On Kixote Mantxako

9. atala

Euskaldun ekinak eta mantxatar adoretsuak egin zuten borroka lazgarria bukatzen denean.

Kondaira honen aurreko atalean, euskaldun bihoztuna eta On Kixote ospetsua, ezpatak gora jasorik eta sorbatzak dir-dir, utzi genituen; sarrastako bana elkarri emaiteko zorian, hain gogorto, ezen, bete-betean joz gero, erdibitu bederen, eta goitik behera pitzatu, eta zertu eginen zutela batak bestea. Une latz haretantxe gelditu zen eta etenik geratu hain gertaera jakingarria; idazleak ez zigun eman, beste aldetik, haren bukaeraren berri, ez non ediren zitekeen handik harakoa.

Tamalgarria izan zen. Hain gutti irakurri arren atsegin izan zitzaidan eta, honetaz, atsebage bihurtu gehiago jakin ezin izaitea, eta are atsebageago gertatuko bide ziren gora-beheren berri non kausi ezin asmatzea. Ezinezko neritzon, eta ohi ez den bezalako, hain zaldun zintzoaren atzetik inor ere ez ibilteari, haren egitsari inoiz ikusi bageak idazteko ardura edo xedea bere gain hartutako inor ez; zaldun ibiltaririk ez da inoiz izan, bere atzetik adituren bat, edo bi, ez darraionik (jendeak hala esan ohi zuen) arrisku bila, beren-beregi, joaiterakoan; haien ekintza handiak idatzi ez ezik haien barruko gogo nahiz asmo nahiz umekeria guztiak, barru-barrukoenak berak ere bai, margoztu ere egiten zituzten idazkariak; eta hain zaldun ona ez zen izan behar hain zoritxardun, bere gibelean berriketaririk ez eramaiteko, Platir eta beste antzeko batzuen gibelean joan ziren bezainbeste guttienez. Honelatan bada, ez nuen sinetsi nahi halako istorio hain gementsua etenda geratuko zenik, hondatua bezala utziko zenik; eta errua aldiari egozten nion, gauza guztien jale, irensle eta suntsitzaile den aldi joankorrari.

Beste aldetik, haren liburuen artean Uste-minak ustel, eta Henaresko Maitagarriak eta Iberiako Artzaina bezalako hain berri-berriak aurkitu izan zirelako, bere kondaira ere berria, hots, modernoa, izan zitekeela uste nuen; eta horretaz, idatzita egon ez arren, bere herrixkako eta inguruko jendearen oroimenean egongo zela. Uste honek nahasia nenbilen, jakin-minak jota, On Kixote Mantxako gure espainiar ospetsuaren nondik-norako guztien berri jaso nahirik, egiazko biziera, benetan egin zituen mirariak, eta hori guzti hori ikasi nahi nituelarik. Mantxako zalduneriaren argi eta ispilua, gure garaian, hain aldi gaiztoetan isikiludun ibilitarien lan eta ihardunari ekin zitzaion lehena, okerrak zuzentzeko asmoz, emakume alargunei laguntzeko, neskatxak babestearren, mendiz mendi eta ibarrez ibar ibili ohi ziren zamaltzain eta antzekoetarik batez ere, neskustasuna galtzeko zorian gerta ez zitezen; izan ere, neskutsik izan zen, garai zaharretan, larogei urteko bizitzan egun bakar baten ere teilatupean lorik egin ez zuena, eta bere amak mundura ekarri zuen bezain osorik lurpera joan zena; hau, noski, erraldoi "alimale" handitzarren batek, edo kapusai eta aizkoradun gizatxarren batek edo harroputzen batek lehenago beharturik, bortxaturik izan ezean. Honelako eta antzeko beste arazo batzuengatik, diot nik, gure On Kixote harroak betiko goraipamena eta aintza irabaziak ditu, eta, bide batez diot, niri ere zerttobait zor zait, kondaira atsegin honen bukaera bilatzen hartu nuen lanaren ordainez; badakit, jakin, Zeruaren laguntzarik ezean, halabeharrak ere urgatzi ez balit, eta txori onik izan ez banu, mundua honexen peitu izanen zatekeela, alegia, honen irakurtzeak, ia bi orduz, eman dezakeen atsegin bageturik. Honela ediren nuen

Egun batean, Toledoko Alcanan nengoela, ziriko-saltzaile bati paper zahar eta paper-zorro batzuk saltzera mutil bat etorri zen, eta ni dena irakurri zalea naizelako, kaleko paper puskatuak ere bai, mutil hak salgai zituen paperetatik bat hartu nuen eta hizkiak ezagutuz arabierakoak zirela ohartu nintzen. Ezagutu nituen arren, ezin nituen irakurri, eta inguru-minguru hasi nintzen begira ea mairuttoren bat aurkitzen ote irakur ziezazkidan, gaztelartua behar noski, eta ez zen zaila izan halako itzultzaile bat edireitea, kausitu ere, beste edozein hizkuntza hobe eta zaharrago batena bilatuz gero kausituko nukeen. Azkenean, beraz, bat nireganatu nuen, zer nahi nuen esan nion, liburua eskuetan utzi, zabaldu zuen erditik, irakurtzen hasi zen apur bat, eta barreari eman zion. Zergatik egiten zuen barre, galdetu nion, eta liburuaren bazter batean idatzita zegoen ohar batez barre egiten ari zela erantzun zidan. Esan ziezadan, eta barreari ezin utziz, honela esan zidan

Hemen dago, esan bezala, bazterrean idatzita, hau:"Tobosoko Dultzinea honek, kondaira honetan hainbat aldiz aipatua denak, txerrikia gatzuntzeko Mantxako beste zein edo zein emakumek baino esku hobea ei zuen."

"Tobosoko Dultzinea" izena entzun nueneko, txundituta geratu nintzen, konkorrik, paper-zorro haietan On Kixoteren kondaira egon zitekeena bururatu zitzaidan eta. Buruan hau eta, lehen bai lehen irakurtzeko agindu nion, haseratik, eta egin ere halaxe, arabieratik gaztelerara itzuliz: On Kixote Mantxakoren Kondaira, Zide Hamete Benengeli kondairalari arabiarrak idatzia. Liburuaren izenburu hau nire belarrietara bezain laster hartu nuen poza, alaitasuna, neure baitan gordetzeko sotiltasun handia behar izan nuen; eta ziriko-saltzaileari saihetsaraziz, paper eta paper-zorro guztiak mutilari erosi nizkion, erreal erdi baten truke; merkezurrian, zeren, nik nahi nuena jakin balu eta zuhur izan balitz, salketan haretatik sei erreal edo gehiago eskatu eta hartu ahal izanen zukeen. Eliza nagusiko arkupera bazterreratu nintzen, mairuttoagaz, eta harako agiri zahar haiek, On Kixoteri buruzko guztiak, gazteleraz itzultzeko eskatu nintzaion, deusik ez edekiz ez erantsiz, berak nahi zuen ordaina eskaini niolarik.Arroa bi mahaspasa eta anega bi gari nahikotzat jo zituen, eta ondo, zehatz eta laster itzultzea agindu zuen; baina nik, garatza errazago egitearren eta eskutatik ez uztearren hain aurkikuntza ona, nire etxera erakarri nuen, eta ilbete t'erdiz edo osorik itzuli zuen, hemen agertuko den eran.

Lehenbiziko paper-zorroan, On Kixotek euskaldunarekin izan zuen borroka oso zehazkiro iruditua zegoen, kondairak dioen jarrera berean ipinita, ezpatak goian, bata bere erredolaz estalia, bestea bururdiaz babestua, eta euskaldunaren mandemea hain bizirik, ezen, alokairuzkoa zela erakusten baitzuen, urrundik begiratuta ere. Euskaldunaren oin-aldean idatzita On Santxo Azpeitiko izenburua zuen, bere izena al zen noski, eta Rozinanteren azpian beste bat: On Kixote. Rozinante harrigarriro iruditua zegoen, hain luze-zingil, hain argal eta mehaxka, hain hezur-azaltsu, gailurruts, hain jakina zenez bularretik zegoen, etikatua esateko, ezen, argi eta garbi ulertarazten baitzuen zergatik eman zion, egokiro eta koburuz, Rozinante izena. Haren ondoan Santxo Pantza zegoen, bere astoari hedetik heldua, eta bere azpiko aldean Sancho Zancas idazkuna; eta irudiak ikusarazten zuenetik iradokita esan daiteke zergatik zuen izen hori, alegia, zilbor-handi, lazo-ttiki, zango-luze zelako; eta honegatik batzuetan Pantza esaten zaio eta bestetzuetan Zancas. Beste huskeria batzuk ere baziren jakingai, baina hutsalak eta egiazko kondairari mesederik egiten ez diotenak, egia bera asko baita ipuina txarra izan ez dadin.

Eta egiaz ari naizela, egiari aitzakia bat baino ezin dakioke bila, hots, egilea arabiarra izaitea, honakoxe endakoak edo etorkizkoak berez baitira gezurti. Kondaira honetan, ordea, gure etsai amorratuak izanik, gezurrak gezur, akatsa motzetik eta ez luzetik etor daitekeela nago.Honela iruditzen zait niri behintzat, eta bere idaz-luma, zaldun on honen aldeko laudorio, goresmen edo gora handiak emaiten, erabili eta zabaldu ahal edota behar duenean, badirudi, nahita, isilarazi egiten duela: gaizki egina eta gaizkiago pentsatua, izan ere, badira eta izan behar dira historialari zehatzak, egiazkoak eta ez ezertarako grinatuak, inolako zuduak ez beldurrak, ez herrak ez nahikundeak, egiaren bidetik okertu edo alderatu eragiten ez dituztenak; egiaren ama, izan ere, historia da, berau aldiaren burkide, ekintzen gordetegi, gertatutakoaren lekuko, orainaldiaren adibide eta "gaztigu", etorkizunaren oharpide. Honako historia honetan, berriz, baketsuenean bila genezakeen guztia kausituko dugula uste dut; eta onetik ezeren peitu balitz, egilea kaxkarra izan zelako, eta ez gaiaren erruagatik litzateke. Azkenik, bigarren atal hau, itzulpenari jarraikiz, honela hasi zen:

Bazegozen, bada, bi borrokalariak, gementsuak eta haserretuak biok, ezpata zorrotzak gora jasota, eta bazirudien zeruari, lurrari eta lurpeari zemaika, aupadaka ari zirela; halakoxe haserre-itxura bizia zuten. Lehenbiziko ukaldia eman zuena euskaldun sutsua izan zen; halako indarrez eta herio-suan, ezpata haranzkoan baztertu ez balitzaio, ukalditzar bakar ha aski izanen zatekeela borroka zital hura bere haretan amaitzeko, eta gure zaldunaren borrokaizun guztiak ere bai; baina, on-beharrak, zeinbait eginkizun handiagotarako aurrehautatua zuenak, etsaiaren ezpata bestalderatu zuen, eta ezkerreko lepagaina jo zuen arren, albo hura etenarazi beste kalterik ez zion egin; bide batez, kaska zati bat aurretik eraman, belarriaren erdiarekin batera; lurrera zen erori, hura guztia, eta bertan hebainduta geratu zen. Jainkoa lagun! Bere burua hala ikusita, nor izanen ote da, gero, gure zaldun mantxatarraren bihotzean sortu zen heserredura, amorru, korromioaren berri, bare-bare eman ahal izanen duena? Gehiago esan beharrik ez dago; igo zen atzera ointoki gainera, bi eskuez ezpatari estuago helduz, eta eman zion euskaldunari, goitik behera, sutsuki, eta bururdiaren erdira, buru-buruan jo zuen, jo ere bete-betean jo. Babesgarria ona zen, baina mendi bat gainera etorri balitzaio bezala, odola zeriola hasi zen, sudurretik, ahotik eta belarrietatik, eta mandoaren gainetik behera erorka antzean hasi zen, eta eroriko zen, zalantzarik ez, lepotik besarkatuz heldu ez balio; honela ere, oinak eskalapoinetatik atera zituen, besoak askatu, eta mandoa, izugarrizko zartada harek ikaratuta, lau-orrian, landan barrena ariniketan, hasi uztar-ostikoka, ekin jauzika, eta bere jabea, aurki, lur jota, ipurdikada batez.

On Kixote begira zegokion, lasai asko, eta erori zela ikusi zuenean, bere zalditik jaitsita arin-arin hurbil zitzaion, ezpataren zi zorrotza begien aur-aurrean ipini zion eta amore emaiteko agindu zion, "erauki" esan zezan, uko egiteko edo bestela lepoa moztuko ziola . Izu-izu egina zegoen euskalduna, hitzik erantzuteko gauza ez zela, eta gaizki ibili beharko zuen, On Kixote zeharo itsutua zegoenez, baldin eta zalgurdiko andereak, ordura arte arnasarik bage liskarrari begira egondakoak, harengana joan ez balira, eta eskatu ez balitzaizkio, arren eta arren, bere ezkutariaren bizia barkatzearen mesede eta ongi handia egin ziezaien.

On Kixotek, handiki antzean, astiro, erantzun:

Hona; bai, jakina, andere ederrok, benetan gogo onez eginen dut galdatzen didazuena; alabaina, ordain-baldintza bat beharko dugu itundu, hauxe: zaldun honek Toboso herrira joanen delako hitza eman behar dit, eta agindu, nire izenean Dultzinea guztizederra den anderegana hurbilduko dela, harek gizon honekin gogoak eman diezaiona egin dezan.

Andere beldurti gaixo haiek, dardaraz erdi-negarrez, On Kixoteren eskaera nondik-nora ote zihoan burutara ekarri bagerik, eta Dultzinea nor ote zen galdetzeke, baietz esan zioten, harek berak agindutako guztia ezkutariak egingo zuela.

Bada, hitz hori sinetsita, ez diot kalte gehiagorik eginen, ongi asko irabazia du, baina.