On Kixote Mantxako

41. atala

Gatibua bere bizitza jaulkitzen aitzina doanekoa

Hamabost egun bagerik, gure fede galdutako harek txalupa on bat erosita edukan, hogeta hamarren bat lagunentzakoa bai; eta bere asmoa zuritzearren edo itxura emoitearren, Sargel izeneko leku batera joataldi bat egingo euala eta egin euan; Argel-dik, Oran alderantz, hogeta hamar legoatara dagoen leku ha iko umelez ugaria zan. Birritan edo hiru bider egin euan, joan-etorraldia, lehenago aitatu dodan tagarino haregaz. Berberian tagarino Aragoiko mairuai esan ohi deutsee, eta Granadakoai mudejar, eta Fez-eko erresuman mudejar delakoari eltxe esaten deutsoe, gudurako bertako erregeak oso lagun ontzat dauan jendea da hauxe. Badiñotzuet, bada, handik iragoten zan bakotxean, txalupa itsas baztertxu batean gelditzen euan, Zoraida itxadoten egoan lorategi haretati arku-tiro bitara baiño ez egoana, eta bertan, beren-beregi, jarri egiten zan, arraunakaz mairutxu batzuk lagun, edo behin otoitzeko itxura egiñaz, edo beste behin egiteko asmoa euana txantxetan egiñaz, eta honetara, Zoraidaren lorategira joaiten zan eta garauren bat, edo igali oraingo berbetan esateko, eskatzen hurreratzen ddakon, eta aitak emon ezaguna ez izan arren. Zoraidagaz berba egin nahian joaiten bazan bere, geroago berak esanda dakit hau, eta nire aginduz kristauen herrira eroan behar euana bera zala esateko asmoagaz hurreratzen baddakon bere, ezin iñoz egin izan euan, izan bere, emakumezko mairuek ez daue aurpegia erakusten, ez mairuk ez turkuk ekusteko neurrian, senarrak edo aitak agindutakoa ez bada: gatibu kristuakaz hartu-emonetan ebilten dira, apur bat gitxienez, baiña hainbestekoa ez zan gitxi; niri bere ez ddatan atsegin izango haregaz berba egitea: nahastu egingo euan, beharbada, arazoa konpontzeko lanean fedebako bat ebillala ekusiaz. Jaungoikoak ez emon baiduriarik, ostera; gure fede galdutakoak euan asmo onari bidea itxi eutson. Ekusi euan honek, joan-etorri askoren ostean, dana behar baizen ondo ebillala, nahi euan lekuan eta moduan sartzaiten zala itsas-kolkotxu haretara eta urten bere bardin, bere lagun tagarinoak esku azpian edukala ekusten euan, ezetz esaten ez eta beti aginduak betetzen eutsozala; baekian, ordurako, neu diruz askatuta banengoana, eta kristau batzuk arraunean egiteko behar eta niri esan eustan billatzeko, askatuak eta guzti neugaz etor eitezan; urteiteguna erabagita, baraurikoa haretan bere. Bada, hamabi espainiar, arraun-gixon gogorrak danak, uriti sartu-urtenetan lotzaga ebilzanakaz berba egin neuan; ez zan gitxi, hango egoeran hainbeste lagun aurkitu izana, ze, hogei bat itsasontzi lapurretan joanak zireanaz gero, arraunlari on gehienak kanpoan egozalako; neuk esandakook, halabeharrez egozan han itsasora bagerik, haen nagusiak uda haretan portuan gelditu behar izan eualako, arraun-ontziari konpondu bat emaitearren. Ez neutsen askorik esan, banan-banan bariku arratsaldean urteiteko baiño ez, ostu-ostuka Agi Moratoren lorategira joaiteko eta neu agertu arte itxadoteko. Bakotxari jakinarazo neutson, bakarka, eta beste kristauren bat ekustean ezer bere ez esateko agindu bere bai, nire begira egozala baiño ez. Hau eginda, beste zer bat egin beharra neuan eta Zoraidari mandatua eroaitea zan, gora-behera guztion barri emoiteko, jakiñaren ganean egon eiten eta behar orduan, usterik gitxinean, kristuakaz txaluparatzeko, berarengana agertuaz gero gerturik egon eitentzat. Lorategira joaitea erabagi neuan, ea haregaz berba egiterik baneuan, eta egun baten, bedarren bat hartu gurako txutxuaz, bertara nintzan, eta ekusi neuan lehenengoa aita izan zan. Berberia osoan, eta Konstantinoplan bere bai, gatibu nahi mairu, ez arabiera ez gaztelera ez beste iñongoa dan, baiña danon nahastea eta danok alkarregaz ulerretan dogun berbetan egin eta ea zeren eske nenbillan eta norena nintzan itaundu eustan. Arnaute Mami-ren jopua nintzala erantzun neutson -bere adiskide miña zala banekian eta honegaiti esan bere- eta bedar batzuk billatzen etorri nintzala, zera, gatzozpiña egiteko. Beraz, erosteko gizona banintzan ala ez itaundu eustan, eta zeinbat nahi euan nire jaubeak neure truk. Honakoxe berriketan giñarduala, lorategiko etxerean Zoraida ederra agertu zan, lehenagotik ekusia nenduan arren ez zan lehenago ageri, ze, emakume mairuak ez dira kristauen artera agertzeko lotsa handi, ez dira atzekatxu ebilten, hau aurretik esanda dago, eta are gitxiago aita nigaz egoalako; honek'e baetorrala ekustean, astiro, dei egin eutson eta etorteko, hurreratzeko agindu.

Asko esan negike, oraintxe, nire Zoraida maitea neure begien aurrean ageri zan lehenengo aldi haretantxe ekusi neuan haren ederraz, haren liraiñaz, haren jasoaz eta apaindura aberats ugariaz, baiña hau baiño ez dot esango, haren buruko illeak baiño ugariago bitxiak, lepoan, belarrietan, adatsean edukazanak. Orkartilletan, ohitura zan eran agerian, "karkaj" bi ekarran -mairuek euren hizkeraz halan esaten eutsoen gure eraztun edo burdiñazko begitunari- urre-urrezkoak biak, harri bitxiez horniduta, eta ez gitxi, ze, berak geroago esan eustanez badakit aitak bi milla doblako baliotzakoak eukazala; eta beso-eskuturretan ekartzanak ez zirean gitxiagokoak. Bitxi edo txirlarri haek ugariaz ganera on-onak zirean, ze, emakume mairuetan ederrena, harrotasunik handiena, bitxi dirdizgarriez eta "aljofar" deritxoen txirla-hazi bereziez apain-apain jantzitzea dalako; honegatixe, bada, mundu guztian baiño halango harribitxi gehiago mairuerrian ei dago, eta Zoraidaren aitak, entzuna zanez, Argelen egozanetarik asko eta asko eta onenak ei eukazan; eta gehiago, berrehun milla ezkutu espainiar baiño gehiago ei eukan, eta, esan beharrik ez, gaur dan egunean nire emazte dan honek ha guztia berea eukan. Orduan ederto apainduta baetorren, ala ez, txarraldi baten egoanean, jakin lei errez zein ederra izango zan sasoirik onenean eta aberatsenean. Jakiña da, bada, emakume batzuen edertasuna sasoian sasoikoa dala, egunean egunekoa, gaur goian dago bihar ez hain goian, hori zelan begiratu eta nork begiratu, eta ez da beti bat, eta sarritan eder erixten deutsonak berak ez deritxo hain eder orain eta beti. Berba laburrez esateko, orduan zan ederrenik eta apaiñenik bera zan, edo halantxe iruditu ddatan neuri, behintzat, ekusitakorik polit-politena; hau bai zala niretzat bizkorgarri, ze, zerutiko aingeru baten aurrean nengoala iruditzen ddatan, eta, ganera, nire atsegiñerako ta onerako handi goiti lurrera jatsia. Gure ondora hurrera orduko, aitak bere hizkeraz, Arnaute Mami bere adiskidearen gatibu nintzala esan eutson, eta bedar batzuk eske nentorrena nintzala. Berak eskutik heldu eustan, eta halango hizkera mordoilloaz ni zaldun edo kapare banintzan ituandu eustan, eta zergaiti ez nenduen askatzen. Askatuta nengoala erantzun neutson, eta nire jaubeak zeinbateragiño nenduan baliotzat jaregin-ordaiñean ekustekoa zala, ez alperrik nire truk milla ta bostehun "zoltani" emon euazan eta. Hona zer erantzun eustan berak niri

Benetan, zu nire aitarena bazina zu bezalako biren truke ez saltzeko esango nioke; zeren, zuek, kristauak, beti gezurretan egiten baituzue, zer-nahi diozuela ere, eta txiro antzean agertzen zarete mairuei ziria sartzearren.

Hori holantxe izan leiteke – erantzun neutson – ; baiña, egiaz, nik neure jaubeagaz egin dot, eta egiten eta egingo, munduan dagozan nordin guztiakaz.

Eta noiz joanen zara? – esan zuen Zoraidak.

Bihar uste dot – nik – hemen Prantziara doan itsasontzi bat da, bihar itsasoratzeko asmoa dauana, eta honetantxe joango naz.

Ez al da hobe – Zoraidak – itxarotea, Espainiatik ontziren bat etorri arte, eta honekin joaitea, Frantziakoak zuen adiskideak ez direla eta?

Ez – erantzun neutson nik –; Espainiarean ontzi bat datorrela diñoan zurrumurrua egia izan arren be, ez naz horren begira geratuko, bihar bertan joaitea egiazkoagoa dot eta; neure herria ta neure maiteak ditudan lagunak ekusteko gogo bizi honek ez deust gehiago itxadaiten utziko, belutzen bada are gitxiago, hobea balitz bere.

Zu, noski, ezkondua al zara, zure herrialdean – Zoraidak berriro – , eta emaztearekin bat egiteko gogoa duzu.

Ez, ez nozu – erantzunez neuk – ezkondua; hara orduko, baiña, ezkontzeko hitza emonda nago.

Eta, hitza eman zenion anderea ederra dea? – Zoraidak.

Hain ederra – nire erantzuna – ze, egia esateko ta goratu beharrez, zure antz-antzekoa dela.

Honetaz barre zantzo egin euan aitak eta diño:

Guala, giristino, nire alabaren antza baldin badu zinez ederra behar du horrek, erresuma honetako ederrena nire alaba baita. Honatx, begira egiozu, eta ikusiko duzu, noski, egia diodala.

Berriketa honetan, berba guztiok zelanbait alkarri ulergarri izaitearren, Zoraidaren aita genduan "bihurtzaille", zera, gure hizkuntza apur bat baekian eta, alabak lehen esan dodan hizkera nahastu ha bertan erabili ohi zanaz egiten euan arren, keiñuka are gehiago egiten euan ostera, aitak neure berbetara emoiten eustan. Honetaz eta horretaz inarduten gengozanean, mairu bat karran agertu ddakun, eta oihuz, lau truku lorategiko hormetan goiti igoaz igaliak batzen, zoli ez egon arren, ebilzala iñoskun.

Ikaratu zan zaharra, Zoraida bere bai, ze, mairuak oso bildur ddakez trukuai, guda-mutilai are bildur handiagoa, izan bere, honeik mairuen ganeko indar gogorra edugiteaz ganera bihozkogorrak dira, txit ankerrak, eta euren jopu balira baiño gozagatxago erabilten ditue. Beraz, Zoraidari aitak honako hau esan eutson:

Alaba, hoa etxera eta sarritxi hadi, ni "ozar" horiei hitz egitera noakien bitartean; eta, zu, giristino, bila itzazu zure belarrak, eta zoaz ordu onean, eta eramazu Ala zure herrialdera on-onez.

Nik burua makurtu neuan, bera turkuakana joan zan, eta Zoraidagaz bakarrik geratu nintzan; aitak agindu eutson lekura joaiteko itxura egin bai baiña, behingo baten, aita lorategiko zugatzen artean ostendutakoan, neureganantz bihurtu zan, malkoak begietan, eta esan eustan:

Tamxixi, giristino, tamxixi? -"bazoaz, kristau, bazoaz?" esan gura dauana. Nik hau erantzun neutson:

Bai, andre, bai; baiña ez, ezelan bere ez, zeu baga: lehenengo "juman" itxoin behar deustazu, eta ez zaitez ikaratu gu ekustean; kristau-herrira joango gara ta.

Neuk esan eta berak dana ulertu, ondo baiño hobeto, eta beso bat neure lepo ganeti zabal euan, etxerantz ddoiala oinkada oker batzuk egiñaz, kili-kolo; honetara biok eta bat-batean aita agertu ddakun, eta zeruak arteztu ez baleu zoria osoa txarra izango zan bai, baiña, halan da guztiz bere, besoa lepo ganean aitak ekusi ginduan eta guk aita, Zoraidak, zuhurra izaitea gero, lepoti besoa kendu ez eta lotuago nenduan, burua nire paparrean ipiñi bere bai, belaunak okertu zituan, pitin bat, eta zorabioak hartuta egoan antzera ebillan, neuk be itxurak egiten, neure gogoari aurre egiñaz estutua edugi baneu legez. Heldu ddakun aita karran, eta alaba halan ekusita, zer euan itaundu eutson, erantzunik ez harek, eta aitak zera:

Ozar horiek sartukeran, izuaren izuz, zorabioak hartu du, bai noski!

Nire paparreti kendu eta bere bular alderatu euan; besteak antzi luze bat egin, ai ene luzea, begiak bustita, eta, barriro esan euan:

Amexi, giristino, amexi, zera: "zoaz, kristau, zoaz".

Aitak erantzunez hau:

Ez din axola, alaba, joaiteak ala ez joaiteak; giristino honek ez din kalterik egin eta; turkuak, berriz, alde eginak ditun. Ez hadi ikara ezergatik, ezerk ezin baitin minik eragin; esan bezala, turkuak, ni otoika eta, etorri diren bidetik joan ditun.

Horreek izutu egin daue, zuk esana legez – esan neutson nik aitari – ; baiña, berak ni joatea nahi badau, joan egingo naz, ez deutsot miñik emon gura: geratu zaitez bakean eta, zure baiezkoaz, beste egun baten bihurtuko naz, behar izanez gero, bedar eske, lorategi honetara; ze, nire jaubeak diñoana esateko, ez dago iñon honen antzekorik bere, are hoberik gitxiago, gatzozpina egiteko.

Nahi duzun guztietan etor zaitezke – Agi Moratok erantzun eustan – ; nire alabak ez diotzu hori ez zu ez inongo giristino arbuiatzen duelako, aitzitik, turkuak joan zitezen esan du esan duen hori, edo behingoz belarrak biltzen has zaitezen.

Amaitu zan hangoa, agur egin neutsen, eta neska, damuturik oso, itxuraz, aitagaz joan zan; neu, barriz, bedarren txutxuagaz, lorategian hara eta hona ebili nintzan, geldiro-geldiro; urteiteko lekuak, sartzaitekoak, etxe ondoko gaztelutxua, dan-dana aztertu neuan, begitu eta begitu, gure asmoa zelan ondo egin eta bete ahal zan neurriak hartzeko.

Egin beharreko guztia eginda, atzera gure fedebako lagunagana etorri nintzan, nire lagunak egozan lekura, eta harik hara ez neuan onik izan, egun bakar baten bere ez, Zoraida eder eta polita beti buruan, halabehar onak niri ekarritako gozoaz bitsetan, beragaz kean egoiteko astiune ta eraldiak noiz, eta beti iskian, lehian legez. Bera bagerik ezin neu. Egunak joan zirean eta egunak etorri zirean, azkenik, eta eguna heldu zan, eta guk guztiok nahi genduan epea hantxe; eta danok aurreti ondo buruan erabilita genduan era ber-berean egin zan, eta ondo jazo zan, ardura handiaz egin bere, dana kontuz-kontuz, eta nahi laso; ni Zoraidagaz lorategian egon nintzan egunaz geroko barikuan, gure fede galdutakoak, arratsean, hantxe, Zoraida eder-ederra egoan lekuaren aurrean, ozta-ozta, txalupa ditxoan ipiñi euan.

Arraunetan egin behar euen kristauak gerturik baegozan, hango bazterretan, han-hor-hemen, ostenduta; danak begien aurrean eduken itsasontzira joteko gogo biziagaz egozan, irrituak danak, itxoiten luze etsita, aurki; ez ekien, ez gitxi ez asko, fedebakoagaz zer egoan berba eginda, benetako asmoaren barririk ez, eta euren askatasuna besoen indarraz irabaziko euelakoan egozan, txalupa barruko mairuak hil da gero. Hara, bada, neu agerian eta behingoan nire lagunak han, eta ostenduta egozan beste guztiak hantxe, guregana. Uria itxia egoan, arratsa zan, eta bazterretan iñor ez. Hantxe batera gengozala, zer egin eta aiko-maiko, edo lehenengo Zoraida billatzen joan edo aurreti txalupan arraunlari zirean mairu bagarinoak azpiratzen joan; eta ezpai honetan gu, fedebakoa heldu zan, ordua zala eta zergaiti gengozan geldi, eta bere mairu guztiak ardura baga, nagi eta gehienak lotan egozala esaten. Nora jo ezin asmatuz gengozala esan geuntson, baiña berak lehenengo txalupa hartu beharra egoala erantzun euskun, arrisku bagerik eta errez egin eitekeala, orduantxe, eta gero Zoraidaren billa joango giñeala. Danok ondo eritxita, esandakoagaz, geldi baga, fedebakoa aurreti, txaluparantz jo genduan, eta bera aurrena kareleti zapart egin eta tostartera sartu zan, alfanje bat hartu euan eta arabieraz:

Ez beza inork zirkinik egin, bizia galdu nahi ez badu.

Ordurakoxe, kristau ia guztiok barruan. Mairuak, izaitez kikilak, euren arraez - mairuek nagusiari esaten deutsoen antzera esateko- halango berbetan ekusi eta ikaratu zirean goiti-behera; ez euan iñork iskilua eskuan hartzerik burura eroan, edugi bere iskilu gitxi euken, eta geldi-geldi, tautik esan bagerik, kristauek kordelaz lotzea danak onartu euen, onartu edo zer egingo osterantzean, bada; laster baten egin eta ixilik egoiteko esan bere esan eutseen mairuai, zaratarik eginaz gero danak moztuko zituela, samati labaiñaz. Amaitu zan hangoa, behingo baten, eta gutariko erdiak hantxe jagole geratu zirean bitartean, beste guztiok, fedebakoa aurreti, Agi Moratoren lorategira joan giñean, eta atea edegiterakoan, dana ondo behar eta, errez zabaldu zan, itxita ez egoanez; honetara, bada, isilik ostuka, etxe ondoratu giñean, iñok ekusi ez usaindu bere egintzaga.

Zoraida eder-ederra, leiho baten gure begira egoan, eta berbaro entzun orduko, ixil-ixilka nor giñean, nizarani ete, kristauak ete giñean itaundu euskun. Baietz neuk, eta jatsi egiteko. Ezagutu nenduanean, ez zan geldi; tautik esan baiño lehenago jatsi zan, atea edegi, agertu zan, danon aur-aurrean bere ederrean eta apain-apain jantzita, oraintxe neuk esateko berbarik aurkitzen ez dodan neurrian. Ekusi eta eskuti heldu neutson, musuka hasi nintxakon, fedebakoak bardin egin euan, nigaz etozan lagun biek bere bardin, eta besteak antzera, zer eta zergaiti jakin ez arren, baiña eskerrak emon guran legez, geure askatasunaren nagusitzat hartu eta autortu beharrez. Fede galdutakoak, arabieraz, aita lorategian al egoan itaundu eta baietz erantzun eutson, loak harturik egoala.

Bada, iratzarri behar diogu – esan eutson fedebakoak – gurekin eramaiteko, eta lorategi eder honetan dagoen baliotsu den guztia ere eramanen dugu.

Ez – esan euan neskak – nire aita ukitu ere ez, inola ere ez, eta etxe honetan ez dago nik aldean daramadana besterik, eta asko da asko, honenbestez denok aberats izanen zarete, itxadon gesu baten eta ikusiko duzue, eta poztuko, biziki poztu eginen zarete.

Hau esan eta atzera barruratu zan, arin bihurtuko zala esanda; geldi egon gintezan, zaratarik ez egiteko. Zer jazo zan itaundu neutson fedebakoari, honek azaldu eustan, eta neuk barriro, Zoraidak nahi euana besterik ez zala egin behar; atzera agertu zan hau, kutxatilla bat eskuan, eta hain urrezko txanponez beterik ekarranez ezin, ozta-ozta, ekarri. Zoritxarrak, ostera, itzartu eragin eutson aitari, lorategiko zarata entzunda, eta leihoratu zan, eta bertan egozan guztiak kristauak zireala ekusi euan; hasi zan oihuka, gedar baten, garrasi latzak egiñaz, era arabieraz : "Giristino, giristinoak! Ohoinak, ohoinak!" Oihuokaz, danak iiikaran, nahasmendu handian, bildurrarren sarrakioa sartuta; baina fedebakoak, arriskua ekusi eta lehen baiño lehenago onik handixe urten behar gorrian gengozalakoan, di-da, igon zan Agi Morato egoan tokira, gutako batzuk haregaz, eta neu Zoraidagaz, ez neuan bakarrik utzi nahi, neure besoetan jausita egoan eta. Atzenean, igon zireanak , zirt edo zart, arin-arin bihurtu zirean, Agi Morato eskuak lotuta, ahoan zapi bat hitz ez hotsik egin ez egian, eta bizia kenduko eutsoela zemaituaz ekarrela. Alabak ekusi euanean begiak eskuen ostean estaldu zituan, ez ekustearren, aita, barriz, ikarak hartuta, ez ekian nondi-nora etorria ddakon ha guztia, eta ez ekian alaba, nahita, gugaz etorriko zanik; gure eskuetan egoan baiña orduantxe oiñak beharrezkoago, eta bizkor-bizkor txaluparatu giñean; barrukoak artega gure begira, zer edo zer txarrik jazo ete ddakun bildurragaz.

Gaueko ordu bi joan barri eta danak itsasontzian; Zoraidaren aitari lokarriak askatu geuntsozan, ahorean zapia kendu, baina fedebakoak ixilik egoiteko berragindu eutson, bizi nahi baeuan. Alaba bertan ekusi euanean, ai ene eta ai ene hasi zan, txera-txeratsu, eta neuk besoetan laztan neuala ekusi euanean are gehiago; eta, esan beharrik ez dago, areago nire besoen artean geldi-geldi, ez negarrik ez hasarre, ez barruesturik egoala ekustean; ixilik, bada, aita, harri eta zur, bildurraz beterik, fedebakoak egindako zemaia zala eta. Txalupan, bada, danak, arraunak uretan, mairuak eta aita lotuta ekusi eta Zoraidak fedebakoari arren eta arren egin eutson aita askatu egian eta mairuak bere askatzeko, bestela bere burua itsasora botako euala esan eutson, hain maite euan aita, bere begien aurrean, gatibu eroaiteaz mindurik; nahiago hil. Fedebakoak neuri esan eustan, neu pozik; baiña berak ezetz, ez zala erazkoa, ez egokia; izan bere, hantxe utziaz gero, laster hasiko ei zirean oihuz, dei eta dei, uri osoa nahastu arte, eta luzaro baga, gure atzeti urtengo euela, potiñetan ezin bazan traiñeruetan, arin bai arin, gu harrapa, atxitzeko asmo gogorragaz, urez eta lurrez; eta ezin iges egingo guk iñondik iñora. Besterik egingo genduala, bada, esan eustan eta lehenengo kristau-herrira heldutakoan askatasuna emango geuntsela esan bere esan eustan. Danok bat etorri giñean honegaz eta Zoraidari jakinarazo geuntson, eta zehatz-zehatz azaldu ta gero poztu zan, berak nahi euana ez izan arren. Ixildu zan dana, alaitu giñean danok, eta bakotxak bere arraunari eragiten hasiaz ebilteari ekin gintxakon, Jaungoikoaren izenean, bihotzez, Mallorka alderantz. Kristau herrialdeetan hurrena da hau, handi hona, baiña haizea aurreti jotea bat eta itsasoa harrotua beste bat, atzenean ezin joan izan giñean Mallorkaragiño, eta legorrik legor Oran aldera eroan ginduan ipar gogorrak, eta jitoan legez, damurik asko ostera guk, Sargel ondora heldu giñean, Argeleti hirurogei millatara; bildurrez, jakina, hango bazterretan gatibu-ontziren bat edo beste beti ebili ohi da, ta, Tetuandi salgaiak ekarten ebillen bategaz topo egingo ete genduan bildurrak jota, bildurtiak ez giñean arren. Bakotxa berez bihoztuna, eta alkarregaz nor gu baiño gehiago? eta halantxe harro, arraun-ontziren bat izanez gero, lapurretan ebillena ez bazan, korsoan esateko, harrapatuko genduala, eupaka guk, eta azpian hartuaz gero, geu nagusi, gatibu gehiagogaz hobeto ebiliko giñeala, gure asmoa aurrera ateratzen. Itsasoan genbiltzan bitartean, Zoraida, burua nire eskuen artean aita ez ekustearren, Lela Marien-i deika ddoian, guri laguntzen etorri ekigun.

Hogeta hamar milla bai itsasoan zehar, eta eguna argitu zan, legorretik hiru bat arkabuz-tirora edo, eta inor ekusi ez genduan ekusten, ez gu iñok bere, baiña, bazan-ezpazan, besoen indarrez hurreratu giñean, itsasoa lehenago baiño bareago baegoan eta. Legoa bitara, jatordu bitartean, jan-gai ugari ontzian guk, astiro arraun egiteko agindu euan, arraunlariek, ordea, gelditzeko astiune egokia ez zala esan euen eta, sasoi ona zala, bai, ta, eragin behar : batzuek arraunari utzi gura ez, jatekotan bere ez, arraun egin behar ez euenek jaten emon eutseen, boga ta boga gelditzaga inarduten euen bitartean. Halantxe egin zan, bada, eta handi laster haize luze batek bultzatu ginduan, arraunak gelditu eta oihala zabal-zabaldu genduan, Oran alderantz, ostera, besterantz ezin eta. Laster egin zan, zortzi bat milla orduko abiadan giñoazan, beste lapur-ontziren bat topatzeko beste bildurrik baga. Mairu bagarinoai jaten emon geuntsen, fedebakoak poz pixka bat emoitearren gatibu ez zireala esan eutsen, lehenengo eretian jareginaz askeak izango zireala; Zoraidaren aitari bere bardin esan eutson, eta ahonek erantzun:

Oi giristinoak! besterik uste eta itxadon nezakeen, zuen eskuzabaltasunetik eta ontasunetik; baina askatasuna emanen didazuna ez, ez ezazue uste nik iruditu ere egin nezakeenik, ez nauzue horren inozo; horrexen zabalkiro berremaiteko aitzinetik kentzea behar izan da eta zuek ez zarete egite horretan hainbesteko galtzoriraino heldu, ni nor naizen jakinik batez ere eta nire askatasunetik etor lekizuekeen onura haintzat harturik; honixe izenik ezarri nahi badiozue, hementxe bertan nahi duzuen guztia opa dizuet, nire ordainez eta nire alaba dohabage horren ordainez, edo bestela, berorren ordainez bakarrik, nire arimaren zati nagusi eta hoberena baita bera.

Hau esanda, negarretan hasi zan, gozaga, eta danok erruki gintxakon, eta Zoraidak begiratu egin eutson; negarrez ekusi euan, bihotza bigundu ddakon, nire oinetarean jaigi zan eta aita besarkatzen joan zan; musurik musu biak, negarrari negar, eta bertan gengozan gehienak era berean malkoai eutsi ezinik hasi giñean. Hain apain-apainduta, jaiezko jantziaz nahi bitxiakaz ekusi eualako aitak bere hizkuntzan itaundu eutson:

Zer dun hau, alaba, bart arratsean, oraintxe hemen gaituen zorigaitz izugarri hau gerta aitzin, hire ohiko janzkera etxekoiz estalia ikusi hindudan, eta orain, aldiz, janzteko astirik ez eta ezer berri onik ospatu beharrik ez dela, horren apain, polit eta eder hakusat, nik inoiz, zoririk onenean ere, eman ahal izan dinadan janzkerarik xorienaz, bitxidunenaz adelatua? Erantzuidan, bada, nire zorigaitzean are harrituago eta txundituago nain honek guzti honek eta.

Mairuak alabari zirautson guztia, fedebakoak guri bihurretan euskun ulertuko bagenduan, alabak tautik erantzuten ez eutsola. Txalupako bazter batean, bitxiak gordeta ekartzan kutxatilla ekusi euanean, Argelen utzita lorategira ekarri ez euala baekialako, harri eta zur geratu zan, eta zelan egoan han, zelan heldu ete zan gure eskuetara eta alabari itaundu eutson, barruan zer edukan jakin guraz ganera. Fedebakoak aurrea hartu eta Zoraidak ezer esan baiño lehen, erantzun eutson

Ez bedi neka, berori jauna, Zoraida berorren alabari galdetzen, neronek bat erantzun eta nahiko izanen du berorrek, zera, jakin beza bera giristino dela, eta gatibu lotu gaituen katearako karraka zorrotza izan dugu, gure askatasun iturri: bera bere gogoz doa hemen gurekin bat, pozarren, uros nire irudiko, bere burua onik onenean ikusiz, ilunbetik argira jalgitzen denaren antzera, neketik aintzara doana legez, heriotzatik bizitzara bezala.

Egia ote dea honek dioena, alaba? – mairua itaunketan.

Bai, hala da – erantzun eutson alabak.

Zinez, hi giristino haiza, ote – aitak barriro – eta hire aita bere etsaien esku ezarri nauna hi?

Zoraidak atzera erantzun eutson:

Giristino naiz, bai, ni neu; baina nik ez zaitut egoera honetan ibeni, ez dut behin ere zure kalterik nahi izan, ez zaitut utzi ere nahi izan, neure ona bilatu dudan arren.

Eta, zer egin dun hik heure on ustez, alaba?

Galde egiozu – erantzunez barriro – Lela Marien-i; nik baino hobeki azalduko dizu eta.

Entzun euanekoxe, dzart! bat-batean, mairuak bere burua itsasora bota euan. Itoko zan, bada, bere soiñeko luze-zabalak uraren ganean, kikili-makala bazan bere, eutsi ez baleutso. Zoraida zarataka hasi zan, oihu eta garrasi, uretati atararazoteko eske ta eske; danok hurrera giñean, irri-arra baten, eta "almalafati" tiraka erdi-itota atara genduan, konorte baga; ez euan min gitxi hartu ekuskeran Zoraidak, hilda egoalakoan, eta negar baten hasi ddakon, ganean markurturik. Ahuspez ipini genduan, ur asko emon euan ahorean atzera, ordu biren buruan bere onera etorri zan; ordurako, haizea aldatua zan, legorrera hobe genduan eta arraunakaz egiñaz, eta, zori ona lagun, lur-mustur txiki baten alboan egoan itsasarte batera, mairuek Cava Rumia esaten deutsoen lekura, heldu giñean. Izen horrek gure hizkuntzan "emakume kristau gaiztoa" esan gura dau, eta mairuen artean oraindino sinisten da horko lekuan Cava lurperatua dagoana, Espainia galtzera eroana bera, "emakume gaiztoa" esan nahi dau, "rumia", barriz, "kristaua" da; zoritxarrekoa da, uste dauenez, hara arrankila botatzen joaitea, halabeharrak bultzatuta bere; guretzat, ostera, ez zan izan emakume gaiztoaren berogarria, gure onerako "abaroa" baiño, itsasoa, ganera, harrotua egonik. Begirale bat legorrean jarri zan, arraunak eskuti utzi ez, fedebakoak janaria emon euskun, eta japitartean, Jaungoikoari eta Andre Mariari erregu egin geuntsen -zuek "otoitz " diñozue- bihotz-bihotzez, lagundu egiteko guri, hasitako joataldia onik eta pozik amaitu ahal genegian. Zoraidak nahi eta agindu euskun arren, aitagaz mairu guztiak hantxe bertan legorrean aske utzi behar genduzala ta egon giñean, ezin ezelan bere onean eroan, min handirik hartu bagerik, bere begien aurrean aita lokarriz estutua ekustea, eta bere herrikideak gatibu era ber-berean, ez genduan egin; joaitean bai, berba emon geuntson, joaitean danak askatuko genduzala, leku hutsa zalako, iñor ez eta, bertan utzita ez egoan ezertarako arriskurik. Ez zirean alperrik izan gure erregu ta otoitzak, zeruak, antza, entzun zituan eta haizea gure alde aldatzeaz ganera itsasoa baretu euan, hasitako joataldiari berrekiteko eretia eskaini guran legez. Jaregin genduzan mairuak, banan-banan legorreratu, harrituta geratu zireala esan beharrik ez dago, baiña Zoraidaren aita txalupati urteitean, guztiz bere onean baegoan egon, esan euan:

Zergatik uste duzue, giristinook, ematxar honek niri askatasuna emaiten didazuelako poz hartzen duela? Uste al duzue niri erruki zaidalako dela? Ez, hauxe, ez, ni oztopo natzaiolako baizik, bere xede gaiztoak agiarazi nahi dituenean ez nau aurrean ikusi nahi izanen; ez ezazue sinets zuen erlijioa gurea baino hobea delako eritziagatik aldatu denik, ez, zuen herrialdean gurean baino errazago, aisago, tzarkeria egin ahal izaitearren baizik.

Zoraidari begira bihurtu zan, neuk eta beste kristau batek besoetatik helduta, ezbeharren bat egin ez egian, eta zera esan eutson:

Oi mairu bihozke, neska gaizki hazi hori! Nora hoa, itsu eta gangar, hauen ozar hauen eskutik, gure arerio diren, izan, hauen? Madarikatua nire hazitik sortu hintzen ordua, eta bitez madarikatuak nik hazi eta hezi haudan bitartean egindako opa eta gozagarri guztiak!

Berehala amaituko ez zala ekusi neuan eta iradu legorrera eroan neuan; ez zan ixildu behingoan eta handixe, oihuz, biraoka bateti, araoka besteti, Mahomari deika Alari eska ekion gu, ber-bertati, zapaltzeko, eta gu birrintzeko eske ta eske, eta gu behin-betiko amaitzeko, gaillarazika iñarduan. Itsasoratu eta luze, oihuak urrun eta zer iñoan ezin guk aditu, baiña bere egiñak ekusi genekusazan, handik urrundik, bizarrari ten egiten eutson eta brastakoan kendu nahi antzo, illeai tira ta tira, lurrean lorrinka zapuzturik, eta behin, ahotsa goratu ahala gora, zer esan euan entzun genduan:

Itzul, itzul hadi, alaba maittea, itzul hadi lurrera, oro barkatuko dinat; emaien diru hori gizonei, beraiena bada, eta, eta itzul hire aita ilun honi pozkari pittin bat emaitera, bestela, hi bagerik hemen, basamortuon, hondar hil honetan bizia utziko dinat.

Zoraida danaren entzule, dana negar bat, dan-dana atsebaga; eta tautik erantzun jakin ez, murt egin ezinda; atzenengoan hauxe baiño ez:

Eska zakizkio, ene aitta, Alari, ni giristino izaitera bultzatu nauen Lela Marienek zure goibelaldian pozkariño bat eman diezazun. Egin dudana besterik ezin egin izan dudala ongi Alak badaki; gristinook ez dute zer erantzunik nire nahikundea dela eta, etxen gera eta beraiekin etorri nahi ezik ere ezin eginezkoa izanen zen, ene arima dut bultzagile, zuk, ene aitta maitte, horren gaiztotzat duzun xede hau nire hau, guztiz on daritzodan hau, agitzera eragiten didana, aitzina eramaiten nauena, ene arima dut, hauek guztiok bagerik.

Aitak ez eutson entzun, guk ekusi bere ez ordurako, eta halantxe, Zoraida neure besoetan, neu poz eragile, gure joataldi luzean aurrera joan giñean; haizeak putz eta putz, poparean, eta biharamunean, Espainiako itsasaldea ekusterrean genduala-ta gengozan. Baiña, behar ez dana berez agertu ohi da, eta zoritxarra inoz bakarrik ez, eta gure aduak halantxe nahita edo mairuaren arao-biraoak tarteko, dana izan leiteke ta areago alaba baten aitak egiñak badira, hantxe, gaueko hirurak aldean, itsas kolko batera sartzerakoan, haizea beti lagun eta arraunai eragin beharrik ez, iretargia edo ilargi argitsua gure ganean, oihal nagusia goiti-behera zabalik, hantxe, diñot, non agertu ddakun itsasontzi biribil bat, oihal guztiak zabal-zabal, lema aldaroka, aurtzaka esan gura dot, izpi bat eroiana, gure aurrean zehar, eta hain hur-hurrean irago zalako guk astirotu behar, ez joteko baraxtu giñean pittin bat, bai eta haek lemari eragin behar bere, alkar joko ez bagenduan. Nor giñean, nora giñoazan, nondi gentozan eta halangoxe guztiak itaundu euskuezan, kareleti; prantzeraz, ostera, itaundu, eta gure fedebakoak esan euan:

Ez erantzun inork, hauek kortso frantsesak ditugu, itsasohoinak, bai baldinbere, zer-nahi harrapa ahala dabiltzanak.

Ez euan iñok hitzik esan, eta aurreratxu joanda, kortso-ontzia haizebean jarrita, bat-batean, danba! "kukurru" bi jaurti euskun, kañoiti harakoak biak, eta, kateakaz lotuta ganera, antza, masta nagusia erditi ebagi euelako, eta bai hau bai oihala uretara jausi zirean; beste bat jaurti eta balak gure txalupa bete-betean jo euan; alborik albo arrakaldu zan, besterik ez baiña nahikoa, asko zan, gu guztiok geure burua itsas hondarrean ekusten hasteko; ekin gintxakon garrasika, gedar baten danok, laguntza eske latzak egiñaz, ai-oi-ei! hel, hel hona, hel guri! itsasontzikoai laguntzeko arren eta arren, urpera giñoazala, osterantzean, eta. Gelditu zirean, ordu onean, jaurti euen uretara batela, hamabi bat prantzes iskiludun sartu zirean, eta gure ondoratu, arkabuzak esku batean, bestean zuziak; gitxi giñeala ekusita, txalupa urperantz, eta hartu ginduen, jaso ginduen; ha guztia gure erruagaiti izan zala ez euskuen, bada, esan, esan bere, erantzun ez geuntselako txarrikasiak giñeala eta!. Fedebakoak Zoraidaren bitxi-kutxatilla hartu euan eta itsasora jaurti, zertan ebillan iñok ekusi ez euanean. Azkenean, danak prantzesen aldera irago giñean, eta gure arerio gogorrak zireala erakusten, aldean generoian guztia kendu euskuen, Zoraidari orkatilletako bitxiak eta guzti kendu eutsoezan; atsebaga handia emoiten eustan niri Zoraidari egiten eutsoen horrek, baiña bildurra handiagoa zan, eukazan bitxiak, urrezko bitxi baliotsuak, ostutzen ekustean, atzenean, berak eta bai neuk bere, baliotsuen erixten geuntson bitxia kenduko ete eutsoela aurrekustean baiño. Halan da guztiz bere, harako jende haren guraria dirua baiño harago ez doa, eta honetaz sekula ase ez; orduan bertan be, argi ekusi zan, ze, soiñekoak ostu euskuezan, ezertarko baliorik ba ete euken bere. Gu uretara botatzea erabagi euen, aho batez, oihal baten barruan, Espainiako portu batzuetara joteko asmoagaz ebillela eta, bretoiak zireala esanaz saldu-erosiren batzuk egitearren, eta gu bizirik eroanaz gero, lapurrak zireana agerian egoiteko arriskua egoan, eta honexen ondorioz zigortuko zituen bildurra sartu ddaken; kapitaiña, ostera, ezetz, nire Zoraida laztana murritu euana bera, euken guztiaz nahikoa zala-eta, Espainiara ez zala ezertara joan behar eta Gibraltar alderantz, itsasartean zehar, gauez edo ahal zan eran iragoz, Arrotxelarako bidea hartu guran, atzera urtendako porturakoa, handik ateko bandan abiatzeko agindua emoiten hasi zan; gu batel batean sartuta utziko ginduzkee, danen erabagiaz, urrutira baga baiña norabait joan gintezan, Espainiako lurrak ekusterrean egozalako; hantxe bertan joan ddakun, bat-batean, atsebaga guztiak, ahaztu ezbeharrak, iñoz jazo izan ez balitez legez: hainbesteragiñokoxea zan, bai, galdutako askatasuna barriro berreskuratzearen poza.

Eguerdia zan, gitxi gora-behera, batelera bota ginduenean, upel bi ur emon euskuen, itsas-ogi batzuk bere bai; eta kapitaiñak, errukitsu zelanbait, Zoraida eder-ederrari, bateleratzean, urrezko berrogei bat ezkutu emon eutson, eta orain dituan soiñekoak ostutzea ez eutsen laga bere guda-mutilai. Batelean, beraz, eta eskerrak emoiten gu, egiten euskuen mesedeagaiti, errenkura baiño eskerroneko; haek joan zirean, bada, urrunerantz, Itsasarterako bandan; gu, barriz, iparralderantz, aurrean ekusten genduan legorrerantz, eta ahalik bizkorren boga egiñaz, arratserako hur eta gautu aurreti legorrean egoiteko gogo biziagaz; gaua baltza, ordea, ilargirik ez eta non gengozan, hain-hainetan, jakin ezean lurra jotea ez ddakun seguru iruditzen; batzuai bai, besteai ez, eta atxarte baten edo herritxuetatik urrun bazan bere, lurra zapaldu behar genduala iñoan askorik bazan gure artean, ze, itsasalde haretan Tetuango ontzi-lapurrak eta sarritan ibili ei zirealako, gaua Berberian eta goizeko argiagaz Espainiako legorraldeetan non-zer-harrapa ebili ei zirean, zer edo zer egin eta gero etxera lo egitean joaiten zireanak; geldiro-geldiro heldu behar genduala erabagi zan, atzenean, eta itsasoa bare egonaz gero, ahal zan lekuan legorreratzeko. Holantxe egin zan, bada, eta gauerdia baiño lehenago, mendi goi baizen matxar baten oiñera heldu giñean, itsasotik haratxuago legorralde baten lur hartu ahal izaiteko nahiko leku erosoa. Hondartza jo genduan, urten bateletik, lurrari mun egin geuntson, eta negarra begietan, alaiaren alaiz, Gure Goiko Jaunari eskerrak emon geutsozan, egin euskun mesede handi baiño handiagoagaitik. Batelean genkarran guztia atara genduan, lurrean utzi genduan, eta mendian gora, aldapan igoteari ekin gintxakon, zati baten, ze, hantxe egon arren, ezin sinestuta gengozan, bihotzak ezin ikara geldiarazoz, kristau lurra bai ete ala ez ete.

Guk gura baiño beranduago argitu euan eguna, nik uste. Mendian goragiño igon giñean, ea handik herritxuren bat edo ekusten ete zan, edo artzain txabolaren bat, behintzat; begia luzez luzatu arren, baiña, ez herririk, ez lagunik, ez biderik, ez bide-zidorrik aurkitu genduan. Legorrean harantz joaitea erabagi genduan, bada, ezeren barririk emongo euskun iñor agertuko ddakulakoan. Niri, bestalde, Zoraida oiñez aldats latzetan zehar ebilten ekuste hutsak min eragiten eustan; behin edo behin lepo ganean eroan neuan, baiña neure nekadurak nekatzen euan bere adetsedenak atsedeiten baiño areago; ez euan gehiago nahi, beraz, neuk lepoan hartzerik, ez nekatzearren, eta arte handiz, eroapen gozoz ddoian nik beti eskutik helduta, ebilian-ebilian ia lauren bat legoa, gitxienez, egin bitartean; txilin baten hotsa belarrira ddakun, orduko hatan, inguruan abereren bat egoalako seiñale garbia, eta ea inor agertzen zan ekusi gura biziaz danok, atzenean, kortxondo baten ondoan artzain mutil bat ageri ddakun, epe-epe, patxadaz eta ardura bagerik, labana batez makillatxu bat landuten egoana. Dei egin geuntson, oihuz, eta bat-batean burua jaso euan, zutundu zan pittin bat, eta, geroago jakin genduanez, ekusi euazan lehenengoak fedebako eta Zoraida izan zirean, eta mairuz jantzita ekuskeran Berberiako guztiak ganera etorkozala uste ei euana legez, ariñik arin, basoan barrura joan zan igesi, mundu osoan entzungarriko deadarrak egiñaz, zera iñoala:

Mairuak, mairuak herrian! Mairu, mairuak! Iskiluak, iskiluak!

Danok nahastuta geratu giñean, zer egin ez genkiala; artzaiñaren hotsetara lur guztia harrotuko zala ta laster itsasaldeko zalditeria guztia bertan gure aurrean ageriko zalakoan, fedebakoa sioñekoz aldatzea erabagi genduan, truku-jantzi ha erantzita batek emon eutson gatibu-jaka bat, gileko edo kasaka esaten deutsoen bat soiñekotu euan, eta mutilaren atzeti, basoan zehar, joan giñean, ea gure aurrera zaldiak noz agertuko begira. Ez giñean oker, bada, eta ordu bi bagerik, sasitzatik urtenda zelai batera orduko, berrogeta hamar bat zaldizko, ariñiketan, guganantz etorten begiztatu genduan, eta ekusiaz bat gelditu giñean hantxe itxoiten; heldu zirean, ekusi ginduen, eta mairuen ordez kristau gizagaixo batzuk ekusita, harritu ddaken; bat itaunetan hasi ddakun ea ete giñean gu artzain mutil batek ekusi eta iskiluetara deika igesi joaiteko zera.

"Bai" – esan neutson neuk eta gure barri emoiten hasterako, nondi gentozan eta nor giñean, eta hasi baiño lehenago, gutako kristau batek zaldizko itauntzailea ezagutu euan, eta, nik baiño ariñago, esan eutsen:

Eskerrak Jainkoari, jaunok, honen leku onera ekarri baikaitu! Hagitz makur ez banaiz, gure oinpeko lur hau Velez Malagakoa da; nire gabitu-aldian oroimena ahitu ez bazait, bertzenaz, berori, jauna, galdezka ari zaigun berori, Pedro Bustamanteko, nire osaba, dela oroitzen naiz.

Esan eta bat, zaldizkoa zaldi ganeti salto egiñaz jatsi zan eta mutila besarkatzen etorri, honetara zirautsola:

Ene arima eta bizitzako iloba, ezagun zaitut, bada, hila zinelakoan negar egin izan dizudan era berean, ez neronek bakarrik, bai nire arreba zure amak ere, eta oraino bizi dituzun zure guztiek ere bai; Jainkoak zu berriz ikusteko pozaz gozatu ahal izaiteko bizia eman digu: bagenekien Argelen zeundena, eta zure janzkeragatik zein zure aiza honen guzti honengatik, argiroki dakusat, ikusi, askatasun mirarizkoa txit erdietsi duzuela.

Bai holaxe – erantzun eutson mutilak – izanen dugu, alta, aizinarik, oro xehe-xehe azaltzeko, "tipiltzeko".

Kristauak giñeala oharturik, beraz, zaldien ganetati jatsi zirean, eta bakotxak berea eskaintzen euskun Velez Malaga dalako urira eroaiteko, handi legoa t'erdira. Batzuk batela eroatera bihurtu zirean, non utzi genduan guk esanda; beste batzuk guri laguntzen zaldi ganerakoan; Zoraida kristauaren osabaren zaldi-hanketan jezarrita joan zan.

Herriko jende guztia agertu ddakun agur egiten, bagentozala batek edo batek gure aurreti jakinarazota; jaregindako gatibuak ekustea ez ddaken harritzen, mairu gatibuak bere ekusten ohituak zirean, itsasalde hatan guztian sarritako gauza zalako, baiña, Zoraidaren ederra lakorik ekusitzaga egoazan; bere onik onean egoan, bestalde, sasoi betean, haren ederra, bidearen nekadura gora-behera, eta kristauen artean bere burua zainduta ekusteaz, zelanbait, alaiturik; ez zan, bada, horregaiti, harrigarri, eta aurpegian ageri euan, bai, eta neuk orduan oso harenganakotua banintzan arren, ha-lako emakume ederragorik neuk ekusi ez dodala iñoz inon bere esango neuke.

Eleizara joan giñean, artez-artez, eginiko mesedeagaiti Jaungoikoari eskerrak emoiten; Zoraida sartu zanean Lela Marien-en irudiko aurpegi batzuk ekusten hasi zala eta, irudiak zireala esan geuntson, eta fedebakoak, zelan edo halan, zer zirean eta azaldu eutson, banan-banan, egiazko Lela Marien bera balira legez "andretsi" egin egian - halan esan eutson Andre Maria balitz legez maite izan dagiantzat edo- eta bera, Zoraida, buru argiko emakumea zanez, dan-dana ulertu eutson fedebakoari, azaldutakoaz. Harik hara, herriko etxeetan sartu ginduen, banaka, baiña fedebakoa, Zoraida eta hirurok, gugaz etorran kristau batek bere etxera eroan ginduan, gurasoakana, ondasunetan nahiko onduak zireala eta ondo baiño hobeto hartu eta opaz bete ginduenak, semea bera baizen laztanto.

Velezen sei egunean egon giñean, eta gero, fede galdutakoak, nahi euanaz nahi beste jakin ondorean, Granada eritxon urira joan zan, Inkisiziño Santuaren bitartez Eleiza Ama guztiz santuagaz bat egiten; askaturiko beste kristau guztiak, bakotxa bere bidetik alde eginda, Zoraida eta biok bakarrik geratu giñean, Zoraidari prantzes nagusi eskuzabalak emondako ezkutuak baiño ez eta bera honagiño ekarri dauan zamaria erosi neuan; orain arte, aita eta ezkutari izan naiako, ez senarra; nire aita bizirik ete dagoan ekusiko asmoagaz goaz, edota nire anaietako bat ni-lako zorionik izan ete ekustera goaz; ze, azkenean, zeruak laguntzat Zoraida emon deustanez gero, ez dot uste, iñon bere, nirea baiño zori hoberik egon leitekeanik. Txiro bada txiro, baiña gogoan hartzeko da Zoraidak erakusten dauan patxada, ezbeharren aurrean epetasun hori, kristau ona izaiteko dakarren gogo bizia, onerako griña harrigarria; honegaiti nau ni bizitza guztirako zerbitzari zintzo; neurea izan daiten, eta ni berea naiten baiño ez dot nahi, eta bildur naz, bildur, iñon aurkituko ez ete dodan, nire lurraldean, bera ondo egon eta bizitzeko bazterrik; ez dakit nire aitaren bizitzan zein ogasunean, zein nire anaietan, aldiak ez bada heriotzak, zein edo zelako aldakuntza egin ete dauan, honez gero, eta honeik guztiok bagerik iñor ezagun izango ete ddatan.

Ez dot, jaun-andreok, gehiago esatekorik nire kondairaz; alaigarria edo txit ederra ala harrigarria baizen ikaragarria ete dan zeuek esango, adimen oneko zeuek; neure aldeti, zera, esango neuke, laburrago izan balitz hobe izango zala, ze, zuek hasarratzeko bildurragaiti, jazoera bat baiño gehiago aho barruan gordeta bere, behar baiño areago luzatu naz eta.