On Kixote Mantxako

34. atala

Jakingale Ertzoaren Eleberria jaulkitzen aurrera doanekoa.

"Esaera den bezala, buruzagi bageko gudarosteak txarra dirudi eta honelatsu ere gaztelu batek bere jaunik ezean, bada, are txarrago, diot nik, dirudi, emazte gazteak bere senarra bagerik, beharrak hala, bidezki, behartzen ez badu. Ni zu bage honen txarto nago, urrunde hau ezin inola eramanki, ezen, laster ez bazatozkit, nire gurasoenera berjoan beharrean egonen naizela, itxarote hau arinagotze aldera, geurea zaintzeke utzita ere; zaintzeko zuk utzi zenidan horrek, honetarakoxe baldin bazen, zurea baino bere burua zaintzenago duela-eta nago. Zuhurra zara txit eta ez dizut gehiago esango, gehiagorik ez duzu behar eta on ere ez duzu"

Gutun hau Anselmok jaso zuen, eta, honen harira, Lotariok bere eginkizuna hasia zuela ulertu zuen, eta Kamilak, berak nahi bezala, ihardetsi ziola; biziki alaitu zen, beraz, berri harezaz, eta Kamilari hitzez erantzun zion, etxez, inondik inora, ez aldatzeko, bera laster itzuliko zela eta. Harritu zitzaion Kamilari erantzun ha, lehen baino nahasiago geratu zen, etxean gelditu ez eta gurasoen etxera joan behar ote zuen ez zekielarik; bertan geratuz gero lotsa galtzeko zorian, handik hara joanez, ostera, senarraren agindua urratuko zuen. Azkenik, txarrena, geratzea hain zuzen, erabaki zuen, Lotariorengandik ihes eginen ez zuela ebatzita, neskame-morroeetan hizpiderik ez emaiteagatik. Damutu zitzaion, bada, ordurako, senarrari igorritako gutuna idatzi izana, beldurrez eta, senarrak ez ote zuen oldoztuko' Lotariok zer edo zer ikusia ote ziola berari zor zion lotsa onari ez eusteko aitzakia eman ziona. Baina, bere zintzoan, uste onari atxeki zion, Jaungoikoaren pentzudan eman zuen bere burua, gurbilaren gurbilez, eta bere gogapen garbiaz, isilduki, ekinen zitzaion Lotariori, zer-nahi esaten ziola ere; senarrari ez zion gehiago adiaraziko, ez zuen atralakarik, ez liskarrik sorrarazi nahi; hau gutti ez eta, Anselmoren aurrean Lotario nola "txuritu" asmatzen zerabilen burua, harako gutun hura zergatik idatzi zuen galdetzean aitzakiak eman asmoz. Bada, honelakoxe gogapide zindo baina okerrotan zebilen, Lotario aitzinean solasgura zuen beste egun batez; berau, zeragotu zen, areagotu, bere zeretan, eta Kamila ikaran, aiko-maiko hasi zen, bere garbi-nahiak aski lan zuen begietara etorririk, inolako maite-gupidarik ttikiena ere ez erakusteko, Lotarioren negar eta hitz gozoek bihotzondoan joa baitzuten. Lotariok nabaritu zion, eta piztu ere pizten hasia zen. Azkenean, Anselmo urrun zegoen bitarte haretan, gotorleku hari estutu bat emaiteko premia zegoela iruditu zitzaion, jauki behar ziola otu zitzaion, eta jauki zion, goitik ekin zitzaion haren edertasuna goraki aipatuz, ongi baitzekien, emakumezko ederren hantustea dela hantustez eraikitako gazteluko dorre garaiak eraitsi eta lur jo eragiteko usterik onena, mingain losintxari iskilu hartuta. Halaxe, igurdizi handiz, zindotasunaren harkaitza zulatzen hasi zen, azpitik, eta nola! Kamila burdinazkoa izanagatik, lurrera eroriko zen eran. Negar egin zuen, otoi egin zuen, eskaini zitzaion, ilea leundu zion, eta itxurak egin zituen, itxurak, hain zin-zinez bezala, hain dena egiazkoa balitz antzera, bihotzez, ezen, azkenean, Kamilari lotsa galduarazi ziola, eta atzenean, garaitu zitzaion, bera garaile gertatu zen, useterik gutienean eta nahirik gehienean.

Kamilak amore eman zuen, txil egin zuen, garaitia emanik "erauki" esan balu bezala; baina, asko al da, Lotarioren adiskidantza zutik gelditu ez bazen? Argi erakusten digu honek maite-grina ihesian baino ezin menpera daitekeela, etsai larria da, indartsua da, eta inork ezin horri aurka egin beso hutsez, giza-indarrezkoa bada ere azpiratzeko indar jainkozkoak behar direlako. Leonelak ikusi zuen, ikusi, bere anderearen ahulaldi ha, ezin estali izan baitzioten adiskide txar eta maitale berri bi haiek. Lotariok ez zion jakinarazi nahi izan Kamilari Anselmoren asmoa, ez zion adiarazi honek beronek haretara eramana gertatu zenik, bere maitasuna txartzat har ez zezan, eta honela, agian, ez beren-beregi baina oldoztu bage eskatu zitzaiola pentsatuko zuen.

Harik laster, egun guti batzuen buruan, Anselmo berretxera zen, eta ez zuen huts eman bertan huts zena, hots, berak guttien erizten ziona eta gehien maite zuena. Lotario ikustera joan zen, etxean idoro zuen; elkar besarkatu zuten, eta batak besteari galdera, ea zer moduz bere bizitza, edo bere heriotza.

Oi Anselmo adiskide! Emazte on guztien eredu, "koroa", izan daitekek, bere duinean, hire emazte goiesgarria. Esaka eta esaka iharduten izan diat baina nire hitzak haizeak eroan ditik; nire eskaintzak beti gutietsi, opariak onartu ez, nire sasi-negarrei iseka nabarmenez ihardetsi izan ziek. Laburzki, ederretan eder askoa bada, Kamila bere garbian askoz areagoa duk, gurbil bizi duk, eratsu, beti begiapal bizi duk, edozein emazteki zintzo zoriontsu eta goresgarri egiten duten onbide guztiak ditik. Har itzak berriro hire diruak, adiskide, hementxe zaduzkaat, hauen beharrik ez diat ukan eta; Kamilaren osotasunak ez ziok horren opa txatxar bati txil egiten. Hago pozik, Anselmo, eta ez egik egindakoak baino ikerkizunik batere gehiago; ondo baino hobeto iragan haiz, susmo edo tuku horien guztien itsasoan gaindi, emakumezkoei buruz ohi diren susmoak dituk horiek, ez dakiala berriz ere halako uhaitz handietan sartzeko gogorik piztu, ez hadi beste behin ere hire ontzia nolakoa den, sendo xamarra ote den, ikertzen has, beste kapitain piloturen batekin ere ez; zeruak eman zian mundu honetako itsasoa zeharka dezaan. Kai onera heldu haiz, onik iritsita, eman aingura eta eutsi egiok uste onaren aingurari; etorriko zaik, noizbait, zorraren eske, eta gizon aitonseme den inork ez ordaintzeko aitzakiarik ez dik.

Anselmo Lotario entzunda poz-pozik geratu zen, eta sinetsi ere sinetsi zizkion, zerutiko igarle-hitzak balira bezala; honela ere, eginkizuna ez uzteko otoikatu zuen, jakinminagatik edo jolasen bat bailitzan egin behar bazen ere, nahiz eta aurrerantzean ordura arte egin trikimaina leihatsuak aitzina ez eman. Bertsoren batzuk idaztea besterik nahi ez ziola esan zion, Klori izenaren azpian, honexen aipu goxoz eginak, Kamilari' andereño batez maintenindurik zebilela aditzera emaiteko asmoa baitzuen, izen hori berak ezarririko andereño haren garbitasunak irabazia zuen begirunez ospatze aldera; Lotariok bertso-lan haretan nekatzeagatik uko eginez geroenean berak eginen zituela.

Ez duk horren baharrik izanen – Lotariok darantzuio – musak ez ditiat hain etsai eta urtean noiztenka ikustaldiren bat egin ohi zidatek. Esan egiok hik Kamilari, nire maite-itxura horietaz esan duana; bertsoak nik eginen ditiat; lauda-gaiak irabazi duen bezain duin eta doiak ez badira ere, ahalik eta hoberenak, behinik behin, eginen ditiat.

Hitzarturik geratu ziren, harez gero, ertzoa eta bere adiskide saltzailea, eta, Anselmo etxeratu orduko, Kamilarengana zen galdezka, berau geldurik, igorri zion gutun hura zerk eranginda idatzi ote zuen lehenago galdetu ez ziolako. Kamilaren erantzuna halakoxea: iruditu zitzaiola, iruditu, Lotariok nasaikiago, pixkat, begiratzen ziona, hura etxetik urrun zegoenetan, bereziki; baina, honegatik ere, geroz goiti, begiak irekita zegoela eta den-dena bere irudimenean sorturiko asmakeria baino ez zelako usteak, zeren, Lotariok berarekin bakarka egoitetik eta ikustetik itzuri egiten baitzuen. Anselmok, berriz, susmo haretaz ardurarik ez izaiteko esan zion, berak bazekielako Lotario hiriko neska gazte handiki batez mindua zela maitez, Klori izena ezarririk laudatzen zuena; eta hauxe izan ala ez, Lotarioren egiaz zertan ikaraturik ez zegoela, guztiz guztizkoa baitzen elkarren adiskidantza. Lotariok, alabaina, lehendik esana zion Kamilari Kloriren maite-zer haiek itxura hutsezkoak zirela, alegiazkoak alegia, eta berak esana zekiela Anselmok haren berri, eta berau urrunxko zelarik, Kamilari, txitean pitean, hurbiltze aldera esan ziola; hau guzti hau Kamilak, aurretiaz, jakin ez balu, espa hutsen sare etsigarrian eroriko zatekeen, baina jakin bazekien eta bazekielako ez zuen damurik hartu batere.

Beste egun batez, hirurak mahai inguruan, Anselmok Lotariori zerbait esateko otoi egin zion, Klori maite zuenari buruz idatzitakoaz hain zuzen; Kamilak ezagun ez ei zuela eta nahi zuen guztia esatea haizu.

Ezagun balu ere – Lotariok diotso – ez nikek ezer estaliko, edozein maitalek bere maitea laudatzen duenean, politarren, eta hau anker agertzen bazaio, ez ziok bere izen onari itsuskeriarik egiten; dena dela ere, atzo Kloriren eskergaiztoari hamalaurkun bat egin nioan eta hauxe duk:

Ametsa nagusi den gau isilean
nire min sakonen berri dut emaiten
zeruari otoitz ari naiz egiten
Klori dudala nagusi ametsean

Eguzkiak ekialdeko atean
gori-goriki duenean su pizten
nire min zaharren oihartzun dagiten
oihuak doaz auhenen berritzean

Handitzen doaz oihu zahar zoliak
eguzkiak lurra joiten bitartean
auhen garratz ozenak ozenagotzen

Gauak dakartza berriz amets berriak
oihuak dihaurtza izarren artean
Klori, baina, gor zait areagotzen

Kamilak xori eritzi zion, pollit-pollitta, Anselmok areago, ederretsi zuen, eta halako ele goxo-zinezko haiei erantzuten ez zien neska xoil ankerra zela esan zuen. Kamilak, berriro, honela esan zuen:

Beraz, olerkariek, maite-pozez, esaten duten guztia egia dea?

Olerkari diren aldetik, ez dute esaten – Lotariok darantzuio – ; maitasunak jota dagozen heinean, aldiz, beti egiati, labur geratu izaiten diren arren.

Horretaz zalantzarik ez – Anselmo mintzoz, Lotariok Kamilarenganako zituen gogamenak bultza eta sendotu nahiz, Lotariorekin maitemindua bazegoen era berean Anselmoren amarruaz zeharo etxakina baitzen, trikimainaz ohartzeke, noski.

Honelatan, bada, harekikoaz hartua zuen atsegintasunaz, ustez eta haren nahiekin idatziak berari zegozkiola, eta Klori izeneko hori egiaz bera zela uste zuelako, otoi egin zion, beste hamalaurkunen bat edo beste bertsoren bat baldin bazedukan, jaulki zezan.

Bai, badadukat – diotso Lotariok – ; baina ez dut uste lehena bezain ona denik edo, hobeto esatearren, txarra. Honatx, eta zuek epai:

Hiltzen naizela zakinat, zinez hiltzen
sinetsi ala ez, hauxe dun egia
Hi gurtzea, oi gozagaitz hertsia!
damu baino lehen Heriok nain biltzen

Eremu latzera ari naun hurbiltzen
bizitzatik urrun orok ahantzia
baina bular zabalean itsatsia
hire irudia zaramanat pil-piltzen

Hire hertsia ezin irekizkoa
irekitzeko nahi dudan irudi
ezin gogorragoa zaidan hirea

Ai itsaso sakon ilun maitezkoa
zeharka dezanak zendua dirudi
hodeiertzetik at iparrik bagea

Bigarren hamalaurkun hau ere Anselmoren aipu onaz azkendu zen, aurrekoa bezala, eta honela eginaz, mailaz maila, bere ohorea katigatzen zuen katearen gartzak lotuz zihoan. Lotariok ohoregetzen zuen bidetik berak gero eta ohore handiago zekarkiola adiarazten zion; honetaraxe, bada, Kamila, mailaz maila, haren gaitzespen erdigunera erortzen zen bitartean, senarrak, ordea, gorantz zihoala irudikatzen zuen, onbidez bere omen onaren gailurrerantz. Halako behin baten, Kamila bere neska-laguntzailearekin bakarrik zegoen beste baten, esan zion:

Harriturik nagon, Leonela adixkide, neure burua zein gutti etsi izan dudan ikusita, bada, nire gogoa Lotariori eman nion arren, arin ere eman, ez dinat erdietsi, oraindik orain, honexek beretzat osoki hartzerik. Lotsa naun, nire arintasun hau gutietsiko ote duen, harek bereganatzeko egin zidan indarra zein zen jarkigaitza gogoan hartzeke.

Ez har horregatik damurik, ene andere – darantzuio Leonelak – ; emandakoa ona bada, eta bere izaitez onestekoa, ez da zertan gutiesgarri izan, ez du garrantzirik galtzen, arin edo arinegi emana izan delako. Esaera da laster emaiten duenak birritan emaiten duela, hots, atsegina bikoitza dela laster egina bada

Bai, eta besterik ere esan ohi dun, hots, apaletik eginari ez zaiola gora handirik emaiten, nekagarri ez denak gupidarik ez ohi din jasotzen, alegia.

Hori ez doa zurekin – Leonelak berriro –, maitasuna, nik entzun, batzuetan hegan joan ei doa, beste batzuetan oinez ibili doa; batekin arinik arin omen, bestearekin baratz-baratz; batzuk epeltzen ei ditu bestetzuk kiskaltzen, urliari zauri egin ei daroatso, sandia hiltzen ere ei du, behin bere nahikarien lasterketa hasten du eta behin horretantxe bukatzen du, azkentzen du, goizez gotorleku bati inguruka esesten dio, eta gauez bere esku-menean daduka, ez baita horri aurre egin diezaiokeen indarrik. Honela izanki, bada, zer harritzen zaizu, edo zeren beldur zara, Lotariori halako zerbait gertatuko bazitzaion, nonbait, nire nagusia urrun dagonean zu bereganatzeko tresnatzat maitasuna hartuta? Nahi eta nahi ez, hor maitasunak erabakia zuena burutu baharra zuen, Anselmo itzul zedin betari betarik eman bage, hauxe itzulita eginkizuna egiteke geratuko zen eta; maitasunak berak nahi duena agitze aldera aukerari eutsi behar dio, ereti onari. Badakizu, galdu zeegin aldia eta idoro dagin nahia: aukeran aukera, haseran behintzat. Nik ez dakit hau entzundakotik, bizi izandakotik baino; noizbait, arean, esango dizut, andere, ni neu ere haragizkoa eta odola bero. Are gehiago, andere Kamila, zu hain arin ez zinen erori, Lotarioren begietan, hasperenetan, hitz-gozoetan, agindu nahiz opaetan, haren arima guztia ikusi ondorean baizik, honen on guztiak ikusi eta Lotario txit maitagarri zela sinetsarazita. Hau honela bada, eta da, horrelako gogoeta gupera, txotxin, horietarik ez duzu zertan buruan erabili; osterantzean, zuk bezala Lotariok zuri onerizten dizula bermatu behar duzu, alai eta pozez asea bizi dadin, zu haren maite-lakioan erorita, berak lotzen zaituelarik, adorez eta amorez. Honela bururatuko zaio, agian, maitale onek dituzten lau I-ak ez ezik A,B,D osoa ere baduela ,bere baitan: entzun egidazu, oraintxe dena, sailean, esango dizut eta. Nire uste, eritzi eta irudikoz, hura honelakoa da: aberatsa, burutsua, duina, ederra, "fierra", galanta, hauta, indartsua, jasoa, kementsua, lagunkoia, mazala, naroa, ohoretsua, printzela, sendoa, trebea, urguria, xaloa, zintzo eta zindoa; eta zeta-z ari naizelarik zure zintasunaren zaintzailea.

Kamilari barre eragin zion neskaren ABDak, eta maite-arazoetan berak uste baino iaioagoa zela iruditu zitzaion; bai honelaxe aitortu ere harek herri bereko mutil txintxo batekin zituen maitaldiak; eta Kamilak, ezer ez zekiela eta, nahasi zen bezain laster bere dedurako galbide ikusi zuen. Hitzak baino areago ote zen galdetu zion. Eta baietz, Leonelak, lotsa bagerik nabarmenkiro. Bidez omen dator, esaera den antzera, andereen xabarkeriaz neskameen lotsa galtze hori, hauek haien erorikoak ikusita ez omen dute behaztopatzeko axolarik, ez besteek ikus edo jakin beldurrik ere. Kamilak ez zuen besterik egiterik, Leonelari otoi ez besterik, haren maitale ei zuen harekin egindakoaz tutik inori jakinaraz ez ziezaion, eta haren arazoak isilpean eramaiteko esan zion, Anselmo ez Lotariorengana deusen berririk hel ez zedin. Leonelak horrela eginen zuela hitz eman zion arren, Kamilak susmatu bezala gertatu zen, hots, haren erruagatik bere omen ona galtzear zegoen; zergatik eta, Leonela lizunak, lotsagalduak, bere andere nagusiaren jokaera ohiko ez zela nabaritu zuenean, bere maitalea etxeratzeko aurpegia eduki izan zuelako. Andereak ikusita ere, salatuko ez zuela uste zuen,; hau ere ekarten du, besteak beste, andereen bekatu egiteak: bere neskameen jopu bihurtzen dira, haien nasaikerietan, lizunkerietan, ezkutatzaile. Kamilarekin honelatsu gertatu zen; bere neskame likitsa, behin baino gehiagotan, etxeko etzangu batean maitalearekin ari zela ikusi arren, ez zitzaion ahakarrik egitera ausartzen, alderantziz, estali ahal zezan leku eman eta zoztorrak kendu egiten zizkion, bere senarrak ez ikustearren. Ez zuen, hala ere, eragotzi ahal izan, eta Lotariok ,behin, etxetik irteiten ikusi zuen, eguna arturratu aginik, eta, ezagun ez zuelako, nor zen ez zekiela eta mamuren bat ote zen otu zitzaion, lehenik; gero, ibileran, aurpegia "mukutu", eta polito estali zuela ikustean, aurreneko gogamen inozoaz beste egin zuen, eta beste batera jauzi; beste bat hau, baina, Kamilak garaiz zuzendu ez balu, ororen kalterako baizik ez zen izanen. Anselmoren etxe barrutik, ezordu haretan, atera zen gizakume hura, Leonela munduan zenik ere ahaztuta, ez zitzaion bururatu, inondik inora, Leonelagatik sartua zena: Kamila etorri zitzaion burura, bat-batean, eta berarekin hain arin, eskura-erraz izan zen era berean beste baten batekin ere berdin zelako usteak jo zuen, dzart!, bihotz ondoan. Hona, emazteki gaiztoak dakarren beste kalteetarik bat: bide txarretik, arinegi eta neke hadirik ezean eskuratu duenak berak, geroenean, uste ona galduki, sinestean gogor eta ez du hala bada hala ez bada baizik entzintzen, eta beste inorengandik datorkion edozein zaiori, ostera, egiatsu daritzo, zein edo zein susmo itsuro sinesten du. Honegatik, antza, Lotariori burua joan zitzaion, adimena nahasixea, bere burubide zuzen erazko guztiak okertu, nonbait, eta beste gehiagoko bagerik, Anselmo jaiki aurrez, espaz itsutua bezala, artege oso, hagitz urduri, erraietan suak erretzen zuenaren antzera, Kamilari mendeku egin nahiz eta gogoz hiltzen zihoala, beronek ezer txarrik edo gaiztorik egin ez bazion ere, joan zitzaion, Anselmori joan zitzaion, eta esan:

Jakin egik, Anselmo, egunik asko eta askotan, nire neure buruarekin borrokan ari izan naizela, hiri ez esateko, ezin estali eta gaurgero estali behar ez diadana ez esateko. Jakin egik Kamilaren gotorra azpiratua dela, dagoenekoz, nire gogoak emaiten didan guztia berarekin egiteko eskubideaz jabetua nauk; eta orain arte ezer ez badiat esan, egia hau jakinarazten berandutu banaiz, behin-behineko apetaren bat edo kasketalditto zeinbait baino ez ote zuen ikertzegatik izan duk, ez nekian benetan ote zitzaidan, hire baimenarekin, hasitako maitakeria zinez gogozko ote zuen. Harengan uste ona nian ezarria, guk uste eta behar bezalakoa izanen zelako uste osoa nian, eta nire eskaintzaz hiri berri emanen ziala-eta nengoan; baina, berandutu dela ikusi diat, ordea, eta hi berriro urrunduz gero, hitz eginen dugula agindu zidak, hire bitxiak dagozen gelan sartuta mintzatuko garela (eta egia, gela haretan elestatzen ziren elkarrekin) ; ez nikek nahi, inola ere, aiherkundez ezer txarrik hik egiterik, oraingoz bekatua hitzez baizik ez baita burutua, ez duk deusik agitu eta agitu bitartean Kamilak gogoaz beste egin zezakek, damutu agian. Hau honela, beti nire aholkuzale, guti edo gehi, izan haizenez gero, har ezak haintzat oraintxe esanen diadan bat, gero egik nahi duana, hire onerako hoberen uste duana egik, iruzurrik bage. Egik alegia eta hiruzpalau egunean, beste lehengo batzuetan legez, urrutiratzen haizena, eta gera hadi hire ganbararen baten "kukuturik", honetarakoxe egoki-egokiak hor dagozen tapiz eta horma-oihalak, eta hire begiez ikusiko duk, eta nik neureez, Kamilak nahi duena; eta nahi hau gaiztoa balitz, uste ez den baina beldur daitekeen gaiztoa, hi heure irainaren borrero, zigortzaile, isil, zorrotz, azkarra izanen hintzateke.

Lotarioren hitzok aditurik, Anselmo sor eta lor, harrituta gelditu zen, ezustean harrapatua denaren antzeko, bere ustea bestelakoa baitzen, hots, Kamila Lotarioren sasi-erasoetan garaile izana zelako ustea zuen, eta gurenda odol bageko honetaz gozatzen hasia zen. Isildu zen, lipar luzetto batez, lurrari begira, bekainik higitzeke, eta gero honela esan zuen:

Hik egin duk, Lotario, nik adixkide haizen hiregandik uste nuen bezalaxe; orotan hire aholkuari narraiok, onuz onu hire atzetik noak: egik nahi duana eta osten ezak isilpean, horren ustebageko arazoren bati dagokion eran.

Lotariok hitz eman zion eta aldendu zen, esandako guztia damutu zitzaion, tentel baten antzera jokatu zuelakoan, eta Kamilari bera aspertu ahal zitzaiolakoan, ez hain ankerkiro ez hain era itsusian. Biraoka hasi zen, berekiko, bere buruari irainka, arinegi ibilte hura gaitzetsiz, eta ez zekien zer egin egindako makurra zuzentzearren, edo irtenbide ontto bat, bederik, irekitze aldera. Azkenik, Kamilari den guztiaren berri emaitea ebatzi zuen; egin ahal izaiteko aukeraren peiturik ez, eta, egun haretan bertan, bakarrik aurkitu zuen, eta harek ere, mintzatzeko aukera zuela ikusiaz, hau esan zion

Jakin ezak, Lotario adixkide, bihotzean min dudala, min etsia, bularrean lehertu beharrez ari zaidana, eta harrigarri zaidak orain arte egin ez izana; Leonela diat min-iturri, hain galdua baitu lotsa, ezen, gauean-gauean, mutil bat etxeratzen duela, bere maitale delako bat, eta goizean argia hasi artean berarekin egoiten duk, nire ohorea zikintzeko zorian dagoelarik, zeren, inork, halako ezordu baten, nire etxetik irteitean ikusiz gero, zer-nahi eta gehiago susmatzeko bide zabala bailuke. Eta ezin zigorka zezakeat, ez ahakarrik ere egin, hauxe diat hauxe: gure arteko zeraz jakitun duk, gure harremanetako "idazkari" duk, lekuko ernea, eta honek hura zakarrak, nik harenaz isildu beharra harek gureaz isilik egon dadin; beldur nauk, beldur, ez ote den hau okerreko bidea.

Haseran Lotario, hau entzunda, susmotan, egia ote ziotson ala bere burua xuritzeko estakururen bat ote zen zalantzan geratu zen, Leonelaren mutila ba ote zen ez ote zen, benetan, Leonelarena ala Kamilarena; baina, negarretan ikusi zuen, larri, minaren sendagarri eske, eta egia sinetsi zion, eta sinetsi eta nahasiagotu zen, oro damu zuelarik. Honela eta guztiz ere, ez larritzeko erantzun zion Kamilari; Leonelarena, hots, lotsagekeria, mozteko berak egin beharrekoa eginen zuela. Anselmori esan zion hura ere jakinarazi zion, espaz beterik amorratua zegoeneko huraxe bereziki, eta ganbaran kukuturik egonen zenaz jakitun ipini zuen, elkar hartuta zegozela eta, bertatik ikusteko, begiz ikusteko, bera bere senarrarekiko oso kirmena ez zela. Honen xede zoro honegatik barka-eske hasi zitzaion, sartuta zegozen galmendi nahaspilatu haretatik irteiteko, bere hitz okerrez eta makurrez erakarritako labirinto haretatik onik eta zuzenik ihes egiteko aholku baten bila.

Izutu zen hagitz Kamila, Lotariok ziotsona entzunik, eta haserre bizian, hitz asko eta zentzuzkoak guztiak eginez, erasian, ahakar egin zion, burura etorri zitzaion zaioagatik atelekatu zuen, gogapen gaiztoa zela eta aurpegira egotziz; baina, emakumezkoak onerako asmo ona bezain gaiztorako ere asmo txarra gerturik ohi duenez, gizonezkoak baino areago beti bere izaitez, eta berariaz zerbait nahi duenean, apur bat galtzen badu ere ohiz, bat-batean ez bada laster baten asmatzen du berriro eta honelaxe Kamilak, orduantxe, harako oker hura nola zuzendu berehala asmatu zuen, eta Lotariori zer egin esan zion. Anselmo esandako ganbara-lekuan ostenduko zen egunean berak, jakinaren gainean egonki, buruan zerabilen xedea agituko zuen, eta handik hara, biok elkarrekin beldur izki batto ere bagerik, goxa-goxatu ahal izanen zuten. Ez zion osorik azaldu bere burutapena nolakoa zen, erne ibilteko baino ez zion esan, Anselmo kukuturik zegoenean, Leonelak dei eginen ziola eta etorteko, eta berak esango zion guztiari nahi bezala erantzun ziezaion, Anselmo entzuten ari ote zenetz ez jakinagatik. Lotariok, arren eta arren, zer egin nahi ote zuen argiro azaltzeko galdatu zion, zein asmo zuen, zelako xedea zen, den-dena jakinaz hobeto egiteko, behar zen bezala erantzuteko.

Ez duk niri erantzutea besterik egin behar – diotso Kamilak, zer nahi duen zehatz-mehatz azaldu nahi ez diolako, berak asmatu duen xede hori ontzat hartuko ez duela eta beldurrez.

Honenbestez, bada, Lotario joan zen. Beste egun batez, Anselmo, bere lagunaren baserrirako txutxuaz, joan zen, eta itzuli ere egin zen,"kukutzera" xa ; egin zuen, bada, lasai-lasai, Kamila eta Leonela begirale.

Anselmo ganbaran altxatua zegoen, bada, erpai itxaroten zegoena esan bage doa, bere ohorearen erraiak bere begiz aztertzeko zorian dagoen edonor egon litekeen era ber-berean; azken baten, bere uste osoko Kamila maitearen ona, tanpez, amildegian behera erroiztuz, eror eta hondatzen ikusiko baitzuen, beharbada. Sartu ziren ganbarara, Kamila eta Leonela, Anselmo bertan baztertua zegoela ondo zekitenak, eta sartutakoan, hasperen handi bat eginda, Kamilak esan zuen:

Ai, Leonela adiskide! Ez al huke hobe, egin nahi dudana egin aurretik, hik jakiterik, ez dinat nahi eragozteko ezer egin ez dezanan, hartuko bahu Anselmoren traketa, esan dinadan aizto hori, eta nire bular donge hau, purtzil hau zeharkatuko bahu? Ez egin, ordea, ez dun zuzena nik bestearen erruaren zigorra jasotzea. Lehenengo eta behin jakin nahi dinat, jakin, zer ikusi ote zuten nigan Lotarioren begi likits-ozarrek, nire asmo txarra erakutsi eragin ziezadan ausardia piztu zion zer, nire izen onaren kalterako eta adiskide duen Anselmoren gaitzerako izan den zer. Jar hadi, Leonela, leiho horretan eta dei egion; kalean zagon eta, noski, bere xede gaiztoa gauzatzeko irrikitan. Baina, nire neure asmo ankerra bezain ohoretsua aurretik jarriko dun.

Ai, ene andere! – Leonela malmutz eta ohartuak darantzuio – Eta, zer egin nahi duzu traketa horrezaz? Zure bizia moztu nahi ote duzu ala Lotariori kendu nahi diozu? Bata edo bestea zure kaltegarri, galduko duzu, bai, izena eta izana. Hobe dukezu zure nahibage latz hori, itxuraz bederen, gordeko bazenu zure barruan; ez utzi gizatxar horri etxe honetara sartzen, hemen bakarrik aurki gaitzan. Begira, andere, emakumezko ahulak gara gu, hura, berriz, gizonezko, zangarra gainera; itsu dator asmo likitsuaz itsutua, zuk zurea egin aurretik harek berea egingo dizu, bizia kentzea baino kaltegarriago izango zaizuna. Madarikatua nire jaun Anselmo, bere etxean bertan holako sasi-bizargin zirrilda horri esku eman dio eta! Eta, zera, andere, hilez gero, hauxe egin nahi duzula eta nago, zer egingo ote dugu, gero, horregaz?

Zer, adiskide – Kamilak erantzun – Hementxe utziko dinagu Anselmok ehortz dezan, azken beltzean, honela bere gerena bera lurperatuko din, bere izen txarra, eta neke hau atseden handitzat hartuko al din. Dei egion, behingoz; ez dinat luzeagotu nahi nire laidoaren mendekua egiteko beta, senarrari zor diodan zintasuna kolokan ez jarteagatik.

Anselmo adi zegoen, Kamilak esan ahala burubide guztiak gora-behera zebilzkion, hara batean hona bestean, baina, Lotario hiltzeko asmoa zuela begitandu zitzaionez, irten eta ageri nahi izan zuen, halakorik egin ez zezan; baina, tak gelditu zen, hainbesteko ekina zertan azkenduko ote zain, zeinbaiterainokoa ote zen, hain erabaki lazgarri bezain zuzen hura, azken-azkenean, eragozteko unean agertzekotan.

Honetan, Kamila zorabiatu zen, ondoezik, hango ohe gainera erori zen, Leonela negarrari emanki, saminez, hasi zen:

Atx, zoritxarreko neu, nire besoen artean hil balekit hementxe, mundu honetako ohorearen lorea dudan hau, emakume zintzoen buruntza dudan hau, garbitasunaren eredu hau...?

Honelakoak eta honelakotsu beste batzuk esaka, inork entzun eta lurbira osoko neska laguntzailerik mintsuena zela irudikatuko zuen, eta bere anderea beste Penelope berri jazarritako baten antzera ikusiko zuen. Laster etorri zen bere onera Kamila eta:

Zergatik ez hoa, Leonela, deitzera, nire adiskidearen adiskiderik kirmenenari, eguzkiaren azpian edota gaueko ilargipean inoiz izan denik zintzoenari? Ea, habil-hoa, azkar, hoa arin, ez dadila hotz nire baitan suturik dagoen sumindura, ez dadila joan zemai eta araoetan burutu nahi dudan mendekua.

Deitzera noa, ene andere – Leonelak diotso – ; emaidazu, baina, lehenik, aizto hori, ni bagerik, ezer egin ez dagizun, gero, maite zaitugun guztiok betiko negarretan urtzeko zioa izan litekeenik.

Hoa ziur, Leonela adiskide, ez dinat ezer eginen; ausarta bezain burubakoa naizela uste dun, antza, baina, nire izen onagatik, ez naun izanen harako Lukrezia hura bezalakoa, alta, okerrik egin ez bazuen ere bere burua hil omen zuena, eta, gainera, bere zorigatzaren erruduna aurretik hilarazi bage. Ni hilko naun, hiltzen banaiz; mendekua egina, ordea, nire errurik ezean sorturiko haren ozarkeriez negar eragin didan hari asper nakion baino lehenago ez.

Arren asko eta asko egin eragin zion Leonelak, Lotario deitzera irten aitzin; baina, azkenik, irten zuen, eta itzuli bitartean, Kamila han geratu zen, bere buruarekin hizketan bezala, zioela:

"Jainkoarren! Ez ote zen hobe izanen Lotario bidali izan banu, beste anitzetan egin bezala, honen egoera nahasi honetan, ni lizun eta gaiztotzat hartzen nauen honetan, jarrarazi baino? Begiak ireki eta ametsak kenarazten dizkiodan artean, behinik behin, bai, hobe izanen zen; baina, ez ni ez nire senarraren ohorea mendekuz xahuturik geratuko, eta hura, berriz, gogo gaiztoak erakarri zuen honetatik eskuak garbi eta oinak arin jalgiko zen. Ordain dezala saltzaileak bere biziaz, asmo likitsez nahi izan zuena: jakin beza munduak -inoiz jakinen balu- Kamilak, bere senarrari beti atxekia izaiteaz gain, iraindu nahi zuen hari gaitz eta kalte baino ez ziola egin. Honela ere, honetaz guzti honetaz Anselmori berri emaitea hobe litzateke; baserrira igorri nion gutunean berri-izpi bat eman nion, eta gaitza sendatzera itzuli ez bazen, nik uste, sinetsi ez zidalako izan zen, bere zintzoan zintzo hutsa denez, ezin sinetsi, inondik inora, bere adiskiderik minenak halakorik egin ziezaiokeenik, hain bere deduaren kaltegarri burutara etorriko zitzaionik sinetsi ere ez berak. Nik neronek ere ez nuen sinetsi, hainbat egunez geroztik, ez sinetsiko ere inoiz, "sekula", urliaren ozarkeria hainbesteraino iritsi izan ez balitz, geroagoko opari eta hitz goxo luzeak, eta negarrak eta zer guztiak hain ageri-agerikoak izanki. Alabaina, zertan ari naiz ni hitz eta pitz? Behar dua, otean, erabaki zorrotz honek, neure honek, aholkurik? Ez, hurbiltzekorik ere. Utikan, bada, saltzaileak; hona, mendekuak: sar bedi hitzustel hori, betor, hurbil bekit, hil biz eta kito; gerta dadina gerta dadila! Garbi-garbia nintzaion etorri zeruak niretzat eman zidan hainari, garbi joanen naiz hainagandik; nire odol garbiaz lohi, agian, eta munduan inoiz izan den adiskiderik aizun eta lizunenaren odol zikinaz kutsatua joanen naiz ".

Hau zioen bitartean, ganbaran hara eta hona zebilen, traketa eskuan, arramuskak eginez batean, eskuz imintzioka bestean, furfuriatsu bezala, burutik egina dagoenaren antz-antzera, emakume leuna ez baina matxar etsituetarik bailitzan.

Anselmo begira-begira zegoen, tapiz batzuen ostetik, harri eta zur, entzundakoak entzunda askietsita, susmo gehiagoren beharrik ez eta Lotario lehen bai lehen heltzea nahi zuelarik, ezer txarrik gerta ez gerta, ikaran. Agertzear zegoen, irteiteko gogoak jota, bere emaztea besarka eta okerretik zuzendu nahiz, baina, orduantxe, tak! gelditu zen, Leonela Lotariorekin eskutik helduta zetorrela ikusi baitzuen; Kamilak ikusi orduko, aiztoaz zoruan bere aitzinean marra bat egin zuen eta esan zion:

Lotario, entzun, zer diotzudan; marra hau zeharkatzera ausartako bazina, are hurreratu baino ez, hasi orduko ikusi eta eskuetan dadukadan traketa honezaz dzarrast! nire bularra aldez alde zeharkatuko nuke. Eta ezer erantzun baino lehen, beste hau entzun behar didazu, oraintxe, gero nahi duzuna erantzunen didazu. Lehendabizi, Lotario, nahi dut zuk esatea ea Anselmo nire senarra ezaguna duzun, eta zer daritzozu berari; bigarrenik, ni neu ezagun ote nauzun jakin nahi dut. Erantzuidazu, ez zaitez nahas, ez asko pentsatu zer erantzun, ez duzu galdera zaila eta.

Lotario jakinaren gainean zegoen, Kamilak senarra ezkutarazteko esan zionetik bazekien zelako asmoa zuen, hor nonbait, eta, halatan, alegiaz ari zen, maltxur-maltxur, bien artean gezurrezko hari egiaren antz osoa eman nahiz; beraz, honela erantzun zion Kamilari:

Ez nuen uste asko izanen, Kamila eder, holako zeraz galdetzeko deituko zenidanik, ni honatzean dakardan asmotik hain urrun dagozen zer horietaz, batik bat. Hitz eman zenidan, ez behin bai birritan, eta mesedea berantzeko egiten baduzu, urrunagotik izan baduzu egitea, zeren, zeinbat eta hurbilago nagoen hainbat eta biziago baitut erdiesteko itxaropena, eta honek nakar hona neke-neke. Baina, erantzunen dizut, bai, nahi ez dudala esan ez dezazun, eta baietz diotzut, Anselmo zure senarra ezagun dudala, biok ttiki-ttikitatik elkarren ezagunak gara; zuk badakizu adiskide garena eta ez dut honetaz gehiago esan nahi; maitasunagatik egindako irainaren lekuko ez dut izan nahi, adiskidantza, izan ere, makurrik handienen aitzakia izan izaiten da eta. Zu ezagutzen zaitut, eta zaitut, harek zaituen hein berean; honela ez izaiteko, zu baino gutiagoko ezergatik ere ez nuke nik joko ni naizenaren aurka, eta adiskideen arteko lege zuzen eta santuen aurka, nik hautsi, eta behartu, ditudan legeak hauek, maitasuna bezalako etsai ozar baten erruagatik, hautsi ere.

Hori aitortzen baduzu – diotso Kamilak – , maitagarri den guztiaren etsai hilgarri horrek, nolatan duzu agertzeko kopeta, zuk iraindu duzun harek eredu maitetzat duen honen aurrean? zuk hura eredu hartu behar baitzenuke ikus dezazun zein guttigatik irain handia egiten diozun. Ai, bai, badakit, atx ondikozko ni! konturatu naiz, bai, zu ohartu ez bazara ere, nire nolabaiteko lasaikeriaren bat izango zela, nonbait, zu erorarazi zaituena, gordinkeria ez dut esan nahi, nahita nire izaeratik sortua izanen ez baitzen, aitzitik, emakumezkook, inoiz edo behin, usterik guttienean, lotsa erakutsi beharrik, ustez, ez dioten inoren aitzinean egin ahal duten hutsune batean sortua baizik. Bestela, esaidazu, oi etoi horrek! noiz erantzun ote nion nik zure otoiren bati, asmo gaizto horiek betetzeko itxaropen zantzu ttiki bat hartu ahal zenezan? Noiz ez ziren izan zure maite-hitzak guztiz hautsi eta etenak, zorrozkiro atelekatuak, lazki triskatu eta suntsituak, nire hitz herratsuez? Noiz sinetsi ote nituen, bada, nik, noiz onartu, zure agintza asko eta asko, zure opari handiak? Honela eta guztiz ere, badut uste ez dela inor luzaroan maite-eskaintzak egiten luzatzen, ohiz, itxaropen izpiren batto ez badu, noski, eta honegatik, neurea dut, zalantzarik ez, neurea, zure ekinaren errua, zeren, nola edo hala, nire axolabagekeriaren bat izan ote den bainago zure grina luzaz pizturik ukan duena; honetaz, zure erruagatik neure burua zigortu beharrean nago. Eta nire neure buruarekin honen bihozkea banaiz, ankerra erabat, zurekin ez naiz gutiago izanen, eta hauxe ikus dezazun erakarri zaitut hona, nire senarraren ohoreari egin iraina ordaintzeko egin behar dudan sakrifizioa ikus dezazun, xa; nire senar zintzoaren alde neure buruari uko egin behar batiot. Zuk iraindu duzulako, zuk ahal izan duzun uzi gartsuenaz izena belztu diozu, eta nik ere bai, erortzetik ihes egiten ardura handirik ez izaiteagatik, eta, batez ere, zure asmo lizunei putzak eman nizkielako. Berriro diot, mingarri dut eta, nire hutsune baten susmoa dudala buruan, bai, zure asmo makurren sorburu izan zitekeelakoan, eta horixe nahi dut zigortu, zehatu zorrozki, nire neure eskuez larderiatu nahi dut; izan ere, beste zigortzaileren batek eginen balu nire errua ageriago izanen litzateke. Hau egin baino lehenago, ordea, hilez hil nahi dut, nirekin batera nire mendeku-gosea aseko didana eroan nahi dut, nora-nahi joan ere, zuzentzaren zigor zuzena, inoren aitzinean makurtzen ez dena, justizia hots, beti ikusgai ukan dezadan.

Honakoxe berriketa honen atzenean, Lotariori eraso zion, traketa eskuan, azkar asko, bularrean josi nahi bezala, eta hain mutiri jo zuenez, Lotario, kordokatua, benetan ari ote zen ala ez igarri ezinean, nola-hala, bazterreratu beharrean izan zen, Kamilak ez joiteko, bere burua jagon beharrez, zuen indar eta eskuaire guztiaz. Itxurakeria baino ez zen, harrigarrizkoa, baina bizi-bizia hala ere, eta egiaren antz handiago emaitearren, bere odolaz margotu nahi izan zuen; eta Lotario hartu ezinik edo ezin zuelakoa eginik, esan zuen:

Nire gurari zuzena ase nahi ez badu, guztiz, zoriak, ez dut uste, erdizka bada ere, nik nahi dudana ez erdiesteko behar beste indarrik dukeenik.

Kendu zion eskua Lotariori, traketa askatu zuen honek, atxekia baitzuen, eta dzast! sartu zuen, sorbatzaz beste aldetik, zauririk ez egiteko eran, eta ezkerreko lepauztai gainean, sorbalda ondoan, ezkutatu zuen; eta gero, zorabioak jorik antzo, lurrera jausten utzi zuen bere burua.

Harri eta zur, Leonelarekin Lotario, egia bai ote ez ote zalantzan, gertaera hura guztia ikusi eta konkorrik zegozen, Kamila lur joa, odola zeriola, zer egin ezin jakinki. Heldu zitzaion Lotario berehala, izuturik asnasestuka, traketa ateratzera, eta zauri ttikia ikusi zuenean, beldurra "arinddu" zitzaion, Kamila ederraren "maltxurkeriaz" ohartu baitzen, tanpez, xuhurtasuna hauteman, ñaka igarri. Berak jokoa edo jukutria aitzina eman eta, Kamilaren gorputzaren gainean, erosta luze-goibelak egiten hasi zen, hilik balego bezala, bere buruari araoka, eta halako egoera haretan jarri zuen haren aurka ere bai. Bazekien Anselmo adi zegoela, eta hau esaka hori esaka bere buruaren alde ari zen, Kamilaren alde baino areago, nahiz eta hau hilik egon, bere burua errukarriago agertu guraz. Leonelak besoetan hartu zuen, ohean ipini, eta Lotariori joaiteko agindu zion, arren, Kamila, isilpean, sendatzeko norbaiten bila; aholku-eske hasi zitzaion, Anselmori zer esanen edo, zauritua sendatu baino lehen agertuko balitz ere. Ez zion, ordea, Lotariok aholkurik eman nahi izan, eta, nahi zutena esateko; odola biltzeko baino ez zion agindu, bera bazihoala eta inork ez ikusteko lekuren batera alde eginen zuela esan zion. Halaxe, min-itxura handiak eginaz, alegia eta etsiturik oso, etxerean irten zuen; irten eta bakarrik, inoren begipetik urrunxko zegoenean, gurutzeak egin eta egin hasi zen, inola ere sinetsi ezin zuen mamortua baitzen, liluratua Kamilaren asma-antze, iribio lasai hura ikusirik. Leonelaren igurdizia ere halakoxea. Harez geroztik, Anselmo jakinaren gainean egonen zela uste zuen, eta emaztetzat bigarren Porzia zuela jakinen zuen, noski. Ikusi nahi zuen, aurki, elkarrekin ospatzeko, inoiz irudi zitekeen gezur eta egiarik malmutzena.

Leonelak, esan bezala, odola kendu zion, iruzurra itxuratzeko baino ez zen, eta zauria ardo xorta batez ikuzi zuen, lotu zuen ahalik txukunen, eta sendaketa honetan ari zeino hainbat zer eta zera esan zuen, ezen, Anselmok, aurreko guztiak entzun ez balitu ere, oraingo hauek entzunaz, emaztea garbitasunaren erreginatzat hartuko zuelarik. Leonelarekin batera Kamila ere mintzo zen, bere buruari beldurti- txepel-ka erasoz, bizia moztu behar zuen unean huts egin ziola eta ziotsola. Aholkua galdatzen zion neskameari, gertatutako guztiaren berri emanen ez emanen bere senar maiteari; honek ez esateko aholkatu zuen, Lotariori apentzearren zerbait txar egiteko beharkizuna gogoratuko zitzaiola eta, hots, arriskua arriskuaren gainean, eta, bestalde, emazte zintzoak ez zuela inoiz biderik eman behar bere senarrak liskarretan sartzeko, oso bestela baizik, ahalik eta gehienetan oztopo ipini. Ontzat eman zion aholkua, eta hala eginen zuela esan; baina, Anselmori zer esan hausnartu beharra zegoela, azken baten, zauria ikusiko zuen eta. Leonelak, bai, baina berak, txantxetan ere gezurrik esaten ez zekiela esan zion.

Ba, nik, ahizpa – diotso Kamilak atzera – zer ote dakit, gezur bat asmatzera ausartzen ez banaiz, bizia galtzeko zorian egonik ere? Hara, zer honi amaiera onik emaiten jakin ezean, hobe dikenagu egia hutsa esatea, gezurretan harrapa ez gaitzan.

Ez euzu damurik, andere: honik biharrera, zer esanik bururatuko zait, eta dagoen lekuan dagoelako, zauria ostendu ahal duzu, harek ikusi aurretik; zeruak lagunduko digu gure gogapen zuzen eta onberak aurrera ateratzen. Lasai zaitez, ene andere, egon patxadaz, nire jaunak aurki ez zaitzan horren larri, beste guztia utzi nire esku, eta Jaungoikoaren esku, beti asmo onen alde heltzen baita.

Anselmo erne baino erneago egon zen, dena belarri, bere ohorearen heriotzaren izu-antzerki hura entzun-ikusten; arizaleek hain egokiro irudikatu zutenez, harrigarriki antzeztu zutenez, itxurazko egia benetan egiazkoa zela irudiarazi zuten, eurak berak egiaz antzaldaturik. Gaua noiz iritsiko irrikitan zegoen, etxetik ateratzeko eretia heldu bezain laster Lotario bere adiskide zintzoa ikustera joaitearrean, honekin bat elkarri atseginak erakutsi nahiz, azken baten, bere emazte etsituarengan ontasunaren bitxi baliotsua aurkitu zuelako uste osoak jota zegoen. Emakume biek kontu handiz "xabaldu" zioten, poliki atera zedineko "xirrikituren" bat, eta bera, baratz-baratz, itzalgaizka bezala, jalgi zen handik eta Lotarioganantz ibilasi zen. Ediren zuen, eta ez da hitzez erraz esatekoa zein harrera adeitsua egin zion eta zeinbat besarkada egin zioten elkarri, eta zelako poz-gaiak adiarazi zizkion, zein gora handiak emaiten zizkion Kamilari. Lotario hauek eta besteak entzun zituen arren ez zen pozez ageri, aurpegiak ez zion irri izpirik xumeena erakutsi, bere gogoaren barruan ondo bai baitzekien zein oker zegoen, zein adar ederra sartua zuen bere bihotz ondoan, eta bera zela adiskide hari egindako irainaren erruduna.Lotario poztu ez, illun bezain bihotzil zegoen, eta Anselmo ohartu zen, eta ohartu bazen, Kamila zauriturik utzi zuelako zela uste izan zuen, bere adiskide haren betiluna, bere burua errunduntzat hartuta zegoelako, nonbait, zegoen beltzuri, oso goibel. Halatan, bada, hitzez hitz hasi ziren, eta halako baten, Lotariok esan bazion esan zion, hara, besteak beste, Kamilaren gertaeragatik ardurarik ez izaiteko, are tamalik guttiago, zeren eta, zera, zauria, ziur egoiteko, arina baitzen arina; zera, bada, aurretiaz itunduta baitzegozen Kamila eta biak, itxurak eginaz, berari egiaz beste egitearren estaltzeko; Anselmori esan zion eta ez beldurtzeko, haregatik, eta, aurrerantzean, pozik eta gozorik egoiteko. Goretsi zion harek asmatutako trikimaina, igurdizi haren bitartez, zoriontasunik gorenera igoa zelako, eta beste eginkizunik batere ez hartzeko onua egin zion, harik aitzina, Kamilari gorazarrezko bertsoen osatzea baizik, mendez mende betiko oroimenean bizi dadintzat. Lagunduko ziola gehitu zion Lotariok, hain eraikin distiratsua goititzen, haren azarritasun ona goraki aipatu ondorean.

Honenbestez, Anselmo lurbira guztian inoiz izan den gizonik goxoki atzipetuena geratu zen: berak, bere eskutik oratu eta etxera zeroan, bere aintzarako tresna zelakoan, bere izen eta izan onaren beltzitzailea, ospearen erailea. Kamilak harrera egin zion, ez begi argirik ordea, irrikaitz izki bat begitartean. Gezurrak egun batzuetan iraun zuen, il guti batzuen buruan Asturuak bere gurpila irauli zuen arte, eta, orduan, ageri-agerira jalgi zen, plazatik mundura, mundutik mundu guztira, hara artean hain estarian egon izan zen asmakuntza gaizto haren albistea. Azkenik, Anselmok bere biziaz ordaindu zuen bere jakingose ertzoa.