On Kixote Mantxako

8. atala

On Kixote gementsuak haize-errotetako borrokaizun ikaragarri eta egundaino inoiz ikusi ez iruditu bageko haretan izan zuen bukaera onaz, eta beste zeinbait gertakizun benetan gogoangarriez.

Honelako berriketan bada, hara, harako landa haretan, hogeita hamar edo berrogeiren bat haize-errota (zeinbaitek eihera dio) begiztatu zuten, eta On Kixotek ikusi orduko bere ezkutariari:

On-beharrak guk geuk gura genezakeen baino zuzenago, artezago, zaramatzak gure gaiak. Begira han, Santxo Pantza lagun, non ageri den hogeitamar bat erraldoitzar; beraiekin borrokan egin behar diat eta guztiei bizia kendu, eta haien hondakinak direla bide, aberasten hasiko gaituk; era honetakoa gudu ona duk eta Jaungoikoaren zerbitzurako handia, zeren, lurraren gainetik horrelakoen hazi gaiztoa garbitzea baita.

Zein erraldoi ? – diotso Santxok.

Han dakuskian haiek – nagusiak erantzun – besaluze haiek, batzuen batzuek beren besoak ia bi legoa luze ohi dituztenak.

Begira beza berorrek, han ageri diren haiek ez dira, gero, erraldoiak; haize-eiherak baizik, eta beso diruditenak hegalak, itxoroskiak jauna, haizeak bira-bultzaka ehotzeko harriari eragiten diotenak.

Ezagun duk, bai – On Kixotek – borrokaizunekiko horretan aritu bagea haizena: haiek erraldoiak dituk, izan, eta beldur bahaiz alde egik hortixe, eta has hadi otoitzean, ni haien aurka borroka ohil, zorrotz eta ezberdinean sartzen naizen bitartean.

Hau esandakoan, Rozinante bere zaldiari, eztenka, eragin zion, Santxo bere ezkutariak egiten zizkion oihuak haintzakotzat hartzeke, ikusarazi nahi baitzion erasotzera zihoan haiek, zalantzarik ez, eiherak zirela, ez zirela erraldoiak, haize-errotak, alegia, zirela. Baina, hura hain bere haretan sartuta zihoan, erraldoiak zirelako usteak hagitz jorik, ezen, bere ezkutari Santxoren deiadarrak ez zituela entzun ere egiten, ez eta zer ziren ikusten ere, bertatik bertara bazegozen arren; alderantziz, oihuka hau esaten zihoan

Ez ihes egin, ez, koldar, beldurti nazkagarriok; zaldun bakar bat da oldarrean esetsiz datorkizuena.

Une haretantxe, haize pixka bat harrotu zuen, eta hegal handi haiek bira-nahietan hasi ziren, higitzen; hau On Kixotek ikusi eta oihuka:

Briareo erraldoiak baino beso gehiago, ugariago, higitzen baduzue ere, ordaina bihurtuko dizuet.

Hau esan eta, bihotz-bihotzez bere andere Dultzineari hertsatu zitzaion, honelako estualdian lagun egin ziezaion eskatuz, erredolaz ondo babestu zen, lantza bere ointokian tinko, eta eraso egin zien, Rozinante lauhazka ahal guztian, aitzin-aitzinean zegoen aurreneko errotari jaitera egin zuen, bete-betean; lantzakada bat eman zionean, hegalean, haizeak tarrapataka, tunda-bira egin zion, lantza puska-puska eginda utzirik eta zalduna batetik zaldia bestetik gainazpika uzkaili zituelarik. Zalduna, landan bilin-balaunka, hebainduta joan zen. Santxo Pantza, astoaren gainean ahalik eta arinen, apatx-aurtika, laguntzera etorri zitzaion, ziztu bizian itoka, eta harengana heldu zenean higitu ezinean zegoela idoro zuen, zirkinik ere ez: halakoxe tanpa izan zen Rozinantek hartu eragin ziona.

Jainkoa lagun! – Santxok alaurika – ez al nion, bada, erran nik berorri ongi begiratzeko zer egiten zuen, eiherak zirela, ez bertzerik? Hori ez ikustea, jauna, burua haize-errotez beterik dadukanak baino ezin dezake ezikus.

Ixil hadi, Santxo lagun, guda-gauzak beste zer edo zer baino aldakorragoak dituk eta; areago, nik uste dudanez, eta egi-egia duk, noski, Freston jakintsu harek, niri gela liburuekin ostu zidanak, erraldoiok errota bihurtu ditik, horiek "zukutu" eta menperatu izaitearen omena niri kentzearren: halakoxe aiherra zidak, baina azken-azkenean, alperrikakoak izanen dituk haren maltzurkeriak nire ezpata onaren aurka.

Jainkoari hala nahi dakiola! – darantzuio Santxok.

Zutitzen lagundu zion, harzara Rozinanteren gaineratu zen, berau ia-ia bizkarrautsita zegoen arren, eta, iragotako borrokaz hitz egiten, Lapitze Porturantz joan ziren aitzina, zeren, On Kixotek zioenez, hainbat eta tankera askotako arrisku zein borrokaizun edireiteko leku egokia baitzen, ibilgunea izanki; hala ere, oso kezkaturik zihoan, lantzarik bagetua izan zelako, eta bere ezkutariari beha esan zion

Gogoan diat, nonbait irakurrita, Diego Perez de Vargas zaldun espainiarrak, borroka batean lantza zartatu zitzaiola eta, arte baten besanga bat (edo enbor bat) erauzi zuela, eta honezaz egun haretan hainbesterainoko zerak egin eta hainbat mairu astindu, "zuzitu" zituelako, geroztik, Astinondo izengoitia eman ziotela. Harez gero, bai hari bai haren ondorengoei Vargas eta Astinondo esaten ei zaiek. Beraz, zeragatik dioat, topo egiten dudan lehenengo arte edo haritzetik adar lodi bat erauziko dudala, harako haren hura bezain sendoa, eta beronezaz hain ikaragarrizko egitandiak eginen ditiat, ezen, herorrek heure burua zoriontsutzat joko duala, nire hauek ekustera etorri izaiteagatik eta sineskaitzak izan litezkeen ekintzen lekuko izanen haudalako.

Jainkoaren eskuz – esan du Santxok – berorrek erran bezalaxe sinesten dut nik dena; baina, zuzen bedi pitin bat, albokera, erdi-makurturik doala dirudi eta, erorikoak eman dizkion "oloen" ondorioa da, noski.

Horrela duk, egia – On Kixotek – eta minaren minez aieneka ez banaiz zeragatik duk, hots, zaldun ibiltariek ezein oinazerengatik ere ez dutelako atx egin ohi, aieneka ibiltea ez zaiek eder, erraiak aterata alaz egon arren.

Hori horrela bada nik ez dut zer erranik – Santxo mintzo zen – baina Jainkoak badaki nola boztuko nintzatekeen ni, berori minen bat edo hartuz gero mindurikatuko balitz. Nitaz den bezainbatean, badakit, eta erranen dut, edozein pupu, ttipia bada ere, izan orduko aiaika hasiko naizela, zinkurinetan; baldin eta zaldun ibiltarien ezkutariei ere ez balekie gerta ez-arranguratu behar hori.

Ez zuen barre gutti egin On Kixotek bere ezkutariaren txotxolokeriez.; eta, halatan, nahi zuenean eta nahi zuen bezainbeste aiene egin zezakeela esan zion, gogoz ala gogorik bage, anartean ez zuela ezer irakurri horren aurka zalduneria-legeetan. Santxok, aldiz, jateko ordua zela ihardetsi zion. Nagusiaren erantzuna, berriz, halakoxea; zera, berak ez zuela premiarik, bai, eta jan zezan nahi izanez gero. Baimen honegaz, Santxo bere astoaren gainean ahalik erosoen jarri zen, zakutoetatik barruan zedukana ateratu zuen eta jateari ekin zitzaion, nagusiaren atzetik astiro zihoalarik; txitean-pitean zahatoa goratzen zuen, eta zelako irritsaz! Malagako txiriboginik mizkeenak ere bekaitza izanen zion biskaz. Halako moldez zihoala, zurrupadak maiztuz, klinkada bakoitzean dzanga-dzanga, asez eta betez, ez zitzaion gogora etorten bere nagusiak egindako ezein agindurik ez oparirik, eta ahantzia zeraman, bere burutik joana bezala, nahiz borrokaizunen bila ibilte hura, arrisku-bide latza izanagatik, nahiz horrexek zekarkion lana, halako haretan atseden handitzat hartua zuena.

Azkenean, gau hura zuhaitz batzuen artean eman zuten. Haietako batetik gainigar bat erauzi zuen, lantzaren antzeko azta bat egiteko ona zelakoan, eta lehenago zartatu zitzaion haren burdina ipini zion, ezten bezalako zi zorrotz. Gau osoan ez zuen lorik egin, bere andere Dultzinea gogoan, ernari, gogoetatsu, liburuetan irakurria zuenari egoki asmoz, ikasia baitzuen zaldunek gau asko eta asko emaiten zutela lorik egiteke, baso eta basohiletan, euren andereak beti gogoan zituztelarik. Ez zuen hala egin Santxo Pantzak. Sabela betea zuenez, agidanean, txikori-uraz ez, ostera, gau osoa lo betean eman zuen; eta bere nagusiak dei egin ez balio, ez ziratekeen nahiko iratzargailu ez aurpegian islatzen ziren eguzkiaren izpiak ez txorien txintak, ugari bezain alai egun berriari agur egin nahiaz txio-txioka ari zirenak. Jaikieran, zahatoa haztatu zuen, eta aurreko gauean baino argaltxeago, mehettoago ediren zuela-eta bihotza erori zitzaion, hutsunea betetzeko biderik ez zeramaketela eritzita. On Kixotek ez zuen baraua hautsi nahi izan, ez zuen gosaldu, haretaz; gogoan zerabiltzan zerez elikatzea erabakitakoa zen. Lapitze Portura buruzko bideari jarraikiz, beraz, eta arratsaldeko hirurak aldean leku hari jarrugi zitzaizkion.

Hemen – ikustean On Kixotek hitz eginez – Santxo Pantza anaia, arriskuetan eskuak bete lan, ukondoetaraino bete ere, izan gaitezkek. Alabaina, begira, e!, ni neu munduko arriskurik handienetan ekusiko baninduk ere, ez har, ez jaso hire ezpata nire babeserako, baldin eta ekusiko ez bahu nire aurkariak jendeskila doilorra, matxar horietarikoa dela, zeren , honelatan bai, honelako batean lagun diezadakek, esku eman diezadakek; baina, zaldunak balira, inola ere ez litzaiake zilegi, zalduneria-legeen arauera, niri urgaztea, zaldun iskilutua izan hadin arte.

Bai, jauna, horretan beti berorren aginduetara erabat; areago, ni neu neurez biziki bakezalea naiz ets zalapartetan ez liskarretan sartzearen etsaia; dena den, neure burua zaintzeari dagokionez, egia da ez dudala hagitz haintzat hartuko horrako legerik, zeren, bai jainkozko bai gizakizko legeek nork bere buruaren zaintza, babesa, iraintzaile baten aurka baimentzen baitute.

Ongi esana zagok hori, baina zaldunen aurka niri urgatzi nahi horretan, hire heurezkoak dituan oldarraldi horiek menpean hartu behar dituk, otzandu behar dituk eta ematu.

Horrela eginen dudala diot – ihardetsi dio Santxok – eta "mandamentu" hori igandearena bezain zehazkiro beteko dut.

Elkarrizketa honetan zihoazela, bidean San Benitoren Ordenako bi lekaide agertu ziren, gamelu banagan zaldizko, itzeragoz, alegia, mando eme bi, konkordunak baino ez ttikiagoak zekartzatenak. Bidaiarako begi-babesak eta ekitakoak (eguzkiari itzala egitekoak, hots) zekartzaten. Haien atzetik gurdi bat zetorren, lau edo bost zaldizkorekin, eta oinez, gibelean, mandamutil bi. Zalgurdian, geroago jakingo zenez, euskaldun andere bat zetorren, Sibiliara zihoana, senarrarengana, berau aginpide txit handi bat hartzera Indietara baino lehen. Lekaideak ez zetozen harekin, bide berean joan arren, baina On Kixotek begiztatu zitueneko, bere ezkutariari

Edo oso oker nagok ni edo hau inoiz ekusi den borrokaizunik ospetsuena izango duk, zeren, han nabari diren dunbuilo beltz haiek sorgintzaile batzuk dituk, eta dituk, zalantzarik ez, gurdi haren barruan printzesaren bat bahiturik daramatenak, eta makurkeria hau zuzendu beharra zagok, nire ahal guztiaz.

Hau da hau!, haize-eiheretakoa baino txarrago izanen da hau – Santxok hitza hartuz – Begira, jauna, hango haiek Benito Deunaren "praileak" direla, gurdia, berriz, batera edo bertzera ibilian doan norbaitena, Ea, bada, jauna, begira eian zer egiten duen berorrek, ez diezaiola berriro tusuriak trankart egin, ziria sartuko ez al dio berriz ere "deabruak"!

Lehen ere esan diat bada, Santxo, ezer guti dakiala borrokaizunen gora-beherez: nik esan dudana egi-egia duk, orain ekusiko duk.

Hau esandakoan, aitzina jo zuen, eta lekaideak zetozen bidearen erdian jarri zen; entzuterrean edo zegozela uste izan zuenean, esan nahi ziena entzuteko bezain hurbil alegia, ozenki hitz egin zien

Jende gaizto eta eskergea, utz itzazue berehala gurdi horretan behartuta daramatzazuen printzesa goren horiek; bestela, gertu zaitezte oraintxe bertan heriotza hartzeko, zuen gaiztakerien ordain zuzena.

Gelditu ziren fraideak, geldiarazi mandoak, geratu ziren harrituta, bai On Kixoteren itxuragatik bai honek esandakoagatik, eta honela erantzun zioten:

Zaldun jauna, gu ez gara, gero, gaiztoak ez eskergeak, San Benitoren bi erlijioso baizik; gure bidean zehar goaz, eta gurdi horretan printzesarik ba ote datorren behartuta ala ez, guk ez dakigu.

Nirekin alperrik dira hitz leunak, ezagunak zaituztet bai, jendaila nabarra – On Kixote oldarkor.

Eta gehiagoko erantzunik jaso baino lehen, Rozinanteri eztenkada eman zion, lantzari eutsita behe aldetik aurrerantz zuzendu zuen, eta aitzinean zuen lekaideari eraso zion, hain adoretsuki, hisiaka, suak jota bezala, ezen, lekaideak bere burua nahita mando gainetik behera erortzen utzi ez balu, besteak eroraraziko zukeela, zanpez, eta beharbada larri zaurituz, edo, hilik utziz. Bigarren lekaideak , bere laguna nola hartu zuen ikustean, bere hanka artean zegoen mandotzar hari hankak eragin zizkion, eta arin-arinka hasi zen, apatx-aurtika, haizea bera baino arinago. Santxo Pantzak fraidea lurrean ikusi zuen, jaitsi zen ahalik arinen bere astoaren gainetik, hurreratu zitzaion, eta soineko luzeak eranzten hasi. Heldu ziren, irri-arra baten, lekaideen bi mutil eta zergatik erantzi nahi zizkion galdetu zioten. Santxo Pantzaren erantzuna berebizikoa izan zen, alegia, hura guztia berari zegokiola, legez, On Kixote bere nagusiak irabazi borrokako ordain-ondoak zirela eta. Mutilok, iseka zelakoan, harako ipuin, borroka eta hondakin eta zer haretaz deusik ulertu ezinean, On Kixote handik bertatik pixka bat alderatu eta gurdi barruan zegozenekin hizketan ari zela ikusi zuten; eraso zioten Santxori, uzkaili zuten lurrera, eta bizarrean ile bat ere utzi behar ez ziotela, ostikoka eho zuten, hebainduta lurrean etzanik utzi zuten, konortea galdua arnasarik bage. Ber-berean, xixta-pixta, igo zen lekaidea, guztiz beldurrak jota, ikaran, zurbil-zurbil aurpegia, eta zaldiaren gainean jarri bezain laster bere lagunaren atzetik ziztu-bizian joan zen. Urrunxko zegoen begira, hura guztia zertan amaituko ote zain, larri asko, eta izualdi haren guztiaren amaiera iguriki ere ez nahiz, bidean aurrera jo zuten, elkarrekin berriro, aitaren eginka eta eginka, gibelean tusuria, "deabrua" bera, baleramate bezala.

Lehenttoago esan denez, On Kixote zalgurdiko anderearekin hitz egiten ari zen:

Berorren ederrak, ene andere, gogoak eman liezaiokeen guztia egin lezake, zeren berori bahituta ekarri duten ohoin zitalen harrokeria lur jorik baitago, nire beso indartsu honek uzkailita; eta berori gaitzetik ateratu duen askatzaile honen izena jakiteke minez egon ez dadin, jakin beza On Kixote Mantxako dudala izen, zaldun ibiltari eta arriskuzale, Tobosoko Dultzinearen edertasunak gatibu nadukana. Niregandik berorrek jaso duen mesedearen truke, ez dut besterik nahi Tobosora itzul dadila, eta nire izenean andere horren aurrera agerturik, berorren askatasunaren alde egin dudana jakinaraz diezaiola.

On Kixotek ziotson hau guzti hau gurtzain zetozen haietako ezkutari batek zentzuen, adi-adi; euskalduna bera, eta gurdiari aitzina joaiten utzi nahi ez ziolakoan, Tobosora itzuli behar zuena eta aditurik, On Kixoterengana zen, lantzatik oratu zuen, eta gazteleraz txarto, erdara-mordoiloan eta erdi-euskaraz, esan zion

Hoa, ut, zaldun edo hazan hori, ze, Jaungoikoaren amorearren, burdia joaten itzi gura ez badok, hementxe berton hilgo haut, euskalduna nazan legeztxe.

Ongi asko ulertu zion, hala ere, On Kixotek eta patxadaz erantzun

Zaldun bazina, izan ere ez zarena, dagoenekoz zure ozarkeria zigorrez zehatua izango nuke,

Euskaldunak berriz ere ihardetsi zion

Ni zaldun ezetz? Jaungoikoagaitik, guzurra diñok, Kristoren guzurra. Lantza edo makila edo dana dalako hori jaurtiz gero, edo ezpata ataraten badok, katua uretan legez itoko haut behingo baten; euskaldun eta jaun, legorreti zein itsasoti, eta begirok hik', zaldun "demoniño" horrek, ostera guzur esaten badok.

Berehala ekusiko duzu, Agrajesek esan zuen – erauntsi zion On Kixotek.

Eta lantza lurrera egotzi zuen, atera zuen ezpata, besoratu zuen erredola eta esetsi zion euskaldunari, gora-goraka, bizia kentzeko asmo osoan. Euskaldunak, gainera zetorkiola ikustean, mandoaren gainetik jaitsi nahi izan zuen (abere txar alokairuzkoa zela-eta areanik ez zuen entzindu nahi berarengandik) baina ezpatari eutsi baino ezin egin izan zuen. Gurdiaren ondoan zegoelako bururdi bat eskuratzeko eretia izan zuen, erredolatzat erabiltzeko; eta elkarrengana jo zuten, arerio hiltzaile bi balira bezala. Gainerako beste lagun guztiak bakeak eragiten saiatu arren, ezin. Euskaldunak, amorruaren amorruz itsu antzo, bere hizkera traketsean zioen borroka amaitzen utzi ezik, berak bere andere nagusia bera hilko zukeela, eta honekin batera aurrean jar zekiokeen guztia.

Gurdiko andereak, harri eta zur, zekusanagatik beldurrak jota, gurdi-gidariari bidetik alde eragiteko agindu zion, eta urrun xamarretik liskarrari begira geratu zen. Ari zirela ari, euskaldunak aiztokada gogor bat eman zion On Kixoteri sorbaldan, erredola gainetik, eta eskerrak soineko babesari, bestela gerriraino pitzatuko zuen. On Kixotek, ukaldi haren latzak ukiturik, garrasi egin zuen, esanez:

Oi, ene arimako andere, Dultzinea, edertasunaren lore, lagun iezaiozu zerorren zaldun honi, zerorren bihotz on handia asetzearren, istilu estu eta larrri honetan dagoenari!

Hau esate, ezpata estutze, erredolapean ondo babeste eta euskaldunari erasotzea bat izan zen, dena bat-batekoa, jokada bakarrean, di-da, amaitu nahian bezala.

Euskalduna, bere aurka halako molde sutsuan zetorrela ikustean, zer jazo eta, On Kixotek laso egitea erabaki zuen, dzirt edo dzart, eta bururdiaz ondo babesturik itxadonez aurre egin zion, bere mandoa ez batera ez bestera baztertu ezinean, batetik nekatuta zegoelako, bestetik mandoa halako umekerietan ohitubagekoa zelako, ez zen gauza urrats bat ere egiteko.

Bazetorren, bada, esan duguna legez, On Kixote euskaldun zuhurraren aurka, ezpata gora jasorik, bertan erdibitzeko asmo bizitan; euskalduna, era berean, ezpata gora, bururdia babes, zain zegokion, erpai; inguruko guztiak ikaraz zegozen, dardarka, zer gertatu behar ote zen zemaika elkarri halakoxe zartakotzar latzak agintzen eta eskainka ari zitzaizkion eta. Zalgurdiko anderea bere neskameakaz, bitartean, milaka otoitz eta opa egin eta egin ari ziren Espainiako debozio-etxe eta irudi santu guztiei, Jaungoikoari eskatuz, arren eta arren, beren ezkutaria eta beraiek sarturik zegozen galtzori larri haretatik gaizke atera zitzan.

Baina, borroka honen kondaira idatzi zuenak une honetantxe moztu zuen, eten zuen haria, eta zintzilik utzi, gure kaltez, eta aitzakia ere eman zuen esanez On Kixoteren egitandietaz ez zuela beste deus gehiagorik aurkitu agiri zaharretan idatzita. Egia ere da, bai, lan honen bigarren idazleak sinetsi nahi izan ez zuena kondaira hain bitxia ahazturak ostendua egonen zenik, edo ahantzi-bidetan galdua, ez eta Mantxako buru argiak hain jakiteko nagiak izanen zirenik ere, beraien agiritegietan edo idaztegietan zaldun ospetsu honetaz ziharduen paperik, edo larrutxen bat edo beste ez edukitzeraino. Honela bada, kondaira baketsu honen bukaera aurkitzeke ez zuen etsi nahi izan, eta, Zerua bere alde, azkenean, ediren ere ediren zuen, hurrengo atalean esanen den bezala.