On Kixote Mantxako

51. atala

On Kixote zeroaten guztiei ahuntzainak adiarazi zienaz

Haran honetatik hiru legoatara baserri bat dago, ttikia izan arren ingurualde osoan dagozen aberatsenetako bat; eta bertan, nekazari zuzen bat, lugin alegia, zegoen; ondasunagatik baino are ontasunagatik zuzenago zena, aberats den ondasunari maiz ontasuna atxeki ohi bazaio ere. Baina, harek zioenetik dakit, alabak zoriontsu egiten zuela, gehienik, ezin ederrago, ohi ez bezain urguri, polit askoa eta askoz hobea zenak; halakoxea zen izan ere alaba, ezen, ezagutzen zuena eta begiratzen ziona, hain izaerak onez joria eta zeruak hain dohainez betea zuelako, harriturik geratzen zela. Neskatotan ederra izan zen, haziago eta ederrago, eta hamasei urteraz gero ezinago ederra zen. Ederraren hotsa non-nahi zabalduz joan zen, ihaurriz eta hedatuz inguruetako baserri guztietan zehar; zer diot nik inguruetako?, are urruneko hirietara ere iritsi zen haren ospea, eta erregeen aretoetaraino heldu zen, nondik eta nora nahi zen ere barraiatuz joan zen, ahoz aho, eta leku guztietatik haren ikustera etorten ziren, ezohikoa edota santu baten irudia behatzera bezalaxe. Aitak zaintzen zuen, eta berak bere burua zaintzen zuen; neska gazte baten zaintzeko ez dago, egon ere, giltzarrapo ez jagole edo zaintzaile ez itxitura hoberik haren beraren eratsutasuna baino.

Aitaren aberastasunak eta alabaren edertasunak hainbat mutil berotu zuten, bai herriko bai atzerriko, dendatu eta bizkortu zuten emaztetzat eskatzeko; aita, baina, hain bitxi aberatsaren ardura hartua zenez, nahasita zebilen, hainbaten arteko nori emanen ote zion erabakitzen uzkur. Haren atzetik, xoil nahitua, ni ere nenbilen, eta itxaropen handiak nituen aitaren ezaguna, herrikidea nintzelako, odol garbikoa, bestalde, ni, adinez neure onenean, sasoi betean, diruz aberats okitua ere neu, eta burua ondo baino hobeto jantzia nuen. Ni bezainbestekoa zen herriko beste seme batek ere haren galdea egin zuen, eta aita zalantzan, bata eta bestea balantzan haztatu behar, eta batarekin zein bestearekin, aitaren eritziz, alaba ondo egongo zen; beraz, bada, Leandrari jakinaraztea otu zitzaion -hauxe ni nekezian jarri nauen aberatsaren izena- zeren, biok ala biok berdintsuak ginela eta, onena bere alaba maiteari nahierara eta gogara hautatzen uztea baitzen; zuzen zegoen, bai, ene gardiz, guraso guztiek egin behar luketena egin zuen, ezkon-bidean dabiltzan semeei nahiz alabei bidea "erarekitzen" lagetzea alegia: ez dut esan nahi huskerietan edo zer kaxkarretan hautatzen uzteko, ez, baina, aukera onetan bai, eta onen artean onena hauta dezaten, euren nahitara. Nik ez dakit Leandrak zein bide ireki zuen, ez dakit zer erabaki zuen, badakit aitak, alabaren adin ttikia zela eta ez zela, hor ibili gintuela biok ala biok inora ezean, beti hala-holako hitzak eginez nahiz emanez, baina inoiz ere ez bere burua lotuz ez gu ere lokabetuz. Nire lehiakideak Anselmo izena du, niri Eugenio darizt; hona, gure zorigaitz eta harriabar honetako arizaleon izenak jakin ditzazuen, baina amaiera oraindik ez dago idatzita, hondamendi hutsa izango dela eta nago ni baina.

Egun haiekin, bertako nekazari txiro baten seme Vicente de la Roca herriratu zen; Italietatik eta beste leku batzuetatik, guda-mutil ibiltzetik zetorren. Herrirean, hamabi urteko zela, kapitain batek eraman zuen, bere gudari-samalderekin bertan zehar igaro eta mutiko harturik; berretorri zenean hamabi gehiago zuen, gudari antxean jantzia zetorren, margo nabarrez apaindua, kristalezko bitxiz betea, altzairuzko katea mehez "dotoretua". Gaur jai-jantzi bat bihar beste bat, beti printzel, margoz apain, argal eta arin. Nekazari jendea, berez malmutz edo maltxur xamarra izanki, ohartu zen, nabaritu zuen, eta banan-banan haren jantziak eta urreria guztia eta kirkileria zeinbatu zituen, eta jantziak hiru, margo batzudunak, galarru eta galtzerdiak eta guzti zirela ohartu zen jendea; baina, harek bazekien hiru haiekin, bata besteagaz nahasiz eta, itxuraz gehiago zirela ikusarazten, eta inork zeinbatzeko lana hartu izan ez balu, hamar bat jantzi bidoi, hogeitik gora lumazko punpoilo eta gehiago ere, guttienez, erakusten zuela esango zukeenik egongo zen, Eta hau ez da, jantziena ez da huskeria edo gehiekeria, gero, gure autu honen zati bat osatzen duela ikusiko dugu eta.

Herriko enparantzan dagoen zumar handi baten gerizpeko jartoki batean esertzen zen, oro hari begira, ahoa zabalik, adi-adi, jaulkitzen zizkigun "ekintzarrak" entzuten egoten gintzaizkion. Lurbira osoan ez zegoen berak ikusi gabeko lurrik, ez bera egon ez zen borrokarik; Marokok eta Tunezek dituzten baino mairu gehiago hilak zituen berak; eta zioenez, Gante eta Luna, Diego Gartzia de Paredes, eta beste hainbat mila aipatzen zituenak baino guda-joko edo dixidu gehiagotan ihardundakoa zen, eta orotan bera garaile, eta odol tanta bat ere erionarazi ez ziotelarik. Gurenda handiak odolbagekoak, alajaina! Beste aldetik, zauri batzuen marrak erakusten zituen, eta ikusterik ez zegoen arren, arkabuzkadak zirela pentsarazten zigun, borroka edo guduka batzuetan jasan omen zituenak. Azkenik, inoiz ere ohikoa izan ez den harrokeriaz, bere kidekoei "berorika" egiten zien, ezagunak zituenei eta ezagutzen zituztenei, eta bere aita bere besoa zela esaten zuen, bere etorkia bere ekintzak zirela, eta gudari izateaz azpi, Erregeari berari ere ez ziola ezer zor. Harrokeria honi gehiago erantsi behar eta musikari edo izatea, hara; gitarra joten zekien, hots hautsiaz, halako moldez, zenbaiten eritzian, ezen mintzarazi egiten baitzion; baina haren dohainak ez ziren horiek soilik, olerkari ere zen, eta herrian zein edo zein umekeria gertatuz gero, hor hasten zen legoa eta erdiko erromantzeren bat osatzen, ontzen edo berak zioenez "paratzen".

Beraz, hemen marraztu dudan gudari hori, Vicente de la Roca hori, zangar hori, galant hori, musikari hori, olerkari hori, Leandrak askotan ikusi izan zuen eta begiratu ere askotan, enparantza aldera zuen etxeko leiho batetik. Janzkera ikusgarrien urrekarak maitez mindu zuen; erromantzeek liluratu zuten -egia esateko bat osatu eta hogei aldiz kantatzen zuen- , eta harek aipa eta goraipa egiten zituen ekintzarrak neskaren belarrietara iritsi ziren, eta, esan gabe dator baina esango dut, azkenean, no torekin maitemindu zen, to noren eske hasi baino lehenago are. Eta, jakina, maite-arazoetan ezer ez da errazago betetzen emaztekiak gogoan duena baino, honetaz, Leandrak Vicenterekikoa laster egin zuen, biek elkar hartu zuten, eta beste "eskale" askok antzeman aurretik harek bere nahia betea zuen. Utzi zuen aitaren etxea, ama aspaldi hila zuen, eta baserritik gudari harekin alde egin zuen, eta berau ekintza honetan, aipa eta aipa, ahoa bete-betean, azaltzen zituen beste haietan baino garaileago, gailenago gertatu zen, antza. Baserri guztiari harritu zitzaion, gertaeraren barri zabaldu ahala beste asko ere txunditu zen, eta ni neu, besteak beste, balditua geratu nintzen. Anselmo konkorrik, aita goibelik, senideak haserre, epaileak erne, kroadrilleroak gerturik zegozen; bidez bide joan ziren, basorik baso aztarrenak hartuz arakatzen, eta hiru egunen buruan Leandra apetatsua topatu zuten, mendiko haitzulo batean, atorra-has, dirurik ez eta bere etxetik hartu-eramandako bitxi baliotsu askorik gabetua. Aita atsegabetua harengana zenean aurpegiz aurpegi begiratu ezinik zegoen, zer gertatu zitzaion galdetu zioten, eta aitortu zuen, Vicente de la Rocak iruzur egin ziola aitortu zuen: senarra izango zitzaiolako hitza emanda aitarenetik alde egiteko berotu zuen, hiri handi eta aberats batera eroango zuela esan zion, Napolira hain zuzen, eguzkipe osoan omen dagoen aberatsen eta naroenera; eta berak sinetsi, ziria sartuagatik sinetsi zion, aitari diru-bitxiak ostu zizkion, alde egindako gau haretan bertan beste hari eman zizkion, eta harexek baso sarri batera eraman zuen, agertu zen haitzulo haretan itxita uzteko. Guda-mutilak ez zion, aitor zuen, ohorea ebatsi, baina zedukan guztia lapurtu bai, haitzuloan utzi eta hanka egin aurrez: hau entzun eta denak harri eta zur. Sinesteak lan zuen, zera, mutilak hegalak hautsi ez zituela sinistea gogorra zen; baina neskak ezetz eta ezetz, hainbatetan ezetz esan zuenez gero aita atsegabetuak atseden pittin bat hartu zuen, ostutako bitxiekin diruak kontuan hartzeke, azken beltzean, bere alaba behin galduz gero inoiz ere berreskura ezin den bitxi osoarekin utzi zuelako. Leandra agertu zen egun berean aitak gure begien aurretik kendu zuen, eta hemendik hur dagoen hiribildu bateko monasterio edo lekaimetxe batera sarrarazi zuen, alabaren gaineko omen gaixtoa isilduz, nolabait ezereztuz, joango zen itxaropenarekin. Zenbaiten irudiko, haren on-txarrak axola gutxi zionaren iritzirako, Leandrak ez zuen ezeren errurik, gaxte izanki; alabaina, ezagun zutenek, haren urguria, haren adimen argia ezagutzen zutenek ez zioten atxakiarik aurkitzen, estakururik ez eta bekatu egina bazen ez zuten uste jakingabean egin zuenik, berez emakume ñabarmen xamarra zela eta emakuzmekoa izatea besterik ez, izan ere, emaztekietan gehienak txoraize eta xirrilda xamarrak dira, izan.

Leandra sarritxita, Anselmoren begiak itsu: ez zuen pozerako ezer ikusten; nire begiak lauso: atseginik eman ziezaiekeen argirik gabe; Leandra egon ez eta gu hits, baretu ezinean, guda-mutil haren jantzi ederren gainean biraoka, Leandraren aitari ardura gutxi izatea, ganoragabea erizten genion, amorruz. Azkenean, Anselmo eta biok baserritik aldentzeko itundu ginen, haran honetara etortzeko. Harek artalde ederra du, nik ahuntzalde handia; bizitza hemen gaindi, basartean, ematen dugu, gure nahitara, gogoak eman ahal eginaz, gaur elkarrekin Leandra politaren onak zein txarrak ozenki abesten, bihar bakoitza bere bakarrean hasperanka zeruari gure zoritxarragatik erruki eske. Gure antzera, gero, Leandraren senar-behar batzuk, hainbat "eskale", mendi latzotaratu dira, gure atzetik; orain, honenbat eta honenbat garenez, leku honek Arkadia dirudi, artzainez mukuru dago eta, sarobeak eta txabolak ere beste honenbeste, eta denetan Leandra beti hizpide, ahorik aho. Batak birao egiten dio, muxeru, kukutx, apetatsu esaten dio, haserre bizian; besteak lizun, likits erizten dio; beste batek kaskarinetsi, harroxkoetsi egiten du; baten batek, ordea, barkatzen du, asketsi egiten du; bada haren ederra gogoan besterik ez duenik, azkenik, hemen damu, hor etsipen, han zinkurin, eta denak txoro-txoro eginda gabiltza. Bada norbait, inoiz hitzik egin ez diona, eta honela ere haren itxaropenaz dagoena; bada norbait harengandik ezertarako eskaintzarik jaso ez arren espaz edo bekaitzez gaisorik dagoena; nahiz eta, lehenago esanda utzi dudan legez, ez bere asmorik ez guraririk inori harek ez inoiz erakutsi, arinago ikusi zen haren bekatua haren nahia baino. Ez dago harpe-zulorik, ez erreka-zulorik, ez zuhaitz azpiko gerizperik, artzainen batek hartua ez duenik, bertatik airez aire bere zorigaitza gora aurtikitzen ez duenik: oihartzunak Leandraren izena non-nahi berrizkatzen du, Leandra oihukatzen dute mendiek, Leandra ibaiek murmur darauntsote, eta Leandrak denok liluratu eta txunditurik gaitu, itxaropenik gabe itxaroten, zeren beldur garen ez jakin eta beldurrez. Zentzu galdu hauen artean, gutxien galdutakoa, zentzudunena Anselmo nire lehiakidea da, beronek badu, zertaz arranguratu baina haren urrundeagatik baino ez du egiten zinkurin, eta, oso ongi joten dakien txirrin baten doinuaz, bere buru argia erakusten duten bertso batzuekin batera, bere auhen negartiak aireratzen ditu. Nik beste bide zailago bat hartzen dut, zuzenago deritzodana, eta hauxe da, hots, emakumezkoen arinkeriaz, aldakorkeriaz, bat esan eta beste bat egiteko etsigikeria berarizkoaz gaizto baino gaiztoago hitz egiten dut, zer nahi duten ez dakitela, buruan asmo bat darabilte baina ahora bestelako bat dakartela, aurpegi bikoak direla ozenki aldarrikatzen dut, amorruz beterik aldarrika; honexegatik esan nion, esan, nire ahuntz honi honakoan esan niona, emea delako gutxiesten dut, nire ahuntzaldeko onena bada ere. Honaino nire autua. Jaulkitzen luzakorra izan banaiz, ez naiz laburra izango zuei zerbitzen; nire sarobea hemendik hur dago, esne hotza eta gaztae zaharra daduzkat, beste igali umo batzuk eta urdai ontzua ere bai, ikusteko on ez ezik jan-nagizukoak ere direnak.