On Kixote Mantxako

35. atala

On Kixotek zahagi ardo beltz batzuekin egin zuen borroka suhar eta ikaragarria azaltzen denean, eta Jakingale Ertzoaren Eleberria amaitzen denekoa.

Eleberria irakurten amaitzeko bidean zihoala, horra non agertzen den Santxo Pantza, On Kixote atseden hartzen zegoen ganbaratik irtenda, zalaparta osoan, oihuka esaten:

Hel, jaunok, sarri, eta lagun egiozue ene jaunari, hor dihardu borrokan eta, nire begiek inoiz ikusi duten borrokarik latzen eta sendorrenean. Alajainkoa!, Mikomikona andere printzesaren etsai erraldoiari ez dio, bada, aiztokada bat izugarria eman, burua zeharo ebaki diona, arbia balitz bezala!

Zer diok, anaia? – esan zion Apaizak, eleberria irakurtzeari utzita – Ondo hago, Santxo? Nolatan, arraio, izan ote daiteke dioan hori, erraldoia hemendik bi mila legoatara badago?

Une honetan, zirri-parra handia, zarata ikaragarria, etorri zitzaien sabaitik, eta On Kixote oihuka entzun zuten:

Zagoz, lapur, galuts, aketotzar, alpergorotz hori; zure ezpatoker hori ez duzu ezertarako eta!

Aiztoka ari zelako sastadaren batzuk entzungarri ziren, hormetan zehar, eta, dzist-dzast!, hor Santxok:

Ez geldi hor aditzen, etorri borroka etetera, edo nire nagusiari laguntzera; behar ere ez du, baina, honez gero, erraldoia hilik baitago, noski, "bixtan da", Jainkoaren aitzina joana da bere bizitza gaiztoaren berri emaitera; odola lurrean neronek ikusia da, buru moztua ere ikusi dut, bazter batean eroria, ardo zahagi handi baten adinakoa dena.

Hilko al naute, arranopola – esan zuen txiriboginak orduan – On Kixote edo On Txerren horrek jo ez badu , zarrastada batez, hor sabaian ardoz beterik dagozan zahagietako bat, eta gixon honek dioen odola isuritako ardoa ez al da.

Igo zen ganbara haretara, beste guztiak atzetik, eta, hantxe, On Kixote inoizko janzkerarik bitxiendun. Atorra hutsean zegoen, izterrak osoki estaltzeko bezainbestekoa ez aurrealdetik, eta gibelaldean sei bat xeme laburragoa; zangoak txit luze eta meheak, xoil iletsuak eta ez garbiak batere; buruan kapelaño gorrixta koipezto bat zedukan, ostatuko gizonarena; ezkerreko besoan, kiribildua, oheko burusia, Santxok hain amorragarri zuena, berak bazekien ondo zergatik, eta eskuinean ezpata, hara eta hona, dzist-dzast, joka eta joka zerabilena, benetan erraldoiren batekin borrokan ari balitz bezalako hitzak eta pitzak ahoskatzen zituelarik. Eta, onena hauxe, hots, begiak itxita zebilela, loak hartua baitzegoen eta halako erraldoiren batekin borrokan ziharduelako amets egiten ari zen; burutu behar zuen jazoera haretan hain zuen handia, sutsua, irudimena, ezen, Mikomikongo erresumara iritsia zela amets egin zuela, eta bere arerio haren aurrean, bekoz beko, ziharduela gatazkan; erraldoia zirelako ustean zahagiak hartu zituen etsaitzat eta hainbat zarrastada egin ziela eta ganbara osoa ardoz beterik zegoen. Ikusi zuen, bada, txiriboginak, hartu zuen suak, sumindu zen oso, goitik-behera, eta oldartu zitzaion On Kixoteri, heriosuhar, erasoka, dzirt-dzart, ukabilka ekin zitzaion, eta Kardeniok eta Apaizak handik edeki ez balute, erauzi ez balute, hantxe bertan berak amaituko zukeen erraldoiaren gudu hura; honela eta guztiz ere, zaldun gaixoa ez esnatu, Bizarginak bertz handi bete ur hotz patinetik ekarri eta soin osoaren gainera, plast! autiki zion arte. Esnatu zen On Kixote, ez, hala ere, guztiz atzarri, nola zegoen, eta nolatan, "aturatu" ezinik, ordea. Doroteak, hain argal eta "txabur" jantzita ikusi zuenetik ez zuen borroka ikustera sartu nahi izan.

Han zebilen Santxo, lurrean han-hor-hemenka, erraldoiaren burua bilatzen, eta kausitu ezinean, esan zuen:

Etxe honetako guztia sorginkeria baizik ez da, nik badakit; lehengo haretan, hemen berean, orain nagoen etxe honetantxe, hainbat ukabilkada, muturreko eta zartako, hartua nago ni, nork emaiten zizkidan jakin ez eta inor ikusi ezin izan nuelarik; eta, orain, ez da inon ageri buru hori, nire neronen begi bi hauezaz nola moztu duen ikusitakoa, odola ere isurtzen ikusi dut, soinetik iturritik bezala zurrustaka dariola erion.

Zer odol eta zer iturri eta iturriondo diok hik, Jaungoikoaren eta bere santu guztien etsai horrek? – erauntsi zion txiriboginak – Ez dakusak, lapur horrek, odola eta iturria horko zahagi zulatu horiek besterik ez dela, eta ganbara osoan, itsaso baten antzo, zabaldua dagoen ardo beltza hik dioan odola? Inpernuko su-itsasoan egongo al duk, betiko itolarrian, horiek zarratatu dituena!

Nik ez dakit ezer – erantzunez Santxok – hau besterik ez dakit : zoritxarrekoa naizela biziki, buru hori ediren ezean, nire konderria suntsitua baita, gatza uretan bezala.

Bere nagusiak egin izan zizkion opetsiek halakatua zuten Santxo, hara, txartoago zegoen hau esna bere nagusia lo baino. Txiribogina, ezkutari haren patxada ikusiaz, gibelandi ha ikusiaz, erreta zegoen, eta are erreago nagusiak egin kaltea ikusiaz; zainak airean, zin eta zin ari zen ez zela hau oraingo hau lehengo hura bezalako izanen, ordaindu aurrez joan baitziren, eta orain ez, zioen, ez zaldun izaiteak ez ezerk , batak zein besteak ordaindu bagerik deusik uzteko aitzakiarik ez duela ukanen, zahagi urratuak konpontzeko txatalak eta guzti ordaindu beharko dituela horrek.

Apaizak On Kixote eskutik heldua zuen, beronek, jazoera amaitutzat hartuta, Mikomikona printzesaren aitzinean zegoela iruditu zitzaion eta, Apaizaren aurrean belaunikaturik, esan zuen:

Gaurgero, andere ospe handiko goren hori, beldur-peiturik bizi daiteke, horrek piztiatzar gaizkile horrek kalte gehiagorik eginen ez diolako ziurtasun osoz; eta ni nerau ere, gaurkiz, eman nion hitza beterik kito nago, izan ere, Goiko Jaunaren laguntzaz, eta nire bizi eta arnasaren jabe den ene anderea gogoan, nire hitza ondo baino hobeto betea izan da.

Ez nuen, bada, nik esan? – esan zuen hori entzunda Santxok – Bai, ez nengoen ni hordi: hots, hara, nire nagusiak gatzetan daduka, honez gero, erraldoia! Jai-jai-jai-jai, nire konderria gertu dago!

Nork ez zuen barrerik eginen hango bien, nagusi-ezkutarien zentzubagekeriak entzutean? Han ziren guztiak barrez, txiribogina izan ezik, Txerrenek piztua baitzegoen, su eta gar zeriola; baina, azkenean, Bizarginak, Kardeniok eta Apaizak, eginaren eginez, lan-neke bagerik ez ostera, On Kixote ohe gaineratu zuten, eta loak hartu zuen harzara, nekez unatua zegoelako zantzuak agerian. Lotan utzi zuten, eta ostatu etxeko atarira jalgi ziren, Santxo Pantzari pozkari pixka bat emaitera, erraldoiaren burua idoro ezin eta kopetilun baitzegoen; baina, txiribogina lasaitzen nahiko lan, ez zegoen jabalarazteko erraz, bere zahagien heriotza bat-batekoagatik zeharo etsipenak joa zegoen eta. Ostatuko etxandereak, bestalde, dena oihu eta garrasi, zioen

Ordu txarrean sartu zen geurera zaldun ibiltari hori, aladzipo! nire begiek egundaino ikusi ez balute hobe, garesti gertatu zait eta, garesti. Aurreko baten, zaldun ibiltaria zela eta, gau bateko ordaina emaiteke joan zen, abaria, ohea, galtzua edo lastoa garagarrarekin, beretzat eta bere ezkutariarentzat, asto eta zaldiarentzat, dena zor -Jaungoikoak bidal diezaiola zoririk txarrena horrixe, eta munduan diren arriskuzale guztiei ere berdin-; zalduna zela eta, ez zigun, bada, esan, ez zuela ezer ordaindu beharrik, zalduntza ibiltariaren arauetan idatzita omen zegoela eta; aspaldi ez dela, haren izenean edo, honako jaun hau etorri zen eta nire isatsa eraman zidan, itzuli dit, bai, baina, soildua osorik, apurtuta, nire senarrak nahi duenerako ez dela berreman dit; eta, atzenean, hau, hondarra, nire zahagiak zarratatu eta nire ardoa isuri, honatx! horren odola ikusi ainu nik lurrean zabaldua! Bada, ez, ez dezala pentsa; nire aitaren hezurrakatik eta nire amaren gizaldiagatik, banan-banan, txanponez txanpoz, ordaindu beharko didate, edo, bestela, ez nuke nik neure izena, eta ez nintzateke ni naizenaren alaba!

Haserre gorritan ari zen txiribogako anderea hauek eta antzekoak ozenki esaka, eta laguntzaile Maritornes neskamea ondoan zuen. Alaba ixilik, eta pitean behin irribarre egiten zuen. Apaizak dena eztitu zuen, emekiro, galeraren ordaina, ahalik ongien, aseko zuela hitz emanez, bai zahagien bai ardoaren galera, eta, batez ere, isatsarena, berau oso gomutan zutelako. Doroteak Santxo Pantza alaitu zuen, esanaz, beraren nagusiak erraldoiari lepoa egin ziola egiaztatu orduko, bere erreterrian bake osoan egon ondorean, bertako konderririk hoberenaz jabearaziko zuela; hitz eman zion. Santxo honenbestez poztu zen, pizkortu ere pittin bat, eta Printzesari baietz eta baietz, berak erraldoiaren burua ikusi zuela, eta, are gehiago esatearren, gerrirainoko bizarra zuela; eta agertzen ez bazen, etxe haretako guztia sorginduta zegoelako zela, berak, lehengo baten ostatu hartuta zegoenean, pairatua baitzuen beregain.Doroteak baietz erantzun zion, sinetsi egiten ziola, eta tamalik ez izaiteko; dena ongi eginen zela eta dena nahierara gertatuko zela. Lasaitu ziren, haren baten, guztiak, eta Apaizak eleberria irakurten bukatu nahi izan zuen, irakurkizun guti zuela ikusita. Kardeniok, Doroteak eta besteek orok, bukatzeko otoi egin zioten. Hasi zen, bada, ororen nahiari atsegin emanez, bera ere irakurri guraz, eta edaspenari jarraitu zitzaion, honela:

"Halatan bada, Anselmo pozez eta ardura bage bizi zen, Kamilaren ontasunaz zeharo gogobeterik; eta honek, berriz, beren-beregi, Lotariori begirada hotza egiten zion, bere benetako gogoaz bestelakoa eman nahi baitzion Anselmori aditzera; eta, honexen harira, Lotariok etxera ez etorteko baimena galdatu zion, sumatua bai baitzuen, ziotsonez, bera etorteaz Kamila ez zela batere pozten; Anselmo, ziria ateratu ez eta, ezetz esan zion, inola ere ez egiteko, etorri eta etorteko, nahi hainbatetan; honela, Anselmo bera bere ohorearen kalterako bidea zabaltzen zen ari, inondik inora, bere gogara egiten zuelako usteaz. Bestalde, Leonela bere gogoz ari zen, ari eta ari, ezeri ez inori begiratzeke ordea, eta gero eta gero nasaikiago bere maitaroan, etxeko andere nagusiak dena estaliko ziolakoa baitzuen buruan, eta nola egin behar zuen ere jakinarazten zion. Behin, halako gau batez, Anselmok Leonelaren logelan oinkadak aditu zituen, eta sartu nahi izan zuen, nor zen ikustearren, baina, orduan, atea itxi ziotela ohartu zen; irekitzeko irrika areagotu zitzaion, eta indarka, ireki zuen, eta barruratu zen, eta leihotik kalera jauzi egitean gizonezkoren bat ikusi uste zuen, eta berehala harrapatzera egin zuen, edo ezagutu bederen nahi, garaiz ez zen heldu, ez bata ez bestea egiteko, Leonelak, besoak zabalik, lotu eta gelditu zuelako, besarteratuaz batera hau ziotsola

Lasai bedi, ene jauna, ez bedi asalda, ez berraio hemendik jauzi egin duenari: nire zera da, neurea hots, nire senarra da eta.

Sinetsi nahi ez Anselmok; suminduraz itsutua, traketa atera zuen eta Leonela zauritu nahi izan zuen, egia esateko aginduka zihardukion bitartean; osterantzean, hil eginen zuela ziotson. Emakumeak, beldurragatik, zer esan ez jakin, eta esan zion:

Ez nagi hil, jauna, nik jakinaraziko diot, berorrek uste, berorrek iruditu baino garrantzitsuagoko zerarik asko esanen diot.

Esan, bada, oraintxe – Anselmok diotso – ; bestela, hilik hago.

Ezin dut, ordea, oraintxe – Leonelak atzera – , nahasita nago tint, utzi, arren, bihar arte, jakingo du, bai, ene ahotik beretik, lilura eragingo dion zerbait, harrituko zaio, eta bego lasai, ziur egon daiteke leiho horretarean beherako jauzkaria hiri honetako mutila dela, nire senarra izan nahitua dena.

Lasaitu zen Anselmo, honenbestekoak mordoilo eginda buruan, eta igurikiko zuela, ez esan baina, ulertarazi zion, entzun ere, ez zuen entzun nahi Kamilaren kalteko ezer ere, honen ontasunaz ase eta bete baitzen, ezpairik ez zuen; eta, logelatik irtenda, Leonela itxita utzi zuen, handik ez zela ateratuko esan behar zion guztia esan arte.

Gero Kamila ikustera joan zen, eta neskamearekin gertatu hura guztia esan zion, asko eta garrantzi handiko zer batzuk esanen zizkionaz ere jakitun ipini zuen. Kamila kezkatu ote zen, edo larritu, ez dago esan beharrik; hagitz beldurrak hartua geratu zen, uste baitzuen, eta uste izaitekoa zen noski, Leonelak Anselmori esanen zion guztia bere gora-beherez zekien guztia zela; eta honegatik ez zen gelditu, egonarrian, susmo hau okerra ala zuztar onetik sortua ote zen jakin artean; gau haretantxe, Anselmok lo zegoela zirudienean, bitxiak batu zituen, onenak, diru batzuk ere bai, eta, itzalgaizka, inork aditu ez zuela, etxetik harantz ibilten hasi zen, Lotariorenera. Gertatzen ari zenaren berri eman zion eta, babespean jarrarazteko eskatu zitzaion, edo biak elkarrekin ihes eta Anselmorengandik at, arriskurik ez zegokeen lekuren batera joaiteko. Lotario erabat nahasita geratu zen Kamilaren hitzok entzun orduko, zer erantzun ez zekiela gelditua, zer egin ere are jakin ezago. Azkenean, Kamila monasterio batera eramaitea otu zitzaion, han arreba bat lekaime-buru zuen eta bertara. Kamilak ontzat eman zion, eta, behar bezain laster, Lotariok eraman, lekaimetxean utzi zuen, eta bera ere hiritik bazterreratu zen, inori ezer esan bage.

Eguna argitzean, Anselmok, Kamila bere ondoan ez zegoela ohartzeke, Leonelak zer esanen ote eta jakingose okitua, jaiki eta, oroituki, berau itxirik utzi zuen gelara jo zuen. Ireki eta barrura sartu zen, baina logelan ez zegoen; leihoan lotuta maindire edo izara batzuk kanpo aldean dilindan, Leonela bertatik zintzil jaitsi eta itzuri zelako zantzu eta ezagugarri nabarmenak. Ilundu zen ilundu, eta Kamilari esatera bihurtu zen, eta, ohean ez etxe osoan idoro ez zuelako txunditu zen. Etxeko morroeei galdezka, eta inork ez zekien ezer. Ibili eta ibili, beti Kamilaren bila, eta bere kutxak zabalik aurkitu zituen, asko bitxi handik harturik zegoela ikusi zuen, eta honexek bere ondikoa erakarri zion gogora, eta, azkenik, bere gaitza zekarkion zoria Leonela ez zela ateman zuen. Zegoen bezala, beraz, janzke, goibel eta gogoetatsu, Lotario bere adiskideagana jo zuen albistea eramaitera. Ez zuen ediren, morroeek' gauean etxetik alde egina zela esan zioten, eta zeduzkan diru guztiak berarekin eramanak zituela jakin eragin zioten, eta hau entzunda sena galdu behar zuela pentsatu zuen. Amaitzeko, etxeratu zen atzera eta ez zuen inor bertan aurkitu; ez morroe ez neskame, etxea huts eta bakar.

Oldozkeran, zer esan, zer egin, senak zer eman, ez zekiela, bere onera joan-jinean zegoen, zentzua osotoro etorri zitzaion bitarte luzean. Bere buruari begira zegoen, pitean emazte bage pitean adiskide bage, begiratu eta hutsik ikusten zuen, otseinik ere bage, bakarrik, ortziaren azpian zurtz, eta, guztiz ere, ohore bageturik, Kamila joana zenez gero galdua zuen bere burua. Luzaro egon eta atzenean, bere lagunaren baserrira joaitea erabaki zuen, azpikeria hura guztia, zera, trikimaina hura alegia, bilbatzen zenean egon izaiten zen tokira, hain zuzen. Itxi zituen etxeko ateak oro, igo zen zaldi gainera, eta, arnasestuka, bidean aitzina hasi zen; erdia ez zuen egina eta gogaierak bakerik emaiten ez ziolako, zalditik jaitsi behartua izan zen, eta zuhaitz batean lotu zuenaz gero bertan eseri zen, ondoaren oinean; hasperen amoltsu mingarriak aireratzen, han ilunabarrera arte egon zen. Orduan, hirirean zaldiz zetorren gizonezko bat ikusi zuen, agur egin zion, eta Florentzian zer berri galdetu zion. Gizonak erantzun:

Bertan inoiz entzun direnetarik harrigarrienak; zurrumurruak dionez, Lotario, San Juanen bizi zen Anselmo aberats haren adiskide handia zena, bart Kamilarekin batera itzuri ei da, hau Anselmoren emaztea da eta berau ere ez ei da inon ageri. Hau guzti hau Kamilaren neskameren batek esan ei du, nork esan eta, bart Anselmoren etxetik leihorean beheti izara batez dingilizka jaisten Endoreak harrapatu zuenak berak esan du. Benetan, ez dakit zehazto zelan gertatu zen hori jazoera hori, badakit, ondo jakin gainera, hiri guztia harri eta zur dagoena, ezin halakorik uste ezelan ere, biak esandako biak adiskide min handiak zirela eta. Hain handiak zirelako adiskide biak esaten ei zieten, ezizenez edo laso.

Ba al daki inork – Anselmok – Kamilarekin Lotariok hartu duen bidea?

Ez, ez dirudi – erantzun dio etorberriak – Endoreak, hatzetik ibili eta ibili, izapide asko erabilita ere.

Zoaz Jaungoikoarekin, jauna – diotso Anselmok.

Bai, zagoz beti Beragaz – darantzuio hiritarrak, eta badoa.

Berri txarrak han-hor-hemenka, eta Anselmo burua ez ezik bizia bera ere galtzeko zorian zegoen, abantzu. Jaiki zen, inki-minki, eta lagunaren etxera iritsi zen, ezer gaiztoz jakinaren gainean ez zegoena; baina, zurbil ikusi zuen, hurreratu ahala iharrrago, erkinago iruditzen zitzaion, eta honetatik bururatu, noski, gaitz larriren batek ahitua zetorrena. Anselmok ez zuen besterik nahi oheratzea baino, hala eskatu eta haretara eraman zuten, idazteko zerbait ere eskaturik eman zioten, eta bertan bakarrik etzanda utzi zuten, hala nahita berak, eta atea itxi zioten. Hala zegoen, haretaz, bakarrik eta, gertaturiko guztiaz gogoeta eginez eta eginez, irudimena zori txarrez beterik, biziaren haria argaltzen ari zitzaiola uste izaiten hasi zen. Bere heriotza ohi ez bezalakoaren berri zehatza utzi behar zuelakoa sartu zitzaion burura, hasi zen, honetaz, idazten, eta, nahi zuen guztia idazten azkendu baino arinago, hatsa urritzen hasi zitzaion, hatsanka hasi, albetan jarri zen, eta bertan bizia joan zitzaion, bere jakingose ertzoaren minaren minez. Luze egin zitzaion, berantetsita zegoen, eta etxeko lagunak, Anselmok deitzen ez zuela eta, etzangura sartzea erabaki zuen, ondo-ezean zirauen ala ez ikusteko gogoarekin; ahuspez aurkitu zuen, gorputz erdia ohe gainean, beste erdia idaz-mahaiaren gainean, papera zabalik, hitzen batzuk idatziak, eta bera luma eskuan zedukala. Heldu zion lagunak, eskutik, deitu, eta erantzunik jaso ez, hotz sumatu zuen, hilik zegoela hauteman zuen. Harritu, lehenik, izutu, gero, biziki larri-larritu zen, eta etxeko guztiak deitu zituen, oihuz, etor zitezen, etorteko Anselmoren azken helgaitza ikustera. Irakurri zuen, eta papera beraren eskuz idatzia zela ezagutu arau irakurri-nahituago, eta honako esaldiak ziren:

"Nahikunde ero bezain ertzo batek bizia kendu dit. Nire heriotzaren berri jakinen balu inoiz Kamilak, jakin beza nik barkatu diodala, ez zuen miraririk egiteko beharkizunik, ez nik berarengandik miraririk itxaroteko beharrik ere; eta nire neure gerena neronek eraiki dudanez, ez da zertan..."

Honaino idatzi zuen, honik aurrera, antza, idazten amaitu ezinik, bizia hor bertan amaitu zitzaiola ez da enurarik. Beste egun batez, Anselmoren heriotzaren albistea lagunak ahaideei eraman zien; bazekiten, guti ala gehi, haren asturu gaitzaren berririk, eta Kamila zein monasteriotan zegoen ere bai. Senarrarekin bat egiteko zorian egon zen, ozta-ozta; ez, senarra hila zelako albistea jasotzeagatik, urrun zegoen bere adiskideaz jakin zuenagatik baino. Esaera da, alargun izanagatik ere, ez zuela lekaimetxetik irten nahi izan, ez areago, lekaime sartu, harik eta, egun guti batzuen buruan, Lotarioren berri heldu zitzaion arte; garai haretan, Napoli daritzon erresuman, Lautrec-eko jaunak Gonzalo Fernandez Kordobako Kapitain Handiari gudua egin zion, eta borrokaldi haretan Lotario hila zela zioen berria. Han amaitu zen berandu damututako adiskidea, eta Kamila, jakin zuen bezain laster, zin-hitza eginda, lekaime sartu zen, eta mukerrak hartua, egun guti baina ilunduraz okitu batzuen ondorean, beti goibel eta hits, bizia amaitu zitzaion. Honela guztiak azkendu ziren, hasi ziren bezain ertzoki.

Eleberri ona daritzot – dio Apaizak – ; baina ez zait burura sartzen hau egia denik; eta gezurrezkoa bada, egileak ez du ondo egin gezurretan; irudikatu erraza ez da honen senar ertzorik inon dagoenik, Anselmok egin nahi zuen ikerketa hain nekagarria nahi zezakeenik. Honelako arazoren bat neska-mutil gazte biren artean ezarri balu, tira, sinestekoa zitekeen; baina, senar eta emazte biren artean, ezinezko ez bada, ia-ia; jaulkieraz den bezainbatean, bada, ez da txarra, nire eritziz.