On Kixote Mantxako

50. atala

On Kixotek eta Kalonjeak izan zuten eztabaida zuhurraz, eta beste gertaera batzuez.

Hau dugu hau! – On Kixotek berriz ere hitza hartuz. Liburu horiek erregeen baimenaz irarrita dagoz, nor den handi bati opaetsiak dira eta hartzaileok onetsiak, ororen irakurgai gozatsuak dira, handi nahiz ttiki, dela aberats dela txiro, bai ikasi bai ezikasi, hala zaldun nola jende xume, azken baten, nolako edo nolako nordin, zein nahi den mota edo mailatakoa delarik ere, horien irakurtzean, euliak eztitara bezain pozez, adurra dariola dago. Gezurrezkoak ote, bada, beraz, hain egiazko itxura dutelarik, gainera, zehatz-zehatz, aita, ama, aberria, ahaideak, adina, lekua, eta egitandi guztiak, zaldunak eginikoak, egunez egun, xehe-xehe, azaltzen dizkigutenak? Bego isilik berori, ez egin birarorik, eta sinetsi begit niri, zuhurra den neurrian, hauxe diot aholku, irakurri begitza, eta irakurteaz gozatsutuko da. Bestela, esan: ez al da pozgarri, gure aurrean balego bezala aintzira bat ekustea, bikez bor-borka beteriko aintzira larri bat eta bertan igerian, hara-hona, hainbat suge, ziraun, musker, eta beste honenbeste piztia edo patari izugarri begiztatzea, eta aintziraren erditik ahots hits bat zera diona: "Zu, zaldun, nor nahi zaren ere, aintzira beldurgarriari beha zauden hori, ur beltz hauen azpian dagoen onura erdietsi nahi baduzu, izan zaitez bihoztun, murgil zaitez isurkai kiskalgarri eta beltzaren erdian; egingo ez bazenu, ez zinateke duin izango, urpe beltz hauen azpiko aldean dauden zazpi mendi-maldetako zazpi gazteluek gordean daduzkaten lilurakari gaitzak ikusteko" entzutea? Eta ez al da harrigarri, ahots lotsatia entzun orduko, zaldunak, bere buruari asko eragiteke, jar daitekeen galtzoriari begiratu bagerik, eta, are, bere iskilu astunak gainetik utzi bage, Jaungoikoari eta bere andereari zin eginda, dzanga! bol-bol-bol dirakien aintziraren erdira bere burua egozten du, eta, nora jo zer egin ez dakien unean, loreez apain-apain dagozen landa lilitsu batzuen erdian agertzen da, Eliseo daritzen harako haiek hurbiltzekorik ere ez diren heinekoak, diren bestean ere, eta gertatu gertatzea? Hantxe dagoela, ortziari gardenago daritzo, eguzkiak argi berri batez argitzen duela sumatzen du; begien aitzinean zuhaitz heze orritsuz ihaurritako basarte atsegina du ekus-opari, zeinbatu ezin ahala txoriño ñabarren txintak eta txio-txio zoliak belarrien gozagarri, abarrez abar urkusten ditueino. Hemen errekasto bat, lats mehe-mehe bat, aurkitzen du, ur hozpil garden distiratsukoa, honddar eta uharrixka txurien gainean zehar doana, urre-harri edo bitxi diruditenen gainean; hor, iturri eder bat harnabarrez eginikoa, haitzurdinez apaindua ekusten du; han, beste zatarttoago bat agertzen zaio, txirlarri eta barrraskiloen etxe txuri-holli biribilez eraikia, apaingarri antxean nahas-mahas ipinita, xuxenki okertuak bezala, tartean kristal puxka batzuk, leiar apur nirnirtsuak, martean esmeralda okerrak dituena, eta hantxe izadia gailen bada ere, antzeak, haren irudia itxuratuz, goia hartzen diola dirudi. Harago, ustebagean, gaztelu sendo gotor bat edo alkazar ekusgarri lerdenen bat ageri zaio, urre trinkozko harresiak dituena, harribiziz eginak inguru osoko hormortzak, topazarrizkoak ateak, eta, bera ere bere osoan miragarriki eraikia da, zein dituen osagai jakitea besterik ez dago bere egitura ederresteko, hots: harribizi, txingarri, errubi, harribitxi, urre, esmeralda...Eta, hau guzti hau ekusita, ba al da beste ekustekorik? Bada, bai, gazteluko aterean andereño multzo zabal bat jalgitzen baita, janzkera eder, apain, kriket hain polita, ezen, kondairetan azaltzen dizkiguten molde berean zehazkiro erakusten baneki, inoiz amaituko ez nukeela; eta jalgitakoan, haietarik nagusi antza duena, aintzira irakiten ari zenean murgildu zen zaldunari hurbiltzen zaio, eskutik heltzen dio, tutik esan ez eta darama, gaztelu edo alkazar aberatsaren barrurantz, amak bere haurra bezala erantzi egiten dio, larrugorritan ur epelez uiheltzen du, gero soin osoa ukendu lurrintsuez igurtziten dio, zeta-oihal mehezko alkandora urrintsuaz janzten du, eta, beste andereño bat dator sorbalda gainean mantu bat ipinten diona, ez, haregatik, edonolakoa, hiri baten edo gehiagoren balio adinakoa omen dena baizik. Eta hau baino ez balego ekusteko; baina, ez, gehiago ere bada: horrez guztiaz gero, beste ezkaratz batera daramate, mahaiak ipinita, txukun-txukun atonduak dakusatza eta harritzen zaio. Ura eskuetara isurtzen diote, anbare eta lore usainetatik iragaziz lurrindua. Boliz eginiko aulki batean eserarazten dute. Hor datozkio, isiltasun liluragarrian, andereño guztiak mirabe egiten. Hain dira jakiak gozo eta askotarikoak, hain eztiki sukaldatuak, jan-gogoak berak ere zeini heldu ez dakiela. Japitartean, nondik datorren nork dagien ez dakien xaramela dantzu. Eta, gero, oturuntza egindakoan, mahaiak jasorik, zalduna aulkian erdi-etzana, hortz-haginen torratzeari ohi bezala emana dagoenean, ezkaratzeko atetik beste andereño zatia ederrago bat, ezinago zirats bat sartzen da, zaldunaren ondoan esertzen, eta gaztelua zein-nolakoa den, bera ere nola bertan liluraturik dagoen eta halakoxe jakingai batzuk xeheki-xeheki azaltzen dizkio, zalduna guztiz txunditurik utzi eta kondaira irakurten ari dena bera ere liluratzeraino. Honetaz ez dut gehiago luzatu nahi, baina honetatik nahikoa ondorea atera daiteke, ezen, zaldun ibiltariren baten kondaira bateko zein-nahi zati irakurriz irakurlea liluratzen dela, atseginez beterik geratzen dela. Sinetsi begit berorrek, eta lehengo baten esan diodana legez, irakur bitza holako liburuak, ekusiko du nola ezabatzen dioten uzkurtasuna, eta nola, aldi berean, izaera bera ontzen dioten, baldin txarra badu. Nitaz den bezainbatean, zaldun ibiltari naizenaz geroztik, gementsu naiz, neurritsu naiz, eskuzabal eta bihotzandi naiz, ondo hazi eta hezitako, ausart bezain minbera naiz, gisatsu eta jasankor eta eginkizunetan eraman handiko naiz, gartzelaldia egonarriz eta sorginkeriak etsi onean eraman izan baititut; arestian, zoro banintz bezala, kaiola baten barruan itxita eduki banaute ere, badut uste, nire besoaren indarraz, zerua lagun, asturua ez gaitz, egun guti barru erresuma bateko errege jarriko naizela, nire bularraren barrenean gorderik dudan eskerrona eta oparotasuna erakusteko moldean: txiro denak ezin du inorenganako eskurik zabaldu, ezin dio inori ezer opa, egin nahi baleza ere, ezina ezin, eta nahikunde baino gehiago ez den eskerrona hutsala da, alafede, fedea bera ere eginik bage huts den bezala. Honegatixe, bai, halabeharrak ekarrita, laster enperadore izaitea nahi nuke, nire lagun guztiei ongia eginaz nire bihotzaren handitasuna erakustearren, Santxo Pantza gizagaixo honi batik bat, nire ezkutari izaiteaz gain, ludi osoko gizonik zintzoena da, eta, aspaldidanik eskainia diodan konderri bat eman nahi nioke; nahiz eta bere erresuma ondo jaurteko nahiko trebetasunik izanen ez duela uste dudan.

Santxok azken hitzok entzunda, hau esan zion bere nagusiari:

On Kixote jauna, ekin, bada, berori, ekin hori konderri hori niri emaiteko, berorrek eskainia bezain neronek igurikia; ondo jaurteko trebetasunik aski izanen dudala hitz damaiot; eta inoiz honen peitua sumatuz gero, ba omen dira munduan gizonak jaunen erresumak akuran edo hartzen dituztenak, maizter-nagusi antzera, urtekal hainbat sos emanez, eta jaurlari izaitearen erantzunkizuna, berorrek dioen eran erraiteko "ardura", beraien gain hartzen dute, jabe jauna alperrik eta nagirik etzanda egonean dagoen bitartean, ezeginean, besterik ez eta akuratik biziz; nik ere honelaxe eginen dut, eta ez dut ezeren ardurarik hartuko, ez axolarik ez antsiarik, dukea laso biziko naiz, errentatik noski, eta dagoenean bon-bon eta hor konpon Marianton!.

Hori, Santxo anaia – Kalonjea mintzatzen hasi zen – errentatik bizitzeari dagokionez, tira, baliteke; alabaina, justizia edo zuzenbideari eragiteaz den bezainbatean, erresumako jaunak bere esku hartu behar du, eta hemen ditu beharrezko trebetasunarekin zentzu ona eta sena, eta batez ere, ongi egitearen asmo zintzoa; hau berau hatsarretik ez badago, gero, gerokoak, erdialdekoak eta azkenaldekoak, okerrak dirateke, zeren, xumearen gogo onari lagun zaion bezala handikiaren xede gaiztoari etsai baitzaio Jainkoa.

Nik "pilosopia" horiek ez dakizkit – ihardetsi zion Santxo Pantzak – ; konderriaz jabetzen naizeneko jakinen dut, bai, nik nola jaurri; beste edonork adinako arima dut, eta gorputzez gehiena bezainbestekoa naiz, eta nire erresuman bakoitza berean bezain errege izanen naiz, eta izanez gero nahi dudana eginen dut, eta nahi dudana eginez gero neure gogara eginen dut, beraz, pozik egonen naiz, eta pozik egonez gero ez da zertan haboro edo gehiago tirriatu, eta, hontakoz, gehiagoren beharrik ezean, kito, bukatu da, amaitu da, neitu da, eta agur eta "adio", eta itsuak itsuari erran zion bezala "ikusi artino".

Ez dira "pilosopia" txarrak horiek, zuk erraiten duzun bezala, Santxo; baina, horrela eta guztiz ere, anitz dugu erraiteko konderriz eta horietaz.

On Kixotek hitza sartu zuen, ihardetsiz:

Gehiago esaterik ote dagoen ez dakit; Gaulako Amadis handiak emaiten didan ereduari narraio, soilik, bere ezkutaria Uharte Tinkoko konde egin baitzuen; honelaxe, beraz, nik Santxo Pantza kondetu ahal dezaket, barren-zimikorik bage, izan ere, zein-nahi zaldun ibiltarik inoiz ukan duen ezkutaririk onenetakoa da.

Kalonjea lur eta zur ("hamaika entzuteko jaioak gaituk, gero!" – zioen bere baitan – ) zur eta lur, On Kixotek esandako burugekeriak entzunik, Aintzirako Zaldunaren jazoera nola "margoztu" zuen ikusita, liburuetan irakurri gezur asmotsu haiek zer-nolako eragina izan zuten harengan, eta, bide batez, Santxoren kokolokeriaz harritua zegoen, nagusiak hitz emandako konderria eskuratzeko zein ekina gizona. Kalonjearen morroeak bazetozen, zamaria janariarekin eta iritsi bezain laster, larreko belar hezea zamautzat ipiniz mahaia atondurik, zuhaitz batzuen gerizpean eserita, jaten hasi ziren. Halako baten, zarata ozen bat eta txintxarri baten hotsa entzun zuten, sasien artetik zetorkiena, eta bat-batean, lahardirean irteiten ahuntz eder bat urkusi zuten, larrua nabarra, alde batean zuria bestean beltza eta arrea. Atzetik oihuka ahuntzaina, gelditzeko hitz arruntak eginez, taldera itzultzeko aginduak emanez. Ahuntz deslai iheslaria, izu eta ohil, hango bizidunengana hurreratu zen, babes bila bezala edo, eta bertan geldi. Ahuntzaina heldu zen, adarretatik oratu zuen, eta entzuteko nahiz ulertzeko gai bailitzan, honela mintzatu zitzaion

Ai, basoi, basoi, Nabarra, Nabarra, nolatan habil egunotan herrenka? Zein otsok ixutzen hau, alabatto? Ez al didan esango zer den, edertto? Zer ixango ba, zera, emea haizela, ezta; eta laxai egon ezin, ezta? Atx, hori dun hori, exinegona, hi eta hire irudiko guxtien mina! Itzul hadi, itzul, adixkidetto; poxikago egon ez arren, xainduago, bederen, egongo haiz eskortan, hire lagunekin; hi hauen buruxagi haiz, joaldun eta aurrettikoa haiz, eta horren arlote, okerreko bidetik bahoa hi, nola ebiliko dira haiek?

Hango entzule guztiak irribarretsu, ahuntzainaren eleketa entzunez, Kalonjea, batik bat, begitarte arrai eta esan zion:

Zure biziagatik, anaia, lasai zaitez, pittin bat, ez estutu horren azkar ahuntz hori eskortara itzularazten: emea da, bai, zuk esan bezala, eta bere senari darraio, zuk eragotzi nahi baduzu ere. Har ezazu otamentto bat, estutu, nahi baduzu, zahato hau, haserrea hoztearren bada ere, eta, bitartean, ahuntzak atseden hartuko du.

Hau esan eta sast! aiztoaren ziaz untxikiari haragi-mamulean sastada eman bat izan zen. Har eta ahoratu zuen, edan eta lasaitu zen ahuntzaina, eta mintzatzen hasi:

Ez nuke nahi, piztia honekin hola mintzatu naizelako inork ni erotzat hartzerik, nik esandako hitzok harrigarri xamarrak izanagatik. Baserritarra naiz, ez baina basaburutar ohil horietariko bat gizonekin gizalegez ele egiten ez dakienik, abereekin baino hitz egiten ez dutenetarik.

Sinesten dut, bai, ondo – esan zuen Apaizak – ; nik badakit, ondo jakin, mendietan ere legegizonak hazten direla, ahuntzain txaboletan, usu bai usu, jakintzale edo "pilosopoak" egoiten direla.

"Eskarmentu" handikoak, behintzat, asko bai, jauna – erantsi zion ahuntzainak – hastura eta ikastura handiko gizonak gu; eta egia hau sinets dezazuen, ukitu bezala egin dagizuen,inork deitu gabe etorri naizela dirudien arren, nahi baduzue, haserretzen ez bazaizue, entzun apur baten, ez naiz luzaz luzatuko, horrek (Apaizari begira) eta neronek esandako egia egiaz egia dela egiaztatuko duen zerbaitt esango dizuet eta.

On Kixotek erantzun zion:

Hau, zera hau, nire irudiko, zaldunen jazoeretik zerttobait, nik ez dakit zer, duelakoan, ni, neure aldetik, entzunean egonen natzaizu, anaia, gogo onez, eta hemengo gizon hauek guztiok ere berdin eginen dute, zuhurrak dira txit, eta, gainera, beti zerbait ikasigurakoak, guztiz ere, harrigarri, barregarri zein irakasgarri diren berri-goseak dira beti, eta zuk entzunarazi nahi diguzuna holakoxea izanen delakoa dut. Hasi, bada, adixkide: oro adi gaituzu.

Nik neurera – esan zuen Santxok – , ni latsaren ondora noa, opil hau eramanen dut eta hiru egunetarako aseko naiz; On Kixote nire nagusiari entzuna diot zaldun ibiltariren baten ezkutariak ahal duenean jan behar duela, jan ahala jan ase arte, zeren, gero, inoiz, halako oihan sarri zikin baten barrura sartu beharrean egon eta bospasei egunean bertatik atera ezinik gerta baitaiteke, eta gizona ase-beterik ez badoa, edo zorroak janariz ongi lodituak ez badaramatza, goseak hilik bertan, maiz gerta bezala, geldi liteke betiko, momia baten antzo haratustel.

Bai horixe, Santxo – On Kixotek – , hoa nahi duan lekura, jan ezak ahal duan guztia; ni ase nauk, arimari bazka emaitea besterik ez eta oraintxe gizon honen esankizunaz aseko diat.

Bai, horrelaxe orok eginen dugu – Kalonjeak.

Ahuntzainari hasteko agindu zion. Zapladatto bi eman zizkion honek ahuntzari bizkarrean, adarretatik heldua, eta mintzatu zitzaion:

Etzan hadi nire ondoan, Nabarra; sarobera itzultzeko badinagu astirik eta.

Ulertu zion, antza, ahuntzak, eta ugazabaren ondoan jarri zen, biak batera belarrean esertzerakoan; aurpegira so egiten zion, ea hizketan noiz hasiko zain egon bezala, eta honela hasi zen: