On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

32. atala

On Kixotek ahakar egileari ihardetsi zionaz, eta beste gertaera benazko eta barregarri batzuez.

Zutik, beraz, On Kixote, lurra oinetatik bururaino ikaran zebilkiola, asalduraren asalduraz, mintzo nahasiaz, hitz farfailaz, ihardesteari ekin zitzaion, honela:

Nagoen tokiak, aur-aurrean ditudanok, eta berorrek zin eginiko iharduera edo "estadu" horri beti izan diodan eta diodan begiruneak, nire haserredura zuzen eta bidezkoaren eskuak lotzen dituzte eta geldiarazten; eta bai esan dudan honegatixe bai dakidalako, jakin, orok dakiena legez, togadun guztien iskiluak emakumezkoenak ber-berak direla, mihia alegia, nire honen laguntzaz berorrekin borrokan ihardunen dut, aholku edo onu onak eta ez irain gaiztorik egin behar lukeen berorrekin. Agiraka santuak eta asmo onekoak beste era batera, beste egoera batean egitekoak dira: jendearen aurrean ahakar egin dit, latz eta mutiri egin ere, eta zentzaldi onaren muga guztiak gaindituak izan dira; izan ere, zentzaldi onak oinarri biguna gogorra baino nahiago du, eragingarri izanen bada, eta, bekatua zein den jakiteke ateleka hastea, bekatariari, besterik bage, kokolo edota gezurti esatea ez da zuzen ez egoki. Bestela, esan biezat berorrek: zein ergelkeria ekusi ote du niregan irain eta gaitzesgarri, nire etxera agintzen has dakidan heinekoa, etxearen ardura, eta emaztearen eta nire haurren ardura har dezadantzat, baldin ditudan ala ez ditudan ez badaki? Zer da, ostera, hori, besteen etxera sartzea, zirti-zarta, etxajaunari aginduak emanez, eta inoren lehorpe estuan hazitakoa izanik, inguruko hogei bat legoatik harako mundua inoiz ere ekusi babagekoa, zer da zalduntzari legea ezarri nahi hori, dsakila-hara, eta zaldun ibiltariak epaitu behar hori? Ausaz, munduz mundu horron ibiltean emaiten den aldia gaizki higatua ote, egiteko alperrikakoa ote da, munduagandiko oparirik bilatzeke, bai, ordea, betikotasunaren jarlekura igaiteko bide latzean zehar gizaki on-onek egin ohi duten antzera? Lelotzat har banindezate gapareek, zaldunek, bikainek, eskuzabalek, handiki-etxean jaioek, irain ezin osatuzkoa, bihurrezina gerta lekidake; baina astoziri, ergel edo zorotzat joiten banaute ikasleek, zalduntzaren bidatzetan zehar inoiz ibili ez direnek, axola zipitzik ere ez niri: zalduna naiz, eta zaldun hilko naiz, Goikoak nahi badu. Bada zeinbait handinahikeria harroaren larre zabalean ohi dabilena; bada beste zeinbait leunkeria kaxkar, zurikeria jopuzkoa nahiago duena; batzuk azaluskeria gezurtiaren bidetik doaz, beste batzuk egiazko erlijio edo "uskurtza" banetakoaren atzetik; ni, berriz, nire izarrari jarraikiz, zalduntza ibiltariaren bidexka meharretan barrena noa, nire ondansunaren kalterako baina ez ohorearen aurkako ihardueraz. Neronek okerrak zuzendu izan ditut, bidebagekeriak arteztu izan ditut, lotsagekeriak zehatu eta zigortu, erraldoiak menpean hartu izan ditut, mamutzarrak aurretik eraman; maitezko mina hartutakoa naiz, zaldun ibiltariei, nahi eta nahi ez, gertatu behar zaiena legez; eta maiteminduna bai, ez, ordea, grina gaiztozkoa, platonikoa baizik, onginahi hutsezkoa eta neure buruaren jabe beti. Nire asmoak xede garbietara zuzenduak ditut beti ere, hots, denei ongi egite aldera, inori ere gazkirik ez egitera: hauxe honelaxe bururatu eta egin, honelaxe diharduenak lelo edo ergeltzat hartua izaitea irabazten badu, esan dezatela beroriek, duke jaun-andere bikainok

Ederki hola, alajainkoa! – esan zuen Santxok – Ez dezala berorrek haboro esan, ene jaun nagusi, bere alde; ez da zertan gehiago, ez pentsatu, ez horretan iraun. Areago, hemengo jaun honek ukatu du, ukatu, munduan nehoiz zaldun ibiltaririk izan dena ez orai dena ere, beraz, asko al da erran duen guziaz deusik ez badaki?

Beharbada – elizgizonak berriz ere – zu, anaia, harako Santxo Pantza urlia hura ote zara, bere nagusiak uharte bat emango diolako agintza egin diona?

Horixe, bai, nerau – Santxok erantzun – ; bertze nork edo nork bezain irabazia dudana; ni horietarikoa naiz, hots "adiskide eta diru dadukanaren bihotza ez da alkatearen lotsa" erraiten dutenetarikoa, eta badakit "berro handian txori anitz" egoiten dela; eta "nor bada nire laguna eginen nau zalduna" uste dut nik, eta jakina da "zuhaitz onak itzal ona" duela, eta, bertzalde, "gaiztoak on jaunaren gerizan". Ni nagusi onari atxeki natzaio, bai, aspaldi handian haren atzetik nabil, gibel-gibelean, eta haren antzekoa izanen naiz, Jainkoa lagun, eta bizi bedi bera eta bizi nadin ni: berak agintzeko "inperioak" ukanen ditu, noski, eta nik neure uhartea jaurteko.

Ez, Santxo adiskide – esan zuen orduan dukeak – ; nik, On Kixote jaunaren izenean, ezertarakoeza dudan, eta ez ttikia baina, bateko jaurlarigoa agintzen dizut.

Jar hadi belauniko, Santxo – On Kixotek agindu – eta mun egiok oinetan bere bikaintasunari, egin dian opari handiagatik.

Hala egin zuen, egin, Santxok; elizgizonak ikusi eta zutitu zen mahai ondotik muzinka, itsusiak eginez, esateaz batera:

Dudan elizjantzi honengatik, nago, berori, bere goientza, bekatari hauek bezain ergel dagoela. Horiek bai zoroak horiek, eta zoro ez baina zuhurrak direnek horien zoroak "kanonizatzen"! Gera bedi, berori, bere goientza, horiekin, eta etxeon dagozen bitartean ni neure etxen egonen naiz, ahakarrik ez dut egin nahi eta, egiteko gogoarekin banago ere, ezin baitut zentzatu zentzurik ez duena.

Eta besterik esateke, ez gehiagorik janda, alde egin zuen, dukeak egin zizkion otoi eta arren guztiak alperrikoak izan zirelarik; egia esateko, dukeak, baina, ez zion askorik esan, haren haserredurak eragin zion barreak eragotzita. Barre egiten amaiturik honela mintzatu zitzaion On Kixoteri:

Berorrek, Lehoien Zaldun jaunak, ongi baino hobeki erantzun dio, eta, beraz, irainaren antza baina inola ere iraina ez den honetaz ez du zer mendekatu; berorrek ongi dakien eran, ez emakumezkoek irainik ez elizgizonek ere egiten ez baitute.

Horrela da – gehitu zuen On Kixotek – eta, horixe, iraindua izan ez denak ezin irain dezake inor. Emakumezkoek, umeek eta elizgizonek beren burua zaindu ezin dutenez, minduak izan arren, ezin laidoztatuak dira. Izan ere, laido eta irain ez dira bat, berorrek, bere bikaintasunak, ongi dakien bezala: bata, egin ahal duenak egiten du eta gogor egiten du; iraina, berriz, edonondik etor liteke, laidoztatu bagerik. Esate baterako: haina bat kalean ardura bage dago; hamar lagun datoz iskiluak eskuetan eta makilka erasotzen diote; hartzen du bere ezpata eta behar duena dagi; erasotzaileak asko eta egin gogo duena galarazten diote, apendu edo aihertu gogo alegia; hau, horretaz, iraindua izan da baina ez laidoztatua. Beste adibide batez berretsiko dut: haina bizkarrez dago, beste haina batek heldu eta jo du, eta jo ondorean ihes dagi, eta aurrena atzetik darraio baina ez du atzemaiten; joa izan dena iraindua izan da, ez zuen, alabaina, laidorik jaso, laidoa izaiteko gogor egindakoa behar du eta. Jotzaileak, ebaska egin zuen bezala ezpataz egin balu eta jotakoan bertan geldi geratu balitz, etsaiari begira, jotakoa iraindua eta laidoztatua izanen zatekeen: ustebagean jorik irain, jo ostean inora ihes ez eta aurka gogor eginik laido. Honela, beraz, axut-borroka madarikatuaren legeak direla eta, niri irain egin didate baina ez didate laidorik egin; zeren, umeek ez baitute sentitzen, ez emakumezkoek ere, eta ezin ihesari eman, eta ez dute zertan itxadon, eta era bereon elizgizonek edo uskurtzara emandakoek, izan ere, hiru giza-maila hauetako jendeak ez du iskilurik ez zaintzeko ez erasotzeko; berez beren burua zaindu beharra badute ere, jagon beharra badute ere, ezin dute inor mindu edo gaitzarazi. Eta, arestian, iraindua izan naizela esan dudan arren, orain ezetz diot, inola ere ez nagoela, laidorik jaso ez duenak laidorik egin ezin dezake eta; honegatik, gizon on horrek esan didanagatik ez dut minik hartu, ezin dut hartu; pitin baten itxadon behar zuela uste dut, ordea, oker dagoela irakatsi ahal diezaiodan, oker, munduan inoiz zaldun ibiltaririk ez egon denik ez dagoenik adiarazi duen horretan guztiz oker; hau Amadisek edo bere etorkiko hainbatetako batek entzun balio, ez zuen onik izanen, nik uste.

Horixe nik ere uste – esan zuen Santxok – : aiztokada bat emanen zioten, goiti-beheti, eta mingrana balitz bezala, edo meloi lirina bezala "irekiko" zuten, pitzatuko eta arrailduko. Ederrak haiek halako gili-gilien jasaiteko! Ziur nago ziur Montalbango Erreinaldok halako eleak entzun balitu, ahoa hertsiko ziola, nola hertsi eta hiruzpalau urtean ele gehiagorik ezin egiteko eran. Haiekin buru egin eta haien eskuetatik nola ihes egin asmatzen nahiko lan!

Barrez ito behar zuen dukemeak Santxoren esanok entzunda, morroea nagusia bera baino zoroago eta barregarriago iruditzen zitzaion, eta garai haretan eritzi honetakoak asko izan ziren. Azkenean, On Kixote baretu zen, emetu zen, eta bazkaria amaitu zuen, eta mahaia jasotakoan, lau andereño agertu zen, batak zilarrezko azpil bat zekarren, beste batak esku-uhontzi bat zilarrezkoa ere bai, besteak esku-zapi bi lepoan, zuri-zuri eder-ederrak zapiak; eta laugarrenak, uko edo ia ukondoraino besoak agerian, bere esku zurietan (zuri-zuriak baitziren, noski) xaboibil napolitar bat zekarren. Heldu zen, bada, azpilduna eta, txairoki, jas ugari eta kezka urri,. On Kixoteri kokosperatu zion; ez zuen honek hitzik egin, harritua noski, halako "sinua" lurralde haretako ekanduren bat ote zen bururatu zitzaion, eskuen ordez kokots-aldea garbitzeko ekandua alegia; aurreratu zuen, bada, ahal adina bere kokotsa, eta laster baten, iradu antzean, uhontzitik ura erion eta andereñoak xaboibilez bizarrari eskuz eragin eta eragin zion; han hasi zitzaion xaboi aparra, elurra bezain zuria, kokots-aldean ez ezik aurpegi guztian ere zabaltzen, baita begietan ere, ezinbestean itxi behar izaiteraino. Duke jaun-andereak, honen guzti honen berririk ez, ezohiko ikuzketa hau nola bukatuko ote zen begira-begira zegozen. Andereño bizarginak, arrabeteko aparra aterarazi zionean, ura ahitu zitzaiola itxurak eginez, uhontzidunari urketa joaiteko agindu zion; On Kixote jauna zain egonen zela eta. Hala egin zuen, eta halaxe geratu On Kixote, inork asma lezakeen irudirik harrigarri eta itxurarik barregarrienean.

Hango guztiak, eta asko ziren, berari begira zegozkion, eta lepoa kana-erdi bat bai luxe, beltxaran xamarra zenez, begi itxiak eta bizarra xaboi-aparrez betea zegoenez, harritzekoa da nola eutsi ahal izan zioten barreari. Irri-eragingarriko neskatoak begiak apal, beherantz, beren nagusiengana jasotzeko gemenik ez zirela; nagusiok hantxe, haserrea eta barregura batera gorputzean pol-pol, zer egin ez zekitela: anderexka haien "bekokia" zehatu, lotsa guttia zigortu ala saritu, halako era haretantxe, On Kixote halaxe, ikusiaz hartzen ari ziren pozagatik saritu. Itzuli zen, harzara, murkoa bete ur, uhontzidun andereñoa, eta On Kixoteren ikuzketa bukatu zuten; zapia zekarrenak, astiro, guzti-guztia lehortu zion, eta laurek batera, begirune handiz, adei-adeitsu, ttik eta agur, agur eta ttik eginka, alde egitera egin zuten; baina, dukeak, On Kixotek isekaz deusik igarri ez zezan, uhontzidunari dei egin zion eta esan:

Zatoz eta ikuzi nagizu ni ere; eta kontuz, gero, urik bage geratu!

Neskatxa, ernea eta bizkorra, berarenganatu, On Kixoteri bezala azpìla azpian ipini zion, eta arin-arin, xaboiztatu, ikuzi eta lehortu ondorean, garbi-garbi eta txukun-txukun utzita, lehengoen antzerako agur-makur egokiak eginaz, alde egin zuen. Geroago jakin zenez, dukeak zin egin omen zion bere buruari, ezen, baldin bera ere On Kixote bezala ikuzi ezean haien lotsa-ezkeria zigorkatuko zuela; alabaina, hala xaboituaz, lehengo irri bihurria zuhurkiro garbitu zuten.

Santxo adi-adi zegoen, ikuzpen guztiari soz, eta honela zioen, bere golkorako:

Jainkoa lagun! Zaldunei bezala ezkutariei ere kokots-aldea ikuzteko ohikunderik ez ote da bada lurralde honetan? Garbialdi bat behar ere badut, alajainkoa eta ala ene arima; eta bizarra labanaz egingo balidate askoz hobe!.

Zer diozu, Santxo, bakarrizketan? – itaundu zion duke andereak.

Zera, andere, nik beti zera entzun ukan dudala, bertze printzeen jauretxeetan, mahaiak jasotakoan, eskuetarako ura eman ohi dutela, ez baina bizarrerako eherik edo xaboirik emaiten dutenik; on dela, honetaz, diot, anitz ikusteko anitz bizi izaitea; dena den, anitz bizi duenak anitz "sofritzen" duela erran ohi ere da, luzaz bizi denak neke asko alegia; baina, nekea baino atsegina gehiago horrelako ikuztaldi baten hartzea.

Ez izan atsebage, Santxo lagun – esan zion dukemeak – zu garbitzeko, ikuzi bat emaiteko eta, behar izaitekotan, lixibontzi batean sartzeko ere, aginduko baitiet neronek nire neskameei.

Oraingoz, behintzat – Santxok berriro – kokots-bizarrak eginaz nahikoa dut; gerora, Jainkoak badaki zer eta nola izanen den.

Adizu, mahaizain – agindu zion andereak – hona hemen Santxoren eskaria; egiozu nahi duena, hitzez hitz.

Mahaizainak' Santxo jauna denetan nahi bezala "zerbitzatua" izanen zela erantzun zuen, eta bazkaltzera joan zen, berekin Santxo zeroala, mahaian dukeak On Kixoterekin geratu zireino, halako eta holako zer batzuez hizketan, denak, baina, zalduntza ibiltariari zein iskiluei buruzkoak.

Duke andereak otoi egin zion On Kixoteri, oroimen ona zuela eta, Tobosoko Dultzinea anderearen hazpegiak, aurpegiera eta edertasuna zehaztatzeko, hitzerakus ziezazkion, izan ere, hain ospe handikoa izanik, hain ahotik ahora zebilen ederra zenez gero, lurbira guztiko ederrena izan behar zuen, eta are Mantxa osokoa ere, bai ederrena bera. Hasperen egin zuen On Kixotek, duke andereak agindutakoa entzunik, eta esan zuen:

Nire bihotza atera ahal banu eta berorren handitasunaren begien aurrean ipini ahal banu, hementxe, mahai honetan txalin batean, nire mingainari lana kenduko nioke, ia-ia bururatu ezin dena esan dezan, berorren bikaintasunak horretan osotoro irudikatua ekus dezan; baina, zertarako hasiko naiz ni orain Dultzinea berdingearen ederra marraz marra, zehatz-mehatz, azaltzen, hitzez erakusten, ni baino gizon duinago batzuei dagokien egiteko dina izanik, eginbehar honetan Parrasio, Timantes edota Apeles-en "pintzelak" edo ixatxak ibili beharrean, edo Lisiporen burila, batzuk pintatzeko bestea irarteko, ohol, hatxurdin edo brontzeetan;nahiz Zizeroren nahiz Demostenesen eledertia behar denean hura goraipatzeko?

Zer edo nor ote Demostenes hori, On Kixote jaun – dukemeak galdetu – nire bizialdi osoan ez dut holakorik entzun eta?

"Elederti demostenesiarra" – erantzun zion On Kixotek – Demostenesen eleder-jarioa esatea bezala da, Zizerorenaz, berriz, zizerotiarra esaten da, munduan izan diren eletaririk onenak izan baitira, biak ala biak, hiztunik ederrenak, eleongile gozatsuenak.

Horrela da – esan zuen duke jaunak – galdera horretan erdi galduta ibili zara. Dena dela, atsegin handia eginen liguke On Kixote jaunak hura pintatuko baligu, zirri eta borro balitz ere, arramazkada edo zirrimarra batzuez balitz ere, halako moldez ezen emakumerik ederrenak haren bekaitz izan daitezen.

Horrelaxe eginen nuke, bai, horixe baietz – On Kixotek berriz ere – baldin duela guti gertatu zitzaion zoritxarrak gogoa oraintxe kendu ez balit; honen zioz negar egiteko nago haren irudia azaltzeko baino areago; jakin bezate berorien handitasunek lehengo egun batean eskuetan mun egiterakoan, eta bide batez haren bedeinkazioa, baimena eta onespena hartzerakoan, oraingo hirugarren irtenaldi honetarakoxe hain zuzen ere, nik bilatzen nuenaz beste bat idoro nuela: sorgineztatua aurkitu nuen, printzesa dena nekazari zarpail bilakatua, ederra itsusi eta ezain bihurtua, aingeruttoa izaitetik Txerren izaitera aldarazia, usain oneko zena kirastundua, eleder hutsa orain zantarra, lehen otzana orain ipurnauskari, argitik ilunera bezalakotua aurkitu nuen aurkitu, Dultzinea Tobosoko, azkenik, Sayagoko baserritar antzaldaturik.

Jainkoarren! – ozenki mintzatuz erauntsi zion orduan duke jaunak – Nork egin ote dio munduari horrenbesteko kalte? Nork edeki dio alaitzen zuen ederra, pozten zuen txairoa, ospe emaiten zion izaera garbia?

Nork? – On Kixote atzera – Nor nire atzetik, darraizkidalarik, ibili ohi zaizkidan hainbat sorgintzaile gaiztoetako baten bat ez bada? Enda madarikatua hori, munduan sortua, ongileen egitandiak ilunperatu eta suntsiarazteko sortua; gaizkileen egite txarrei argi egin eta gorarazteko sortua. Sorgintzaleak jarraiki izan zaizkit, sorgintzaileak darraizkit eta sorgintzaileak jarraikiko zaizkit, noraino eta ni nerau eta nire zaldun-ekintza gorak ahanzturaren leze sakonean lurperatzeraino, eta min egiten didatela ekusten dutenean min egiten didate, minberenik nagoen lekuan, haretan ere; kendu, zaldun ibiltariren bati bere anderea kendu, kendu ere, begiratzeko begiak, argitzeko eguzkia, bizitzeko elikagaia kentzea da. Askotan esan izan dut eta orain berean esan esanen dut: andererik bageko zaldun ibiltaria zuhaitza ostorik bage bezalakoa da, oinarririk bageko eraikina da, itzal bat soinik ez duena.

Asko da horrenbestez – duke andereak berriro – ez dago gehiago esan beharrik; hori horrela eta guztiz ere, orain dela guttidanik hona munduz mundu dabilen On Kixoteren kondaira argitaratu berriari sinetsi behar badiogu, jende guztiaren txaloak jasotzen beti ere, haren haritik, oker ez banoa, berorrek Dultzinea anderea inoiz ikusi ez duela ondoretu behar da, eta horrelako anderaurena ludi honetakoa ez dela, ametsezkoa baizik, berorrek gogoan sorrarazia, berorrek ernearazi eta erditua alegia; eta berorrek nahi bezalako dohain zein bikaintasun guztiez iruditua dela uste izan behar da.

Horretaz den bezainbatean asko dago esankizun – ihardetsi zion On Kixotek – Jaungoikoak daki Dultzinea den ala ez den lurbiran, ala ametsezkoa den ala ametsezkoa ez den; hauek ez dira, bada, alderik alde zehazkiro aztertu eta jakin beharrekoak. Nik ez nuen ernearazi nire anderea, ez erditu ere berataz, behar den bezalako anderetzat ekus eta hartzen dudalako, lurbira osoan ospe ona bereganatzeko dohain guztiekikoa hain zuzen, hots: nota bageko eder, harrokeriarik ezeko harro, maitasun garbiko, adeitsu bezain eskerrontsu, ondo hazitakoa bezala on, eta, azkenik, bere etorkitik goititua, zeren, edertasuna goiko maila horietan jaioa denarengan are ederragoa baita, askoz ederragoa, beheko jende xume nahiz ederra denarengan baino.

Hori da – dukeak harzara – ; baina On Kixote jaunak esateko baimena eman behar dit, bere egitandien kondairan irakurritakoak iradoki didana esan dezadan alegia, eta hauxe da: demagun Toboson Dultzinea badela, izan, edo Tobosotik lekora, eta berorrek iruditzen digun bezain ederra edo ederragoa dela; honelarik ere, haren etorkiaren goitasunaz den bezainbatean ez dago Oriana edo Alastrajarea edo Madasima edo beste hauen antzeko batzuen mailan, ez hurrik eman ere, berorrek ezagun dituen kondairetan sarri bai sarri agertu izaiten baitira.

Horri zera esan diezaioket – ihardetsiz On Kixote mintzo – , Dultzinea bere egiteen alaba dela, eta dohainek odola ondu, hobetu egiten dutela, eta lagun xumea dohaintsua delarik are hobetsiago behar dela goitar dohaingea baino; Dultzineak, bestalde, erregina izaitera, buruntza eta erret-makila eta guzti, eraman lezakeen armarri-zerrenda bat badu; emakume eder eta dohaintsu baten merezimendua' alatz edo mirari handiagoak egitera zabaltzen da, eta, benetan hala ez bada ere, itxuraz bederen, ixenduz bezala zorionbide handiagoak ditu bere baitan.

Berorrek, On Kixote jaun, dioena – andereak hitza harturik – guztiz egokiro esana dela diot nik, makila eskuan harturik dabilela da esaera; nik, ekiz, sinetsi eginen dut eta sinetsarazi eginen diet, bai, nire etxeko guztiei, duke nire jaunari ere bai, hala behar izaitekotan, Toboson Dultzinea badela, gaur den egunean bizi dela, eta ederra dela, eta handikigoan jaioa dela, On Kixote jauna den bezalako zaldunen bat mirabe izaitea ondo irabazitakoa dela; gehiago goratu ezin dut, ez jakin ere. Alabaina, aiko-maiko nago, Santxo Pantzarenganako halako ez dakit zer bat, aihertto bat edo dut: kondairak dioenez, Santxo Pantza delako horrek Dultzinea urlia anderea nonbait aurkitu omen zuen, berorrek gutun batekin bidali zionean, zaku bat gari iraizten edo kurubilatzen edo haizatzen ari zela, eta zahi-garia zela gainera; honexen haritik, beraz, haren etorkia goikoa zenentz zalantza sortzen zait, hona ni aiko-maiko.

On Kixotek honela erantzun zion:

Ene andere, berorren handitasunak ba al daki niri gertatu guztiak edo gehienak zaldun ibiltariei ohiz gertatzen zaizkien moldeetatik atekoak izan ohi direla, dela asturuak duen sumagaitzeko nahiak bideraturik, dela sorgintzaile bekaiztiren baten gaiztakeriak haretaraturik; eta jakina denez zaldun ibiltari eta ospetsu guztiek edo gehienek zer bat badute: batak sorgineztatua ez izaiteko dohaina, besteak haragi zulaezineko delarik zauritua ez izaitearena du, Errolan izen handiduna esate baterako, Frantziako Hamabi Pareetako bat, ezin zaurituzkoa zela esaten baita, ezkerreko oin-azpian izan ezik, eta hau ez edozein iskiluz jostorratz lodi baten ziaz baino; honelatan bada, Bernardo del Karpiok Orreagan hil zuenean, burdinaz ezin zuela ekusita, besartean hartu eta lurrari kendu zion, jaso zuen eta irato zuen, Herkulesek Anteon-i eragin zion heriotzaz oroituki, Lurraren semea zela zioen erraldoi izugarri hura bera. Honetatik ondorioztatu nahi dut, agian, nik ere halako dohainen bat edo al dudala, ez zauriezintasuna, zeren askotan nire haragiak xamurrak direla, bigunak direla, ez zulatzeko gaitzak direla "eskarmentuak" erakusten baitit; sorgineztatua ez izaitearen dohainduna ere ez naiz, zeren neure burua kaiola baten barruan ekusi baitut, eta sorginkeriaren baten indarra zela bide izan ez balitz mundu guztia ez zatekeen nahikoa izanen ni indarrez barrura sar eta ixteko; askatu nintzen, hala ere, hangotik eta besterik gertatuko ez zaidala uste izan nahi dut. Honegatik, beraz, sorgintzaileek nire neurekin trikimaina gaiztoez ezin burutuz, aspertu egiten zaizkit, mendeku hartzen didate, norengan eta nik maiteen dudanarengan, eta bizia edeki nahi didate Dultzinea gaizki hartuz, anu eraginez, ni beronengatik bizi bainaiz; honela, bada, nik uste, nire ezkutariak gutuna eraman zionean, nire mezua esan nahi dut, baserritar edo nekazari bihurtu zioten, eta gari haizatzen ziharduen nekazari hain zuzen, benetan lan txatxarra; baina lehenago esana dut eta gero ere esanen dut harako gari hura gari ez zela, ez zahi-gari, bitxi-ale ekialdetarrak baizik; egia hau egiazkoa dela erakustearren, berorien handitasunei hau esan nahi diet: aspaldi ez dela Tobosorean nentorrela, ezin ekusi izan nituen Dultzinearen jauregiak, eta beste egun batean, Santxo nire ezkutariak haren benetako irudian, lurbira osoko ederrena bera, ekusi ahal izan zuen bitartean niri lugin zantar, itsusi eta ezaina iruditu zitzaidan, eta munduko zuhurra zena ez zitzaidan batere hitz egokitsu agertu. Ni ez nago, beraz, sorgineztatua, ezin egon naiteke, ondo esan dudana legez, huraxe dut, berriz, sorgindutakoa, iraindua eta aldatua, nahasitakoa eta goi-beheratua, harexen baitan nire etsaiak niri aspertu izan zaizkit, apendu, edo mendeku hartu didate, eta harexengatik beragatik ni betiereko negar malkoekin bizi izanen naiz, berriz ere beraren izaera aratz, xahu, lehengoan ekusi arte. Hau guzti hau esan badut esan dut Santxok esan zuena inork haintzat har ez dezan, Dultzinea bahetzen edo haizatzen ari zelakoa, haretan ere, niri irudiz aldatu bazidaten ez da harritzekoa hari ere aldaraztea. Dultzinea handikia da eta sehaska onean jaioa, Tobosoko gapareen etorkietakoa, antzinadanikoak, ugariak eta onak direnak, eta berari esker bere herria mendez mende aipatua izanen da, ospetsua izanen da, Elenari esker Troia den bezala, edota Espainia Cavari esker, ospe eta aipu hobeduna izanen da. Bestalde, jakin bezate berorien jaun-anderetasunek Santxo Pantza inoiz zaldun ibiltariren batek mirabe izan duen ezkutaririk irri-eragingarriena dela, usu inozokeria hain zorrotz-zuhurrak dituenez, inozo ala zuhur den asmatzen atseginetan egoiten gara: gaiztakeria batzuk ditu gaizkin bezala salatzen dutenak, zabarkeria zeinbait leloa delako zantzuak ditu, oro du zalantza eta oro du sinesten, ergelaren ergelez amiltzen hasia dela uste izaiten dudanean bere sotilak ortziraino jasotzen du. Bukatzeko, nik ez nuke beste ezkutari batez ordeztuko, gehigarri hiri bat emanen balidate ere; zalantza dut, ostera, berorren handitasunak egin dion mesedez, horrako jaurlaritza horretara bidaltzea egokia izanen ote den; jaurteko gaitasuna baduela, nolabait, ekusten dut, adimena pitin bat orrraztuz gero edozein jaurlaritza edo "gobernamendutan" ongi egiten jakin lezake, Erregeak bere zergak ezarriz bezala; jakin badakigu, atunez jakin ere, "eskarmentu" askorengatik, jaurlari izaiteko ez dela trebetasun handirik ez hizki askorik behar, ehunka bai baitira hor zehar ozta-ozta irakurten jakin eta arranoen antzera "gobernatzen" dakitenak; asmo ona ukan eta orotan ondo egin nahia, hortxe koxka; zer egin eta nola egin aholkatzen izanen dituzte, bai, aldamenean batzuk baino gehiago, zaldun jaurlari ikasibageek bezala, aholkulariekin batera ebazteko. Ez eskupekorik har ez eskubiderik gal emanen nioke nik aholku, eta erraietan geratu zaizkidan beste zertto batzuk, noizbait irtenen didatenak, esanen nizkioke, Santxoren onerako eta bere jaurgopean egonen den uhartearen onurarako.

Elkarrizketan dukea, dukesa eta On Kixote ari zirela, bat-batean, ahots batzuk entzun zituzten, hitzaro handi bat jauregian, eta ezordu haretan Santxo gelaratu zen, beldurturik, eralgi-mantal bat kokospean adur-zapi antzean jantzita, atzea bete mutikoez, edo, hobeto esatearren, sukaldeko morroe eta beste txikirriteria atzetik zerraiola; ikuztontzi bat ur zekarren bat haien artean, uraren zikinari eta beltzari begiratuz ikuzteko erabilitakoa zela antzeman zitekeen; ontzittoa eskuan eta hari jarraikika, eta kokosperatu nahiaz bereak eta bi egiten saiatzen zen, nola edo hala harek bizarraren azpira sartu eta beste ume-moko batek ikuzi nahi bezala egin eta egin zegien.

Zer dugu hau, anaiak? – galdetu zien duke andereak – Zer dugu hau? Zer egin nahi diozue gizon zintzo horri? Ez al dakizue jaurlari hautetsia dela?

Morroe bizarginak honela erantzun zion:

Jaun honek ez du nahi garbitua izan, hemen "usadioa" den bezala, eta duke nire jaunak egin duena bezala, eta jaun nagusiak ere egin duena bezala.

Bai, nahi dut – ihardukika Santxok suminez – ; baina dafaila edo lehortzeko zapi garbiagoez, ehe gardenagoaz eta ez hain esku zikinez; ni eta nire nagusiaren artean ez dago hainbeste alderik berari aingeruen uraz egin diezaioten, niri, ordea, tusurien "lixibaz" egin nahi baitidate. Herrialdeetako ohiturak eta printzeen jauregietakoak era berean, nahieza sorrarazten ez duten heinean dira on; baina, hemengo ikuzketa-ohikuntza hau zigorketarien hori baino sordeisago da. Nik bizarra garbia dut, ez dut ikuzi beharrik, eta inork buruko ilerik, bizarreko erran nahi dut, ukitu edo ikuziz gero, behar den bezain apalkiro mintzatuz, honelako ukabilkada bat emanen diodala diot, ezen, ukabil hau paparoan sarturik dzast! utziko baitiot; horrelako ikuzpenak eta sinuak eta xaboi-emaite hori' arrotzei egin ohi zaien bakari ona baino isekak iruditzenago zaizkit, "musika" eta nausa iruditzen zaizkit.

Barrez lehertzear zegoen, Santxoren sumindura ikusi eta esaerok entzunik, dukemea; On Kixotek, aitzitik, hain zarpail halako lehorzapi nabarrarekin ikustea ez zuen politetsi batere, han sukaldeko otseinez inguratua; gur antzeko bat egin zien, orduan, dukeei, hitz egiteko baimen eske bezala, eta ahots bareaz txirtxileria hari honela mintzatu zitzaion:

Kosk, zaldun jaunok, utz bezate beroriek mutila eta bihoaz etorritako bidetik, edo beste bide batetik, gogoak hala emanez gero; nire ezkutaria beste nor-nahi bezain garbia da eta horrelako ontzittoak harentzat ez dira egokiak. Har bezate haintzat nire aholku hau eta utz, zeren, ez harek ez neronek ez baitakigu isekarik ondo eramaiten.

Ahotik hitza hartu zion Santxok eta hauxe erantsi:

Ez, betoz potolo honen gainean iseka egitera; eraman eginen dut eraman, oraintxe gaua den bezain eskierki! Ekar orrazi bat, edo nahi dutena, orraztu nire bizar hau eta garbitasun hutsa ez den zerttobait ateratuz gero, soil-soil bizkarratu, moztu egin diezadatela

Barre egiteari uzteke, duke andereak honela esan zuen orduan:

Santxo Pantza, erran duen guztian eta erranen duen guzian, guztiz zuzen dago: bera garbia da, ez du garbitu beharrik, berak dioena legez, eta gure ohikuntzak poztasunik emaiten ez badio, duela bere arima bere ahurrean; zuek, bestalde, ikuzkuntza-sailburuok, oso zabarkiro, geldo ibili zarete, mutiri edo ozar erran behar nuke; honelakoxe nordin eta honelakoxe bizar izanik, urrezko azpil edo uhontziak eta alemaniar dafailak, ekarri ordez, zurezko ikuztontzi eta konketak ekarri baitituzue, eta xukatzeko esku-zatarrak ekartzea ere!. Gaiztoak zarete, gaizki jaioak, aurki, eta ezin duzue, galutsok, zaldun ibiltarien ezkutariei diezuen aiher gaiztoa erakusteke utzi.

Sinetsi zuten bai "sailburu" txirtxil haiek, bai eta mahaizainak berak ere, haiekin batera etorria, duke anderea benetan ari zela hitz egiten, eta berehala Santxoren paparretik eralgi-mantala erauzi zuten eta denak nahasita, beldurturik abantzu, joan egin ziren, alde egin hura bertan utzita. Huraxe, berriz, bere burua ustez galtzori larri haretarean gaizke ikusi eta berehalakoan, andereagana belauniko jartera joan zen, eta esan:

Jaun handiengandik ongi handiak uste izaitea da; oraintxe berorrek egin didan ongi hau ezin ordaindu izanen dut zeraz baino guttiagoz, hots, zaldun ibiltari izendatua izaiteko nahiaz baino, nire bizialdiko egun guzietan horren andere urenaren mirabe izan nadin. Nekazaria naiz, Santxo Pantza darizt, ezkondurik nago, seme-alabak ditut, ezkutari nabil, hauek guziok honela eta berorren handitasunari "zerbitzu" egin ahal baniezaio, berorrek agindu baino aitzinago nik men egin.

Adeitsu izaiten adei-legeko ikastetxean ikasitakoa dirudizu, Santxo – erantzun zion dukemeak –;On Kixote jaunaren bularretik hazitakoa dirudizula erran nahi dut, gizalegearen gaina eta bikaina bera, kilimusien lorea, "zeremonien" zuk erraiten duzun bezala. Nolako jaunak halako otsein, bata zalduntza ibiltariaren iparra, bertzea ezkutarien zintasunaren izarra. Jaiki, Santxo adiskide, zut; zure adiguria nik ordainaraziko dut, nola eta duke nire jaunari, ahalik azkarren, agindutako jaurlarigoaren jabe egin zaitzan hitza betearaziz.

Honetan elkarrizketa amaitu zen, On Kixote biagoa egitera joan zen, eta duke andereak Santxori, logale ez bazen, berarekin arratsaldea emaitera joaiteko galdatu zion, gela hoxkar batean bere neskameekin batera. Udan bospasei oreneko lo-kuluxka egiteko ohitura zuela erantzun zion Santxok haren nahia egitearren egun haretan lorik ez egiteko ahaleginak eginen zituela, eta agindu hari baietz erran eta joanen zela erantsi ere zion. Duke jaunak berriro agindu berriak, On Kixote zaldun ibiltari laso hartua izan zedin, antzinateko zaldunei egin ohi omen zizkieten moldeetatik pittin bat ere atera bagerik.