On Kixote Mantxako

42. atala

Txiribogan zegozela gertatu beste jakingarri batzuez.

Isildu zen, bada, Gatibua, eta On Fernandok honela esan zion:

Kapitain jauna, egiaz, kondaira osoa bezain harrigarri eta era berean era berri izan duzu jaulkiera bera. Dena ederra bezain bakana, jazoeraz betea, nor edo nor liluratzekoa oro; eta honen pozik entzun dugunez, harri eta zur, noski, maiz, biharko eguna argitu arte entzuten egoiteko gogoa ukanen genuke, berriro berritarik hasiko bazenu.

Hau esan, eta Kardenio beste guztiekin bat, ahal zuten zer-nahitarako bere burua eskainiz mintzatu zitzaion, hain amoltsuki, egiazko hitzez, ezen, kapitaina guztiz gogotik askietsita geratu zela. On Fernandok, bereziki, berarekin, nahi balu, joaitea eskaini zion, bere anaia markesa Zoraidaren bataioko aitabitxi eginen zuela eta berak, bere aldetik, gomondu eginen zuela, haretarakotu nola-nahi, behar bezala itzul zedin bere aitaren herrialdera, bere mailako norbaiti dagokion eran, hots, eraz eta nagusitasunez. Gatibuak adeitsuki eskertu zien, baina ez zuen onartu nahi izan inoren eskaintzarik, zabalarren ere.

Gaua hurbil zen, eta gaututakoan, zaldizko batzuekin gurtitxi bat iritsi zen. Ostatu eske jin eta etxeko andereak toki izpi bat ere ez zegoela jakinarazi zien, zehe bat baizik ez.

Horrenbeste nahikoa – esan zuen zaldiz etorritako bietarik batek –, ez du gehiago behar hemen datorren Entzulariak.

Izena entzun eta batera, ostatari-anderea asaldatu zen oso, eta esan zuen:

Jauna, oherik ez egoitea, ordea; baldin Entzulariak badakar, ekarri ohi bezala, sartu ordu onean, neu eta senarra geure logelatik at geratuko gara eta, berori egokitze aldera.

Bai, ederki – esan zuen ezkutariak.

Honakoxe berriketan ari zireino, gurtitxitik gizon bat atera zen, janzkera halakoxea eta lanbide handikoa zela erakusten zuen: soineko luzea, mahuka edo ukorde kiribildu antzekoa; eta, otseinak aditzera eman bezala, entzulari zela esan beharrik ez. Eskutik neska gazte bat zekarren, hamasei bat urteko edo, biderako jantzidun, lirain, sendo, eder, hango guztien begi-gozagarri; hain zen honelakoa, ezen, berdinik eta are antzekorik inon aurkitzerik nekez egon litekeela eritziko baitzioten orok, txiribogan bertan Dorotea, Luszinda eta Zoraida izan ez balira. Hantxe On Kixote, Entzularia neskarekin sartzerakoan, eta ikusi zitueneko honela mintzatzen hasi zitzaion

Ondo ustez sar daiteke berori, eta ibil gaztelu honetan; mehar eta gaizki egokitua bada ere, ez dago lurbiran ezerosorik ezer iskilu nahiz hizkientzat ezleku denik; areago, gainera, iskiluok edota hizkiok eder baldin badute aitzindari eta bidegile, berorrek hemen neska gazte eder hau dakarren antzo, beroni abegi egitearren gazteluak ireki ez ezik, harkaitzak bazterrera, mendiak erdibi eta apaldu ere egin behar baitira. Sar bedi berori, paradisu honetan, atsegin-baratz honetantxe diot, eta berorrek dakarren zeru horren ondoan hemen izarrekin eguzkiak aurkituko ditu; iskiluak gertu-gerturik dituzkeen era berean, hemen goien-goieneko edertasuna ere gertu.

Entzulariak entzun eta txundituta, so egin zion, begi eman ahala behatu, eta hitzak harrigarri eta kaizua harritzenago zitzaion; zer erantzun ez zekiela zegoenean Luszinda, Dorotea eta Zoraida ikusi zituen eta liluratu zen; zertara ziren etorriak esan bage doa, zeren, aurretiaz, etxeko andereak arrotzen etorreraren hiralgoarekin batera neskaren edertasunaren berri ere eman baitzien, eta ikustera, noski; On Fernandok, Kardeniok eta Apaizak, bestalde, opa apatzago, gisatsuagoak egin zizkioten. Nahasi zen, bada, Entzularia, hala zekusanagatik nola zentzuenagatik, eta ostatuko ederrek neska gazte ederrari ongietorria eman zioten. Azkenean, Entzularia ongi ohartu ere ohartu zen han zegoen jende guztia goi-goikoa zela; baina, On Kixoteren kaizua, begitartea, zerdentasuna, bere luzanga, higart jas hura, nahasgarri zitzaizkion; harrera onaz gero, opaz opa irago ondoan, ostatu-etxea ikertu zuen, egokiaren bila edo, eta lehen aginduta bezala egin zen: emakumezko guztiak sabaiko gelara, gizonezkoak, berriz, ataldean geratuko ziren, zaindari laso. Honela, beraz, Entzularia pozik, bere alaba, neska alaba baitzuen, hango emaztekiekin joaitean, bere gogara joan zelako; eta, txiriboginaren ohe meharreko zati bat, batean, eta bestean Entzulariak zekarrenaren erdia ipiniaz gau haretan uste baiño hobeki alogatu ziren, egoki-egokiro.

Gatibuak, Entzularia ikusi zuenetik, bihotza pilpiraka, bere anaia ote zen susmatu zuen, eta aialdeko zetozen morroe haietako bati galde egin zion ea nor zen eta ba al zekien nongoa. Juan Perez Viedmako lizentziaduna zeritzola erantzun zion otseinak, eta Leongo Mendietako herri batean sortua zelakoa entzuna zuela zehaztu zion. Honegaz bat egin zuen susmoa berretsita, harako hura bere anaia zela uste ez ezik etsi ere zuen; aitaren aginduz edo aholkuz hizkien bidea hartu zuen huraxe, hain zuzen. Pozez gainezka jarri zen, dei egin zien, bazter batera, On Fernando, Kardenio eta Apaizari, eta Entzularia bere anaia zela jakinarazi zien. Morroeak esanik bazekien Indietara entzulari ihardutera zihoala, Mexikoko Entzutegira xa; neska, berriz, alaba zuela eta ama erditzean hil zela jakin bezala arazi zien; alaba etxean eta hura aberats okitua, beraz. Nola erakutsi behar ote zion bere burua anaiari, edo erakutsitakoan, hain txiro ikusita, hain behartsu, anaia gaitzituko ote zitzaion, edo, aitzitik, bihotz-bihotzez hartuko ote zuen, aholku eske hasi zitzaien.

Utzi niri ikerketa hori egitea – esan zuen Apaizak – ; ez da, zertan uste izan, bestainez, Kapitain jauna, gaizki hartua izanen zarenik, oso ongi baizik; zure anaiak ez dirudi harro ez esker-gaiztoko, itxuraz zuhur bezain ausarta eta asturuaren nondik-norako guztiak non, noiz eta nola doi-doi asmatzen al dakiena duzu.

Horrela eta guztiz bere – Kapitainak – neure burua ezarian legez, ostu-ostuka legeztxe, erakutsi gura neuskio.

Esanari nagokio – Apaizak atzera – , neronek eratuko dut, dena ondo gerta dadin eran.

Abaria gerturik zegoen, denak mahai inguruan eseri ziren, Gatibua eta andereak izan ezik, abari-legea beste gela batean egin baitzuten. Abaldu bitartean, Apaizak hitz egin zuen:

Nik banuen, Entzulari jaun, Konstantinoplan, hainbat urtez gatibu egon nintzenean, lagun bat, berorren abizena zuena; bihoztuna laguna, espainiar oinezkoen gudaroste osoan gudari kapitain ausartenetarik; zoritxarrekoa, ordea, kementsua zen hein berean.

Nola zuen izena kapitain horrek, ene jaun? – galdetu zion Entzulariak.

Rui Perez Viedmako zeritzon – Apaizak erantzun zion – Leongo Mendietako herri batean sortua zen. Bere aita eta anaiekin gertatu zitzaiona jaulki zidan, eta egiazko gizona zela-eta nengoelako sinetsi egin nion, bestela, sinisteak lan zuen, neguko sutondoan atsoek, artaburua eskuetan legez, aletu ohi dituzten ipuin horietariko beste bat zela uste izanen bainuen. Aitak ogasuna bere hiru semeen artean banatu zuela esan zidan, aholku on batzuekin bat, Katonenak baino onu hobeez gain. Gudura joaitea erabaki zuenari halabeharrak lagundu ziola badakit, eta urte guttiren buruan, kementsu eta zangar izanki, onbidea beste besorik ez zuela, kapitain izaitera heldu zen, oinezkoena, eta laster landa-buruzagi izaiteko bidean edo aukeran. Halabeharrak, ordea, bidea aldatu zion, okerreko bidetik eroan zuen, usterik guttienean, eta bertan galdu zen, non eta Lepanton, hai zuzen ere, hainbatek eta hainbatek askatasuna irabazi zuten egun zoriongarri haretantxe, berak galdu egin zuen. Nik Goletan galdu nuen, eta gero, nondik edo handik, Konstantinoplara iritsita elkartu ginen. Argelera jo zuen, geroago, munduan inoiz gertatu izan denik harrigarriena gertatu zitzaion lekua bera.

Aitzina joan zen Apaiza eleketan, eta laburzki, Zoraidarekin anaiak izan zuen gertakaria jaulkitzeari ekin zitzaion; Entzularia adi-adi entzule inoizkorik erneen. Frantsesek batelean zetozen kristauak bipildu eta murriztu zituzteneko haretara arte iritsi zen, jaulkieran Apaiza, eta zein behartsu, laguna eta neska mairu ederra zein oroz bageturik geratu ziren azaldu zien; harez gerokoa zertan amaitu zen ez zekiela, nora joanak ote, Espainiara helduko ote zirenetz, ala frantsesek Frantziaratu ote zituzten ez zekiela esan zien.

Apaizaren hitzaldia aditzen, handixe urruntto ez, Kapitaina, eta bere anaiaren edozein zirkini beti begi-begira; berau, Apaiza jaulkitzen amaitzear ari zenean, hasperen sakon bat eginaz, begiak bustirik, mintzatzen hasi zen:

Oi jauna, jakingo bazenu zer-nolako berria eman didazun, eta zein niri atxekia den hori guztia, uler zenezake zer dela eta daridan negarra begi bietatik, ni neurez zuhur bezain men eta gorgotsa izan arren ere! Diozun kapitain kementsu hori nire anaia nagusia dut. Ni eta gure beste anaia txikerra baino sendoagoa zenez gero, goragoko asmoak ere zituenez gero, gudagintza hautatu zuen lanbide edo ihardukuntza duin eta ohorezko; gure aitak aukeran ezarri zizkigun hiru bideetarik bata horixe baitzen, zure lagunak, antza, aditzera eman zizun arauera. Ni hizkien bideari jarraitu nintzaion, eta nakusazun maila honetara Jaungoikoari eta nire neure azkartasunari esker igoa nauzu. Anaia ttikia Pirun dago, aberats okitua. Esaera zaharrak emok buruti dukek errada dion arren, bai aitari bai niri harakoan eraman zuena baino askoz gehiago, ugariago, bidali digu handik hona; behar beste eta asetzeko adina bihurtu digu; aitari, berez eskuzabala bada, "erein" edo "eralgi" ahal dezakeen baino askoz oparoago eskuratu dio; ni neu, nagoen tokia iristeko, ikas eta neure burua janzten, erosoki bezain eraz ibili ahal izan naiz, harek emanari esker. Aita oraindiokarren hiltzorian bizi da, bere seme nagusiaren berri jasotzeko egarriz, eta Jaungoikoari eske zaio, otoitzik otoitz, begiak betiko itx diezaizkion baino lehen bere semearenak bizirik ikusteko zori ona ekar diezaion. Harritu zait niri, bai, ostera, hain zentzuzkoa izanik, hainbat neke eta atsebagealdi, hainbat joan gora eta etorri behera, hainbat jazoera gozo-mikatz eroanez gero, nolatan ez dion bere aitari horren guzti horren berririk eman edo bidali; beronek edota gutako beste batek jakin izan bagenu, ez zukeen, ez, kainaberaren beharrik izango, askatasuna erostearren. Buruan darabilt, bai oraintxe, eta bildurrak nago, ea frantses haiek askatua ukanen ote duten ala, euren ohointza, lapurreta doilorra estaltzeko hilgo ote zuten. Hauxe bai dudala! hasi eta hona arteraino joataldi gozagarri izan dudan hau, hemendik harakoan ilun eta kaden, bihotza hilik bezala, egingo baitut. Oi ene anaia zintzoa, aineki non ote hagoen, hire bila joateko, hire nekadura guztietatik jaregin ahal bahindut, nire nekeen nekez balitz ere! Oi nork hire aita zaharrari berririk eroan, bizirik hagoela esateko, Berberiako ziegarik sakonenetan bahengo ere, bertotik, aitarenak eta nireakaz batera gure anaiaren hain ugariak diren aberastasunek askatu baihaukete! Oi Zoraida eder eta emankorra, nork ordain liezazuke nire anaiari egindako ongia! Oi zure arima berriaren jaiotzean, eta hain denontzako atseginbide zabala izango diren ezteguetan egon ahal litekeenaren bizipoza!

Honelakoak eta antzekoak esaten zituen Entzulariak, anaiaren berri jasoaz errukiz beterik, eta entzuleak oro berarekin tamalaz bat eginik. Apaiza pagu zen, alaitto, bere asmoa ongi eta onik gertatua, Kapitainak nahi bezalaxe, eta ez zuen hango guztiak luzaroan goibel egoiterik nahi; mahaitik jaiki zen, Zoraida zegoen gelara sartu, eskutik hartu zuen, eta gibeletik Luszinda, Dorotea eta Entzulariaren alaba jin ziren. Apaizak zer eginen Kapitaina begira zegoen, eta zer egin eta beste eskutik hartu, biak albo banatan, beraz, Entzularia beste zaldun eta jaunekin zegoenera joan zen eta honela esan:

Begoz, Entzulari jaun, berorren malkoak, ater bedi jarioa, honatx, berorren gogoak irriki dezakeen ongienik onena, hona hemen aitzin-aitzinean berorren anaia eta berorren arrebatzako zintzoa. Hementxe agerian dagoen hau Viedma kapitaina da, eta beste hau hain onura handia egin dion mairu ederra. Frantsesek, esan bezala, horrelako esturan jarrarazi zuten, ororen behar gorrian, eta orain da ordua berorren bihotz zabala agerira ager dadin.

Kapitainak besarkatzera egin zuen, anaiak bere esku biak bularrean ipini zizkion, begiz begi urrunttotik so egin nahian, eta ezagutu zuenean, azkenik, estu-estu hartu zuen besoen artean, pozez gainezkako malkoak zerizkiolarik, hantxe ikusle zegozen guztien ere begiak txortaka hasiaraziz.

Ezin esanezkoa, are ezin idatzizkoagoa, hitzez ez bederen, anaiek elkarri erakutsitakoa, erakutsi zizkioten bihotzondoko amoltsuak. Hantxe, ele guttiz, gora-behera guztien berri elkarri, hantxe anaien arteko adiskidetasun berretsia, hantxe Entzulariak Zoraida laztandu zuen, hantxe bere ondasunak eskaini zizkion, hantxe bere alabari besarka zezan agindu zion, hantxe neska kristau ederra' mairu eder-ederrarekin bat eginik ikusteaz orok negar pozgagarria egin zuten. Hantxe bertan On Kixote, erne, hitz egiteke, hango gertaera harrigarri guztiak buru-barruan erabili zerabiltzala, ibiltarien zalduntzako ametsetatik sortuak zirelakoan. Hantxe itunduz Kapitaina Zoraidarekin Sibiliara anaiagaz batera joaitea erabaki zuten eta aitari haren berri eramaitea ere bai, jakin zezan, ahalik lasterren, semea bizirik eta askatasunean aurkitua izan zela, eta, ahal bezala, Zoraidaren bataio eta ezkontzara etor zedin; Entzulariak ezin baitzuen bere bidea aldatu, harik ilbetera Sibiliatik Espainia Berria zeritzoten uraz harandiko lurraldera ontziteria bat itsasoratuko zela jakin zuenez, eta joataldia huts egiterik ez zuen inola nahi. Azkenean, denak pozik, Gatibuaren bukaera onagatik alai; eta gaua erditik aitzina zihoalako, goiztu artean, atseden pixka bat hartzea erabaki zuten. On Kixotek gaztelu-zaintza egiteko bere burua eskaini zien, erraldoiren batek edo beste ibiltari gatazkoiren batek edo batek erasoko ote zion beldurrez, gaztelu uste zuen haretan gordeta zegoen edertasun-altxor handi haren gutiziaz aiherturik. Ezagun zutenek eskerrik askoka erantzun zioten, eta, bidenabar, Entzulariari On Kixoteren kasketaldiaz ohartaraziz ez zioten hari irribarre gutti eragin. Santxo Pantza bakarrik han atsedenera bat-banakatzen ez zirela eta berantetsita, azkenean bera bakarrik besteak baino hobeki jarri zen, asto-tresnen gainean etzanez, (geroago tresnon ordain garestia zehatuko dut), eta beste guztiak, emakumezkoak euren logelan, ahalik ongien egokitu ziren, On Kixote izan ezik, berau, hitz eman ziena legez, ostatuetxetik atera baitzen, gaztelu-zaintza egiteko.

Egunsentia baino lehenttoago, ahots zoli bete bat entzun eta emakumeak adi, Dorotea esna zegoen eta bereziki, ondoan lo zetzan Entzulariaren alaba, Klara Viedmako izena zuena, itzarri ez zen, eta inork ezin igarri nor zen hain ondo abesten zuena, ahotsa bakarra izanki gainera, ezein tresnarik ez lagun. Larrainean ari zela iruditzen zitzaien, batean; bestean, zalditegian zela, non-nor ote zen zalantzan eta Kardenio ate ondora eta mintzo:

Lo ez dagoenak bentzu, aditu; mandamutil baten ahotsa da, liluragarria txit.

Badantzugu, jauna – erantzun zion Doroteak.

Joan zen Kardenio ate ondorean, eta Doroteak, adi baiño adiago, xaramelak zer zioen ulertu zuen, hauxe, hain zuzen