On Kixote Mantxako

49. atala

Santxo Pantzak bere nagusi On Kixote jaunarekin egin zuen hitz-aspertu zogiaz.

Ai – esan zuen Santxok – Harrapatua dut: horixe nahi nuen jakin, gorputz eta arima. Betor hona, jauna, ukatu ahal luke berorrek hemen-hor ohiz erraiten den zer hau, inor ongi ezean denean: " Ez dakit zer duen urliak, ez jan, ez edan, ez lo egin, ez galderei erantzun, ez baitu egiten, sorgor dagoela, beraz, sorginduta dagoela dirudi?". Hemendik, bada, garbiki ondoretu ahal da, ezen, jaten ez duena, ez edaten, ez lo egiten, nik erran bertze zera berez egin beharreko horiek ere egiten ez dituena, sorgindurik dagoela; baina, ez ordea, berori bezala, horren gale dena, emaiten dioten guzia edaten duena, dadukan guzia jaten duena, eta galdetzen edo itauntzen dioten guziari erantzuten diona.

Egia diok, Santxo; alabaina, sorginkeria mota batzuk dagozela esan diat, eta garairik garai, urte batetik bestera, aldatuak izan litezkek, bata bestelakatua, den beste ere; eta orainaldian, lehengo aldietan ez bezala, sorgindutakoek nik egiten dudan hori guzti hori egiterik gerta daitekek. Garaiak aldatzen dituk, bai, eta sasoian sasoikoa bezala, beraz, ez duk zertan hortik ondorerik atera. Nik bazakiat, neure baitan zakiat, sorginduta noana, eta honenbestez aski diat neure gogo-bihotzarentzat; nahiz gogoan nahiz bihotzean zimiko mingarria hartuko nikek sorginduta nagoela uste izanen ez banu eta, honela ere, kaiola honetan nagi eta koldar egoiten utziko banio neure buruari; oraintxe bertan, non-nahi, nire laguntzaren eske eta beharrean hainbat behartsu urgaztera joan nakion zain dagokeen bitartean.

Bada, horrela eta guziz ere – ihardetsi zion Santxok – , on litzateke, bai, berorrek kaloia horretatik irteiten ahaleginak eginen balitu, jakitearren bada ere, nik neure indar guziaz erraztuko diot hori egiten, gartzelatik ateratzen lagunduko alegia, gero, berriz ere, Rozinanteren gainera igo dadin, berau ere sorginduta bezala soraio antzean, kopetilun eta goibel doa, eta hori eginik, berriro, arriskuen bila joan gaitezen. Asmo hau ongi agitzen ez bada, atzera kaloiara bihurtzeko astia izanen dugu, eta zin dagiot, ezkutari zintzo legezkoa naizenez, nerau ere berorrekin batera sartuko naizela; baldin eta berori hain ondikozkoa eta ni honen inozoa bagina, nik asmatu xede hau ongi ez burutzeko.

Bai pozez eginen dudala hik dioana, Santxo anaia! Kaiolatik ateratzeko zoria ekusten duanean, askatasuna agitzeko abagadunean, hik esandako guztia nik eginen diat, guzti-guztia; baina, ekusiko duk, Santxo, nolatan hagoen oker, nire zoritxar honetaz den bezainbatean.

Txor-txor ari ziren, horrela, zaldun ibiltaria eta ezkutari ibiltari txarra, harik eta Apaiza, Kalonjea eta Bizargina zamarietatik jaitsita itxaraiten zegozen lekuraino iritsi ziren arte. Itzainak idiei uztarria kendu zien, bakarrik aske larre gozo-hezean beren nahierara utzi zituen. Lekua zinez gozoa zen, ez, beharbada, On Kixote bezalako sorgindu batentzat, baina bai bere ezkutaria den bezain zintzo eta urguri batentzat. Apaizari otoika eskatu zitzaion bere nagusia, apur baten, kaiolatik ateratzeko, bestela kaiola barru haretan hainaren mailako zaldun baten araztasunari dagokion garbitasunik egonen ez zela eta, Apaizak berehala ulertu zion, eta baietz erantzun, eskatu bezala eginen zukeela, gogo onez egin ere, baldin, beldur ez balitz, zera, haren jauna, bere burua askatuta ikusi orduko, bereak eta bi egiten hasiko ez ote zen, eta inoren begietatik urrun ihesi joanen ote .

Ihes eginen ez duelako berme nauzu ni – erantzun zion Santxok.

Ni ere bai, erabat – sartu zuen hitza Kalonjeak – , eta are berak bere zaldun-hitza emaiten badit areago, guk nahi izan arte gurengandik aldenduko ez dela hitz emanez gero.

Bai, hitz emaiten dut – dena entzuten ari zen On Kixotek erantzun zion – ezin bestela gainera, ni bezala sorginduta dagoenak ezin du bere buruaz ere nahi duena egin, sorgintzaileak' dagoen lekuan hiru mendez inora bagerik egonarazi ahal duelako, eta ihes eginez gero ere hegan itzularazi ahal du.

Eta gehiago ere esan zien, esaten hasita, askatu egin zezaten, ororen onerako izanen zela esan zien; eta askatu ezean arranguraka eginen zuela, eta bertarean alde egiten ez bazuten, berehala, usaimena nahasiko zitzaiela ere esan zien.

Kalonjeak eskua hartu zion, lotua egon arren, eta hitz onaren pean, uste onean, kaiolatik ateratu zuten, biziki poztu zen, kaiolatik at egin zuen lehenbizikoa nagiak ateratzea izan zen, soin-atal guztiak zabaldu zituen eta Rozinanterengana joan zen, hanka-mokorretan zartadatto bi eman eta esan zion

Oraindik Jaungoikoarengan eta bere Ama Dohatsuagan sinets eta uste handia dut, oi zaldietan gaina eta bikaina zaren hori, laster biok nahi dugun eran hartuko dugu elkar: zu, zeure nagusia bizkar gainean duzula, ni zure gainean, Jaungoikoak munduratu ninduenean eman zidan langintzari ekiten.

Esan eta On Kixotek Santxorekin, handik urruti antzera, bazter batera jo zuen; arinttoago itzuli zen eta bere ezkutariak agintzen zion guztia agitzeko, gauzatzeko alegia, inoiz baino gogotsuago.

Kalonjea begira zegokion, haren zoroaren handiaz harritua, eta harrituago hizketan nahiz galde-erantzunetan adimen on-oneko gizona zela erakusten zuelako; onerean atera, maiz esana dugun bezala, soilik zalduntzaz aritzean ateratzen zen onetik. Halaxe zegoela, bada, errukiaren errukiz, denak belartzan eserita janaria noiz helduko zain zegozela, Kalonjeak esan zion:

Ba ote daiteke, kapare jauna, zalduntza-liburuen irakurtze nagiak berori halakatu izana, burutik hala eginarazi izana, sorginduta dagoela sinetsarazi arteraino, eta honelakotsu besterik ere burutara sartzeraino, egiatik gezurra bezain urrun dagozen sineskeriak guztiak? Baina, nolatan sar ote dakioke inori burutara, adimen pixka bat izanez gero, inoiz lurbiran hainbeste Amadis, eta hainbeste zaldun ospetsu, hainbeste Trapisondako Enperadore, hainbeste Felixmarte Hirkaniako, hainbeste zaltzain, hainbeste neska gazte ibiltari, hainbeste herensuge, hainbeste mamu eta bidutzi, hainbeste erraldoi, hainbeste jazoera harrigarri, hainbeste sorgin eta belagile, hainbeste borroka, hainbeste eraso izugarri, hainbeste adore handiko gizon, hainbeste printzesa maitez mindurik, hainbeste ezkutari konde bihurturik, hainbeste epotx barregarri, hainbeste eskutitz, hainbeste limurkeria eta maite-mintzo, hainbeste emazteki ausart, eta, guztira, hainbeste eta hainbeste gertaera zein gertakizun zentzubage, sineskaitz eta guztiz ezinezko egon daitekeenik, halakoxe liburuetan, orrialdez orrialde, agertzen diren bezala? Nik honelakoak irakurtzean, dena gezur dena huskeria dela gogoratzen hasi baino lehenttoago, poz pittin bat hartzen dut, baina, benetan gezur eta huskeria huts besterik ez direla ohartutakoan, dzart, eskutik aurtiki eta bazterrera ohiltzen ditut, eta ondoan sua bada sutara egozten ditut, part!; erretzea merezi dute, bai, gezurti iruzurgile txuriak dira eta; behar-ez-den-keria baino ez dute asmatzen, bizimodu berriak irudikatzen, sekta berriak sorrarazten, eta jendexkila arrunt ezikasiak hainbat ergelkeria sinesten du, erokeriak egiatzat hartzen ditu, izan ere, antzetsu irudikatuak izaitea gero!. Eta ausarkeria ere galanta dute, horraitio, kapare gurbil odolgarbien buruak eta gogoak nahastera ausartzen baitira, berorri egin diotena, horratx, adibide garbi-garbia, kaiolan sarritxi beharra izaiteraino halakatu dute berori; eta hementxe ekarri behar izan dugu idi-gurdi gainean, lekuz leku, jendeari erakusteko, batzuek, diru bila, eroaiten dituzten lehoi edo tigreen antzera ekarri behar izan dugularik. Ea bada, On Kixote jauna, erruki bekio berorren buruari, izan bedi zuhur, eta zeruak eman dion zuhurtasun horrezaz erabil beza berorren adimendu ona beste gauza batzuk irakurtzean, gogoaren onurarako eta berorren ohorearen handitzerako! Eta, honez gero, oraindik, halakoak, zaldun eta egitandi larrien liburuak irakurtzeko jasa baldin badu, aiher bazaie halako liburuei, irakur beza Idazteuneko Epaileena, egia handia-handiak eta gertaera benetakoak bezain bipilak aurkituko ditu. Lusitaniak Biriatu ukan zuen, Erromak Zesar, Kartagok bere Anibal, Greziakoa Alexander Handia izan zen, Gaztelan sortua Fernan Gonzalez Kondea, Balentziakoa Zid, Andaluziak Gonzalo Fernandez ukan zuen, Extremadurak Diego Gartzia de Paredes, Xereztarra Gartzi Perez de Vargas izan zen, Toledon jaio zena Gartzilaso, Sibiliakoa Manuel de Leon izan zen, bada, hauen guztion egite handi, gaitz, larri eta bihoztunak ikasgai eta irakasgarri dira, adimenik oneneko burudun askorentzat harrigarri bezain alaigarri dira, badute zer irakatsi, zer gozarazi, gogo pizgarri eta bihotz pozgarri dira. Honelakoak bai berorren neurriko irakurgaiak, ene On Kixote jaun nirea, adimenduna da eta historia ikasiko du askojakina izaiteraino, onbidearen maitekor izanen da, ontasunean aditua, ohitura hobekoa, ausarti izan bage bihoztuna izanen da, bipila bai kikila ez, eta hau guzti hau, Jaungoikoaren izena goresteko, berorren onerako izanen da, eta bai Mantxaren osperako ere, zeren, dakidanez, hor berorrek etorki eta erroak baititu.

Erne baino erneago zegoen On Kixote, hauek, Kalonjeren arrazoiok aditzen; eta amaitu zuela uste izaitean, gesu luze baten begira-begira egon eta gero, honela mintzatu zitzaion:

Berorren hitzaldiak, iruditu zaidanez, handiki jauna, aditzera eman nahi izan dit, oker ez banago, ez dela inoiz munduan zaldun ibiltaririk izan, zalduntza-liburu guztiak gezurtiak direla, gezurrezkoak, kaltegarriak eta erresumarako ezerezak direla sinetsarazi nahi didala iruditzen zait; eta irakurtzea gaizki egin dudala, eta gaizkiago sinestea, eta are gaizkiago ere haien antzeratu nahi izaitea, zaldun ibiltarien bizibide gogor-gogorrari, latzari lotu natzaiolako, liburu horietan bereziki ikasi dudan eran; lurbiran Amadis izan ez dela sinetsarazi nahi dit, ez Gaulako ez Greziako, ez irakurgai horietan erruz eta usu agertzen diren beste zaldun guztiak ere izan ez direla.

Horixe, berorrek dioen bezalaxe, hitzez hitz, horrelaxe da – esan zion Kalonjeak.

On Kixotek honela erantzun zion:

Halako liburuek kalte larria egin didatela ere esan du, gainera, berorrek, burua nahasi didatela eta kaiolara ekarri nautela, eta aldatzea hobe nukeela, eta beste irakurgairen batzuk irakurten hasteko ere esan dit, egiatiagoak diren beste batzuk, alaitzeaz batera zerbait irakasten dutenak, bereziki.

Bai, horixe – erantsi zion Kalonjeak.

Bada, nik – On Kixotek esan zion – neure baitan, zentzubagea eta sorgindua berori delakoa dut, horrenbeste gaitzesan eta hitz lohi egin baitu munduan han ongi hartua den iharduera ohore handiko baten aurka, hain egiazkotzat hartu dena, eta hau uka dezanak, berorrek ukatu duen bezala, zigorra merezi du, berorrek halako liburuak irakur eta nardagarri eritzita emaiten omen dien zigor berdina. Amadis ez dela izan inoiz lurbiran, gure kondaira guztiak bete-betetzen dituzten zaldun arriskuzaleak ere izan ez direla inori sinetsarazi nahi izaitea, eguzkiak argi egiten ez duela esatea bezalaxe dateke, izotzak hotz egiten ez duela, lurrak gu jasaiten ez gaituela esatea; izan ere, zein burudun egon ote daiteke lurbirako inon sinetsarazi edo buruan sartu nahi dionik beste inori egia ez zela, esaterako, Floripes erretalaba eta Borgoñako Guyren artekoa, Fierabrasena eta Mantible zubikoa, Karlomagnoren garaian gertatu zena, oraintxe eguna den bezain egia dena? Zin-zinez. Eta horretan gezurra esan badute, Hektor ere izan zena gezurra dateke, Akiles zena ere bai, baita Troiako gudukoa ere, Frantziako hamabi Pareena zer esanik ez, Ingalaterrako Arthur erregearena ere gezurra, noski, berau oraindik orain bele bihurturik hor nonbait ibili baitabil, bere erreterrian aurki agertuko dela-eta zain dagozkiolarik. Guarino Zekenaren kondaira ere gezurra dela esatera ausartuko dira, bai, Grial Santuaren bilaketarena ere gezurra, On Tristan eta Iseo erreginaren arteko maite-jokoak alegiazkoak direla esanen dute, Ginebra eta Lanzaroterenak ere inork asmatutakoak direla, eta izan ere, oraino bada norbait, Kintañona anderea ikusia gogoan duena edo uste duena, Bretainia Handian inoiz bizi izan den ardo-isurlerik hoberena izandakoa. Hau honen honela da, ezen, oraindik gogoan dut, nire aitaren aldeko amona zenak, halako etxandere xahar antxeko bat buru-zapidun ikusten zuenean esaten zuela: "Hango hak, ene birloba, Kintañona etxanderea dirudi". Honetatixe, noizbait ezagutu zuela antzemaiten diot, edo, agian, haren irudiren bat edo ikusia ukanen zuela. Bada, nork uka dezake egiazkoa denik Pierres eta Magalona totilaren kondaira?; oraindik Erregeen iskilutegian Piarres ausarta hegan zihoan zurezko zaldiari bihurrarazteko erabiltzen zuen kabila dago, gurtiguna baino handittoagoa dena. Kabilaren ondoan Babiekaren astraka dago, jarraulkia hots, eta Orreagan Errolanen adarra dago, haga handi baten neurrikoa: honetatik ondoretu ahal da hamabi Pareak bazirela, Piarres bazela, Zid bazela, eta antzeko beste zaldun batzuk ere bazirela, beren ibilkizunetara joaiten omen direnetakoak. Bestela, esaidazu Joan Merlo zaldun ibiltari lusitaniar bihoztuna egiazko ez zela, Borgoñara joan eta Ras hirian, Xarni, beste izenez musde Pierres jaun aipu handikoaren aurka borroka egin zuena, eta gero, Basilea hirian musde Endika Remestan-goari aitzi egin ziona, buruz-buruko bietan, batean eta bestean, garaitzaile gertaturik, ospez gainezka; eta zer esan, Borgoña berean, espainiar Pedro Barba eta Gutierre Kixada ordongoek burutu zituzten erronka eta elkar-jokoez -azken honen narekoa, gizonez gizoneko jatorriz, nauzu nerau- San Poloko Kondearen semeak garaitu zituztelarik. Uka iezadazu, bada, On Erlantz Gebarako Alemaniara borroka bila joan zela, meser Jürgen, Austriako Dukearen etxeko zaldunarekin garraka egin zuen haretan; esaidazu, era berean, Kiñonesko Sueroko atean zaldun-guduak txantxetakoak izan zirela, eta esan, isekazkoak izan zirela, holaxe, musde Faltzezko Luixek Gonzalo Guzman zaldun gaztelarraren aurka sustatu zituen ekitaldiak, eta zaldun kristauek burutu izan zituzten hainbat eta hainbat egitandi larri ere, hemengo erresuma hauetan eta herbesteetan eginak barregarrikeriak izan zirela, esaidaizu; hain egiazkoak, ben-benetakoak, izan ere, zirelako, ukatzaileak bururik ez gogo onik ez duela behin eta berriz ere esaten dut.

Zur eta lur Kalonjea, On Kixotek egiak gezurrekin nola nahasten zituen entzunez, bai, eta zaldun ibiltarien gaineko berriez, ekintzez eta halakoez zeinbat zekien ikusiz ere harrituta gelditu zen. Hauxe esan zion:

Ezin dezaket uka, On Kixote jaun, berorrek esandakotik zerbaitt egia denik, espainiar zaldun ibiltariena batik bat, eta, jakina, Frantzian hamabi Pareak izan zirena ere egia dela onartzen dut, baina, ez dut sinesten Turpin Artzapezpikuak aipatzen dituen guztiak haiek egin zituztenik; izan ere, egia hauxe da, Frantziako erregeek hautatu zaldunak izan zirela, eta "pare" izen hori, kopetaz bezala ahalmenaz eta garrantziaz berdinak zirelako eman zietela, eta, ez baziren, izan behar zuten, bederen, eta, erlijio-bide antzeko bat osatzen zuten, egungo Santiago edo Kalatraba direlakoen antzekotsua edo, honelakoetan sartuta dabiltzanak, nolabait kide direnak, zaldun adoretsu, bihoztun eta odolgarbikoak dira, edo izan behar dute, aurretiaz behintzat honela uste da; eta gaur-egun San Joango zaldunak edo Alkantarakoak esaten zaien bezala, behiala, Frantziako hamabi Pareetako zaldunak esaten zitzaien, erlijio honetarako hamabi zaldun berdinak baitziren hautatu hamabiak. Zid izan zela egia osoa da, Beñat Karpioko ere izan zela esan bage doa; baina egin omen zituzten egitsari handiak izan ote ziren zalantzak, eta handiak, dagoz. Besteaz, berorrek esan duen Pierres Kondearen kabilari buruz, eta Erregeen iskilutegian Babiekaren astraka ondoan dagoenaz, aitor dut, ene bekatua da, oso etxakina naiz, lausoa naiz edo ikusmen murritzekoa, eta astraka ikusiagatik ere, ez nintzen kabilaz ohartu, berorrek esan bezain handia izan arren.

Hantxe dago, bada, zalantzarik ez – iharduki zion On Kixotek – ; eta, gehiago jakitearren, txahal-larru baten barruan sartua omen dago, lizunak ez uherrak maskal ez dezan.

Baliteke – Kalonjeak berriro – ; baina ez zait ikustea oroitzen, zinez, hartu nuen eliz-janzkera honen gainean zin dagit. Baina, demadan hantxe dagoela; ez dut honegatik sinetsi behar horrenbeste istoriorik, ez hainbeste Amadisenik, ez hor nonbait omen dabilen horrenbeste zaldunenik, eta ez da zentzuzkoa , ez da batere egokia, berori-lako gizon zintzo izen oneko eta izan hobekoa eta buru onekoa denak zalduntza-liburuetan idatzita dagozen erabagekeria hain eroak egiazkoak direla sinetsi izaitea.