik geratuko naun, eta aitzakia bageturik, honetara errurik ezean heldu naizela ez dakienak errua niri egotzita: zeren, nolako sinespideak azalduko ote dizkiet nire gurasoei eta beste batzuei, zaldun hau nire etzanguan nire baimenik gabe sartu zela sinetsarazteko?". Honelakotsu galde-erantzun guztiok irudimenean lipar batez erabili nituen, eta, guztiz ere, bultzatu ninduten, lerrarazi ninduten, zerara, nik asko pentsatu ez eta nire galbidera, nire hondamendira makurrarazi ninduten. On Fernandoren zinak, ipinten zituen lekukoak, isurtzen zituen malkoak eta, azken baten, bere gozagiroa bere adeitasuna, benetako maitasun-erakutsi askorekin batera, nirea bezalako bihotz hain aske hain gurbil baten liluragarri izan zitezkeen. Nire neskameari dei egin nion, bertan, lurrean, zeruko lekukoen lagun izan zedin; berriz ere On Fernandok, atzera, bere zinak berretsi eta aurrekoei beste santu berri batzuk gehitu zizkien lekukotzat; hainbat madarikazio egin zituen bere buruarekiko, geroenean burutzearren, emandako hitza beteko balu ez balu ere; busti zituen beste behin begiak, ugaritu zituen zinkurinak, hasperenak ere ugaritu, estuagotu ninduen besoen artean, beti estu-estu edukita nedukan, eta, honenbestez, nire neskamea etzangutik alde, ateratu zenean, nik neska huts izateari utzi nion eta harek bere azpikeria burutu zuen, burutu, gezurrez gezur.

Nire hondamena gertatu zen gauaren ondoko eguna ez zuen argitu, nik uste, On Fernandok nahi bezain laster, zeren, irritsak eskarazi hura bete ondorean, atseginik handiena agitu den lekutik alde egitean baitatza. On Fernandok nigandik alde egin zuen iradu, arin bai arin joan zitzaidan handik, eta nire neskamearen laguntzaz, bertara ekarri zuen ber-bera, eguna urratu baino lehenago kalean zen. Niri agur egitean -ez etorri zenean bezain su eta gartsu, ez hain oldartsu- bere fedean tenkor egon nendin esan zidan, bere zin zinezkoak sinetsita iraun nezan eta, bere hitzari indar handiagoa emateko asmoz bere atz batetik eraztun aberats bat atera zuen nire eri nagian ipinteko. Egia da, joan egin zen, eta ni gelditu, ez dakit betilun ala betargi; zera badakit: guztiz nahasia geratu nintzela, goganbehartsu eta oldozkor geratu nintzela, gertaera berri hagatik ia-ia neure senetik aterata; ez nuen albirik, edo ez gogoratu ere, nire neskameari ahakar egiteko, egin zidan saldukeria zela eta, bera izan baitzen, izan ere, On Fernando nire logelan bertan sar eta itxi zuena, artean' ez nekien ondo gertaturikoa on ala txar ote zitzaidakeen. Esan nion, esan, alde egin zidanean, On Fernandori, etorri zen bide beretik beste gau batzuetan etor litekeela, harez geroztik ni berea ninduela, berak nahi zuenean gurekikoa agerrarazi ahal lezakeela. Ez zen etorri beste behin ere, ordea; ez nik ikusi ez kalean ez elizan ilbetea joanda ere; alperrik deitu nion, hirian zegoela banekien eta, anitz egunetan ehizan ibilten zela banekien, oso horretara emana baitzen.

Egun hauek eta ordu hauek niretzat, ongi dakit, zorigaitzekoak izan ziren eta gainbehera egin nuen, eta ongi dakit, jakin, zalantzan hasi nintzela, sinesgogortu egin nintzela, On Fernandoren fedeaz ezbaian; nire neskameak entzun zuen, orduantxe, lehenago bere saldukeriagatik entzuna ez zuen ahakar-hitza; orduan malkoak, orduan nire begitartearen maskala, orduan dena estali beharra, nire gurasoek galde egingo ez bazidaten zer zela eta nenbilen ilun, eta esateko gezurren baten bila jotera beharko ez baninduten. Oro, hala ere, behin amaitu zen, ostikopean jarri ziren begiruneak, ahitu ziren ohorezko hitzak, agortu zen epetasuna, estutu bihotz-zabala, eta nire barru-barruko gogorapenik isilenak argitara agertu ziren, jalgi ziren. Zergatik eta, harean egun gutxitara, herrian entzun zelako, handik ez urrun On Fernando ezkondu zela, guztiz ederra zen neska gazte batekin, aberaskume askoa bera omen, nahiz eta ez hain aberatsa izan, halako ezkontza hain goiko baten gai izateko nahikoa ezkontsari gabekoa baitzen. Luszinda omen zuen izen, eta beste zer batzuk ere, ezteietan gertaturiko harrigarri batzuk esan esan ziren.

Entzun zuen Kardeniok Luszindaren izena, eta lepoa jaso, kuzkurtu zen, ausiki zituen ezpainak, estutu hortzak, makurtu zituen bekainak, eta berehalakoan bere bi begiak malko-iturri bihurtu ziren. Ez zuen, honegatik, Doroteak bere ipuina alde bat utzi, eta esan zuen:

Ondikozko albiste hori niregana zen, eta, entzundakoan bihotza erori beharrean, suak hartu zuen, amorrua eta sumina piztu, eta gutxi-gutxigatik ez nintzen atera karriketan zehar oihuka, niri egindako saldukeria, azpikeria zikina, aldarrika, garrasika. Otzandu zen, orduan, sumina, gau haretan bertan agitu behar nuen zer hura gogoan harturik; honako janzkera hau jantzi nuen, nekazarien artean altzon daritzen horietariko batek, nire aitaren etxeko morroi batek emana, beronek nigandik dena jakin baitzuen, eta laguntzeko otoi egin nion, nire etsaia omen zegoen hiriraino. Agiraka egin zidan nire ausardia zela eta, aurpegira egotzi zidan nire ebazpena, alabaina, nire erabakia tenkorra zela ikusi zuenean, bide-lagun izateko bere burua eskaini zidan, berak esan zuen bezala esateko, lurbiraren azken muturrerainokoan. Gero, di-da baten, ehunezko bururdi-azal batean emakume-janzki bat gorde nuen, bitxi eta diru batzuekin bat, zer gerta ere, eta gau isilean, nire neskame saltzaileari txintik esan gabe, etxetik irten nuen, morroiarekin, gogoan hainbat gauza nerabilela, eta oinez hiriranzko bidean aitzina jo nuen; iristeko gogo biziak hegan ninderaman, egindakoa ezin ekidin banuen ere, bekoz beko, bederen, On Fernandori itauntzera, ea, esan ziezadan nolako arimaz egin zidan egindakoa. Egun bi t'erdi ibiliz heldu nintzen, sartu nintzen hirira, galdetu nuen Luszindaren gurasoen etxeaz, eta galde egin nion lehenak nik nahi baino gehiago erantzun zidan. Etxea ikusarazi zidan, eta bai etxeko alabaren ezkontzan gertatu zen guztia jaulki ere, hirian aho-mihitan zebilen hizki-mizkia zen eta. On Fernando Luszindarekin ezkondu zen gauean -esan zidan- honek emazte izateko baietza eman eta gero, ondoeza egin zitzaion, antza, senarrak, orduan, paparreko botoi edo aletxoak askatu zizkion arnasa hobeto har zezan, eta golkoan paper batean zerbait idatzia aurkitu zion, zerbait hori Luszindak aitortutako On Fernandoren emaztea izan ezina zen, Kardeniorena zelako. Berau, gizon hak esan zidanetik dakit, hiri bereko zaldun oso handiki bat omen zen, eta honixe hitz emanda zegoen, geroago On Fernandori baietz esan bazion, gurasoen aginduetatik ez alderatzearren egin omen zuen. Hitz batez, paperak halako zerbait omen zioen, eta are gehiago ere, ezkondu ondorean bere buruaz beste egiteko asmoa zuena, eta paparrean bertan bizia zergatik galdu behar zuen ere zehazturik, omen; eta hori guzti hori berresteko, ez dakit soineko zein lekutan traketaren bat edo aurkitu omen zioten.On Fernandok dena ikusi zuen, Luszindak iseka egin ziola otu zitzaion, gutxietsi zuela iruditu, iraindu zuela, eta bertatik bertara, eraso zion haren ondoezetik etorri aurrez, amorruaren amorru hutsez, aurkitu traketa beraz sastadaka hasi nahi izan zion, eta egin egingo zuen gurasoek eta bertan zegozen besteek eragotzi ez baliote. Gehiago ere esan zidan, gehiago bai: gero, On Fernandok alde egin zuela, eta Luszinda biharamunera arte ez zela bere onera etorri, eta orduan, gurasoei lehen esan dudana azaldu omen zien, hots, Kardenioren benetako emaztea zena. Are gehiago: Kardenio, ziotenez, ezkontzan izan zela izan, eta ezkondua ikusita, ezuste larriak mindurik edo, hiritik etsi-etsia ihes egin zuela; gutunen bat idatzita utzi omen zuen, Luszindak egin zion okerra jakitera emateko asmoz, eta bera inork ikus ezin legikeen lekuren batera zihoala adiaraziz. Oro ageri-agerikoa zen hiri osoan, ororen esamesak ziren, eta are hitz eta pitz gehiago egin izan zuten, batu-banaka, Luszinda gurasoenetik alde eginda zegoela jakinez geroztik; eta hiritik ere alde omen, inon ez baitzuen idoro, aita-ama burua galtzeko zorian zer egin ez zekitela. Nire itxaropenak, honetaraz gero, agortuak ziren, eta On Fernando ez aurkitu izana hobetzat jo nuen, ezkondurik aurkitua baino; eta burutara sartu zitzaidan, zera, nire zoritxarrean ongarrirako ateren bat guztiz itxita ez zegoena, bigarren ezkontza hura zeruak berak oztopatu zuena burutaratu zitzaidan, aurreko haretan egin zuena gogorarazi beharrez edota kristaua zela gogorarazteko, eta honen ondorioz, gizonaganako begirunea baino bere arimarekikoa askoz ere askoz behargarriago zitzaiola jakinarazteko. Nire irudimenean honelakoak eta antzekoak ebazten nenbilen, eta pozten nintzen, poztu, pozteko zuzurik ezean, alegia eta itxaropen txuri-txoroak, luzatu beharrean, egun eta eguzki higuintzen dudan bizitza hau arin eroate aldera.

Hirian nengoela, bada, zer egin ez jakinki, On Fernando ediren ezinik, aldarri bat entzun nuen, herrietan kalerik kale ohi samarrekoak diren horietarik bat, baina ni neu mintzagai ninduena, zeren, ni idoro nintzakeen nori edo nori sari handi bat agintzen baitzioten, eta nire ezagugarri batzuk, adina eta neraman janzkera, besteak beste, zehazten baitzituen; aditu uste nuen, halaber, nire gurasoen etxetik nirekin etorri zen morroiak aterarazi ninduela, eta honexek ariman jo ninduen, nire izen ona zein beheraturik zegoen sumatuta; nire alde-egiteaz galdua banuen eta orduan are galduago, norekin eta erantsi baitzioten nire ihesari, gainera, nor hori hain xume, arrunt, eta nire gogo zintzoen ez dina ez duina izanik. Aldarria entzun nueneko, hiritik alde eta nire morroi harekin irten nuen, nirekiko zuen zintasunean, pitin bat baino gehixeago, zalantzan hasia zena, itxura batzuen arauera, eta gau haretan mendiotako leku oihantsuetan barrena sartu ginen, barru-barruan idoroko ote ez ote beldurrak jota genbiltzalarik. Baina, esatea den bezala, gaitz batek beste bati deitzen omen dio, eta nahibage baten amaiera beste handiago baten hasiera omen da, eta halaxe gartatu niri, zeren, nire morroi ona, ordura artean zintzo eta ziurra izan zen bera, nire bakarrean ikusi ninduen bezain laster, bere zitalkeriak jo zuelako, nire edertasunak baino areago, aukeraz gozatu nahi izan baitzuen, eremu latz hauen abaroan beldurrik ezean, antza, lotsa gabeturik xoil, ez Jainkoari ez niri begirunerik bat ere erakusteke, maite-eske ekin zitzaidan; ni, aitzitik, hitz zuzen bezain itsusiez haren lotsagalduzko asmoei ezezka erantzuten ikusi ninduenean, otoiak bazter utzi eta indarra erabili nahiaz esetsi zidan. Zeru zuzenak, ordea, behin ez edo oso gutxitan begiratu eta zaindu gabe asmo onak hutsean uzten dituenak, nire asmoen alde egin zuen, eta honela, nire indar ahulez, ez neke handiegiez, zapuztu nuen zapuztu, uzkaili nuen, eta erroitz batetik behera amilarazi nuen, troka-barren sakonean, ez dakit hilik ala bizirik, utzi nuelarik. Gero, arin baino arinago, izua nekearekin batera nindoan arren, mendiotan zehar barruratu nintzen, gogoan beste burubiderik beste gogamenik ez nerabilela ezkutatzea baino, nire aitarengandik eta honen aginduz nire hatzetik zebiltzanengandik ihes egitea besterik ez nuen nahi. Asmo honekin mendiotaratu nintzen, ez dakit zenbat il den hemen nagoela, eta berton abeltzain batekin buruz buru egin nuen; beronen sehitzat hartu ninduen mendialde honen erraietan dagoen leku itxi batean altzon edo artzain-mutil izan nenkion, eta honela ibili izan naiz aspaldi honetan, beti landan, inorengandik urrunxko egon nahiz, nire ile-adats hau estalita, oraintxe, ustegabeki, azaleratu nauen arte. Nire igurdizi, nire ardura guztia alperrikakoa izan zen eta da, onurako ez, nire nagusi berriak ni gizonezkoa ez nintzela ezagutu zuen, ezagutu bazuen ezagutu zuen eta harez geroztik gogorapen gaiztoak burutara sartu izan zitzaizkion nire morroiari gerta bezalaxe; asturua ez da beti bat etorten sendabideen lanarekin, noski, ez nuen ez erroitzik ez trokarik ez amildegirik ediren, morroiari egin nion eran, nagusiari malkorretan behera amilaraziz esesteko ; beraz, ez nuen nire indarrak harenekin lehian neurtzeko indarrik ukan, ez estakururen bat bilatzeko ere, eta neure burua sasitza hauetan ostendu eta harengandik eket egin, hanka egin nahiago izan nuen. Basoratu nintzen atzera, bada, badiot, nire zoritxarraz erruki zekidan zeruari otoika eskatzera, ezein oztoporik gabe hasperenez eta negar-malkoez arren bai arren-ka eskatzera, nire neure txarretik atera ahal izateko indar, igurdizi, trebetasuna eman ziezadan, edo, bestela, honako bakargune lakarretan bizia utz dezadan, nire goibel honen oroitzapenik batere gera ez dadin, honen errugabeki neure burua, herrian nahiz atzerrian, ororen hizpide, esames-gai, txutxuputxu guztien ore bihurturik ikusita.