On Kixote Mantxako

33. atala

Jakingale Ertzoaren Eleberria jaulkitzen denekoa.

Florentzian, Italiako hiri aberats-ospetsu Toskana lurraldekoan, Anselmo eta Lotario bizi ziren, zaldun aberats eta handikiak biak, adiskideak gainera, eta honexen hariaz, hain zuzen, ezagutzen zituzten guztiek, "adiskide biak" esaten zieten, guztiz ere. Ezkonbageak, adin bereko mutilak, eta ohitura berdinekoak; elkarren adiskide izaiteko, beraz, jaioak, esan liteke. Anselmo maite-jolasetarako "koi", joran handikoagoa Lotario baino, berau ehizazaleago, aldiz.; hau honela ere, noiz edo noiz, gerta ahala, Anselmo bere nahikeriak utzita, Lotariorekin bat joaiten zen, eta, alderantziz ere bai, hots, Lotariok bere gogoa alde bat utzi eta Anselmoren bidetik jaiten zuen; honela, beraz, biak gogokide antzean ibili ohi ziren, bat-batera, erloju edo ordulari bat ohi dabilen bezain zehatz-zehatz.

Anselmo, hiri bereko neska gazte handiki eta eder baten maitez mindua ez ezik galdua ere zebilen. Guraso zintzoak eta hura bera ere zintzo askoa, neskaren eskua eskatu eta emaztetzat hartzera ausartu zen, Lotario bere adiskidearen eritzia jasota, noski, honen hau bagerik ezer ere egiten ez baitzuen, eta, hitzetik eginetara irago zen. Mezua Lotariok eraman zion, eta egiteko guztiak bururatu zituena ere Lotario. Dena ipi-apan gertatu zen, adiskidearen gogara, eta luzaro bage nahi zuenaren jabe egin zen, bai eta Kamila ere pozik, Anselmo senartzat harturik, zeruari eskerrak emanka, eta Lotariori ere eskertzen, hain onura handia erakarri zion arartekari izan zela eta. Lehenengo egunak, ezkon-egun guztiak bezala, alaiak izan ziren, Lotario bere adiskide Anselmoren etxera joaiten zen, ohi legez, ahal zuen guztian ohore eginez, poz eraginez eta bizipoza emanez; baina, ezteguak amaitu ziren, bakandu ziren adiskide-aldiak, haren etxerako joan-jinak Lotariok urritu zituen, maillo-maillo, zeren, bere eritzian (burudun den guztik eritzi bera du), ezkondu eta gero ez baita egoki, ezkongaietan bezala, adiskideen etxera sarriegi joaitea; adiskidetasuna, ona eta egiazkoa denean, ez da ezertaz ere susmagarri gertatzen, honela ere, ezkonduaren ohorea minbera xamarra izan ohi da eta anaiek berek gohaindu ahal dute, are gohainduago adiskideek.

Anselmok susmo hartu zion, nabaritu behintzat Lotarioren hotzaldi edo motzaldi hura, arrangura handiak egin zituen haretaz, zirautsola, ezen, jakin izan balu ezkontzeak ohiko harremanen etendura ekarriko zuena, inoiz eginen ez zuela; eta, ezkondu aurrean ukan zituzten harreman onak zirela eta, halako izen gozo hura, adiskide biak alegia, irabazi zutena, ez zela galdu behar, umo itxura egitearren, kanpo-zogi agertzearren; otoi eta otoi egiten ziola, euren artean honela mintzatzea zilegi baldin bazen, berriro bere etxeko jaun izaiteko, eta lehen bezala bere etxera sar eta etxetik jalgi zedin, eta ziur zegoela Kamila bere emazteak ez zuela beste nahirik ez beste gogorik berak nahi eta gogo zuena baizik, eta andereak bazekielako lehen adiskide minak zirena, orduko hotzaldi hura, zirki-mirki ibiltze hura harritzen zitzaiola.

Hauek eta antzeko beste "ele eta mele" batzuk egin zizkion Anselmok Lotario bere etxera, ohi zuen bezala, itzul zedin burutara eman nahiz, eta Lotariok zuhurkiro, urguri-urguri, kontu handiz erantzun zion. Anselmo adiskidearen asmo onaz ase-beterik geratu zen, eta, astean bi egunez, bai jaietan ere, Lotario berarekin bazkaltzera joanen zela itundu ziren. Bien artean itundu, baina Lotariok bere adiskidearen ohoreari egokiena zena baino ez egitea hartu zuen xede, izan ere, haren ohorea berea baino onetsiago baitzuen. Berak esaten zuen, eta ongi esaten, zeruak emakume ederra emandako senarrak ardura handiz begiratu behar zuela zer-nolako lagunak zeramatzan etxera ez ezik, emaztea zer-nolako lagunekin elekatzen zen ere bai; zeren eta, enparantzetan itundu, eliz edo etxe doneetan elkar hartu, herriko jaietan hitz eman eta halako zer horietan zertu egiten ez dena (eta senarrek ez diete beti debekatu behar emazteei honelakoa), azkenik, hoberen eritzitako adiskide edo ahaide baten etxean itundu egiten baita, eta elkarri hitz hartu-eman egiten baitiote. Lotariok beste zer bat ere esaten zuen, hots, ezkonduek lagun banaren beharra dutela, batean zein bestean gerta litekeen edozein hutsartez ohartaraz diezaion, zeren, senarrak emazteari dion maitasun handiagatik edo ez da ohartzen edo ez dio jakinarazten, haserre ez dadin, zeraren batzuk egitea on duela edo zerbait ez duela egin behar, egitean aipu txarra egon daitekeelako edo ez egitean aipu ona, eta honetaz guztiaz, adiskideak, jakitun bada, orotan sendabidea zein duen argi diezaioke edota galbidea zein. Baina, non adiskide zintzo, zuhur eta egiazkorik, hemen Lotariok nahi duen neurrikorik? Nik ez dakit, benetan; bat izaitekotan, Lotario zen hauxe, bere adiskidearen izen ona, arreta osoz, ardura handiz, begiratzen zuena, eta bere adiskidearenera joaiteko egunak urritu, aldiak laburtu, hitz batez, bakandu nahi zituena, jende xeheak, nagian nagi eta begi gaizto denak' bera bezain mutil aberats, aitonseme, sortzez zintzoa, bere buruaz uste zuen ederrez bete gizon bat, Kamila bezalako emakume polit baten etxera sartzeari gaitz iritz ez ziezaion. Bere zintzoak eta bere gemenak, uste zuen, zein edo zein mingain gaizkiesale geldiarazteko indarra bazuten, baina, ez zuen bere sinesgarrigoa ez adiskidearena zalantzan ezarri nahi, eta hitz emandako beste egunetan, honen etxera joan beharrean, beste egiteko batzuetan iharduten zuen, egin behar-beharrekoak zituela esaten zion batzuetan; honegatik, bada, bataren arrangurak zirela bestearen estakuruak zirela, egunaren unerik asko joaiten zitzaien. Egun batean, hiritik ateko larrean zehar biak elkarrekin zutibiliz zebiltzan batean, Anselmok Lotariori honela esan zion:

Uste al huen, bada, Lotario adiskide, Jaungoikoak, nire gurasoen seme egiteaz, niri eman zizkidan dohainak, eta, ez esku elkorrez emaniko, bai izaitezko -honela esaten baitiete- bai asturu onezko ondasunak eskertu nahian, jasotako ongiaren mailara iristerik ez dudala?, eta hi adiskidetzat eman hindudanean eta Kamila neure emaztetzat, bi kutun maite-maiteak ditudanak biak, egin zidan onuraren on-ordaina , nahi bezala ezin badut ahal dudan heinean kitatu ezin dudala?. Bada, hauek guztiok honela, orotan gizona bizipozaz bizi ahal izaitekoak direnez bestela, etsimenduan bizi nauk ni mundu osoan den gizonik gozakaitzen. Ez zakiat noizdanik hona, nahikunde batek jo eta nekatu, hertsatu egiten naik, beste deusen antzekorik ez den nahi harrigarri honek naik hagitz liluratzen, eta neure buruaz miretsita nagoenez, ahakar egiten zioat, errua egozten ere zioat eta isilarazi neure buruari, gogaien artean ostendurik eduki dezan; eta honetara isilpean eduki izan diat, mundu osoari esan nahi banio bezain zintzoki isilaraziz. Azkenik, alta, "plazara" jalgi beharrean denez gero, hire isilpekoen kutxan gordea nahi diat, ustez beterik bainago, hi nire adiskide zin-zintzoa haudan aldetik, hire gurbilaz eta zuhurraz, sendatzen lagun eginen didaala, bihotz-estura honetatik aske gera nadin, eta hire laguntzaz nire alaitasuna helduko duk, nire zoroak eraman nauen atsebage mailaraino, behinik behin.

Lotario txundituta zegoen, Anselmoren hitzok entzunik, eta , areago, ez jakinki zertan amaituko ote ziren halako hitzaurre edo halako aitzinohar luze haiek; eta buruaren barruan, irudimenez, adiskidea nekatzen zuen nahikunde hura zer ote zitekeen zerabilen arren, oso egiatik urrunxko zebilen beti; eta jakinmin gorriak gori-gori zuelako, adiskideari, hala, hinki-hanka bezala, ingurumarika mintzatuz, ezkutuko gogapenik estalienak garbiro esan bagez irain egiten ziola aurpegira egotzi zion, zeren, adiskidearen adiskidez, beragandik entzindu ez ezik arazoen konpontzeko aholku onak itxadon behar baitzituen, senda edo hobetzekoak ezin baziren arintzekoak, bederen, bai.

Horixe baietz – darantzuio Anselmok – eta itxaropen horrekin jakitun jarri nahi haut, Lotario adiskide, nekatzen nauen zera, Kamila nire emaztea nik uste bezain zintzoa eta bikaina ba ote den jakin nahia duk; eta ezin egia hau argitu, ikertuz ez bada, urrearen ona suak erakusten duen eran, edo besteek diotena legez esateko, sutan "probatutzen" duk eltzea nolakoa den. Nire golkorako diat, oi adiskide! ez dela den baino emakume hobea, edo, bestela, ez duk inorentzako erakargai; eta atzetik zein gibeletik ibilten zaizkion maite-nahidun aspergarrien malkoei, edo opariei edo aginduei uko egiten diena baizik ez dela sendoa eta haienei ezezka oldartzen zaiena, bai, zindotasunean tenkorra. Izan ere, zer du eskertzeko -zioen urliak- emakumea ona izaiteak, inork gaizto izaiteko esaten ez badio? Asko al da, bada, emaztea uzkur eta bere haretan egoitea, bere haretatik ateratzeko aukera eman ez diotena bada, edota senarrak halako zer baten zertuz gero bizia kenduko ziola dakiena? Honela, beraz, beldurraren beldurrez ona dena, edo aukerarik ez duelako zintzo dena, ez diat nik hainbestekotzat hartzen, ez, bederik, jarraitzaileak atzetik beti eskean dabilzkion eta guztion gailen, irabazle antzo, gertatzen dena bezainbestekotzat, noski. Honatx nire gogoeta bihotz-estugarriak, eta nire eritzi hau sendortzeko beste batzuekin batera, Kamila, nire emaztea, halako zailtasun, halako bide-mehaka arbinetan zehar iragaitea nahi nikek, suak erakuts diezadan eskatutako urrea nolakoa den ala ez den, inork harengan bere nahikeriak azaleratzeko errua, kopeta balu. Nire andereak, uste dudan bezala, borroka honetatik garailearen abarra eskuan irten baleza, nire zoriona guztizkoa izan nezakek; nire nahien hutsunea bete-beterik dagoela esan nezakek; emakume sendoa, edo zindoa, niri egokitu zaidala esan ahal nezakek, behialako Jakintsuak nork ediren? esan zuen emakumezkoa. Nik ustez bestera gertatuz gero, nire eritziaz igarri nuela ikusi eta pozik, tamal handirik bage eramanen diat, nire ikerpen honek, zinez, ekarri nahibagea. Hara, zer-nahi esan nahi didaan ere, nire asmo honen aitzi ez duk ezertarako izanen, eta dena gauzatze aldera, oi Lotario adiskide! nik nahi dudan moduan agitzearren hi herori tresna izaiteko gertu hadila nahi diat, lan hau nire nahiera landu ahal duen tresna. Hik egiteko bidea zabalduko diat, emakume zintzo, garbi, etxekoi eta ez berekoi den batengana eske joaiteko behar den guztia ukan dezaan. Egiteko zail hau hire esku uztera zerk bulkatzen nauen, esan bage zoak; izan ere, Kamila hire nahietara bilduko bahu, azpiratuko bahu alegia, ez likek azken-azkena joko, egin nahia egindakotzat jotera baizik, lotsa onean, eta honela, nahiak baino ez zidak irain eginen, nire laidoa hire isilaren ostean gordeta geratuko baita, jakin ere, bazakiat, niri dagokidanez, beti-betikoa, heriotza bezalakoa, izanen dela nire isila. Beraz, bada, bizitza esateko moldeko bizitza ukan dezadala nahi baduk, maite-borroka honetan ekin behar diok, ez epelkiro, ordea, ez nagi.nagi; nire asmoak eta hirekiko dudan entzimenak galdatzen duen joranez, garrez, ekinaren ekinez baizik.

Honela esan zion Anselmok Lotariori, beronek adi-adi zentzuiola, amaitu artean adi ezpainak zabaltzeke, eta gehiago esanen ez zuela ikusi zuenean, une luze batez beha egon eta gero, inoiz ikusia ez zuen gauza izugarriren bat edo ikusi balu bezain zorrozki begira-begira, harri eta zur, esan zion

Ezin inola burutan sar zezakeat, ezin sinets zezakeat, oi Anselmo adiskide! esandako guztiak isekak baino ez direna; egiazkoak direla oldoztu banu ez niakeen horren aurreraino joaiten utziko, ez niakeen entzun eginen hire hitzaldi luze hori. Edo ez nauk ezagutzen edo ez haut nik ezagutzen. Ez baina, bazakiat, ondo jakin ere, hi Anselmo haizela, eta hik badakik ni Lotario naizela: txarrena duk hi lehengo Anselmo ez haizelako ustea eta hiri ere iruditu al zaik, antza, ni ez naizela lehengoa, zeren esan dizkidaan gaiak ez baitira Anselmo nire adiskide harenak, ez galdatutakoak ezagun duan Lotario honi egin beharrekoak ere; adiskide zintzoek adiskideak ikertu behar ditiztek, behar denean erabili ere bai, olerkariak esan zuenetik esateko: usque ad aras; esan nahi baitzuen, ez dela adiskideaz baliatu behar Jainkoaren aurkako zereginetan. Bada, honela zioena fedebakoa bazen, ez ote da egokiago kristau batek pentsatzen badu, jainkozko adiskidetasuna gizakizko bategatik galdu behar ez dela? Eta adiskideak, sokatik tira gehiegi egin eta zeruarekiko lotsa galdurik, adiskidearen begirunea irabaztearren, beronengana joz gero, ez duk izan behar arinkeria bategatik edota unean uneko apeta, kasketaldi hutsagatik, adiskidearen bizia edota ohorea jokoan egon litezkeen bategatik baino. Esaidak, bada, oraintxe, Anselmo, hauetarik zein duk hik galtzorian, nik hire nahia egitera ausarturik, eske hatzaidan mesede higuingarri hori egin diezaiadan? Bat ere ez, noski; galdatzen didaana, nik uste, hire ohorearekin bizia kentzea duk, eta, bide batez, nire buruari ere bizia kentzea. Azken beltzean, nik hire dedua belzten saiatu behar badut, bizia edekiko diat, jakina, ohorerik bageko gizonak hobe dik hila; eta ni tresna, horretarako tresna nauanez, hire gaitzaz, ez ote ni ere ohorepeiturik eta, honetaz, bizigeturik? Entzun, adiskide Anselmo, eta ez erantzun, egon ekuru, nik hire nahikeria horretaz galdatu horri buruz esan nahi diadana aditu, ondo aditu arte; izanen duk astirik niri ihardesteko eta entzunen diat.

Bai pozik – dio Anselmo – : esan egik, nahi duana.

Lotario, berriz ere, esateari:

Iruditzen zaidak, oi Anselmo! mairuek ohi duten asmamena orain hik duala; haiei ez zaiek on, beren fedearen makurraz kontura daitezen, Idazkun Santuko oharren irakastea, adimena hunkituz ere zail duk haien bide-oneratzea, ez, noski, fedearen funtsetan erroturiko sineskai askoz eta askoz ere; adibide uki-errazak eman behar zaizkiek, ulerterraz, zalantzage, erakusteko ehi direnak behar ditiztek, matematikaz ohi den eran, ezeztatu ezin diren egiaztapenez beteak, esate baterako: " Bi zati berdinetatik zati berdin bana kentzen badugu, geratzen direnak ere berdinak dira" ; eta, hau hitzez ulertzen ez badute, maiz noski gertatzen den bezala, eskuez irakatsi behar zaiek, begien aitzinean ipiniz, eta, honela eta guztiz ere, inor ez duk aski nire erlijio santuaren egiez limurtzeko. Hirekin ere, honelako zerbait egin beharko, zeren, hiregan sortu den asmo hori zeharo ordu txarrekoa dela, guztiz burutik, buru onetik, atekoa dela, ikus eta ikas dezaan eman behar nukeen beta erabat alperrikoa izanen bailitzateke; hire arinkerian, oraingoz beste izenik ez diat erabili nahi, utziko hinduket, bertan behera, hire nahi gaizto horrek ez dik besterik merezi eta. Baina, adiskide haut eta ezin horrelakorik egin, ezin utz hazaket horren galbide gaizto horretan aurrerantz. Argiro ikus dezaan, esaidak, Anselmo: hik ez ote didak esan, bere etxean ongi bildua den horrengana eskean joan behar dudana, zintzoa den hori limurtu behar dudana, nahi ez den horri eskaini behar diodana, urguria denari iruzurrez ekin behar diodana? Bai, esan egin didak. Bada, hik badakik emazte gurbila, zindoa, arduratsua eta zuhurra duala, zeren bila habil? Eta nire eraso guztietatik garaile aterako dela, aterako den bezala noski, uste baldin baduk, zein hobari hoberik emanen ote diok, orain duena bainoago, edo zer izanen da bera orain den baino gehiago?. Edo hik ez duk hartzen esaten duanatzat, edo hik ez dakik zer galdatzen duan. Esaten duanatzat ez baduk, zertarako nahi duk ikertu, gaiztoa balitz bezala, harekin hik heure gogara eginaz? Aitzitik, uste duan bezain ona baldin bada, guztiz mugaz-landakoa duk egiaren beraren ikerpena egitea, azken baten, egin eta gero lehengo oneritzi ber-berarekin geratuko haiz eta.Hau guzti hau honela izanik, azkenik, kalte onura baino gehiago ekar lezakeen zerbaiten saiatze hutsa, kaskoan bururik ez duen norbaitek egin dezakeena duk, zentzu zoroko ozarra denaz bestek ez dik egiten ahal; areago, saiatze horretan behartu edo hertsatua ez denak egin nahi duenean, urrundik nabarmentzen baita, nabarmenki, saiatze hutsa zorokeria dela. Eginkizun zail-gaitzetan Jainkoaren alde, edo munduaren alde, edo bion alde, batera, saia daitekek : Goiko Jaunaren aldekoak santuek egin ohi dituztenak dituk, giza-soinean aingeruen biziera eramanez; munduaren alde edo, nahi baduk, mundua goiburu dutela egin ohi dena, zori onen atzetik, hainbat ur handi, hainbat egurats hotz-bero, hainbat lur eta jende ezberdin iker edo ezagutzeko xedez joan-etorleena duk; Jaungoiko eta aldi berean munduaren alde egiten dutenak gudari ausartak dituk, arerioaren harresian kañoi-bala biribil batek egin zuloa ikusi orduko, beldurrik ezean, arriskua inon ikusteke, galtzori edo zemai honi buruz tutik esateko betarik hartzeke, beren fede, beren aberri, beren errege maiteen alde bihurtzeko gogoaren hegoek eramanda, Herio zain eta erpai itxaroten dagokien hainbat bazterretan gaindi, alderen alde, zangarki euren burua egozten dutenak. Honelakoetan saiatu izan ohi duk, eta ohorezko, aintza zein onurazko dituk, oztopo eta galetsi handiz beterik egon arren; baina hik agitu nahi duan horrek, saiatzen saiatzea nahi duan horrek, ez dik Jaungoikoaren aintza erdiesten lagunduko, ez zori onik erakarriko, ez gizonetan ospe onik ere; hik nahi duan bezalaxe gerta baledi ere, ez hintzateke pozjario geratuko, ez aberatsago, ez orain hagoen baino dedutsuago; eta gerta ez baledi, lazeria gorri-gorrian, inoiz iruditu ez bezalakoan, geratuko hintzateke, ez pentsa gero, hiri gertatu atsebagea inork jakinen ez lukeelako atsebagerik izanen ez duala, hik heuk jakitea aski heure burua hagorandua izaiteko, herori zeharo inoreztatua gera hadin betiko. Egia hau berreste aldera, Luis Tansillo olerkari ahomen onekoak osatu zuen ahapaldi bat esanen diat, Done Petiriren Malkoak delakoaren lehen zatiaren azkenean agertzen den hauxe:

Gero eta handiago lotsa min du
areago oker eginak ageri
bere burua baitu gogor mindu
hogen eginaz hogenaz denak eri
Beragandik arean nork entzindu
bere buruari ez eta besteri
lotsarik ez badio erakutsi
Zeru-lurretako Jaunari hain gutti?

Ez duk, ez, isiltasunaz hire mina estaliko; negar egin beharko duk, atertu bagerik, begiko malkoez ez bada bihotz-odolezkoez, harako atxeter inozo haren antzera, gure olerkariak edalontziaren ikerpena egin zuela aipatu zigun haxe, Erreinaldo zuhurrak hobeto oldozturik egin nahi izan ez zuena, hain zuzen; olerkariaren asmakuntza baino ez izanagatik ere, bere baitan mezu duin, ikasgai zuzen eta haintzat hartzeko, ondo ulertzeko eta gogoan hargarri direnak dituk. Areago, zeren, oraintxe esanen diadan honetaz gero, egin nahi duan makur larriaz ohartuko baihaiz, ohartuki. Esan egidak, Anselmo, zeruak edo asturu onak, harribizi, diamante ei daritzon hori alegia, leun-leun baten jabe eta jaun legezko egin bahindu, halako harrietan jakitun diren guzti-guztien eritziez guztizko leun, guztizko on eta baliotsua den harri horren biziaz harri-harriturik egoiteraino, eta heu ere honelaxe, zuzen ote liteke harribizia ingudean ipini mailu baten azpian eta, ukaldika, besoen indarrez, dioten bezain gogor-leuna den ikertzeko nahikunde hori? Eta, behin hori eginaz gero, harriak ikerpen ertzo horri eutsiko balio, ez likek balio gehiago ez ospe handiagorik ukanen; apurtuko balitz, ordea, hutsiko, gerta litekeena noski, ez ote liteke dena galduko? Bai, hauxe, eta horren jabea, ororen begietan, inozo tentel huts agertuko lukek, beti. Demagun, Anselmo adiskide, Kamila harribizi leun-leuna dela, bai hire eritzian bai besteenean, eta hauts dadineko eretian jartea ez dela oker baizik, izan ere, bere onean iraunez gero ere, orain duen baino ahaldin handiagorik ez dik ukanen eta , aitzitik, huts egin eta ustel irtenez gero, bera bage hi nola geratuko haizen hausnar dezakek; orduan, bai, egin hezake egin arrangura heure buruaz, harexen eta heure galtzaiaz baterako hondamendiaren eragilea izan haizelako. Lurbira osoan ez duk emazte garbi-zintzoa bezain baliotsua den bitxirik, eta emakumearen dedua' berataz besteek duten eritzi onean zatzak ; bada, hire emaztearena halakoxea duk, hik dakian bezainbesterainokoa; zertarako, beraz, bada, nahi ote duk egia hau zalantzan ezarri? Hara, adiskide, emakumezkoa abere narrioduna duk, ez zaiok erortzeko zoztorrik ipini behar, alderantziz, bidea garbitu behar zaiok, behaztopa ez dadin, peitu duen bikaintasun horren bila, arin, joan dadin, hots, ondun zindoa izaitera hel dadin. Erbinude zuria, dakienak ziok, aberetto larru zuri-zurikoa ei duk, eta ehiztariek harrapatu nahi dutenean honela egiten omen ditek: ibilten edo iragaiten den lekua zein duen jakinda, dena lokatzez betetzen ditek, eta, gero, so eginez, bertararazten; lokatzera orduko, geldi, eta harrapatzen ditek, atxilo, lokatzez zikindu nahi ez dik eta, ez dik bere zuria galdu nahi, askatasuna nahiz bizia bera baino maitatzenago baitu. Emakume garbi-zintzoa erbinude zuria duk, ohorea elurra baino zuri-aratzagoa; galdu nahi ez duenak, zaindu eta iraunarazi nahi duenak, erbinudearekin ez bezala jokatu behar dik, ez ziok aurrean oparien lokatzik ipini behar, ez maitaleen eskaintza makurrik ere, zeren, ausaz, eta ez hain ausaz, harek ez dik berez behar duen indar nahikorik oztopo horien guztien gainetik iragaiteko, eta behar zaiok edeki aitzinetik zoztorra, ospe onak eta bertuteak bere baitan duen ederra begiz begi ikus dezan. Emakumezko zintzoa beirinazko ispilu garden baten antzekoa duk; edozein hats hurbildik sumatua, lainotu egiten duk, geundu eta azkenik ilundu egiten duk. Emakume dedutsuarekin erliki edota kuttunekin bezala egin behar duk: gurtu, bai, ukitu ez. Lorategi lilitsu arrosaz beteriko bat zaintzen den bezala, eta ederresten eta gozatzen bezala zaindu behar izaiten duk emakume zintzoa; ugazabak ez dik inor ibiltea ez ukitzea maite: urrundik eta hesiaren gibeletik baino ez ziok inori urrutikusten uzten, haren urrinaz eta haren ederraz gozatzen. Azkenik, gogora etorri berri zaizkidan bertso batzuk esan nahi dizkiat, halako irri-antzerki gaurberri edo moderno batean entzundakoak, xa, dihardugun arazo honixe beren-beregi doazkionak direla uste baitut. Agure zahar zuhur batek, neska gazte baten aitari aholkuz, alaba bil, gorde eta sarritxi egin zezan, honela ziotsoan:

Beirinaz da egina
baina, kontuz! ez iker
gerta liteke muker
emakume fin-fina.

Ez da zertan apurtu
ezin bada itsatsi
bada-ezpada hor utzi
on-nahiz ez makurtu

Danaes bada munduan
urre-euria bezala
ez urratu azala
muina baita barruan

Hona artean esandakoak, oi Anselmo! hiri dagozkianak dituk , orain niri dagokidana entzun behar diagu, luze bada barkatu egidak; hi sartu haiz eta ni sartu nahi nauan galmendi, labirinto, honetatik ateratuko bagara, denaren beharrean gaituk eta. Adiskidetzat nadukak, eta lotsa galdu eragin nahi didak, adiskide izaite horren aurkakoa dena, eta hau galdu ez ezik nik hiri omena kentzea nahi duk. Niri galduarazi nahi hori argi zagok, baina, hi eskatzen hatzaidana legez, nik erasotzen dudala Kamilak ikusten duenean, lotsa bageko, begirune urriko gixontzat hartuko naik, noski, nire izaeratik eta hi adiskide haudan aldetik erabat kanpoko jokaera edo saiakera egiten dudalako. Hiri omena kentzea nahi duala esan diat eta enurarik ez; zeren eta, Kamilak ni eskean ikusi orduko, berarengan halako arinkeriaren bat edo ikusi ote dudan pentsatzen hasi behar baitu, nire nahikeria agertzeko ausardia eman didan zerbait edo, eta bere burua ohore-uldurik ikusiko dik, laidotua bezala, eta, honetaz, hi heu ere, bera hirea denez gero, ohore horretaz bageturik, irainduta, nolabait, ikusiko hau. Hemendik sortzen duk ohiko den zer hau: emazte ezkon-lohitzailearen senarra irainez iraintzen ditek, doilorto laidoztatzen, emaztearen okerkeria dakitenek begi gaiztoz arbuiatzen ditek, gupida edo urrikalmendu poxi bat erakutsi beharrean, azken beltzean, egon ere, emazte lagun gaiztoaren erru hutsagatik zagok lazeria gorri haretan, berak ezer jakin bagerik, berak emazteari behar ez dena egiteko aukerarik eman bagerik, berak nahi ez zukeena, inondik inora, ezin ekidin izan badu ere. Emazte lohiaren senarra, berak ez jakin arren, bere ardurarik eza izan ez den arren, zergatik den, bide zuzenez, ohoregetua, adiarazi nahi diat. Ez hadi niri entzutean asper, hire onerako ari nauk eta. Jaungoikoak paradisuan, lurbirako atsegin-baratz haretan alegia, gure lehen aita sortu zuenean, Idazteunak dioenez, Adanengan logura isuri ei zian, eta, lotan zegoela, ezkerreko saihetsetik hezur bat edekita, Eba gure ama osatu zian; esnatu zenean Adanek begiratu zioan eta esan: "Hau nire haragiaren haragia da, nire hezurren hezurra". Eta Jaungoikoak: "Honengatik gizonezkoak bere aita eta ama utziko ditu, eta honekin batera biak haragi bat izanen dira". Orduantxe, ezkontzako sakramentu jainkozkoa ezarri zuan, heriotzaz bestek ezin eten dituen lokarri batzuez lotua. Sakramentu miraritsu honek duen indarra, on-indarra, hain duk handia bi lagun izaera ezberdineko haragi bat izaitea egiten duela, eta ongi ezkondutakoengan gehiago ere egiten dik: arima bi ukan arren gogo bat baizik ez. Honegatik, emaztearen haragia senarrarenarekin bat eginik, harengan sortu narrio edo egin akats horiek senarraren haragira gainisurtzen dituk, honek kalte horretako lekurik ez biderik eman ez izanagatik ere, lehenago esan duguna legez. Oinean edo beste soin-zatiren batean minik izanez gero, gorputz osoak sumatzen dik, oro haragi bat baita izan, eta honela, buruak orkatilaren mina sumatzen dik, berak eragin ez duen arren; bada, honelaxe, senarrak emaztearen lotsa galduaz min hartzen dik, berarekin batekoa delako; eta mundu honetako ohore zein ezohore guztiak haragitik edo odoletik sortzen direnez, eta emakume gaiztoarenak honetatikoak direlako, senarrak badik zer hartu horietatik, nahi eta nahi ez, ohoregetzat hartua izanen duk, nahiz eta berak ez jakin. Begira, bada, oi Anselmo! zein galbide makurretan habilen hire emazte zintzoa bizi den lasaitasun hori nahasi nahiz: begira zein jakinmin zoro eta ezertarakoez denagatik nahi ote duan hire emazte garbiaren bularrean bare-bare dagoen aldarte ona bihurritu; ohar hadi zori-joko horretan irabazteko guti eta galtzeko asko duala, asko zioat askoz gehiago esan nahi ez dudalako. Esandako guztia aski ez baduk, ostera, hire xede okerretik alden hadintzat, bila ezak beste tresnaren bat hire lotsa galduarazteko, hire zoritxarrerako; ni ez nauk izanen, inola ere, hire adiskidantza galduagatik, irudi dezakedan galerarik larriena berau.

Hau esan eta Lotario zuhur-onduna isildu zen, Anselmo gogoetatsu geratu zen, biziki nahasita, gesu luze batean txintik erantzun ezinez; baina, azkenean, honela esan zion

Ikusi duan bezain erne aditu diat, Lotario adiskide, esan nahi izan didaan guztia, eta hire adibide, sinespide eta erkaketan hire zuhurra ikusi diat, hire adiskidetasun egiazko sendorra sumatu diat; era berean, aitortu behar diat hire eritziari jarraikitzeke nirearekin aurrera banoa, ongitik ihesi eta gaizkiaren atzetik noala, bazakusaat. Hau honela, gogoan hartu behar duk ni orain zeinbait emakumezkok ohi duen gaisotasuna pairatzen ari naizela, hau duk, gogoak lurra jatea emaiten diona, edo latsuna edo ikatza edo beste gauza txarrago batzuk, kasketaldi hutsez jan beharrean dagoela zirudik, jateko ez ezik ikusteko ere nazkagarri den arren; honelatan, beraz, ni sendatzearren zerbait egin beharra zagok, eta hau erraz egin litekek, hi hasiz gero, ezarian bezala epeltto-epeltto, Kamilari xirika, berau ez duk, noski, hain bigun, lehenengo baten, bere lotsa lurrera erorita galtzeko; hire haste huts honezaz nahikoetsita geratuko nauk, eta hik gure elkarrekiko adiskidantzari zor dioana kitatuko duk, niri bizia emanez bai, eta ohore bagerik egon ez nadin ni irabildu nahiz ere bai. Hau egin beharra duk, zergatik eta, beste inork jakin behar ez duelako, nire gogo biziz azkeneraino eraman nahi dudan asmo hau beste inori antzemaiteko zantzurik ere eman behar ez diogulako, hik zaindu nahi didaan nire dedua galtzorian egonen bailitzateke. Hirea, berriz, Kamilarengana hurbildu ahala, beronen begien aurrean kordokan egonen duk, bai, baina ez zaiok axola, zeren, bere zindotasuna, uste dugun zintzotasun sendoa egiaztatu eta berehala, gure trikimainaren egia agertu ahal izanen diok, eta hi heu lehengoa izanen haiz beraren aitzinean. Saiatze horretan galtzeko asko ez duk hik, nik pozteko heuragi; egik, bada, egik, aurreko oztopo guztiak gora-behera, hasi baino ez eta burututakotzat emanen diat nire asmoa.

Anselmo nahikundean tematsu ikusita, Lotariok ez zekien zer besterik esan, zein adibide eman, aurrera joan ez zedin, eta haren asmo kazkarraz beste inori berri emaiteko zorian zegoelako beldurrez, larriagoko zerbait eragotzi nahiz, zera erabaki zuen, hots, amore emaitea eta eskatzen zitzaiona egitea erabaki zuen; nola eginen ere ebatzi zuen, Kamilaren gogoa nahasi bage, Anselmo poz-beterik gerarazteko. Honetaraz gero, asmoa inori ere ez jakinarazteko agindu zion, halako eginkizun hura bere esku hartuko zuela eta berak nahi orduan ekinen zitzaiola esan zion. Anselmok amoltsuki, maitekiro besarkatu zuen, eta eskertu ere eskertu zion mesede handi-handi bat egin balio bezala, eta biek elkar hartuta, egitekoari biharamunean bertan ekinen zitzaizkion. Berak, bere emazte Kamilarekin, bakarka, mintzatzeko eretia emanen ziola, eta oparitzeko diruarekin bitxiak ere emanen zizkiola agindu zion. Musika maite zuela eta, xaramelaka joan zekion aholkatu zuen, bertsoak ere idazteko, haren goratzarrean, eta honen egitean betarik hartu ezinik gertatuz gero berak eginen zituela, bertsoak alegia. Lotariok denari men egin zion, Anselmok uste ez bezalako asmoagaz baina, eta itun honekin Anselmoren etxera itzuli ziren. Kamila bertan zegoen, senarraren zain, ohi baino berantetsiago, egun haretan beranduttoago baitzetorren.

Anselmo berean pozik geratu zen, Lotario, berriz, gogoetatsu, berera joan zen, hain erabageko eginkidin hura nola zuzenduko ote zuen ez jakinki. Gau haretan bertan, Kamilari laidorik egiteke, Anselmo nola malmuzkatu asmoetan ari izan zen, iruzur eginen zion era, azkenik, burura etorri zitzaion arte. Hurrengo egunean, adiskidearekin bazkaltzera joan zen, eta Kamilak ondo hartu zuen (esan bage doa), begi onez, senarraren aurrean txintxo agertzearren baino ez bazen ere. Bazkaria amaitu zuten, kendu zuten zamaua edo mahai gaineko zapi hura, eta Anselmok adiskideari Kamilarekin geratzeko esan zion, behar zuen egiteko batera zihoala eta, bitartean; ordu eta erdi baten barruan itzuliko zela. Kamilak otoi egin zion joan ez zedin, eta Lotariok lagunduko ziola esan zion, baina Anselmok ezetz: bertan geratzeko eta gerazeko, bera itzuli arte gera zedin bertan Kamilarekin, itzulitakoan garrantzi handiko gai batez elkarrekin elestatu behar zutela. Bera berretxeratu arte, Lotario bakarrik ez uzteko agindu zion Kamilari. Benetan, bere joaitearen beharraz edo ezbeharraz itxurak egiten ondo asmatu zuen, hain ondo inork ez zuela igarri itxurak besterik ez zela. Alde egin zuen Anselmok, geratu ziren bakarrik Lotario eta Kamila mahaian, etxeko guztiak bazkaltzera joanak baitziren. Lotariok bere adiskideak nahi zuen egoeran, erdiz erdi utzita, ikusi zuen bere burua, etsaia begiz begi, ez, ordea, edozein etsai, zeren, bere ederraz iskiluz beteriko zaldun-gudaroste bat azpira lezakeen etsaia baitzen: hona hemen zergatik beldur zitzaion Lotario. Ukondoa aulkiaren besoan ipini zuen, ahurra barailean, eta Kamilari barkatzeko eskatu zitzaion, halakoagatik, baina Anselmo itzuli bitartean, atseden pittin bat hartu nahi zuela esan zion. Kamilak, aulkian baino ohatzean hobeto eginen zuela eta etzangura joan zedin. Ez zuen nahi izan, eta Lotario bertan lotan gelditu zen Anselmo etxeratu arte. Hau iritsi eta Kamila bere gelan zegoen, Lotario lotan, eta berandutu zelako, uste izan zuen, mintzatzeko nahikoa astia hartuak izanen zirela, lo egiteko ere bai, nonbait, eta Lotario noiz itzarri zain geratu zen, aiduru, kanpora joan eta jazotakoaz galde egitearren. Azkenik, nahi zuen bezala gertatu zen: Lotario itzarri zen, biak etxetik ateratu ziren, eta galdetu egin zion, eta Lotariok erantzun, lehen aldia zelako erabat agerian gertatu nahi izan ez zuela erantzun zion, eta, honegatixe, Kamilaren ederra aipa eta goraipa baino besterik ez zuela egin, hirian haren edertasuna hizpide ohi zela esanez, haren urguria aho-mihitan zebilela adiaraziz; hasteko hau aski zuela iruditu zitzaiola erantzun zion, gero, haren nahimena irabaziz, limurtuz, nolabait, beste behin gogotik entzuteko bidea irekiko zuelako ustean. Txerrenek antzera jokatzen omen duela esan zion, hots, norbait bere burua zaindu beharrean dagoen kinkan dagoelarik: Txerren argizko aingeru eraldatzen da, ilunezko bada ere, eta begien aurrean itxura ona eman ondorean, luzaro bagerik, nor den agertzen zaio eta bere asmoa bete du, haseratik amarrua agerira jalgi ez bada. Anselmo pozez geratu zen hau entzunda, eta egunoro halako eretiren bat edo eratuko zuela, etxetik ateratzeke, Kamilak trikimainaz deusik nabaritu ezean.

Hala gertatu zen, eta, egunik asko joan egunik asko etorri, Lotariok ez zion Kamilari hitzik esaten, baina Anselmori, baietz, hitz egiten ziola, hala ere, harengandik ez zuela jasotzen gaiztorako izan zitekeen zantzu ttikienik ere, ez ziola itxaropen ñimiñorik emaiten; alderantziz, asmo lizun hura baztertu ezean, ororen berri senarrari emanen zion zemai egiten ziola esan zion.

Ondo zagok – diotso Anselmok – Hona artean hitzei eutsi ziek, esanetik eginera joan behar diagu orain, ea nola eusten dion eginari: nik bihar urrezko bi mila txanpon emanen diat, opari antzean hari eskain diezaioan, eta beste honenbeste, limur eta ñapurraraz dezaan bitxiak erosteko, emakumezkoak, jakina, bitxizale ohi dituk eta; ederrak direnak, gainera, garbiak izan arren, apainzale dituk oso, polit agergale dituk; eta berak xirikada honi eutsiz gero, ni pozik geratuko nauk, eta ez haut hi gehiago unatuko.

Hasia zena azkenera arte eramanen zuela erantzun zion Lotariok, uste baitzuen, uste, eginkizun haretatik guztiz akitua eta garaitua irtenen zuela. Egun batean, lau mila txanpon, ezkutu direlakoak hain zuzen, jaso, eta batera lau mila nahasmendu, zein gezur berri asmatu ez zekiela eta; baina, horixe, Kamila oparien aurrean hitzen aurrean bezain tenkor zegoela esatea erabaki zuen, eta, beraz, ez zegoela zertan gehiago nekatu, dena alper-alperrikoa zelako. Halabeharrak, ordea, bestetara behar eta, Anselmok emaztea Lotariorekin bakarrik utzi zuen batean, beste batzuetan ez bezala, bera logela batean sartuta geratu zen eta kisket-zulo batetik soz, beste biak zertan ari ziren aditzen jarri zen; ordu erdi betean, eta Lotariok ez zion Kamilari tutik esan, eta mende betean egon balitz ere ez ziokeen fitsik ere esanen, itxurak zirenez; ohartu zen, bada, ohartu, honez gero, bere adiskideak, Kamilaren erantzunez zen bezainbatean, esan izan zion guztia gezur hutsa zela. Egia jakin nahi zuen, logelatik jalgi zen, Lotariori dei egin zion, bazter batera, eta itaundu ea zer berri, ea nolako trenpuan zegoen Kamila. Lotariok' zakar zegoela, beti mergatz erantzuten, ozarkiro erasotzen ziola eta halako eginkidin kazkarretan aitzina joaiteko gogorik ez zuela erantzun zion; beste deus gutti esateko gogo handirik ez eta xede hura bertan behera utzi nahi zuela.

Atx! – dio Anselmok – Lotario, Lotario, zein gaizki eratzuli didaan nireganako zorra eta nik hirekiko dudan entzimena! Begira egon natzaik, giltz honen zulotik soz, eta zer ikusi? ez dioala txintik esan Kamilari, ikusi diat; eta, lehengo aldietan guztietan ere, fitsik esan ez dioala nagok; hau honela, bada, eta honela duk, enurarik ez, zertarako sar niri adarra, zertarako nahi didak, hire amarruz, nire asmoa betetzeko behar eta kausitu ahal dudan tresna kendu?

Anselmok ez zuen hoboro esan, aski esana zuen, hainbestez, Lotario biziki nahasita, ahalgetua geldiarazteko. Gezurretan harrapatua izaitea txartzat hartu zuen Lotariok, ohore-min izan zen, eta , berehalakoan, Anselmori zin egin zion, handik hara, ez ziola behin ere gezurrik esanen eta haren nahia ase nahiz, ardura handiz, ihardunen zuela, so eginez ikusi ahal izanen zuen eran; are gehiago, ez zuela zertan so egin edo ez besterik egin, asetzeko berak egin asmo zuena eginaz susmo guztiak ezabatuko zitzaizkiolako. Anselmok sinetsi zion, eta erosoago ibil zedin, inoren begiradapean lasaiago, nolabait, zortzi egunean etxetik at egoitea erabaki zuen, lagun batenera joan zen, hiritik ez urrun baina baserrian zegoen batera. Aurretiaz, lagun harekin hitza hartutakoa zen, nolabait dei egin ziezaion, Kamilari bere joan beharraz estakururen bat asma ahal izan zezan. Ai, zoritxarreko Anselmo buru-urrikoa! Zertan ari ote zara? Zelako asmoa duzu? Begira zer dagizun zeure kalterako, zure aipu txarra eraugiz, zure galtzaia, hondamena eraginez. Kamila zure emaztea zintzoa da, emeki duzu zeuretua; inork ez dizu asaldarazten; bere gogaiak ez dira etxeko hormen barrutik ateratzen; zu bere mundu, ludi honetako zerua, zure gogoak harengan itua, bere nahiaren neurria zu zaitu, zurearekin eta zeruarekin bat eginik beti. Honelatan, bada, haren ohore, eder, zintzo eta urguri izaitearen iturritik zuk, lanik bage, nahi duzun eta eman ahal dizun aberastasun guztia jasotzen baduzu, zertarako sakondu nahi duzu lurra, iturburu berrien bila, inoiz ikusi ez den altxor-zun, dena agortzeko zorian jarten zarela, zeren, azken baten, iturria urria bada ere kilimon egiten duen lodia baino joriago baita, naroago eta emankorragoa baita?. Begira, ezinezkoa nahi duenak ez du ahal duena ere lortzen, olerkari batek nik baino hobeki esan zituen hitzez esateko

Heriotzean bizia
osasuna gaitzean
ezinaren atzean
zabal dut ate itxia
amaitzen naiz hasia
Gaitza dut beti asturu
ez naiz deus onen aiduru
ezina dena ezin daiteke
ezina nabil, berriz, ni eske
ahal dena ezin buru

Joan zen, bada, egun batean, Anselmo baserrira, Kamila etxean utzita, urrunde haretan Lotario etorriko zitzaiola aurresanik, etxea zaintzera eta berarekin bazkaltzera, eta ardura osoz, bera balitz bezain adeitsuki, hartzeko esan zion. Illundu zen Kamila, zintzo eta zuhurra zen heinean, senarrak agindutakoa entzunik, eta esan ere esan zion, gogoan har zezan edo, ez zela egoki hura urrun egon bitartean beste inor haren mahaiko aulkian esertzea, eta bera nahikoa zela etxea jaurteko, eta berarengan usterik ez baldin bazuen, behingo hagatik guttienez iker zezan, eta ikusiko zuela, harexez gero, ardura handiagotarako ere nahikoa zela bera. Anselmok, ordea, bere nahia zela ihardetsi zion eta agindu ere burua makur eta men egiteko agindu zion. Honela eginen zuela, bere gogoz beste bazen ere, esan zion Kamilak. Alde egin zuen Anselmok, eta beste egun batez, Lotario etxe haretaratu zen, bai Kamilak adeitsuro eta lotsa onean hartu ere. Ez zen haren aurrean bakarka agertu, hala ere, inoiz; aitzitik, beti morroe-neskameez inguratuta zebilen, bere neska laguntzaile bat, Leonela zeritzona, ondoan beti, bereziki, oso maite zuena zen, Kamilaren gurasoenean ttikitatik elkarrekin haziak baitziren, eta honegatik Anselmorekin ezkondutakoan berekin ekarri zuen. Lehen hiru egunetan, Lotariok ez zion ezer esan, ahal izanagatik, zamaua kendu eta otsein jende guztia iradu bazkaltzera joaiten zenean. Iradu joaiteko agindu izan zien Kamilak, eta Leonelari aurretik bazkaltzeko esan zion, bere ondotik inola ez aldentzearren; honek, aldiz, bere gogoak nonbait hor, beste egiteko batzuen batzuetan ari izaiten zenez, bere atseginetarako noski, ez zuen beti bere anderearen agindua betetzen, eta biak bakarka uzten zituen, noiz edo noiz, nahita egin edo hala behar zelako, beharbada. Alabaina, Kamila, gisako andere ganorazkoa, begitarte gorgots, itxura eder gotor, eta aurrez aur Lotario, herabeak hartua, mingainari eragin ezinean.

Baina, Kamilaren ontasun guztiek Lotarioren mingaina lotuaz erakarritako onura, azkenean, bientzako kalte bilakatu zen; zeren eta, mingaina isildua bazen ere, gogoa bai baitzebilen, are azkarrago, noski, ikustean, alderen alde, Kamilak zituen bazter eder eta on guztiak, haitzurdinezko gizairudiren bat ere maitez mintzeko doiak, haragizko bihotzen bat ez ezik. Begira eta begira zegokion, hitz eta pitz ari ordez, eta bere buruari ' zein maitagarri zen ziotson; eta buruak, pittin-pittinka, Anselmorekiko begiruneari begia kentzen; eta hiritik alde-nahia zetorkion, eta behin eta berriz etorten, Anselmok ez bera ikusiko zuen lekura ez berak Kamila ikusiko zuenera aldendu-nahia; baina honi begira gogobeterik zegoen, bitsetan, eta ezin handik alde egin inora. Bere baitan borroka piztua zuen, bere burua etsai, eta Kamilari soz sumatzen zuen poza erauzi nahian lehiatuki, erruduntzat joten zuen bere burua, adiskide gaizto esaten zion, giristino gaizto ere areago; Anselmo gora eta behera zerabilen, bere artean, bata bestearekin erkatuz, hitz eta hitz, beti, azkenean, horrexen zoroa ikusten zuelarik. Bere zintzoa ahuldu arren, Jaungoikoaren aitzinean aitzakia bazuen, gizonen aitzinean era berean, egin asmo zuena egiteko, ezein erruren beldurrik ezean.

Halaxe, Kamilaren edertasuna eta ontasuna, senar ertzoak eskutan eman zion eretiarekin batera, aski izan ziren Lotarioren zintzotasuna lur jota geldiarazteko; eta bere gogoak bultzatua, beste ezeri begiratzeke, Anselmo joan zenetik hiru egunetara, nahikeriari jazarriz borrokari eusten ihardun eta ihardun ondorean, Kamila flañukatzen hasi zen, urdduri, ele goxoz, amoltsu. Kamila xoratu antxean gelditu zen, jaiki eta bere logelara sartu zen, fitsik erantzun ez ziolarik. Gozakaitz honek ez zuen, ordea, Lotariorengan, itxaropena amitu, hauxe beti maitasunarekin bat sortzen da eta; alderantziz, bada, Kamila haintzatago hartu zuen. Honek ez zekien zer egin, inoiz uste ez zuen Lotario ikusita, ez zion aukerarik batere eman nahi hitz egin ziezaion, eta, gau haretan bertan, morroe bat bidaliko zuela ebatzi zuen moduan, Anselmori txartel bat zeramakiola, bere agindupeko mutila joan zen. Ondoan jaulkiko ditugun hitzak idatzi zizkion